EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2016172

EBAZPENA, 2016ko uztailaren 29koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena. Horren bidez, Navaridaseko eta Lezako udalerriek osatutako elkartea eratzen da, gaikuntza nazionala duten funtzionarioentzat gordetako Idazkaritzako lanpostu bat elkarren artean mantentzeko.

Xedapenaren data: 2016-07-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201603864
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2013/11/19an argitaratutako 2013/11/04ko EBAZPENA [201305028]
  • Ikus 2015/12/24an argitaratutako 2015/12/11ko EBAZPENA [201505418]

Herri Administrazioetarako Ministerioko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren 1988ko martxoaren 16ko Ebazpenaren bidez, behin betikotu egin zen gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuen sailkapena (1988ko martxoaren 22ko EAO, 70. zk.). Ebazpen horren arabera, Navaridas eta Lezako udalek osatutako elkartearen Idazkaritza-lanpostua hirugarren mailakotzat sailkatu zen.
Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariaren 2013ko azaroaren 4ko Ebazpenak Lezako eta Navaridaseko udalek Idazkaritzako lanpostu bat bi udalen artean mantentzeko eratu zuten elkartea desegin zuen, eta Lezako eta Navaridaseko udalen eta Arabako Errioxako Urkidetzaren arteko elkartea eratu zuen, helburu berarekin.
Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak, 2015eko abenduaren 11ko Ebazpenaren bidez, Idazkaritzako lanpostu bakarra izateko eratu zuten Lezako eta Navaridaseko udalen eta Arabako Errioxako Urkidetzaren arteko elkartea desegin zuen, eta, ondorioz, gaikuntza nazionala duten Lezako eta Navaridaseko udaletako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak hirugarren mailako gisa sailkatzea erabaki zuen.
2016ko ekainaren 6an izandako bileretan, Navaridas eta Lezako udaletako osoko bilkurek onartu zuten, gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako Idazkaritzako lanpostu bakarra elkarrekin mantentzeko helburuz, bi udalerrien arteko elkartea eratzeko prozedurari hasiera ematea.
Udalek aurreko akordioak onartu zituzten, Tokiko Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 47.2 artikuluan adierazitako gehiengoaren bidez.
Toki Administrazioko gaikuntza nazionaleko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 3.b) artikuluaren arabera, autonomia erkidegoei dagokie berezko dituzten arauei jarraituz beren lurralde eremuan elkarteak eta erakundeak sortu eta desegiteko erabakia hartzea (esan beharra dago, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen zazpigarren xedapen iragankorrari jarraikiz, lege hori indarrean jarri –2013ko abenduaren 31– baino lehenago hasitako Estatuko gaikuntza duten funtzionarioei dagozkien administrazio-prozedurak izapidetzen jarraituko direla eta ebatziko direla hasi zirenean indarrean zeuden xedapenen arabera).
Prozeduraren instrukzio fasean, Arabako Foru Aldundiak, 2016ko uztailaren 15ean jasotako txostenaren bidez, adierazi zuen elkarte hau eratzearen alde zegoela.
Biztanleria eta elkartu beharreko udalerri bakoitzak kudeatzen duen aurrekontua kontuan hartuta, bidezkoa da Navaridas eta Lezako udalerriek osatutako elkartearen Idazkaritza hirugarren mailakotzat sailkatzea, 1732/1994 Errege Dekretuaren 2. artikuluari jarraituz.
Hori dela eta, uztailaren 29ko 1732/1999 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluari eta Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 10. artikuluari jarraituz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Navaridas eta Lezako udalek Idazkaritzako lanpostu bat elkarren artean mantentzeko elkartea eratzea, zeinak Navaridasen izango baitu hiriburutza.
2. artikulua.– Navaridas eta Lezako udalek osatutako elkartearen Idazkaritza hirugarren mailakotzat sailkatzea.
AZKEN XEDAPENetatik lehengoa
Ebazpen honek ez dio bukaera ematen administrazio-bideari, eta haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan, eta ez zaio uko egiten errekurtsoa aurkezteko xedez zuzenbidean onartutako edozein bideri.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, herri-administrazio interesdunek ez dute administrazioarekiko errekurtsorik jartzerik izango ebazpen honen aurka. Hala ere, ebazpen hau errekurritu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, 29/1998 Legearen 45. eta hurrengo artikuluen arabera. Halaber, aurretiaz eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzari eskatu ahalko diote ebazpena deuseztatu edo atzera bota dezala, hala xedatuta baitago 29/1998 Legearen 44.1. artikuluan.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 29a.
Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,
ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA.