EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2016176

AGINDUA, 2016ko uztailaren 28koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena. Haren bitartez, nekazaritza-produkzio jasangarriko tekniken bidezko laborantza estentsiboaren dibertsifikaziorako nekazaritza eta ingurumeneko diru-laguntzaren deialdia egiten da.

Xedapenaren data: 2016-07-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201603938
Maila: Agindua
Gaur egun handitzen ari den ingurumen-kezkaren ondorio bat izan da nekazaritza eta ingurumenaren inguruko neurriak eta konpromisoak hartzeko diru-laguntzak ezarri direla. Horren xedea da ingurumena babesteko eta baliabide naturalak kontserbatzeko eskaerekin bateragarriak diren nekazaritza-produkzioko metodoak sustatzea.
Nekazaritza eta ingurumeneko neurriak konfiguratzen dira laguntza-araubide baten gisa, nekazaritza-produkzioko metodo jakinak eta ohiko nekazaritzan ezohikoak diren jarduketa jakinak egitea sustatzeko. Metodo eta jarduketa horiek kostu gehigarriak dakartzate, bai eta diru-galerak ere. Beraz, ezartzen diren neurriak saiatzen dira kosturik handienak eta ingurumenarekiko eta baliabide naturalen kontserbazioarekiko errespetu handia duten nekazaritza-produkzioko metodo eta neurriak hartzeak dakartzan lortu gabeko irabaziak konpentsatzen.
Nekazaritza eta ingurumenari eta klimari buruzko neurri multzoaren barruan egindako azken aldaketa eta gero, Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020 Programak laborantza estentsiboaren (Arabako lurralde historikoko ohiko laborantzak dira) nekazaritza-produkzio jasangarriko tekniken bidezko dibertsifikaziorako nekazaritza eta ingurumeneko diru-laguntza jasotzen du. Aldaketa hori Batzordearen Exekuzio Erabakiak onartu zuen, 2016-05-13an. Haren bitartez, Euskadiko (Espainia) Landa Garapenerako Programaren aldaketa onartzen da, Europako Nekazaritza Funtsaren (Feader) bidezko landa-garapenerako diru-laguntzaren emakidari dagokionez, CCI: (2014ES06RDRP015).
Neurri horren helburua da baliabide naturalen arrazoizko jasangarritasun eta aprobetxamendua lortzea. Horrez gain, horrekin bateragarriak diren beste helburu batzuk ere baditu, ingurua babestearen ingurukoak, nekazarien errentak mantenduz eta hobetuz, laborantza horiek teknikoki ordenatzean. Horren harira, aipatu beharra dago neurri horrek indartuko dituela produkzio-jardueren dibertsifikazioa, laborantzen errotazioak eta Arabako laborantza horietarako aldeko baldintza fitosanitarioen aprobetxamendua.
Konstituzioaren 148.1.7 eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.9 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, nekazaritzako eta abeltzaintzako eskumen guztiak autonomia-erkidegoari dagozkio, ekonomiaren antolakuntza orokorraren arabera, eta hori kontuan izanda eman da Agindu hau.
Dekretu hau prestatzerakoan, aholkua eskatu zaie Arabako Foru Aldundiari eta sektoreko erakunde profesionalei. Horiek horrela, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da nekazaritza-produkzio jasangarriko tekniken bidezko laborantza estentsiboaren dibertsifikaziorako nekazaritza eta ingurumeneko diru-laguntzarako deialdia egitea, 2016. urterako, Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020 Programak onetsitakoari eta jasotakoari jarraikiz.
2.– Diru-laguntzak nekazaritza eta ingurumeneko diru-laguntzak arautzen dituen araudiaren arabera eman, kudeatu eta ordainduko dira. Bereziki, honako hauei jarraituko zaie: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (UE) Erregelamenduari, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidezko landa-garapenerako diru-laguntzaren ingurukoari; 2014ko uztailaren 17ko Batzordearen 808/2014 (UE) Erregelamendu Betearazleari, aipatutako erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituenari; eta 2014ko martxoaren 11ko Batzordearen 807/2014 (UE) Erregelamendu Ordezkatuari, 1305/2013 (UE) Erregelamendua osatzen duenari.
