EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2016175

EBAZPENA, 2016ko abuztuaren 31koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, laneko segurtasun eta osasunaren arloko ikerketa proiektuetarako laguntzen deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2016-08-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201603928
Maila: Ebazpena
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak (aurrerantzean Osalan) laneko segurtasun eta osasunaren arloko ikerketa lana bultzatzea du bere eskumenen artean. Osalan sortzeko abenduaren 21eko 7/1993 Legean laneko segurtasun, higiene eta osasunaren aurrezaintza eta sustapen helburuak betetzeko beharrezko egitekoak ezartzen dira, eta, besteak beste, laneko segurtasun eta osasun arloan ikerketa programak landu, bultzatu eta garatzea proposatzen da.
Deialdi honen lehentasunezko arloak laneko segurtasun eta osasuneko 2015-2020 euskal estrategiaren esparruan daude eta helburu hau dute: laneko segurtasun eta osasunaren arloko gai batzuetan ikerketa proiektuak egitera bultzatzea, horien emaitza lan-jardunean aplikatu ahal izateko, laneko arriskuei aurrea hartze eta langileen osasuna hobetze aldera; gainera, ikerketa taldeak finkatuaz, eta talde berriak sortuaz, horrekin laneko segurtasun eta osasunaren eremuan ikerketa aurreratzeko eta garatzeko.
Halaber, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 20. artikuluan ezartzen denaren arabera, jorratzen diren gaietan genero ikuspegia txertatzeari balioa emateko esleipen irizpide bat erantsi da.
Bestalde, Osalan, Europako beste herrialde batzuetako zenbait erakunde eta antolakunderekin batera, Saf€era taldearen kide da, hau da, izen bereko ERA-NET amaitu ondoren sortu zen Europako taldearen kide, eta talde horrek segurtasun industrialaren eremuko ikerketa koordinatzea du helburu. Proiektu horietan Saf€erak onartzen dituen ikerketa proiektuetan parte hartzen duten Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako erakundeei dagokien zatia laguntzen du diruz Osalanek.
Osalanen elkarlan eginbideari aurre egiteko, baldintzak betetzen dituzten eta 2016ko deialdian Saf€erak onartzen dituen proiektuak finantzatzeko erabiliko da laguntza horren aurrekontuaren zati bat.
Printzipio horien ildotik, eta gastu kreditua gaitzea oinarri hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriaz,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta eremua.
1.– Ebazpen honen xedea 2016 urtean zehar garatzen hasten diren laneko segurtasun eta osasun eremuko ikerketa proiektuei diru laguntzak emateko bidea eta horretarako deialdia arautzea da, objektibotasunaren, konkurrentzia lehiakorraren eta publizitatearen printzipioen arabera, modalitate bitan:
a) Gomendiozko modalitatea, hau da, Osalanek ebazpen honen I. eranskinean zerrendatzen diren ikerketa gaiak proposatzen edo gomendatzen dituena. Modalitate hau aukeratu dezakete:
1) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden antolakunde publiko edo pribatuek, unibertsitateek, ikerketa zentroek, zientzia elkarteek, administrazio publikoek, prebentzio zerbitzuek eta bestek.
2) Euskal Autonomia Erkidegoan lanean diharduten profesionalek, laneko arriskuen prebentzioa ikertzen ibilbide luzea egiaztatzen badute eta hartarako gutxieneko antolakuntza badute, bai baliabide materialei bai giza baliabideei dagokienez.
b) Saf€era modalitatea, 2016ko Saf€era deialdian eskaera aurkeztu duten Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako erakundeetarako; aurtengoaren gaia hau da: «Gaitasun profesionalen garapena eta esperientziatik ikastea».
2. artikulua.– Eskatzaileak.
1.– Gomendiozko ikerketa proiektuetarako laguntza ikertzaile nagusiak lan egiten duen erakundeak eskatu ahal izango du ebazpen honen 1. artikuluko a) modalitateko 1 puntuan jasotzen den kasuan, edo ikertzaile nagusiak berak eskatu ahal izango du, modalitate bereko 2. puntuko kasuan.
2.– Saf€era esparrukoan, 1. artikuluko b) modalitatean jasotzen diren erakundeek eskatu ahalko dute ikerketa proiektuetarako laguntza.
3.– Erakunde edo pertsona eskatzaileek ez dute jaso behar izan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea lekarkeen zehapen administratibo edo penalik, eta ez dute egon behar hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean, hala nola sexu bereizkeriagatik ezgaituta.
3. artikulua.– Gomendiozko ikerketa proiektuetan parte hartzen duen ikertzaile nagusiaren, gainerako taldearen eta pertsonal bekadunaren betekizunak.
