EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2016172

AGINDUA, 2016ko uztailaren 27koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako diru-laguntzen deialdia egiteko dena, 2016-2017 ikasturtean Lanbide Heziketako IV. Euskal Planaren barruan eremu estrategikoetako jarduera-ildoak gara ditzaten.

Xedapenaren data: 2016-07-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201603868
Maila: Agindua
Gaur egungo egoera sozioekonomikoan merkatuen zein ekoizpenaren globalizazioa da ezaugarri nagusia, horregatik, enpresen ekoizpen-ehunak, eta ondorioz enpresa-ereduak, egoera berri horretara egokitu behar dute. Globalizazio-prozesu horrek lehia handia eragiten du, hori dela eta, lehia-posizioak eginkizun garrantzitsua du enpresen etorkizunean. Lehia-posizio hori garapenerako eta enpresa-hazkunderako motorra ere bada, eta lortuko bada, adimen-kapitala zein ezagutzaren kudeaketa eraginkorra behar dira, baita estrategia berritzaileak aplikatzea ere, biak ala biak enpresetan balioa eta lehiatzeko abantaila sortzeko iturri baitira.
Egoera horrek lanbide-profil berri bat eskatzen du; hain zuzen, gaitasunen hobekuntza argia egiaztatuko duena, eta ez soilik gaitasun teknikoena, baita oinarrizko eta zeharkakoena ere: ekimena, erantzukizuna, konpromisoa, autonomia, taldeko lana, analisi-gaitasuna, ezagutzaren transmisioa eta erabakitzeko gaitasuna, besteak beste.
Lanbide-heziketak enpresen funtsezko aliatua izan behar du profil profesional berri horien garapenean, ikasleen kualifikazioa eta espezializazioa, eta ondorioz enplegurako gaikuntza, hobetzen lan eginez.
Garapen- eta berrikuntza-sistemak aukera berriak sortzera eta enplegu-sorrera laguntzera bideratzea da Lanbide Heziketako ikastetxeen erronka nagusia.
Hartarako, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak lanbide-heziketa diseinatu eta garatzearen alde egin du, non ikastetxeak adimen estrategikoaren eta ezagutzaren unitate autonomo eta malgu bihurtzen diren; era horretan, etengabeko eboluzioan ari den gizartearen eta ekoizpen-sektorearen –bereziki industrialaren– beharrak aurreikusteaz gain, produktu edo ekoizpen-prozesu berriak sortzeko aukerak modu proaktiboan identifikatu ere egin ditzakete, bai eta indarra hartzen ari diren sektoreetako jarduerak ere, euskal ekoizpen-ehunaren lehiakortasuna zein ikasleen enplegagarritasuna hobetu eta indartzearren.
Ildo horretatik, Lanbide Heziketako IV. Euskal Planak lanbide-heziketako euskal sistemaren eraldaketak zuzendu behar ditu, eta horretarako, hainbat helburu eta jarduera-ildo nagusi ezartzen ditu eremu estrategiko hauen barruan: Prestakuntza integratua, berrikuntza aplikatua, ekintzailetza aktiboa, nazioartekotzea eta Lanbide Heziketako ikastetxeak.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Diru-laguntzen Plan Estrategiaren barruan sartzen da deialdi hau, halaber.
Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, aipatutako Lanbide Heziketako IV. Euskal Plana eraginkortasunez ezartzea bultzatzeko, itunpeko ikastetxe pribatuak deitzen ditu irakasleen bitartez hau egin dezaten: irakasleen prestakuntza indartzen duten jarduera eta proiektuetan parte har dezaten, gero eta espezializatu eta konplexuagoa den ikaskuntza-ingurune batera egokitutako gaitasun eta metodo berriak garatzeko; Lanbide Heziketak enpresetarako, bereziki ETEetarako, babesean parte hartzea sustatu dezaten; giza kapitalaren espezializazioaren eta berrikuntza aplikatuaren bitartez indarra hartzen ari diren sektoreetan lan egin dezaten; Lanbide Heziketako ikastetxeen enpresen espezializazio-mailaren hobekuntzan parte hartzea sustatu dezaten, bereziki ingurune konplexuetan jarduteaz gain Lanbide Heziketako ikastetxeetan proaktiboki sortzen diren berrikuntza aplikatuko eta ekintzailetzako proiektuen garapena lagundu ere egiten duten ETEei dagokienez.
