EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2016182

AGINDUA, 2016ko irailaren 20koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako Eusko Jaurlaritzaren «Elkarlan» sariak emateko bigarren deialdia, 2016koa, onesten duena.

Xedapenaren data: 2016-09-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201604065
Maila: Agindua
2012-2016ko aldirako gobernu-programaren helburuak dira, besteak beste, gizarte-eragileen partaidetza eta gardentasuna sustatzea, eta herritarrei entzun eta kontsulta egitea. Xede hori betetzeko, 2014ko abenduaren 19an Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zuria aurkeztu zen. Liburuan, Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoen artean, honako hau agertzen da: «Esperientzia berritzaileen garapena sustatzea gure kultura demokratikoan berriak izan daitezkeen eta parte hartzea bultzatzeko formula desberdinak esperimentatzeko aukera ematen duten proiektu pilotuei babesa emanez».
Aurreko konpromisoa gauzatzeko 2015ean egin zen balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako Eusko Jaurlaritzaren «Elkarlan» sariak emateko deialdi bat. Herritar antolatuek aurkeztutako proiektuak saritzea da deialdiaren xedea. Proiektuok balio publiko partekatua sustatu eta gizarteko erronkak eta beharrak ase behar dituzte bost jarduera-esparru hauetako batean: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikasketa-kultura eta kohesio soziala. Halaber, proiektuek diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsona eta kolektiboen ahalduntze-prozesua sustatzeko gaitasuna erakutsi beharko dute ezaugarri gehigarri gisa.
Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzak du ekimen hau sustatzeko ardura, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura-dekretuaren 18 f) artikuluak egiteko hauek esleitzen baitizkio: «Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernantza Publikoa ezartzea politika publikoak definitu, koordinatu eta gauzatzean, eta, horretarako, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko eta berritzeko tresnak eta ereduak diseinatu eta garatzea, politika publikoak ebaluatzea eta gobernamendu onerako sistemak sartzea»; eta, 18 g) artikuluak, aldiz, honako hauek: «Herritarren zerbitzu publikoetarako eta informaziorako sarbidea erraztuko duten prozesuak ezarri eta kudeatzea, bai eta herritarren parte-hartzea erraztea ere».
Azaldutako guztia kontuan hartuta, eta Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 3. artikuluak emandako eskumenei jarraikiz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako Eusko Jaurlaritzaren «Elkarlan» sariak emateko 2016ko deialdia onartzea, agindu honen eranskinean onartu eta arautzen diren oinarri arautzaileen arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK Lehenengoa
Agindu honek onetsitako oinarrietan xedatzen ez denari dagokionez, honako hauetan xedatutakoa hartuko da kontuan: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. Titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartuta); Diru-laguntzen Lege Orokorra, 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, eta horren Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena eta aplikagarriak zaizkion eta indarrean dauden bestelako arauetan xedatutakoa.
AZKEN XEDAPENETATIK Bigarrena
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta beronen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) eta 46 artikuluetan xedatutakoa betetzeko (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).
AZKEN XEDAPENETATIK Hirugarrena
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 20a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
ERANSKINA
BALIO PUBLIKOA BATERA SORTZEKO PROIEKTUETARAKO EUSKO JAURLARITZAREN «ELKARLAN» SARIEN 2016KO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK.
Lehenengoa.– Xedea.
Deialdi honen xedea da hiru proiekturi sari bana ematea. Proiektuek osasunaren, ingurumenaren, garapen ekonomikoaren, kultura-ikastearen eta kohesio sozialaren jarduera-alorretan eragina izateaz gain, balio publiko partekatua sustatu eta gizarteko erronkak eta beharrak ase behar dituzte, eta diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsona eta kolektiboen ahalduntze-prozesua sustatzeko gaitasuna erakutsi beharko dute.
Bigarrena.– Sariak.
Balorazio onena lortzen duten hiru proiektuek sari bana jasoko dute. Hona hemen sarien prestazioak:
a) 6.000 euros.
b) Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzaren barruan saritutako gai horretan aditua den pertsonalaren aholkularitza pertsonala izatea, saria ematen denetik urtebeteko epean, ekimenaren hobekuntzarako partekatutako diagnostikoa egiteko.
c) Saritutako proiektuaren berri ematea informazio-bideetan eta komunikabideetan, jendaurrean aintzatetsi eta proiektuak sustatzeko.
Hirugarrena.– Proiektuak bete behar dituen baldintzak.
