EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2016179

AGINDUA, 2016ko abuztuaren 1ekoa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, Armintza, Mundaka eta Plentziako kirol-portuetako zerbitzu publikoaren kudeaketa «Euskadiko Kirol Portua SA»-ri esleitzen diona.

Xedapenaren data: 2016-08-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201604006
Maila: Agindua
Abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, Lehendakariarenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, 13. artikuluan, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari esleitzen dizkio portuei eta itsas gaiei dagozkien eginkizunak eta arloak, eta sail horri atxikitzen dio Euskadiko Kirol Portua SA sozietate publikoa, ekainaren 6ko 105/2000 Dekretuaren bidez sortua.
Sorrerako dekretu horren 2. artikuluak dioenez, «sozietatearen xedea honakoa izango da: kirol-portuen, eta horien inguruen eta instalazioen plangintza egin, eta horiek bultzatu, garatu eta ustiatzea. Ustiaketa hori, sozietateak berak, emakidadun gisa burutu ahal izango du, edo dagozkion eskubideak hirugarren pertsona juridiko nahiz pribatuei laga ahal izango dizkie».
Sozietateak bere xedea gauzatu ahal izan zezan, 105/2001 Dekretuaren bidez aldatu egin zen ekainaren 6ko 105/2000 Dekretua; hain zuzen, arau batzuk erantsi ziren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasunekoak edo hari atxikitakoak diren jabari publikoko ondasun eta eskubideak sozietatearen esku uzteko, betiere sozietateak kudeatu behar duen zerbitzu publikoari atxikitakoak badira.
Halaber, Euskadiko Kirol Portua SA Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren baliabide berekia edo zerbitzu teknikoa da, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera.
Kirol-portuetako zerbitzu publikoaren kudeaketa Euskadiko Kirol Portua SAri esleitzen dion uztailaren 27ko 161/2015 Dekretuaren azken xedapenetatik bigarrenean, portuen gaietan eskumena duen saileko titularrari ahalmena ematen dio kirol-portuetako zerbitzu publikoaren kudeaketa Euskadiko Kirol Portua SAri esleitzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasunekoak diren gainerako portuetan.
Kontuan izanik Euskadiko Kirol Portua SAk baduela kirol-portuetako zerbitzua emateko gaitasuna, Administrazioak uste du zerbitzu publiko horren kudeaketa hobea lor daitekeela sozietate publiko horrek hartzen badu bere gain pixkanaka kudeaketa-lana, dagoeneko baduelako esperientzia arlo horretan. Hala, komenigarritzat jotzen da berari esleitzea Armintza, Mundaka eta Plentziako kirol-portuetako zerbitzu publikoaren kudeaketa.
Kirol-portuetako zerbitzu publikoaren kudeaketa Euskadiko Kirol Portua SAri esleitzen dion uztailaren 27ko 161/2015 Dekretuaren azken xedapenetatik bigarrenean emandako ahalmena baliatuz, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluarekin bat etorriz,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Armintza, Mundaka eta Plentziako kirol-portuetako zerbitzu publikoaren kudeaketa Euskadiko Kirol Portua SAri esleitzea.
Bigarrena.– Esleipen horren eduki funtzionala eta baldintzak ezarrita daude uztailaren 27ko 161/2015 Dekretuan, kirol-portuetako zerbitzu publikoaren kudeaketa Euskadiko Kirol Portua SAri esleitzekoan.
Hirugarrena.– Gobernu Kontseiluak 2016ko martxoaren 22an erabaki zuen baimena ematea Euskadiko Kirol Portua SAren gomendio uzteko portu-tasen bilketaren kudeaketa, sozietate horrek kudeatu behar dituen kirol-portuetan. Bada, erabaki horretan aurreikusitako moduan kudeatuko da Armintza, Mundaka eta Plentziako portu-tasen bilketa.
Laugarrena.– Agindu honek 2016ko abuztuaren 1etik izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abuztuaren 1a.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.