EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2016173

AGINDUA, 2016ko irailaren 1ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikingintzaren sektoreko enpresetan kudeatzeko sistemak ezarri eta hobetzea sustatzeko, jasangarritasuna bultzatzeko eta berrikuntza indartzeko laguntzak arautu eta 2016rako iragartzen dituena (Eraikal programa 2016).

Xedapenaren data: 2016-09-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201603876
Maila: Agindua
Eraikal Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren ekimen bat da, obra berrian nahiz birgaitzeko eta mantentzeko lanetan eta Eraikuntzen Ikuskapen Teknikoetan kalitatearen kudeaketa bultzatzekoa. Era berean, eraikinak eraitsi eta birziklatzeko ekimena da, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegieraikingintzaren eta hiri-habitataren sektoreko enpresetan eraikinaren balio-bizitza osoa hartuz, ingurumena eta Lan arloko arriskuen prebentzioa bermatuz, jasangarritasuna sustatuz eta berrikuntza indartuz.
Bizitegi-eraikingintzaren sektorean eragile ugarik parte hartzen dute, zuzenean edo zeharka (proiektu-egileek, sustatzaileek, eraikitzaileek, gremioek, materialen hornitzaileek, bezeroek eta abar), nork bere eginkizunekin. Gorabehera horrek ugaritu egiten du azken kalitatean eragina izan dezaketen ahulezien kopurua. Gauzak horrela, kalitatea kudeatzeko sistema bat ezarri behar da, prozesuan esku hartzen duten eragile guztien arteko harremana eta oreka ziurtatzeko modu bakarra den aldetik.
Eraikal tresnaren bitartez, EAEko bizitegi-eraikingintzaren sektorea eralda dadin lagundu nahi da, sektore hori sendotu eta lehiakor eta eraginkor bihurtzeko, enpresetan etengabe hobetzera bideratutako kudeaketa-praktikak ezarriz. Izan ere, behar-beharrezkoa da praktika horiek abian jartzea herritarren eskura ingurumena errespetatuko duten kalitatezko lan-prozesu seguruen arabera eraikitako etxebizitzak jartzeko, haien eta oro har gizartearen beharrekin bat etorriz.
Etengabeko hobekuntza handitzea oinarrizko osagaia da lehiakortasuna lortzeko, baina ez osagai bakarra. Hortaz, Eraikal programak berrikuntza ere sustatzen du EAEko bizitegi-eraikingintzaren sektorean, sektore horren oraina ez ezik, etorkizuna ere bermatzeko. Horretarako, hurrengoekin lotura duten proiektuak bultzatu nahi dira:
– Eraikinen kontserbazio-egoera.
– Eraikuntzaren kalitatea.
– Energia-eraginkortasuna.
– Kudeaketaren kalitatea eta kalitatearen ezarpena.
– Eraikuntza jasangarria.
– Laneko segurtasuna eta osasuna.
Ikusirik Euskal Autonomia Erkidegoko 2016 ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onesten dituen Legearen (abenduaren 23ko 9/2015) arabera behar besteko kreditua dagoela Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak konpromiso hauek gauzatzeko, honen bidez proposatzen da 2016. urterako Eraikal programaren beste deialdi bat egitea.
EBATZI DUT:
1. artikulua.– Laguntzaren xedea eta irismena.
1.1.– Agindu honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako bizitegi-eraikingintzaren sektoreko enpresetan eta profesionalen artean kalitatea kudeatzeko sistemak ezarri eta hobetzeko, jasangarritasuna sustatzeko eta berrikuntzari laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak eman beharreko diru-laguntzak arautu nahi dira (Eraikal programa 2016).
1.2.– Agindu honen ondorioetarako, bizitegi-eraikingintzaren eta hiri-habitataren sektoreko enpresatzat hartzen dira datozen ataletan aipatzen direnak, erreferentzia egiten dieten ildoen arabera. Hauek dira:
1.2.1.– I., II. eta III. Ildoetarako.
a) Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionalaren barnean, etxebizitzen eraikuntzarekin lotutako azpi-sektore hauetakoren batean dauden enpresak eta profesionalak:
41.1 Higiezinen sustapena.
41.2 Obra berriko eraikinen eraikuntza nahiz birgaitze- eta mantentze-lanak.
43.1 Eraispenak egin eta lurzoruak prestatzea.
43.2 Instalazio elektrikoak, iturgintzakoak eta bestelakoak eraikuntza-obretan.
43.3 Eraikinen akabera.
43.9 Eraikuntza espezializatuko bestelako jarduerak.
71.1 Arkitektura- eta ingeniaritza-zerbitzu teknikoak eta aholkularitza teknikoarekin zerikusia duten bestelako jarduerak. Jarduera horiek honako hauen parte-hartzera mugatuta egongo dira: arkitektura-estudioak, aparejadoreen estudioak eta ingeniaritzako eta topografiako zerbitzuak. Ingeniaritza-estudioek ingeniarien elkargoko ziurtagiria edo frogagiria aurkeztu beharko dute, estudio horrek bizitegi-eraikingintzako lanak egin dituela ziurtatzen edo egiaztatzen duena.
b) Aurrekoez gain, agindu honen ondorioetarako, bizitegi-eraikingintzaren sektoreko enpresatzat joko dira eraikingintzaren kalitate-kontrolerako erakundeak eta saiakuntza-laborategiak, erantzukizunadierazpena eginda dutenak, eraikingintzaren kalitate-kontrolerako erakundeek eta saiakuntza-laborategiek beren jardueran aritzeko bete behar dituzten baldintzak garatzen dituen martxoaren 31ko 410/2010 Errege Dekretua eta eraikuntzako kalitate-kontrola arautzeko urriaren 28ko 209/2014 Dekretua betez.
Adierazpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunean aurkeztua egon beharko da.
c) Ordezkaritza zabala duten edo jendea biltzeko ahalmen handia duten bizitegi-eraikingintzaren sektoreko enpresa eta profesionalen talde edo elkarteak. Halakotzat hartuko dira bizitegieraikingintzaren sektorearekin lotuta duten elkargo profesionalak, ikerketa teknologikoko zentroak, merkataritza-ganberak, eraikuntza arloko Clusterrak edota etxebizitzen elkarte publikoak.
1.2.2.– IV. ildorako
a) 2.1 atalean aipatzen diren bizitegi-eraikingintzaren eta hiri-habitataren sektoreko enpresa eta profesionalez gain, bizitegi-eraikigintzaren eta hiri-habitataren esparruarekin zerikusia duten Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionaleko sektore hauetan daudenak:<0}
1623.– Eraikuntzarako aroztegi eta ebanisteriako beste zur-egitura eta pieza batzuen fabrikazioa.
