EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2016176

AKORDIOA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-aginduari buruzkoa, hizkuntza-gaikuntzako euskarazko ikastaroak egiteko dena, Lanbidek antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartzen duten pertsonei zuzendua.

Xedapenaren data: 2016-09-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201603939
Maila: Akordioa
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 8a.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Ángel Tarsicio Toña Güenaga jauna, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazioko kontseiluburu gisa.
Eta bestetik, Cristina Uriarte Toledo andrea, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko (HABE) buru gisa.
HAU ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Urriaren 13ko 3/2011 Legearen arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua izaera administratiboa duen organismo autonomoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dago. Nortasun juridiko propioa du, bai eta jarduteko gaitasun osoa ere, bere helburuak betetzeko. Besteak beste, honako funtzio hauek bete behar ditu: enpleguko programak kudeatzea, enplegurako eta auto-enplegua sustatzeko prestakuntza ematea eta enpresak sortzea. Batez ere langile langabeei zuzendutako prestakuntza enplegurako prestakuntzaren barruan dago.
Bigarrena.– Euskadin enplegurako prestakuntza profesionala agintzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian (2016-06-07ko EHAA) ezarrita dagoenez, enplegurako Lanbide Heziketako jardueren eta programen barruan, euskaraz ikasteko programak emango dira HABE organismo autonomoarekin egindako akordioen bitartez, helburu izanik dena delako arlo profesionalean ahozko eta idatzizko komunikazio-gaitasunak garatzea, lanbide-eginkizunak hobeto betetzea edota lanbide-aukerak hobetzea.
Hirugarrena.– Jendeari arreta ematearekin lotura handia duten lanbide-arloetako lanbide jakin batzuetan elebidun langile gaituen eskaerak gora egin duenez, agerian geratu da beharrezkoa dela Lanbidek antolatutako prestakuntza-jarduera batzuk osatzea, hain zuzen ere, langabeek gaitasun profesionalak lor ditzaten egiten direnak. Horretarako, euskararen ezagutza eta erabilera jasotzeko edo hobetzeko prestakuntza-jarduerak egin behar dira, langabeen enplegagarritasuna hobetze aldera.
Laugarrena.– Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortzeko eta Euskaltegiak arautzeko azaroaren 23ko 29/1983 Legearen arabera, HABE erakundea Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikita dagoen izaera administratiboko organismo autonomoa da. Nortasun juridiko propioa du, baita jarduteko gaitasun osoa ere, bere helburuak betetzeko. Besteak beste, honako funtzio hauek bete behar ditu: helduei euskara irakastea eta Euskadiko helduen euskalduntzea eta alfabetatzea bultzatu eta sustatzea.
Bosgarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoak ez du giza baliabide eta material nahikorik, hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak euskaraz emateko. HABE erakundeak, berriz, antolakuntza eta baliabide egokiak ditu, Lanbideren beharrei arreta emateko espezialitate-baldintza onenetan.
Seigarrena.– Hori dela eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) euskaraz ikasteko prestakuntza-jarduerako plangintza bat egin dute, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeen beharrei erantzuna emateko, euskarazko hizkuntza-gaikuntzari dagokionez. Prestakuntza-jarduera horiek HABEren euskaltegietan egingo dira. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan xedatutako esparruaren barruan, erabaki dute dagokion kudeaketa-aginduko akordioa formalizatzea, honako klausula hauen arabera arautuko dena:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Akordio honek aipatzen duen kudeaketa-aginduaren helburua da Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) langabeei zuzendutako hizkuntza-gaikuntzako euskarazko jarduerak egitea, agindu honen eranskin gisa urtero hitzartuko den plangintzaren arabera.
Bigarrena.– Lanbideren prestakuntza-eskaintzaren plangintza.
Lanbideren prestakuntza-eskaintzaren plangintza egitean, aintzat hartuko da jendeari arreta ematearekin lotura handia duten lanbide-arloetako lanbide jakin batzuetan elebidun langile gaituak eskatzen direla. Horri erantzuteko, profesionaltasun-ziurtagirietako espezialitateak hautatuko dira, eta agindu honetako xede diren jarduerak horiei lotuta egon ahal izango dira.
