EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2016172

114/2016 DEKRETUA, uztailaren 27koa, zeinaren bidez ikerketa, garapen eta berrikuntzarako, energia-eraginkortasuneko eta energia garbietako neurrietan inbertitzeko zein zientziaren eta teknologiaren arloko inbertsiorako finantzazio-laguntza emateko programa garatzen den.

Organo emailea: OGASUN ETA FINANTZA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201600114
Xedapenaren data: 2016-07-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201603866
Maila: Dekretua
Laguntza-programa berri bati ekitea egokitzat jo dugu Jaurlaritzaren jarduera esanguratsu modura, industria-sektorean eta horri lotutako zerbitzuetan ikerketa, garapen eta berrikuntzako inbertsio-proiektuak, energia-eraginkortasuneko neurriak zein zientziaren eta teknologiaren arloko inbertsioak finantzatzea bultzatzeko. Hori guztia 2014ko abenduan onartutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren barruan (ZTBP) eta Eusko Jaurlaritzak Europako berrikuntzaren buruan kokatzeko konpromisoari jarraikiz.
Horretarako, finantzaketa horri bultzada ematea helburua hartuta, 30 milioi euroko Berme Funtsa eratzea onartu du gobernu-kontseiluak, Finantzen Euskal Institutuarekin eta hainbat finantza-erakunde zein elkar bermatzeko sozietaterekin egindako lankidetza-hitzarmenaren barruan, aipatutako inbertsio-proiektuei maileguak eta abalak emateko.
Gobernuaren jarduera esanguratsu honen helburua hau da: Finantzen Euskal Institutuek, hitzarmena sinatzen duten finantza-erakundeekin elkarlanean, maileguak ematea guztiz operatiboa izatea, era horretan eragin aktiboa izan dezan industria-sektoreko enpresen, lotutako zerbitzuen, teknologia-zentroen, ikerketa kooperatiboko zentroen (IKZ) eta enpresaren arloko I+G unitateen ikerketa, garapen eta berrikuntzako, energia-eraginkortasuneko neurrietako zein zientziaren eta teknologiaren arloko inbertsioak sustatzeko lanean.
Hori horrela, parte hartzen duten finantza-erakundeek maileguak kreditu-merkatuan dauden antzeko baldintzetan emateko konpromisoa hartzen badute ere, aurreikusitako bermeak, zalantzarik gabe, pertsona eta erakunde onuradunek finantzaketa hori eskuratzeko erraztasuna emango du, 150 milioi euroko maileguak bideratuta, eta, ondorioz, gutxienez 200 milioi euroko inbertsio-proiektuei heltzeko aukera ere emango du.
Onuradunek lortzen duten abantaila hori Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) esparruan dago. Erregelamendu horrek laguntza-kategoria batzuk Ituneko 107. eta 108. artikuluak (2014-06-26ko AO. 187 L) aplikatuz barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen ditu; eta erregelamendu horrek zehazten du zer laguntza dauden salbuetsita Batzordeari jakinarazi beharretik eta zer laguntza hartzen diren barne-merkatuarekin bateragarritzat.
Aurreko hori gorabehera, kontuan izanik Euskal Autonomia Erkidegoan diru-laguntzen arloan indarrean den araudian jasotako diru-laguntzaren kontzeptua zein zabala den, aplikagarri zaio Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaz onartua). Bereziki, 51.2 artikuluan ezarrita dago gobernua, sailburuak eta erakunde autonomoetako lehendakari eta zuzendariak direla arauak onartu eta bakoitzak bere esparruko laguntzak eta diru-laguntzak emateko eskumena duten organoak.
Horrenbestez, dagokion laguntza-deialdia, berme modura, egitea egokia da, eta ohartarazi behar da laguntzok guztiz lotuta daudela gobernu-kontseiluak erabakitako neurriekin, aurretik adierazitakoekin, baita Finantzen Euskal Institutuak, finantza-erakundeekin elkarlanean, eman beharreko mailegu bidezko finantzaketarekin ere, finantza-laguntzarako programaren arautze osoa eginda.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko uztailaren 27an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onestea, dekretu honen eranskinean jasotzen diren baldintzei jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa, garapen eta berrikuntza, energia-eraginkortasuneko neurrietako inbertsioa zein zientziaren eta teknologiaren arloko inbertsioa egiteko programaren 2016 eta 2017ko ekitaldietarako deialdiari dagozkion oinarriak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENA
Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantzetako sailburuari eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari ematen zaie dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak emateko ahalmena.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau indarrean izango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Administrazio-bidea agortzen duen dekretu honen aurka interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete Gobernu Kontseiluan hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epearen barruan. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da kontatzen epea.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko uztailaren 27an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.
I. ERANSKINA, UZTAILAREN 27KO 114/2016 DEKRETUARENA
IKERKETA, GARAPEN ETA BERRIKUNTZARAKO, ENERGIA-ERAGINKORTASUNEKO NEURRIETAKO INBERTSIORAKO ZEIN ZIENTZIAREN ETA TEKNOLOGIAREN ARLOKO INBERTSIORAKO LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1.– Oinarria.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da 2016. eta 2017. ekitaldietarako I+G+Bko proiektuak, energia-eraginkortasun eta energia garbietako neurriak zein zientziaren eta teknologiaren arloko inbertsioak finantzatzeko. Horiek finantzaketaren esparruan egituratuko dira, Finantzen Euskal Institutuak finantza-erakundeekin lankidetzan eman beharreko maileguen bidez, horiek baitira laguntzen euskarria.
2.– Zehazki, arrisku-finantzaketarako laguntza-lerro bat ezarriko da, mailegu-eragiketa horiei kobraezinak estaltzeko finantza-bermeko funts baten bitartez bermeak emanez, industria-sektoreko eta lotutako zerbitzuetako enpresei, teknologia-zentroei, ikerketa kooperatiboko zentroei (IKZ) eta enpresako I+Gko unitateei, I+G+Bko, energia-eraginkortasun eta energia garbietako neurrietako zein zientziaren eta teknologiaren arloko inbertsio-proiektuak finantzatzeko, betiere dekretu honetan adierazitakoarekin bat etorriz.
3.– Finantza-laguntzako programa hau Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) esparruan dago. Erregelamendu horrek laguntza-kategoria batzuk Ituneko 107. eta 108. artikuluak (2014-06-26ko AO, L 187) aplikatuz barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen ditu. Lagundutako proiektu-kategorien arabera (I+G+B, energia berriztagarriak eta energia garbiak, eta zientziaren eta teknologiaren arloko inbertsioa), aipatutako erregelamenduko 25., 38., 39., 41. eta 26. artikuluetan araututako laguntza-tipologietan sartzen da dekretu hau. Oinarriok onartzeko dekretua Europako Batzordearen zerbitzuei jakinaraziko zaie 20 laneguneko epean, dekretuak ondoreak sortzen dituenetik zenbatzen hasita, aipatu erregelamenduko 11. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratze aldera.
2.– Oinarria.– Diru-baliabideak.
1.– Finantzaketa-lerroak ehun eta berrogeita hamar milioi euroren (150.000.000 €) erreferentziako muga izango du, Finantzen Euskal Institutuak eta parte hartzen duten finantza-erakundeek formalizatu beharreko maileguen eran, erakunde horrek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta hainbat finantza-erakundek eta elkar bermatzeko sozietatek izenpetu duten eta dekretu honekin, III. eranskin modura, jakinarazteko argitaratu den lankidetza-hitzarmenaren esparruan.
2.– Hitzarmen horren esparruan eratu da berme-funts bat, finantzaketa-lerro honetako kobraezinak estaltzeko helburuarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargu. Berme-funtsak estaldura emango dio, maileguz mailegu, programan parte hartzen duen finantza-erakunde bakoitzak formalizatutako mailegu-zorroaren zenbateko osoaren % 80ri, kobraezinengatiko lehenengo galeren % 25eko mugarekin. Horrenbestez, finantzaketa-lerroaren gehieneko zenbatekoa ehun eta berrogeita hamar (150.000.000) milioi euro izaki, bermearen zenbatekoa hogeita hamar milioi euro (30.000.000) izango da.
3.– Bermeari lotuta esleitutako zenbatekoa agortzen bada, gorabehera horri publizitatea ematearren, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, zenbateko hori zein egunetan agortu den adieraziko da, eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Argitaratze horretatik aurrera, agortu den laguntzarako aurkezten den eskabiderik ez da onartuko.
4.– Dagoeneko aurkeztuta dauden eta izapidetzen ari diren eskabideak, 1.zenbakian zehaztutako eman beharreko bermea agortu delako atenditu ezin direnak, arrazoi horrengatik ukatuko dira,Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez.
3.– Oinarria.– Definizioak.
Programa honen ondorioetarako, zentzu honetan ulertu behar dira jarraian datozen definizioak:
1) Enpresa txiki edo ertaina: Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduko (EB) I. eranskinean ezarritako irizpideak betetzen dituen enpresa.
2) Enpresa-handiak: aurreko puntuan adierazitako mugak gainditzen dituzten enpresak.
3) Laguntzaren intentsitatea: laguntzaren zenbateko gordina, proiektuko diruz laguntzeko moduko gastuen portzentajean adierazita. Kopuru guztiak zergetakoak edota bestelakoak diren kenkarien aurretikotzat hartuko dira.
4) Diru-laguntzaren baliokide gordina: arriskua finantzatzen laguntzeko neurrien azken onuradunak neurri horietatik ateratzen duela jotzen den abantailaren edo onuraren tamaina. Laguntzaren intentsitate gordina maileguaren zenbateko osoaren gaineko ehunekotan kalkulatuko da, onuradun bakoitzarentzat.
5) Eragin bultzatzailea: onuradunak Finantzaketa Eskabidea aurkeztuko du SPRIn proiektua abiarazi baino lehen. Gainera, proiektuaren hedapena edo egindako inbertsio osoa nabarmen handituko da, edo exekuzio-erritmoan bizkortze esanguratsua lortuko da laguntzari esker. Enpresa handietan, gainera, honako baldintza hau bete beharko da: proiektua eremu horretan egin ez izana, edota, laguntzarik ezean, onuradunarentzat behar bezain errentagarria ez izatea eremu horretan. Hori guztia Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
6) Erakunde arduraduna: Europako Inbertsio Bankua eta Europako Inbertsio Funtsa, Estatu kide bat akzioduntzat duen nazioarteko finantza erakunde bat, edo agintaritza publiko baten kontrolpean, zuzenbide publikoko erakunde baten kontrolpean edo zerbitzu publiko baten eginkizunak dituen erakunde pribatu baten kontrolpean interes publikoa lortzeko asmoa duen eta Estatu kide batean ezarrita dagoen finantza-erakunde bat. Erakunde arduraduna zuzenean izendatua edo hautatua izan daiteke, obra-, hornidura- eta zerbitzu-kontratu publikoak esleitzeko prozedurak koordinatzeari buruzko 2004/18/CE Zuzentarauan edo zuzentarau hori ordezten duen geroztiko edozein arautan ezarritakoari jarraituz.
7) Inbertitzaile pribatu independentea: bere inbertsioaren xede den eta diruz lagun daitekeen enpresaren akziodun ez den inbertitzaile pribatu oro. Bereziki, probidentziazko inbertitzaileak (business angels) eta finantza-erakundeak, edozein dela ere haien titulartasuna, bere inbertsioei dagokienez arrisku osoa bere gain hartzen duen neurrian. Enpresa berri bat sortzen denetik aurrera, inbertitzaile pribatuak, fundatzaileak barne, enpresa horretatik independentetzat jotzen dira.
8) Arrisku-finantzaketarako inbertsioa: diruz lagun daitezkeen enpresentzako maileguak, finantza-errentamenduak, bermeak eta modalitate horien konbinazioak barne, inbertsio berriak egiteko helburua dutenak.
9) Pertsona fisikoa: erakunde juridikoa ez den pertsona oro, betiere Ituneko 1. zenbakiko 107. artikuluaren arabera enpresa ez bada.
10) Mailegua: edozein hitzarmen, zeinaren bitartez mailegu-emaileak mailegu-hartzailearen esku jartzen duen hitzartutako diru kopuru bat, hitzartutako epe baterako. Akordio horrek mailegu-hartzailea kopuru hori hitzartutako aldian itzultzera obligatzen du. Maileguaren edo beste finantzatze-tresna baten forma har dezake, baita finantza-errentamendu batena ere, zeinak mailegu-emaileari gutxieneko etekineko osagai nagusi bat eskaintzen baitio. Lehendik dauden maileguak birfinantzatzea ez da diruz lagun daitekeen mailegua izango.