3.– Halaber, Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzaren emakida eta ordainketa egiteko, neurri horiek jaso beharko ditu indarrean dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako Planean, eta horri dagozkion baldintzetara eta aurrekontu-euskarrira egokitu beharko dira.
4.– Azkenik, diru-laguntza horiek eman eta ordaintzeko, agindu honetako 7.1 artikuluan aurreikusitako hitzarmena sinatu beharko da.
2. artikulua.– Onuradunek bete beharreko baldintzak.
1.– Diru-laguntza horiek jaso ahal izango dituzte nekazaritza-ustiategien titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoek, edo legez osatutako nekazarien taldeek, betiere honako baldintza orokor hauek betetzen badituzte:
a) Ustiategia Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea eta egoitza fiskala Euskadin izatea. Halaber, lursailek dagozkien erregistro ofizialean inskribatuta egon behar dute.
b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ordainduta izatea, bai eta diru-laguntzen itzulketak ere.
c) Honako laborantza talde hauetako bateko ekoizleak izatea:
● 1. taldea: Udan laborantza ureztatu bidezko gizakiek kontsumitzeko hazi-lekaleak.
● 2. taldea: Udan laborantza ureztatu bidezko baratze estentsiboak.
● 3. taldea: Hazitarako patata eta gizakien kontsumorako patata.
● 4. taldea: Azukre-erremolatxa.
d) Ustiategian, gutxienez, laborantza estentsiborako 20.000 m2-ko azalera izatea, aurreko paragrafoan aurreikusitako laborantza multzoari dagokionez. 10.000 m2 baino gutxiagoko laborantza multzo batek ezin dio diru-laguntzari heldu.
e) Laborantza ezberdinetako lursailek ereintza erregularrak eta homogeneoak edukitzea.
f) Agindu honetan aurreikusitako laborantza estentsiboen ereindako lursailak adieraztea eskaera bakarrean, otsailaren 16ko 20/2016 Dekretuan aurreikusten den horretan, Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek garatu eta aplikatzekoan: Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) zuzeneko laguntzen erregimenak, Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema (SIGPAC) eta laguntzen onuradunek bete beharreko baldintzak.
g) Eskatzailea ez egotea zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, bat etorriz otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin.
2.– Ezin izango dira diru-laguntza horien onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan aurreikusitako egoera duten pertsonak edo erakundeak. Diru-laguntzak Lege horretako 13. artikuluko 4., 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz egiaztatuko dira.
3. artikulua.– Onuradunen nekazaritzaren eta ingurumenaren inguruko konpromisoak.
1.– Diru-laguntza horien onuradun izateko, nekazaritza-ustiapenen titularrek, gutxienez, 5 urtez nekazaritza eta ingurumeneko konpromisoak eta teknikak (tipifikazioarekin batera) aplikatu beharko dituzte, agindu honetako I. eranskinean ezarritako baldintza orokorrak betetzeaz gain.
2.– Diru-laguntzaren hasierako eskaeran laguntza eskatzen duen azpi-neurrirako konpromisoak sinatuko ditu eskatzaileak. 5 urteko iraupena izango dute konpromiso horiek, eta nekazaritza eta ingurumeneko kontratutzat hartuko da ondore guztietarako. Hitzartutako denboraldia bukatuta, araudiak eta aurrekontuak onartzen badute, laguntzaren urte bateko luzapena eskatu ahal izango da.
3.– Hurrengo urteetan, nekazaritza eta ingurumeneko kontratua indarrean dagoen bitartean, hitzartutako azpi-neurriaren prima ordaindu beharko du urtero.
