EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2016174

EBAZPENA, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, Asociación de Ikastolas del País Vasco / Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko enpresen lan-hitzarmen kolektiboa erregistratu, argitaratu eta gordailutzen duena.

Xedapenaren data: 2016-07-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201603911
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Negoziazio-batzordeko ordezkariak 2016ko ekainaren 7an aurkeztu zuen REGCON erregistroan aipatutako hitzarmenari buruzko dokumentazioa.
Bigarrena.– Hitzarmen hori 2016ko apirilaren 25ean sinatu zuen negoziazio-batzordeak.
Hirugarrena.– Aipatutako hitzarmenaren sinatzaileek izendatu dute gordailutze-, erregistratze- eta argitaratze-izapideez arduratuko den pertsona.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 90.2 artikuluan aurreikusitako eskumena (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua; 2015-10-24ko BOE), bat etorriz Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 19/2013 Dekretuaren 11.1.i)artikuluarekin (2013-04-24ko EHAA), hauei dagokienez: urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretua (2011-02-15eko EHAA) eta Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak erregistratu eta gordailatzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua (2010-06-12ko EHAA).
Bigarrena.– Sinatutako akordioak Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85., 87., 88., 89 eta 90 artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Akordioa Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailatzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.– Akordioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 14a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
JOSÉ JAVIER LOSANTOS OMAR.
EUSKAL HERRIKO IKASTOLEN ELKARTEKO ENPRESEN LAN-HITZARMENA
1. KAPITULUA
EREMUAK ETA HITZARMENAREN IRAUPENA
1. artikulua.– Eremu funtzionala.
Hitzarmen hau Euskal Herriko Ikastolak (EHI) Europar Kooperatiba Elkartea eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresetako, «egun» IKE, BIGEF, BIE, Ibilaldia, GIE, GIGEF, KMK, AIF, Araba Euskaraz, Ikasbabesa, lan-harremanak arautuko ditu, bai hitzarmen honek berak, bai luzatutako batek, edota berrikusitako batek ere.
2. artikulua.– Lurralde eremua.
Hitzarmen hau Euskal Autonomi Erkidegoaren gaur egungo lurralde-eremuko egoitzetan aurreko artikuluan aipaturiko elkarteetako langileei aplikatuko zaie, eta jardute-eremua Euskal Herriko lurraldera hedatu ahalko da.
3. artikulua.– Langile eremua.
Hitzarmen hau EHIko nahiz aurrez aipatu Ikastolen Taldeko beste enpresa batean lan egiten duten eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera besteen kontura ari diren langile guztiei ezarriko zaie.
Hitzarmen honetatik kanpo geratzen dira Legearen (Langileen Estatutuaren) 1 eta 2 artikuluetan aipatzen diren langileak.
4. artikulua.– Iraupen eremua.
Hitzarmena izenpetzen den eguna gorabeheraz at, 2016ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean eta 2017ko abenduaren 31 arte iraungo du. Dena den, denboraldi hori berariaz, aldi baterako eta bake-obligazioaz libraturik luzatutzat joko da, --zati arautzaileari nahiz betebeharrenari dagokienez– Hitzarmen berria indarrean sartzen den arte.
Hitzarmen hau urtetik urtera luzatuko da 2017ko abenduaren 31tik aurrera, baldin eta alderdi ordezkarietako batek ez badu berariaz Hitzarmena salatzen, Hitzarmenaren indar aldia edo horren luzapenaren aldia bukatu baino bi hilabete lehenago, gutxienez.
Hitzarmena aipatu moduan eta denboraren barruan salatuz gero hitzarmena edo horren luzapena bukatu baino gutxienez hilabete lehenago hitzarmena berritzeko elkarrizketei hasiera emango zaie.
Hala ere, Hitzarmena 2 hilabete lehenago berariaz bertan behera utzi ez arren, indarraldia bukatu baino 45 egun lehenago gutxienez, ordainketa eta dedikazio baldintzak berriz aztertzeko elkarrizketak egingo dira, hurrengo urteko urtarrilaren 1etik indarra izan dezaten.
5. artikulua.– Hitzarmen kolektiboaren inaplikazioa eta prozedurak desadostasunak konpontzeko klausula.
Lan Hitzarmena aplikatzeko marko arautzailea izatearen xedez sortzen da. Hori dela eta, sinatzaileek, bertako edukia ez betetzearen aukera ezohiko eta aldibaterako mekanismo bat dela ulertzen dute, eta egoera ekonomiko larriei bakarrik erantzun ahal izatearen beharrak justifikatua, beti ere ordezkaritza sindikalarekin adostu ondoren.
Indarreko legedian zehazten den 15 eguneko kontsulta-aldian aldekadostasunik lortzen ez badute, Laneko Gatazkak ebazteko Borondatezko Prozedurei buruzko Lanbide Arteko Akordioan (Preco II) finkatutako prozeduren arabera ebatziko dute auzia.
Desadostasunak ebazteko finkaturik dauden instantzien aurrean arbitraje-prozeduraren bidez konpondu ahal izateko, aldeen arteko adostasuna beharko da nahitaez.
2. KAPITULUA
BITARIKO BATZORDEA
6. artikulua.– Eraketa eta funtzioak.
Alde izenpetzaileen artean Hitzarmeneko Bitariko Batzorde bat sortuko da. Egiteko hauek izango ditu: Hitzarmen honen testua interpretatzea, bi alderdietako batek eskatuz gero.
1.– Hitzarmen hau interpretatu edo aplikatzerakoan sortutako arazo kolektibo oro ezagutzea, auziak konpontzeko borondatezko prozedurei buruzko konfederazioen arteko akordioetan - Preco II - agindutakoaren arabera.
2.– Hitzarmen honetatik sortutako arazo indibidualetan kontziliazio eta arbitraia-lanak egitea, alderdiren batek hala eskatuz gero.
3.– Hitzarmenaren aplikazioz ondorioztatu daitekeen beste edozer.
4.– Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean ohiko araudiari lotutako edukietan eragina izan lezaketen gaietan legediaren aldaketarik emango balitz, halaber Hitzarmen Kolektibo honetan adostutako edozein gaietan aldaketarik eragingo lukeenik, aldeek Enpresa Hitzarmen hau egoera berrira egokitzeko xedez elkartuko dira.
7.– Artikulua.– Jarduera.
1.– Hitzarmeneko Bitariko Batzordearen jarduera. Hitzarmeneko batzorde parekidea hitzarmen hau izenpetzen den unean eratuko da. Batzordea, gutxienez titularren aldeko hiru kidez, eta alde sozialeko beste hiru kidez osatuko da, denak Hitzarmenaren izenpetzaile direla. Batzordearen eraketaren akta Hitzarmenaren eranskin bezala erantsiko da, lehendakaria, idazkaria eta egoitza adieraziko direlarik.
2.– Hautatuko diren batzordekideak arituko dira lehendakari eta idazkari lanetan.
3.– Batzordearen bileretarako deialdia lehendakariak egingo du, edo honen ezean hitzarmena sinatu duten alderdietatik edozeinek. 3.1. artikuluak aipaturiko funtzioen araberako Gatazka Kolektibo ala Banakako eskaeren aurrean beharrezkoa izango da deialdia egitea. Eskaera idatziz aurkeztu beharko da aipatutako egoitzan.
4.– Batzordea balioz aritu dadin, derrigorrezkoa izango da alderdi bakoitzeko bina kide biltzea gutxienez. Akordioek balioa izan dezaten, bestalde, alde bien erabateko gehiengoaz hartu beharko dira. Idazkaria arduratuko da akordioen berri emateaz.
5.– Hitzarmena interpretatu edo aplikatzerakoan sor daitezkeen arazo kolektiboen gaiez batzordeak har ditzakeen akordioek, hitzarmenak dituen ondorio berak edukiko dituzte eta, erregistratu eta argitaratzeko igorriko dira.
8. artikulua.– Batzordeak erabaki gabeko arazoak edo gaiak ebaztea.
Hilabete bat pasa ondoren Bitariko Batzordeari dagozkion egitekoen barruan dagoen eskaerari ez badio erantzuten edo erabakirik hartzen, Precon jasotako bitartekaritza eskatuko du, alderdietatik edozeinek.
Kasu horietan, hitzarmen honen eraginpean dauden alderdiek Precon aurreikusitako arbitraiara jo dezakete, baldin eta batzordeak ebatzi gabeko arazo kolektibo edo gaiaren eraginpean dagoen beste alderdiak gehiengoz onartzen badu.
Hitzarmeneko Bitariko Batzordeak, kontziliazio, bitartekaritza edo arbitraia-lana egiteko aurkezten zaizkion arazo indibidualak, hilabeteko epea iraganda, ebatzi gabe uzten baditu, alderdietako edozeinek Preco II delakoaren esparruan sor daitezkeen kontziliazio edo arbitraia bideen bitartez bideratu ahal izango ditu, aurreko lerroaldean adierazitako modu berberean.
3. KAPITULUA
SAILKAPEN PROFESIONALAK
9. artikulua.– Taldeak.