Ondorioz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzen araubidea arautzekoa), Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean (azaroaren 17ko 38/2003) eta abenduaren 23ko 9/2015 Legean (Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko Aurrekontu Orokorrak onartzekoa) jasotako xedapenekin bat etorriz,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren helburua.
Aginduak xedetzat du itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatzea, 2016-2017 ikasturtean Lanbide Heziketako IV. Euskal Planean estrategikotzat hartutako eremuak ezartzeko jarduerak, deialdi honen 3. artikuluan zehaztutakoak, gara ditzaten.
2. artikulua.– Onuradunak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzak eskuratu ahal izango dituzte ikastetxe pribatuen pertsona fisiko edo juridiko titularrek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloak itunduta badituzte 2016-2017 ikasturtean.
3. artikulua.– Lehentasunezko jarduera-ildoak.
1.– Agindu honen diru-laguntza eskuratu ahal izango dute Lanbide Heziketako IV. Euskal Plana ezartzeko lehentasunezkotzat jotako helburuak lortzeko jarduerek, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak xede horrekin bultzatutakoek. Ikus I. eranskina.
2.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako ekimenekin bat egingo dute horrela eskatzen duten itunpeko ikastetxeek, eta ezarritako helburuak, garatzeko baldintzak eta plangintza hartuko dituzte beren gain.
3.– TKNIKA Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa, EEI Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua eta IDEATK Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuaren Euskal Institutua, dagokionaren arabera, dira jarduerak behar bezala ebaluatu eta garatzearen erantzule.
4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
1.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak dira irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza) eta horri lotutako bestelako jarduera osagarriak garatzeko ordezko langileak kontratatzearen kostuak, betiere diruz lagundutako jarduera egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan eginez gero. Deialdi honen ondoreetarako, egotz daitekeen kostutzat hartuko dira ordainsariak eta erakunde eskatzailearen konturako karga sozialak.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuen estaldura-aldia diruz lagundutako jarduera hasten denetik amaitzen den arte zenbatuko da, betiere diruz lagundu daitekeen aldiaren barruan, hau da, 2016ko irailaren 1etik 2017ko ekainaren 30era arteko aldian.
3.– Jarduerari, gehienez ere, diruz lagundutako 726 irakastordu eta 474 ordu osagarri egotzi ahal izango zaizkio lanaldi osoko liberazio baterako. Ordezko langileak kontratatzeko diruz lagundu eta egotzi daitekeen orduko gehieneko kostua hogeita hamabost (35) euro ordukoa da irakasleentzat, eta berrogeita hiru (43) euro ordukoa irakasle adituentzat. Lanaldi partzialeko liberazioak izanez gero, proiektuari gehienez ere egotz dakiokeen gehieneko ordu kopurua lanaldi osorako ezarritako gehienekoaren arabera kalkulatuko da.
5. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.
Agindu honen xede diren jarduerak diruz laguntzeko zenbateko osoa milioi bat zazpiehun eta berrogeita hamalau mila (1.754.000) euro da. Ikus I. eranskinean deialdiaren xede diren diruz lagundu daitezkeen jarduera-ildo bakoitzerako banakapena.
6. artikulua.– Parte hartzeko betekizunak.
1.– Diru-laguntzak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte ikastetxe onuradunek:
a) Itunpeko ikastetxe pribatua izatea, eta 2016-2017 ikasturtean Lanbide Heziketako erdi- edo goi-mailako heziketa-zikloak ematea.
b) Inolako zigor penalik ez administrazio-zigorrik ez izatea, diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duenik.
c) Indarrean dauden xedapenek zergen eta gizarte-segurantzaren arloan ezartzen dituzten eginbideak beteak izatea. Eskakizun hau ebazpena eta diruz lagundutako zenbatekoaren ordainketa egin arte beteta eduki behar dute.
d) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluan ezarritako egoeraren baten ez egotea.
