EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2016172

728/2016 EBAZPENA, uztailaren 29koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetarako 2016ko ohiko bigarren deialdia onartzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201600728
Xedapenaren data: 2016-07-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201603863
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Prestatu eta trebatzeko ikastaroak)
Martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko prozesua arautzen du. Dekretu horrek zehazten du Osakidetzan aplikatu beharreko hizkuntza-eskakizunak apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak direla (86/1997 dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-administrazioetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Prozesua arautzen duena). Orobat ezartzen du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eskumena duela hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egiteko, erakunde horrek helburu zehatz horrekin egingo du bai ohiko deialdia bai ohiz kanpoko deialdia.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Onartzea hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proben 2016ko bigarren ohiko deialdia, I. eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.
Bigarren artikulua.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetarako deia egiten duen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluaren eta hurrengo artikuluen arabera, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 29a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
JON JOSEBA ETXEBERRIA CRUZ.
I. ERANSKINA
HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EGIAZTATZEKO DEIALDIA
OINARRIAK
1. oinarria: hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdi honek aukera ematen du lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko. Prozesuak atal hauek izango ditu: izena emateko aldia, onartuen eta baztertuen zerrenda, probak, bakoitza bere behin-behineko kalifikazioekin eta erreklamazio-epearekin, eta guztia amaituko da behin betiko kalifikazioak argitaratzen direnean.
2. oinarria: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, deialdiaren ardura izango duen epaimahaia izendatuko da. Epaimahaikide izango dira epaimahaiburua, zazpi mahaikide eta idazkaria. IVAPek epaimahaikideetako bi izendatuko du. Epaimahaikiderik gehienak euskal herri-administrazioen zerbitzuan dauden langile finkoak izango dira, eta 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izan beharko dute.
3. oinarria: egiaztatze-prozesua ebazpen hau argitaratzeaz batera hasiko da, eta jarraibide hauek arautuko dute azterketaldia.
4. oinarria: deialdi honetan parte har dezakete aurreko egiaztatze-prozesuko matrikulazio-epe amaieratik (2016ko martxoaren 16tik) prozesu honen matrikulazio-epea amaitu arteko denboraldian (2016ko irailaren 24ra arte), zerbitzu aktiboan, senideak zaintzeko eszedentzian edo zerbitzu berezietan egon diren edo dauden Osakidetzako langileek, lan-harremana edozein izanda ere.
5. oinarria: deialdi honetan aurkezten dena hizkuntza-eskakizun bakarrera aurkez daiteke.
6. oinarria: laugarren hizkuntza-eskakizuneko probetan parte hartzeko, hirugarren hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta eduki behar da, deialdian izena emateko epearen azken egunerako. Horretarako, beharrezkoa izango da egiaztapen hori Osakidetzako Erregistro Ofizialean erregistratuta edukitzea. Laugarren hizkuntza-eskakizuneko probak egiteko eskatzen den hirugarren hizkuntza-eskakizunaren egiaztagiririk ez badago erregistratuta Osakidetzako Langileen Erregistroan, izangai horiek laugarren hizkuntza-eskakizuneko probetan parte hartzeko eskabidearen fotokopia (intranet bidez egindakoa) eta hirugarren hizkuntza-eskakizuna baliokidetzeko eskabidea (behar bezala beteta eta dagokion dokumentazioarekin) aurkeztu behar dituzte euren zerbitzu-erakundean, inskripzio-epearen barruan (Giza Baliabideetako zuzendariaren 11/2012 Jarraibideak, beste herri-administrazio batzuek emandako hizkuntza-eskakizunen egiaztapenen baliokidetzari eta euskaraz egindako ikasketa ofizialen aitortzeari eta erregistratzeari buruzkoak).
7. oinarria: deialdi honetako egiaztatze-prozesuan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea irailaren 10etik 24ra izango da, biak barne.
8. oinarria: izangaiek eskabide elektronikoa bete beharko dute, eta, horretarako, helbide elektroniko hauetara jo:
● Intranetekora: https://www.osakidetza.net/sites/Intranet/eu/profesionales/plan-de-euskaldunizacion/perfiles-linguisticos/acreditacion-pl/Orriak/default.aspx > 2. deialdia (2016/07/29)
● Internetekora: https://ce.osakidetza.eus/eus/ce.html > egiaztapenak > 2016ko ohiko deialdia – II > Eskabideak
Era berean, izena emateko eskabidea aurkeztu ahal izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazioaren Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan ezarritako edozein modutan.
9. oinarria: probak egiteko egokitzapenen bat behar duten izangaiek eskabidean bertan adierazi behar dute. Behar den egokitzapen horrek ez du ekarriko inolako murriztapenik eskatzen den gaitasunean.
10. oinarria: izena emateko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak, ebazpen baten bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartuko du. Baztertuen kasuan, baztertzearen arrazoia adieraziko da. Aipatutako ebazpena Osakidetzaren WEBean intraneteko orrian eta zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan jarriko da jendaurrean.
Halaber, hor bertan adieraziko da ahozko proban zein izangaiek parte hartu ahalko duten proba idatzia egin gabe, 16. oinarrian araututakoaren arabera.
11. oinarria: onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda jendaurrean jarri eta hurrengo egunetik hasita, interesdunek hilabeteko epea izango dute gora jotzeko errekurtsoa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari aurkezteko.
12. oinarria: azterketetan parte har dezakete onartuen eta baztertuen zerrenda dakarren ebazpenean onartuta agertzen diren izangaiek.