Hirugarrena.– Prestakuntza-programazioa, zuzkidura ekonomikoa eta jardueren finantzaketa.
HABEren Erregistroan inskribatutako euskaltegiek egin beharreko prestakuntza-programazioa, emandako zuzkidura ekonomikoa eta jarduera bakoitzaren finantzaketa-zenbatekoa jasota geratuko dira agindu honekin batera dagoen eranskinean.
Laugarrena.– Funtsen transferentzia.
Programazio hori egiteko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-jarduera bakoitzari esleitutako zuzkidura ordainduko dio HABEri, eranskinean jasotako modulu ekonomikoekin bat eginez. Horrela izango da: zenbatekoaren % 50ari dagokion lehen ordainketa prestakuntza-jardueren hasieran egingo da eta gainerako % 50a gastua justifikatu ondoren, eranskinean aurreikusitako baldintzetan.
Bosgarrena.– Prestakuntzaren hartzaileak.
Programazioan aurreikusitako prestakuntza-jardueretan honako pertsona hauek parte hartu ahal izango dute: eranskinean adierazten diren profesionaltasun-ziurtagiriko espezialitateei dagozkien prestakuntza-jarduerak egiten dituztenek, euskara ikastearekin lotuta daudenak, eta hala eskatzen dutenek.
Gai egiteko prestakuntza-jarduera jakineko ikasleekin talderik osatzen ez bada, beste enplegu-eskatzaile batzuekin osatu ahal izango da, aldez aurretik profesionaltasun-ziurtagiri berdinetako prestakuntza-jarduerak egin eta euskararen profila betetzen dutenekin.
Seigarrena.– Eskainitako hizkuntza-gaikuntzaren publizitatea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian (www.lanbide.euskadi.eus) euskarazko hizkuntza-gaikuntzarekin lotutako prestakuntza-jardueren publizitatea egingo da, eta, horri dagokionez, honako informazio hau jakinarazten da:
a) Euskara-prestakuntza egingo da hizkuntza-gaitasuna lortzeko edo hobetzeko, enplegagarritasuna handitzearren.
b) Prestakuntza hori prestakuntza-jarduera egin bitartean egingo da paraleloki, jarduera horren eskola-orduetatik at edo jarduera bukatzean.
c) Ikastaroak maila hauetakoak izan daitezke: A1, A2 edo B1, HABEk egiazta ditzake eta lan-bitartekotzarako baliagarriak dira.
Zazpigarrena.– Parte-hartzaileak hautatzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak koordinatuko du euskarazko hizkuntza-gaikuntzako ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen hautaketa, euskaraz ikastearekin lotutako prestakuntza-jarduera ematen duen prestakuntza-erakundearekin eta HABErekin.
HABEk xedatuko du prestakuntza-jarduera zehatzetan parte hartzen duten ikasleen euskararen menderatze-maila, jarduerak hasi baino lehen eta dagokion mailako proba egin eta gero.
Zortzigarrena.– Aldeen betebeharrak.
1.– Hauek izango dira HABEren betebeharrak, kasu bakoitzean adierazten den irismenarekin:
a) Programari atxikita dauden euskaltegietan agindu zaizkien euskarazko hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-jarduerak ematea, xedatuko diren ordutegi eta egunetan. Horren inguruko aldaketa garrantzitsurik badago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko dio.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea prestakuntza-jardueren hasiera, LAN-F aplikazio informatikoaren bitartez.
c) Egindako jarduerei (programa honi dagozkionak) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egindako finantzaketaren publizitatea egitea.
d) Parte-hartzaileak hautatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren teknikariekin lankidetzan aritzea.
e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari prestakuntza-jardueretan gertatzen diren bajak edo uzteak jakinaraztea, baita jarduerak egin bitartean gertatzen den edozein gertakari ere.
f) Ikasleak bertaratzen direla kontrolatzea.
g) Ikastaroan baja ematea honako baztertze-kausa hauetako batean erori diren ikasleei, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi ostean:
– Prestakuntza-jardueraren iraupen osoan % 25eko ez-bertaratzea metatzea, dena delako arrazoiengatik, justifikatuta egon edo ez. Parte-hartzailea prestakuntza-jarduera hasi ondoren hasi bada, ez-bertaratzearen ehunekoa eskolak hasi dituenetik ikastaroaren bukaera arte gelditzen diren orduak aintzat hartuta kalkulatuko da.