2.– Baldintza orokorrez gain agindu honen I. eranskinean diru-laguntza eskatzen den jarduera bakoitzerako ezarritako berariazko baldintzak ere bete beharko dituzte.
7. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren iraupena.
Diruz lagundutako jarduera, hasiera ematen diotenetik 2016-2017 ikasturtea amaitzen den arte garatuko dute, hau da, 2016ko irailaren 1etik 2017ko ekainaren 30era arteko aldian.
8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Ikastetxe interesdunek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak.
2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko Dekretuak (otsailaren 21eko 21/2012), eta Informatika eta Teknologiako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an eman zuen Ebazpenak; ebazpen horren bidez, Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen.
3.– Eskabideak bide elektronikoz nola izapidetu, erantsi beharreko dokumentazio-ereduak eta deialdi honekin lotutako gainontzeko izapideak honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/agrupacion_servicios/2017/ActPVFP/y22-izapide/es
4.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barne, honako helbide honetako Nire kudeaketak atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.
1.– Eskabideak (II. eranskina), baldintza guztiak behar bezala beteta, modu elektronikoan aurkeztu behar dituzte, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hilabeteko epearen barruan, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatuta.
2.– Eskabideak aurkezteak deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak berariaz eta formalki onartzea dakar. Eskabide bat aurkeztu behar da diru-laguntza eskatzen den jarduera-ildo bakoitzeko.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidean erantzukizunpeko adierazpena jasoko dute, honako betebehar hauek egiaztatzeko:
a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea, baiezkoa izanez gero, laguntza eman duen erakundearen izena eta zenbatekoa adierazita.
b) Erakunde eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio- edo zigor-arloko zehapen baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.
c) Eskabidean eta aurkeztutako datuak egia direla eta indarreko araudian diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen dituela.
4.– Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) III. eranskina (Eskatutako jarduerari buruzko inprimakia).
5.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkezteak baimena emango du Lanbide Heziketako Sailburuordetzak zuzenean egiaztatu dezan diru-laguntzen eskatzaileen zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak bete izana. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu.
6.– Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan behar den dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun naturaleko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) 42. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.
10. artikulua.– Aukeraketa-irizpideak eta puntuazioa.
1.– Deialdi honen barruan diruz lagundu daitezkeen jarduera-ildoak emateko prozedura norgehiagoka izango da, Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartu zuen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49. artikuluan (Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren laguntzen eta diru-laguntzen araubidea arautzen du artikulu horrek) xedatutakoa betez, hau da, aurkeztutako eskabideak alderatuz, horien arteko hurrenkera ezartzeko I. eranskinean jarduera bakoitzarentzat aldez aurretik ezarritako balorazio-irizpideekin bat etorriz, eta, erabilgarri dagoen kreditua eta eranskin horretan finkatutako muga kontuan harturik, irizpide horiek aplikatuz balorazio handiena lortu dutenak adjudikatzeko.
2.– Diruz lagundutako jarduera bakoitzeko onuradunen gehieneko kopurua I. eranskinean finkatutakoa izango da.
11. artikulua.– Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa.
Jarduera bakoitzeko diru-laguntzaren zenbatekoa I. eranskinean adierazitakoa izango da, irakasleen liberazio osoko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 42.000 euro dela kontuan hartuta (irakasle adituen zenbatekoa, halere, 51.600 euro izango da gehienez), baina zenbateko horrek ez du inola ere gaindituko ikastetxeak diruz lagundutako jarduera garatzeko benetan egindako gastua.
12. artikulua.– Prozeduraren izapideak.
1.– Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariak izango du emateko prozedura izapidetzeko eskumena.