3513.– Energia elektrikoaren banaketa.
3516.– Jatorri termiko konbentzionaleko energia elektrikoaren ekoizpena.
3519.– Beste mota batzuetako energia elektrikoen ekoizpena.
3521.– Gas-ekoizpena.
3522.– Gas erregaien banaketa hodi-sare bidez.
3600.– Ura hartu, araztu eta banatzea.
3700.– Hondakin urak hartu eta tratatzea.
3811.– Hondakin ez-arriskutsuen bilketa.
3812.– Hondakin arriskutsuen bilketa.
3821.– Hondakin ez-arriskutsuen tratamendua eta deuseztapena.
3822.– Hondakin arriskutsuen tratamendua eta deuseztapena.
3831.– Materialen bereizketa eta sailkapena.
3832.– Sailkatutako materialen balorizazioa.
3900.– Deskontaminazioko jarduerak eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk.
4222.– Sare elektrikoen eta telekomunikaziokoen eraikuntza.
4299.– Beste inon sailkatu gabeko ingeniaritza zibileko beste proiektu batzuen eraikuntza.
7120.– Saiakuntzak eta azterketa teknikoak.
7211.– Ikerketa eta garapen esperimentala bioteknologian.
7219.– Beste ikerketa eta garapen esperimental batzuk natur zientzietan eta zientzia teknikoetan.
8411.– Herri Administrazioaren jarduera orokorrak.
8413.– Jardun ekonomikoa arautzea eta eraginkorragoa izaten laguntzea.
9411.– Enpresa- eta ugazaba-erakundeen jarduerak.
9412.– Erakunde profesionalen jarduerak.
2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
2.1.– Hurrengo ildoak diruz lagun daitezkeen esku-hartze modura hartuko dira:
2.1.1.– I. ildoa. Hurrengo puntuei dagozkien berrikuntza arloko proiektu edo ikerketak:
a) Eraikinen kontserbazio-egoera, EITak (Eraikinaren Ikuskapen Teknikoa), eraikinaren patologia, birgaitzea, erabilera nahiz mantentzea eta balio-bizitza.
b) Eraikinaren kalitatea: EKT (Eraikuntzaren Kode Teknikoa) aplikatzea, proiektuaren kontrola, obraren gauzapena eta zerbitzuko probak. Industrializazioa.
c) Eraikinen energia-eraginkortasunari buruzko ikerketak.
d) Kudeaketaren kalitatea hobetzeari eta kalitatea ezartzeari buruzko ikerketak.
e) Eraikinen jasangarritasun, funtzionaltasun, malgutasun eta espazio arloko prestazioen ebaluazioa.
f) Obretako lan arloko segurtasun eta osasunari buruzko ikerketak.
g) Eraikinen instalazioei buruzko ikerketak.
2.1.2.– II. ildoa. Tresna informatikoen garapena, dibulgazio-kanpainen, jardunaldien eta ikastaroen garapena, sistema partikularren edo marken publizitaterik egin gabe eta puntu hauekin lotuta egiten direnak:
a) Eraikinen kontserbazio-egoera, EITak (Eraikinaren Ikuskapen Teknikoa), eraikinaren patologia, birgaitzea, erabilera nahiz mantentzea eta balio-bizitza.
b) Eraikinaren kalitatea: EKT (Eraikuntzaren Kode Teknikoa) aplikatzea, proiektuaren kontrola, obraren gauzapena eta zerbitzuko probak. Industrializazioa.
c) Eraikinen energia-eraginkortasunari buruzko ikerketak.
d) Kudeaketaren kalitatea hobetzeari eta kalitatea ezartzeari buruzko ikerketak.
e) Eraikinen jasangarritasun, funtzionaltasun, malgutasun eta espazio arloko prestazioen ebaluazioa.
f) Obretako lan arloko segurtasun eta osasunari buruzko ikerketak.
g) Eraikinen instalazioei buruzko ikerketak.
2.1.3.– III. ildoa.
a) ISO 9001, ISO 14001, ISO 14006 Normalizazioko Nazioarteko Arauetan, UNE 166002 Espainiako Arauan eta OHSAS 18001 Industria Segurtasun eta Osasun Okupazional arloko Ebaluazio arauan oinarritutako kudeaketa-sistemak ezarri eta ziurtatzea, eta horiek integratzea.
b) «Entsegu-laborategien gaitasunerako baldintza orokorrak» izeneko ISO/IEC 17025 eta «Ikuskaritza egiten duten erakunde ezberdinen funtzionamendurako irizpide orokorrak» izeneko ISO/IEC 17020 nazioarteko arauetan oinarritutako kudeaketa-sistemak ezarri eta ziurtatzea.
2.1.4.– IV. Ildoa. Hiri-habitata.
Bizitegi-eraikingintzaren eta hiri-habitataren sektorean, eraikuntza jasangarrien esparruan, aukerak eta berrikuntzak zehaztea eta hautatzea, eta horietatik abiatuz proiektu berritzaileak diseinatzea, «Hiri-Habitata: Eraikuntza Jasangarria Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren esparruan» aukera-nitxoan identifikatutako interes handiko honako ildo hauetakoren bati lotuak:
a) Eraikuntza industrializatua eta modelizazio birtuala.
Teknologia, metodologia, eraikuntza-sistema eta -prozesu berritzaileak txertatzea ildo honi loturiko lehiakortasuna hobetzeko.
b) Birgaikuntza integrala eta hiri-birsorkuntza.
Hiri-birgaikuntza eta -birsorkuntza, lurraldearen kudeaketa jasangarriari lotuta eta bizitegi-parkea mantenduz, euskal herritarren beharrizanak asetzeko.
c) Hiri, auzo eta eraikin adimendunak. Energiarik gabeko eraikinak.
Adimendunak diren eta energia modu eraginkorrean erabiltzen duten hiriak sortzea, sare eta azpiegitura adimendunak eta energiarik kontsumitzen ez duten eraikinak erabiliz.
d) Modu jasangarrian eraikitzeko material berriak.
Modu jasangarrian eraikitzeko material berriak garatzea eta erabiltzea: isolatzaileak, berriztagarriak, biomaterialak eta nanomaterialak.
e) Eraikin eta hiri irisgarriak. Mugikortasun bertikala/horizontala.
Hiri-inguruneak aldatzea herritar guztiek baldintza berberetan erabili ahal izan dezaten; irisgarritasun unibertsala xede izatea.