– HABEk eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ohartutako aprobetxamendurik eza edo ikastaroa egoki joatea galarazten duen portaera desegokia, higieneari eta osasungarritasunari dagokienez eska daitezkeen arauak barne.
Hona hemen kanporatzea erabakitzeko jarraitu beharreko prozedura:
1) HABEren Erregistroan inskribatutako euskaltegiak, jarduera egiten duenak, kanporatzeko arrazoietako bat gertatu dela jakinaraziko dio Lanbideren prestakuntza-teknikariari. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kausa hori hauteman ondoren, Enplegurako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Prestakuntzaren zuzendariak kanporatze-prozedura hasteko akordioa egingo du. Erabaki horretan adierazi beharko dira kanporatze-proposamena ekarri duten gertakariak; ondoren, 5 egun naturaleko epea izango du interesdunak alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, gehienez, hamabost eguneko epean ebatzi beharko du prozedura. Inguruabarrek hala eskatzen badute, kanporaketa hasteko erabakian behin-behineko neurriak hartu ahalko dira prestakuntza-jarduera behar bezala garatzen dela bermatzeko, hala nola erabakia jakinarazteko egunetik prozedura ebazten den arteko egunetan ikaslea aldi baterako ikastarotik kanporatzea.
2) Ebazpenaren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik zenbatzen hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
h) Ikastaroetan parte hartzen duten ikasleen aprobetxamendu-maila balioztatzea, baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan aritzea ere, egindako jardueren kalitate-bitartekotzako inkestak egiteko, eranskinean ezarritako baldintzetan.
i) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eskatu bezain informazio beste ematea, programari eta ikasleei dagokienez.
j) Prestakuntza-jardueren gastuak justifikatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aplikazio informatikoaren bidez, ezarritako eran eta dokumentazioarekin, eta, gehienez, bi hileko epean (bukatzen denetik hasita).
2.– Hauek izango dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren obligazioak:
a) Egindako prestakuntza-jarduerak finantzatzea, kudeaketa-aginduko akordio honetan xedatutakoaren babespean.
b) HABErekin kolaboratzea, prestakuntza-jardueretako parte-hartzaileak hautatzeko, hautagaien zerrenda emateko eta prozesuan zehar aholkularitza teknikoa emateko.
c) HABErekin kolaboratzea, parte-hartzaileak hautatzeko prozesuan zein jarduerak garatu bitartean gerta daitezkeen gertakariak ebazteko.
Bederatzigarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betetzearren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak kudeatzeko beharrezkoak diren ikasleen datu pertsonalak lagako dizkio HABEri, eta HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak bere jabegoko fitxategi informatizatu batean sartuko ditu, Ikasleak izenekoan.
Hamargarrena.– Jarraipen Batzordea.
Jarraipen-batzorde bat eratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko eta HABEko kideek osatua, akordio hau behar bezala kudeatu eta interpretatu ahal izateko, bai eta antolaketa-gaien eta abarren inguruan sor litezkeen arazoak konpontzeko ere.
Hona Jarraipen Batzordearen osaera:
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren izenean:
a) Enplegurako Prestakuntzako Zerbitzuaren arduraduna.
b) Enplegurako Prestakuntzako Zerbitzuaren teknikaria.
– HABEren izenean:
c) HABE eta administrazioen arteko koordinatzailea.
d) HABEren ikuskatzailetza-arduraduna.
Hauexek dira Batzordearen funtzioak:
• Egin daitezkeen prestakuntza-jardueren urteko aurreikuspena egitea. Horretarako, Jarraipen Batzordeko parte den organismo bakoitzeko ordezkari batek, gutxienez, parte hartu beharko du.
• Informazio-trukeko prozesuak aztertzea eta antzemandako arazoak konpontzeko neurriak proposatzea.
• Orokorrean, kudeaketa-agindu honetan hitzartutakoa gauzatzerakoan sor daitezkeen eragozpenak eta arazoak aztertu eta konpontzeko neurriak proposatzea eta ezartzea.
• Bidalitako informazioa Jarraipen Batzordeak aztertu beharko du.
