EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2016175

AGINDUA, 2016ko ekainaren 13koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, «Fundación Centros Tecnológicos Iñaki Goenaga» fundazioaren desegitea onartzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-06-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201603925
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2016ko maiatzaren 19an, Herri Administrazio eta Justizia Sailera eskabide bat iritsi zen, non eskatzen baitzen «Fundación Centros Tecnológicos Iñaki Goenaga» fundazioaren iraungitzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Espedientean jasotako dokumentazioa erantsi zitzaion eskabide-idazkiari.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioa eratzeko espedientea hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan, eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena.– Espedienteari, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta beraz, bete dira honako xedapen hauetan ezarritako baldintzak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legeko 34. artikuluan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 46. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 35. artikuluan, eta Fundazioaren estatutuetan.
Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zamudioko (Bizkaia) «Fundación Centros Tecnológicos Iñaki Goenaga» fundazioa iraungitzeko erabakia berrestea, baita bertako Patronatuak 2016ko martxoaren 15eko bileran erabakitako fundazio-likidazioaren ondoriozko likidaoaren norakoa ere.
Bigarrena.– Fundazioa azkentzeko erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
Hirugarrena.– Fundazioaren iraungipenak fundazioaren ohiko jarduerak amaitzen ditu, eta likidazio-eragiketak hasten ditu, aurretik onartutako programari jarraituz. Fundazioaren Patronatuak garatu beharko ditu likidazio-eragiketa horiek, Babeslaritzaren kontrolpean. Horretarako, Fundazioaren Patronatuak aktibo- edo likidazio-eragiketa bakoitzaren berri emango dio Babeslaritzari.
Laugarrena.– Fundazioak likidazio-aldian dagoen bitartean nortasun juridikoari eutsiko dio eta bere izenari «likidazio-aldian» adierazpena erantsi beharko dio.
Bosgarrena.– Likidazio-eragiketak amaitu ondoren, fundazioaren Patronatuak likidazio-eskritura eman beharko du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzara bidali, onartua izateko.
Seigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 13a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.