1.– Proiektu guztiek baldintza hauek bete beharko dituzte deialdian parte hartzeko eskabidea aurkezteko unean:
a) Ezarrita egotea edo fase pilotu aurreratuan egotea. Ez dira onartuko hasi gabe dauden proiektuak edo ideia-fasean daudenak.
b) Elkarlanean parte hartzeko proiektua izan behar da, hots, gizarteak jarduteko duen gaitasuna erakusten duten ahalduntze-prozesuak sustatzen dituzten ekimenak.
c) Balio edo inpaktu publiko eta soziala sortu behar du berrikuntzaren bidez.
d) Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zurian identifikatutako jarduera-arloetakoren batean edo batzuetan gauzatu behar da, herritarren partaidetzak eta ikuspegiak proiektuaren garapenean balio handiagoa emango baitiote jarduera-arlo hauetan: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, kultura-ikastea eta kohesio soziala.
2.– Sariak jasotzeko hautagaiek nahi beste proiektu aurkeztu ahalko dituzte beste hainbeste eskabidetan, baina sari bakarra lortu ahal izango dute.
Laugarrena.– Hautagaiak.
1.– Eskabidea aurkezteko unean jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten eta egoitza soziala bertan duten irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoak soilik aurkeztu daitezke deialdi honetara.
2.– Administrazio publikoek eta bere sektore publikoa osatzen duten erakundeek ezin izango dute parte hartu sarien deialdi honetan.
3.– Hautagaiek eskabidea aurkezteko unean, honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatu beharko dute:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak egunean izatea. Horretarako, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du hautagaiek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak egunean dituztela, haiei baimenik eskatu behar izan gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3. artikuluari jarraikiz.
b) Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.
c) Sexu-bazterkeria egin izanagatik zigor administratibo edo penala betetzen ez egotea edo, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 legean ezarritakoaren arabera, debeku horrekin zigortuta ez egotea.
b) eta c) ataleko eskakizunen agiri-egiaztapenaren ordez, hautagaiek erantzukizunpeko adierazpena beteko dute, «Elkarlan» sarien deialdian parte hartzeko inprimakian. Inprimakia Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko helbide honetan eskura dezakete: https://euskadi.eus/diru_laguntza/2016/elkarlan/eu/
4.– Proiektuak aurkeztuko dituzten hautagaiek Eusko Jaurlaritzari baimena emango diote deialdi honekin lotutako hedapen-jardueretan beren egiletza aipatzeko. Horrek ez dio, hala ere, eskubide ekonomikorik edo beste irabazi-motarik ekarriko hautagaiari, sariak dakartzan zenbateko ekonomikoaz eta prestazioaz gain.
5.– «Elkarlan» saria jasotzea bateragarria izango da bestelako administrazio publikoek eta erakunde pribatuek ematen dituzten sariak jasotzearekin.
Bosgarrena.– Hautaketa-batzordea eta herritarren botoa.
1.– Proiektuak baloratzeaz hautaketa-batzorde bat arduratuko da. Honako kide hauek izango ditu hautaketa-batzordeak:
a) Javier Bikandi Irazabal jauna, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria, batzordeburu gisa.
b) Koldobike Uriarte Ruiz de Eguino andrea, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako Gobernu Onaren ataleko berrikuntza publikoari buruzko proiektuen arduraduna, batzordeko idazkari gisa.
c) María Arana Zubieta andrea, Wiki Toki Elkartearen legezko ordezkaria (lankidetza-praktika laborategia); 2015eko Elkarlan edizioan saria jaso zuen.
d) Santiago Membibre Peral jauna, Fiare Fundazioa Presidentea eta 2015eko Elkarlan edizioan saritutako Fiare proiektuari laguntzeko elkarteko sustatzailea.
e) Leire Rodríguez Zubiaurre andrea, Uliaren auzo-elkartearen legezko ordezkaria; horren proiektua, Uliako Lore Baratzak izenekoa, saritua izan zen 2015eko Elkarlan edizioan.
f) Gotzon Bernaola Ariño jauna, Innobasque herri-onurako elkartearen Gizarte Berrikuntza arloko programen zuzendaria.
2.– Batzordearen balorazioa osatze aldera, parte hartzeko prozesu bat hasiko da Irekia-n. Horren bidez herritarrek gehienez hiru proiekturi eman ahal izango diete botoa. Boto gehien duten hiru proiektuei beste puntu bat emango zaie; azken puntu hori Hautapen Batzordearen balorazioari gehituko zaio.
Seigarrena.– Baremoa.
