EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2016174

EBAZPENA, 2016ko irailaren 6koa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, tokiko bizikidetzaren arloko Elkarrekin Bonuak Programaren 2016rako deialdia egiten duena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2016-09-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201603902
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/06/20an argitaratutako 2014/06/17ko 201400110 DEKRETUA

Ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren bidez, Elkarrekin Bonuak Programa arautzen da, hots, ekimen osagarri bat bakearen, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta printzipio demokratikoak sustatzeko. Programaren helburu nagusia da: elkarte-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritzea bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotzeko.
Programa horren bidez, diru-laguntzak jasoko dituzte bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat bultzatzera bideratutako proiektuek, baldin eta egitasmo horiek batera sustatzen badituzte irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta hiru arlo hauekin lotutako erakunde publikoek: hezkuntza, udaletako errealitatea eta herritarren parte-hartzea.
Horren haritik, 3 laguntza-ildo biltzen dira dekretu horren 5. artikuluan, eta udaletan garatzen diren proiektuak finantzatzeko da horietako bat.
Laguntza-ildo horretarako, dekretu horrek aurreikusten du hiru funts sortzea: bat lurralde historiko bakoitzeko. Lehendakaritzak ekarpenak egingo ditu funts horiek eratzeko, eta, kasua bada, foru-aldundiek ere egingo dituzte, funts horietan parte hartzeko gonbita egin zaienean.
2016ko ekitaldian, Lehendakaritzak egindako ekarpenek osotzen dituzte funtsok, beste ezeinek ez baitu egiten ekarpenik.
Aipatutako dekretuaren 7. artikuluaren arabera, laguntzak emateko deialdia urtero egingo da, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta deialdiak honakook jasoko ditu: deialdiaren xedea, diru-laguntzaren ildo bakoitzerako zuzkidura, bonuen zenbatekoa, proiektuen erakunde hartzaileek eman beharreko gutxieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko tokia eta epea, eskabide-eredu normalizatu bat, diru-laguntzak justifikatzeko epea eta modua eta, hala dagokionean, bide elektronikoak erabiltzeko prozedura eta jarraibideak.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da: Elkarrekin Bonuen Programaren 2016rako deialdia egitea, tokiko bizikidetzaren esparruan.
2. artikulua.– Denbora-eremua.
Bonuak eskatzeko oinarri diren proiektuak 2016ko ekitaldian zehar garatu beharko dira; edozelan ere, 2016ko abenduaren 31n buruturik egon beharko dute.
3. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Programa honen diru-zuzkidura, 2016rakoa, hiru funts hauek osatzen dute:
– Araba: 55.000 euro, Lehendakaritzak emanak.
– Bizkaia: 111.000 euro, Lehendakaritzak emanak.
– Gipuzkoa: 80.000 euro, Lehendakaritzak emanak.
2.– Lurralde historiko bateko funtsak agortzen ez badira, beste funtsei zuzendu ahal izango zaizkie; kasu horretan, egoera horren berri emango da Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, lurralde historiko horretako funtsak agortzen direnetik harako 10 eguneko epearen barruan.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta hartzaileak.
1.– Elkarrekin Bonuak Programaren onuradun izateko, irabazi-asmorik gabeko erakunde izan behar da, eta bake eta bizikidetza gaietan aritu; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta egon behar da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan jardun, eta, gainera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuan ezarritako baldintzak bete behar dira.
2.– Udalak izango dira tokiko bizikidetzaren esparruko proiektuen erakunde onuradunak.
5. artikulua.– Bonuen zenbatekoa eta zenbatekoen mugak.
1.– Tokiko bizikidetzaren esparruko bonuak 70 eurokoak izango dira prestakuntza- edo dinamizazio-zerbitzuetan jardundako eta justifikatutako ordu bakoitzeko.
2.– Proiektuen erakunde hartzaileek, gutxienez, eman zaizkien bonuen % 10 ordaindu beharko diote erakunde onuradunari; alegia, gutxienez 7 euro eman zaien bonu bakoitzeko.
3.– Bonuak direla-eta erakunde onuradunek honako zenbateko hauek pilatu ahal izango dituzte, gehienez, udal bakarrean:
– 5.000 euro, 15.000 biztanlera arteko udaletan.
– 12.500 euro, 15.000 eta 40.000 biztanle arteko udaletan.
– 20.000 euro, 40.000 biztanletik gorako udaletan.
