EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2016181

AGINDUA, 2016ko abuztuaren 29koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan «Fundación Tutelar Beroa para Enfermos Mentales de Álava» fundazioaren estatutuetako 13. eta 14. artikuluetan egindako aldaketa onartu eta inskribatzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-08-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201604039
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2016ko ekainaren 22an sartu zen Herri Administrazio eta Justizia Saileko Erregistroan Yolanda Franco Yagüe andreak «Fundación Tutelar Beroa para Enfermos Mentales de Álava» fundazioaren ordezkari gisa aurkeztutako eskabidea fundazio horren estatutuen aldaketak inskribatzeko.
Eskabidearekin batera, sozietatearen erabakiak publiko egiteko eskritura publikoaren kopia bikoitz baimendua aurkeztu da. Eskritura publiko hori 2016ko ekainaren 15ean egiletsi zen Vitoria-Gasteizko notario Alfredo Pérez Ávila jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 1.426).
Eskritura publiko horrekin batera, aurkeztu zen Begoña Fernández Ruiz de Azuak –fundazioaren patronatuko idazkari gisa, eta presidentearen oniritziarekin– 2017ko maiatzaren 27an emandako ziurtagiria, patronatuak 2016ko maiatzaren 12an egindako bilerarena, zeinean aho batez onartu baitzen fundazioaren estatutuetako 13. eta 14. artikuluak aldatzea.
Eskrituran, aldatutako artikuluen idazketa berria jasotzen da, osorik.
«13. artikulua. Patronatuaren antolaera.
Lehendakaria, lehendakariordea, diruzaina eta idazkaria izendatuko dira, eta kideen erdiek gehi batek aukeratu beharko dituzte horiek».
«14. artikulua. Lehendakaria eta lehendakariordea.
Patronatuak, kideen artetik, lehendakaria aukeratuko du. Lau urtez beteko du kargua lehendakariak, eta Patronatuak nahi beste aldiz aukeratu ahal izango du berriro lehendakari hori. Lehendakariak honako eginkizun hauek izango ditu:
a) Eraz eta protokoloaren arabera ordezkatzea fundazioa, era guztietako pertsona, agintari eta erakunde publiko edo pribaturen aurrean.
b) Gobernu-organoari deialdia egitea, bere kabuz edo patronatuko kideen gutxieneko batek eskatuta.
c) Patronatuko eztabaidak zuzentzea eta, berdinketa dagoen kasuetan, kalitate-botoaren bidez berdinketak desegitea.
d) Akordioak betearaziko ditu, eta, horretarako, behar diren ekintzak egin eta behar diren agiriak sinatu ahal izango ditu.
Era berean, patronatuak, kideen artetik, lehendakariordea aukeratuko du. Lau urtez beteko du kargua lehendakariordeak. Patronatuak nahi beste aldiz aukeratu ahal izango du berriro lehendakariorde hori. Lehendakaria ez badago, lehendakariordeak ordeztuko du, eta eginkizun berberak izango ditu».
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta honako arau hauetan aurreikusitako eskakizunak bete dira, batez ere: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 9/2016 Legearen 37. artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduko 44. artikuluan, ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaz onartutakoa. Eta aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.
Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Fundación Tutelar Beroa para Enfermos Mentales de Álava» fundazioaren estatutuetako 13. eta 14. artikuluetan egin diren aldaketak inskribatzea, Fundazioaren Patronatuak 2016ko maiatzaren 12n erabakitakoak, agindu honen data dutela, 2016ko ekainaren 15ean Vitoria-Gasteizko notario Alfredo Pérez Ávila jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan xedatu bezala (protokolo-zenbakia: 1.426).
Bigarrrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abuztuaren 29a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.