EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2016180

AGINDUA, 2016ko irailaren 14koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita nekazaritza, arrantza eta elikadurako sektorearen arlo zientifiko, teknologiko eta enpresarialetako ikertzaile eta teknologo gazteen prestakuntzarako laguntzetarako, 2017rako.

Xedapenaren data: 2016-09-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201604021
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2007/11/13an argitaratutako 2007/10/23ko 200700185 DEKRETUA

2007ko azaroaren 13an, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan, ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko laguntzei buruzko urriaren 23ko 185/2007 Dekretua argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 218. zenbakian. Azaroaren 24ko 608/2009 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori, eta haren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan, merkatuetan, marketinean eta enpresa-arloan ikertzaile eta teknologo gazteen prestakuntza sustatzeko laguntzen esparrua ezartzea eta arautzea.
Dekretu horretako 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, urtero, sailburuak hala aginduta, laguntza-eskabideak aurkezteko epea zabalduko da. Bestalde, deialdiko aginduan honako hauek adierazi behar dira: aurrekontu-kreditu erabilgarria; deialdiko beka-kopurua eta bakoitzaren zenbatekoa; ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko, estrategikotzat eta lehentasunezkotzat jotzen diren I+G+Bko proiektuen zerrenda jasotzen duen eranskina; eta, deialdi horretarako normalizatutako eskabide-eredua jasotzen duen eranskina. Deialdi honetarako, gastu-espedientea aurrez izapidetzea erabaki da; hala ere, horren ondorioz, deialdiko laguntzak gauzatuko dira baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko aurrekontu orokorretan.
Horiek guztiak horrela eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza eta diru-laguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenekin bat,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Deialdia.
1.– 2017ko ekitaldirako hamaika beka deitu dira prestatzen ari diren ikertzaile gazteentzako programaren barruan (doktoratu aurrekoak), eta hamar beka, berriz, teknologo gazteak prestatzeko programaren barruan.
2.– Agindu honetako I. eranskinean dago jasota Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren iritziz 2017ko ekitaldiko deialdian bi programetarako estrategikoak eta lehentasunezkoak diren I+G+Bko proiektuen zerrenda.
Bigarrena.– Iraupena.
Prestatzen ari diren ikertzaile gazteentzako laguntzak badira, kontratuak urtebete iraungo du, eta urteko luzapenak egin daitezke. Ezein kasutan, hasierako kontratuan metatutako iraupena eta luzapenen iraupena ezingo da lau urte baino luzeagoa izan.
Teknologo gazteak prestatzeko laguntzei dagokienez, nahiz eta dekretuan xedatzen den laguntzek ondoz ondoko bi urteko iraupena edo urtebetekoa izan dezaketela, kasu honetan, emango diren laguntza guztiek bi urteko iraupena izango dute.
Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
2017ko ekitaldian, urriaren 23ko azaroaren 185/2007 Dekretuak araututako laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Laugarrena.– Aurkeztu beharreko eskabideak eta agiriak.
1.– 2017ko ekitaldiko laguntza-eskaerak agindu honen II. eranskinean dagoen eredu normalizatuan aurkeztu behar dira Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzenduta (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
2.– Eskabideak helbide horretan bertan aurkez daitezke, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (azaroaren 26ko 30/1992) 38.4. artikuluan aurreikusitako edozein bide erabili ahalko da. Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal irekian egin beharko du, posta-funtzionarioak zigila dezan eta data ezar diezaion.
3.– Eskabidearekin batera eskabide-ereduan zehaztutako agiriak aurkeztu beharko dituzte (II. eranskina).
4.– Interesdunek laguntza eskatu ahal izango dute edozein programatan, eta I. eranskinean jasotako guztien artean 3na proiektu aukeratu ditzakete gehienez.
Bosgarrena.– Diru-zuzkidura.
1.– Laguntza horiek ordaintzeko aurrekontua, gehienez ere, 1.066.520 eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan. Zenbateko horretatik 331.630 euro 2017rako ordainketa-kredituei dagozkie, eta gainerako 734.890 euroak, 2018-2020 ekitaldietarako konpromiso-kredituei.