1.– Deialdi honetara aurkezten den ikertzaile nagusiak baldintza hauek beteko ditu:
a) Eskaera bakarrean agertu ahalko da ikertzaile nagusi gisa.
b) Ezin izango du parte hartu aldi berean Osalanen funtsekin finantzatutako ikerketa bitan baino gehiagotan.
2.– Ikerketa taldeko gainerako kideek:
a) Gehienez eskaera bitan hartu ahalko dute parte.
b) Ezin izango dute parte hartu aldi berean Osalanen funtsekin finantzatutako hiru ikerketatan baino gehiagotan.
3.– Pertsonal bekaduna:
Eskaeretan bekadun modura agertzen diren pertsonek deialdi honetan onartutako proiektu bakar batean hartu ahalko dute parte.
4. artikulua.– Kopurua eta iraupena.
1.– Deialdi honetarako dagoen laguntza programaren zenbatekoa guztira 750.000 euro da, 250.000 euro 2016rako ordainketa kreditu gisa, 250.000 euro 2017rako eginbide kreditu gisa eta 250.000 euro 2018rako eginbide kreditu gisa. Kostu ekonomiko hori honi egotziko zaio: 3113 programa, laneko segurtasuna eta osasuna, 01 zerbitzua, zuzendaritza orokorra, IV. kapituluaren barruan, eragiketa arruntetarako transferentzia eta diru laguntzak.
2.– Aurrekontuko 750.000 euroko kopurutik, 150.000 euro Saf€ran lankide izateko eginbideari aurre egiteko erabiliko da eta 600.000 euro gomendiozko ikerketa proiektuetarako.
3.– Gomendiozko ikerketa proiektuetarako laguntzen zenbatekoa, ebazpen honetan ezartzen den erregimenaren babesean emango dena, eskaeran aurkeztutako aurrekontuaren defizitaren ehuneko ehunera (% 100) heldu ahal izango da, baina ezin gaindituko du 80.000 euro proiektuko. SAf€ran txertatzen diren ikerketa proiektuetarako, proiektu bakoitzari iraupen urte bakoitzeko emango zaion laguntzak ez du gaindituko 50.000 euro.
4.– Antolakunde batean ez diharduten profesionalei ematen zaizkien laguntzen kasuan, ematen zaien diru laguntzaren zenbatekoak, ikertzailearentzako beka kontzeptuan pertsonalaren gastuetarako erabili ahal izango bada ere, ez du gaindituko horren % 85.
5.– Eskatzen den laguntza ematen zaien gomendiozko ikerketa proiektuak ebazpen honen I. eranskinean horietako bakoitzerako zehazten den epean edo denbora laburragoan burutu beharko dira. Inola ere ez dute urtebete bi gaindituko.
6.– Saf€ra barruko ikerketa proiektuak diruz laguntzeko dagoen kopurua gomendiozko ikerketa proiektuak diruz laguntzeko erabili ahalko da, baldin programa horretan parte hartzeko epea amaitu ondoren eskabiderik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutako proiektuetatik azkenean bat bera ere onartu ez bada. Era berean, gomendiozko ikerketa proiektuak diruz laguntzeko dagoen kopurua ez bada guztiz esleitzen Saf€ra proiektuetarako erabili ahalko da, hasiera batean jarritako aurrekontua iritsi ez bada proiektu horiei diru laguntza eman ahal izateko.
5. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Gomendiozko ikerketa proiektuetarako dauden laguntzak lehiaketa prozeduraren bidez emango dira. Horretarako, I. eranskineko gai bakoitzerako garaiz eta forman aurkezten diren eskaerak konparatuko dira, 11. artikuluan jarri diren esleipen eta kuantifikazio irizpideen arabera haiekin lehenespen hurrenkera bat ezartze aldera; horrela, balioespen handiena lortu dutenak lagunduko dira diruz, ebazpen honen 4. artikuluan horretarako jarri den aurrekontu kreditua agortu arte. Puntuazio handieneko proiektuak hautatuko dira (I. eranskineko gai bakoitzeko bat) lehentasun hurrenkerari jarraituta, zuzkidura ekonomikoa agortu arte, agortzen bada.
2.– Saf€rako batzordeak onartzen dituen ikerketa proiektuek automatikoki jasoko dute diru laguntza, dauden aurrekontu kontsignazioaren barruan. Safe€rako batzordeak egiten duen balioespenaren arabera haien lehenespen zerrenda bat egingo da, behar izanez gero.
3.– Ebazpen honetan jasotzen diren laguntzak emateko eta, kasua bada, laguntza horiek erakunde edo pertsona onuradunei ordaintzeko baldintza izango da edozein itzulketa edo zehapen prozedura amaitzea, baldin Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazio orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako gisa bereko laguntzen edo diruen esparruan hasi eta artean izapidean badago delako prozedura hori.
6. artikulua.– Gomendiozko ikerketa proiektuen egitura.