1.– Hautaketa-batzordeak baloratuko ditu aurkeztu diren proiektuak, gehienez 10 puntu emanez, baremo honen arabera:
a) Balio publiko eta soziala: balio publikoa sortzeko ahalmena, gizarte-inpaktu handikoa eta kolektibotasunetik lagunduz egitea. 0 eta 3 puntu artean.
b) Ahalduntzea: gizarteak antolatu eta jarduteko duen gaitasunaren eredua sortzeko ahalmena. 0 eta 3 puntu artean.
c) Izaera berritzailea: proiektuko ideiaren (disruptiboa eta berria da) egingarritasun eta berrikuntzarako ahalmena. 0 eta 2 puntu artean.
d) Kalitatea eta argitasuna: Aurkezpenaren koherentzia- eta argitasun-maila. 0 eta 2 puntu artean.
2.– Saria lortzeko aukera izateko gutxienez 5 puntu lortu beharko dira, herritarren botoa kontuan hartu gabe, bosgarren oinarriaren 2.atalean aurrez ikusitakoa.
3.– Hautapen Batzordeak proiektuak baloratuko ditu, seigarren oinarri honetako 1 eta 2 zenbakietan ezarri bezala aplikatuz baremoa. Gero, herritarren botoaren bidez lortutako puntuazioa gehituko dio balorazioari (herritarrek balorazio onena eman dieten hiru proiektuek puntu bat gehiago izango dute) eta saria emateko proposamena helaraziko dio saria eman behar duen organoari.
Zazpigarrena.– Prozedura.
1.– Deialdi honetan parte hartuz gero, hautagaiak deialdia kudeatzen duen organoarekin hartu-emana izateko bitarteko bakar gisa bide elektronikoa aukeratu duela ulertuko da.
2.– Deialdi honetako organo kudeatzailea Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza da.
3.– Hautagaiek bete beharreko eskabide-orria Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo da: https://euskadi.eus/diru_laguntza/2016/elkarlan/eu/
4.– Eskabidearen aurkezpenaren ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire kudeaketak» atalaren bidez egingo dira: https://euskadi.eus/nirekudeaketak
5.– Hautagaiek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
6.– Eskabideak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
7.– Eskabidearekin batera legez Euskal Autonomia Erkidegoan eratuta dagoela egiaztatzen duen agiria aurkeztuko du, hurrengo webgune honetan zehaztutakoaren arabera: https://euskadi.eus/diru_laguntza/2016/elkarlan/eu/
8.– Eskabideak 30 egun naturaleko epean aurkeztu behar dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epez kanpo aurkeztutako eskabideak deialditik kanpo geratuko dira.
9.– Hautaketa Batzordeak aurkeztu diren proiektuak aztertuko ditu, eta bakoitzari baremoa ezarri ondoren, baita herritarren botoaren gehitutako puntua ere, sariak emateko proposatutako proiektuak deialdia ebazteko eskumena duen organoari aurkeztuko dizkio, hau da, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Funtzio Publikoko sailburuordeari.
10.– Herri Administrazio eta Justizia Saileko Funtzio Publikoko sailburuordeak sariak esleitzeko ebazpena eman baino lehen, deialdi honen organo kudeatzaileak bi eguneko epea (jakinarazpena jasotzen duten egunetik aurrera) emango die Hautapen Batzordeak proposatu dituen hautagaiei, erantzukizunpeko aitorpenean jaso dituzten datuak egiazkoak direla frogatzen duen dokumentazioaren kopia ziurtatua bidaltzeko.
11.– Saria irabazteko proposatu den hautagaiak ez badu eskatu zaion dokumentazio hori epe barruan eta behar bezala aurkezten, deialdi honen organo kudeatzaileak Hautapen Batzordeari jakinaraziko dio inguruabar hori, eta batzordeak saria emateko proposamen berria egingo du. Balorazio onena izan duen bigarren proiektua aurkeztu duen hautagaia proposatuko du.
Deialdi honen organo kudeatzaileak aurreko paragrafoan azaldu bezala jardungo du proposatu den hautagai berri honekin ere.
Herri Administrazio eta Justizia Saileko Funtzio Publikoko sailburuordeak emango du Hautapen Batzordeak proposatu arren erantzukizunpeko aitorpenean jasotako datuak egiazkoak direla frogatzen ez duen hautagaia «Elkarlan» sariaren deialditik kanpo uzteko ebazpena.
12.– Hautaketa Batzordeak deialdia hutsik uzteko proposamena aurkez dezake, aurkeztutako proiektuek aurreko oinarrian azaldutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute.