Era berean, azterketan parte har dezakete, baztertuta egon arren, gora jotzeko errekurtsoa jarri eta beraren kopia azterketaren egunean aurkezten dutenek. Gora jotzeko errekurtsoaren kopiarekin batera eskabidearen kopia ere aurkeztu beharko dute. Kasu horretan, azterketaren emaitzak bakarrik balio izango du, baldin eta errekurtsoa ebatzi ondoren izangaia onartuta geratzen bada.
13. oinarria: azterketen egutegi bat prestatuko da onartutako eskatzaileen kopurua eta azterketak egiteko beharko diren baliabideak kontuan hartuta. Baliteke proba bat baino gehiago bateratzea ekitaldi edo egun bakarrean.
Azterketen egunak, lekuak eta orduak zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan, Osakidetzako WEBean eta intraneteko orrian jakinaraziko dira.
Aztertzaileek izangaien ahozko proba grabatu ahalko dute, premia ikusten badute, bakar-bakarrik, kalifikazioaren alderdiren bat berrikusteko, lagungarri bat eskueran edukitzearren.
14. oinarria: edozein hizkuntza-eskakizun egiaztatzeko prozesuan, trebetasun hauek ebaluatuko dira: idatzizko ulermena eta idazmena eta ahozko ulermena eta mintzamena. Proba bereiziak bateratu ahalko dira onartutako izangaien kopuruaren eta dauden baliabideen arabera.
15. oinarria: proba guztiak baztertzaileak direnez, proba bat ez gainditzea nahikoa izango da hurrengo probak ez ebaluatzeko.
16. oinarria: Osakidetzak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko antolatutako azken azterketaldian proba idatzia gainditu baina ahozko proba gainditu ez zuten izangaiak salbuetsita daude azterketaldi honetako idatzizko ulermen eta idazmen probak egitetik, baldin eta aurrekoan salbuetsita ez bazeuden. Hortaz, zuzenean joko dute ahozko probetara.
Hala eta guztiz ere, izangai guztiek epe barruan eman beharko dute izena probetarako, salbuetsita dauden ala ez kontuan hartu gabe.
17. oinarria: trebetasun ezberdinak (idatzizko ulermena, idazmena, ahozko ulermena eta mintzamena) ebaluatzen dituzten probetako behin-behineko kalifikazioak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpen baten bidez jakinaraziko dira, ebaluatutako proba bakoitzari dagokion «gai» edo «ez gai» kalifikazioa zehaztuta, eta zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan, Osakidetzako WEBean eta intraneteko orrian jendaurrean jarriko.
Behin-behineko kalifikazioak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, gutxieneko 5 egun naturaleko epea izango dute interesdunek erreklamazioak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariari aurkezteko.
Erreklamazioak egin ahal izateko, Osakidetzako intraneteko orrian horretarako dagoen formularioa erabili beharko da, eta betiere bertan agertzen diren jarraibideak oinarri hartuta.
18. oinarria: idatzizko ulermena eta irakurmena zein ahozko mintzamena eta ulermenaren behin-behineko kalifikazioen aurkako erreklamazio-epea amaitutakoan, izangaien behin betiko kalifikazioak argitaratuko dira zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean.
19. oinarria: izangai bakoitzak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetan lortutako behin betiko kalifikazioa bakarra izango da, eta «gai» edo «ez gai» moduan adieraziko da.
20. oinarria: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian proba guztiak gainditu, eta ondorioz hizkuntza-eskakizun baten ziurtagiria jasoko dutenen kalifikazioak argitaratuko dira.
21. oinarria: hizkuntza-eskakizunen egiaztapenek ondorioak izango dituzte behin betiko kalifikazioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzen duen ebazpena egiten den egunetik.
22. oinarria: hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak gainditu dituztenek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendaritza nagusiaren ziurtagiria jasoko dute. Ziurtagiri hori izangaiak lan egin duen azken zerbitzu-erakundera bidaliko da.
23. oinarria: hizkuntza-eskakizun bakoitzean eskatuko den euskararen ezagutza-maila neurtzeko hauek hartuko dira kontuan: batetik, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena, eta, bestetik, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena.
24. oinarria: hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetarako eskabideak kudeatu ahal izateko, ezinbestekoa da eskatzaileei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta Osakidetzari eta erakunde eskudunei lagatzea. Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalak arau hauek xedatutakoaren arabera kudeatuko dira: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, bai eta datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurrien araudiak ere (ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa).
Deialdi honetan parte hartzen duten langileek onartu egiten dute ebazpenaren helburua betetzeko jasoko diren datu pertsonalen tratamendua.
Era berean, onartu egiten dute kalifikazioak erregistratzea, tratatzea, eta erakunde eskudunei lagatzea, euskararen erabileraren helburu eta lehentasunen betetze-mailaren, hizkuntza-gaitasunaren prozesuen eta hizkuntza-eskakizunen egiaztatze-mailaren ebaluazio-txostena egiteko (67/2003 Dekretua, martxoaren 18koa, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzekoa, 1.3 artikulua). Orobat, datu horiek Osakidetzako Euskara Plana egokiro kudeatzeko ere erabiltzea onartzen dute.
Eskatzaileei buruzko informazioa Datuak Babesteko Espainiako Agentzian erregistratuta dagoen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren «Registro del personal de Osakidetza» deritzon erregistroan egongo da. Eskatzaileek fitxategietako datuetara sartzeko, datuok aldatu eta deuseztatzeko eskubidea erabili nahi izanez gero, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzara jo dezakete: Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz.