EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2016171

EBAZPENA, 2016ko abuztuaren 3koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez txostena egiten baita Urkiondo Ekolur, S.L. enpresa Legazpin (Gipuzkoa) sustatzen ari den hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko/balorizatzeko jardueraren ingurumen-inpaktuari buruz.

Xedapenaren data: 2016-08-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201603850
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2016ko maiatzaren 2an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan Urkiondo Ekolur, S.L. enpresak aurkeztutako eskaera eta dokumentazio osoa jaso ziren. Enpresa horrek Legazpin egin nahi duen hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko/balorizatzeko jardueraren proiektuari buruzko dokumentazioa zen, proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura has dadin, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz (aurrerantzean, 21/2013 Legea), arau horretako II. eranskineko 9. taldeko b eta e ataletan dagoelako. Eskaera horrekin batera, proiektuaren ingurumen-dokumentazioa aurkeztu zen, aipatutako legearen 45. artikuluan ezarritako edukiarekin.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoarekin bat, Ingurumen Sailburuordetzak proiektu honek eragiten dien administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egin die kontsulta, interesekoa izan daitekeen informazioa bildu eta aipatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazteko.
Zehazki, hauei guztiei egin die kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Uraren Euskal Agentzia, IHOBE (guztiak Eusko Jaurlaritzako erakundeak), Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia eta Kultura Zuzendaritza Nagusia, Legazpiko Udala eta Ekologistak Martxan Gipuzkoa.
Abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 46. artikuluarekin bat egindako kontsulta-aldian, hauen erantzunak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza eta Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza –horiek guztiak Eusko Jaurlaritzaren erakundeak dira–.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, ingurumenaren babes-maila handia bermatuz honenbestez, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuen ebaluazioek, besteak beste, egoki bermatu beharko dute ingurumenaren gaineko eraginei buruzko azterketa planifikazio-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, aukera egokienak hautatu ahal izateko, betiere jardueren ondoriozko eragin metatzaile eta sinergikoak kontuan izanik.
21/2013 Legeko 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, besteak beste, lege horretako II. eranskinean dauden proiektuei. Beraz, ingurumen-ebaluazioaren alorrean indarrean dagoen legedia aplikatuz, Urkiondo Ekolur, S.L. enpresak sustatutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko / hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko instalazioari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio. Ebaluazio horrek zehaztuko du proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion ala ez.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio (erakunde eskuduna da otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren arabera), Ingurumena eta Lurralde Politikarako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 dekretuaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematea. Bertan, aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak izan ditzakeen aztertuko da eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion aztertuko da.
Hauek ikusirik: Euskadiko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Urkiondo Ekolur, S.L. enpresak sustatutako hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko/balorizatzeko jarduerarako, ondoren adierazitakoaren arabera.
A.– Aztertzen ari garen proiektuaren helburua da Legazpiko Eibarrena auzoko 11. zenbakian (Gipuzkoa) hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko/balorizatzeko instalazio bat martxan jartzea. Hondakinak jasotakoan, sailkatu, eta, tipologiaren arabera, biltegiratu egingo dira. Tipologia hori aintzat hartuta, baimendutako kudeatzaileari bidaliko zaizkio, edo balorizatu egingo dira; hortik, agregakin birziklatuak eta zur-partikulak lortuko dira.
B.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txosten honek 21/2013 Legeko III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat datorren proiektuaren ingurumen-dokumentuko edukia aztertzen du.
1.– Proiektuaren ezaugarriak:
Instalazioetan egingo den jarduera da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzea eta balorizatzea, aurrerantzean EEH, bai eta zuretik datozenak ere, eta aurreko hondakin horiekin batera irits litezkeen produktu ez-arriskutsuak kudeatzea (tamaina handikoak, papera eta kartoia, plastikoa, beira, txatarra...).
Instalazio horietan egingo den prozesuak etapa hauek ditu: arriskutsuak ez diren hondakinak jasotzea, sailkatzea, hautatzea, biltegiratzea eta bidaltzea; EEHak eta zuretik datozenak jasotzea, sailkatzea, hautatzea, biltegiratzea, balorizatzea/txikitzea, eta, azkenik, agregakin birziklatuak eta zur-partikula ezberdinak bidaltzea.