11) Bermea: idatzizko edozein konpromiso, zeinaren bitartez norberaren gain hartzen den hirugarren baten mailegu-eragiketa guztien edo zati baten erantzukizuna, berrikitan eginiko zor-tresnen, errentamenduaren edo kuasikapital-tresnen eran.
12) Krisiak jotako enpresa: Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduko 2. artikuluko 18. zenbakian ezarritako betekizunak betetzen dituen enpresa.
13) Itzulketa: laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, hala egokituz gero, jasotako laguntza itzultzea, pertsona edo erakunde onuradunak bere betebeharrak bete ez izanaren ondorioz.
14) Berme-tasa: dagokion Estatu-laguntzaren neurriari jarraituz diruz lagun daitekeen eragiketa bakoitzaren inbertitzaile publiko batek duen galeren estalduraren ehunekoa.
15) Oinarrizko ikerketa: lan esperimental edo teorikoak dira, behatzen diren fenomeno eta gertakizunen oinarri-oinarrizko funtsei buruzko jakintza berriak eskuratzeko helburuz eginak, aplikazio edo erabilera komertzial zuzenekorik izateko aurreikuspenik gabe.
16) Ikerketa industriala: produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik bazeudenak askoz hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzeko helburuz eginiko ikerketa planifikatua edo azterlan kritikoak; sistema konplexuen osagaiak sortzea hartzen du barne eta laborategiko ingurune batean edo lehendik dauden sistemekin simulatutako interfazeak dituen ingurune batean prototipoak egitea ere jaso dezake, bai eta ildo pilotuak ere, ikerketa industrialerako eta, bereziki, teknologia generikoa balidatzeko beharrezkoa denean.
17) Garapen esperimentala: aurretik ere baziren jakintzak eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak eta abar) eskuratu, konbinatu, konfiguratu eta erabiltzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak prestatzeari begira. Horrez gain, produktu, prozesu edo zerbitzu berrien kontzeptuzko definizioa, plangintza eta dokumentazioa egiteko jarduerak ere barne har ditzake.
Hauek hartu ahal izango ditu barne: prototipoak sortzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berri edo hobetuen demostrazioa, proiektu pilotuak, saiakuntza eta balidazioa egitea funtzionamendu-egoera errealen adierazgarri diren inguruneetan, betiere helburu nagusia bada funtsean errotuta ez dauden produktu, prozesu edo zerbitzuei hobekuntza tekniko berriak ekartzea. Merkataritza-erabilera duten prototipo eta proiektu pilotuak garatzea ere barne har dezake, azken merkataritza-produktuaren beharraren eraginez sortzen badira, eta bere fabrikazioa soilik erakusketa- eta balioztatze-helburuetarako garestiegia denean.
Garapen esperimentalak ez ditu barnean hartzen produktuei, ekoizpen-lerroei, fabrikazio-prozesuei, lehendik baziren zerbitzuei eta martxan dauden beste operazio batzuei egiten zaizkien ohiko edo aldian aldiko eraldaketak, nahiz eta eraldaketa horiek hobekuntzak ekarri.
18) Langileen kostuak: ikertzaileen, teknikarien eta gainontzeko laguntzaileen kostuak, betiere dagokion proiektuan edo jardueran aritzen diren neurrian.
19) Erabateko lehiako baldintzak: operazio batean alderdi kontratatzaileen artean dauden baldintzak, enpresa independenteen artean izango liratekeenen parekoak, eta ez daukate inolako kolusio-elementurik. Prozedura ireki, garden eta diskriminaziorik gabeko baten ondoriozko operazio oro erabateko lehiako printzipioaren araberakotzat joko da (arm's length principle).
20) Lankidetza eraginkorra: gutxienez bi alderdi independenteren arteko lankidetza ezagutzak edo teknologia elkarri trukatzeko, edo lan-banaketa oinarri hartuta helburu bera lortzeko, non esku hartzen duten alderdiek elkarlanean gauzatu beharreko proiektuaren eremua batera zehazten duten, hori aplikatzen laguntzen duten eta haren arriskuak eta emaitzak partekatzen dituzten; alderdi batek edo hainbatek proiektuaren kostu guztiak bere gain har ditzake eta, era horretan, gainerako alderdiei finantza-arriskuak kentzea. Kontratupeko ikerketa eta ikerketa-zerbitzuen prestazioa ez dira lankidetza-modutzat hartzen.
21) Teknologiaren Euskal Sarera atxikitako teknologia-zentroak: funtsean teknologia sortzen, garatzen eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-ehunera transferitzen duten ikerketa-erakundeak, Teknologiaren Euskal Sareko kide direnak.
22) IKZak. Ikerketa Kooperatiboko Zentroak: Euskal Autonomia Erkidegorako estrategikoak diren zientziaren eta teknologiaren arloko ikerketa kolaboratibo eta bikaintasuneko erakundeak.
23) Eraginkortasun energetikoa: energia-kontsumoa murriztea xedetzat duen praktika oro. Eraginkortasun energetikoa energia eraginkortasunez erabiltzea da, eta, era horretan, produkzio-prozesu guztiak optimizatzea ez ezik, ondasun eta zerbitzu gehiago ekoizteko energia kopuru bera edo txikiagoa ere erabiltzea.
24) Energia-aurrezpena: aurreztutako energia kopurua –eraginkortasun energetikoa hobetzeko neurriren bat aplikatu aurretik eta aplikatu ondoren zenbat kontsumitu den neurtuta edo kalkulatuta zehazten da–, aldi berean bermatuta energia-kontsumoan eragina duten kanpoko baldintzen normalizazioa.
25) Ikerketa-azpiegitura: zientzia-komunitateak dagokion sektorean ikerketak egiteko erabilitako instalazioak, baliabideak eta antzeko zerbitzuak; definizio horren barruan hauek sartzen dira: ekipo-ondasun edo tresna zientifikoak, ezagutzan oinarritutako baliabideak (zientziaren arloko bilduma, artxibo edo informazio egituratuak, informazioaren teknologietan oinarritutako azpiegitura instrumentalak, besteak beste) eta komunikazioa (sarea, konputazioa, programa informatikoak eta komunikazioak, esaterako); edo ikerketa egiteko beharrezko den beste edozein erakunde paregabe.
4.– Oinarria.– Onuradunak.
1.– Oinarri hauetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira industria-sektoreko eta/edo lotutako zerbitzuetako enpresak, baita teknologia-zentroak, ikerketa kooperatiboko zentroak (IKZ) eta enpresako I+Gko unitateak ere, betiere Zientziaren Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide badira eta Euskal Autonomia Erkidegoan egin beharreko inbertsio-proiektuak badituzte, baldin eta eskaera aurkezten badute dekretu hau argitaratzen den egunetik 2017ko abenduaren 31ra arteko epean, eta, finantzatu beharreko inbertsioaren edo proiektuaren izaeraren arabera, ondoren azaldutako baldintzak betetzen badituzte.
Laguntzak nolabait ere pizgarri izan daitezen, proiektuek laguntza jaso ahal izateko, erakunde eskatzaileak laguntza eskatzen duen datatik aurrera abiarazi beharko dira.
A) Ikerketa, garapen eta berrikuntzako inbertsioak (I+G+B).
Onuradunak hauek izan ahalko dira: enpresa pribatuak, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, teknologia-zentroak, ikerketa kooperatiboko zentroak (IKZ) eta enpresako I+Gko unitateak, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide badira eta kategoria hauetako bateko edo hainbateko ikerketa- eta garapen-proiektu bat badute, banaka edo lankidetzan eginda:
1) Oinarrizko ikerketa.
2) Ikerketa industriala.
3) Garapen esperimentala.
B) Eraginkortasun energetikoko neurrietako eta energia berriztagarriak aukeratzeko inbertsioak.
Enpresa pribatuak, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, izan ahalko dira onuradun, eraginkortasun energetikoko neurriak edo energia berriztagarriak hartzea barne hartzen duen inbertsio-proiektua badute.
C) Zientzia-teknologiako inbertsioak.
Ikerketa-azpiegituren titular diren pertsona fisikoak edo juridikoak izan ahalko dira onuradun; Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren teknologia-zentroak, ikerketa kooperatiboko zentroak –IKZ– eta enpresako I+Gko unitateak eta/edo enpresa pribatuak, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, zientziaren eta teknologiaren arloko inbertsio-proiektuak egiten badituzte eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
1.– Ikerketa-azpiegitura batek jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak garatzen baditu, jarduera mota bakoitzaren finantzaketa, kostuak eta diru-sarrerak bereiz kontsignatuko dira, koherentziaz aplikatutako kostuen kontabilitate-printzipioak, objektibotasunez justifikatu daitezkeenak, oinarri hartuta.
2.– Azpiegituren jarduera edo erabileragatik kobratutako prezioa merkatuko prezioa izango da.
3.– Hainbat erabiltzailek erabili ahal izango dituzte azpiegiturak, eta erabiltzeko baimena gardentasunez eta modu ez-diskriminatzailean emango dute.
Azpiegituraren inbertsio-kostuen % 10 gutxienez finantzatu duten enpresek lehentasunez erabiltzeko onura izango dute, baita horretarako baldintza hobeak ere. Gehiegizko ordaina saihestearren, enpresak inbertsio-kostuei egindako ekarpenaren araberakoa izango da erabilera, eta baldintzak jendaurrean ezagutaraziko dituzte.
5.– Oinarria.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.
1.– Honako hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko.
A) Ikerketa, garapen eta berrikuntzako inbertsioak (I+G+B).
Kategorien araberako salbuespeneko Erregelamendu Orokorreko –651/2014 (EB) Erregelamendua– 25. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako hauek dira diruz lagun daitezkeen gastuak:
a) Langileen kostu zuzenak (ikertzaileak, teknikariak eta eskatzailearen plantillakoak diren eta ikerkuntza-jarduera horretan enplegatuta dauden bestelako laguntzaileak), proiektura bideratuta dauden heinean.
b) Zeharkako kostuak, betiere kostu sinplifikatuen sistema aplikatuta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 2014ko apirilaren 10eko 2/14 Zirkularrari jarraituz, eta 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 67.1 eta 68. artikuluetan eta 1304/2013 Erregelamenduaren (EB) 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Alde horretatik, zeharkako kostutzat zenbatuko da diruz lagun daitezkeen pertsonalaren kostu zuzenen % 15.
c) Kanpo-aholkularitza eta zerbitzu baliokideen kostua (erakunde parte-hartzaileen pertsonala ez den pertsonal lankidea eta proiektuaren espezializazio handiko zatien azpikontratazioa barne), kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 25. artikuluko d) letraren arabera. Zerbitzu horiek esklusiboki eta era iraunkorrean ikerkuntza-jarduerarako erabiliko dira eta kanpo-hornitzaileei erositakoak izango dira, jakintza tekniko eta teknologikoak barne.
d) Proiektura bakarrik bideratutako aholkularitzaren eta antzeko zerbitzuen kostuak, kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 25. artikuluko d) letraren arabera.
e) ETEentzako jabetza-eskubide industrialen kostuak, kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 25. artikuluko d) letraren arabera.
f) Ustiapen-gastuak (hala nola materialen gastuak, hornikuntzakoak eta abarrak), betiere zuzenean ikerketa-jardueraren ondorioz sortu badira.
g) Tresna eta ekipamenduen kostuak, ikerketa-jarduerarako bakarrik eta etengabe erabili badira: proiektuak iraun bitartean, ikerketa-jarduerarako bakarrik eta etengabe erabiltzen diren ekipamenduen eta tresnen kostuen amortizazioa, doan lagata lortutakoen kasuan izan ezik.
h) Aurreko a), b), c), d) e) eta f) letretan aipatu diren diruz laguntzeko moduko gastuak Kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 2. eta 25. artikuluetan ezarritakoaren arabera interpretatuko dira.
i) Oro har, erakunde onuradunak ezin izango die hirugarrenei ordaindu laguntzan jasotako diruaren % 50 edo gehiago diruz lagundutako jarduera buru dezaten. Salbuetsi egingo dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak baimendutako diru-laguntzen kasuak; izan ere, oso arlo espezializatuak dira eta ezinezkoa da erakunde onuradunek, beren baliabideekin soilik, jarduera horiek burutzea.
B) Eraginkortasun energetikoko neurrietako eta energia berriztagarriak aukeratzeko inbertsioak.