Gomendiozko ikerketa proiektuek ondoren zehazten diren atalak jorratu beharko dituzte, horietako bakoitzari garrantzi handiagoa edo txikiagoa emanaz proposatu den gaiaren zehaztapenaren arabera:
– Esku hartzearen zehaztapena.
– Euskal Autonomia Erkidegoko egoeraren diagnostikoa.
– Ebidentzia zientifikoaren berrikuspen sistematikoa.
– Laneko arriskuen prebentzioan, laneko segurtasun eta osasun politiketan, prebentziozko kudeaketan eta identifikatutako ikerketa arloetan jarduteko proposamenak.
– Proposamenen eragin sozial eta ekonomikoaren azterketa.
– Ondorioak.
7. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskaerak ebazpen honek eragina duenetik hilabeteko epean aurkeztuko dira.
2.– Erakunde eta pertsona interesdunek prozedura honetako izapide guztiak baliabide elektronikoak erabiliaz eskatu, ikusi eta egin behar dituzte. Honako hauek dira izapidetze elektronikoa arautzen dutenak: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, e-administraziorako plataforma teknologikoa –Platea– onartzen duena.
3.– Eskaerak baliabide elektronikoetatik aurkeztuko dira euskadi.eus egoitza elektronikoaren bitartez:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/ikerkuntza_lap/y22-izapide/eu
4.– Eskaera, eransten zaion dokumentazioarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza koofizialetako edozeinetan aurkez daiteke. Halaber, prozedura guztian zehar, erakunde edo pertsona eskatzaileak aukeratu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arauzkotzeko azaroaren 24ko Oinarrizko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den bezala.
5.– Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera, erakunde eta pertsona eskatzaileei jakinarazten zaie ematen dituzten datuak fitxategi batean sartuko direla diru laguntzen deialdi hau eta gaiarekin zerikusia duen beste edozein espediente administratibo kudeatzeko helburuz.
Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiei buruzko Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduan ezartzen da fitxategi horren araubidea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 235 zk., 2015eko abenduaren 10ean argitaratua. Osalanen Plangintza Zuzendariordetza da fitxategi honen arduraduna, eta haren aurrean egikaritu ahal izango dira ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak, horretarako hona joaz: Osalan, Plangintza Zuzendariordetza, Dinamitaren kalea z/g, 48903 Barakaldo (Bizkaia).
8. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea eta dokumentazioa aurkeztea.
1.– Erakunde eta pertsona eskatzaileek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak izan beharko dituzte. Diru-laguntza eskaera aurkeztuaz laguntza-eskatzaileak baimena ematen dio Osalani agiri horiek ziurtagiri telematikoen bidez zuzenean egiaztatzeko, Diru laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arautegia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan ezartzen den bezala; hala ere, onespen hori espres ukatu ahalko du, eta, hala eginez gero, ziurtagiri egokiak aurkeztu beharko ditu.
2.– Eskabideetan adierazi egingo da laguntza eskatu duen erakunde eta pertsona ikertzaileek espres baimena eman diezaioketela organo kudeatzaileari nortasun datuak eta erregistro ofizialetako datuak eskuratzeko edo egiaztatzeko, organo horrek laguntzak kudea ditzan, hargatik eragotzi gabe Herri Administrazioak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko duen ahalmena.
Nolanahi ere, eskatzaileak espres ukatu ahalko du onespena, eta, hala eginez gero, ziurtagiri egokiak aurkeztu beharko ditu, aurreko ataletan aurreikusitako moduan.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua aplikatuaz, eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez betebehar hauek egiaztatuko dira:
a) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako diru laguntzak, laguntzak, diru sarrerak edo bestelako baliabideak eskuratuz gero, eskaerarekin batera jakinaraztea.
b) Erakunde edo pertsona eskatzailea ez egotea laguntzak edo diru laguntzak eskuratzeko aukera galtzea dakarren zehapen administratibo edo penal baten pean edo ez egotea diru laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko ezgaitzen duen legezko debekuren batean pean, sexu bereizkeriagatik gertatu direnak barne.
c) Ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru laguntzen esparruan hasitako edozein itzulketa edo zehapen prozeduratan, artean izapidetzen nahiz amaituta.
Diru laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2.g) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriaz, eskatzaileak egunean egon behar du itzuli beharreko diru laguntzen ordainketan.
4.– Inprimaki elektroniko arautuaren bidez egindako eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
4.1.– Eskatzailea pertsona fisiko bat bada:
a) Errolda agiri eguneratua, data adierazten duena.