2.2.– III. ildoan sartzen diren esku-hartzeak ziurtagiria edo diploma ematen duen erakundearen ziurtagiriarekin egiaztatzen dira.
Soilik 1. artikuluan jasotako Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionalei lotutako irismena duten ziurtagiriak lagunduko dira.
ENAC egiaztapenerako Erakunde Nazionalak edo horren pareko Europako erakunde batek egiaztatutako erakunde egiaztatzaileak badaude, erakunde egiaztatzaile horiek emandako ziurtagiriek baino ez dute laguntzarik jasoko.
2.3.– Egiaztagiriak mantentzeko edota ziurtagiriak berritzeko egindako gastuak eta arauen bertsio berrietara egokitzeko egindako gastuak ere ez dira diruz lagundutako esku-hartze modura hartuko.
2.4.– Ez dira diruz laguntzeko esku-hartze modura hartuko ekipamenduak hartzera edo horiek amortizatzera bideratutako inbertsioak.
2.5.– Sektore osoari zuzendutako proiektuak eta ikerketa-azterketak lagunduko dira diruz, enpresa bati bakarrik zuzendutako ekimenak alde batera utzita.
2.6.– Edozein kasutan, I., II. eta III. ildoetan diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak 2016 ekitaldian hasi beharko dira, eta 2018ko urriaren 30a baino lehenago bukatu. IV. ildorako proposatutako jarduerak 2016 ekitaldian hasi beharko dira edo hasita egon beharko dira, eta 2016ko abenduaren 31 baino lehen bukatu beharko dira.
2.7.– Agindu honen harira diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira Diru-laguntzen Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 31. artikuluan esandakoarekin bat datozenak.
Onuradunak diru-laguntza jaso duen jardueraren % 100 arte azpikontratatu ahal izango du. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluak eta Lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluak ezarritakoari jarraikiz, ulertuko da onuradunak azpikontratazioa egin duela, hirugarrenekin adosten duenean diru-laguntza jasoko duen jarduera osorik edo zati batean exekutatzea. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen dira onuradunak diru-laguntza jaso duen jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko egin behar dituen gastuak.
3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.
3.1.– Agindu honetan ezarritako laguntzen onuradun izan daitezke 2.1 artikuluko I. ildoari dagokionez Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako eragileak, 1. artikuluan, 2. atalean, jasotzen direnak.
3.2.– Agindu honetan ezarritako laguntzen onuradun izan daitezke 2.1 artikuluko II. ildoari dagokionez Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako eragileak, 1. artikuluan, 1.2.1.– c). atalean, jasotzen direnak.
3.3.– Agindu honetan ezarritako laguntzen onuradun izan daitezke 2.1 artikuluko III. ildoari dagokionez Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako eragileak, 1. artikuluan, 1.2.1 atalean, jasotzen direnak.
3.4.– Agindu honetan ezarritako laguntzen onuradun izan daitezke 2.1 artikuluko IV. ildoari dagokionez Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako eragileak, 1. artikuluan, 1.2.2 atalean, jasotzen direnak.
3.5.– Ezingo dira onuradun izan azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan xedatutako egoeraren batean dauden erakundeak.
3.6.– Ezingo dira diru-laguntza honen onuradun izan hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenak, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetan seigarrenean adierazitakoari jarraikiz.
3.7.– Onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko, eta hala dagokionean ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitua izatea.
4. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.
4.1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko eskaera Agindu honen I. eranskinean jasotako ereduaren arabera egin beharko da.
4.2.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
4.2.1.– Proiektuaren memoria. Hainbat urtetakoa I., II. eta III. ildoetarako (gehienez 2018ra arteko proiekzioa egingo da), eta urtebetekoa IV. ildorako (gehienez 2016ko abenduaren 15era arteko proiekzioa egingo da). Gutxienez honako hauek jasoko dira bertan:
4.2.1.1.– Sarrera: eragile sustatzailearen deskribapen orokorra, enpresaren egituraren zirriborroa eta proiektuaren helburu orokorrak.
4.2.1.2.– I. eta II. ildoetako esku-hartzeen kasuan.
– Proposamenaren egokitzapena lan-ildoetako batera.
– Balizko inpaktua sektorean.
– Proiektu- edo ikerketa-taldearen kalitate tekniko eta zientifikoa eta esperientzia.
– Finantzaketaren eskema.
– Proiekturako proposaturiko helburuak eta epeak.
– Proiektuaren gastu-aurrekontua, gutxienez honako hauek jasota: lanketa edota jardueren araberako banakatzea, lanketa bakoitzeko barne-gastuak (proiektuaren buru den eragilearen gastuak) eta kanpo-gastuak edo gastu azpikontratatuak (kanpoko erakundeak azpikontratatzeagatiko gastuak) bereizita.
Barne-gastuei dagokienez, egin beharreko zereginen aurreikuspena zehaztu beharko da, baita baliatutako ordu-tarifaren egozpena ere.
Kanpoko enpresa bat kontratatzen bada, estimazio arrazoitua aurkeztu beharko da, edo, ahal dela, haren aurrekontua, eta errespetatu egin beharko da Diru-laguntzen Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 29. artikuluak Lege horren Erregelamendua onartzen duen Errege Dekretuaren (uztailaren 21eko 887/2006) 68. artikuluak xedatutakoa.
4.2.1.3.– III. ildoko esku-hartzeen kasuan.
– Proiekturako proposaturiko helburuak eta epeak.
– Aholkularitza-enpresaren edota ziurtagiria ematen duen erakundearen eskaintza.
4.2.1.4.– IV. ildoko esku-hartzeen kasuan.
– Ikerketaren egokitzapena lan-ildoetako batera.
– Ikerketarako proposaturiko helburuak eta epeak.
– Proposamenak eskaintzen duen berrikuntza-, berritasun- eta aukera-maila; hori justifikatu egin beharko da teknologiaren arloko jarraipenarekin eta sektorean aurreikusi den teknologiaren garapenarekin.
– Sektorean izango duen eragin ekonomikoa.
– Proiektu-edo ikerketa-taldearen kalitate tekniko eta zientifikoa eta esperientzia.
– Proiektuaren gastu-aurrekontua, gutxienez honako hauek jasota: lanketa edota jardueren araberako banakatzea, lanketa bakoitzeko barne-gastuak (proiektuaren buru den eragilearen gastuak) eta kanpo-gastuak edo gastu azpikontratatuak (kanpoko erakundeak azpikontratatzeagatiko gastuak) bereizita.