2.– Gizarte Segurtasunari atxikitzearen ondoriozko gastua (urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan xedatuta) 242.285,88 eurokoa; horietatik 63.571,47 euro 2017rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 178.714,41 euro konpromiso-kredituari.
Seigarrena.– Eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.
2017ko deialdian, laguntza-eskatzaileek egiaztatuta izan behar dituzte betekizun hauek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako:
a) Europar Batasuneko herritarra izatea, edo Euskal Autonomia Erkidegoan bizilekua duen atzerritarra.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea. Ondorio horietarako, eskatu egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea, 2016 urteko urtarrilaren 1etik aurrera gutxienez. Dena dela, onartu egingo dira, eskakizun hori bete ez arren, inoiz EAEn erroldaturik egon baina ikasketak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egin dituzten eskatzaileak.
c) Ikertzaileen prestakuntzarako laguntzen programan (doktoratu aurreko bekak), I. eranskinean proiektu bakoitzerako zehaztutako tituluetakoren bat edukitzea eta doktoregoan onartzea eskatzeko eskakizunak betetzea (Doktoretza-ikasketa ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren 6. artikuluaren arabera).
d) Teknologoen prestakuntzarako beka-programan, I. eranskinean proiektu bakoitzerako zehaztutako titulazio hauetakoren bat edukitzea, urriaren 23ko 185/2007 Dekretuaren 5.1.c) artikuluak ezartzen duen titulazio-eskakizunen esparru orokorraren barruan: goi-edo erdi-mailako unibertsitate-titulua, goi-mailako heziketa-zikloa edota bigarren zikloko lanbide-heziketa (II. LH).
e) Titulu hori lortzeko ikasketak amaitu behar izan dituzte 2012ko ekainean edo geroago.
f) Teknologo gazteak prestatzeko laguntzetarako, ezin izan dute beste antzekorik izan, hau da, nekazaritzako, arrantzako eta elikaduraren arloko eskumena duen sailak emandako antzekorik.
g) Ez dute izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005) azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.
Zazpigarrena.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Prestatzen ari diren ikertzaileak (doktorego aurreko bekak):
a) Prestatzen ari diren ikertzaile gazteentzako laguntzek 16.330 euroko dotazio ekonomikoa izango dute urteko, gehi Gizarte Segurantzako urteko kuota.
b) Ikertzailea atxikita dagoen organismo, zentro edo erakundeak 21.563,77 euro eskuratuko ditu aldez aurretik, eta ikertzaileek 16.330 euroko ordainsari gordina jaso beharko dute, Gizarte Segurantzako kuotak urte bakoitzean dagozkion kotizazio- eta hobari-tasen ondorioz egoki direnak izatea alde batera utzi gabe.
c) Orobat, onuradunek laguntza osagarri bat izango dute; izan ere, laguntza bakoitzeko, gehienez 2.000 euro gehiago eskura dezakete urteko, gastuak ordaintzeko. Aldez aurretik justifikatuta, doktorego-ikastaroetan matrikulatzeko, zientzia-kongresuetan edo lan-saioetan parte hartzeko, beste ikerketa-zentro batzuetan egonaldi laburrak egiteko, beste ikastaro batzuk egiteko, eta abarretarako erabiliko dute diru kopuru hori.
2.– Teknologoak.
Teknologoak prestatzeko laguntzek 12.000 euroko dotazio ekonomikoa izango dute urteko, gehi Gizarte Segurantzako urteko kuota. Orobat, onuradunek laguntza osagarri bat jaso ahalko dute (laguntza bakoitzeko, gehienez, 1.000 euro gehiago eskuratu ahalko dituzte urtean). Aldez aurretik justifikatuta, kongresu zientifikoetan edo lansaioetan parte hartzeko, beste ikerketa-zentro batzuetan egonaldi laburrak egiteko, beste ikastaro batzuk egiteko eta abarrerako erabiliko dute diru kopuru hori.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotzen dena betetzearren, deialdi honetako laguntzak ebazteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea 2017. urterako.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa ezar dakioke Ingurumen, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 14a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILAK ESTRATEGIKOTZAT ETA LEHENTASUNEZKOTZAT HARTUTAKO PROIEKTUEN ZERRENDA 2017KO EKITALDIRAKO
II. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO NEKAZARITZA, ARRANTZA ETA ELIKADURA SEKTOREKO ARLO ZIENTIFIKO-TEKNOLOGIKOAN ETA ENPRESA ARLOAN, IKERTZAILEAK ETA TEKNOLOGOAK PRESTATZEKO LAGUNTZA ESKAERA 2017KO EKITALDIRAKO