Hitzarmen honen aplikazio eremuan dauden langileak, lanen arabera sailkatuta, hauek dira:
● Zuzendariak:
○ Zuzendaria A
○ Zuzendaria B
○ Zuzendaria C
● Koordinatzaileak:
○ Koordinatzaile A
○ Koordinatzaile B
● Teknikariak:
○ Teknikari sortzailea
○ Teknikaria
○ Teknikari garatzailea
● Laguntzaileak:
○ Laguntzailea A
○ Laguntzailea B
Zehaztutako talde profesionalak adierazi baino ez dira egin eta ez dago denak bete beharrik EHIren eta bertako enpresen jardueraren beharrak eskatzen ez badute.
10. artikulua.– Talde profesionalen definizioak.
Talde profesionalei dagozkien definizioak Lan hitzarmen honetako 1. Eranskinean datoz.
11. artikulua.– Lanbide Sustapena.
EHI eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresetako langileen lanbide-sustapena, barne promozioa bultzatuko da. Horretarako, EHI eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresetako langileek lehentasuna izango dute bertan eta hutsik gelditzen diren lanpostuak betetzeko, beheragoko mailako lanak egin arren, lanpostua betetzeko beharrezko gaitasuna eta, hala badagokio, titulazioa baldin badute.
Hortaz, lanegun osoa betetzen ez duten langileek lehentasuna izango dute enpresan eta hutsik gelditzen diren egun osoko lanpostuetarako, beti ere, beharrezko gaitasuna baldin badute.
4. KAPITULUA
LANGILEEN KONTRATAZIOA ETA ENPLEGUAREN EGONKORTASUNA
12. artikulua.– Langileen kontratazio prozedura orokorra.
EHIko zein Ikastolen Taldeko beste enpresatako langileen kontratazioa kapitulu honetan araututako prozeduren bidez beteko dira, zuzenbideari lotuak izango dira eta ondorengo irizpideak jarraituko ditu:
a) Meritu eta gaitasun printzipioak eta ikastolen proiektuarekiko dituzten ezagutza eta konpromisoa ere.
b) Araudiari lotutakoa izango da, EHIren aurrekontuari, eta EHIko Zuzendaritza Taldeak aurkeztutako pertsonal beharrizanen araberakoa eta Artezkaritza Kontseiluak erabakitakoa.
c) Meritu frogak diseinatu, egin bideratu, baloratu eta kalifikatzeaz Kontratazio Batzordea arduratuko da.
d) Aukeraketa meritu lehiaketa ala oposizio lehiaketa bidezkoa izango da, kasu bakoitzean erabakitzen denaren arabera.
e) Izangaien gaitasuna baloratzeko hautaketa enpresa baten aholkularitza zerbitzua erabili ahal izango da.
13. artikulua.– Kontratazio motak.
EHIn zein Ikastolen Taldeko beste enpresatako pertsonala kontratatzeari dagokionez, hiru kasu desberdin daude:
1.– Elkartearen helburuak betetzeko beharrezkoak diren Kooperatibako zuzendaritzako kideak edo antzeko pertsonalaren kontratazioak.
2.– Izaera iraunkorrarekin (gutxienez 6 hilabeteko iraupena eta lanaldiaren % 50 baino handiagoa duten kontratuak) pertsona berriak kontratatzeko dauden beharrei erantzuteko egindakoak.
3.– Behin behineko pertsonalaren kontratazioak edota bigarren atalean aipatutako denboraldia baino laburragoetarako egindakoak.
14. artikulua.– Izaera iraunkorreko pertsonal berriaren kontratazioa.
a) Bai EHIk zein Ikastolen Taldeko beste enpresak ere, izaera iraunkorrarekin (gutxienez 6 hilabeteko iraupena eta lanaldiaren % 50 baino handiagoa duten kontratuak) langile berriak kontratatu behar dituztenean, kontratazio proposamenak Zuzendaritza Taldeak aztertuko ditu, ondorengo aldagaiak kontuan hartuz:
● Kontratatu behar den pertsonak beteko duen lanpostuak dituen ezaugarrien deskribapena, txosten ekonomiko batekin eta lan hori egiteko ezinbestekoak diren betebeharrekin.
● Lanpostu hori, kasuan kasu, Merkataritza Elkarteko edo EHIko gainerako pertsonek betetzeko dagoen ezintasunaren justifikazioa.
● Kontratazio beharra eragin duen arrazoia, behar hori egiturakoa ala abagunekoa den adieraziz.
● Hauekin guztiekin batera, beharreko pertsonalgoaren eginkizunak eta profila bilduko ditu.
b) EHIren Zuzendaritza Taldeak kontratazio eskaeraren berri emango dio Artezkaritza Batzordeari eta honek kontratazioaren bidezkotasunaz dagokion erabakia hartuko du:
Kontratazioaren bidezkotasunari buruzko erabakiak, kasu guztietan ere, kontrataziorako deialdiak izaera, murriztua ala irekia, izango duen adierazi beharko du eta baita hautagaiek egiaztatu beharko dituzten betebeharrak eta kontuan hartuko diren merituak nahiz ekarri beharko dituzten egiaztagiriak ere.
c) Lanpostu berri bat betetzerakoan, aurrerago azalduko diren salbuespen kasuetarako salbu, EHI eta ikastoletako langileek lehentasuna izango dute lanpostua betetzeko beharrezko gaitasuna eta, hala badagokio, prestakuntza egokia baldin badute.
Aldi berean, lanaldi osoa betetzen ez duten EHI eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresetako langileek lehentasuna izango dute hutsik gelditzen diren egun osoko lanpostuetarako, beti ere beharrezko gaitasuna eta, hala badagokio, prestakuntza egokia baldin badute.
Deialdi irekia, ondorengo zerbait gertatutakoan bakarrik erabiliko da:
● Hautaketa prozesura inor aurkezten ez denean, edo
● Prozesu horretara aurkeztutakoen artean Kontratazio Batzordearen iritziz egokia den izangairik ez dagoenean.
● Eta salbuespen kasuetan, lanposturako eskatzen den kualifikazioaren edo prestakuntza profesionalaren arabera.
d) Deskribatutako edozein sistemaren bidez hautaketa prozesua egiten hasi ondoren, atal honetako kontratazioak egiteko, Kontratazio Batzordea bilduko da hautagaien egokitasuna lanpostuarekiko baloratzeko, aurkeztutako agiriak ebaluatzeko eta ondorengo erabakiak hartuko ditu:
● Hautagaien gaitasuna baloratzeko hautaketa enpresa baten aholkularitza zerbitzua erabiltzea.
● Prozesuan izangaiei elkarrizketa egitea sartzea.
● Hautagaien gaitasun eta merituei buruzko argibide osagarria eskatzea.
e) Hautaketa egiteko irizpideak Batzordeak zehaztuko ditu hautaketa aldi bakoitzean eta beti ere kontuan hartuko dira hautagaien meritu eta gaitasun printzipioak eta baita berek ikastolen proiektuarekiko dituzten ezagutza eta konpromisoa ere.
Prozedura horri jarraituz, Kontratazio Batzordeak proposamen bat landuko du, proposamen horri buruz EHIren Artezkaritza Kontseiluak dagokion erabakia hartuko duelarik.
15. artikulua.– Iraupen gutxiagoko kontratazio beharrak.
Zuzendaritza Taldeak egingo du lanpostua bete behar duen pertsonaren hautaketa. Kontratazio guztien berri aurretiaz EHIko Artezkaritza Kontseiluko Lehendakariari emango zaio eta Artezkaritza Kontseiluari bere ohiko bileretan, ala, kasua emango balitz, erabaki horren ordezkaritza lagatzen dion taldeari, beti ere kontratazio hauen berri langile ordezkariei emanez.
16.– Artikulua.– Kontratazio Batzordea.
1.– Langileen kontratazio prozedura orokorrari jarraituz, Kontratazio Batzordea meritu frogak diseinatu, egin, bideratu, baloratu eta kalifikatzeaz arduratuko da.
2.– Halako kasuetarako Kontratazio Batzordearen osaketa gutxienez pertsona hauek osatuko dute: Artezkaritza Kontseiluko lehendakariak edo berak izendatutako ordezkariak, Artezkaritza Kontseiluko beste kide batek, Zuzendaritza Taldeko kide batek eta langileen ordezkari batek. Era berean, lanpostuaren profilaren eta berezitasunaren arabera, Kontratazio Batzordearen osaketa egokitu ahalko da.
3.– Halaber, Kontratazio Batzordeak EHIren Barne Araudiaren eta hitzarmen honen edukia betetzen direla bermatuko du.
4.– Prozedura horri jarraituz, Kontratazio Batzordeak proposamen bat landuko du, proposamen horri buruz EHIren Artezkaritza Kontseiluak dagokion erabakia hartuko duelarik.
17. artikulua.– Iraupen jakineko lan kontratuak.
Lan-kontratua mugagabekotzat jotzen da. Hala ere, iraupen jakinekoak ere egin ahal izango dira:
● EHIren nahiz Ikastolen Taldeko beste enpresen ohiko jarduerez kanpoko zerbitzu zehatzetarako.
● Lanpostua gordetzeko eskubidea duten langileak ordezkatu behar direnean.
● Jarraitasunik gabeko zerbitzutako lanpostuak aurreikusten direnean.
Kasu hauetan, lan-kontratuan berariaz adierazi beharko da atal honen aplikatzearen ondoriozko kontratuaren aldi-baterakortasun arrazoia.