4.2.– Eskatzailea erakunde bat bada, legez eratuta egon beharko du eta legezko ordezkariak ordezkaritza ahal nahikoa justifikatu beharko du, hauek erantsiaz:
a) Erakundearen fundazio eskrituren eta estatutuen kopia eskanerrez egina edo, bestela, erregistro ziurtagiri ofiziala legez eratuta edo dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko. Erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko erregistro ofizial batean inskribatuta badago, organo kudeatzaileak ofizioz begiratuko ditu datuak.
b) Ordezkaritza ahal nahikoa egiaztatzeko notario bidez legitimatutako izenpea duen dokumentu publiko edo pribatuaren kopia eskanerrez egina. Erakunde ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatzen bada, ez da beharrezkoa ziurtagiriaren titularra den erakundearen izenean izapideak egiteko ordezkaritza ahal nahikoa duela egiaztatzea.
4.3.– Erakunde edo pertsona fisiko eskatzaileak langileak baditu bere mendean, prebentziozko antolakuntza agiria beteta (VI. eranskina). Kanpoko prebentzio zerbitzu batekin itunduak badaude espezialitate prebentibo hauetakoren bat edo denak, kanpoko prebentzio zerbitzuaren ziurtagiriaren kopia eskanerrez egina, itundutako prebentziozko espezialitateak eta balioaldia zehaztuko dituena.
4.4.– Proiektua egiteko beste erakunde batzuen lankidetza edo parte-hartzea beharrezkoa bada, haren lankidetzarako hitza ematen duen idazkia, erakundearen legezko ordezkariak izenpetua, erantsi beharko da (VIII. eranskina).
4.5.– Gomendiozko ikerketa proiektuaren oroitidazkia (II. eranskina), atal guztiak beteta. Saf€ra esparruko ikerketa proiektuetan nahikoa izango da proiektuaren titulua eta ikertzaile nagusi moduan ageri diren pertsonak adieraztea eta ikerketa proiektuaren laburpen bat egitea, lanen egitura orokorra eta helburuak lortzeko aplikatuko den metodologia orokorra azalduaz.
4.6.– Ikerketa taldea osatzen duen pertsona bakoitzaren curriculuma (IV. eranskina).
4.7.– Ikerketa proiektuaren aurrekontua (V. eranskina).
Ebazpen honetan aurreikusten diren diru laguntzak nahitaez proiektuarekin zerikusia eduki behar duten eta hura lortzeko ezinbestekoak izan behar duten gastuak, hura egiteko denboraren barruan eginak eta eskaerari erantsitako dokumentazioan behar bezala zehaztuak ordaintzera bideratuta egongo dira, beti ere Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29 eta 31 artikuluetan ezarritako arauak beteaz:
a) Proiektua egiteko gastuak, behar bezala justifikatuak, hau da:
1) Proiektua egiteko material suntsikorra, material bibliografikoa eta dokumentala erostea.
2) Material bibliografiko eta dokumentala.
3) Proiektua egiteko soilik erabiltzen diren aparatuen eta tresnen erosketa edo amortizazioa.
4) Kanpo zerbitzuak kontratatzea.
Proiektuan egin beharreko jarduerak gauzatzeko nahitaez erabiltzera behar diren aparatu eta tresnak amortizatzeko gastuek diru laguntza jaso dezakete. Amortizazio kostua onartzeko justifikatuta egon behar du amortizatutako elementuek proiektuaren izaera eta edukiarekin zuzeneko erlazioa dutela. Aparatuak eta tresnak beren bizialdi erabilgarri guztian erabiltzen ez badira ikerketa proiekturako, proiektuaren iraupenari dagozkion amortizazio kostuek baino ezin izango dute jaso diru laguntza, kontabilitate araudi nazional publiko eta pribatuaren arabera kalkulatuta.
Ezinbestekoa izango da, gastu hau finantzatzeko, amortizazio kostu horiek zehazteko jarraitu den kalkulu prozedura proiektuaren oroitidazkian xehetasunez azaltzea, eta argi esplikatuta geratu beharko da amortizazio gastu modura proiektuari egozten zaiona. Laguntza eskaeran urte bakoitzean dagokion amortizazio kuota edo, aparatuak eta tresnak leasingaren bidez erosten badira, leasingaren kuoten kopurua baino ezin izango da egotzi.
Amortizazio gastuak justifikatzeko ondasunaren titulartasun eskritura aurkeztu beharko da, edo erosketa faktura eta ordainketa justifikatzeko dagokion agiria.
Amortizazioaren kalkulua:
(Tresnaren erosketa prezioa x Amortizazioaren ehunekoa / 365 egun) x Proiektuan tresna erabili den aldia
Finantza errentamenduaren kasuan, hileko kuotaren zati proportzionalak jaso ahal izango du diru laguntza, baina finantza kostuak baztertuta. Kasu honetan kontratuaren kopia aurkeztu beharko da, amortizazio koadroa eta ordainketa agiriak barne.