2.– Balorazio Batzorde bakar bat eratuko da I. eranskinean azaldutako jarduera-ildoetara aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko. Kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango ditu kide:
a) Batzordeburua: Ramón Martínez de Murguia Urreta jauna, Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendaria edo ordezten duen pertsona.
b) Batzordekideak:
Begoña Arraiz Argoitia andrea, Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduraduna edo ordezten duen pertsona.
Jon Labaka Intxauspe jauna, TKNIKA Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko Lanbide Heziketaren esparruko Berrikuntza Aplikatuaren arloko zuzendaria edo ordezten duen pertsona.
Agustin Agirre Andonegi jauna, TKNIKA Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko ikaskuntza-metodoen eta -prozesuen ikerketaren arloko zuzendaria edo ordezten duen pertsona.
Javier Mardones Alonso jauna, EEI Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuko zuzendari exekutiboa edo ordezten duen pertsona.
Begoña Artola Oteiza andrea, IDEATK Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuaren Euskal Institutuko zuzendaria edo ordezten duen pertsona.
Asier Bikandi Elorriaga jauna, Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzako teknikaria. Idazkari arituko da hitza bai baina botorik gabe.
3.– Balorazio Batzordeak, aurkeztutako eskabideak ebaluatutakoan, ebazpenaren behin-behineko proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori agindu honen 8. artikuluan ezarritako baliabide elektronikoez jakinaraziko zaie eskatzaileei, eta 10 egun naturaleko epea emango zaie, halaber, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, egoki deritzeten alegazioak aurkezteko edo, baldin eta proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa eskatutakoa baino txikiagoa bada, eskabidea berriro egin ahal izateko, konpromisoak eta baldintzak eman dakiekeen diru-laguntzara egokituta. Hamar egun naturaleko epea igarotzen bada proposamenaren edukira jo gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da eta prozedurari jarraikiz izapidea egintzat joko da, betiere ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horretara jotzea tekniko edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen ez bada.
4.– Nolanahi ere, eskabideak berriro egitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua ez ezik, ezarritako balorazio-irizpideak ere bete beharko dituzte.
5.– Aurkeztutako alegazioak eta eskabideak berriro formulatzeko proposamenak aztertuta, Balorazio Batzordeak ebazpenaren behin betiko proposamena egingo du, diru-laguntza ematea proposatutako eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda adierazita, baita zenbatekoa ere, eta horretarako jarraitutako ebaluazioa eta balorazio-irizpideak zehaztuko ditu proposamen horrek. Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariak, organo izapidegile gisa, Lanbide Heziketako sailburuordeari bidaliko dio proposamen hori, ondoren ebazpena eman dezan.
6.– Ebazpenaren behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute eskubiderik sortzen aipatutako proposamenean proposatutako onuradun gisa ageri diren pertsonen alde, harik eta emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.
13. artikulua.– Deialdia ebaztea.
1.– Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du deialdia, Balorazio Batzordeak proposatuta, eta 10 egun naturaleko epean, ebazpena ematen denetik aurrera, banan-banan jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei bitarteko elektronikoak erabiliz –guztiek jakin dezaten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea hargatik eragotzi gabe–, erakunde onuraduna eta emandako zenbatekoa adierazita. Halaber, ebazpenean ezetsitako eskabideak ere berariaz jasoko dira.
2.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko, gehienez ere sei hilabete izango dira, agindua argitaratu ondorengo egunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) 44.1 artikuluan araututakoaren arabera.
3.– Diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, ezinbestekoa izango da izapideetan egon daitezkeen itzultze- edo zehatze-prozedura guztiak bukatzea, betiere, laguntza eta diru-laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan badaude.
14. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Agindu honen xede diren diru-laguntzen onuradunek, 2017ko irailaren 19a baino lehen, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) V. eranskina, amaierako justifikazio-memoria.
b) VI. eranskina, Liberatutako eta ordezko irakasleen ordu-dedikazioaren ziurtagiria. Ziurtagiriarekin batera Hezkuntza Jardueren Dokumentua (HJD) ere erantsiko dute, bertsio itxian, ikastetxeko zuzendariak behar bezala beteta eta sinatuta. Agiri horretan «Act.PVFP» gisa jasoko da eskatutako jardueran aritzen diren irakasleen liberazioa.
c) Ordezko irakasleen lan-kontratuaren kopia konpultsatua.
d) Agindu honen 4.2 artikuluan ezarritako diruz lagundu daitekeen gastuaren estaldura-aldia osoari dagozkion ordezko irakasleen nominen kopia konpultsatua.
2.– Justifikazio horiek aurkezteko orduan Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte honako helbide honetako Nire Kudeaketak atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
3.– Diruz lagundutako zenbateko osoa eskuratzeko, ordezko langileak kontratatzeari egotz dakizkiokeen kostuak diruz lagundutako zenbatekoa baino handiagoak edo parekoak izan behar dira.
15. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
1.– Diru-laguntzak zatituta ordainduko dira, zehazki, hiru ordainketa eginez. Honela egingo dira ordainketak:
a) Lehen ordainketan pertsona onuradun bakoitzari emandako diru-laguntzaren % 30ekoa izango da, 18.1 artikuluan adierazitako epea igarotakoan, ukorik egon gabe.
b) Bigarren ordainketa onuradun bakoitzari emandako diru-laguntzaren % 60koa izango da eta 2017ko ekitaldian egingo da, diruz lagundutako jardueraren % 60a garatu ostean, betiere ebaluazioaz eta jarduera behar bezala garatzeaz arduratzen den erakundeak aldeko ebaluazioko txostena egiten badu, dagokionaren arabera, agindu honen 3. artikuluaren 3. zenbakian xedatutakoari jarraikiz, eta ordezko irakasleen gastu-zerrenda 2017ko martxoaren 1ean aurkeztu ondoren (IV. eranskina).
c) Hirugarren ordainketa gainerako zenbatekoagatik izango da, % 10, diruz lagundutako jarduera amaitutakoan, egindako gastu guztiak justifikatu eta aurreko artikuluko zenbaki guztiak bete ondoren.
2.– Justifikazioa aurkezten ez bada, edo Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko (azaroaren 17ko 38/2003) 37. artikuluan azaldutako kausaren bat jazoz gero, diru-laguntza osorik zein diru-laguntzaren zati bat kobratzeko eskubidea galduko da.
16 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Emandako laguntzak ezeztatzeko kausa izango da onuradunek agindu honetan ezarritako baldintza eta eskakizunetakoren bat ez betetzea, bai eta laguntzak aurkeztutako proiektuan zehaztutakoaren bestelako xedeetara bideratzea ere. Hori dela eta, diru-laguntzak benetan zertara bideratu diren egiaztatzeko eskumena izango du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak.
2.– Diru-laguntza emateko betekizunak betetzen ez direla frogatzen bada, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli egin beharko zaizkio, batetik, jasotako kopuruak eta, bestetik, sortutako legezko interesak, hala agintzen baitute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintza Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen 698/1991 Dekretuak. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan jasotzen da.
3.– Liberatutako irakasleak diruz lagundutako jardueran modu aktiboan parte hartu beharreko gutxieneko ehunekoa dena delako jarduerari egotzitako ordu guztien % 70 izango da. Aipatutako % 70 baino gehiagoko ehunekoan ez parte hartzea erabateko ez-betetzetzat hartuko da, eta, horrelakoetan, jasotako diru-laguntzaren zenbateko osoa gehi bidezkoak diren legezko interesak itzuli beharra egongo da. Ez-betetze partziala izango da, berriz, gutxienez % 70eko parte-hartzea badago baina % 100era iritsi gabe. Horrelakoetan jardueran izandako parte-hartze mailaren arabera itzuli beharko dute diru-laguntza.
4.– Lehen esandakoari kalterik egin gabe, diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzetan aldaketaren bat gertatzen bada, aldatu egin ahal izango da diru-laguntza emateko ebazpena ere, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak errespetatzen badira.