Kontratua, mota edozeinezkoa izanik ere, enpresa hitzarmen honetako idatz zati guztietan araututako orori lotu beharko zaio.
18. artikulua.– Lan kontratuaren kopiak.
Lan-kontratuak, mota edozein dela ere, idatziz eta hiru kopiatan egin beharko dira, alderdiek ale bana edukitzeaz gain, hirugarren alea erakunde agintedunak eta oinarrizko kopia sindikatuen ordezkariek jasoko dutelarik.
Lan-kontratuari, langileak EHIko Estatutuak betetzeko konpromisoa hartzen duela adieraziko duen, hitzarkin bat erants dakioke.
19. artikulua.– Aldi-baterako Lanetarako Enpresak.
Enpresetako ordezkari izenpetzaileek Aldi-baterako Lanetarako Enpresen bidez langileak ez kontratatzeko hitza ematen dute.
20. artikulua.– Probaldia.
Behin-betiko eta behin behineko kontratuetan hiru hilabeteko frogaldia ezarri ahal izango da. Aldi-bateko ezintasuna ez da kontuan hartuko xede honetarako.
Finko gisa kontratatu ez diren langileei, finko izatera iritsiz gero, lan egindako egunak kontutan hartuko dizkiete bai probaldirako eta bai EHIko antzinakotasunerako ere, baldin eta kontratuen arteko etenaldia 20 lanegunekoa baino zabalagoa ez bada.
21. artikulua.– Lanpostu-uzteak.
Lana bere borondatez utzi nahi duen langileak ezinbestekoa izango du enpresari 15 egun lehenago jakinaraztea.
Langileak epe horretan bere asmoa ez badu jakinarazten, atzeratutako egun bakoitzeko kitapenetik egun baten lansaria kentzeko eskubidea izango du enpresak. Kentze honek jakinarazte epearen egun kopurua izango du gehienezko muga bezala.
Enpresak jakinarazpena behar den garaian eta moduan jasotzen badu, lan-harremana bukatutakoan dagokion kitapena ordaindu beharko dio langileari. Hala egiten ez bada, langileak kitapenaren ordainketan atzeratutako egun bakoitzeko egun baten lansaria jasotzeko eskubidea izango du. Jasotze honek jakinarazte epearen egun kopurua izango du gehienezko muga bezala.
Langile batek lan-harremana bere borondatez amaitu duela eta bere langile-eskubideak bete direla adierazten duen agiria bi laneguneko epean izango da langile-ordezkarien eskura.
22. artikulua.– Enpleguaren egonkortasuna.
Enpresa Hitzarmen honen izenpetzaileek EHI eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresetako langile guztien lanpostuak ziurtatzeko helburua lehenesten dute, eta aurreikusirik hurbileko etorkizunean EHI eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresetan eman daitezkeen enplegu beharrak, Batzorde Parekidean enpleguaren egonkortasuna bermatzeko bideak aztertzeko konpromisoa hartzen dute.
Bide horien artean Ikastolen Elkarteko ikastoletan ondorengo urteetan sortuko diren lanpostuak betetzeko EHIn eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresetan soberakin izendatutako langileek izan dezaketen birkokatzeko aukera landuko da, beti ere aipatu lanpostu horietarako behar diren profil profesionala eta titulazioa ezinbesteko baldintza direlarik.
Enpresa hitzarmen honen izenpetzaileak lanpostu mantentzeko bide hau EAEko ikastoletako lan hitzarmenera eramateko konpromisoa hartzen dute.
5. KAPITULUA
LANALDIA ETA OPORRAK
23. artikulua.– Lanaldia.
Urteko lanaldia 1700 ordutakoa izango da. Ikastolen jarduera bereziki kontuan izanez, EHI eta OKUetako egitasmo desberdinen ezaugarrietara egokituz, irailaren 1etik uztailaren 31ra arte ikastolekiko harremanak ziurtatuko dira egun horietan guztietan, dagokion komunikazio-prozeduraz (telefono eta harrera zerbitzuak,...).
24. artikulua.– Lanaldiaren banaketa.
Lanaldiaren 1700 orduen banaketa, urteko lan-egutegian gauzatuko da, eta lan egutegiko egiteko oinarrizko irizpideak eta irizpideen aplikaziorako jarraibideak Funtzionamendurako Jarraibide Araudian jasoko dira.
25. artikulua.– Oporrak.
Hitzarmen honen eraginpean dauden langile guztiek, lanean emandako urtebete bakoitzeko, ordaindutako 30 eguneko jarraiko oporraldia izango dute udan, abuztuko hilabetean, lanak horrela ahalbideratzen badu.
6. KAPITULUA
GAIXOTASUNAK, HAURDUNALDIA ETA BAIMENAK
26. artikulua.– Gaixoaldia.
Gaixotasun edo istripuren bat dela-eta langileak ezin baditu bere egitekoak behar bezala bete, behar beste denbora izango du erabat sendatu arte eta, baimen horrek irauten duen bitartean, lanean egonez gero jasoko lukeen soldataren % 100 osatzeko beharrezko osagarria ordainduko zaio.
Oporraldiak baino lehen aldiko ezintasuna egoera duten eta oporraldi egunetan bajan egon diren langileei, ez zaie egun horiek oporraldikoak bezala kontatuko eta sendagilearen altaren jarraian hartzeko eskubidea izango dute
27. artikulua.– Haurdunaldia.
Haurdunaldia dela eta, laneko ezintasun iragankorrean dagoen emakumeari ohiko soldataren % 100 osatzeko beharrezko osagarria ordainduko zaio.
28. artikulua.– Baimenak.
Langileak, dagokion unean, honako arrazoi hauengatik izango du lizentziak eta baimenak hartzeko eskubidea, beti ere aldez aurretik horren berri eman eta egiaztatzen badu.
Atal honetan jasotakoari dagokionez, bikotekidea esaten denean, ezkondu gabeko bikoteak sartzen dira, beti ere bizikidetasun-egiaztagiria aurkezten badute.
28.1.– Ordainduriko lizentziak.
a) Haurdunaldiagatiko lizentzia eta aldi baterako ezintasuna.
1.– Langileak haurdunaldi eta erditzeagatik dagokion lizentzia izango du. Nolanahi ere, ezin izango dio uko egin lizentzialdiari. Erditu aurretik eta ondoren hartutako lizentziek, gehienez ere, 16 aste orokor eta 2 asteko lizentzia osagarria (16 + 2) iraungo dute guztira.
2.– Edoskitze-aldiko lizentzia.
Halaber, edoskitze-aldian (bederatzi hilabete), langileak ordubeteko geldialdia egiteko eskubidea izango du seme-alaba bakoitzeko bere lanean. Bi zatitan banatu ahal izango du geldialdi hori edo, nahi izanez gero, horren ordez, bere laneguna ordubetez murriztu umeari edoskitzeko.
Eskubide horretaz baliatu beharrean, hiru asteko lizentzia har daiteke seme-alaba bakoitzeko, aurreko lizentzialdiaren jarraian.
Ugaltzaldiko lizentzia hau; ordubeteko geldialdia edo lizentziaren bateratzea aitortzen den hitzarmenik balego, bikote kide batek har lezake, biek lan egiten duten kasuan.
3.– Lizentzia hori gaixotasun edo istripuarengatiko lizentziaren antzera eskatu, egiaztatu eta emango da.
4.– Jarraian aipatzen diren epe guztien batura (16 astebeteko lizentzia, oporraldiko bi aste eta ugaltzaldiko hiru aste) udako oporraldiarekin bat etorriz gero (30 egun), langileak aipatu epean galdutako opor egun guztiak disfrutatuko ditu. Gainontzeko atsedenaldi guztiak, Gabonetakoak zein Aste Santukoak, ohiko urteko lanaldian xurgaturik geldituko dira.
5.– Erditze anitza gertatuz gero, lizentzia bi astetan luzatuko da seme-alaba bakoitzeko. Ama hilko balitz bikoteak umea zaintzeko 16 + 2 asteko lizentzia izango luke.
Biek lan egiten duten kasuetan, lizentziaren azken hamar asteren erabilera bana dezakete, elkarrekin hartuz edo txandakatuz. Langile Estatutuaren 48.–4 artikuluak aipatu moduan eta baldintzetan.
6.– Jaioberriak ospitalean jarraitu behar badu- edo jaio eta 30 eguneko epean ospitaleratu beharra badago -, amatasun-lizentzia haurra ospitalean dagoen bestean luzatuko da, 13 astean gehienez ere, horixe baita gehieneko muga.
7.– Seme-alaba hilko balitz, etenaldiari eutsiko zaio, behin 6 asteko derrigorrezko atsedenaldia amaitu ostean, amak lanpostura berriz itzultzea eskatu ezean.
b) Adoptatzeagatiko/ Harreragatiko lizentzia.