Proiektua egiteko behar-beharrezkoak diren kanpoko zerbitzuen kontratazioa. Kontrataturiko zerbitzuak eta horietako bakoitzaren kostua xehetasunez eman beharko da fakturan.
Ekoizpen jarduera soilari lotutako aparatu eta tresnak baztertuta daude.
b) Pertsonal gastuak:
1) Erakunde onuradunaren pertsonal propioaren gastuak, baina proiektuari emandako ordu kopurua eta orduon kostua egiaztatu beharko da.
2) Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean berariaz proiektua egiteko kontrataturiko pertsonalaren ordainsariak. Kasu honetan, pertsona edo erakunde eskatzaileak egiaztatu egin beharko du pertsonala berariaz proiekturako kontratatu dela eta horren premia justifikatu beharko du proiektuaren oroitidazkian, eta gainera dagokion kontratua erantsi beharko du.
c) Bestelako gastuak:
1) Esate baterako, bidaiak, ikertzaile taldeak egiten dituen bierak, bilera zientifikoetara joatea eta abar, beti ere proiektuarekin zerikusi zuzena badute.
Proiektuen aurrekontuak diru laguntze merezi duten planaren atalak edo urteko ekintzak jaso beharko ditu.
Erabilera soilik administratiboko material higigarria erosteari dagozkion gastuak ezin izango dira sartu.
Inola ere ez da diru laguntzarik emango azkenik jasan ez den BEZagatik edo diru laguntzaren onuraduna den pertsonak edo erakundeak beste bide batetik berreskuratu dezakeen BEZagatik.
9. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Osalanek akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat ikusten badu aurkeztu den eskabidean, edo ebazpen honen 8. artikuluan zehaztutako agiriren bat falta bada, erakunde edo pertsona eskatzaileari jakinaraziko dio bide telematikoaren bidez, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren V. tituluan xedatutakoaren arabera, eta hamar asteguneko epea emango, akatsa zuzentzeko; halaber, jakinaraziko dio, agindutakoa bete ezean, eskabidea bertan behera utzi duela esan nahiko duela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriaz.
10. artikulua.– Diru laguntzak kudeatzeko ardura duen organoa.
Osalanen Plangintza Zuzendariordetzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzen kudeaketa lanak egitea.
11. artikulua.– Gomendiozko ikerketa proiektuei laguntzak esleitzeko irizpideak.
Esleitzen diren laguntzek deialdi honen I. eranskinean gai bakoitzerako ematen diren zehaztapenak bete behar dituzte.
Balioespena irizpide eta haztapen hauen arabera egingo da (gehienez 100 punturaino):
a) Proiektuaren kalitate zientifiko-teknikoa eta metodologia gehienez 50 punturaino balioetsiko da. Atal honetan gutxienez 25 puntu lortu behar dira.
b) Talde ikertzailearen esperientzia 20 punturaino balioetsiko da.
c) Proposamenaren bideragarritasuna, aurreikusitako jarduerak betetzeko ikerketa taldeak duen gaitasuna kontuan hartuta, gehienez 15 punturaino balioetsiko da.
d) Aurreikusitako finantza baliabideak proiektuaren helburuak betetzeko egokiak diren 10 punturaino balioetsiko da gehienez.
e) Genero ikuspegia ikerketa proiektuaren diseinuan txertatzea gehienez 5 punturaino balioetsiko da.
Dagokion irizpide bakoitzaren ebaluazioa egiteko, irizpide bakoitzerako ebaluazio fitxan jasotzen diren zehaztapenetako bakoitzari erantzun eta kalifikazioa emango zaio (IX. eranskina).
Laguntzen esleipen prozesuaren edozein unetan, esleipena ebatzi aurretik, balioespen batzordeak proiektuaren edukiaz argibideak emateko eskatu ahal izango du.
12. artikulua.– Balioespen batzordea.
1.– Osalani dagokio ebazpen honetan aurreikusten diren laguntzen kudeaketa lanak egitea.
2.– Aurkezten diren eskaerak aztertu eta ebaluatzeko, pertsona hauek osatuko duten balioespen batzorde bat eratuko da:
Batzordeburua:
Juan Carlos Coto Fernández, Osalaneko Plangintza zuzendariordea.
Batzordekideak:
Francisco Javier Inda Ortiz de Zarate, Osalaneko zuzendariorde teknikoa.
María Nieves de la Peña Loroño, Osalanen Bizkaiko lurralde zentroko laneko arriskuen prebentzio teknikaria.
Arantza Lijó Bilbao, Osalanen Bizkaiko lurralde zentroko laneko osasun unitateko medikua.
Lourdes Iscar Reina, Osalanen Plangintza Zuzendariordetzako laneko osasun unitateko medikua.
Carlos Fernández Díez, Osalanen Zuzendariordetza Teknikoko laneko arriskuen prebentzio teknikaria.
