EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2016178

AGINDUA, 2016ko uztailaren 15ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Karrera Judizialera, Fiskalera eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegora iristeko prestaketa-laguntzetarako 2017ko deialdia egiteko eta laguntza horiek arautzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-07-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201603990
Maila: Agindua
Giza baliabideen garrantzia abiaburu hartuta, eta jakinda zenbateraino den beharrezko Karrera Judizialera, Fiskalera eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegora (lehen idazkari judizial izendapena jasotzen zuten) sartzeko bidea ematea eta erraztea, egonkortasuna bultzatzeko eta Justiziaren zerbitzu publikoaren kalitatea ona izateko, eta, hartara, herritarrak gustura egoteko eta konfiantza handiagoa izateko Justizia Administrazioarekin, duela hamar urte baino gehiago abiarazitako gurpilaren biran jarraitzea erabaki dugu, eta agindu honen bidez hainbat laguntza ematea, Zuzenbideko lizentziadunak motiba daitezen beren urratsak Karrera Judizialera eta Fiskalera eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegora bideratzera. Hartara, Justizia Administrazioak langile egonkorrak izango ditu, eta lana zorrotzago eta kalitate hobeaz egiteko moduan egongo da.
Esandakoaren ondorioz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan xedatutakoarekin bat, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Karrera Judizialera, Fiskalera eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegora iristeko oposizioak prestatzeko 30 beken 2017ko deialdia iragartzea eta arautzea.
2. artikulua.– Diru-zuzkidura.
1.– Beka bakoitza 6.600 eurokoa izango da, urteko. Hilero 550 euro emango dira.
2.– 2017ko ekitaldian, agindu honek jasotzen dituen laguntzetarako ehun eta laurogeita hemezortzi mila (198.000) euroko kopurua ezarriko da, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan propio ezarritako aurrekontu-izendapenaren kontura.
3.– Kreditu egokia eta nahikoa izan arte ez dira emango 2017ko ekitaldirako bekak.
3. artikulua.– Iraupena.
1.– Bekek urtebeteko iraupena izango dute, 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte.
2.– Aurreko zenbakian ezarritako epean onuradunak dagokion hautaketa prozesua gainditzen badu, laguntzaren epea bere izendapena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean amaituko da, edo, lehenago gertatzen bada, Eskola Judizialean sartzen denean.
4. artikulua.– Baldintzak.
Eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean:
a) Oposaketen aurreko deialdian eskatzen ziren baldintzak betetzea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eta azken zazpi urteetatik gutxienez bostetan bertan bizi izana.
c) Zuzenbideko lizentziatura edo gradua izatea.
d) Lizentziatura edo gradua, gehienez ere, orain dela zazpi urte lortutakoa izatea.
e) Karrera Judizial edo Fiskaleko edo Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoko prestatzaile baten zuzendaritza izatea.
Prestatzailea beste kidego batekoa izan daiteke, baldin eta prestakuntza-prozesua gidatzeko merezimenduak dauzkala irizten bazaio. Horretarako, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak behar bezala arrazoitutako baimena eman beharko du.
f) Hiru urteko gehienezko epean –jarraian edo aldizka– deialdi honetan aipatzen diren oposizioak prestatzeko edozein bekaren, antzeko izaeradun graduondokoren edo laguntzaren onuradun ez izana.
g) Diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez egotea zigor- edo administrazio-bidean, eta ez izatea horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik.
Sexuagatiko diskriminazioa dela-eta zigor- edo administrazio-bidean zigortuta ez egotea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren arabera.
5. artikulua.– Eskabideak eta formularioak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita.
2.– Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke (I. eranskina) Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean Zerbitzua), Eusko Jaurlaritzaren Justiziako Lurralde Kudeaketako Unitateetan, edota azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, atal guztiak behar bezala beteta. Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan eskura daiteke: euskadi.net.
Era berean, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira, euskadi.net-eko egoitza elektronikoan:
https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2016/becas-carrera-judicial/es
https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2016/karrera-judiziala-bekak/eu
3.– Pertsona eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten bezala. Orobat, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6. artikulua.– Zer dokumentu aurkeztu behar den eskabidearekin batera.
Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:
a) Udal ziurtagiria, eskatzailearen administrazio-auzotasuna eta bizilekua egiaztatzen duena 4. artikuluko b letran ezarritako epean. Ziurtagiriak, gainera, eskatzailearen bizilekuan bizi diren pertsona guztiak jaso beharko ditu.
b) Eskatzailea mantentzen dutenen egoera ekonomikoari buruzko egiaztagiriak. Horretarako, 2015. urteko Errentaren Gaineko Zerga-aitorpenaren behin-behineko edo behin betiko likidazioaren fotokopia aurkeztu beharko da, edo, bestela, 2015ean izandako diru-sarrerak egiaztatzen dituzten agiriak, haien sarrera-maila dela-eta, aipatu aitorpena egin behar ez dutenen kasuan.
Halaber, eskatzaileak edo mantentzen dutenek langabezia-prestaziorik, aurre-erretirorik, larrialdi sozialeko diru-sarrerarik, gizarteratzeko laguntzarik edo halako sarrera osagarririk jaso izan badu 2015. urtean, horiek egiaztatzeko agiriak (INEMekoak, Gizarte Segurantzakoak edo dagokien erakunde edo organoenak); berdin dio jasotzailea errenta-aitorpenean sartuta dagoen ala ez.
Eskatzailea mantentzen duten pertsonen banaketa, dibortzio edo antzeko egoerarik baldin bada, egoera hori egiaztatzen duen dokumentazioaz gain (familia liburua, epaia, eta abar), beharrezkoa da hitzarmen arauemailea ere aurkeztea. Hitzarmen arauemaile horretan jasotako diru-sarrerak ordaindu ez badira, zuzenbidean onartutako legezko edozein bitartekoren bidez egiaztatuko da.
Eskatzailea bere gurasoak ez diren pertsonek mantentzen badute ekonomikoki, elkarbizitzako gutxieneko denboraldi bat egiaztatu beharko du zuzenbidean onartutako legezko edozein bitartekoren bidez. Denboraldi hori gutxienez 2015eko urtarrilaren 1etik eskaerak aurkezteko epea ireki bitartekoa izango da.
c) Ikasketa-espediente osoa, jatorrizkoa edo kopia konpultsatua. Salbuespen izango dira deialdi honetarako prestatu den bide elektronikoa darabilten eskatzaileak, zeintzuk eskaneatuta aurkeztu beharko baitute ikasketa-espediente osoa.
Aurreko deialdietan ikasketa-espedientea aurkeztu duten eskatzaileek ez dute berriro aurkeztu beharrik izango.
d) Hala badagokio, euskararen ezagutza-maila egiaztatzeko dokumentazioa (jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua). Aurreko deialdietan dokumentazio hori aurkeztu duten edo Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan dauden eskatzaileek ez dute aurkeztu beharrik izango.
7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Nahi dutenek baliabide elektronikoen bidez egin ahal izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak.
2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak, eta Informatika eta Teknologiako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an eman zuen Ebazpenak; ebazpen horren bidez, PLATEA E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen.
3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak modu presentzialean zein elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2016/becas-carrera-judicial/es;https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2016/karrera-judiziala-bekak/eu
4.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.
5.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egitekoak, helbide honen bidez egingo dira: https://euskadi.net/misgestiones ;https://euskadi.net/nirekudeaketak.
8. artikulua.– Eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
1.– Eskabideek aukera emango dute eskatzaileak espresuki baimena eman dezan jarraian adierazten diren datuak edo dokumentuak organo kudeatzaileak eskuratzeko edo egiaztatzeko:
○ Euskararen ezagutza-maila egiaztatzeko dokumentazioa.