Instalazioaren urteko ahalmena 28.746 t/urtekoa izango da, eta jarduera bi kokalekutan egingo da: bata partzelaren beheko aldean egongo da (eraikitako 1.327 m2), eta, hor, zur-hondakinak balorizatuko dira; bestea goiko pabiloia izango da (eraikitako 673,12 m2), eta, hor, hondakin guztiak kudeatuko dira, eta EEHak balorizatuko dira. Bi pabiloietara zolatutako sarbide bakarretik iristen da, eta jarduera egiteko erabiliko diren pabiloiak eta ibilgailuak hara eta hona ibiliko diren kanpoko eremuak zolatuta daude.
Jarraituko den prozesua hau izango da:
Hondakinak iristen direnean, materiala pisatu eta deskargatu egingo da, toki hauetan: hondakin bakarra jasotzen denean, dagokion biltegiratze-eremuan; eta, hondakinak nahasita jasotzen direnean, sailkatze-eremuan. Hondakinak deskargatu eta gero, bereizketa selektiboa egingo da, tipologia ezberdinen arabera (ehun-gaiak, plastikoa eta kautxua, papera eta kartoia, isolamendua, beira, burdin metalak eta metal ez-burdinazkoak, hormigoi garbia, adreiluak, material zeramikoa eta udal-hondakinen nahasketa). Bereizketatik lortutako materiala biltegiratu egingo da, edukiontzi banakatuetan eta estaldura azpian, astebetetik beherako aldian; ondoren, kudeatzaile baimendu baten instalazioetara eramango da.
Irits litezkeen hondakin arriskutsuak eta jardueran bertan sortutakoak eraikin itxian biltegiratuko dira, eta, ondoren, dagozkien kudeatzaile baimenduei bidaliko zaizkie.
Ostean, balorizazio-jarduerak egingo dira:
• EEHen kasuan.
EEH garbiak balorizatuko dira, Hondakinen Europako Zerrendaren frakzio hauei dagokienez: 17.01.01 (hormigoia), 17.01.02 (adreiluak) eta 17.01.03 (teilak eta material zeramikoak); horretarako, birrintzeko ekipoa erabiliko da. Aldez aurretik, materiala hezetu egingo da, hautsik ez zabaltzeko. Balorizatu eta gero, agregakin birziklatua biltegiratu egingo da, tipologiaren arabera, kanpoko biltegiratzeko eremuan.
• Zuraren kasuan.
Zur-hondakinak bi motatakoak dira, jatorriaren arabera: inausketa eta industria-zura. Ahalegina egingo da hondakina jaso bezain laster birrintzeko; hala ere, gerta daiteke biltegiratu behar izatea, horretarako egokitutako tokietan. Zur guztia birrindu egiten da, eta horrela lortzen dira biomasarako partikulak (zura inausketatik badator) edo konglomeratuetarako partikulak (industria-zuretik badator). Horiek instalazioen barrualdean (zur birrindua inausketatik badator) edo kanpoaldeko estaldura azpiko multzoetan (beste kasuan) biltegiratzen dira. Kolmatazioaren aurretik, dagokion zentroari esango zaio, kudea dezan.
Jarduera hori egiteko behar diren kontsumoei dagokionez, instalazioak iturburu batetik hartutako ura erabiliko du, zeina 36.000 litroko edukierako andel batean biltegiratuko baita. Energiaren kontsumoari dagokionez, berriz, jarduera honek hornidura elektrikoaren sarea du eta etxebizitza bati dagokionaren parekoa izango da (bulegoak eta aldagelak). Makinak hornitzeko erregaiari dagokionez, kanpoko enpresa batek hornituko du gasolioa behar denean; beraz, instalazioan ez da erregai-depositurik egongo.
Jarduerak eragiten dituen ingurumen-efektuei dagokienez, azpimarragarrienak dira atmosferara egindako emisioak (emisio lausoak), honako hauen ondorioz: hondakinen manipulazioa, ibilgailuen zirkulazioa, makineria, EEH garbiak bahetzea eta birrintzea birrintzeko ekipo mugigarriaren bidez, eta zura birrintzea.
Bestetik, jardueraren ondoriozko zaratak materialaren zamalanetatik, EEHak eta zura balorizatzeko erabilitako makineriatik eta ibilgailuen zirkulaziotik etorriko dira, enpresaren barruan zein jarduerak eragindako kamioien zirkulazioa handitzearen ondorioz.