Hamaikagarrena.– Aginduaren indarraldia.
Kudeaketa-agindu hau indarrean egongo da agiri hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik 2017ko ekainaren 30era arte. Alde biak ados badaude, gehienez, lau urtera arte luzatu ahal izango da, betiere dagokion ekitaldian horretarako aurrekontu-esleipen egokia eta nahikoa egiten bada.
Hamabigarrena.– Kudeaketa-aginduak ez dakar ez eskumenen (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari esleituak) titulartasuna ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoaren ardura izango da kudeaketa-agindu honen xede den jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea.
Bi aldeek edukiarekin ados daudela adierazten dute, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-agindua formalizatzeko agiri hau sinatu dute.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 8a.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
ERANSKINA
2016KO PRESTAKUNTZA-PROGRAMAZIOA ETA GAUZATZEA
I.– Lanbide-arloak eta prestakuntza-espezialitateak.
Hauek dira agindu honen xede den hizkuntza-gaikuntzarekin lotuak egon daitezkeen hautatutako profesionaltasun-ziurtagiriko espezialitateak:
1.– Lanbide-arloa: Zerbitzu sozialak eta kulturak eta gizartearentzako zerbitzuak / gizarte-arretako lanbide-arloa:
a) SSCS 0208 Mendekotasunen bat dutenei arreta sozio-sanitarioa gizarte-erakundeetan ematea.
b) SCCS 01008 Mendekotasunen bat dutenei arreta sozio-sanitarioa etxean ematea.
2.– Lanbide-arloa: Ostalaritza eta turismoa / jatetxeen lanbide-arloa:
a) HOTR 0208 jatetxe eta tabernako oinarrizko lanak.
b) HOTR 0508 taberna eta kafetegiko zerbitzuak.
3.– Lanbide-arloa: merkataritza eta marketina / salerosketako lanbide-arloa:
a) COMT 0211 merkataritzako jarduera osagarriak.
b) COMT 0108 salmenta-jarduerak.
II.– Prestakuntza-programazioa.
HABEko euskaltegiek egin beharreko hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-jarduerak honako hauen arabera hautatuko dira:
A) ostalaritza eta turismorako A1 euskara-maila (gehienez 125 ordu)
B) ostalaritza eta turismorako A2 euskara-maila (gehienez 200 ordu)
C) ostalaritza eta turismorako B1 euskara-maila (gehienez 250 ordu)
D) merkataritzarako A1 euskara-maila (gehienez 125 ordu)
E) merkataritzarako A2 euskara-maila (gehienez 200 ordu)
F) merkataritzarako B1 euskara-maila (gehienez 250 ordu)
G) arreta sozio-sanitariorako A1 euskara-maila (gehienez 125 ordu)
H) arreta sozio-sanitariorako A2 euskara-maila (gehienez 200 ordu)
I) arreta sozio-sanitariorako B1 euskara-maila (gehienez 250 ordu)
J) HABEk egindako proban prestakuntza-jarduerako ikasleren batek B1 maila gainditzen badu, B2 mailako ikastaro batean gehitu ahal izango da, gehienez, 330 orduz.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak HABEri egin beharreko hizkuntza-prestakuntzako jarduerak jakinaraziko dizkio, eta datak, udalerriak eta ordutegiak (gutxi gorabehera) adieraziko dizkio.
Agindu honen xede diren prestakuntza-jarduerei hasiera emango zaie 2016 ekitaldian, eta, gehienez, 2017ko ekainaren 30ean amaituko dira.
III.– Lanbideren zuzkidura ekonomikoa.
Agindu honen xede den prestakuntza-programazioa finantzatzera bideratuko den kreditua 500.000 euro dira guztira; horietatik 250.000 euro 2016ko ordainketa-kredituari dagozkio eta 250.000 euro 2017ko konpromiso-kredituari.