4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Agindu honen I. eranskineko 2. eta 3. artikuluetan ezarritako baldintzak eta konpromisoak betetzen dituztenek –2.1.c) artikuluan aurreikusitako laborantzen inguruan– eskubidea izango dute nekazaritza eta ingurumeneko metodoen bidez landutako azalera jakina unitate-zenbatekoarekin biderkatuta lortutako zenbatekoa jasotzeko, diru-laguntza gisa.
2.– Hauek dira diru-laguntzaren unitate-zenbatekoak.
a) Nahitaezko konpromisoak:
● 1. taldea: 240 euro hektarea bakoitzeko.
● 2. taldea: 430 euro hektarea bakoitzeko.
● 3. taldea: 450 euro hektarea bakoitzeko.
● 4. taldea: 450 euro hektarea bakoitzeko.
b) Konpromiso gehigarriak:
● 1. gehigarria: 100 euro hektarea bakoitzeko.
● 2. gehigarria: 150 euro hektarea bakoitzeko.
Edonola ere, hektarea bakoitzeko, oinarrizko laguntza 550 euro izango da gehienez.
5. artikulua.– Finantzaketa.
1.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzei zuzendutako baliabide ekonomikoen jatorria Feader Europako Funtsa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako aurrekontu-kredituak izango dira, Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan jasotzen diren lagundutako finantzaketa-ehunekoen arabera.
2.– 2016 ekitaldian zehar eman beharreko diru-laguntzen gehieneko bolumena da 1.650.000 euro, Agindu honi jarraikiz. Horietatik 412.500 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura izango dira, eta 1.237.500 euro Feaderen kargura.
6. artikulua.– Funtsak agortzea.
1.– Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, legokiokeen zenbatekoa kalkulatuko da, aurreko artikuluan ezarritako kopuruen gehieneko zenbatekoari helduta.
2.– Urteko deialdi honetako diru-dotazioa aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera hasieran kalkulatutako zenbatekoei erantzuteko adinakoa bada, laguntzak zenbateko horren arabera emango dira.
3.– Kontrako kasuan, diru-laguntzak emango zaizkie honako baremo honen arabera puntuaziorik handienak lortu dituzten eskariei:
a) Natura 2000 Sareko eremuetan azalerak dituzten udalerrietan dauden ustiategiak, 15 puntu.
b) Belardia ez den laborantza bakar batek SAUaren % 80 baino gehiago osatzen duen herrialde batean kokatutako ustiapena, 15 puntu.
c) Mugaketa naturalak edo bestelako mugaketa espezifikoak dituzten udalerrietan kokatutako ustiapena, 15 puntu.
d) Gainerako ustiapenak, 5 puntu.
Puntu berdinak izatekotan, lehentasuna emango zaie Natura 2000 Sareko inguruan lurrak dituzten udalerrietako eskaerei. Gainerako eskaeretan eskuragarri dagoen gainerako zenbatekoa puntuazio bera duten eskaeren artean hainbanatuko da.
7. artikulua.– Diru-laguntzak, eskaerak eta dokumentazioa kudeatzea.
1.– Arabako Foru Aldundiak izango du Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko ardura, eta, horretarako, egoki den hitzarmena sinatuko da. Diru-laguntza hori kudeatzeko, Agindu honetan edo Hitzarmenean berariaz ez aurreikusitako kontuei dagokienez, Arabako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluaren ekainaren 21eko 46/2016 Foru Dekretua aplikatuko da, hala dagokionean. Dekretu horren bitartez, nekazaritza eta ingurumeneko eta klimako diru-laguntzen oinarri arautzaileak onartzen dira, Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020 Programaren zein 2016rako laguntza mota horretako deialdiaren esparruan.
2.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzei heltzeko eskaerak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta, Arabako Foru Aldundiak horretarako ezarri duen ereduarekin bat, Nekazaritzako Eskualde Bulegoetan, edo Herri Administrazioen eta Prozedura Administratibo Erkidearen Araubide Juridikoaren Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetan.