Barne-gastuei dagokienez, egin beharreko zereginen aurreikuspena zehaztu beharko da, baita baliatutako ordu-tarifaren egozpena ere.
Kanpoko enpresa bat kontratatzen bada, estimazio arrazoitua aurkeztu beharko da, edo, ahal dela, haren aurrekontua, eta errespetatu egin beharko da Diru-laguntzen Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 29. artikuluak xedatutakoa.
– Proiektuaren laburpen-fitxa, IV. eranskinaren arabera.
4.2.1.5.– Proiektuaren eredugarritasuna hedatzeko eta indartzeko ekintzak, enpresek aurreikusiak dituztenak.
4.2.2.– Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
4.2.3.– Eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren kopia.
4.2.4.– Ingeniaritza-estudioek ingeniarien elkargoko ziurtagiria edo frogagiria aurkeztu beharko dute, dena delako estudioak bizitegi-eraikingintzako eta hiri-habitateko lanak egin dituela egiaztatzen duena.
4.2.5.– Proposamena aurkezterakoan, proiektuak bestelako diru-laguntza osagarriak baldin baditu, erakunde onuradunak proposamenean aitortu beharko du, diru-laguntzaren zenbatekoa eta tipologia zehaztuz, II. eranskinean adierazitako ereduaren arabera.
4.2.6.– Konpromisoak formalizatzea. Proiektuan parte hartuko duten enpresek honako konpromiso hau bete beharko dute, II. eranskinean adierazitako ereduaren arabera:
– Proiektuetan parte hartuko duten enpresek prest azaldu beharko dute Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Eraikal ekimenean jasotako jardueren barruan ezar litzakeen sentsibilizazioko, prestakuntzako eta esperientziak trukatzeko ekintzetan parte hartzeko.
4.2.7.– Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea betetzeko konpromisoa, eta erantzukizunadierazpena, honako hauek guztiak egiaztatzeko: pertsona edo entitate eskatzailea ez dela administrazio-zigorra edo zigor penala betetzen ari sexu-diskriminazioa egin izanagatik; debeku hori jaso ez izana, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen arabera; diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu ez izana; eta hori galaraziko lioketen lege-debekuen eraginpean ez egotea III. eranskina.
4.2.8.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak hitzematen du datuak dagokien babes-mailarekin erabiliko dituela, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoak (abenduaren 13ko 15/1999) eta ondorio horietarako aplikagarriak diren gainerako araudiek ezarritakoari jarraikiz.
4.3.– Eskatzaileek zergari dagozkion betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak beteak izan behar dituzte. Egoera hori automatikoki egiaztatuko da, horien baimena eskatu beharrik gabe, azaroaren 11ko Legegintzako 1/1997 Dekretuz onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.3 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, erakunde eskatzaileak diru-laguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izan beharko ditu. Betebehar horiek esleitutako diru-laguntza likidatu arte bete beharko dira.
4.4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Etxebizitza Sailburuordetzak aurkeztu den eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela ikusten badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzendu edo dokumentua aurkez dezan. Adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, bere eskaeran atzera egindakotzat hartuko dela, ebazpen bidez. Ebazpen hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.
4.5.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, halaber, aurkeztuko diren proiektuak behar bezala ebaluatzeko eta ebazteko beharrezkotzat joko dituen dokumentu guztiak edota informazioa eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei.
4.6.– Aurkezteko lekua. Eskabideak, eskatutako dokumentazioarekin batera, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Erregistro Orokorrean eta Lurralde Ordezkaritzetako erregistroan aurkeztuko dira edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarri diren bideetarik edozein erabilita.
4.7.– Deialdi honetara eskaera aurkezten duena pertsona fisiko zein juridikoen talde bat bada, publikoa edo izaera juridikorik gabeko pribatua izan, Diru Laguntzen Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 11.3 artikuluak esaten duenari jarraikiz, aurkeztutako eskaeran adierazi beharko dira taldeko kide bakoitzak hartu dituen exekuzio-konpromisoak, bai eta bakoitzari diru-laguntzaren zein zati dagokion ere; guztiak izango dira onuradun.
Guztiek sinatu beharko dute eskaera, ordezkari bat izendatzen dutenean salbu. Ordezkaria izendatuz gero, hark behar besteko eskumenak izan beharko ditu bere taldeari onuradun den heinean dagozkion betebeharrak bete ahal izateko. Ordezkariak eskaera sinatu beharko du, eta ordezkari izendatu izana adierazten duen agiria aurkeztu.
Taldea ezin izango da desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen Lege Dekretuaren (azaroaren 11ko 1/1997) 39. eta 62. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igarotzen den arte.
5. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Eskaerak irizpide hauen arabera ebaluatuko dira:
5.1.– I. ildoa: «Berrikuntza-proiektu edo -ikerketak».
5.1.1.– Proposamenaren egokitzapena (15 puntu gehienez).
Proposamenaren egokitzapena jarraian ezarritako lan-ildoetarako batera, bere gehieneko puntuazioa ezberdina izango delarik gaiaren arabera:
– Eraikinaren Ikuskapen Teknikoa), eraikinaren patologia, birgaitzea, erabilera nahiz mantenua eta balio-bizitza. Gehieneko puntuazioa: 15 puntu.
– Eraikinaren kalitatea: Eraikinaren kalitatea: EKT (Eraikuntzaren Kode Teknikoa) aplikatzea, proiektuaren kontrola, obraren gauzapena eta zerbitzuko probak. Industrializazioa. Gehieneko puntuazioa: 14 puntu.
– Eraikinen energia-eraginkortasunari buruzko ikerketak. Gehieneko puntuazioa: 13 puntu.
– Kudeaketaren kalitatea hobetzeari eta kalitatea ezartzeari buruzko ikerketak. Gehieneko puntuazioa: 12 puntu.
– Eraikinen jasangarritasun, funtzionaltasun, malgutasun eta espazio arloko prestazioen ebaluazioa. Gehieneko puntuazioa: 11 puntu.
– Obretako lan arloko segurtasun eta osasunari buruzko ikerketak. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.
– Eraikinen instalazioei buruzko ikerketak. Gehieneko puntuazioa: 9 puntu.
Proposamen bat bi lan-ildo edo gehiagora egokitzen bada, puntuazio-ildo altuenari dagokion puntuazioa hartuko da aintzat.
5.1.2.– Balizko inpaktua sektorean (6 puntu gehienez).
Hauek izango dira hori bete den balioesteko kontuan hartuko diren elementuak:
– Proiektua abiatzetik eratorritako aurrerapen zientifiko eta teknologikoetako balizko onuradun diren herritarren, profesionalen edo enpresen sektoreak. Gehieneko puntuazioa: 2 puntu.