Sei urtetik beherako ume bat edo gehiago eduki arren, elbarri edo gizartean eta familian txertatzeko arazo handiak dituen ume bat adoptatzeko edo hartzen bada, adoptatu aurretik zein betiko, 18 asteko lizentzia izango du; ume bat baino gehiago balitz ume bakoitzeko 2 aste gehiagoko lizentzia izango luke. Umeak duen egoera hori bestalde, gizarte-zerbitzuek egiaztatu beharko dute. Etenaldiaz gozatzeko eskubidea ebazpen administratibo edo judizialetik sortzen da, salbu eta adopzioa nazioartean egiten bada eta gurasoak adoptatuaren herrira joan behar badira. Kasu honetan ebazpen judizialaren eguna baino lau aste lehenago hasi ahal izango da etenaldia.
c) Gurasotasunagatiko lizentzia.
1.– Ume bat izan, hartu edo adoptatzeagatik, beste bikoteak hiru lanegun hartzeko lizentzia izango du, jaiotegun edo adoptatua iristen den egunaren ondorengo 15 eguneko epearen barruan. Lanegun horiek jarraian edo zatituta har ditzake. Zesarean erdituz gero, beste bi egun har ditzake, eta horiek ere ordainduko zaizkio. Kasu horietarako, nahikoa izango da aitatasuna edo amatasuna behar bezala frogatzea, ezkonduta egon ala ez.
2.– Beste bikoteak 13 egun jarraian har ditzake aurreko lizentzia bukatu eta amatasun lizentzia dirauen bitartean. Erditze anitza gertatuz gero, 2 egunez luzatuko litzateke lizentzia, bigarren seme-alabatik aurrera.
3.– Ondoz ondoko 20 egun, edozein dela ere, aplikatuko zaion legedia, jaiotza, adopzio edo harrera berria, familia ugarian denean eta, hori dela eta, familia ugaria bihurtu direnean, edo familian, aldez aurretik, % 33 edo maila handiagoko ezintasun bat duen norbait balego. Erditze, adopzio eta harrera anitzen kasuan 2 egun gehiago luzatuko da bigarrenetik hasita seme-alaba bakoitzeko.
d) Norberaren edo senideen ezkontzagatiko lizentzia.
Norberaren ezkontzagatik, langileak 20 eguneko lizentzia hartu ahal izango du ezkontzaren aurretik edo ondoren. Nahi izanez gero, beste 15 eguneko ordaindu gabeko baimenez luza dezake.
Bikotearekin elkarbizitza egonkor bati ekiten dion langileak ere edukiko du lizentziaren eta baimenaren eskubidea, honela egiaztatu ondoren:
● Elkarketa zibilen Udal Erregistroa balego, bertan erregistraturik dagoenaren egiaztagiria.
● Halako erregistrorik ez balego, Udalak eginiko elkarbizitzari buruzko egiaztagiria; horretaz gain, hastera doan elkarbizitzaren izaeraz zinpeko aitormena.
Guraso, neba-arreba, koinatu-koinata, eta seme-alaben ezkontzagatik, langileak egun bateko lizentzia izango du.
e) Senideen gaixotasun larri edo heriotzagatiko lizentzia.
1.– Arrazoi hauek direla medio, lizentziek iraupen hauek izan ditzakete:
a) Heriotzagatik:
Bikotekidea, seme-alaba edo, langilearekin biziz gero, honen ardurapean dagoen norbait bada: 5 lanegun. Azken kasu honetan, bizikidetzako frogagiriarekin egiaztatu behar da.
Guraso edo bikotekidearen guraso bada: 3 lanegun.
Neba-arreba, koinatu-koinata, suhi-errain, aiton-amona, bikotekidearen aiton-amona, iloba edo bikotekidearen iloba bada: 2 lanegun.
b) Gaixotasun larriagatik:
Bikotekidea, seme-alaba edo, langilearekin biziz gero, honen ardurapean dagoen norbait bada: 5 lanegun. Azken kasu honetan, bizikidetzako frogagiriarekin egiaztatu behar da.
Guraso edo ezkon gurasoa bada: 2 lanegun.
Neba-arreba, koinatu-koinata, suhi-errain, aiton-amona, ezkon aiton-amonak, iloba edo ezkon iloba bada: 2 lanegun.
Gaixotasun larriagatiko kasua egiaztatu egin beharko da.
Senideen gaixotasun larri edo heriotza dela eta, langileak 150 km baino gehiagoko bidaia egin behar badu, bina egun gehiago izango dituzte lizentziok.
Gaixotasun larriak bere horretan jarraituz gero, iraupen bereko beste lizentzia bat hartzeko eskubidea du, hori ere ordaindutakoa, aurrekoa amaitu eta 30 egun jarraitu iragan ondoren.
Gaixotasun larritzat, irizpide orokor gisa, ospitaleratzea eskatzen duena edo lekuan lekuko mediku zerbitzuek hala egiaztatzen dutena joko da. Iraupen bereko eta ordaindu gabeko baimen gehiago hartzeko eskubidea du, aurrekoa amaitu eta 30 egun jarraian pasa ondoren.
f) Medikuarengana joateko lizentziak.
Langileak medikuarengana ezinbestez lanorduetan joan behar badu, lizentzia behar den denborarako izango da.
Jaioaurreko azterketak egiteko eta erditzerako prestatzeko tekniketarako behar den denbora hartuko da, horiek lanorduetan egin behar badira.
Horretaz gain, 20 ordu emango dira seme-alaben mediku kontsultetara joateko edo langilearen ardurapean dauden eta euren kaxara moldatu ezin duten adineko pertsonak laguntzeko. Azken hau frogatu egin beharko da. Kasu guztietan egiaztagiria aurkeztu beharko da.
g) Ohiko bizilekuz aldatzeko lizentzia.
Ohiko bizilekua aldatzeko, egun bateko lizentzia izango da.
h) Ordaindutako 3 lan egunak.
Langile guztiek urtean, ordaindutako hiru lan egun har ditzakete beren gauzetarako. Egun horiek ezingo dira opor-egun eta Gabonetako eta Aste Santuko jaiegunei gehitu.
i) Utziezinezko eginbehar publiko zein pertsonalak betetzeko lizentzia.
1.– Utziezinezko eginbehar publiko zein pertsonalak betetzeko behar beste denbora hartzeko eskubidea dago, baldin eta eginkizun horiek ezin badira lanorduz kanpo bete.
2.– Hitzarmenaren ondorioetarako, hauek jotzen dira utziezinezko eginbehar publiko edo pertsonaltzat:
a) Nortasun agiria, gida-baimena, pasaportea eta erregistroetako eta organo ofizialetako egiaztagiriak egin edo berritzea.
b) Epaitegiek, polizia-etxeek edo beste erakunde ofizialek egindako deialdiak.
c) Zinegotzi, diputatu, Batzar Nagusietako kide edo legebiltzarkide kargua betetzea.
3.– Aurreko ataleko c) azpitaldean aipatutako egin-beharrak betetzeak berarekin hiru hilabetean % 20 baino gehiagotan lanik ez egitea badakar, EHIk eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresek behartutako eszedentziako egoerara alda lezake langilea.
Baldin eta langileak, aipatutako eginbehar eta karguak betetzeagatik kalte-ordain edo bestelako ordainketarik jasotzen badu, EHIk eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresetatik jaso beharko lukeen dirutik kenduko zaizkio zenbateko horiek.
j) Ahaideak bisitatzeko baimena.
Era berean, odolkidetasunezko 2.mailara arteko ahaideak bisitatzeko baimena emango da, ahaide horiek askatasuna kentzen duten zigorrak betetzen ari badira. Baimenak bisita egiteko beharrezko denbora iraungo du, bisita horiek laneko ordutegitik kanpo ezin badira egin.
k) Genero indarkeria.
Genero indarkeriarengatik langileen lanerako bertaratze faltak, osoak edo partzialak, justifikatutzat hartuko dira, beti ere, arretako edo osasuneko zerbitzu sozialek zehazturiko denborarengatik eta baldintzen arabera.
28.2.– Ordaindu gabeko baimenak.
a) Haurrak eta desgaitasun fisiko eta psikikoak dituzten pertsonak zaintzeko baimena.
12 urte baino gutxiagoko umeren bat, ordaindutako lanik egiten ez duen eta desgaitasun fisiko nahiz psikikoren bat edo bere kasa moldatu ezin duen adin nagusiko pertsona bat legez bere ardurapean duen langileak, eta ordaindutako jarduerarik betetzen ez duenean, eguneroko lanaldiaren zortziren bat gutxienez eta lanaldi erdia, gehienez, hartzeko eskubidea izango du. Soldata ere heineko berean murriztuko zaio. Baimen aldia amaitutakoan, ohiko laneguna izango du berriro. Aldi horretaz baliatuko den aldia eta ordutegia zehaztea langileari dagokio. Ohiko lanaldira itzuliko den eguna baino 15 egun lehenago jakinarazi beharko dio enpresari.
b) Urte baterako lanaldia murrizteko baimena:
EHIn eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresetan bost urte baino gehiago lanean eman dituen langile orok urte batez bere lanaldia murriztu ahal izango du, heren bat eta erdia bitartean, ordainsaria proportzio berdinean murriztuko zaiolarik. Baimen hau eskuratzeko eskaria 45 egun lehenago aurkeztu beharko du idatziz.
EHIko zuzendaritzak eskabide hauek izan litzaketen antolaketa ondorioak aztertu ondoren, eskaera datozen bi urtetan gauzatzeko proposamena luzatuko du.
