EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2016183

AGINDUA, 2016ko irailaren 13koa, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearena, zeinaren bidez ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan unibertsitate-titulu ofizialen akreditazioa berritzeko deialdien epea.

Xedapenaren data: 2016-09-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201604081
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/10/31n argitaratutako 2012/10/16ko 201200205 DEKRETUA

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatuak, 8.2 artikuluan dioenez, estatuko lurralde osorako balioa izango duten titulu ofizialak lortzeko ikasketak ezartzea eta kentzea autonomia-erkidegoek erabakiko dute, bai Unibertsitatearen ekimenez –Gobernu Kontseiluak proposatuta–, bai erkidegoaren beraren ekimenez, –Unibertsitatearen Gobernu Kontseilu horren adostasunarekin–, eta, betiere Gizarte Kontseiluak aldeko txostena eman ondoren. Lege Organiko horren 35.2 artikuluan adierazten denez, autonomia-erkidegoek eta Unibertsitate Kontseiluak baimendu beharko dituzte unibertsitateen ikasketa-planak, betiere Gobernuak ikasketa ofizialak emateko jarraibideekin eta baldintzekin bat badatoz.
Unibertsitate-titulu ofizialak nola ezarri araututa dago unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan (uztailaren 2ko 681/2010 Errege Dekretuak, urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuak eta uztailaren 12ko 534/215 Errege Dekretuak aldatua), eta unibertsitateak eta unibertsitate-zentroak sortu, aitortu, baimendu eta akreditatzeari eta buruzko maiatzaren 29ko 420/2015 Dekretuan.
Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan tituluak inskribatzeak berekin ekarriko du titulu horien hasierako akreditazioa, betiere urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 26. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuak Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan inskribatutako tituluen akreditazioaren segimendua nola egin eta nola berritu arautzen du, eta ezartzen du, halaber, unibertsitateak akreditazioa berritzeko dagokion eskaera egin behar duela, autonomia-erkidegoek ezarritako prozedura eta epeak betez, betiere.
Horri jarraituz, Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-tituluen akreditazioa berritzeko prozedura eta epeak ezartzen dituen urriaren 16ko 205/2012 Dekretua onartu zen.
Uztailaren 12ko 534/2013 Errege Dekretuak, orobat, seigarren xedapen iragankor bat sartzen du urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan, eta, xedapen horren bidez, unibertsitate-titulazio ofizialak akreditatzeko berritze-sistema ezartzeari dagozkion zenbait alderdi arautzen dira. Ildo horretatik, bi urtez zabaltzen da akreditazioa berritzeko aplika daitekeen epea, akreditazioa 2012-2013, 2013-2014 eta 2014-2015 ikasturteetan berritu beharko luketen unibertsitate-titulu ofizialentzat.
Horregatik guztiagatik, eta urriaren 16ko 205/2012 Dekretuaren 3.2 artikuluan emandako eskumenari jarraituz, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– 2016ko deialdiko epea Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuko unibertsitateek titulu ofizialen akreditazioa berritzeko eskatu diezaioten Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari. Eskabideak aurkezteko epea 2016ko urriaren 1etik 31ra bitartekoa izango da, biak barne.
Bigarrena.– Prozedura urriaren 16ko 205/2012 Dekretuaren 3. artikuluan egongo da araututa.
Hirugarrena.– Prozedura hau ofiziala izango da, eta araudian ezarritako ondorioak izango ditu: ebazpena akreditazioaren aldekoa bada, titulazioa ofizialki akreditatuta geratuko da, eta, bestela, prozedura amaitu ondoren ebazpena akreditazioaren aurkakoa bada, ikasketa-plana iraungitzat joko da, eta ikasketa horietan diharduten ikasleen eskubide akademikoak bermatzeko neurri egokiak hartuko dira.
Laugarrena.– Ebaluazio-prozesua egiteko, honako bi agiri hauek hartuko dira oinarritzat: «Gradu, master eta doktoregoko titulu ofizialen akreditazioa berritzeko ebaluazioa» esparru-dokumentua, eta «Gradu, master eta doktoregoko titulu ofizialen akreditazioa berritzea» izeneko autoebaluazio-gida, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziarena.
Bosgarrena.– Titulazio bakoitzari dagokion eskabidea Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Unibertsitate Zuzendaritzara bidali beharko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolamendu eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehazturiko edozein erregistrotan aurkeztu ahal izango dira, bai eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren bulegoetan ere.
Seigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 13a.
Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea,
ADOLFO MORAIS EZQUERRO.