17. artikulua.– Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Hori gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa kasuan kasuko gehieneko mugaraino murriztuko da. Nolanahi ere, diru-laguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da.
2.– Deialdi honen jardueretan parte hartzen duten irakasleen liberazio osoa edo partziala ordaintzeko jasotako diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango 2016-2017 ikasturtean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste laguntza edo diru-laguntza batzuekin, horiek gauzatzeko baliatutako tresna juridikoa edozein izanik ere.
18. artikulua.– Jarduera egiteko baldintzak eta onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzen onuradunek baldintza hauekin bat etorriz eta honako betebehar hauek betez egin beharko dute jarduera:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Horretarako, diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hamabost egun naturaleko epean onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko dute.
3.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren aurrean justifikatzea deialdian ezarritako eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela.
4.– Jasotako funtsen erabilpena frogatzen duten agiriak gordetzea, are elektronikoak ere, baldin eta egiaztatu eta kontrolatu ahal badira.
5.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete, beren jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.
6.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari.
7.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.
8.– Laguntzea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari zuzenean edo bere erakunderen baten bidez (TKNIKA Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa, EEI Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua edo IDEATK Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuaren Euskal Institutua), dagokionaren arabera, jarduera bakoitzaren jarraipena eta ebaluazioa egiten.
9.– Jasotako diru-laguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horiek euskarrietan, informatiko zein bestelakoetan, adierazpen hau jasotzera mugatuko dira: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak finantzatutako jarduera».
10.– Ikastetxeak eskatutako jarduerarako liberatutako irakaslea jarduera amaitu arte eduki beharko du. Justifikatutako zioak direla eta, pertsona horrek proiektuan ezin badu jarraitu, ikastetxeak Lanbide Heziketako Sailburuordetzari eskatuko dio hura ordezkatzeko baimena; edonola ere, proiektuaz arduratuko denari buruzko datuak eta aldaketaren zergatia adierazi beharko ditu.
11.– Jarduera hauetako bakoitzean hautatutako ikastetxe guztiek irakaste-ordutegirik gabe utzi beharko dute liberatutako irakaslea I. eranskinean adierazitako astegunetan, jarduera hori TKNIKAn egin ahal izan dezan. Egoera horren berri «Act.PVFP» modura jasoko da Hezkuntza Jardueren Dokumentuan (HJD), bertsio itxian.
12.– Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
19. artikulua.– Datuen babesa.
1.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoarekin (abenduaren 13ko 15/1999) eta otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin (Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa) bat etorriz, deialdi honen izapideak egiterakoan jasotako datu pertsonalak –parte-hartzaileek tratatzea eta argitaratzea baimendu dituztenak– «Diru-laguntzak eta laguntzak» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritza da. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzaren aurrean balia daitezke. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
2.– Halaber, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonak baimena ematen diote Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari aurkeztutako agiriak egiazkoak direla beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIKI LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honetan araututa ez dagoen guztian, prozeduraren arloan hauetan xedatutakoa izango da aplikagarria: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean (azaroaren 17ko 38/2003).
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 27a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
LANBIDE-HEZIKETAKO IV. EUSKAL PLANAREN JARDUN-ILDOEKIN LOTUTA DEIALDI HONETAN JASOTAKO JARDUEREN ZERRENDA
II. ERANSKINA
ESKABIDE ELEKTRONIKOAREN EREDUA
III. ERANSKINA
ESKATUTAKO JARDUERARI BURUZKO FITXA
IV. ERANSKINA
JASOTAKO DIRU-LAGUNTZARI EGOTZ DAKIZKIOKEEN GASTUEN LABURPENA
V. ERANSKINA
AMAIERAKO JUSTIFIKAZIO-MEMORIA
VI. ERANSKINA
LIBERATUTAKO ETA ORDEZKO IRAKASLEEN ORDU-DEDIKAZIOAREN ZIURTAGIRIA