José Antonio Biain Santiago, Osalanen Plangintza Zuzendariordetzako laneko arriskuen prebentzio teknikaria.
Francisco Javier Calleja Quintana, Osalanen Zuzendariordetza Teknikoko prestakuntza- eta dokumentazio-kudeatzailea.
Hutsune, absentzia, gaixotasun edo legezko beste edozein kausa agitzen bada, batzordeburua batzordekideetatik hierarkian gorena denak, antzinatasun handienekoak edo adinekoenak ordezkatuko dute, hurrenkera horretan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 23.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera, Osalanen Plangintza Zuzendariordetzako laneko arriskuen prebentzio teknikariak beteko du balioespen batzordeko idazkari lana. Hutsune, absentzia edo gaixotasun kasuetan zuzendariorde teknikoa ez den beste batzordekide batek beteko du idazkari lana aldi baterako.
Balioespen batzordeak pertsonal adituaren lankidetza izan ahalko du proposatutako gomendiozko ikergaietan. Ikerketa proiektuaren diseinuan genero ikuspegia txertatu den esleipen irizpide gisa balioesteko, Osalanen berdintasun unitate administratiboaren parte-hartzea eskatuko da.
13. artikulua.– Eskaeren balioespena eta esleipen proposamenak.
1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako balioespen batzordeak aztertuko ditu eskabideak, ebazpen honen 11. artikuluan eta ebaluazio-fitxan irizpide bakoitzerako jasotako zehaztapenetan ezarritako irizpideen arabera (IX. eranskina), ebazpen honen I. eranskinean zehazten diren gaietako bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta.
2.– Eskaerak balioesteko prozesuan zehar, balioespen batzordeak, egoki baderitzo, erakunde edo pertsona eskatzaileei egoki deritzon dokumentazio osagarria aurkezteko eskatu ahalko die, eta erakunde edo pertsona eskatzaileei proiektuetan aldaketak egiteko iradoki ere egin ahalko die, proiektuok programa honen helburuekin hobeto uztartzea lortze aldera.
3.– Saf€rako batzordeak aukeratzen dituen ikerketa proiektuen eskabideek automatikoki jasoko dute diru laguntza, dauden aurrekontu kontsignazioaren barruan.
4.– Balioespen batzordeak Osalanen zuzendari nagusiari helaraziko dio proposamena, proposamenak arrazoitua izan beharko du eta puntuazio konkretu bakoitza emateko jarraitu den prozesu logikoa azalduta beharko du izan. Osalanen zuzendari nagusiak eskatu den laguntza ebazpen bidez esleitu edo ukatuko du. Ebazpen hori eta horren aldaketak alde interesdunei jakinaraziko zaizkie eta ondoren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Jakinarazpenak bide elektronikoetatik egingo dira, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera.
5.– Gomendiozko ikerketa proiektuak betetzeko gehieneko epea urte bikoa izango da luzeenera jota, ebazpen honen I. eranskinean haietako bakoitzerako zehaztu denaren arabera. Saf€rak balioetsi eta onartzen dituenetarako, emateko baldintzen arabera ezarritakoa izango da, baina inola ere ezin izango da izan hiru urte baino luzeagoa. Kasu bietan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian esleipen ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunetik hasiko da epea zenbatzen.
6.– Laguntza onartutzat joko da, laguntza ematearen jakinarazpena jasotzen den egunetik 15 eguneko epean kontrakoa espres deklaratzen ez bada.
7.– Aurreko artikuluan zehaztutako esleipen ebazpenak administrazio bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Osalanen zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraituaz; bestela, badago administrazioarekiko auzi errekurtsoa zuzenean aurkeztea Bilboko Administrazioarekiko Auzietarako dagokion epaitegian, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituaz.
8.– Ebazpen honen babesean aurkezten diren eskaerei buruzko ebazpen espresa jaulki eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da beronen eragin egunetik zenbatzen hasita. Epe hori ebazpen espresik jaulki eta jakinarazi gabe igarotzen bada, eskaerak ezetsitzat jo ahal izango dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritako ondorioetarako, baina hala ere administrazioak espres ebatzi beharra izaten jarraituko du.
14. artikulua.– Gomendiozko ikerketa proiektuen jarraipena eta aldatzeko proposamena.
1.– Osalaneko pertsonalak ebazpen honetan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko behar den aldizkako jarraipen lana egingo du, bai eta proiektua lortzeko egiten ari diren ekintzak eta egindakoak egiaztatuko ere. Ildo horretan, erakunde eta pertsona onuradunak behartuta egongo dira Osalanek, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dien informazioa ematera.
