EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2016171

126/2016 DEKRETUA, irailaren 6koa, Bergarako hirigune historikoa (Gipuzkoa), Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun deklaratu zuen dekretua aldatzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201600126
Xedapenaren data: 2016-09-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201603847
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2003/05/21ean argitaratutako 2003/04/29ko 200300096 DEKRETUA aldatzen du
  • Ikus 2015/09/25ean argitaratutako 2015/09/22ko EBAZPENA [201504036]

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen arloan. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen.
Eskumen horiek direla bide, apirilaren 29ko 96/2003 Dekretuaren bidez, Bergarako hirigune historikoa, monumentu-multzo izendapenaz, kultura-ondasun deklaratu zen.
Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek txosten bat eman zuten Errekalde jauregiari eta haren lorategiari dagokion mugaketan dagoen desdoitzeari buruz, eta beste mugaketa-plano bat proposatu zuten.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2015eko irailaren 22ko Ebazpenaren bidez (irailaren 25eko EHAA, 183. zk.), hasiera eman zitzaion Bergarako hirigune historikoa (Gipuzkoa), Monumentu Multzo izendapenaz, kultura-ondasun deklaratu zuen apirilaren 29ko 96/2003 Dekretua aldatzeko espedienteari. Ebazpen horrek jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea ireki zuen.
Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, Iñigo Garitano Larrañagak, Antonio Mancha Yanguasek, Esther Fraile Hernandezek eta Iñaki Madinabeitia Barrenetxea-Arandok alegazio idatzia aurkeztu zuten.
Idazkian eskatzen zuten monumentu multzoaren mugaketaren barruan Errekalde jauregiko lorategi historikoaren partzela osoa sartzeko, basotxoa barne, azken honek osatzen baitu aipaturiko lursaila.
Espedientean jasota dauden txostenak ikusita alegazioa onartzen da eta ondorioz, aldatzen da Bergarako hirigune historikoa jasotzen duen mugaketa-planoa Errekalde jauregiko lorategiko basotxoa bertan sartzeko.
Hori dela-eta, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik, 2016ko irailaren 6ko bilkuran Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak aztertu eta onetsita, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamena kontuan harturik, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Apirilaren 29ko 96/2003 Dekretuaren aldaketa onartzea. Dekretu horren bidez, Bergarako (Gipuzkoa) hirigune historikoa, Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun deklaratu zen. Aldaketa mugaketa berrian datza, dekretu honen eranskinean emandako planoaren arabera.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Jabetza Erregistroari Dekretu honen berri emango dio, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako eraginetarako. Era berean, interesdunei, Bergarako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari ere jakinaraziko zaie.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Bergarako Udalari eskatuko dio udaleko hirigintza-araudia egokitzeko Monumentu Multzoaren mugaketa berriaren arabera, horrela Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluan ezarritakoa betez.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Dekretu honen aurka interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko irailaren 6an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
IRAILAREN 6KO 126/2016 DEKRETUAREN ERANSKINA
MUGAKETAREN ALDAKETA
Apirilaren 29ko 96/2003 Dekretuaren I. eranskina aldatu da: horren ordez eranskin honetako planoa jarri da.