EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2014174

AGINDUA, 2014ko azaroaren 6koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, «Fundación Centro de Orientación Familiar Lagungo» fundazioaren estatutuen 9. (xedeak), 20., 22., 24. eta 26. artikuluetan egindako aldaketak onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Xedapenaren data: 2014-11-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201603908
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskabide bat sartu zen, 2014ko ekainaren 6an, «Fundación Centro de Orientación Familiar Lagungo» fundazioaren estatutuen 9. (xedeak), 20., 22., 24. eta 26. artikuluetan egindako aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzen zuena.
Eskabidearekin batera, patrono batzuk kargutik kendu eta beste batzuk izendatzeko eta hizkera ez-sexistara egokitzeko eskritura publikoaren kopia bikoitz baimendua aurkeztu zen. Eskritura hori, «Fundación Centro de Orientación Familiar Lagungo» fundazioak egiletsi zuen 2014ko ekainaren 4an, Bilboko notario Juan Ignacio Gomeza Villaren aurrean (protokolo-zenbakia: 1041).
Eskritura publiko horretan sartu zen Caridad Mendaza Rincón de Acuñak, fundazioaren patronatuko idazkari gisa eta lehendakariaren oniritziarekin, 2014ko otsailaren 7an Bilbon emandako ziurtagiria, Patronatuak 2011ko abenduaren 21ean egindako bilerarena, zeinean, besteak beste, aho batez onartu baitzen Fundazioaren estatutuak hizkera ez-sexistara egokitzea eta estatutu horien 9. (xedeak), 20., 22., 24. eta 26. artikuluak aldatzea.
Eskrituraren zati nagusian, aldatutako artikuluen berridazketa jasotzen da, osorik, bai eta fundazio-estatutuetako testu berri osoa ere.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta honako arau hauetan aurreikusitako eskakizunak bete dira, batez ere: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduko 44. artikuluan, ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaz onartutakoa. Eta aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.
Hirugarrena.- Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak 2014ko azaroaren 6ko Ebazpena eman du, babeslaritza-funtziotan jardunez eman ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.2 artikuluan aurreikusitakoaren ildotik. Ebazpen horren bitartez, fundazioaren estatutuen aldaketa onartu da, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31.1 artikuluan xedatutakoarekin eta aipatu dekretuaren 33.1 artikuluarekin.
Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Fundación Centro de Orientación Familiar Lagungo» fundazioaren estatutuen 9. (xedeak), 20., 22., 24. eta 26. artikuluetan egindako aldaketak onartzea.
Bigarrena.– Fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa hori inskribatzeko agintzea, agindu honen datarekin, eta eskritura publikoan ezarritakoarekin bat etorriz. Eskritura hori –bertan, estatutuen aldaketa jasotzen da– Caridad Mendaza Rincón de Acuñak egiletsi zuen –«Fundación Centro de Orientación Familiar Lagungo» fundazioaren izenean eta ordezkaritzan, fundazioko idazkari gisa–, 2014ko ekainaren 4an, Bilboko notario Juan Ignacio Gomeza Villaren aurrean (protokolo-zenbakia: 1041).
Estatutuen 9. artikulua (xedeak) aldatzearen ondorioz, hauek dira xedeak, eguneratuta:
«9 artikulua:
Lagungok, dagozkion artikuluetako printzipioetan oinarrituz, xede hauek lortu nahi ditu, nagusiki:
1.– Herritar, pertsona eta erakunde orori eskaintzea orientazio-zerbitzu espezializatuak, aholkularitza eta terapia gogobeteko bizitza eraikitzeko, haien erlijio-sinesmen, ideia politiko, egoera ekonomiko, sexu, arraza edo bestelako inguruabarrak direla-eta inor diskriminatu gabe.
2.– Hala eskatzen duten ezkontideei eta familiako kideei, ezkontzaren, hezkuntzaren, familia-unitateak dirauen artean bertako kideen elkarbizitzako gatazka eta zailtasunen eta haien berariazko misioen arloetako prestakuntza-arreta egokia ematea.
3.– Elizbarrutiko erakundeekin lankidetzan jardutea, ezkontzaren eta familiaren arloko ikastaroak eskainiz, konferentziak, topaketak, eztabaidak, argitalpenak eta abar antolatuz edo haietan parte hartuz, ezkontza behar bezala prestatzeko eta baloratzeko.
4.– Orientazio- eta laguntza-zerbitzuak eskaintzea, banakakoak edo bikotekoak, familia-plangintzaren arloan, ikuspegi sinestunetatik gurasotasun arduratsuaren kontzeptuak aplikatuz.
5.– Lankidetzan aritzea beste erakunde batzuekin, elizakoak edo zibilak, alor hauetan: sexu-hezkuntza, familia-topaketak, egoera irregularrak, abortua prebenitzea eta abar, eta ezkontzari, ezkontza aurreko egoerari eta seme-alaben eta gurasoen arteko harremanari erreferentzia egiten dioten bestelako egoera batzuetan.
6.– Ezkontza aurreko ezagutzak antolatzea beren borondatez hala nahi dutenei, eta dagozkien txostenak ematea.
Aurreko xedeak erdiesteko:
1.– Fundazioak gizarte-bazterketa egoeran dauden edo baliabide ekonomiko nahikorik ez izateagatik bestelako zerbitzu profesionaletara irispiderik ez duten pertsonei lagunduko die lehentasunez.
2.– Halaber, Fundazioak desparekotasun-egoeran dauden emakumeei lagunduko die lehentasunez, izan familia-eremuan zein indarkeria, tratu-txar edo abusu egoeretan».
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 6a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.