13.– Herri Administrazio eta Justizia Saileko Funtzio Publikoko sailburuordearen ebazpena emango du, zeina Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko https://euskadi.eus/diru_laguntza/2016/elkarlan/eu/ helbidean argitaratuko baita. Ebazpena, gainera, modu elektronikoan jakinaraziko zaie deialdi honetan parte hartu duten guztiei, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire kudeaketak» atalaren bidez, eta jakinarazpena burututzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatzen duenean. Jakinarazpena egin denetik edukira jo gabe hamar egun naturaleko epea igarotzen bada, jakinarazpena baztertutzat joko da eta prozedurari jarraiki izapidea egintzat joko da, betiere, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horretara jotzea tekniko edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen ez bada.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.
14.– Ebazteko eta ebazpena argitaratzeko epea ezingo da izan 3 hilabetetik gorakoa, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori amaitu eta ebazpena argitaratu ez bada, deialdia hutsik geratu dela esan nahi du.
15.– Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Funtzio Publikoko sailburuordeak «Elkarlan» sariak emateko edo deialdia hutsik uzteko onartzen duen ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa jar dezakete sail berbereko sailburuaren aurrean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean.
Zortzigarrena.– Saria onartzea.
1.– Pertsona sarituek idatziz eta espresuki adierazi beharko dute saria onartzen dutela, saritze-ebazpena argitaratu eta 3 egun naturaleko epean. Horretarako, saria onartzeko inprimaki bat izango dute Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire kudeaketak» atalean (https://euskadi.eus/nirekudeaketak).
2.– Saria aurreko lerrokadan ezarritakoa betez onartzen ez bada, sariari uko egiten zaiola ulertuko da, eta, beraz, bigarren balorazio onena jaso duen proiektua aurkeztu duenari emango zaio saria.
3.– Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Funtzio Publikoko sailburuordeak ebazpena onartuko du sariari uko egin zaiola adierazteko eta saria hurrengo baloraziorik onena jaso duen proiektua aurkeztu duenari emateko. Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren https://euskadi.eus/diru_laguntza/2016/elkarlan/eu/ helbidean argitaratuko da, eta saritutako hautagaiari eta deialdian parte hartu duten gainerako hautagaiei jakinaraziko zaie, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire kudeaketak» atalean, aurreko artikuluko 14. idatzi-zatian aurreikusitako eran.
4.– Saritutako hautagaiak oinarri-arau honen lehenengo lerrokadan adierazitako eran jokatuko du.
5.– Pertsona sarituetatik inork ez badu saria onartzen, Herri Administrazio eta Justizia Saileko Funtzio Publikoko sailburuordeak saria eman gabe geratu dela jakinaraziko du, ebazpen bidez. Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko https://euskadi.eus/diru_laguntza/2016/elkarlan/eu/ helbidean argitaratuko da, eta elektronikoki jakinaraziko zaie deialdian parte hartu duten gainerako hautagaiei, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire kudeaketak» atalean (https://euskadi.eus/nirekudeaketak).
Bederatzigarrena.– Sari-banaketa.
1.– Sariak ekitaldi formal batean banatuko dira. Horrenbestez, saritutako hautagaiaren legezko ordezkari batek joan beharko du, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu beharko ditu, labur-labur. Arrazoi justifikatuengatik, erakundeko legezko ordezkari batek ere ezin badu sari-banaketara joan, aldez aurretik eta nahikoa aurrerapenez, ordezko pertsona bat izendatu beharko dute erakundearen izenean saria jaso dezan. Ordezkariaren identifikazio-datuak Eusko Jaurlaritzara, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Funtzio Publikoko sailburuordeari bidali beharko dizkio erakundeak (Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz).
2.– Saritutako hautagaiaren legezko ordezkaria edo haren ordez izendatutakoa sari-banaketara joaten ez bada, sariari uko egin zaiola esan nahiko du. Beraz, aurreko oinarrian xedatutakoaren arabera jardungo da.
Hamargarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, deialdira eskabideak aurkeztu dituzten pertsona juridikoen datu pertsonalak Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako «Sariak eta laguntzak» izeneko datu pertsonalen fitxategi automatizatuan jasoko dira, eta deialdian parte hartzen duten pertsonek berariaz ematen dute datu horiek tratatzeko eta argitaratzeko baimena. Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzaren aurrean erabili ahal izango dira datuok eskuratzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz. Halaber, deialdi honetan eskabideak aurkeztuko dituzten pertsonek baimena emango diote zuzendaritza horri beste organismo publiko batzuetan aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiazta dezan.