– Proposamenaren bat etortzea euskal herritarren bizi-kalitatea hobetzeko politika publikoekin. Gehieneko puntuazioa: 2 puntu.
– Bat-etortzea sektoreek, cluster taldeek edo Herrialdeko enpresa-talde nagusiek identifikatutako beharrizan edo abaguneekin. Gehieneko puntuazioa: 2 puntu.
5.1.3.– Proiektu- edo ikerketa-taldearen kalitate tekniko eta zientifikoa (15 puntu gehienez).
Hauek izango dira hori bete den balioesteko kontuan hartuko diren elementuak:
– Ikerketa-taldearen dimentsioa, bertako kideen balizko dedikazioari dagokionez eta taldeak proposatutako lana burutzeko gaitasuna bermatzeko estimaturiko masa kritikoari dagokionez. Aintzat hartuko da ikerketa-taldeko kideen artean doktoreak, masterreko tituludunak, proiektuaren arloan saritutako teknikariak edota unibertsitate zein erreferentziazko zentro entzutetsuetan esperientzia dutenak dauden. Horrelako kiderik ez badago, aintzat hartuko da ikerketa-taldeak antzeko lanik argitaratu duen edo laguntzarik jaso izan duen. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.
– Erabilgarri dauden ekipamendu eta azpiegiturak balioetsiko dira. Gehieneko puntuazioa: 5 puntu.
5.1.4.– Lanaren aurkezpenari dagokion koherentzia eta zuzentasunaren balioespena (36 puntu gehienez).
– Lanaren xedea azaltzeko memoria. Gehieneko puntuazioa: 18 puntu.
– Lan-programaren bideragarritasuna. Gehieneko puntuazioa: 18 puntu.
5.1.5.– Finantzaketaren eskema (28 puntu gehienez).
Hauek izango dira hori bete den balioesteko kontuan hartuko diren elementuak:
– Aurreikusitako aurrekontuaren tamaina, proiektuan bertan aurreikusitako helburu eta jarduerekin koherentea. Gehieneko puntuazioa. Gehieneko puntuazioa: 18 puntu.
– Babesle pribatuen konpromisoa inplikazio ekonomikoari dagokionez. Gehieneko puntuazioa: 5 puntu.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko edo beste administrazio batzuetako Sail edo Erakundeen aldetik aurreikusitako finantzaketa osagarria. Gehieneko puntuazioa: 5 puntu.
5.2.– II. ildoa: «Tresna informatikoen garapena, dibulgazio-kanpainen, jardunaldien eta ikastaroen garapena».
5.2.1.– Proposamenaren egokitzapena (20 puntu gehienez).
Proposamenaren egokitzapena jarraian ezarritako lan-ildoetarako batera, bere gehieneko puntuazioa ezberdina izango delarik gaiaren arabera:
– Eraikinen kontserbazio-egoera, EITak (Eraikinaren Ikuskapen Teknikoa), eraikinaren patologia, birgaitzea, erabilera nahiz mantenua eta balio-bizitza. Gehieneko puntuazioa: 20 puntu.
– Eraikinaren kalitatea: Eraikinaren kalitatea: EKT (Eraikuntzaren Kode Teknikoa) aplikatzea, proiektuaren kontrola, obraren gauzapena eta zerbitzuko probak. Industrializazioa. Gehieneko puntuazioa: 19 puntu.
– Eraikinen energia-eraginkortasunari buruzko ikerketak. Gehieneko puntuazioa: 18 puntu.
– Kudeaketaren kalitatea hobetzeari eta kalitatea ezartzeari buruzko ikerketak. Gehieneko puntuazioa: 17 puntu.
– Eraikinen jasangarritasun, funtzionaltasun, malgutasun eta espazio arloko prestazioen ebaluazioa. Gehieneko puntuazioa: 16 puntu.
– Obretako lan arloko segurtasun eta osasunari buruzko ikerketak. Gehieneko puntuazioa: 15 puntu.
– Eraikinen instalazioei buruzko ikerketak. Gehieneko puntuazioa: 14 puntu.
5.2.2.– Balizko inpaktua sektorean (15 puntu gehienez).
Hauek izango dira hori bete den balioesteko kontuan hartuko diren elementuak:
– Proiektua abiatzetik eratorritako aurrerapen zientifiko eta teknologikoetako balizko onuradun diren herritarren, profesionalen edo enpresen sektoreak. Gehieneko puntuazioa: 5 puntu.
– Proposamenaren bat-etortzea euskal herritarren bizi-kalitatea hobetzeko politika publikoekin. Gehieneko puntuazioa: 5 puntu.
– Bat-etortzea sektoreek, cluster taldeek edo Herrialdeko enpresa-talde nagusiek identifikatutako beharrizan edo abaguneekin. Gehieneko puntuazioa: 5 puntu.
5.2.3.– Lanaren aurkezpenari dagokion koherentzia eta zuzentasunaren balioespena (36 puntu gehienez).
– Lanaren xedea azaltzeko memoria. Gehieneko puntuazioa: 18 puntu.
– Lan-programaren bideragarritasuna. Gehieneko puntuazioa: 18 puntu.
5.2.4.– Finantzaketaren eskema (29 puntu gehienez).
Hauek izango dira hori bete den balioesteko kontuan hartuko diren elementuak:
– Aurreikusitako aurrekontuaren zenbatekoa, proiektuan bertan aurreikusitako helburu eta jarduerekin koherentea. Gehieneko puntuazioa: 19 puntu.
– Babesle pribatuen konpromisoa inplikazio ekonomikoari dagokionez. Gehieneko puntuazioa: 5 puntu.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko edo beste administrazio batzuetako Sail edo Erakundeen aldetik aurreikusitako finantzaketa osagarria. Gehieneko puntuazioa: 5 puntu.
5.3.– IV. ildoa: «Hiri-habitata»
5.3.1.– Zientziaren eta teknologiaren arloko bikaintasuna (15 puntu gehienez).
Hauek izango dira hori bete den balioesteko kontuan hartuko diren elementuak:
– Proiektuak zientzia- eta teknologia-arlo espezifiko batean egungo artearen egoerari buruzko ezagutzari egiten dion ekarpena eta zientziaren eta teknologiaren arloan aurrera egiteko proposamena, nazioarteko ikuspegia biltzen duena. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.
– Egungo egoerari dagokionez egin den jauzi teknologikoaren garrantzia. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.