3.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurrekoa gorabehera, diru-laguntza kudeatzen duen organoak aintzat hartu ahal izango ditu, bai eta balioa eman ere, aldez aurretik xede horrekin aurkeztu diren diru-laguntza eskaerei.
4.– Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da eskaerarekin batera:
a) Hartutako konpromisoak betetzeari eta haiek egiaztatzeko kontrolei baiezkoa emateari buruzko deklarazio arduratsua.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, hau guztia adierazteko: eskaeran jasotako informazioa egiazkoa dela; bestelako administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso izana; diru-laguntzak itzultzeko ordainketak ordainduta izatea; itzultzeko prozedura baten edo zigortzeko prozedura baten eraginpean ez izatea edo prozedura hori amaiturik izatea akreditatzea; pertsona edo erakunde eskatzaileak diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzea galarazten dion administrazio edo zigor arloko zigorrik edo hartarako desgaitzen duen legezko debekurik ez duela akreditatzea; eta aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla.
c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ordainduta daudela akreditatzeari dagokionez, diru-laguntzaren eskaera aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena emango du organo kudeatzaileak egoera horien akreditazioa zuzenenean jaso dezan, ziurtagiri telematiko bidez. Aurrekoa gorabehera, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.
8. artikulua.– Izapidetzea.
1.– Arabako Foru Aldundiak akatsen bat edo zehaztasunik eza ohartzen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta hark 10 eguneko epea izango du hori konpontzeko. Epea igaro bada eta adierazitako akatsa zuzendu ez bada, aurretik egindako eskaera ukatzeko ebazpen bat emango da.
2.– Diru-laguntza hori eskatzen dutenek fakturak, garraio-agiriak edo hartutako konpromisoekin lotutako bestelako dokumentazioa gorde eta Arabako Foru Aldundiaren eskura jarri beharko dute.
3.– Egin beharreko kontrolak eta egiaztapenak eginda eta 7. artikuluak aipatzen duen beharrezko dokumentazioa jasota, erakunde kudeatzaileak ebazpen-proposamena egingo du. Proposamen hori ikusita, egokitzat jotzen diren egiaztapenak egin eta gero, Nekazaritza Zuzendaritzak ebazpena egingo du hilabeteko epean, Arabako Foru Aldundiak ebazpen-proposamena jasotzen duenetik.
4.– Aurreko atalean ezarritako epean berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan xedatutakoaren arabera (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen idazketa kontuan izanda).
5.– Diru-laguntzak urtea amaitu aurretik ordainduko dira.
6.– Laguntzei buruzko ebazpena interesdunei banan-banan jakinarazi behar bazaie ere, Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Sailburuordetzaren titularraren ebazpenaren bidez, nekazaritza arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan (www.euskadi.net) argitaratuko da dekretu honen babespean esleitutako diru-laguntzak eskuratu dituztenen zerrenda, esleitutako zenbatekoak adierazita, publikotasunaren ondorioetarako.
9. artikulua.– Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.
1.– Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek bete egin behar dituzte betebehar hauek: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan aurreikusitakoak; eta, edonola ere, honako hauek:
a) Diru-laguntza ematea zilegi egiten duen egoeran izatea edo jarduera egitea, eta diru-laguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea diru-laguntza emateko betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta bai jarduera burutu dela ere.
b) Baliteke Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak edo Europar Batasuneko organo eskudunek informaziorik eskatzea agindu honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta, eta, beraz, informazio hori eman egin beharko zaie, eta horrez gain, egiaztatze-jarduerei –administratiboei zein bertatik bertarakoei– men egin.
c) Diru-laguntza ematen duen erakundeari, bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik xede berarekin jasotako diru-laguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea, bai eta diru-laguntza ematean kontuan hartutako gorabehera objektibo edo subjektiboetan izandako aldaketen berri ere.
d) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza emateari buruzko jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epean onuradunak diru-laguntzari esanbidez eta idatziz uko egiten ez badio, pentsatuko da diru-laguntza onartu duela.
e) Emakumeenganako eta gizonenganako tratua berdina izatea esparru guztietan, kanpoko zein barrukoetan.