2.– Gainera, eskabidean sartuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, inguruabar hauek egiaztatuko dira:
● Jakinaraztea beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu berarako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratu izana.
● Itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta ez egotea edo, egon izanez gero, prozedura hori bukatuta egotea.
● Eskatzaileak ez duela zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzen uzten ez dion legezko debekurik.
● Gainera, eskaeran eta horrekin batera doan dokumentazioan azaltzen diren datuak egiazkoak direla eta laguntzen onuradun izateko indarrean dagoen arautegiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela adierazi beharko du eskatzaileak.
Era berean, erantzukizunpeko adierazpen bidez eskaeran sartutako honako baldintza hauek egiaztatuko dira:
● Eskatzaileak betetzen dituela prestatu nahi duen oposizioaren azken deialdian eskatutako betekizunak, ez duela jasotzen beste beka-motarik, antzeko izaeradun graduondoko ikasketarik, eta ez duela ordaindutako lanik egiten. Nolanahi ere, salbuespen izango da deialdi-aginduaren 14.1 artikuluan aurreikusitakoa.
● Eskatzaileak Karrera Judizial edo Fiskaleko edo Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoko prestatzaile baten zuzendaritza duela.
Laguntzaren onuradunek, laguntzaren ebazpena eman aurretik, aipatutako betekizunak egiaztatuko dituzte, dagokion ziurtagiria aurkeztuz edo organo kudeatzaileak zuzenean egiaztapena egiteko baimena emanez.
9. artikulua.– Nola zuzendu eskabideko akatsak.
Justizia Administrazioko Zuzendaritzak eskatzaileek aurkeztutako agirietan zerbait falta dela ikusten badu, 10 eguneko epea emango du akatsak zuzentzeko. Epea amaitzerakoan zuzenketa egin gabe badago, uko egin duela ulertuko da, horretarako ebazpena eman ondoren.
10. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.
Justizia Administrazioko Zuzendaritzak egingo ditu deialdi honen diru-laguntzak kudeatzeko lanak.
11. artikulua.– Merezimenduak balioestea.
1.– Onuradun izan ahal izateko, honako meritu hauek hartuko ditu kontuan Hautaketa Batzordeak:
a) Egoera ekonomikoa, 0tik 45 puntura bitarteko eskalan baloratuko da, honako banakapenaren arabera:
a) Sarrerak eurotan:
b) Sarrerak eurotan familia-unitateko kideko honako kopuru hauetara bitarte:
b) Ikasketa-espedientea, Hautaketa Batzordeak onartutako baremoaren arabera, espedientean sartutako ikasgai kopuruaren arabera ikasgai bakoitzari emandako balio kontuan izanik; balorazioa 0 eta 35 puntu artekoa izango da.
c) Euskararen ezagutza: 0tik 15 puntura bitartean. B1: 5 puntu, B2: 10 puntu eta C1: 15 puntu.
d) Aurreko urteetan onuraduna izatea: 0tik 5 puntura bitartean. Urtebetegatik: 2 puntu; bi urterengatik: 3 puntu, metagarriak izanik.
2.– Bi eskatzailek edo gehiagok puntu kopuru bera eskuratuz gero, berdinketa ikasketa-espedientearen batez besteko osoaren arabera ebatsiko da.
3.– Baldin eskatzaileren batek ez baditu lortzen gutxienez 3,5 puntu ikasketen espedientean, besterik gabe lehiaketatik kanpo geratuko da, beste inongo meriturik baloratzen hasi gabe.
12. artikulua.– Laguntzen onuradunak aukeratzea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, hautaketa-batzordeak erabakiko du zein hautagai proposatu bekak eskuratzeko. Honakoek, edo beraiek izendatutako ordezkoek, osatuko dute batzordea:
Lehendakaria:
– Justizia Administrazioko zuzendari jaun txit prestua.
Batzordekideak:
– Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko lehendakari txit gorenak izendatutako karrera judizialeko kide bat.
– Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusi jaun txit gorena.
– Herri Administrazio eta Justizia Saileko zuzendari jaun txit gorena.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko idazkari andare txit gorena.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Fakultateetako dekano jaun txit gorenak.
Justizia Administrazioko Zuzendaritzako teknikari bat izango da idazkaria; haren titularrak izendatuko du.
2.– Aurrez ezarritako baremoen arabera aukeratuko dira hautagaiak, Hautaketa Batzordeak onartutako garapenaren arabera; horrela baloratuko dira eskatzaileek egiaztatutako merituak. Akordioak hartzeko, Batzordeko kideen gehiengo absolutuak ados egon behar du. Berdinketarik sortzen bada, presidenteak izango du boto erabakigarria.
3.– Batzordeak 30 hautagai aukeratu behar ditu lortu dituzten puntuen arabera, eta zein kidegotarako lehiatzen diren kontuan hartu gabe. Horiez gain, beste 10 eskatzaile ere aukeratu behar ditu, hurrengo 10 puntuazio onenak lortu dituztenak, aurreneko hogei horietako inork beken onuradun izateari utziko balio ere, beka bukatu delako, uko egin diolako, ez duelako ondo bete betebeharrekoa, ezintasunen bat sortu zaiolako edo onuradun izateko aukera galarazten duen beste edozein gorabehera izan duelako. Nolanahi, gorabehera hori laguntza eskuratu eta hurrengo bi hilen barruan gertatu bada egingo da ordezkapena, ez bestela.
4.– Ordezko izango diren 10 hautagai horien zerrenda meritu lehenetsien arabera lortu duten puntuazioaren hurrenkeran osatuko da.
5.– Deialdi honen bidez emango diren beketan bakanterik sortuko balitz, lehenengo ordezkoak eskuratuko du hutsik geratutako beka, 3. artikuluan ezarritako epea osatzeko falta den aldian.
Edonola ere, ekitaldiko aurrekontutik erabilgarri dagoenaren arabera izango du laguntza ordezkoak.
13. artikulua.– Bekak esleitzea.
1.– Hautaketa Batzordearen proposamena aztertu ondoren, Justizia Sailburuordetzak ebatziko du deialdiko bekak nori eman: nor hautatu duten, zein ordezko izango diren, eta, bakanterik balego, zein bakante diren. Sei hilabeteko epea izango du, gehienez, erabakia hartu eta jakinarazteko, agindu hau indarrean sartzen denetik hasita.
Batzordeak epe horretan ez badu erabakirik adierazten, ezetsitzat joko dira eskabide guztiak. Ebazpen honek ez dionez administrazio-bideari amaiera ematen, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke hilabeteko epean, Justizia eta Herri Administrazioko Sailburuarengana jota, aukera hori ematen dute azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikuluak eta ondorengoek.
2.– Prozedurari buruzko ebazpena propio hautatu bakoitzari jakinarazteaz gain, aukeratutako hautagaien zerrenda, ordezkoen zerrenda eta, batere baldin badago, bakanteen zerrenda, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da Justiziako sailburuordearen ebazpen bidez, bai eta emandako beka bakoitzaren zenbatekoa ere.
14. artikulua.– Beken baldintzak.
1.– Ezin da beka hau baliatu aldi berean beste bekaren bat edukiz gero, ez eta ordaindutako edozein zerbitzutan jardunez gero, non eta ez den Organo Judizialetan eta Fiskaltzan ordezko-zerbitzuren bat, hala bada, zerbitzua ematen duen bitartean bekaren dirua jasotzeko eskubidea etenda geratzeko eskatu beharko du onuradunak. Nolanahi, ezingo du sei hilabete baino gehiago egin zerbitzua ematen, bekak dirauen aldian.