Kategorien araberako salbuespeneko Erregelamendu Orokorreko 38., 39. eta 41. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz (651/2014 EB Erregelamendua), eraginkortasun energetiko maila handiagoa, energia berriztagarria hautatzea edo fuel edo ikatz bidezko ekipoak ordeztea lortzeko behar diren inbertsio-kostu gehigarriek jasoko dute laguntza, eta honela zehaztuko dira horiek:
a) Eraginkortasun energetikoko inbertsio-kostuak inbertsioaren guztizko kostuetan bereizitako inbertsio gisa zehaztu badaitezke, eraginkortasun energetikoarekin lotutako kostu horiek diru-laguntza jaso ahal izango dute.
b) Gainerako kasu guztietan, eraginkortasun energetikoko inbertsio-kostuak antzeko inbertsio bati erreferentzia eginda zehaztuko dira. Bigarren inbertsio horrek eraginkortasun txikiagoa ekarriko du, eta laguntzarik gabe modu sinesgarrian egiteko modukoa izango da. Bi inbertsioetako kostuen arteko aldeak zehaztuko du eraginkortasun energetikoarekin lotutako kostua, eta horixe izango da diruz lagun daitekeen kostua.
c) Energia garbiko inbertsio-kostuak inbertsioaren guztizko kostuetan bereizitako inbertsio gisa zehaztu badaitezke, energia berriztagarria aukeratzearekin lotutako kostu horiek diru-laguntza jaso ahal izango dute.
d) Gainerako kasu guztietan, energia berriztagarriko inbertsio-kostuak antzeko inbertsio bati erreferentzia eginda zehaztuko dira. Bigarren inbertsio horrek energia fosila ekarriko du, eta laguntzarik gabe modu sinesgarrian egiteko modukoa izango da. Bi inbertsioetako kostuen arteko aldeak zehaztuko du energia berriztagarria hautatzearekin lotutako kostua, eta horixe izango da diruz lagun daitekeen kostua.
e) Ikatz edo fuel bidezko ekipo bat ordezteko diruz lagundu daitekeen inbertsioaren kostuak gas bidezko antzeko inbertsio bati erreferentzia eginda zehaztuko dira; inbertsio hori laguntzarik gabe modu sinesgarrian egiteko modukoa izango da. Bi inbertsioetako kostuen arteko aldeak zehaztuko du energia berriztagarria hautatzearekin lotutako kostua, eta horixe izango da diruz lagun daitekeen kostua.
Eraginkortasun energetikoko maila handiagoa, energia garbia hautatzea edo fuel edo ikatz bidezko ekipo bat kentzea lortzearekin zuzenean lotuta ez dauden kostuek ez dute diru-laguntzarik jasoko.
Ez da laguntzarik emango hobekuntzak egiten badira enpresak Europar Batasunak jada hartutako arauetara egokitzeko, baita horiek oraindik indarrean ez badaude ere.
C) Ikerketa-azpiegituretarako zientzia eta teknologiako inbertsioak.
Kategorien araberako salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren 26. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (651/2014 EE Erregelamendua), zientziaren eta teknikaren arloko ekipamendu berria eskuratzeak eta ezartzeak eragindako aktibo material eta immaterialetako inbertsio-kostuek diru-laguntza jaso ahal izango dute, honako baldintzak hauek betetzen badituzte:
1.– Inbertsioak kontzeptu eta epigrafe hauetan oinarrituta egitea, Kontabilitateko Plan Orokorrari (dagozkion FINA eta KNAekin) jarraikiz:
203. Industria-jabetza.
206. Aplikazio informatikoak.
212. Instalazio teknikoak.
213. Makinak.
214. Tresneria.
215. Bestelako instalazioak.
217. Informazioa prozesatzeko ekipamenduak.
2.– Gastu finantzagarriak eskaera aurkezten den egunaren eta 2017ko abenduaren 31 artean egindakoak izango dira.
3.– Gastu finantzagarriak baloratzean, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
1) Aktiboek zuzenean izango dute lotura erakundearen xede soziala osatzen duen jarduerarekin, erakunde horiei aplika dakiekeen Kontabilitate Planean jasotako irizpideekin bat etorriz.
2) Eskuratutako aktiboak berriak izango dira, establezimendu bat erosten den kasuetarako izan ezik.
3) Ibilgetu ukiezinak merkatuaren baldintzetan erosi beharko zaizkie eroslearekin lotura ez duten hirugarrenei, eta erakundean egon beharko dute, gutxienez bost urtez.
4) Instalazio eta/edo makinen errentamenduaren kostuak kontuan hartu ahal izango dira, betiere finantza-errentamendu baten bidez egiten bada, eta finantzaketaren onuradunak, errentamendu-kontratua amaitzean, aktiboa erosteko betebeharra hartzen badu barne errentamendu horrek.
5) Ezingo dira inola ere diruz lagundu ordezte-inbertsioak, ezta erakundearen kapital sozialaren ibilgetuen ekarpenak ere.
6) Oro har, eskuratutako aktiboak ezin izango zaizkie hirugarrenei laga, kontraprestazioarekin edo horrelakorik gabe, betiere lankidetza-akordioen barruan berariaz egindako jarduerak ez badira.
7) Inbertsioa Euskal Autonomia Erkidegoan mantenduko da gutxienez bost urtez, edo hiru urtez gutxienez, ETEen kasuan. Horrek ez du eragotziko epe horretan zaharkituta geratu diren edo matxuratuta dauden instalazioak edo ekipoak ordeztea, betiere jarduera ekonomikoa dagokion eremuan mantentzen bada ezarritako gutxieneko epean.
8) Gastu finantzagarria sortzapen-irizpenaren arabera baloratuko da, eurotan.
9) Balio erantsiaren gaineko zerga, fakturan jasota, ez da diruz laguntzeko inbertsiotzat joko, betiere berreskuraezintzat jotzen ez bada. Halakotzat joko da dagokion Foru Aldundiaren Ogasun Sailak igorritako ziurtagiriaren bidez.
10) Deskontuek eta antzekoek, fakturan sartuta dauden edo ez gorabehera, erosteko balio txikiagoa ekarriko dute.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 31. artikuluan ezarritakoari egokituko dira. Diruz lagundutako inbertsioen edo gastuen kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko. Diruz lagun daitekeen zenbatekoak Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretu bidez onetsita) kontratu txikirako ezarritako kopuruak gainditzen dituenean, onuradunak hiru hornitzaileren eskaintzak aurkeztu beharko ditu gutxienez lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik; salbu eta, baldintza bereziak tarteko, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde.
Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (inbertsioak justifikatzeko fasean edo, hala badagokio, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia eta ekonomiako irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.
Ez dira inola ere gastu finantzagarritzat hartuko zeharkako zergak, baldin eta errekuperatu edo konpentsatu badaitezke, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere. Fakturari aplikatzen zaion Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da gastu finantzagarri izango.
6.– Oinarria.– Eskakizunak.
Honako eskakizun orokor hauek bete beharko dira:
1) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako jarduera-zentro bat gutxienez edukitzea, eta finantzaturiko inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoan egitea. Halaber, diru-laguntza jaso duten jarduerak zein establezimenduak Euskal Autonomia Erkidegoan finantzaketa-aldian edo, edozelan ere, gutxienez bost urtez, edo hiru urtez ETEen kasuan, edukitzeko konpromisoa hartu beharko du.
2) Inbertsio osoaren % 25 gutxienez erakunde eskatzailearen funts propioekin ordaindu beharko dituzte beti, Dekretu honekin batera argitaratzen den lankidetza-hitzarmenari lotutako finantzaketak salbuetsita. Diruz lagun daitekeen proiektu bera ordaintzeko beste diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabide ekonomikoak, edozein administrazio publiko edo erakundetatik (publiko edo pribatuetatik) etorritakoak, ez dira ondore horietarako kontuan hartuko.
3) Foru-ogasunei eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko zerga-betebeharrak egunean izatea.
4) Krisiak jotako enpresatzat kontsideratua ez izatea, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko 2. artikuluko 18. zenbakian ezarritako definizioari jarraituz.
5) Jakinaraztea ea diruz lagun daitekeen proiektu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.
6) Eskabidean jakinaraztea ea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan sartuta dauden ala ez.
7) Ez dute izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005) azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.
8) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13.2 artikuluan aurreikusitako gorabeheraren baten eraginpean ez egotea; Europar Batasunaren Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa edo merkatu erkidearekin bateraezina dela aldez aurretik erabakitzearen ondorioz gauzatu gabe dagoen berreskuratzeko agindu bati lotutako diru-laguntzei buruzkoa da artikulu hori, betiere natura-hondamendi jakin batzuek eragindako kalteak konpontzera bideratutako laguntza-araubideak alde batera utzita.
7.– Oinarria.– Bateragarritasunak.
1.– Finantzen Euskal Institutuak eta parte hartzen duten finantza-erakundeek ikerketa, garapen eta berrikuntzako, eraginkortasun energetikoko neurrietako zein zientziaren eta teknologiaren arloko inbertsioak egiteko emandako maileguak oinarritzat hartuta, programa honen barruan emandako laguntzak, betiere oinarri hauekin bat etorriz, bateragarriak izango dira Dekretu honetan aurreikusitakoaren arabera diru-laguntza jasotzeko modukoak diren xede eta ekintza berberetarako kostuei, guztiz edo zati batez, dagokien beste edozein laguntza publikorekin, betiere horrek gehiegizko finantzaketarik ez badakar eta/edo aipatutako erregelamenduan aurreikusitako laguntzen mugak eta intentsitatea gainditu ezean; hori guztia Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko 8. artikuluko 3. zenbakian xedatutakoari jarraikiz.
2.– Programa honen barruan emandako laguntzak, betiere berrikuntzarako emandako maileguak oinarri hartuta, oinarri hauen arabera, bateragarriak izango dira diruz laguntzeko moduko kostu berberei dagokien beste edozein laguntza publikorekin, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluko 4. zenbakian xedatutakoa aplikatuz. Halaber, bateragarriak ere izango dira diruz lagun daitezkeen kostu identifikaezinei dagokien beste edozein laguntzarekin, betiere horrek gehiegizko finantzaketarik ez badakar eta/edo aipatutako erregelamenduan aurreikusitako laguntzen mugak eta intentsitatea gainditu ezean.
3.– Emandako laguntzak ez zaizkie metatuko diru-laguntza jaso dezaketen kostu berberetarako minimis laguntzei, betiere metaketa horren ondorioz Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren III. kapituluan ezarritakoa baino laguntza-intentsitate handiagoa gertatzen bada.
4.– Finantzaketa gehiegizkoa bada edota programa honekin bat ematen diren laguntzen mugak gainditzen badira, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordetzak ebazpen bat emango du, ematen den diru-laguntzaren zenbatekoa finantzaketaren gehiegizko zenbatekoa bezainbat txikitzeko.
8.– Oinarria.– Laguntzen izaera, zenbatekoa eta esleitzeko prozedura.
1.– Dekretu honetan araututako laguntzak arriskua finantzatzeko laguntzak dira; hori horrela, formalizatu beharreko mailegu-eragiketei bermeak ematen zaizkie kobraezinak estaltzeko finantza-bermeko funts baten bitartez.
2.– Berme-funtsak estaldura emango dio, maileguz mailegu, programan parte hartzen duen finantza-erakunde bakoitzak formalizatutako mailegu-zorroaren zenbateko osoaren % 80ri, kobraezinengatiko lehenengo galeren % 25eko mugarekin.
Eman beharreko bermearen diru-laguntza gordinaren baliokideak ez ditu inola ere gaindituko Europako Batzordearen Kategorien araberako ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduan ezarritako mugak, dekretu honek barne hartzen dituen laguntza-kategoriei dagokienez.
Laguntzak esleitzeko, lehia jarraituaren prozedura erabiliko da. Prozedura horrek berekin dakar modu ordenatuan esleitzea, eskabideak aurkeztutako unearen arabera, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen duten eskatzaile guztiei, harik eta ezarritako funtsak erabat agortu arte.
9.– Oinarria.– Finantzaketa-eragiketen zenbatekoa eta ezaugarriak.
1.– Inbertsio-proiektuak finantzatzeko orduan, Finantzen Euskal Institutuak eta dekretu honen eranskin gisa argitaratutako lankidetza-hitzarmenaren babespean parte hartzen duten finantza-erakundeek formalizatutako maileguak baimenduko dira. Gutxieneko muga berrehun eta berrogeita hamar mila eurokoa da (250.000) eta gehieneko muga, berriz, bost milioi eurokoa (5.000.000); nolanahi ere, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduak mugatuko du finantzaketaren gehieneko zenbatekoa, egin beharreko inbertsio-proiektuaren motaren edo izaeraren arabera, eta diru-laguntza jaso dezakeen proiektuaren zenbatekoaren % 75 emango da gehienez, orobat. Diruz lagun daitekeen proiektu bera ordaintzeko beste diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabide ekonomikoak, edozein administrazio publiko edo erakundetatik (publiko edo pribatuetatik) etorritakoak, ez dira ondore horietarako kontuan hartuko.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren, Finantzen Euskal Institutuaren zein hainbat finantza-erakunderen eta elkar bermatzeko sozietateren arteko lankidetza-hitzarmenean ezarritakoak izango dira formalizatu beharreko maileguen interes-tasa, epeak eta gainerako baldintzak.