2.– Bermatu egingo da agindu hau aplikatzetik sortuko diren administrazio publikoekiko harremanetan –idatzietan zein ahozkoetan– pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea, baita aukeratzen duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea izango dutela ere.
10. artikulua.– Baldintzak aldatzea eta ez-betetzeak.
1.– Laguntzak emateko eta ordaintzeko kontuan hartu diren baldintzen aldaketa orok eragin dezake diru-laguntzak emateko ebazpena aldatzea, betiere agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak errespetatuta, eta, hala bada, beste diru-laguntza batzuk jasota gehieneko zenbatekoa gainditzen bada; betiere diru-laguntzako arauan horren onuradun izateko ezarri diren gutxieneko betekizunak errespetatzen badira. Esandakoaren ondorioetarako, organo kudeatzaile eskudunak aldaketa-ebazpena emango du, eta, haren bitartez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.
2.– Onuradunek ez badituzte agindu honetako betekizunak betetzen, edo azaroaren 17ko Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean aurreikusitako kasuetan, jasotako dirua itzuli egin beharko dute osorik edo zati bat, dagozkien berandutze-interesekin batera. Hori guztia, hauetan xedatutakoarekin bat: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraren aurka interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 28a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
ERANSKINA
NEKAZARITZA-PRODUKZIO JASANGARRIKO TEKNIKEN BIDEZKO LABORANTZA ESTENTSIBOAREN DIBERTSIFIKAZIORAKO NEKAZARITZA ETA INGURUMENEKO BALDINTZAK
1.– Nahitaezko baldintzak.
a) Hitzartutako ereintza-azalera osoa mantentzea.
Hitzartutako azalera % 20 gehienez handitu ahal izango da urtero. Azalera horren urteko gehikuntza aurrekontuak onartzen badu ordainduko da.
Konpromiso-aldi osoan, gehienez, % 20ko gutxitzea onartuko da, hitzartutako gehieneko azalerari dagokionez, ikuspegi agronomikotik laborantza-errotazioentzat (eta, ondorioz, nekazaritza eta ingurumenekoentzat) beharrezkoak diren gorabeheretara egokitzeko.
b) Jardunaldi batera bertaratzea urtean behin, konpromiso-aldiak iraun bitartean (Konpromiso nagusia).
c) Ustiapen-koadernoa eguneratuta izatea, fitosanitarioei, ongarriketari eta ureztatzeari buruzko jasotako aholkularitza teknikoarekin bat eginez (Konpromiso nagusia).
d) Zuzendaritza teknikoa (Konpromiso baztertzailea):
● Ustiapenak teknikari arduradun baten zerbitzuak izan behar ditu. Haren funtzioak izango dira: laborantzen garapena aholkatzea, zuzentzea eta kontrolatzea, ingurumen-jasangarritasuneko irizpideen arabera. Nekazariak, berriz, teknikariaren adierazpenak ezartzeko konpromisoa hartu beharko du.
e) Zorua desinfektatzea (Konpromiso baztertzailea):
● Debekatuta dago tratamendu kimikoak erabiltzea zorua desinfektatzeko, teknikoki justifikatutako ezohiko kasuak ez badira.
f) Ongarriketa:
Zoruaren azterketa fisiko eta kimikoa erabiliko da makroelikagaien beharra kalkulatzeko oinarri gisa, nitrogenorako izan ezik. Zoruaren azterketa fisiko eta kimikoa egiteko lau urteko aldizkakotasuna ezartzen da (Oinarrizko konpromisoa).
○ Araztegietako lohiz eratutako materialak ezin dira erabili (Konpromiso baztertzailea lursailari dagokionez).