IV.– Jarduerak finantzatzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta HABEk finantzatu beharko dituzte kudeaketa-agindu honetatik eratorritako jarduerak, irizpide honetan oinarrituta:
A) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere gain hartuko ditu hizkuntza-gaikuntzako ikastaroetako maila guztietako ikasleen matrikulen gastuak, honako tarifetan oinarrituta:
a) Hiru lurraldeetako hiriburuetako euskaltegietan emandako ikastaroen matrikula, 2,50 euro/ordu/parte-hartzaile.
b) Hiru lurraldeetako beste udalerri batzuetako euskaltegietan emandako ikastaroen matrikula, 2,00 euro/ordu/parte-hartzaile.
c) Mailako proben kostua, 36,24 euro/ordu, gehienez, 3 ordu talde bakoitzari dagozkion prestakuntza-jardueretako.
B) HABEk gainerako hezkuntza-kostuak finantzatuko ditu, euskaltegi publiko eta pribatu homologatuentzako urtero ematen diren diru-laguntzen deialdietan ezarritakoan oinarrituta.
V.– Gastuen justifikazioa.
HABEk kudeaketa-agindu honetako jarduera bakoitzetik eratorritako gastuak banan-banan justifikatuko ditu prestakuntza-jarduera bakoitzarentzat. Horretarako, gehienez, bi hileko epea izango du, bukatzen denetik hasita. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LAN-F aplikazioaren bitartez egin beharko du justifikazioa, erakunde horrek, egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ondoren, dagokion transferentzia agin dezan (justifikazioa aurkezteko epean ez da abuztua zenbatuko).
VI.– Parte-hartzaileak hautatzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hautatutako ikasleen zerrenda telematikoki igorriko dio HABEri, prestakuntza-jarduerak hasi baino lehen.
Prestakuntza-jardueraren lehen egunean, HABEk dagokion euskara-mailako proba egingo du prestakuntza-zentroan, ikasleei dagozkien taldeetan banantzeko.
Bost eguneko gehieneko epean, HABEk euskara-mailako probaren emaitzak jakinaraziko dizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, bai eta ikasleei dagozkien taldeetan banatzeko proposamena ere, beharrezkoa balitz eta kudeaketa-aginduko akordio honetako bosgarren klausulan oinarrituta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak taldeak osatzeko beste pertsona batzuk proposatu ahal izateko.
VII.– Taldeen osaera eta prestakuntza-planaren transmisioa.
Azkenik, HABEk xedatuko du hautatutako ikasleen eta osatutako taldeen zerrenda, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari telematikoki igorriko dio egingo diren prestakuntza-jarduerak jasotzen dituen prestakuntza-plana. Bertan, zentroak eta honako datu hauek adieraziko ditu: ikastaroaren orduak, parte-hartzaileen kopurua eta haien izenak eta aurreikusitako hasiera- eta amaiera-datak. Horrela, Lanbidek prestakuntza-jarduera horiek sortu ahal izango ditu LAN-F aplikazioan, jatorrizko prestakuntza-jarduerekin lotuta.
HABEk igorritako informazioa kontuan izanda, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lotutako hizkuntza-gaikuntza egiteko beharrezkoak diren datuak jakinaraziko dizkie hautatutako ikasleei: hizkuntza-gaikuntza egingo den zentroa, ordutegia eta taldea.
Aldi berean, HABEk ikasleen zerrenda, bakoitzaren hasierako maila, dagokien taldea, ikastaroaren hasiera- eta amaiera-datak eta eman beharreko ordu kopuru osoa jakinaraziko dizkie euskaltegiei.
VIII.– Ikastaroa hasiko duten ikasleen jakinarazpena.
7 eguneko epean, hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-jarduerak hasten direnetik, HABEk telematikoki jakinaraziko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari hain zuzen ere prestakuntza-jarduerei hasiera eman dietela.
IX.– Ikasleak ebaluatzea.
HABEk ikastaroen jarraipena egingo du, eta parte-hartzaileen bertaratzea eta aprobetxamendua kontrolatuko ditu; eta, behar denean, Lanbideri horren berri emango dio. Halaber, hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak bukatzean, Euskal Enplegu Zerbitzuari txosten bat bidaliko dio, telematikoki. Bertan adieraziko dira: ikasle bakoitzaren ebaluazioa, haren orduak eta prestakuntza-jardueretara bertaratze-ehunekoa. Horrela, Lanbidek informazio hori bere prestakuntza-kontuan irauli, LAN-F aplikazioaren bidez, eta aipatutako prestakuntza-jarduerari dagokion diploma egin ahal izango du.