3.– Finantzen Euskal Institutuak helburutzat du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren finantza-politikako eta kreditu publikoko tresnatzat jardutea. Finantzen Euskal Institutuak egingo ditu koordinazio- eta artekaritza-lanak, lankidetza-hitzarmenean ezarritakoa aplikatu eta garatzeko ardura duen erakundetzat.
4.– Programan parte hartzen duten finantza-erakundeek inbertitzaile pribatu independentetzat parte hartzen dute.
10.– Oinarria.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Teknologia eta Estrategiako Zuzendaritza da programa honetako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
Teknologiako Zuzendaritzak Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren (SPRI) Estrategia Teknologikoaren Unitatearen laguntza izango du Teknologiako Zuzendaritzak eskaerak aztertzeko ez ezik, baita eskumena duten gainerako organoekin zein esku hartzen duten gainontzeko erakundeekin, Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE) eta Finantzen Euskal Institutuarekin (FEI) bitartekaritza eta koordinazioko lanak egiteko ere.
11.– Oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea oinarri hauek onartzen dituen Dekretuak ondoreak sortzen dituen egunean hasi eta 2017ko abenduaren 31n amaituko da edo, hala badagokio, funtsak guztiz agortzen direnean, 8. oinarrian xedatutakoaren arabera, azken hori aurretik esandako eguna baino lehen gertatzen bada.
2.– Industria-sektoreko I+G+Bko proiektuei, eraginkortasun energetikoko neurriei eta zientziaren eta teknologiaren arloko inbertsioei finantza-laguntza emateko programari heltzeko eskabidea, II. eranskin gisa gehituta, webgune honetan egongo da eskuragarri: http://www.euskadi.eus
Eskabidea kudeatzeko eskumena duen organoaren titularrari bidali behar zaio, zehazki Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzaren bulegoetan (Gasteizko Donostia kaleko 1, 01010) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 38.4. artikuluak xedatzen duen tokiren batean, betiere apirilaren 29ko 72/2008 dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) xedatutakoarekin bat etorriz.
3.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Pertsona fisikoa bada, eskatzailearen NANaren kopia.
b) Pertsona juridikoa bada, enpresaren IFZren kopia, ahalordea emateko eskrituraren kopia eta legezko ordezkariaren NANaren kopia, bai eta eratze-eskrituraren eta erakundearen estatutuen kopia ere. Azken horiek erregistratuta egon beharko dute.
c) Azken bi ekitaldietako urteko kontu auditatuen kopia eta uneko ekitaldiko galdu-irabazien kontuaren kopia.
d) Datozen hiru ekitaldietako aurreikusitako galera-irabazien balantzeak eta kontuak.
e) Datozen hiru ekitaldietarako aurreikusitako eskudiru-fluxuen egoerak.
f) Pasibo galdagarriaren finantzaketa-beharren azalpen-memoria, bai epe laburrera bai epe luzera, eta aurreikusitako uneko ekitaldiko galdu-irabazien kontua.
g) Finantza-erakunde laguntzailearen idazkia, non adierazten duen aipatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan, finantzaketa-proiektua balioztatzeko asmoa duela.
h) Mailegua eskatu duten proiektuaren azalpen-memoria, finantzatu nahi dituzten inbertsioen deskribapen zehatza eginda:
Ikerketa, garapen eta berrikuntzako proiektuaren memoria tekniko-ekonomikoa.
Eraginkortasun energetikoko neurrietako eta energia berriztagarriak aukeratzeko inbertsio-proiektuaren memoria tekniko-ekonomikoa.
Zientziaren eta teknologiaren arloko inbertsio-proiektuaren memoria tekniko-ekonomikoa.
Enpresaren negozio-plana, hauek barne hartuta: enpresak eskaintzen duen produktuaren bilakaeraren xehetasunak, salmentak eta errentagarritasuna, baita bere finantza-bideragarritasuna ere.
j) Erantzukizunpeko adierazpena, IV. eranskinaren araberakoa, oinarri hauetan eskatutako baldintzak betetzen dituela eta aurkeztutako agiri guztietan egia dioela adierazteko, eta zehazki:
– Erakunde eskatzaileak ez duela jaso inolako zigor penalik ez administrazio-zigorrik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duenik.
– Erakundeak ez duela armarik ekoizten, merkaturatzen edo finantzatzen, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren Legean (abenduaren 28ko 14/2007) zehaztutakoa betez.
– Erakundeak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko Legeak (otsailaren 18ko 4/2005) administrazioaren laguntzak jasotzen dituzten edo harekin kontratuak edo hitzarmenak egiten dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak bere gain hartzeko konpromisoa hartzen duela.
– Erakundeak ez duela berreskuratzeko agindurik jaso Europar Batasunaren Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jotzeko aldez aurretik hartutako erabakiaren ostean, eta enpresa ez dagoela krisi-egoeran.
– Enpresa handi edo ertaina baldin bada, ezin da egon berregituratze-aldian, eta, hala badago, jasotzen duen berregituratze-laguntzaren berri izan behar du Europako Batzordeak.
– Beste erakunde publiko edo pribatuei proiektu bererako eskatutako edo haietatik jasotako laguntzen berri emateko konpromisoa hartzen duela.
– Ez duela itzultzeko edo zehatzeko prozedurarik irekita.
Ikerketa-azpiegitura batek jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak garatzen baditu, jarduera mota bakoitzaren finantzaketa, kostuak eta diru-sarrerak bereiz kontsignatuko dira, koherentziaz aplikatutako kostuen kontabilitate-printzipioak, objektibotasunez justifikatu daitezkeenak, oinarri hartuta.
Erantzukizunpeko adierazpenean egiazkoa ez den daturen bat jartzen badu pertsona eskatzaileak, indarrean den zigor-araubidea aplikatuko zaio, administratiboa zein penala.
k) Laguntzaren eragin bultzatzailearen adierazpena.
l) Eskatzaileak, eskabidea baliozta dadin, aurkeztu nahi duen edozein agiri osagarri.
4.– Kudeatzeko eskumena duen organoak automatikoki egiaztatuko ditu dagokion foru-ogasunarekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarako ordainketak egunean izatearen egiaztagiriak, eta aurkeztutako gainerako agiriak egiaztatuko ditu.
5.– Eskatzaileak berak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean aurkeztu ahalko ditu programari heltzeko eskabidea eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, pertsona eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legean (azaroaren 24ko 10/1982) ezarritakoaren arabera.
6.– Eskaerak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio ezen, hamar egun balioduneko epean, hutsa zuzen dezan edo beharrezko agiriak aurkez ditzan; hala egin ezean eskabideari uko egiten diola joko dela ere adieraziko zaio.
7.– Edonola ere, kudeatzeko eskumena duen organoak beharrezko iritzitako bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko.
8.– Eskabideei erantzunez joango zaie, harik eta ematekoak diren maileguen bolumen osoa (8. oinarrian jasoa) agortu arte. Eskabideak beharrezko agiri guztiekin sartu diren ordena berean sartuko dira programan.
12.– Oinarria.– Eskabideak eta erakunde laguntzaileak aztertzea.
1.– Aurkeztutako eskabideak elkarrekin ebaluatuko ditu Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak. Batzorde hori finantza-lankidetzako hitzarmenean ezarritakoarekin bat etorrita eratuko da. Formalizatu beharreko eragiketa guztiek Balorazio eta Jarraipenerako Batzordearen baimena beharko dute. Balorazio eta Jarraipenerako batzorde horren osaeraren behar besteko publizitatea egingo dute.
2.– Balorazio eta Jarraipenerako Batzordearen bileren aurretik, kudeatzeko eskumena duen organoak batzordeko kideei dagozkien txosten teknikoak bidaliko dizkie, bai eta eskabidearen eta agirien kopia ere. Batzordeak txosten hori aintzat hartuko du mailegu-eragiketa baimentzean.
FEIk finantza-erakundeekin batera aztertuko ditu eskabideak, erakunde eskatzailearen alderdi ekonomiko-finantzarioak eta kaudimenekoak ebaluatzeko.
Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk egingo du proiektuaren ebaluazioari buruzko txosten teknikoa I+G+Bko zein zientziaren eta teknologiaren arloko inbertsio-eskaerei dagokienez, eta EEEk, berriz, eraginkortasun energetikorako proiektuen eskabideei dagokienez.
Ondore horietarako, bi erakundeok erakunde laguntzailetzat jotzen dute beren burua, eta honako eginkizun hauek hartuko dituzte beren gain:
Eskabidean aurkeztutako agiriak oinarri hartuta proiektua aztertzea.
Proiektua ebaluatu eta, dekretu honetan jasotakoa oinarri hartuta, I+G+Bko proiektu gisa edo izaera zientifiko-teknologikoko proiektu gisa kalifikatzea, SPRIren kasuan, eta eraginkortasun energetikoko proiektu gisa kalifikatzea, EEEren kasuan.
3.– Balorazio eta Jarraipenerako Batzorde bakoitzeko ordezkariek aho batez onartu beharko dute eragiketa. Eskabide bakoitzari atxikitako finantza-erakundeek parte hartzeari uko egin ahalko diote. Hala, interesa duten beste finantza-erakunde batzuek esku hartzeko bidea emango dute.
4.– Finantza-erakunde bakar batek ere ez badu eragiketarekiko interesik agertzen, emateko eskumena zuen organoak eskabidea ezetsi duela jakinaraziko zaio pertsona eskatzaileari.
5.– Finantzen Euskal Institutuak eta parte hartzen duten finantza-erakundeek mailegua formalizatu aurretik, Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak organo horri jakinaraziko dizkio eskatutako mailegua onartzearen alde egindako txostenak, dagokion ebazpena eman dezan 13. oinarrian ezarritako eran.
13.– Oinarria.– Bermea emateko ebazpena.
1.– Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak laguntza-eskabideak eta mailegu-eragiketak onartutakoan, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordetzak eskatu diren maileguei dagozkien finantza-bermeen laguntzak baimendu eta ebazteari ekingo dio. Ebazpen horretan, honako hauek zehaztuko ditu:
a) Onartutako eskabideei buruz:
– Onuradunaren izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.
– Finantzatu beharreko proiektuan diruz lagun daitekeen kostuaren zenbatekoa.
– Formalizatu beharreko maileguaren zenbatekoa, interes-tasa, epea eta gabealdia zehaztuta.
– Emandako bermea eta haren diru-laguntzako baliokide gordina (DBG), eragiketa bakoitzari aplikatzekoa.
b) Onartu gabeko eskabideei buruz:
– Eskatzailearen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.
– Laguntza ukatzeko arrazoiak.
2.– Finantza-bermeez hornitutako mailegu-eragiketarako laguntza beste diru-laguntza batzuekin bateragarri egitearren, eragiketa bakoitzaren diru-laguntzako baliokide gordina (DBG) kalkulatuko da.
3.– Mailegu-eragiketari bermeak emateko eskabidea aurkezten den egunaren ondoren gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatuta berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek eskabideak baietsi direla pentsatu ahal izango dute, Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoari jarraituz, lege-gorputz horretan epearen zenbaketari eta eteteari buruz xedatutakoa hargatik baztertu gabe.
4.– Onuradunei finantza-berme hau onartzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako antzeko laguntza edo diru-laguntzaren bat dela-eta, oraindik itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura horri amaiera ematea.
5.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren kontra, pertsona interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, edo hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunak eragina duen egunaren hurrengo egunean zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
14.– Oinarria.– Mailegu-eragiketa formalizatzea.
1.– Onuradunari bermea emateko ebazpena jakinarazitakoan, erakunde horrek gehienez hiru hilabeteko epea izango du dagokion poliza formalizatzeko Finantzen Euskal Institutuarekin eta parte hartzen duten finantza-erakundeekin.
2.– Finantzen Euskal Institutuak, orobat, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari jakinaraziko dizkio formalizatutako mailegu-eragiketak.
3.– Laguntzei buruzko ebazpena interesdunei banan-banan jakinarazteaz gainera, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearen ebazpen bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da programa honen barruan onuradun izango diren pertsonen zerrenda, laguntzen zenbatekoa zehaztuta, hura jendaurrean jartze aldera.