– Parte-hartzailearen espezializazio-maila, aldez aurreko ibilbidea eta gaitasuna. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.
5.3.2.– Proiektuaren berrikuntza-maila (15 puntu gehienez).
Irizpide hau zenbateraino betetzen den aztertzeko, honako elementu hauek hartuko dira kontuan:
– Proiektuan argi eta garbi berritzaileak diren elementuak txertatzea: teknologia eta produktu berrien garapena, prozesuen hobekuntza nabarmena, zerbitzu berriak, negozio-eredu berriak, etab. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.
– Planteaturiko arazoak diagnostiko zehatz batean oinarrituz eta landutako gaien inguruko ezagutza zabala baliatuz konpontzeko modu edo aukera berrien inguruko proposamena. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.
– Proiektu aitzindaria, nazioartean nahiz estatuan parekorik ez duena. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.
5.3.3.– I+G+Bren balio-katearen integrazioa (10 puntu gehienez).
Irizpide hau zenbateraino betetzen den aztertzeko, honako elementu hau hartuko da kontuan:
– I+G+Bren balio-katearen etapak gauzatuko dituzten agenteen partaidetza:
– Zientzia-agenteak (unibertsitatea, BERC, etab.).
– Teknologia-agenteak (CCTT, CIC, etab.).
– Enpresak.
– Herri Administrazioa (preskriptore eta/edo sustatzaile gisa).
Gehieneko puntuazioa: 2,5 puntu zerrendaturiko talde horien arabera parte hartzen duen agente mota bakoitzeko.
5.3.4.– Zabalkundea eta nazioartekotzea (20 puntu gehienez).
Hauek izango dira hori bete den balioesteko kontuan hartuko diren elementuak:
– Nazioarteko erreferentziazko zentroekin jarduteko hitzarmenak edo lankidetza-hitzarmenetarako konpromisoak barne hartzen ditu. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.
– Europako Batasunaren I+G arloko H2020 edo INTERREG esparru-programen edo nazioarteko zein estatuko beste programa batzuen xede da. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.
– Lotura estua du EBren esparru-programak edo nazioarteko beste programa batzuek diruz lagunduriko beste proiektu batzuekin. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.
5.3.5.– Enpresa-garapena (10 puntu gehienez).
Hauek izango dira hori bete den balioesteko kontuan hartuko diren elementuak:
– Proiektuaren garapen arrakastatsuak lagundu egingo du euskal enpresaren lehiakortasuna eta nazioarteko posizionamendua hobetzen, edo baita Euskadik merkatu-hobi jakin batzuetan mundu osoan duen lidergoa hobetzen ere. Ildo horretatik, halaber, inbertituriko dirua aise jaso beharko da gerora. Gehieneko puntuazioa: 5 puntu.
– Emaitzak: produktu/zerbitzu berrien kopurua, fakturazio handiagoa, esportazioak eta enplegusorrera. Gehieneko puntuazioa: 5 puntu.
– Aurrekontu globala eta aurrekontu globalari dagokionez dagoen partaidetza pribatuaren ehunekoa. Gehieneko puntuazioa: 5 puntu.
5.3.6.– Gizarte-inpaktua (10 puntu gehienez).
Hauek izango dira hori bete den balioesteko kontuan hartuko diren elementuak:
– Proiektuaren garapen arrakastatsuak eragin handia izango du euskal gizarteak dituen erronka nagusiak gainditzeko lanean: etxebizitzaren gizarte-onurekin, energia aurreztearekin, ingurumenarekin eta abarrekin lotutako erronkak.
5.3.7.– Beste batzuk (20 puntu gehienez).
Hauek izango dira hori bete den balioesteko kontuan hartuko diren elementuak:
– Proiektuaren dimentsio ekonomikoa. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.
– RIS 3 espezializazio-arloen arteko zeharkakotasuna, ZTBP Euskadi 2020ren arabera. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.
– Proiektua sektoreen eta erakundeen artekoa den. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.
6. artikulua.– Kreditu aurreikusia eta diru-laguntzen zenbatekoa.
6.1.– Kreditu aurreikusia.
I., II. eta III. ildoetako laguntzak emateko, guztira 400.000,00 euro bideratuko dira, honela xehatuta:
2016. urtea: 25.000,00 euro; 2017. urtea: 175.000,00 euro; eta 2018. urtea: 200.000,00 euro.
Guztizko aurrekontu-kredituaren barruan, 200.000,00 euro I. ildoko jarduketak diruz laguntzeko erabiliko dira; 100.000,00 euro II. ildoko jarduketak diruz laguntzeko; eta beste 100.000,00 euro III. ildoko jarduketak diruz laguntzeko.
IV. ildoko laguntzak emateko, guztira 480.000,00 euro bideratuko dira, honela xehatuta:
2016 urtea: 480.000,00 euro.
6.2.– Diru-laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, I., II. eta III. ildoetarako aurrekontu-kreditua amaitu arte. Ildoren baterako kreditua amaituko ez balitz, soberakina I. ildoari esleituko litzaioke lehenik, II. ildoari ondoren eta III. ildoari azkenik. Kreditua amaituko ez balitz, diru-geldikina ez litzaioke IV. ildoari esleituko.
6.3.– IV. ildorako diru-laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, aurrekontu-kreditua amaitu arte. Kreditua amaituko ez balitz, diru-geldikina ez litzaieke gainerako ildoei esleituko.
6.4.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
6.4.1.– I. ildoa: «Berrikuntza-proiektuak edo -ikerketak».
– Esku-hartzeak goitik beherako hurrenkeran antolatuko dira, eskuratutako puntuen arabera.
– Diruz lagun daitekeen esku-hartzetzat hartzeko, gutxienez 50 puntu eskuratu behar dira.
– Behin antolatuta diruz lagunduko dira, formula hau aplikatuta:
Lortutako puntuazioa zati 100, bider bi zenbateko hauen artetik txikiena:
a) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua (zergak salbuetsita)
b) Ildo honetako proiektu edo ikerketa bakoitzerako diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa.
– Proiektu edo ikerketa bakoitzerako diru-laguntzak gehienez ere 40.000,00 eurokoak izango dira.
6.4.2.– II. ildoa: «Trensa informatikoen garapena, dibulgazio-kanpainen, jardunaldien eta ikastaroen garapena».
– Esku-hartzeak goitik beherako hurrenkeran antolatuko dira, eskuratutako puntuen arabera.
– Diruz lagun daitekeen esku-hartzetzat hartzeko, gutxienez 50 puntu eskuratu behar dira.