Uretara doazen emisioei dagokienez, jarduerak berak ez du sortzen efluente industrialik (pentsa daiteke materiala birrindu aurretik material hori hezetzeko erabiliko den ura gutxi izango dela, eta ez duela efluenterik sortuko). Ahalik eta hauts gutxien sortzeko aspertsoreak jartzen badira, edo antzeko xedearekin beste edozein prozedura erabiltzen bada, sustatzaileak isuriaren baimena eguneratzeko eskatuko dio URAri, eta ur hori beste isuri industrial bat bezala sartuko du. Horrez gain, dagoen dekantagailuan efluentearen hargunea egiteko beharrezko jarduerak burutuko dira, Ibarrola errekara isuri baino lehen.
Istripu-arriskuari dagokionez, istripuzko isuriak gertatzea da litekeena, eta, horretarako, enpresak prebentzioko neurri zuzentzaile batzuk aurreikusi ditu.
2.– Proiektuaren kokapena:
Instalazioa Legazpiko udal-mugartean dago, Eibarrena auzoko 11 Y zenbakian, eta ingurunea, batez ere, baso-ingurunea da. Lurzatia hiri-lurzoru ez-finkatu gisa sailkatuta dago, ekonomia-jardueren erabilerarekin. Ekialdean, GI-2630 probintzia-errepidea du mugakide, eta errepide horretatik iristen da hara.
Lurzatiaren zorua kutsatua egon daitekeen zoru gisa sailkatua dago. Horri dagokionez, sustatzaileak zoruaren egoerari buruzko atariko txostena aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzari 2015eko uztailaren 23an.
3.– Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak direla-eta, inpaktu adierazgarrienak instalazioaren jarduerari berari dagozkionak dira. Garrantzitsuenak airearen kutsadurari dagozkionak dira (emisio lausoak), balorizatu beharreko materialak manipulatzean sortutako hautsarengatik zein ibilgailuen zirkulazioak eta makineriaren erabilerak eragindako errekuntza-gasen bestelako emisio eta zarata batzuengatik sortutakoak.
Horrez gain, inoiz isuriak, jariatzeak... gerta daitezke, eta ura kutsa dezakete.
Isuriei dagokienez, adierazi den bezala, enpresak erabaki du euri-ur garbiak euri-uren sare banatzaile batera biltzea; horiek dekantagailu batera joango dira, ur beltzekin batera, Ibarrola errekara isuri baino lehen. Beste alde batetik, produkzio-prozesurako ez da erabiliko urik, salbuespen honekin: materiala balorizatu baino lehen, material hori hezetzeko erabiliko den ura.
Bigarrena.– Proiektua egikaritzeko eta sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako zein dagokion baimen sektorialetan adierazitako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsagarriak alde batera utzi gabe, kontuan izan beharko dira baldintza hauek:
– Obrak, bai eta lurra erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Aipatutako gunetik kanpo, obretako makinen zirkulazioa ahalik eta gehien murriztuko da.
Sarbide berriak ireki behar badira, eta proiektuak eragina badu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak egin diren lursailetan, halako eremuetan edozein jarduketa egiteko, aurretiaz ingurumen-organoaren baimena beharko du, lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean aurreikusia.
– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia eta, zehazki, lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua eta lurzoru kutsatua prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea.
– Balorizatu beharreko materialaren zamalanak eta biltegiratzea, kanpokoa zein barrukoa, behar bezala iragazgaiztutako azalera batean egingo dira, eta urak jasotzeko sistema bat jarriko zaio.
– Hondakinak biltegiratzeko eremu egokiak gaitu beharko dira tipologiaren, sailkapenaren eta bateragarritasunaren arabera. Hondakin arriskutsuak estalita biltegiratuko dira, zolata iragazgaitz baten gainean eta ihesak edo lixibiatu likidoak biltzeko sistemarekin. Gainera, gutxienez hondakin hauek bereiz biltegiratzeko edukiontziak egongo dira: papera eta kartoia, plastikoak, metalak eta hondarren frakzioa.
– Airearen kutsadurari dagokionez, jarduera horrek –atmosfera kutsa dezakeen jarduera izateagatik– izan behar duen baimenean ezarritakoa betetzeaz gain, arreta berezia jarriko zaio ahal den hauts gutxien sortzeari. Horretarako, honako neurri hauek hartuko dira kontuan:
• Balorizatzekoa den materiala aurrez busti egingo da eremu kritikoenetan, egokitzat jotzen den maiztasunarekin.