15.– Oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
Dekretu honetan araututako finantza-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Mailegua formalizatzea 14. oinarrian ezarritako baldintzetan.
b) Mailegua I+G+Bko, eraginkortasun energetikoko edo energia garbietako proiektua finantzatzera edota zientziaren eta teknologiaren arloko azpiegituretako proiektua finantzatzera bideratzea, emateko ebazpenean jasotakoaren arabera.
c) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari, Ogasun eta Finantza Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onetsita) 50 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea, baita Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003)14. artikuluan ezarritako betebeharrak ere.
e) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri ematea idatziz eskumena duen sailari.
16.– Oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntza eskatzen duen pertsonak eskaeran atzera egin ahal izango du. Hori eskatutako laguntza eman edo ukatu dela dioen ebazpena jakinarazi aurretik egin behar du. Atzera egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio emateko eskumena duen organoari eta horrek, ebazpen bidez, zuzenean onartuko du eta prozedura amaitutzat emango du hari dagokionez.
2.– Laguntzaren onuradun den pertsonak onartu zaion laguntzari uko egin ahalko dio, emandako laguntza onartu eta gero, baldin eta mailegu-eragiketa formalizatu ez bada. Uko egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio emateko eskumena duen organoari eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du eta hari dagokion prozedura amaitutzat emango du. Behin ukoa onartuta, pertsona onuradunak beterik gabe galduko du emandako laguntzara onartu zaion eskubidea.
17.– Oinarria.– Elkar bermatzeko sozietate baten abala duten eragiketak.
1.– ETEek inbertsio-proiektuetarako egindako eskabideei dagokienez, haien izaera edo tipologia edozein izanik ere, finantzaketa-beharra milioi bat eurokoa (1.000.000) baino txikiagoa bada, batzordeak mailegua elkar bermatzeko sozietate batekin formalizatzea erabakiko du.
2.– Era horretan, aipatutako proiektuek, elkar bermatzeko sozietate baten abalarekin onartutakoek, ez dute berme-funtsaren berme gehigarririk izango eta, ondorioz, ez zaie aplikatuko 13., 14. eta 15. oinarrietan ezarritakoa.
3.– Berme-sozietatearen abala dena delakoagatik ezinezkoa izango balitz, Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak ebaluatu ahal izango ditu horrelako eskabideak berme-funtsaren estaldurarekin formalizatzeko, eta orduan 13., 14. eta 15. oinarrietan xedatutakoa aplikatuko zaie.
18.– Oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Onuradunak betetzen ez badu dekretu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan edo Finantzen Euskal Institutuarekin eta parte hartzen duten finantza-erakundeekin izenpetutako polizan ezarritako betekizun eta betebeharretako edozein, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onetsita) 53. artikuluan aurreikusitako itzultze-arrazoietako batean erortzen bada, laguntza emateko eskumena duen organoak, ez-betetzeko espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunaldia eginda), ebazpen bat emango du eta bertan diru-laguntzarako eskubidea erabat edo partzialki galdu dela aldarrikatuko eta, behar bada, jasotako laguntzak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola aginduko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren kargurako diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzkoa) eta aipatutako 53. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Nolanahi ere, ez dira baztertuko gainerako bidezko ekintzak. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira, lege-ondorio guztietarako.
2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.
3.– Programa honetan finantzatutako aktiboen eta/edo jarduerak abalatutako maileguen indarraldian deslokalizatuz gero, onuradunak mailegu horiek kitatu beharko ditu ezinbestean, eta emandako bermeak askatu.
4.– Lortutako finantzaketa ez badute bideratzen eskabidean jasotako xedera, ez-betetzeko eta itzultzeko espediente bati ekingo zaio, lortutako abantailak itzul ditzaten.
5.– Teknologia eta Estrategia Zuzendaritza da aurkeztutako proiektuak eta onuradunek beren gain hartutako gainerako betebeharrak zorrozki betetzen dituztela jarraitzeko organo eskuduna.
6.– Garapen eta Lehiakortasun Sailak egiaztatu, ikertu eta ikuskatzeko egiten dituen jardueren ondorioz enpresa eta erakunde onuradunen ez-betetzeren baten berri jasoko balitz, horren berri emango zaio FEIri.
19. artikulua.– Datuen babesa.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoaren (abenduaren 13ko 15/1999) eta otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera (Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko), deialdia bideratzerakoan jasotako datu pertsonalak (parte-hartzaileek berek horien tratamendua eta argitalpena baimenduta) fitxategi batzuetan sartuko dira, horien helburua izanik diru-laguntzen deialdia kudeatzea, bai eta horretan parte hartzen duten pertsonei horren garapenaren berri ematea ere. Fitxategi honen arduraduna Teknologia eta Estrategia Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, aipatutako Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz.
III. ERANSKINA, UZTAILAREN 27KO 114/2016 DEKRETUARENA
FINANTZEN EUSKAL INSTITUTUAREKIN ETA HAINBAT FINANTZA-ERAKUNDE ETA ELKAR BERMATZEKO SOZIETATEREKIN EGINIKO FINANTZA-LANKIDETZAKO HITZARMENA, IKERKETA, GARAPEN ETA BERRIKUNTZAKO, ERAGINKORTASUN ENERGETIKO ETA ENERGIA BERRIETAKO NEURRIETAKO ZEIN ZIENTZIAREN ETA TEKNOLOGIAREN ARLOKO INBERTSIOETAKO PROIEKTUAK FINANTZATZEKO LERRO BAT BIDERATZEKO.
HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia Otaegi andreak eta Ogasun eta Finantzetako sailburu Ricardo Gatzagaetxebarria Bastida jaunak ordezkatuta.
Beste alde batetik, Finantzen Euskal Institutua, bere zuzendari nagusi Josu Iñaki Garay Ibañez de Elejalde jaunak ordezkatuta.
Beste alde batetik, 1. finantza-erakundea SA, bere zuzendari nagusi......................jaunak/andreak ordezkatuta.
2. finantza-erakundea SA, bere zuzendari nagusi......................jaunak/andreak ordezkatuta.
Kreditu Sozietate Kooperatibo Mugatua, bere zuzendari nagusi...................... jaunak/andreak ordezkatuta.
1.– Elkar Bermatzeko Sozietatea, bere zuzendari nagusi...................... jaunak/andreak ordezkatuta.
2.– Elkar Bermatzeko Sozietatea, bere zuzendari nagusi...................... jaunak/andreak ordezkatuta.
HONAKO HAU ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Laguntza-programa berri bati ekitea egokitzat jo dugu Jaurlaritzaren jarduera esanguratsu modura, industria-sektorean eta horri lotutako zerbitzuetan ikerketa, garapen eta berrikuntzako inbertsio-proiektuak, energia-eraginkortasun eta energia berrietako neurriak zein zientziaren eta teknologiaren arloko inbertsioak finantzatzea bultzatzeko. Hori guztia 2014ko abenduan onartutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren barruan (ZTBP) eta Eusko Jaurlaritzak Europako berrikuntzaren buruan kokatzeko konpromisoari jarraikiz. Helburu horrekin, hitzarmen honen bidez proiektu horiei maileguak emateko eskema bat egituratu da, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) esparruan. Erregelamendu horrek laguntza-kategoria batzuk Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuz barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen ditu; eta erregelamendu horrek zehazten du zer laguntza dauden salbuetsita Batzordeari jakinarazi beharretik eta hartzen diren barne-merkatuarekin bateragarritzat.
Bigarrena.– Horregatik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren, Finantzen Euskal Institutuaren eta finantza-erakunde eta elkar bermatzeko sozietate sinatzaileen arteko finantza-loturak egoki egituratzearren, esku-hartzaileek finantzetako lankidetza-hitzarmen bat formalizatzea erabaki dute. Hauek dira
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren, Finantzen Euskal Institutuaren eta finantza-erakunde eta elkar bermatzeko sozietateen arteko lankidetza zehazten du hitzarmen honek, zehazki 2016 eta 2017ko ekitaldietan industria-sektorean eta lotutako zerbitzuetan ikerketa, garapen eta berrikuntzako proiektuei, eraginkortasun energetiko eta energia garbietako neurriei eta zientziaren eta teknologiaren arloko inbertsioei finantza-laguntza emateko programa garatzearren. Programa horren bidez maileguak emango zaizkie aipatutako proiektuen inbertsioetarako finantzaketa-eskatzaileei.
Bigarrena.– Definizioak.
Hitzarmen honen ondorioetarako, hitzarmen honetako I. eranskinean jasotako definizioak izango dira aplikagarri.
Hirugarrena.– Esku hartzen duten alderdiak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak hitzarmen honetan esleitutako eginkizunak gauzatuko ditu Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren organo eskudunen bitartez eta, bermeak emateari dagokionez, Ogasun eta Finantza Sailaren organo eskudunen bitartez.
2.– Finantzen Euskal Institutua helburutzat du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren finantza-politikako eta kreditu publikoko tresnatzat jardutea. Finantzen Euskal Institutuak egingo ditu koordinazio- eta artekaritza-lanak, programa aplikatu eta garatzeko ardura duen erakundetzat, maileguak izapidetzeari eta bermeak emateari dagokionez, hitzarmen honetan ezarritako baldintzetan. Finantzen Euskal Institutuak kreditu-arriskua partekatuko du, pari-passu baldintzetan, parte hartzen duten finantza-erakundeekin.
3.– Hitzarmen honetan parte hartzen duten finantza-erakundeek eta elkar bermatzeko sozietateek inbertitzaile pribatu independentetzat egiten dute.
Laugarrena.– Sinatzaileen betebeharrak.
A) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren konpromisoak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak laguntza-programa bat ezartzeko eta dagokion deialdia egiteko konpromisoa hartzen du, industria-sektorean eta lotutako zerbitzuetan I+G+Bko inbertsioari, eraginkortasun energetiko eta energia garbietako neurrietako inbertsioari zein zientziaren eta teknologikoaren arloko inbertsioei finantza-laguntza ematearren.
2.– Halaber, konpromisoa hartzen du, kobraezinak estaltzeko berme-funtsa eratzeko beharrezko diren ekarpenak egiteko, hitzarmen honetako hamaikagarren klausulan eta ondorengoetan ezarritakoari jarraituz.
B) Finantzen Euskal Institutuaren konpromisoak.
Finantzen Euskal Institutuak konpromisoa hartzen du, hitzarmen honen indarraldian aipatutako programaren onuradunei honekin batera doan II. eranskinean («Maileguen ezaugarriak») adierazitako baldintzetan zuzeneko maileguak emateko, bai eta hitzarmen honetako hamaikagarren klausulan eta ondorengoetan ezarritakoari jarraituz kobraezinak estaltzeko ere.
C) Finantza-erakundeen konpromisoak.
Hitzarmen hau sinatzen duten finantza-erakundeek konpromisoa hartzen dute Finantzen Euskal Institutuarekin batera parte hartzen duten eragiketa bakoitza Hitzarmen honetako eranskinean finkatutako finantza-baldintza berberetan finantzatzeko, eta hitzarmen honetako hamaikagarren klausulan eta ondorengoetan ezarritakoari jarraituz kobraezinak estaltzeko.
D) Elkar bermatzeko sozietateen konpromisoak.
Hitzarmen hau sinatzen duten Elkar Bermatzeko Sozietateek konpromiso hartzen dute laguntza-programa horri heldutako proiektatuetako inbertsioak finantzatzeko erraztasuna emateko, abalak emanez, indarrean dauden birfidantzamendu-hitzarmenen babespean.
Bosgarrena.– Hartzaileak
Hitzarmen honetan aipatutako laguntza-programaren onuradun izan ahalko dira industria-sektoreko eta/edo lotutako zerbitzuetako enpresak, baita teknologia-zentroak, ikerketa kooperatiboko zentroak (IKZ) eta enpresako I+Gko unitateak ere, betiere Zientziaren Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide badira eta Euskal Autonomia Erkidegoan egin beharreko inbertsio-proiektuak badituzte, eskaera aurkezten duten egunetik 2017ko abenduaren 31ra arteko epean, eta, finantzatu beharreko inbertsioaren edo proiektuaren izaeraren arabera, ondoren azaldutako baldintzak betetzen badituzte.
A) Ikerketa, garapen eta berrikuntzako inbertsioak (I+G+B).
Onuradunak hauek izan ahalko dira: enpresa pribatuak, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, teknologia-zentroak, ikerketa kooperatiboko zentroak (IKZ) eta enpresako I+Gko unitateak, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide badira eta kategoria hauetako bateko edo hainbateko ikerketa- eta garapen-proiektu bat badute, banaka edo lankidetzan eginda:
a) Oinarrizko ikerketa.
b) Ikerketa industriala.
c) Garapen esperimentala.
