EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2016180

EBAZPENA, 2016ko abuztuaren 29koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez honen ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita, Sestaoko Udalak eskatuta: Villar y Villate, Manuel Andrés, Galindo bidea eta Las Llanas etxe-uhartearen hiri-antolamenduko plan berezia.

Xedapenaren data: 2016-08-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201604024
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2016ko maiatzaren 30ean, Sestaoko Udalak eskatu zuen Villar y Villate, Manuel Andrés, Galindo bidea eta Las Llanas etxe-uhartearen hiri-antolamenduko plan bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera (aurrerantzean, 21/2013 Legea). Eskaerarekin batera, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategiko bat aurkeztu ziren, 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela.
21/2013 Legearen 30. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak oharrak egiteko eskatu zien hainbat erakunderi 2016ko ekainaren 9an, ohar horiek oinarritzat hartuz zegokion ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ingurumen-organo horrek. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko webgunean, interesa zuen edonork ingurumen arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena jaso da (espedientean dago horren emaitza). Hartarako, araudian jasotzen denez, aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua hau da: ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.
Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuen ebaluazioek, besteak beste, egoki bermatu beharko dute ingurumenaren gaineko eraginei buruzko azterketa planifikazio-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, aukera egokienak hautatu ahal izateko, betiere jardueren ondoriozko eragin metatzaile eta sinergikoak kontuan izanik.
21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten dira ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, betiere, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Aipatutako 6.2 artikuluak zehazten duenez, besteak beste, udal-mailan azalera txikiko eremuen erabilera ezartzen duten plan eta programei (6.1 artikuluan aipatuak) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin beharko zaie. Horren prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da. Guztiarekin ere, V. eranskinean ezarritako irizpideak bete beharko dira.
Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela ikusirik, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, hau da, Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten duena eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen duena, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, eta baita Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera ere.
Hauek ikusirik: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta gainerako arau aplikagarriak.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Villar y Villate, Manuel Andrés, Galindo bidea eta Las Llanas etxe-uhartearen hiri-antolamenduko plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea. Txosten hori Sestaoko Udalak eskatu du, eta eduki honekin ematen da:
A) Planaren deskribapena: Helburuak eta jarduerak.
Plan honek bi helburu ditu: batetik, funts eraikigarrien forma doitzea, eraikitakoekiko koherentzia mantenduz; eta, bestetik, etxe-uhartearen gehiegizko eraikigarritasuna birbanatzea. Horrela, gehiegizko eraikigarritasun hori esleituko zaio sestra gaineko aprobetxamendurik esleituta ez zeukan lurzati bati. Planak lurzati pribatu bakarra definitzen du, zeina bi lurzatitan zatitu ahal izango baita partzelazio-proiektuaren bidez. Lehen aipatutako lurzatia izango da, eta etorkizuneko eraikigarritasunaren banaketa eta forma hartuko ditu. Horretan, erabilera nagusia mantendu beharko da, hau da, hirugarren sektoreko erabilera (bulego eta lokal komertzialak; kanpoan utziko dira saltegi handiak eta hipermerkatuak, eta ostalaritza-erabilera erabilera toleratutzat ezarriko da).
B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planaren helburu bakarra da lurzatia urbanizatzea eta eraikitzea ahalbidetzea, gehiegizko eraikigarritasuna birbanatzeko.
b) Oso eragin txikiko jarduketa denez, esan daiteke ez duela eraginik izango beste plan edo programa batzuetan; izan ere, hirigintza-helburu argiak ditu, eta ingurumen-garrantzia duten eremuetatik kanpo dago kokatuta.
c) Planaren xedea da errealitatea udal-mailako eskalan egokitzea, eta, horrenbestez, ingurumen-arloko zehaztapenak txertatzeari begira planaren helburua egokia dela ulertzen da.
d) Ez da aurkitu planarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsurik. Eraginpeko esparruan egingo diren esku-hartze eta jarduketak segurtasun eta osasunari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egingo dira.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2) Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik eragingo zaion eremuari dagokienez, hiri-esparrua denez, eraginpeko kokapenaren inguruan ez dago espazio natural adierazgarririk, ezta ingurumenari dagokionez balio handikoa edo zaurgarria den eremurik ere.
Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, hau zehaztea: aurrez ikusitakoaren arabera, Villar y Villate, Manuel Andrés, Galindo bidea eta Las Llanas etxe-uhartearen hiri-antolamenduko plan bereziak ez du eragin garrantzitsurik izango ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Sestaoko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau eman eta bidaltzea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abuztuaren 29a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.