2.– Esleitutako gomendiozko ikerketa proiektuaren iraupen aldiaren erdia betetakoan, jarraipen oroitidazki zientifiko bata (III. eranskina) bidali beharko da, zertzelada hauek xehetasunez azaltzeko: egunera arte lortutako helburu konkretuak zein diren, lan planaren aldean proiektuaren uneko egoera zein den eta proiektua amaitu arte garatzeke dauden zertzeladen zerrenda.
3.– Erakunde eta pertsona esleipendunek nire kudeaketen bitartez eskatu beharko dute, euskal administrazioen atariko egoitza elektronikoan, eskaeran islatu ziren datu eta gorabeheren gerora etorritako aldaketen berri, proiektuari dagozkionak: aurrekontu partidaren baten aldaketa, edo azken txostena aurkezteko epearen aldaketa. Azken kasu honetan, proiektua amaitu baino lehen jakinarazi beharko da. Osalanen zuzendari nagusiak ebatziko du eskatutako aldaketa. Jakinarazpen hau alde interesdunei bide elektronikoetatik jakinaraziko zaizkie, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera.
15. artikulua.– Diru laguntzaren ordainketa.
Diru laguntza onartzeko izapideak bete ostean, ordainketa aurreratu bat egingo da, ikerketa lana burutzeko jarduerak egiten hasteko beharrezko finantzaketa gisa. Gehienez urtebete iraungo duten proiektuen kasuan, ordainketa aurreratua emandako diru laguntzaren % 50 izango da onartutako laguntzaren gainerakoa, ikerlana esleipen ebazpenean ezarritako baldintzetan eta eran gauzatu eta gero ordainduko da, eta, betiere, 2017ko ekitaldian burutuko da. Ikerketa proiektuak urtebetea gainditzen badu, diru laguntzaren ordainketa aurreratua emandako laguntzaren kopuruaren % 40ra helduko da, bigarren ordainketa % 30ekoa izango da 2017ko ekitaldian gauzatuko den jarraipen oroitidazki zientifikoa aurkeztutakoan eta emandako laguntzaren gainerako kantitatea 2018an gauzatuko da ematearen ebazpenean ezarritako baldintzetan eta forman egin ondoren ikerlana, hau da, 2018an.
Kasu bietan, azken epea ordaindu ondoren, gehienez 20 eguneko epean aurkeztu beharko da dokumentazioa hau, gauzatzeko ezarri den aldia amaitutakoan:
a) Burutu diren ekintzak justifikatzeko oroitidazki zientifikoa. Oroitidazki horretan, egin diren jarduerak eta lortu diren helburuak deskribatuko dira, gomendiozko ikerlanean aurreikusitako egutegiaren arabera, ikerlanaren emaitza diren produktuak erantsita (datu baseak, programa informatikoak, argitalpenak, txostenak).
b) Gomendiozko ikerketaren oroitidazki zientifikoaren laburpena, VII. eranskinaren ereduari jarraituta, gehienez 30 orrialdekoa, Osalanek bere web orriaren bidez zabalduko duena.
c) Oroitidazki ekonomikoa, gastuen justifikagiriak aurkeztuta, fakturen bidez edo onartutako gomendiozko ikerlanaren aurrekontuan islatutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duen ordainketa agirien bidez. Fakturetan kontzeptu finantzagarri guztiak atalka eta bereizita agertu beharko dira. Horretarako fakturen edo agirien gastu egunak ezin izango dira izan gomendiozko ikerketa proiektua gauzatu eta aurkezteko ezarritako egunak baino geroagokoak. Helburu bererako beste laguntza edo sarrera batzuk jasoz gero ere sartu egin beharko dira, laguntza osagarri hauetan kasu bakoitzean BEZa diruz laguntzekoa den ala ez adierazita.
16. artikulua.– Eskubideak eta eginbeharrak.
1.– Onuradunak eskubidea izango du nahi dituen argitalpen, aurkezpen eta komunikazioak egiteko, betiere Osalan erakundeak proiektua diruz lagundu duela aipatzen badu.
2.– Ikertzaile taldeak txostenaren emaitzen zabalkunde aktiboa ere egin ahalko du, lantegiaren, mintegiaren edo saio klinikoaren eran, laneko segurtasun eta osasunaren eremuaren barruan inplikatuta dagoen pertsonalaren artean, Osalan proiektua diruz lagundu duen erakundea dela aipatuz gero.
3.– Argitalpen, liburuxka edo agiri guztietan, oro har, berariaz aipatu beharko da Osalanek diruz lagundu izana, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan jasotako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Araudian xedatutakoa eta Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan azken aldaketak sartzen dituen Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2013ko uztailaren 2ko Ebazpenean xedatutakoa beteaz (2013ko uztailaren 31ko EHAA, 145. zk.).