Aurrekoetako kategoria espezifiko bati esleitutako ikerketa, garapen eta berrikuntzako proiektuen kostu finantzagarriak hauek izango dira:
1) Langileen kostu zuzenak (ikertzaileak, teknikariak eta eskatzailearen plantillakoak diren eta ikerkuntza-jarduera horretan enplegatuta dauden bestelako laguntzaileak), proiektura bideratuta dauden heinean.
2) Zeharkako kostuak, betiere kostu sinplifikatuen sistema aplikatuta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 2014ko apirilaren 10eko 2/14 Zirkularrari jarraituz, eta 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 67.1 eta 68. artikuluetan eta 1304/2013 Erregelamenduaren (EB) 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Alde horretatik, zeharkako kostutzat zenbatuko da diruz lagun daitezkeen pertsonalaren kostu zuzenen % 15.
3) Kanpo-aholkularitza eta zerbitzu baliokideen kostua (erakunde parte-hartzaileen pertsonala ez den pertsonal lankidea eta proiektuaren espezializazio handiko zatien azpikontratazioa barne), kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 25. artikuluko d) letraren arabera. Zerbitzu horiek esklusiboki eta era iraunkorrean ikerkuntza-jarduerarako erabiliko dira eta kanpo-hornitzaileei erositakoak izango dira, jakintza tekniko eta teknologikoak barne.
4) Proiektura bakarrik bideratutako aholkularitzaren eta antzeko zerbitzuen kostuak, Kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 25. artikuluko d) letraren arabera.
5) ETEetarako industria-jabetzarako eskubideengatiko kostuak, Kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 25. artikuluaren d) letrari jarraituz.
6) Ustiapen-gastuak (hala nola materialen gastuak, hornikuntzakoak eta abarrak), betiere zuzenean ikerketa-jardueraren ondorioz sortu badira.
7) Ikerkuntza-jarduerarako soilik eta era jarraituan erabilitako instrumentu eta ekipamenduen gastuak: ikerkuntza-jardueretan soilik eta era jarraituan erabilitako ekipamendu eta instrumentuen kostuen amortizazioa proiektuan zehar, doan emanda lortu direnean salbu.
8) Aurreko a), b), c), d), e), f) eta g) letretan aipatu diren diruz laguntzeko moduko gastuak Kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 2. eta 25. artikuluetan ezarritakoaren arabera interpretatuko dira.
9) Oro har, erakunde onuradunak ezin izango die hirugarrenei ordaindu laguntzan jasotako diruaren % 50 edo gehiago diruz lagundutako jarduera buru dezaten. Salbuetsi egingo dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak baimendutako diru-laguntzen kasuak; izan ere, oso arlo espezializatuak dira eta ezinezkoa da erakunde onuradunek, beren baliabideekin soilik, jarduera horiek burutzea.
B) Eraginkortasun energetikoko neurrietako eta energia berriztagarriak aukeratzeko inbertsioak.
Enpresa pribatuak, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, izan ahalko dira onuradun, eraginkortasun energetikoko neurriak edo energia berriztagarriak hartzea barne hartzen duen inbertsio-proiektua badute. Eraginkortasun energetiko maila handiagoa, energia berriztagarria hautatzea edo fuel edo ikatz bidezko ekipoak ordeztea lortzeko behar diren inbertsio-kostu gehigarriek jasoko dute laguntza, eta honela zehaztuko dira horiek:
a) Eraginkortasun energetikoko inbertsio-kostuak inbertsioaren guztizko kostuetan bereizitako inbertsio gisa zehaztu badaitezke, eraginkortasun energetikoarekin lotutako kostu horiek finantzaketa jaso ahal izango dute.
b) Gainerako kasu guztietan, eraginkortasun energetikoko inbertsio-kostuak antzeko inbertsio bati erreferentzia eginda zehaztuko dira. Bigarren inbertsio horrek eraginkortasun txikiagoa ekarriko du, eta laguntzarik gabe modu sinesgarrian egiteko modukoa izango da. Bi inbertsioetako kostuen arteko aldeak zehaztuko du eraginkortasun energetikoarekin lotutako kostua, eta horixe izango da finantzaketa jaso dezakeen kostua.
c) Energia garbiko inbertsio-kostuak inbertsioaren guztizko kostuetan bereizitako inbertsio gisa zehaztu badaitezke, energia berriztagarria aukeratzearekin lotutako kostu horiek finantzaketa jaso ahal izango dute.
d) Gainerako kasu guztietan, energia berriztagarriko inbertsio-kostuak antzeko inbertsio bati erreferentzia eginda zehaztuko dira. Bigarren inbertsio horrek energia fosila ekarriko du, eta laguntzarik gabe modu sinesgarrian egiteko modukoa izango da. Bi inbertsioetako kostuen arteko aldeak zehaztuko du energia berriztagarria hautatzearekin lotutako kostua, eta horixe izango da finantzaketa jaso dezakeen kostua.
e) Ikatz edo fuel bidezko ekipo bat ordezteko finantzaketa jaso dezakeen inbertsioaren kostuak gas bidezko antzeko inbertsio bati erreferentzia eginda zehaztuko dira; inbertsio hori laguntzarik gabe modu sinesgarrian egiteko modukoa izango da. Bi inbertsioetako kostuen arteko aldeak zehaztuko du energia berriztagarria hautatzearekin lotutako kostua, eta horixe izango da finantzaketa jaso dezakeen kostua.
Eraginkortasun energetikoko maila handiagoa, energia garbia hautatzea edo fuel edo ikatz bidezko ekipo bat kentzea lortzearekin zuzenean lotuta ez dauden kostuek ez dute finantzaketarik jasoko.
Ez da finantzaketarik emango hobekuntzak egiten badira enpresak Europar Batasunak jada hartutako arauetara egokitzeko, baita horiek oraindik indarrean ez badaude ere.
C) Zientzia-teknologiako inbertsioak.
I) Onuradun hauek izan ahalko dira: ikerketa-azpiegiturak, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren teknologia-zentroak, ikerketa kooperatiboko zentroak –IKZ– eta enpresako I+Gko unitateak eta/edo enpresa pribatuak, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, zientziaren eta teknologiaren arloko inbertsio-proiektuak egiten badituzte eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Ikerketa-azpiegitura batek jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak garatzen baditu, jarduera mota bakoitzaren finantzaketa, kostuak eta diru-sarrerak bereiz kontsignatuko dira, koherentziaz aplikatutako kostuen kontabilitate-printzipioak, objektibotasunez justifikatu daitezkeenak, oinarri hartuta.
b) Azpiegituren jarduera edo erabileragatik kobratutako prezioa merkatuko prezioa izango da.
c) Hainbat erabiltzailek erabili ahal izango dituzte azpiegiturak, eta erabiltzeko baimena gardentasunez eta modu ez-diskriminatzailean emango dute.
Azpiegituraren inbertsio-kostuen % 10 gutxienez finantzatu duten enpresek lehentasunez erabiltzeko onura izango dute, baita horretarako baldintza hobeak ere. Gehiegizko ordaina saihestearren, enpresak inbertsio-kostuei egindako ekarpenaren araberakoa izango da erabilera, eta baldintzak jendaurrean ezagutaraziko dituzte.
II) Gastu finantzagarritzat joko dira ibilgetu ukiezinak edo materialak erostean egiten diren inbertsioak, betiere erakundearen aktibo ez-korrontea osatzen dutenak eta baldintza hauek betetzen dituztenak:
a) Inbertsioak kontzeptu eta epigrafe hauetan oinarrituta egitea, Kontabilitateko Plan Orokorrari (dagozkion FINA eta KNAekin) jarraikiz:
203. Industria-jabetza.
206. Aplikazio informatikoak.
211. Eraikuntzak.
212. Instalazio teknikoak.
213. Makinak.
214. Tresneria.
215. Bestelako instalazioak.
217. Informazioa prozesatzeko ekipamenduak.
b) Gastu finantzagarriak eskaera aurkezten den egunaren eta 2017ko abenduaren 31 artean egindakoak izango dira.
c) Gastu finantzagarriak baloratzean, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
1) Ibilgetuek zuzenean izango dute lotura erakundearen xede soziala osatzen duen jarduerarekin, erakunde horiei aplika dakiekeen Kontabilitate Planean jasotako irizpideekin bat etorriz.
2) Eskuratutako aktiboak berriak izango dira, ETEen kasurako edo establezimendu bat erosten den kasuetarako izan ezik.
3) Ibilgetu ukiezinak merkatuaren baldintzetan erosi beharko zaizkie eroslearekin lotura ez duten hirugarrenei, eta erakundean egon beharko dute, gutxienez bost urtez.
4) Ibilgetu materialen errentamenduen kostuak honako baldintza hauetan hartu ahal izango dira kontuan:
– Lursail eta eraikinen kasuan, errentamendua gutxienez bost urtez mantendu beharko da inbertsio-proiektuak amaitzeko aurreikusi den egunetik aurrera enpresa handien kasuan, edo hiru urtez ETEen kasuan.
– Instalazio eta makinen kasuan, errentamenduak finantza-errenta hartuko du bere baitan, baita finantzaren onuradunak aktiboa erosteko betebeharra ere, errentamendu-kontratua amaitzean.
5) Ezingo dira inola ere diruz lagundu ordezte-inbertsioak, ezta erakundearen kapital sozialaren ibilgetuen ekarpenak ere.
6) Oro har, erositako aktiboak ezingo zaizkie hirugarrenei laga, kontraprestazioarekin edo gabe.
7) Inbertsioa eremu onuradunean mantenduko da gutxienez bost urtez, edo hiru urte gutxienez, ETEen kasuan. Horrek ez du eragotziko epe horretan zaharkituta geratu diren edo matxuratuta dauden instalazioak edo ekipoak ordeztea, betiere jarduera ekonomikoa dagokion eremuan mantentzen bada ezarritako gutxieneko epean.
8) Gastu finantzagarria sortzapen-irizpenaren arabera baloratuko da, eurotan.
9) Balio erantsiaren gaineko zerga, fakturan jasota, ez da diruz laguntzeko inbertsiotzat joko, betiere berreskuraezintzat jotzen ez bada. Halakotzat joko da dagokion Foru Aldundiaren Ogasun Sailak igorritako ziurtagiriaren bidez.
10) Deskontuek eta antzekoek, fakturan sartuta dauden edo ez gorabehera, erosteko balio txikiagoa ekarriko dute.
Seigarrena.– Betekizunak.
Hitzarmen honen ondorioetarako, programaren finantzaketaren onuradun diren pertsona eta erakundeek honako betekizun orokor hauek bete beharko dituzte:
1) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako jarduera-zentro bat gutxienez edukitzea, eta finantzaturiko inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoan egitea. Halaber, diru-laguntza jaso duten jarduerak zein establezimenduak Euskal Autonomia Erkidegoan finantzaketa-aldian edukitzeko konpromisoa hartu beharko du.
2) Inbertsio osoaren % 25 gutxienez erakunde eskatzailearen funts propioekin ordaindu beharko dituzte beti, lankidetza-hitzarmen honi lotutako finantzaketak salbuetsita. Diruz lagun daitekeen proiektu bera ordaintzeko beste diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabide ekonomikoak, edozein administrazio publiko edo erakundetatik (publiko edo pribatuetatik) etorritakoak, ez dira ondore horietarako kontuan hartuko.
3) Foru-ogasunei eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko zerga-betebeharrak egunean izatea.
4) Krisiak jotako enpresatzat kontsideratua ez izatea, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko 1. artikuluko 18. zenbakian ezarritako definizioari jarraituz.
5) Jakinaraztea ea diruz lagun daitekeen proiektu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.
6) Eskabidean jakinaraztea ea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan sartuta dauden ala ez.
7) Ez dute izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005) azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.
8) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13.2 artikuluan aurreikusitako gorabeheraren baten eraginpean ez egotea; Europar Batasunaren Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa edo merkatu erkidearekin bateraezina dela aldez aurretik erabakitzearen ondorioz gauzatu gabe dagoen berreskuratzeko agindu bati lotutako diru-laguntzei buruzkoa da artikulu hori.
Zazpigarrena.– Gehieneko muga.
Lankidetza Hitzarmen honen babespean formalizatzen diren maileguen guztizko zenbatekoak ezin izango du ehun eta berrogeita hamar milioi euroko kopurua gainditu (150.000.000). Gutxienez berrehun milioi euroko (200.000.000) balioa duten inbertsio-proiektuak finantzatzea ekarriko du horrek.
Zortzigarrena.– Eskabideak aurkezteko eta izapidetzeko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua, bai eta ekarri beharreko agiriak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ezarritako laguntzen deialdian ezarriko dira.