4.– Laguntzek bete beharko dute Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua, minimis laguntzei Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBEO, L 352. zk., 2013-12-24koa). Izan ere, laguntza hauek minimis laguntzatzat jotzen dira, zeren eta pertsona fisiko edo juridiko jakin bati ezin baitzaio 200.000 euro baino gehiagoko laguntzarik eman, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta abian dena batuta. Izan ere, uste da muga horretatik beherako diru-laguntzek ez diotela eragiten merkataritzari, eta ez dutela lehiakortasuna faltsutzen; ondorioz, ez dira sartzen Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta presentziala.
1.– Prozedura honetako izapideak egiteari dagokionez, bitarteko elektronikoa erabiliz bideratu ditzakete erakunde interesdunek eskabideak, kontsultak eta gauzapena; betiere Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan eta hori garatzeko arauetan aurreikusitakoarekin bat.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak modu presentzialean zein elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/dirulaguntza/2016/elkarrekin-bonuak-udal/y22-izapide/eu
3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, presentziala aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen bide bera erabiltzera, ondoren datozen izapideak egiteko, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.
Eskaeraren ondorengo izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: https://euskadi.eus/nirekudeaketak
7. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
1.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira eskabideak, 2016ko urriaren 14ra arte; funtsak egun hori baino lehenago agortzen ez badira, behintzat. Funtsak agortuz gero, dekretu arautzailearen 5.3 artikuluan ezarritakoa bete, eta gertaera horren berri emango da Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta atzera botako dira ebazteko dauden diru-laguntza guztiak.
2.– Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariari zuzendu beharko zaizkio eskabideak, eta zuzenean aurkeztu ahal izango dira Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzan (Nafarroa kaleko 2. zk., 01007 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean Herritarrentzako Zerbitzuko bulegoetan, lurralde-ordezkaritzetan edo beste erakunde laguntzaile batzuetan; bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritako edozein bide erabili ahal izango da eskabideak aurkezteko (Herri-administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea).
8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
Programa honen erakunde onuradunek inprimaki normalizatuak erabili beharko dituzte eskabideak aurkezteko. Inprimaki horiek, berriz, ebazpen honen eranskinean jasotako helbide elektronikoan eskuratu ahal izango dira. Eskabidearekin batera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako dokumentazio guztia aurkeztu beharko da.
9. artikulua.– Balorazio-batzordea.
Hiru balorazio-batzorde eratuko dira: bat funtseko.
Balorazio-batzorde horiek honako pertsona hauek osatuko dituzte:
– Mónica Hernando Porres Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria; batzordeburua izango da.
– Goizargi Cano Ormazabal Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-funtzioak beteko ditu.
– Marian Sanchez Amado Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria; batzordekidea izango da.
10. artikulua.– Ebazpenak jakinaraztea.
Erakunde onuradunei eta erakunde hartzaileei jakinaraziko zaizkie laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenak.
11. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzeko epea eta modua.
1.– Diru-laguntzak justifikatzeko agiriak aurkezteko epea 2016ko abenduaren 31n bukatuko da.
2.– Erakunde onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzan, diru-laguntza zertan erabili duten justifikatzeko:
a) Proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak: programen kopiak, kartel iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa edo entzunezkoa.
b) Egindako proiektuen memoria xehea, datu hauek aipatzen dituena: zer egunetan gauzatu den proiektua, nor diren proiektuan parte hartu duten pertsona onuradunak (sexuaren arabera bereiziak), nola txertatu den generoaren ikuspuntua, eta zein den azken balorazioa.
c) Entitate hartzailearen ziurtagiri bat, proiektuan zenbat pertsonak parte hartu duten jasotzen duena.
3.– Modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira justifikazio-agiriak, inprimaki normalizatua erabiliz, zeina osorik bete beharko den. Euskadi.net-en egoitza elektroniko honetan eskura daiteke justifikazio-eredua: https://www.euskadi.eus/dirulaguntza/2016/elkarrekin-bonuak-udal/y22-izapide/eu
Era berean, euskadi.eus egoitza elektronikoan eta bitarteko elektronikoak aurkeztu ahal izango dira justifikazio-agiriak, zehazki, leku honetan: https://euskadi.eus/nirekudeaketak. Kasu horretan, goragoko zenbakian aipatutako dokumentazioa sinaturik eta eskaneaturik aurkeztu beharko da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Honako hauek aplikatu beharko dira prozedura-arloari buruz dekretu honetan berariaz arautu ez den guztirako: ekainaren 17ko 110/2014 Dekretua –Elkarrekin Bonuen Programa arautzen duena–, azaroaren 26ko 30/1992 Legea –Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena–, eta bai Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaz onartutakoa–, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta uztailaren 21eko 887/2006 Erreg Dekretua; izan ere, lege horiek aplikatu beharrekoak baitira Euskal Autonomia Erkidegoan.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean ebazpen hau.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 6a.
Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,
MÓNICA HERNANDO PORRES.