– Behin antolatuta diruz lagunduko dira, formula hau aplikatuta:
Lortutako puntuazioa zati 100, bider bi zenbateko hauen artetik txikiena:
a) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua (zergak salbuetsita).
b) Ildo honetako proiektu edo ikerketa bakoitzerako diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa.
– Esku-hartze bakoitzerako diru-laguntzak gehienez ere 30.000,00 eurokoak izango dira.
6.4.3.– III. ildoa. "ISO 9001, ISO 14001 eta ISO 14006 Nazioarteko Normalizazio Arauetan, Espainiako 166002 UNE Arauan eta OHSAS 18001 Industria Segurtasunaren eta Laneko Osasunaren Ebaluazioari buruzko Arauan oinarrituriko kudeaketa-sistemak txertatzea eta ziurtatzea, eta EAEn kokaturiko zentroetan integratzea (ISO/IEC 17025, ISO/IEC 17020).
– III. ildoarekin lotutako esku-hartzeak lehentasun-hurrenkera honi jarraituz antolatuko dira:
– Hiru sistemaren egiaztapena.
– Bi sistemaren egiaztapena.
– Sistema baten egiaztapena.
– Kalitatea eta ingurumena hobetzeko sistemen egiaztapenak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak finantza ditzake fondo galduko diru-laguntza bat emanda kanpoko gastuen % 50eko zenbatekoaz (zergak aparte), lan arloko arriskuen prebentzioari buruzko egiaztapenean, OHSAS Industria Segurtasun eta Osasun Okupazionalaren Ebaluaziorako arauaren arabera, izan ezik. Kasu horretan kanpoko gastuen % 25ekoa izango da (zergak aparte), Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak onartutako proiektuei dagozkienak, egiaztapenaren arabera gehieneko zenbateko jakin batzuekin:
– Sistema baten egiaztapena: 5.000,00 euro, OHSAS 18001 Industria Segurtasunaren eta Laneko Osasunaren Ebaluazioari buruzko Arauaren egiaztapenerako izan ezik, orduan 2.500 eurokoa izango baita.
– Bi sistemaren egiaztapena: 8.000 euro, egiaztapenetako bat 18001 OHSAS Industria Segurtasun eta Osasun Okupazionalaren Ebaluaziorako araua izan ezean, orduan 5.500 eurokoa izango baita.
– Hiru sistemaren egiaztapena: 11.000 euro, egiaztapenetako bat 18001 OHSAS Industria Segurtasun eta Osasun Okupazionalaren Ebaluaziorako araua izan ezean, orduan 8.500 eurokoa izango baita.
6.4.4.– IV. ildoa: «Hiri-habitata»
– Esku-hartzeak goitik beherako hurrenkeran antolatuko dira, eskuratutako puntuen arabera.
– Diruz lagun daitekeen esku-hartzetzat hartzeko, gutxienez 50 puntu eskuratu behar dira.
– Behin antolatuta diruz lagunduko dira, formula hau aplikatuta:
Lortutako puntuazioa zati 100, bider bi zenbateko hauen artetik txikiena:
a) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua (zergak kanpo).
b) Ildo honetako proiektu edo azterlan bakoitzerako diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa.
– Proiektu edo ikerketa bakoitzerako diru-laguntzak gehienez ere 60.000,00 eurokoak izango dira.
6.4.5.– Diruz lagun daitezkeen esku-hartze ildo bakoitzean onartutako proposamenak antolatu egingo dira.
Diru-laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, puntuazio gorenetik puntuazio txikienera, ildo bakoitzeko aurrekontu-kreditua agortu arte.
Ildo berean proposamen ezberdinek puntuazio bera jasotzen badute, eta aurrekontu-kreditua guztietarako iristen ez bada, hainbanaketa egingo da.
7. artikulua.– Organo kudeatzailea eta esleipena ebaztea.
7.1.– Etxebizitza Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.
7.2.– Aurkeztutako eskaerak dagokion prozeduraren arabera izapidetuko dira, diruz lagun daitekeen ildo bakoitzean.
7.3.– Eskaerak aztertzeko, Balorazio Epaimahai bat sortuko da, Araudi Zerbitzuko buruak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko hiru teknikarik osatua. Epaimahai horrek, 5. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta, diruz lagun daitekeen ildo bakoitzean aurkeztutako eskaerak aztertuko ditu, eta, 6. artikuluan ildo bakoitzerako aurreikusten denari jarraikiz, dagozkion ebazpenproposamenak egingo ditu. Ebazpenotan, emateko eta ezeztatzeko proposatu diren dirulaguntzak zerrendatuko dira, honako hauek adierazita: onuraduna, diruz lagunduko den jarduketa eta zenbatekoa, emateko diru-laguntzen kasuan; eta eskatzailea eta ezeztatzeko arrazoia, ezeztatzeko diru-laguntzen kasuan.
7.4.– Balorazio Epaimahaiaren arabera, Etxebizitza zuzendariari dagokio diruz lagun daitezkeen ildo bakoitzaren inguruko ebazpenak ematea eta interesdunek planteaturiko auzi guztiak ebaztea.
7.5.– Prozedura bakoitzean hartzen den ebazpenaren bidez erabakiko da eskaturiko diru-laguntzak eman ala ez. Emango diren laguntzen kasuan, hauek adieraziko dira: pertsona edo erakunde onuradunen izena edo izen soziala, diruz lagunduriko jarduketa eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa (eta, hala badagokio, laguntza horren urtekako banaketa). Gainera, nortasun juridikorik gabeko taldeen kasuan, jasota utziko dira taldekide bakoitzak bere gain harturiko exekuziokonpromisoak eta konpromiso bakoitzerako aplikatu behar den zenbatekoa. Ezeztaturiko laguntzen kasuan, berriz, hauek adieraziko dira: eskatzaileen izena edo izen soziala, eta eskaera ezeztatzeko arrazoiak.
7.6.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea. Bestalde, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango dute ebazpen horren aurka Etxebizitza sailburuordearen aurrean, jakinarazpena egiten den egunaren biharamunetik aurrera zenbatzen hasi eta hilabeteko epean, bat eginez Herri Adminstrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen (azaroaren 26ko 30/1992) 114. eta 115. artikuluekin.
7.7.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, dagokion prozeduraren barruan. Dena dela, jende oro jakinaren gainean egon dadin, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, hauek adierazita: diruz lagunduriko jarduketa, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, hala badagokio, zenbateko horren urtekako banaketa.