2.– Laguntza-deialdia egiten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskudun organoaren aurrean finantzaketa-eskabideak aurkeztu eta gero, eta organo horretan aldeko azterketa lortzen duten eskabideetarako, Finantzen Euskal Institutuaren eta finantzaketa-eragiketan parte hartzeko interesa duten finantza-erakundeen eskura jarriko dira erakunde horien arabera beharrezko diren agiri tekniko eta finantzarioak, finantzaketa-proiektuaren bana-banako azterketa egitearren.
3.– Tartean diren erakundeetako bakoitzak aurkeztu diren eskabideak aztertu eta gero, bederatzigarren klausulan zehaztutako Balorazio eta Jarraipenerako Batzordea bilduko da, eskabide bakoitza onartzeko edo ukatzeko.
Bederatzigarrena.– Balorazioa eta Jarraipenerako Batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak elkarrekin ebaluatuko ditu Balioztapen eta Segimendu Batzordeak. Batzorde hori eragiketa bakoitzean esku hartzen duten alderdietako bakoitzak eratuko du. Beraz, kide hauek izango ditu:
– Finantzen Euskal Institutuaren ordezkari bat.
– Finantzaketa-proiektuan parte hartzen duen finantza-erakundearen edo finantza-erakundeen ordezkari bat.
– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko pertsona bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari gisa, idazkari jardun dezan.
– SPRIko estrategia-unitatearen eta/edo EEEren ordezkari bat.
2.– Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu, bere kideen artean informazioa albait modu eraginkorrenean bideratzeko.
Hamargarrena.– Mailegu-eragiketak onartzea.
1.– Eskabideak dokumentazioa osorik duenean, laguntza-deialdia erabakitzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko eskudun organoak txosten teknikoa egingo du.
2.– Balorazio eta Jarraipenerako Batzordearen bileren aurretik, organo horrek batzordeko beste kideei bere txosten teknikoa bidaliko die, bai eta agirien kopia ere. Batzordeak txosten hori aintzat hartuko du mailegu-eragiketa baimentzean.
3.– Balorazio eta Jarraipenerako Batzorde bakoitzeko ordezkariek aho batez onartu beharko dute eragiketa.
4.– Eskabide bati atxikitako finantza-erakundeak eskatu den eragiketan parte hartzeari uko egin ahalko dio. Hala, interesa duten beste finantza-erakunde batek esku hartzeko bidea emango du. Parte har dezaketenek eragiketari buruzko interesik erakusten ez badute, Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak eskabidea ukatu duela jakinaraziko dio eskudun organoak interesdunari.
5.– Finantzaketa-eragiketa onartutakoan, Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak eskudun organoari jakinaraziko dio finantzaketa-eragiketa onartzearen alde emandako txostena, eta Finantzen Euskal Institutuarekin eta parte hartzen duen edo duten finantza-erakundearekin edo -erakundeekin mailegu-eragiketa egokiak formalizatuko dira, aipatutako Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak onartutako baldintzetan. Nolanahi ere, formalizazio hori egin baino lehen, eskudun organoak laguntzak onartzeko ebazpena emango du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak xedatutako laguntza-deialdian ezarritako eran jakinaraziko du.
6.– Eragiketa bakoitza onartzeaz gainera, Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak onartutako eragiketen segimendu-lanak egingo ditu. Horretarako, Finantzen Euskal Institutuak maileguen kudeaketari buruz egoki diren xehetasun guztiei buruzko informazioa emango du, datu nabarmenenak bidalita.
7.– Onuradun bakoitzeko, Finantzen Euskal Institutuak erregistro bat eramango du, ordainketa-datekin, itzulketekin, atzerapenekin eta gorabeherekin (batez ere, mailegu-hartzaileek muga-egunaren ondoren amortizatu gabeko zenbatekoei buruzkoak).
Hamaikagarrena.– Arriskua estaltzea (berme-funtsa).
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, finantzaketa-lerroa bultzatu duen erakundea denez, finantzaketa-lerroaren arriskua estaltzen parte hartuko du, lehenengo galerak estaltzeko berme-funts bat eratuz.
2.– Berme-funtsak estaldura emango dio, maileguz mailegu, programan parte hartzen duen finantza-erakunde bakoitzak, Finantzen Euskal Institutua barne, formalizatutako mailegu-zorroaren zenbateko osoaren % 80ri, mailegu-emaile bakoitzeko formalizatutako zenbateko nominal osoaren % 25eko mugarekin. Horrenbestez, finantzaketa-lerroaren gehieneko zenbatekoa ehun eta berrogeita hamar (150.000.000) milioi euro izaki, bermearen zenbatekoa hogeita hamar milioi euro (30.000.000) izango da.
3.– Bermean sartuta egongo dira kapitala, interesak eta mailegu kobraezin bakoitzetik eratorritako gastuak.
4.– Halaber, finantza-bermeez hornitutako mailegu-eragiketarako laguntza beste diru-laguntza batzuekin bateragarri egitearren, organo eskudunak eragiketa bakoitzaren diru-laguntzako baliokide gordina (DBG) kalkulatuko du.
5.– Lankidetza Hitzarmen hau sinatutakoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, berme-funtsa eratzeko, hogeita hamar milioi euro (30.000.000) ordainduko dizkio Finantzen Euskal Institutuari.
6.– Finantzen Euskal Institutuak, berme-funtsa kudeatzean, irizpide hauek hartuko ditu aintzat:
a) Finantzen Euskal Institutuaren eta inbertitzaile independente bakoitzaren mailegu-zorroari banakatuta aplikatuko zaio funtsa. Finantza-erakunde baten zorroko zenbateko erabiligabeak ezingo zaizkio bere xederako zenbateko osoa dagoeneko agortu eta/edo aplikatu dioten beste bati aplikatu.
b) Finantzen Euskal Institutuak euroguneko likidezia bermatua duten finantza-erakundeen edo jaulkitzaileen diru-gordailuetan edo zor publikoan izango du kobraezinak estaltzera aplikatu ez den berme-funtseko saldoa.
c) Mailegu bat ez ordaintzea gertatzen bada, Finantzen Euskal Institutuak, kobratzeko aukerak arrazoizko eran agortuta, eta eragiketan parte hartutako erakundearekin edo erakundeekin harremanetan jarri ondoren, egoki den erabakia hartuko du ondorioztatzen den zenbatekoa kobraezintzat hartzeari dagokionez.
7.– Eragiketa kobraezintzat joko dira, hitzarmen honetan jasotako ondoreetarako, honako baldintza hauek gutxienez betetzen dituztenak:
a) Erabat kitatuta eta % 100ean hornituta egotea.
b) Haien saldoa kobraezintzat kontabilizatuta egotea agindu-kontuetan, eta baja emanda egotea arriskua, osorik edo zati batean.
c) Galera eta berreskuratzeko bide posibleen ezina egiaztatu eta justifikatzea.
8.– Eragiketa bat kobraezintzat jo ondoren, Finantzen Euskal Institutuak, saldo erabilgarria badago, berme-funtsaren zati bat aplikatu ahal izango du haren kontabilitate-estaldurara eta, halaber, eragiketa kobraezin horrek ukitutako finantza-erakundeari dagokion zenbatekoa transferitu ahal izango dio, dokumentu bidez justifikatu ondoren. Berme-funtsaren kontura zenbateko hori aplikatuko da klausula honen 2. zenbakian finkatutako estalduraren irismena aintzat hartuta.
9.– Finantzen Euskal Institutuak eta parte hartzen duten finantza-erakundeek, betiere, zor zaizkion kopuruak kobratzeko egoki irizten diren ekintza guztiak egingo dituzte, hala auzibidetik kanpo nola auzibidean. Bermeak gauzatzearen bidez edo beste bitarteko batzuez berreskuratutako kopuruak, erasandako alderdien artean banatu beharko ditu, bakoitzaren arrisku-ehunekoaren arabera.
10.– Baldin eta berme-funtsa aplikatu ondoren Finantzen Euskal Institutuak edo parte hartzen duten finantza-erakundeek bermeak betearaziz edo bestelako bideak erabiliz kobraezintzat jotako bolumenaren % 80ko baino handiagoko zenbatekoak berreskuratzen badituzte, soberakin hori berme-funtsera itzuli beharko dute.
11.– Aurreko zenbakietan xedatutakoa alde batera utzi gabe, onuradunak ez baditu ordaintzen mailegutik zor dituen edozein zenbatekoko laguntzak, finantza-erakundeak, egoki iritziz gero, Finantzen Euskal Institutuari eskatu ahal izango dio pertsona horren kreditua lagatzeko, baita haren eskubideak eta bermeak ere (pertsonalak edo errealak); hala eginez gero, Finantzen Euskal Institutuak lagapen hori gehienez hogeita hamar egun naturaleko epean egingo du, eskaera hori egiten zaionetik aurrera zenbatzen hasita.
Hamabigarrena.– Elkar bermatzeko sozietate baten abala duten eragiketak.
1.– ETEek inbertsio-proiektuetarako egindako eskabideei dagokienez, haien izaera edo tipologia edozein izanik ere, finantzaketa-beharra milioi bat eurokoa (1.000.000) baino txikiagoa bada, batzordeak mailegua elkar bermatzeko sozietate batekin formalizatzea erabakiko du.
2.– Era horretan, aipatutako proiektuek, elkar bermatzeko sozietate baten abalarekin onartutakoek, ez dute berme-funtsaren berme gehigarririk izango eta, ondorioz, ez zaie aplikatuko hamaikagarren klausulan ezarritakoa, eta organo eskudunak ebazpena eman beharrik ere ez dute izango.
3.– Elkar bermatzeko sozietatearen abala dena delakoagatik ezinezkoa izango balitz, Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak ebaluatu ahal izango du eskabidea, berme-funtsaren estaldurarekin formalizatzeko, eta orduan hamaikagarren klausulan xedatutakoa aplikatuko zaio.
Hamahirugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
1.– Hitzarmen hau izenpetzen denetik 2017ko abenduaren 31raino izango da aplikagarri, edo, hala egokituz gero, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraituz ematekoa den maileguen gehieneko bolumena agortu arte, data hori baino lehen hala gertatuz gero.
2.– Aurreko zenbakian adierazitako epearen bukaeran, eta alderdi sinatzaileetako edozeinek aurrez berariaz denuntziatu ezean, hitzarmen hau bere zehaztapen guztiekin egutegiko urtez urte luzatuko da, baldin zazpigarren klausulan adierazi den emateko maileguen bolumena agortu ez bada.
3.– Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren, Finantzen Euskal Institutuaren eta hitzarmena sinatzen duten elkar bermatzeko sozietateen eta finantza-erakundeen konpromisoak ez dira desagertuko horren babespean emandako maileguen epemugara arte.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean,
Arantza Tapia Otaegi andrea, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua
Ricardo Gatzagaetxebarria Bastida jauna, Ogasun eta Finantzetako sailburua
Finantzen Euskal Institutuaren izenean,
Josu Iñaki Garay Ibáñez de Elejalde jauna, zuzendari nagusia
1. finantza-erakundea SAren izenean,
jauna/andrea, zuzendari nagusia
2. finantza-erakundea SAren izenean,
jauna/andrea, zuzendari nagusia
1.– Elkar Bermatzeko Sozietatearen izenean,
.jauna/andrea, zuzendari nagusia
HITZARMENAREN I. ERANSKINA
DEFINIZIOAK
Hitzarmen honen ondorioetarako, zentzu honetan ulertu behar dira jarraian datozen definizioak:
1) Enpresa txiki edo ertaina: Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduko (EB) I. eranskinean ezarritako irizpideak betetzen dituen enpresa.
2) Enpresa-handiak: aurreko puntuan adierazitako mugak gainditzen dituzten enpresak.
3) Laguntzaren intentsitatea: laguntzaren zenbateko gordina, proiektuko diruz laguntzeko moduko gastuen portzentajean adierazita. Kopuru guztiak zergetakoak edota bestelakoak diren kenkarien aurretikotzat hartuko dira.
4) Diru-laguntzaren baliokide gordina: arriskua finantzatzen laguntzeko neurrien azken onuradunak neurri horietatik ateratzen duela jotzen den abantailaren edo onuraren tamaina. Laguntzaren intentsitate gordina maileguaren zenbateko osoaren gaineko ehunekotan kalkulatuko da, onuradun bakoitzarentzat.
5) Eragin bultzatzailea: onuradunak Finantzaketa Eskabidea aurkeztuko du SPRIn proiektua abiarazi baino lehen. Gainera, proiektuaren hedapena edo egindako inbertsio osoa nabarmen handituko da, edo exekuzio-erritmoan bizkortze esanguratsua lortuko da laguntzari esker. Enpresa handietan, gainera, honako baldintza hau bete beharko da: proiektua eremu horretan egin ez izana, edota, laguntzarik ezean, onuradunarentzat behar bezain errentagarria ez izatea eremu horretan.
6) Erakunde arduraduna: Europako Inbertsio Bankua eta Europako Inbertsio Funtsa, Estatu kide bat akzioduntzat duen nazioarteko finantza erakunde bat, edo agintaritza publiko baten kontrolpean, zuzenbide publikoko erakunde baten kontrolpean edo zerbitzu publiko baten eginkizunak dituen erakunde pribatu baten kontrolpean interes publikoa lortzeko asmoa duen eta Estatu kide batean ezarrita dagoen finantza-erakunde bat. Erakunde arduraduna zuzenean izendatua edo hautatua izan daiteke, obra-, hornidura- eta zerbitzu-kontratu publikoak esleitzeko prozedurak koordinatzeari buruzko 2004/18/CE Zuzentarauan edo zuzentarau hori ordezten duen geroztiko edozein arautan ezarritakoari jarraituz.
7) Inbertitzaile pribatu independentea: bere inbertsioaren xede den eta diruz lagun daitekeen enpresaren akziodun ez den inbertitzaile pribatu oro. Bereziki, probidentziazko inbertitzaileak (business angels) eta finantza-erakundeak, edozein dela ere haien titulartasuna, bere inbertsioei dagokienez arrisku osoa bere gain hartzen duen neurrian. Enpresa berri bat sortzen denetik aurrera, inbertitzaile pribatuak, fundatzaileak barne, enpresa horretatik independentetzat jotzen dira.
8) Arrisku-finantzaketarako inbertsioa: diruz lagun daitezkeen enpresentzako maileguak, finantza-errentamenduak, bermeak eta modalitate horien konbinazioak barne, inbertsio berriak egiteko helburua dutenak.
9) Pertsona fisikoa: erakunde juridikoa ez den pertsona oro, betiere Ituneko 1. zenbakiko 107. artikuluaren arabera enpresa ez bada.
10) Mailegua: edozein hitzarmen, zeinaren bitartez mailegu-emaileak mailegu-hartzailearen esku jartzen duen hitzartutako diru kopuru bat, hitzartutako epe baterako. Akordio horrek mailegu-hartzailea kopuru hori hitzartutako aldian itzultzera obligatzen du. Maileguaren edo beste finantzatze-tresna baten forma har dezake, baita finantza-errentamendu batena ere, zeinak mailegu-emaileari gutxieneko etekineko osagai nagusi bat eskaintzen baitio. Lehendik dauden maileguak birfinantzatzea ez da diruz lagun daitekeen mailegua izango.
11) Bermea: idatzizko edozein konpromiso, zeinaren bitartez norberaren gain hartzen den hirugarren baten mailegu-eragiketa guztien edo zati baten erantzukizuna, berrikitan eginiko zor-tresnen, errentamenduaren edo kuasikapital-tresnen eran.
12) Krisiak jotako enpresa: Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduko 2. artikuluko 18. zenbakian ezarritako betekizunak betetzen dituen enpresa.
13) Itzulketa: laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, hala egokituz gero, jasotako laguntza itzultzea, pertsona edo erakunde onuradunak bere betebeharrak bete ez izanaren ondorioz.
14) Berme-tasa: dagokion Estatu-laguntzaren neurriari jarraituz diruz lagun daitekeen eragiketa bakoitzaren inbertitzaile publiko batek duen galeren estalduraren ehunekoa.
15) Oinarrizko ikerketa: lan esperimental edo teorikoak dira, behatzen diren fenomeno eta gertakizunen oinarri-oinarrizko funtsei buruzko jakintza berriak eskuratzeko helburuz eginak, aplikazio edo erabilera komertzial zuzenekorik izateko aurreikuspenik gabe.
16) Ikerketa industriala: produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik bazeudenak askoz hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzeko helburuz eginiko ikerketa planifikatua edo azterlan kritikoak; sistema konplexuen osagaiak sortzea hartzen du barne eta laborategiko ingurune batean edo lehendik dauden sistemekin simulatutako interfazeak dituen ingurune batean prototipoak egitea ere jaso dezake, bai eta ildo pilotuak ere, ikerketa industrialerako eta, bereziki, teknologia generikoa balidatzeko beharrezkoa denean.
17) Garapen esperimentala: aurretik ere baziren jakintzak eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak eta abar) eskuratu, konbinatu, konfiguratu eta erabiltzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak prestatzeari begira. Horrez gain, produktu, prozesu edo zerbitzu berrien kontzeptuzko definizioa, plangintza eta dokumentazioa egiteko jarduerak ere barne har ditzake.
Hauek hartu ahal izango ditu barne: prototipoak sortzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berri edo hobetuen demostrazioa, proiektu pilotuak, saiakuntza eta balidazioa egitea funtzionamendu-egoera errealen adierazgarri diren inguruneetan, betiere helburu nagusia bada funtsean errotuta ez dauden produktu, prozesu edo zerbitzuei hobekuntza tekniko berriak ekartzea. Merkataritza-erabilera duten prototipo eta proiektu pilotuak garatzea ere barne har dezake, azken merkataritza-produktuaren beharraren eraginez sortzen badira, eta bere fabrikazioa soilik erakusketa- eta balioztatze-helburuetarako garestiegia denean.
Garapen esperimentalak ez ditu barnean hartzen produktuei, ekoizpen-lerroei, fabrikazio-prozesuei, lehendik baziren zerbitzuei eta martxan dauden beste operazio batzuei egiten zaizkien ohiko edo aldian aldiko eraldaketak, nahiz eta eraldaketa horiek hobekuntzak ekarri.
18) Langileen kostuak: ikertzaileen, teknikarien eta gainontzeko laguntzaileen kostuak, betiere dagokion proiektuan edo jardueran aritzen diren neurrian.
19) Erabateko lehiako baldintzak: operazio batean alderdi kontratatzaileen artean dauden baldintzak, enpresa independenteen artean izango liratekeenen parekoak, eta ez daukate inolako kolusio-elementurik. Prozedura ireki, garden eta diskriminaziorik gabeko baten ondoriozko operazio oro erabateko lehiako printzipioaren araberakotzat joko da (arm's length principle).
20) Lankidetza eraginkorra: gutxienez bi alderdi independenteren arteko lankidetza ezagutzak edo teknologia elkarri trukatzeko, edo lan-banaketa oinarri hartuta helburu bera lortzeko, non esku hartzen duten alderdiek elkarlanean gauzatu beharreko proiektuaren eremua batera zehazten duten, hori aplikatzen laguntzen duten eta haren arriskuak eta emaitzak partekatzen dituzten; alderdi batek edo hainbatek proiektuaren kostu guztiak bere gain har ditzake eta, era horretan, gainerako alderdiei finantza-arriskuak kentzea. Kontratupeko ikerketa eta ikerketa-zerbitzuen prestazioa ez dira lankidetza-modutzat hartzen.
21) Teknologiaren Euskal Sarera atxikitako teknologia-zentroak: funtsean teknologia sortzen, garatzen eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-ehunera transferitzen duten ikerketa-erakundeak, Teknologiaren Euskal Sareko kide direnak.
22) IKZak. Ikerketa Kooperatiboko Zentroak: Euskal Autonomia Erkidegorako estrategikoak diren zientziaren eta teknologiaren arloko ikerketa kolaboratibo eta bikaintasuneko erakundeak.
23) Eraginkortasun energetikoa: energia-kontsumoa murriztea xedetzat duen praktika oro. Eraginkortasun energetikoa energia eraginkortasunez erabiltzea da, eta, era horretan, produkzio-prozesu guztiak optimizatzea ez ezik, ondasun eta zerbitzu gehiago ekoizteko energia kopuru bera edo txikiagoa ere erabiltzea.
24) Energia-aurrezpena: aurreztutako energia kopurua –eraginkortasun energetikoa hobetzeko neurriren bat aplikatu aurretik eta aplikatu ondoren zenbat kontsumitu den neurtuta edo kalkulatuta zehazten da–, aldi berean bermatuta energia-kontsumoan eragina duten kanpoko baldintzen normalizazioa.
25) Ikerketa-azpiegitura: zientzia-komunitateak dagokion sektorean ikerketak egiteko erabilitako instalazioak, baliabideak eta antzeko zerbitzuak; definizio horren barruan hauek sartzen dira: ekipo-ondasun edo tresna zientifikoak, ezagutzan oinarritutako baliabideak (zientziaren arloko bilduma, artxibo edo informazio egituratuak, informazioaren teknologietan oinarritutako azpiegitura instrumentalak, besteak beste) eta komunikazioa (sarea, konputazioa, programa informatikoak eta komunikazioak, esaterako); edo ikerketa egiteko beharrezko den beste edozein erakunde paregabe.
HITZARMENAREN II. ERANSKINA
MAILEGUEN EZAUGARRIAK
Xedea.– Hitzarmen honen esparruan emandako maileguek helburutzat dute industria-sektoreko eta lotutako zerbitzuetako kide diren onuradunen inbertsio-proiektuak finantzatzea ikerketa, garapen eta berrikuntzan, eraginkortasun energetikoko neurrietan zein zientziaren eta teknologiaren arloko inbertsioetan.
Finantzatu beharreko zenbatekoa.– Finantzatu beharreko inbertsio-beharrak gutxienez berrehun eta berrogeita hamar mila eurokoak (250.000) eta gehienez bost milioi eurokoak (5.000.000) izango dira, baina finantzaketaren zenbateko osoaren gehienekoak Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoa izango du mugatzat, egin beharreko inbertsio-proiektuaren motaren edo izaeraren arabera, baita inbertsio osoaren % 75a ere.
Interes-tasa.– Interes-tasa aldakorra, proiektu bakoitzaren berezko arriskuaren ebaluazioaren arabera zehaztu beharrekoa, kostua gehienez urtebeterako Euriborra gehi % 2,00ko diferentziala izanik.
Interesa urtero berrikusiko da. Interesak egunero sortuko dira, maileguaren printzipal biziaren gainean, eta hiruhilekoz hiruhileko likidatuko dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak berme-funtsa sortzeak edo, hala badagokio, elkar bermatzeko sozietateak hitzarmen honen lankidetza-esparruan parte hartzeak azken onuradunari jasanarazitako finantza-baldintzak hobetzea ekarri behar du.
Epea.– Gehienez 10 urtera arte izango da, eta aukerako bi urteko gabealdia izango du gehienez.
Oro har, maileguen itzulketa hiru hilean behin egingo da, gabealdiaren ondoren ordaintzekoak diren kuota berdinen bitartez.
Kanpoko finantzaketa.– Hitzarmen honen barruko finantzaketa inbertsio osoaren % 75 izango da gehienez. Horrenbestez, eskatzaileak funts propioen ekarpen bat egin behar du, gutxienez inbertsio osoaren % 25, hitzarmen honi lotutako finantzaketak eta jasotako diru-laguntzak alde bat utzita. Balorazio eta Jarraipenerako Batzordeak galdatutako funts propioen kopurua aldatu ahalko du.
Amortizazio aurreratua.– Mailegu-hartzaileak entrega aurreratuak egin ahal izango ditu maileguan hartutako kapitalaren kontura; horrelakoak printzipalaren % 10eko zenbatekokoak izango dira gutxienez, betiere saldo bizia zenbateko hori baino txikiagoa ez bada.
Bermeak.– Ekarritako bermeei eta proposatutako eragiketari buruz egiten den ebaluazioaren arabera, Finantzen Euskal Institutuak berme osagarriak –direla pertsonalak, direla errealak– eskatu ahalko dizkie bazkideei, beste sozietate batzuei edo elkar bermatzeko sozietateei. Bestalde, parte hartzen duten finantza-erakundeek ezingo dute eskatzailearengandik berme gehigarririk hartu, Finantzen Euskal Institutuak eskatutakoez beste.
Kreditu-hurrenkera.– Mailegu-hartzailea obligatzen da, mailegu honen indarraldian, bere aktiboetako edozeinen gainean eskubide errealik, kargarik edo zerga nahiz pribilegiorik ez sortzera, aurrez Finantzen Euskal Institutuaren baimena izan ezean.
Era berean, onuradunak maileguaren indarraldi osoan ez pribilegiatuak eta ez mendekoak diren bere beste hartzekodunen maila bera mantenduko du.
Komisioak eta gastuak.– Ez da komisiorik aplikatuko maileguaren nominalaren gainean. Mailegu-hartzailearentzako gastu gehigarri bakarra fede-emaile publikoen edota jabetza-erregistroaren (hala egokituz gero) esku hartzetik datorrena izango da.