○ Hiri-hondakin solidoak ezin dira zuzenean erabili (Konpromiso baztertzailea lursailari dagokionez).
○ 2., 3. eta 4. taldeetako laborantzetarako nitrogeno-ekarpenen gehieneko kopurua 180 UFN / ha izango da eremu ez kalteberetan eta 155 UFN / ha eremu kalteberetan (Oinarrizko konpromisoa).
g) Ureztatzea (Oinarrizko konpromisoa):
● Ureztatzeko uraren kalitatea aztertzeko ezaugarriak izan behar dira, horren erabilerari buruzko erabaki bat hartzeko.
● Ureztatzeko uraren azterketa fisiko eta kimiko bat izan behar da, eta, gutxienez, bi urtean behin egin behar da baimendutako laborategi batean. Lur azpiko ur-bilketa propioen kasuan, aldizkakotasun handiagoa justifikatu ahal izango da, betiere 5 urtetik gorakoa ez bada.
● Ur-erabileraren eraginkortasun handia eta ur-baliabideen optimizazioa bermatzen duten ureztatze-teknikak erabili behar dira, ur-galerak saihesteko. Horretarako, hauek egingo dira gutxienez:
● Ureztatze-instalazioak behin berrikustea konpromiso-aldian.
● Hitzartutako ustiapenetako lursailen baldintzetara egokitutako ur-balantzea xedatzea.
● Ureztatzeak eta ur-balantzea idaztea landa-koadernoan.
h) Aurreko laborantzak eta errotazioak (Konpromiso baztertzailea lursailari dagokionez, bigarren mailakoa ustiapenari dagokionez):
● Laborantzen errotazioa hiru urtean behin. Diru-laguntza eskatzen den laborantza guztiei aplikatuko zaie nahitaez, eta uneren batean diru-laguntza eskatzen den lursail guztietan betetzen dela kontrolatuko da.
i) Berdean lurperatzeko laborantza (Konpromiso baztertzailea):
– Laborantza onargarriak: Lekadunak edo kruziferoak.
– Lurperatu beharreko azalera: Kontratatutako gehieneko azalera. Laborantzak azaleraren % 75 estali behar du azalera onar dadin.
– Finkak: Ustiategiko edozein. Ezin da berdean lurperatu aurretik lekadunak edo kruziferoak dituzten lursailetan.
– Datak: Ereintza edozein unetan egin daiteke.
Azaroaren 1etik aurrera lurperatuta. Lurperatzearen aurreko jakinarazpena (gutxienez, hiru aste). Edonola ere, laborantza hazi-fasera iritsi baino lehen lurperatu beharko da.
j) Laborantza-hondakinak lurperatzea (Konpromiso baztertzailea):
● Zoruan hostoak eta uzta-hondakinak gehitzea, eta artzaintza edo lursaila kentzea saihestea.
2.– Aparteko konpromisoak.
Aurreko konpromisoez gain, nekazariek honako aparteko konpromiso hauek sinatu ahal izango dituzte:
a) Azukre-erremolatxaren sustraiko lurraren gehiengoa kentzen duen makina espezifikoen kargaren erabilera (Konpromiso nagusia).
Hitzartutako azaleran egin beharko da. Garbiketa bidezko karga-sistemak uztatik independenteak izango dira, eta garbiketako sistema mekanikoak izango dituzte.
Gutxienez, kanpaina bakoitzean hitzartutako lursailetan bildutako erremolatxen % 80 kargatuko da.
b) Laborantza-errotazioa urte batez luzatzea (Konpromiso baztertzailea lursailari dagokionez, bigarren mailakoa ustiapenari dagokionez).
Laborantza-errotazioa urte batez luzatzea (3 urtetik 4 urtera). Diru-laguntza eskatu den laborantza guztiei aplikatuko zaie nahitaez (indaba-alekoari izan ezik) eta uneren batean diru-laguntza eskatu den lursail guztietan betetzen dela kontrolatuko da, onuraduna alde batera utzita.