7.8.– Ebazpena egin eta interesdunei jakinarazteko, gehienez ere lau hilabeteko epea egongo da, eskaerak aurkezteko azken egunetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta ez bada ebazpenik jakinarazi, interesdunek ulertuko dute ezeztatu egin zaiela laguntza-eskaera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen (azaroaren 26ko 30/1992) 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
7.9.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntza jaso duten erakundeei laguntzak eman eta ordaintzeko, amaitu egin behar da oraindik ere izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapenprozedura, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiak edo haren organismo autonomoek emandako antzeko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan abiatu bada.
8. artikulua.– Laguntzak jasotzea, jarraipen-sistema eta gastuak justifikatzeari buruzko arauak.
8.1.– Agindu honen babesean emango diren diru-laguntzak honela ordainduko dira:
– 9. artikuluko a) atalean ezarritako epea igaro ondoren berariaz ukorik egin ez bada, aldez aurretik ordaintzeko agindua emango da, emandako diru-laguntzaren ehuneko sei koma hogeita bosti (% 6,25) dagokion zenbatekoa, hain zuzen.
– Emandako diru-kopuruaren zati bat, ehuneko hamar (% 10), gorde egingo da, eta entitate onuradunak laguntzaren xede den jarduera benetan gauzatu dela eta jardueraren benetako kostua ziurtatzen duenean ordainduko zaio.
– Gainerakoa, proposatutako lan-planetan aurkeztutako mugarriekin ados, hiruhileko txostenak aurkeztu eta aurretiko ordainketa justifikatu ondoren ordainduko da. Ordaintzeko aginduak emango dira, eta zenbatekoak kalkulatzeko justifikatutako gastuen kopuruari diruz lagundutako jarduerarako onartutako aurrekontuaren gainean, laguntza kalkulatzeko oinarri gisa hartu zena, emandako dirulaguntzaren portzentajea aplikatuko zaio.
8.2.– IV. ildoko azterlanen justifikazioarekin batera, azterlanek UNE 166001:2006 «I+G+Bren kudeaketa: I+G+Bren arloko proiektu baten baldintzak» Arauaren arabera eman dituzten emaitzak jasoko dira, eta, gainera, emaitzak zabaltzeko aurreikusita dagoen plana aipatuko da.
8.3.– I., II. eta III. ildoetako egiaztagiri guztiak aurkezteko azken eguna 2018ko azaroaren 15a izango da, eta IV. ildoko egiaztagiriak aurkeztekoa, berriz, 2017ko urtarrilaren 15a.
9. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak eta diru-laguntzen beste baldintza batzuk.
Agindu honetan araututako diru-laguntzak jasoko dituzten erakundeek beti bete behar dituzte jarraian adierazten diren betebeharrak eta Diru Laguntzen Legearen (azaroaren 17ko 18/2003) 14. eta 56. artikuluan zehaztutako beste guztiak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen Lege Dekretuaren (azaroaren 11ko 1/1997) 50.2 artikulua ere.
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, laguntza onartutzat joko da, baldin eta erakunde onuradunek berariaz eta idatziz uko egiten ez badute, diru-laguntza emango dela jakinarazten denetik aurrera zenbatzen hasi eta hamabost eguneko epean.
b) Diru-laguntza berez dagokion xederako erabiltzea.
c) Laguntza eman duen organoak (Kontrol Ekonomikoko Bulegoak) gauzatu beharreko egiaztapen-lanak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren aginduak betetzea. Halaber, edozein kontrolorgano eskudunek (nazionalek zein erkidegokoek) egin ditzaketen egiaztatze-jarduerak eta finantza-kontrolak onartzea. Horretarako, arestian aipatutako jarduerak gauzatzean eskatzen den informazioa eman beharko da.
d) Laguntza eman duen organoari jakinaraztea ea diruz lagundutako ekintza horiek gauzatzeko bestelako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edota baliabideak jaso diren. Jakinaren gainean egon bezain laster egin behar da jakinarazpena eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen. Horretarako, Agindu honen 10. artikuluan zehazturiko irizpideak ezarriko dira.
e) Onuradunek diru-laguntzen publizitatea egin beharko dute, Diru-laguntzen Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 18/2003) 18. artikuluari jarraikiz. Publizitatea egiteko, gutxienez, erakunde onuradunaren webgunean emango da jasotako diru-laguntzaren berri. Dena dela, beste publizitate motaren bat ere zehaztu ahal izango da, jarduera zein den.
10. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, eta bestelako administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emandako laguntza edo diru-laguntzak pilatuz gero, eta, hala badagokio, xede bererako bestelako diru-sarrera edo baliabide batzuk jasoz gero, emakida-ebazpena alda daiteke, betiere laguntzari buruzko arauan onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira, ez badira aldatzen laguntza emateko funtsezko alderdiak eta onuradunaren erabakia, eta ez bazaie hirugarrenen eskubideei kalte egiten.
11. artikulua.– Ez-betetzearen ondorioak.
11.1.– Erakunde onuradunak, ez badu eskaturiko eta emandako xede zehatzerako erabiltzen Enplegu eta Gizarte Politiken Sailaren diru-laguntza, ez badu diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzen, ez badu justifikaziorik edo behar besteko justifikaziorik egiten, edo, oro har, Diru Laguntzen Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 18/2003) 37. artikuluan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan, Agindu honetan edo emakidaebazpenean jasotako itzulketa-kausetako edozein badagokio, nahitaez itzuli beharko du jasotako diru-laguntza, diru-laguntzen arloan aplika daitezkeen berandutze-interesekin batera, Dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duen Dekretuak (abenduaren 17ko 698/1991) ezarritako prozedura betez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura.
11.2.– Era berean, Diru Laguntzen Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 18/2003) 19. artikuluko 3. zenbakiak jasotzen duen kasua gertatuz gero, diruz lagundutako jardueraren kostuari dagokionez jaso den gehiegizko dirua itzuli beharko da, eta diru-laguntzen arloan aplika daitezkeen berandutzeinteresa eskatuko da.
12. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Laguntza hauen emakida bateragarria izango da helburu berbera duten fondo publikoen edo pribatuen kargura jaso daitekeen beste edozein laguntzarekin. Hala ere, helburu berbererako jasotako laguntzen zenbateko osoa, deialdi honetan emandako diru-laguntzaren kopurua batuta, azken kostu osoa baino handiagoa bada, gehiegizko kopuru hori kenduko zaio emandako laguntzari, deialdi honetan adierazi den bezala.
AZKEN XEDAPENetatik Lehenengoa
Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Aginduaren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezar diezaiokete Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Aretoan, Agindua EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, bi hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENetatik BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko irailaren 1ean.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.