4.– Erakunde edo pertsona onuradunek Osalani doan baina modu ez-esklusiboan lagako diote aurkeztutako agirietan jasotako informazio teknikoa eta grafikoa erabiltzeko eskubidea, informazio hori erabil dezan eta bere informazio sistemetan sar ditzan, bai eta edozein baliabide eta formatu bibliografiko, ikus-entzunezko, informatikotan nahiz teknikaren erabilerak aukera ematen duenetan zabaltzeko eta/edo argitaratzeko, betiere egile-eskubideak errespetatuz arloari buruz indarrean dauden lege xedapenak erregularizatuaz, argituaz eta harmonizatuaz jabetza intelektualaren legearen testu bateratua onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren baldintzetan.
5.– Azterlan eta argitalpenek genero ikuspegia erantsiko dute, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.
6.– Ikerketa proiektua amaitutakoan, diru laguntza esleitu zaion erakundeak edo pertsonak lanen emaitzak aurkeztuko ditu Osalanen egoitzan eta jendaurrean aurkeztuko ditu erabakitzen den lekuan.
7.– Ikerketaren emaitzen zabalkunderik handiena lortze aldera, Osalanen funtsekin finantzatutako proiektuak artikulu moduan argitaratuz gero, sarbide irekia duten aldizkarietan edo argitaratzetik urtebetera sarbidea irekitzen duten aldizkarietan argitaratzea gomendatzen da. Hala ere, ahozko nahiz idatzitako aurkezpen orotan Osalanen finantzaketa aipatu beharko da.
17. artikulua.– Elkargarritasuna beste diru laguntzekin edo bestelako laguntzekin.
1.– Ebazpen honetan arautzen diren laguntzak elkargarriak dira helburu eta xede berarekin administrazio edo erakunde honek edo beste batzuek, publiko nahiz pribatuek, ematen dituztenekin, baina erakunde onuradunak behartuta daude diru laguntza horiek lortu dituztela Osalani esatera.
2.– Emandako laguntzen eta diru laguntzen kopurua ezin izango du inola ere gainditu egindako jardueraren kostu guztiaren % 100, jarduera bererako beste diru laguntza batzuekin edo finantzatutako ekintzan bertan lortutako diru sarrerekin batuta.
18. artikulua.– Laguntza emateko ebazpenaren aldaketa.
1.– Laguntza ematerakoan kontuan hartu ziren baldintzak aldatuz gero, betiere haren xedea bete dela iritzita, eta, kasua bada, administrazio honek, beste administrazio publiko batek edo beste erakunde publiko nahiz pribatuek helburu bererako beste diru-laguntzarik edo bestelako laguntzarik emanez gero, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta erakunde onuraduna izateko ebazpen honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Ondorio hauetarako, Osalanen zuzendari nagusiak behar den aldaketa ebazpena jaulkiko du, eta bertan birdoitu egingo dira emandako diru laguntzen zenbatekoak, eta erakunde onuradunek soberan jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dituzte, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozeduraren arabera.
2.– Finantzatutako jardueraren balantze ekonomikoa, jardueraren gastu eta sarrera guztiak kontuan hartuta, aurrekontua baino apalagoa bada, diru laguntza benetan sortutako gastuari egokituko zaio proportzioan.
19. artikulua.– Erakunde edo pertsona onuradunen beste eginbehar batzuk.
Orokorrean, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 legegintzako dekretuaren 50.2 artikuluan jasotako eginbeharrak kasuan bete beharrekoak badira beteta, erakunde eta pertsona onuradunek bermatu egin beharko dute konpromisozko bermeen bidez diru laguntzak zeri aplikatuko zaizkion eta zertarako erabiliko diren, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Erakunde eta pertsona onuradunek Diru laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13 eta 14. artikuluetan ezarritako betekizun eta eginbeharrak bete beharko dituzte.
20. artikulua.– Ez betetzeak eta erantzukizunak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean egonez gero diru laguntzaren onuraduna den erakundea, edo ebazpen honetan eta aplika daitezkeen arauetan eta diru laguntza emateko ebazpenean ezarritako arauak bete ezean, Osalanen zuzendari nagusiak ebazpen bat jaulkiko du, eta ebazpen horren bidez deklaratuko du ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoak eta diru-laguntza ordaintzen denetik aurrera sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiola, dagozkion gainerako akzioei kalterik egin gabe, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorrita. Kantitate horiek sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako, eta erantzukizun araubidea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan eta Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 52. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa izango da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honetan berariaz aurreikusten ez den guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arautegia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako arauak aplikatuko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, berraztertze errekurtsoa aurkez dakioke Osalanen zuzendari nagusiari hilabeteko epean, edo, bestela, Administrazioarekiko auzi errekurtsoa Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean; bi kasuetan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko da epea zenbatzen, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3. eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen hau indarrean egongo da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Barakaldo, 2016ko abuztuaren 31.
OSALANeko zuzendari nagusia,
IZASKUN URIEN AZPITARTE.