• Uda-garaietan edo prezipitaziorik ez dagoenean, kamioien joan-etorrietarako eremuak ureztatuko dira.
• Aspertsore-sistema bat erabiltzen bada materiala eta iraganbideak bustitzeko, alde kritikoenak ureztatzeko punturik egokienean kokatuta daudela egiaztatuko da eta jarduerak eskatutako behar besteko maiztasunarekin lan egingo dutela. Instalazioko aspertsore-sistema aldizka berrikusi beharko da, hala dagokionean, egoera onean manten dadin. Ildo horri jarraikiz, legionellosia prebenitzeari zein kontrolatzeari buruzko uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua izan behar da kontuan.
• Gehigarri tentso-aktiboak eta ur egonkortzaileak injektatzeko beharra dagoen aztertuko da, ureztatzearen eraginkortasuna areagotu dadin.
• Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxiena sortzeko moduan egingo dira.
• Biltegiratzeetarako baldintzei dagokienez, saihestu beharko da haizeak hondakinak arrastatzea, bai eta hondakinaren edo haren osagaien beste edozein galera ere. Metaketen altuera kontrolatuko da.
Materialak kanpoaldean metatuta dauden kasuetan, metaketa horiek haize-babeslekuetan kokatuko dira.
• EEH garbiak birrintzeko eta bahetzeko eta zura birrintzeko lanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.
• Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.
• Makineriak ez du orduko 20 km-ko abiadura gaindituko, atmosferan partikulen suspentsioa ahal den txikiena izan dadin.
• Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.
– Kutsadura akustikoari dagokionez: Kutsadura akustikoa prebenitzeko beharrezko neurriak hartuko dira; esaterako, eragin akustiko txikiagoko teknologiak baliatu behar dira, direnik eta teknika onenak, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnen artean kutsadura gutxien sortzen dutenak, kasuko kutsatzaile akustikoaren bereizgarriak kontuan hartuta, eta betiere kutsadura-iturri berriei aplikagarri zaizkien muga-balioak betez, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta gainerako araudietan ezarrita daudenak.
Era berean, jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-emisioek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute eta, batez ere, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan (bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez) funtzionatzen duela bermatzeko.
– Ibarrola errekara egingo den isuriari dagokionez, Uraren Euskal Agentziak isuri-baimenean ezarriko dituen mugak eta kontrolak alde batera utzi gabe, aurretratamendu-sistemaren aldizkako kontrolak egingo dira. Horrekin lotuta, planteatutako dekantagailuak edukiera nahikoa izan beharko du sortutako ura hartu ahal izateko (euri-urak, ur beltzak eta balorizatu beharreko materiala ureztatzetik datozenak); horrez gain, hidrokarburoak bereizteko gailua ere izan beharko du. Ondo funtzionatzen duela ziurtatzeko beharrezko mantentze-lanak egingo dira. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia eta hidrokarburoak kentzea eta gero kudeatzaile baimenduari bidaltzea.
– Hondakinei dagokienez, jarduerak lortu beharreko baimenak edozein direla ere, enpresak sortutako hondakin guztiak behar bezala kudeatzen direla kontrolatuko da, indarrean dagoen legeria betez.
Hondakinen sorkuntza minimizatu egingo da, ahal den neurrian.
Sortutako hondakinak lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio mota batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa balitz, hondakinak deuseztatzean ingurumenean eragina izatea saihestuko da, edo ahal den gehien murriztuko da eragin hori.
Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan ala ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak izango dira, nahaste horiek saihesteko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzeko ez badira behintzat.
Hondakin arriskutsuak biltegiratzeko instalazio horietarako diren baldintza teknikoak bete beharko dira.
Baztertzen diren olioen, baterien, makinerien mantentze-hondakin arriskutsuak eta, oro har, arriskutsutzat jotako substantzia/prestakin guztiak, horiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapuak eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar behar bezalako baldintzetan baztertuko dira, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen arabera eta aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinei eta hondakin arriskutsuei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta gainerako araudiaren arabera.
– Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak instalazioan hori egiteko egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.
– Behin instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendua egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.
Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik izango denik. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Urkiondo Ekolur, S.L. enpresak Legazpin egin nahi duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko / balorizatzeko jarduerari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea bai Legazpiko Udalari bai proiektuaren sustatzaileari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau bidaltzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abuztuaren 3a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.