Baimena aldeek akordioa sinatu ondoren emango da eta urte baterako egongo da indarrean.
Baimena amaitu ondoren langilea automatikoki aurreko egoerara itzuliko da eta ezingo du mota honetako beste baimen bat eskatu ahalik eta amaitu ondoren bost urte iragan bitartean. Epe honek salbuespenak izan litzake aldeen artean akordioak dauden kasuetan.
Lan murrizketa edo lanaren denboraren berrantolamendua genero indarkeriarengatik biktima diren langileentzat: langilearen gain eginiko indarkeriaren biktimak diren langileek, beren burua babesteko edota osoko laguntza soziala izateko eskubidea benetan eman dadin, lanaldia murrizteko eskubide izango dute ordain sarien gutxitze proportzionalarekin. Baita ere lanaldia berrantolatzeko, ordutegiaren egokitzapenaren bidez, ordutegi malguaren aplikazioaren edota lanaldia ordenatzeko beste era aplikagarri batzuen bidez, langileak enpresari komunikaturiko terminoen arabera.
c) Bestelako baimenak.
Urtean gehienez ordaindu gabeko 15 eguneko baimena eskatu ahal izango dute langileek txanda batean edo bitan banatzeko eta hamar egun lehenago eskatzen badu eta horrelako baimen-aldi batean langileen % 5 baino gehiago aldi berean ez badago, eman egin beharko zaie. Baimen horiek ezingo dira eskatu lan-karga handia duten garaietan. Egoera berezietan, epeak murriztu daitezke; horretarako, zuzendaritzaren baimena ezinbestekoa izango da.
d) Langile guztiek, urtean, hiruhilabeteko ordaindu gabeko baimena eska dezakete. Horretarako, baldintza hiru bete beharko dira:
● Nahi hori behar besteko denboraz jakinaraztea, ahal dela hiru hilabete lehenago.
● Langileen % 5 baino gehiago horrelako baimen batekin ez izatea.
● zuzendaritzaren baimena ezinbestekoa izango da.
7. KAPITULUA
LANSARIAK
29. artikulua.– Lansariak.
Hitzarmen honen ezarpen-eremuko dauden langileen ordainketak, oinarrizko lansari eta horren osagarriek osatuko dituzte, 2. Eranskinean jasotzen den moduan.
30. artikulua.– Lan sarien ordainketa.
Lansaria hilabetea bukatu eta hurrengo hilabeteko lehenengo bost egunetan ordainduko da, lanaldiaren barruan. Banku-transferentziaren bidez ordainduko da eta langileak adieraziko du zein erakundetan egin behar den diru-sarrera.
31. artikulua.– Goragoko lanbide mailan aritzea.
Langileren batek aldi-baterako berea baino goragoko lanbide-mailaz bateko egitekoak bete behar baditu, lan-maila berriari dagokion lansaria eta dedikazioaren arabera ordainduko zaio, egoera horretan dagoen bitartean.
32. artikulua.– Lansarien aurrerakina.
Burututako lanaren ordaina adostutako dataren aurretik jaso dezake langileak, horren beharra duela egiaztatzen badu eta hileko lansariaren % 100 baino gehiago ez bada.
33. artikulua.– Antzinatasunagatiko osagarria.
Hitzarmen hau izenpetzen den egunetik aurrera, antzinatasunagatiko osagarria hirurtekoa izango da.
Antzinatasunagatiko osagarritzat 2. Eranskinean jasotzen dena emango da hirurteko bakoitzeko. Hirurtekoa amaitu eta hurrengo hilabeteko lehenengo egunean izango ditu ondorioak hirurtekoak.
Hirurtekoen ordainketa osagarriak jasotzeko muga bakarra Langileen Estatutuak ezarritakoa izango da.
34. artikulua.– Aparteko lansariak.
Hitzarmen honen ezarpen-eremuan dauden langileek, hilabetea baino denbora tarte luzeagoko osagarri gisa, urtean bi lansari berezi – ohiko lansarien parekoak- jasoko dituzte ordainketa unean. Uztailaren 1a eta abenduaren 31a baino lehen ordainduko dira.
Lanpostua utzi edo lanpostuan hasitako langileari lehen esandako lansari bereziak zerbitzuan emandako denboraren arabera ordainduko zaizkio sei hilabeteka.
35. artikulua.– Joan-etorrietako gastuak eta dietak.
EHIk edota Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresek hala eskatuta langileak zerbitzuren bat egiteko bere kotxea erabili behar badu, egindako kilometro bakoitzeko, 0,32 euro ordainduko zaizkio, konpentsazio ekonomiko gisa. Bulegotik kanpo bazkaldu beharko balu langileari 12 euro ordainduko zaizkio. Prozedura hau EHIko Funtzionamendurako Jarraibide Araudian jasotzen den arabera gauzatuko da.
8. KAPITULUA
EGUNERATZE ETA HOBEKUNTZA IKASTAROAK
36. artikulua.– Prestakuntza.
Prestakuntza eremuan, bai langile bakoitzak gauzatzen duen zereginari zuzendutako eguneratzea ahalbidetzeko, baita EHI eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresetako beharkizun orokorrei lotzen zaion eguneraketa errazteko ere, urteko eta profesional bakoitzeko 20 ordu aurreikusiko da.
EHI eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresen interes berezia duen prestakuntzetan aipaturako ordu horiek gehitu daitezke.
Bestalde EHI eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresen interesekoak liratekeen ikerketa pertsonaleko lanetan (doktoretza-tesiak eta gisakoetan) laguntza bereziak (itzulpenak, argitalpenak...) luzatuko ditu EHIk.
Enpresak edo langileek, eta langileen kasuan EHIren kudeaketa-organoaren oniritzia izanez gero, hobekuntza ikastaroak proposa ditzakete. Horietan parte hartzeko langileek, behar beste denbora izango dute. Lansari osoa eta ikastaroaren gastuak ordainduko zaizkie, ikastaro gastutzat joan-etorri, egonaldi, otordu eta matrikularengatiko gastuak hartuko dira.
Kasu hauetan, lanaldia, gehienez ere, % 50 murriztea, baldin eta Artezkaritza Kontseiluak titulu hori kooperatibarentzat onuragarria dela uste badu.
37. artikulua.– Ikasketengatik baimena.
Langileak, titulu akademiko edo profesional bat lortzeko ikasketak egiten baditu, azterketak egiteko behar dituen adina baimen hartzeko eskubidea izango du eta honako baimen hauek emango zaizkie:
Aldez aurretik ikasketarako matrikula egina duela egiaztatzen badu eta azterketetara aurkeztu dela frogatzen badu, deialdi ofizialeko azterketetara joateko ordaindutako behar beste baimen. Azterketa bakoitzeko egun bateko baimena emango da, eta azterketa 150 km baino urrunago egin behar bada, hiru lanegunekoa.
9. KAPITULUA
ESZENDENTZIAK
38. artikulua.– Nahitaezko eszedentziak.
Nahitaezko eszedentziak lanpostua eta antzinatasuna gordetzeko eskubidea du eta enpresari idatziz jakinarazi ondoren, arrazoi hauengatik emango da:
a.– Lanera joatea eragozten duen kargu publiko bat betetzeko izendatua edo hautatua izanagatik.
b.– Gaixotasunagatik, Lanerako Ezintasun Iragankorrerako epea bukatu ondoren, eta langilea behin-behineko ezgaitasun-egoeran dagoen bitartean.
c.– Lurralde mailako nahiz goragoko eginkizun sindikaletan jarduteagatik, beti ere, langilea kide deneko erakunde sindikalak irakaskuntzan behar hainbateko baldin badu.
d.– Bigarren mailako odolkidetasunaren barruan, gaixo larri dauden senideak zaindu behar izateagatik; eszedentziak, gehienez ere, bi urtez iraungo du.
e.– Ikastola batek eskatuta, honen zerbitzutarako lan edo ekintzak egin behar izateagatik eta gehienez 6 urtez.
Nahitaezko eszedentzian dagoen langileak, eszedentzia eragin duen zerbitzu, kargu edo funtzioa amaitu eta 30 egun igaro baino lehen itzuli beharko du lanera.
39. artikulua.– Borondatezko eszedentziak.
Borondatezko eszedentziak gutxienez urtebete iraungo du eta gehienez ere bost urte. Aurreko lau urteetan eszedentzian egon ez den eta EHIn eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresetan, gutxienez, urtebeteko antzinatasuna duen langileak eska dezake borondatezko eszedentzia. Idatziz eskatu beharko du, ahalik eta lasterren.
Eszedentzia irailean hasiko da, bestelako akordiorik ez badago.
Bi urte edo gutxiagorako eskaturiko borondatezko eszedentzietan EHIk eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresek ordezkapenerako kontratuen eta bestelako neurrien bidez langilea bere lanpostura berez eta besterik gabe itzuliko dela ziurtatuko du. Epe honetan EHIko eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresetako langile finkoen murrizketa balego eszedentzian dagoen langileak beste edozein langileren eskubide berberak izango lituzke.
40. artikulua.– Beste eszedentziak.
40.1.– Seme-alabak zaintzeko, gehienez ere, hiru urteko eszedentzia hartzeko eskubidea du langileak, umea jaio edo adoptatzen den egunetik aurrera, beti ere bi hilabete lehenago jakinarazten bada. Geroago ume gehiago izanez gero, beste eszedentzia bat hartu ahal izango du ume bakoitzeko, baina umea zaintzeagatik jadanik eszedentzian balego, lehenengo eszedentzia hori amaitutzat joko litzateke. Bikote kide biek lan egiten badute, horietako bat bakarrik balia daiteke eskubide horretaz. Eszedentzia bukatuta, berez eta besterik gabe sartuko da berriro bere lanpostuan. Antzinakotasunari dagokionez, eszedentzian egondako aldia kontuan hartuko da.
40.2.– Lurralde mailako edo goragoko eginkizun sindikaletan jarduteagatik eragin badu, aurreko lerroaldean jasotako baldintza berekin gordeko zaio lanpostua langileari, baldin eta bere sindikatuak ordezkaritza nahikoa badu.
41. artikulua.– Eszedentziatik lanpostura bueltatzeko eskaera.
Nahitaezko eszedentzian daudenak eta atalburu honetan jasotako eszedentzia bereziak dituztenak behin-betiko geldituko dira lanposturik gabe, eszedentzia amaitu eta ezarritako epean ez badira lanera itzultzen.
10. KAPITULUA
LAN OSASUNA ETA JAZARPEN MORAL EDO SEXUALAREN AURKAKO PROTOKOLOA
42. artikulua.– Segurtasuna eta Higiene eta Lan Arriskuen Prebentziorako Batzordea
Enpresa Hitzarmen honen ezarpen-eremuan dauden EHI eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresek eta langileek, segurtasun eta higieneari buruz Langileen Estatutuko 19. atalean, Laneko Arriskuak Ekiditeari buruzko Legean eta gainerako xedapen orokorretan jasotako erabakiak bete beharko dituzte.
43. artikulua.– Mediku azterketa.
Halaber, langileei mediku-azterketa bat egingo zaie urtean enpresaren kontura. Araketa horretan, gutxienez, honako hauek sartuko dira: entzumen eta ikusmenaren azterketa, odola eta gernuaren analisia, historia klinikoa, mediku-araketa, elektrokardiograma, espirometria eta abar.
Emakume diren langileei errebisio ginekologikoa eta 45 urtetik gorako gizonezkoak diren langileei azterketa onkologikoa gehituko zaie.
44. artikulua.– Lan Arriskuen Prebentziorako Batzordea.
Langileek lanean osasuna babesteko duten eskubide hau bermatzeko, Lan Arriskuen Prebentziorako Batzordea osatuko da.
45. artikulua.– Jazarpen moral edo sexualaren kontrako protokoloa.
Pertsona orok du errespetuzko tratua, duintasunaren eta moral osotasunaren babesa eta diskriminazio ezaren eskubidea. Gure enpresetako lan-jardueraren ondorioz eta eskubide hauek aintzat hartuz, enpresetako langileek tratu-berdintasun hau bermatua izan dezaten neurri batzuk hartzea beharrezkotzat jotzen da. Era berean, jazarpen mota guztiak, edozein langileri zor zaion duintasun eta tratu zuzenaren aurkako erasoak izateaz gain, ez onartuak ez baimenduak izango ez diren hutsegite larriak izango dira.
Guzti hori dela-eta, Hitzarmeneko sinatzaileak, Protokolo honen bitartez, lanean sortutako moral-jazarpenaren edo sexu-jazarpenaren arazoa beharrezko bermeekin arautzeko konpromisoa hartzen dute, bai aurrea hartzeko, bai jazarpenaren ondorioz sortutako erreklamazioak konpontzeko, horretarako informazio, formazio, jarraipen eta ebaluaketa estrategiak erabiliz. Bi alderdiek garbi adierazi nahi dute, ezarritako xedapenak betetzea eta guztion lankidetza bermatzeko beharrezkoak diren ahaleginak hedatzea, zuzendaritzaren eta, orokorrean, langileago guztiaren ardura izango dela.
a) Aplikazio eremua.
Protokoloa, bai enpresako langile bai bere erantzukizun legalaren menpe dauden guztiei dagokie, inongo bereizketarik gabe ez harreman laboralagatik ezta bere iraupenagatik ere, eta lan-jardueren esparru osoari eragiten dio, edozein dela ere berau burutzen deneko espazio fisikoa.
Edozein pertsonak, erasoren bat jasan duela kontsideratzen badu, erreklamazio bat aurkezteko eskubidea du, jazarpenaren erreklamazioari buruzko informazioa inplikatu guztien intimitate eskubidea babestuz erabiliko delarik, intimitate eskubide eta konfidentzialtasuna zainduz.
b) Moral jazarpena.
Moral-jazarpena honela definitzen da: pertsona batek edo batzuk beste pertsona edo pertsona talde baten eskutik jasaten duen edo duten psikologia-indarkeria, bidegabekoa, neurriz kanpokoa, era sistematiko eta errepikatuan, denbora luzez eta lantokian, biktimaren komunikazio sareak suntsitzeko, bere auto-estimua hondatzeko, erasoa jasaten duen langilearen lan-baldintzak nahita degradatzeko eta horrela, azkenik, pertsona horrek edo horiek bere edo beraien lana utz dezaten lortuz, haien duintasunean etengabeko kaltea sortuz.
Moral-jazarpenaren elementu nagusiena pertsonaren duintasun profesionalean eta pertsonalean ondorio kaltegarriak eragiteko helburua izatea da, aldez aurretik emaitza kaltegarri hori lortzeko prestatua. Gertakariaren adierazpen moduak era askotakoak eta anitzak dira; bere baitan ditu edozein jokaera, adierazpen, ekintza edo eskaera diskriminatzaile, iraingarri, erasotzaile edo bortitz, edota lankideak bizitza pribatuan bidegabe sartzea.
3.– Eranskinean jasotako balizkoak ditu nahiz ez duten zerrenda itxi bat osatzen.
c) Sexu jazarpena.
Lan-jardueren esparruan emakume nahiz gizonen duintasunari kalte egiten dion izaera sexualeko edo sexuan oinarritutako edozein jokabide sexu-jazarpentzat hartuko da. Jokabide honek adierazpide fisiko nahiz hitzezkoak ukan ditzake, ekintza, hitz edota keinuen bitartez, subjektu aktiboak gizartearen aurrean bere jokaera arbuiagarria dela dakielarik eta, subjektu pasiboaren horrela adierazita, biktimak ere gogoko ez dituela.
Pertsona baten lanpostuan, lan-ibilbidean edota lan-egoeran eragiteko edo kontrolatzeko hertsadurazko edozein jokabide sexual sexu-jazarpen moduan har daiteke. Pertsona batek edo gehiagok beste pertsona bati, haren sexu edo sexualitatearen izaeran oinarrituta, egoera iraingarri edo umiliagarriren bat jasanarazten baldin badiote, sexu-jazarpen moduan hartuko da baita ere.
4.– Eranskinean jasotako balizkoak ditu nahiz ez duten zerrenda itxi bat osatzen.
d) Prozedura.
Lehen aipatutako jokaeraren bat gertatuz gero, pertsona bakoitzari dagokio iraingarria eta onartezina iruditzen zaion jokabidea zehaztea, eta horrela jakinarazi behar dio erasotzaileari, bere kabuz edota bere konfiantzako beste pertsonen bitartez, edozein kasutan protokolo honetan agertzen diren prozedurak erabil ditzakeelarik.
Sexu edo moral-jazarpenari buruzko erreklamazio edo kexa bat konpontzeko hauek dira eman beharreko urratsak:
1.– Egoera gatazkatsuaren jakinarazpena.
Auzi-jartzaileak banakako kexa edo erreklamazioa idatziz aurkezten duenean hasiko da beti prozedura (3.eranskina). Aipatu kexa, itxitako gutun-azal batez jakinaraziko zaie bai enpresako zuzendaritzari edo enpresako titularrari bai sindikatuetako ordezkariei, eta hauek ez leudekeen kasutan langileen ordezkariei, prozedura honetaz aditzera emanez.
2.– Kexaren edo erreklamazioaren bideratzea.
Prozedurari hasiera emanaz, Ikerketa Batzorde bat eratuko da sindikatuen ordezkaritzak edo hauek ez leudekeen kasutan langileen ordezkariek izendatutako Bitartekari batez eta enpresako titularrek izendatutako beste Bitartekari batez osatua. Aipatutako Bitartekariak enpresako partaideak zein kanpokoak izan daitezke, eta bi alderdiek horrela adostuz gero, izaera teknikoko beste Bitartekari bat ere gehitu daiteke. Ikerketa Batzorde honen eginkizuna kexaren gestioa eta ikerketa izango da, bi alderdien arteko adiskidetzea, eta jazarpen-erreklamazioak konpontzeko proposamenak aurkeztea, beti ere konfidentzialtasun, menekotasunik ezaren eta neutraltasun printzipioetan oinarrituz.