2.– Beka etenda geratuko da, berdin-berdin, istripuagatik edo gaixotasun larriren batengatik onuraduna ezinduta geratzen bada; jakina, behar bezala egiaztatu beharko du ezintasun hori. Kasu honetan ere, goiko kasuan bezalaxe, sei hilabetez etengo da, gehienez, bekaren diru-iturria.
3.– Epe hori pasatutakoan, oraindik ere beka etetea eragin zuten gorabeherek hor jarraitzen badute, bukatutzat emango da beka.
15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Beka onartzeaz bat, deialdi honetan jarritako arau guztien men geratzen da onuraduna; hori dela-eta, zehazki, 14. artikuluan azaldutako edozein gorabehera gertatuz gero, horren berri eman beharko du.
Laguntza onartu egin dela ulertuko da, emakida-ebazpenaren jakinarazpenaren hurrengo egunetik aurrera 15 egun pasa ondoren, onuradunak besterik adierazi ez badu.
2.– Karrera Judizialeko edo Fiskaleko kideek edo Justizia Administrazioko Letraduen Kidegokoek emandako prestaketa-ikastaroetara zintzo eta ikasteko gogoz joatea, non eta ez daukan Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren baimena ez joateko.
3.– Honako deialdi honen ondoren egingo den lehen hautaketa-prozesuan parte hartzea, betiere, bien artean gutxienez urtebeteko tartea baldin badago; eta destinoa aukeratzerakoan, beti lehentasuna ematea Euskal Autonomia Erkidegoko destinoei.
4.– Hiru hilean behin, oposaketa prestatzen egindako gastuen memoria aurkeztea; prestatzaileak epe horretan sortutako fakturen kopia erantsi behar zaio memoriari.
5.– Diru-laguntza jasotzen duen bitartean gertatutako edozein gorabeheren berri ematea administrazioari.
6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedea fiskalizatzeko eskatutako informazio guztia ematea.
7.– Hautaketa-prozesua gainditu ondoren destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan lortuz gero, gutxienez bi urtez jardutea lanean autonomia-erkidegoan bertan, halabeharrak eraginda beste nonbait jardun beharra egokitzen ez bazaio behintzat.
8.– Baldin onuradunak deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzeari uzten badio, gerta liteke emandako beka kentzea; halakoetan, jasotako dirua itzuli egin beharko du (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikulua eta horren ildokoak, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, EAEko Aurrekontu Orokorretatik ordaintzen diren diru-laguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra erregulatu eta horren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen betekizun, araubide eta obligazioak erregulatzen dituena –1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.– edo horren ordez indarrean jarriko den araua).
16 artikulua.– Onuradunen hiruhileko justifikazioko memoria aurkezteko lekua eta modua.
1.– Agindu honen 15.4 artikuluan aurreikusitako justifikazioko memoria aurrez aurre aurkez daiteke Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan, Justiziako Lurralde Kudeaketako Unitateetan, edota azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, atal guztiak behar bezala beteta. Eredua euskadi.net egoitza elektronikoan argitaratuko da.
2.– Halaber, justifikazioak bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztu ahal izango dira helbide honetan: https://euskadi.net/misgestiones; https://euskadi.net/nirekudeaketak
17. artikulua.– Pertsona onuradunen jarraipena.
1.– Justizia Administrazioko Zuzendaritzak, prestatzaileen bitartez, bekadunei jarraipena egingo die. Horretarako, prestatzaileei hiru hilean behin txostena eskatuko die, eta txostenean oinarrituz, beka jasotzeko eskubidea galdu den ala ez ebatziko du. Eskubidea galduz gero, galera sorrarazi duen gertakaria gertatu den une berean izango ditu ondorioak eta egun horretatik aurrera jasotako dirua itzuli beharko du bekadunak.
2.– Prestatzaileek, aldizka eskatzen zaien txostena egiteaz gain, eskatzaileen aprobetxamenduan gertatzen den edozein gorabeheraren berri eman beharko diote Justizia Administrazioko Zuzendaritzari.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 15a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.