Kexa jaso eta Ikerketa Batzordea osatu ondoren, auzi-jartzaileak kexaren erantzukizuna egozten dion pertsonari salaketaren berri eman beharko dio Batzorde honek. Jakinarazpen hau konfidentzialtasuna bermatuko duen edozein bitarteko erabiliz burutu daiteke. Inplikatuek aukeratutako Bitartekariak atzera botatzeko eskera egin dezakete arrazoi justifikatuak argudiatuz: odolkidetasuna, ahaidetasuna, adiskidetasuna ala ageriko areriotasuna,... Bitartekariek ere, era berean, arrazoi berberak medio uko egin dezakete. Aipatu eskaerok enpresako Segurtasun eta Osasun Batzordera eramango dira eta beronek berehalako erabaki bat hartu beharko du.
3.– Ikerketaren garapena: ebazpen informala eta eginbide formala.
3.1.– Ebazpen informala.
Jazarpen kexa edo erreklamazioa zuzenean inplikatutako aldeen artean modu informal batean konpontzeko bideak jarriko dira. Bitartekariek, 21 eguneko epe barruan, aldeen arteko elkarrizketaren bitartez (Adiskidetze Bilerak) adostasuneko ebazpen batera heltzeko ahaleginak egingo dituzte. Aipatu bileran hartutako erabakiak isilpeko izaera izango duen Akta batean jasoko dira eta eskuragarri jasoko dira bai enpresaren zuzendaritzaren edo titularren ordezkarientzat bai sindikatuetako ordezkarientzat, eta hauek ez leudekeen kasutan, langileen ordezkarientzat.
Erreklamazioari bide eman zion jokabidea eten eta bileran hartutako erabakiak aintzat hartzen direla bermatzeko, Bitartekariek beharrezko ikuskatze eta behaketa lanak burutuko dituzte.
Alde inplikatuek ebazpen informala bidezkoa ez dela edo arrakastarik ez duela izan irizten badute, ekinbide formalera jo dezakete.
3.2.– Eginbide formala.
Ikerketa Batzordeak gatazka zehatz-mehatz aztertuko du; horretarako, auzi-jartzailearekin elkarrizketak burutuko dira eta ikerketaren garapenean zehar erreklamazioaren harira egoki ikusten dituen edozein pertsonen adierazpen eta hauekin izan beharreko bilera eskaerak luza ditzake. Era berean, prozeduran zehar inplikatutako aldeek konfiantzazko pertsonen laguntza jaso dezakete, enpresan bertan lan egin ala ez.
3.3.– Gatazkaren ebazpena eta neurrien hartzea.
Erreklamazioa ebaluatu eta egiaztatu ondoren, Ikerketa Batzordeak ikerketaren emaitzen berri eta konponbide proposamenak emanez txosten zehatz bat aurkeztuko die bai enpresaren zuzendaritzaren edo titularren ordezkariei bai sindikatuetako ordezkariei, eta hauek ez leudekeen kasutan, langileen ordezkariei. Txosten hau zuzenean inplikatutako aldeei ere igorriko zaie, enpresako Segurtasun eta Osasun Batzordearen aurrean errekurritu dezaketelarik. Erreklamazioa jasotzen denetik ebazpen txostena aurkezteko gehienezko epea 35 egunetako izango da. Hau bete ezean, atzerapenaren arrazoiak xedatzeko edota erreklamazioa ebazteko gaitasun eza azaltzeko txosten bat aurkeztu beharko da.
e) Konfidentzialtasunaren babesa.
Prozesu hauekin lotutako agiri eta eginbide guztiek isilpeko izaera dute eta datuen babeserako arauen eta oinarrizko eskubideen pean izango dira.
e) Protokoloaren indarraldia.
Protokolo honen edukia nahitaez bete beharrekoa da, eta indarrean jartzen da enpresako langile guztiei komunikatu ondoren. Indarrean jarraituko du lege edo konbentzio-arauek bere egokitzea eskatzen ez duten bitartean edota esperientziak bere doitzea beharrezko ikustarazten ez duen bitartean.
Protokolo hau bi urtean behin ebaluatuko da aldizka eta alde sinatzaileen arteko adostasuna beharko da aurretiaz edozein aldaketa egiteko.
Prozedura honek ez du agortzen jazarpena jasan duen pertsonak bide administratiboak edota judizialak (zibilak edo penalak) jorratzeko bidea, eginbide honetan enpresaren aldetik laguntza jaso dezakeelarik.
11. KAPITULUA
HOBEKUNTZA SOZIALAK
46. artikulua.– Erretiro Partziala eta errelebo kontratua.
A. Erretiro partzialari dagokion enpresako Akordioetan sartuta eta Gizarte Segurantzak onartutako Planean egonik, abuztuaren 1eko, 2011/27 Legearen, 12.2 Azken Xedapenaren 12.2. arauak eraginda diren langileei, aldi berean errelebo kontratua eginez aipatu erretiroa hartzeko bidea erraztuko die, beti ere enpresaren eta langilearen arteko aurre-akordioa ezinbesteko baldintza izanik.
B. Aipaturiko akordia dela medio erretiro partziala hartzen duten langileei 64 urte betetzean erretiro osoa hartzeko bidea erraztuko zaie, horretarako egokitzat.
47. artikulua.– Aseguruak.
Enpresek eginak izango dituzte istripu-aseguruak EHI eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresetako langile ororentzat eta egun osoko estalduraz, 24 orduz alegia. Aseguruok, jarraian azaltzen diren baldintza eta eranskinen arabera, honako ordainketa hauek bermatu beharko dituzte:
● Istripuarengatiko heriotza: 30.050,61 euro.
● Istripuarengatiko ezintasun iraunkor osoa: 81.136,63 euro.
● Istripuarengatiko ezintasun iraunkor absolutua: 81.136,63 euro.
● Zirkulazio-istripuarengatiko baliaezintasun handia: 81.136,63 euro.
● Zirkulazio-istripuarengatiko ezintasun iraunkor partziala, 81.136,63 euroko kapitalen baremoaren arabera.
Heriotza edo ezintasun iraunkorra (edozein mailetan) zirkulazio-istripuarengatik baldin bada, kapitala bikoitza izango da.
Horrez gain aseguru istripu poliza berezia estaldura gehituko zaie kilometro kopuru bat eta errepidean naiz dabiltzan hainbat langileei.
Haurrekin zuzenean eta EHI eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresen zeregin propioetan, langileak babesteko ondorengo aseguru polizak gauzatuko dira:
● Erantzukizun zibila.
● Erantzukizun penala.
● Lege demandak
48. artikulua.– Maileguak.
1.– Enpresetan garatzen den eginkizunak halaxe behar duenean langile finkoari ibilgailua erosteko mailegu-laguntza eskainiko zaio, 6.000€ artekoa eta interesik gabekoa, itzultzeko epea, gehienez, bost urtekoa izanez eta kooperatibaren altxortegi egoerak ahalbideratzen badu.
2.– Langileei erraztasunak eskainiko zaizkie baliabide teknologikoak kooperatibaren egoitzan bezala etxebizitzan ere eskuragarri eta erabilgarri izan ditzaten.
12. KAPITULUA
ESKUBIDE SINDIKALAK
49. artikulua.– Eskubide orokorrak.
Sindikatuek Langileen Estatutuak arautzen dituen eskubideak, egitekoak, eta orduak izango dituzte.
50. artikulua.– Sail Sindikalak.
Legez eratutako edozein sindikatutako langileek enpresako sail sindikala osa dezakete.
Sail sindikal bakoitzak, kideen artean aukeratutako, ordezkari bana izan dezakete. Ahal izanez gero azaroan egingo da hautaketa. Hautatu ondoren, sindikatuari eta enpresari adierazi beharko zaie. Ordezkariak urtarrilaren 1etik aurrera urtebetez beteko du lan hori.
51. artikulua.– Enpresa Batzordea.
Enpresa Batzordea edo, hori izan ezik, Langileen Ordezkariak dira enpresako langile guztien ordezkaritza-organoak.
Enpresa-batzordearen egitekoen artean (legeak finkatzen dituenaz gain):
– Enpresako lan-egutegia negoziatu eta izenpetzea.
– Enpresa-mailako akordioak negoziatu eta izenpetzea, langile guztien ordezkari gisa.
52. artikulua.– Negoziazio kolektiborako orduak.
Hitzarmenaren mahai negoziatzailean parte hartzen duten Enpresa Batzordeko kideek enpresa hitzarmena prestatu eta negoziatzeko bileretan parte hartzeko behar beste ordu hartu ahal izango dute.
Enpresak ordainduko ditu enpresa hitzarmenaren negoziaketak ekarritako joan-etorrien eta dieten gastuak.
53. artikulua.– Sindikatuetako kideen bermeak.
Sindikaturen bateko kidea izateagatik ezin da langileen arteko inolako bereizketarik egin.
Sindikatuetako kideen kontratu, finikito, eszedentzia, zigor eta agirakek ez dute baliorik izango sindikatu-ordezkariari ez bazaizkio aldez aurretik idatziz jakinarazten.
Horretarako, EHI eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresek ekintza horiek eragin duena gertatu baino lehen, idatziz jakin behar du langilea sindikatuko kidea dela.
54. artikulua.– Sindikatu-kideak diren langileek egindako norbere kexetako, sail sindikalekin landuko ditu enpresak.Akordiorik egonez gero, hilabeteko epea izango dute kexari erantzuteko; akordiorik ez balego, eta interesatua ados izanez gero, mahai parekideak aukeratzen duenak egingo du arbitraia-lana.
55. artikulua.– Langileen ordezkaritza enpresako Artezkaritza Kontseiluan.
EHI eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresetako langileek ahotsa izango duen ordezkari bat izendatzeko aukera dute EHIko Artezkaritza Kontseiluan.
13. KAPITULUA
HUTSEGITEAK, ZIGORRAK, ARAU-HAUSTEAK
56. artikulua.– Hitzarmen honen izenpetzaileak araudiaren titulu honen garapen egokiak duen garrantziaz jabeturik, hitzarmena sinatu eta sei hilabeteko epean Hutsegite , Zigorrak eta Arau-hausteaz testu garatu bat adosteko konpromisoa hartzen dute.
Aipatu testu hori garatu eta onartu arte Langileen Estatutuan araututako Diziplina Errejimena aplikatuko da.
57. artikulua.– Enpresarien lege-hausteak.
EHI eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresetako titularrek egindako ekintzak eta egin gabe utzitakoak, hitzarmen honetan agindutakoaren eta gainetiko legezko xedapenen aurkakoak badira, laneko lege-hausteak joko dira.
Nahiz Langileen Ordezkarien bidez, nahiz sindikatuko ordezkariaren edo Enpresako Batzordearen bidez, lege-haustea konpontzen saiatuko dira langileak.
EHI eta Ikastolen Taldearen titulartasunpeko beste enpresetako titularrari jakinarazi eta hamargarren egunean irtenbiderik gabe jarraitzen badu, edo erantzuna erreklamazioa egin duenarentzat egokia ez bada, erreklamazio egileak Interpretatzeko Bitariko Batzordearengana jo dezake; batzordeak, gehienez ere, hartu duen egunetik hogei egunetan irizpena emango du.
Aldeetako edozeinek irizpena eskatu ahal izango dio Lan Ikuskaritzari edo Lurraldeko Lan Ordezkaritzari.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Ahal den guztietan, enpresak aldeen arteko adiskidetzea bilatuko du. Era berean ordea, inongo jazarpenik ez dela onartuko berretsi nahi da. Sexu edo moral-jazarpena egiaztatzearekin batera, enpresak gure Lan Hitzarmenaren eta indarrean dagoen lan arloko legediaren barruan egoki irizten dituen neurri zuzentzaileak abian jarriko ditu. Xede horrekin, alde biek Enpresa hitzarmenaren Hutsegite eta Zigorren atala aldatzea adosten dute, sexu edo moral-jazarpenari buruz berariazko idatzi-zati bat erantsiz bertan.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Diskriminazioaren aurkako klausula.
Kontratazioan erabilitako modua edozein izanik ere, adina, sexua..., edozein dela ere, Hitzarmen honen eremuan lan egiten duten langile guztiek baldintza berak edukiko dituzte, eta ondorioz, gora-behera bat ere ez da izango diskriminaziorako bide. Izan ere, erabiliko den irizpidea hauxe izango da: kategoria berari ordainketa bera eta lan-baldintza berak dagozkio.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ikastoletako langile konpartituen bere lanpostuetara itzultzea.
Orokorrean EHI-n lanean jarduteko ikastola batean betetzen zuten eginkizuna utzi duten jardun osoko ikastoletako langile konpartituei ondoko bi aukeretatik bat aplikatuko zaie:
● Jatorrizko ikastolak baimena eman zuenetik EHI enpresan lan jarduna bukatu arte sei urte igaro ez badira, jatorrizko ikastolara itzultzea automatikoa izango da.
Langile horrek sei urte baino lanaldi gehiago egin badu, EHIko langile kontsideratuko da ondorio guztietarako.
EHI eta Ikastolen taldeko enpresak LAB sindikatua.
1. Eranskina
Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko Enpresen lan hitzarmeneko talde profesionalak
2A Eranskina
Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko Enpresen lan hitzarmeneko talde profesionalak
2B Eranskina
Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko enpresen lan hitzarmena
3. ERANSKINA
MORAL-JAZARPENA JOKABIDEEN sAILKAPENA
Gure Enpresa Hitzarmenean aurreko xedapenean aipatutako Hutsegite eta Zigorren atalaren aldaketa gauzatzen ez den bitartean, Protokolo hau enpresaren Enpresa Hitzarmenaren eranskin bezala hartuko da.
Moral-jazarpenaren adierazpen moduak era askotakoak eta anitzak dira eta ondoren jasotzen diren balizkoak bere baitan dituen arren, ez dute zerrenda itxi bat osatzen. Adibide modura, eurak bakarrik edota beste batzuekin batera, justifikazio gabeko moral-jazarpenaren jokabideren bat badenaren zantzuak adierazten duten jokaerak, ondorengoak dira:
● Biktimari besteekin -erasotzailea bera barne- modu egokian komunikatzeko aukerak murrizteko helburua duten zuzengabeko eginbideak. Hauen artean sar daitezke: biktimari ezikusiarena egitea, sistematikoki eta arrazoirik gabe biktimak egindako lanak kritikatzea, bere bizitza pribatua kritikatzea edo mehatxatzea, bai hitzez bai idatziz.
● Biktimak harreman sozialak izan ditzala ekiditea helburua duten eginbideak. Hauen artean sar daitezke: bere lankideengandik isolatzen duten lanpostuak ezartzea edo lankideei biktimarekin hitz egin dezatela debekatzea.
● Lan mailan edo pertsonalki biktimak duen izen ona mantentzea edo galtzea helburu duten eginbide edo zurrumurruak. Hauen artean sar daitezke: biktima irrigarri uztea edo izen ona kentzea, bere bizkar gaizki-esanka aritzea, bere erabakiak uneoro ezbaian jartzean, lan umiliagarri bat egitera behartzea edota bere erlijio edo politika-sinesmenen aurka jotzea.
● Biktimaren lan-jarduera edo lan-ahalmena murriztea helburu duten eginbideak. Hauen artean sar daitezke: inolako lanik ez agintzea, ezertarako balio ez duten lanak agintzea, zentzurik gabeak edo iraingarriak.
● Biktimaren osasun fisiko nahiz psikikoa erasatea helburu duten eginbideak. Hauen artean sar daitezke: asmo txarrez lan arriskutsuak edo osasunarentzat bereziki kaltegarriak diren lanak egitera behartzea edo fisikoki mehatxatu edo erasotzea.
Laneko moral-jazarpenaren jokabide edo modu ezberdinen deskribapenerako beste erreferentzia baliagarri bat Leynman Inventory of Psychological Terrorization (LIPT) delakoan jasotzen dena da.
4. ERANSKINA
Sexu-jazarpenaren jokabideen sailkapena
Sexu-jazarpenaren adierazpen moduak era askotakoak eta anitzak dira eta ondoren jasotzen diren balizkoak bere baitan dituen arren, ez dute zerrenda itxi bat osatzen:
● Osotasun eta zaurgarritasun sexualari eraso egiten dioten onarpenik gabeko ageriko eduki sexuala duten grafiko, bineta, marrazki, argazki edo Interneteko irudien agerraldi edo erakustaldia.
● Eduki sexual iraingarria duten telefono-dei, eskutitz edo posta elektronikoko mezuak. Langilearen itxura edo izaera sexualari buruzko oharpen, txantxa edo aipamenak.
● Eskatu gabeko beren-beregiko ukipen fisiko edo gehiegizko eta beharrik gabeko gerturatze fisikoa.
● Osotasun eta zaurgarritasun sexualari eraso egiten dioten ageriko galdera edo proposamen sexualak.
● Mesede sexualen eskaerak eta gonbidapen lizun edo konprometigarriak, jarrera edo iradokizunen bitartez edo zuzen-zuzenean lan-baldintzen hobekuntza bati, lanpostuaren egonkortasunari, lan-ibilbideari edota biktimak nahi ezean mehatxu bati lotuak doazenean.
● Bere izaera sexuala dela-eta langilearen bereizketa, gehiegikeria, iraina edo mespretxua xede eta helburu duen beste edozein jokabide.
Sexu-jazarpenaren eta askatasunez edo onartutako elkarren arteko hurbilketaren aldea, sexu-jazarpena jasaten duen pertsonak jokabide horiek gogoko ez dituela da.
5. ERANSKINA
6. ERANSKINA
Bitariko batzordearen osaketa
Eranskinetan Bitariko Batzordeko nortzuk osatzen duten eranskinetan agertu behar da:
Hitzarmeneko Bitariko Batzordea Hitzarmena izenpetzen den ekintzan bertan, enpresa hitzarmen honetako 1.tituluko 3.kapituluan araututakoaren arabera,
Kide hauek izendatzen dira presidente eta idazkari:
Presidente: Jose Luis Sukia Busselo jauna; jakinarazpenetarako helbide gisa, «Errotazar bidea 124, 20018 Donostia (Gipuzkoa)».
Idazkari: Ane Landeta anderea; jakinarazpenetarako helbide gisa, «Errotazar bidea 124, 20018 Donostia (Gipuzkoa)».
Jakinarazpenak lehendakariari eta idazkariari egitea da egokiena.
Espresuki adierazten da, ezen, norberaren izendapena gora-behera, erakunde bakoitzaren ordezkotza enpresa hitzarmen honetako 7.1 artikuluan jarri eta adierazitako proportzioa gordez egingo dela.