EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2016170

AGINDUA, 2016ko abuztuaren 1ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, krisialdian dauden enpresak berregituratzeko eta berrabiarazteko laguntza itzulgarrietarako 2016ko deialdia egin eta laguntzak arautzen dituena. Bideratu Berria programa.

Xedapenaren data: 2016-08-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201603827
Maila: Agindua
Bideratu Berria programa tresna bat da, 2014-2016ko industrializazio-planean definitutako jardute-politiketako bat aplikatzen duena.
Jaurlaritzak, batez ere egungo egoeran, enpresei lagundu nahi die beren enpresa-izaerara eta -zikloetara egokitutako finantzazio- eta berregituratze-soluzioak lor ditzaten; izan ere, ez du nahi enpresa bideragarririk desagertzea edo enpresen lehiakortasuna murriztea halako mekanismoen faltagatik. Egungo atzeraldiaren testuinguruan, finantziazioa giltzarrizko lehiakortasun-faktorea da, lehengo urteetan ez bezala, eta gure inguruan enpresek, batez ere enpresa txiki eta ertainek, arazo handiak dituzte, bai jarduna finantzatzeko, bai hazkunde- eta inbertsio-planak egiteko, haien osasun ekonomikoa edonolakoa dela ere. Proiektu bideragarriek irauteko eta sendotzeko behar duten finantziazioa eskuratzeko modua izatea da helburua.
Ekimen honen bidez, Eusko Jaurlaritzak lagundu egingo die enpresak moldatzeko prozesuetan buru-belarri diharduten eragile, enpresaburu eta langileei beren gain hartutako ahaleginetan, sendotu egin nahi baititu, produktua eta merkatua edukitzeagatik lehiakorrak izan daitezkeen arren, lehengo egoera gaitz haren ondorioak jasaten ari diren enpresa edo jarduera-sektoreak.
Azkenik, neurri honen bidez, lehiakortasun askean erakundeen esku-hartzea minimizatzeko irizpidean oinarrituta, lehiakortasun-baldintzak azkar eta egonkorki berrezartzen lagunduko duen finantza-tresna bat garatzearen eta aplikatzearen alde egin du Eusko Jaurlaritzak, zailtasun-egoeratik irteteko prozesu formalak azkartuz eta inplikatutako alderdi guztiei etorkizunera begira benetako konpromisoak eskatuz.
Agindu honetan xedatutako laguntzek honako hauek beteko dituzte: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EE) ezarritako minimis arauak (Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis arauei aplikatuta), eta Europar Batasunean gai horri buruz ezarritako bestelako xedapenak edo jarraibideak.
Jarraibide horien arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko printzipio arau-emaileei buruzko Legearen IV. tituluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bateginean, eta 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Diru-laguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean xedatutakoarekin bat, abenduaren 23ko 9/2015 Legean xedatutakoa izango da deialdi honen esparrua, zeinaren bidez onetsi baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko Aurrekontu Orokorrak.
Horrenbestez, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia onartzea, I. eranskineko Bideratu Berria programaren oinarri arautzailetan adierazi bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan krisialdian dauden enpresak berregituratzeko eta berrabiarazteko laguntzetarako, 2016ko ekitaldirako.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Prozeduraren arloan, agindu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, aplikagarria izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abuztuaren 1a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
BIDERATU BERRIA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.– Helburua.
Bideratu Berria programaren helburua da laguntzetarako deialdia egitea eta laguntzok arautzea, krisialdian dauden enpresak berregituratzeko eta berrabiarazteko aurrerakin itzulgarri gisa.
2. oinarria.– Indarraldia.
2016ko ekitaldian izango da indarrean laguntza-programa hau.
3. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.
1. artikuluko helburua lortzeko baliabide ekonomikoak 1.000.000 eurokoak izango dira gehienez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan 2016ko ekitaldirako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera (abenduaren 23ko 9/2015 Legea).
Deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzek ez dute gaindituko oinarri honetan finkatutako diru-zenbatekoa, edo, indarrean dagoen legeriari jarraituz, kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, lehengoa eguneratuta sortutako diru-zenbatekoa. Horrenbestez, diru hori agortutakoan, ezin izango da diru-laguntza gehiago eman, eta, beraz, hortik aurrera, baliorik gabe geratuko da ebazpen hau. Horrelakorik gertatuz gero, Industriako sailburuordeak horren berri emango du ebazpen baten bidez.
4. oinarria.– Diru-laguntzak jaso ditzaketen jarduerak.
1.– Sustatu egingo dira industria- eta finantza-arloa berregituratzeko eta bultzatzeko neurriak, krisialdian dauden enpresei epe ertain eta luzera bideragarritasuna itzultzeko, eta neurriok berregituratze-planen barruan egon behar dute.
Diruz laguntzeko modukoak izango dira kostuak baldin eta planetan sartutako neurriak aplikatzekoak badira, oinarri honen hurrengo ataletan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, eta enpresak errentagarri bilakatzeko jarduerak berregituratzetik eta arrazionalizatzetik eratorritakoak badira, esate baterako, jarduera defizitarioak murriztea edo etetea, lehiakortasuna berreskura dezaketen jarduerak berregituratzea, edo jarduera errentagarri berrietara dibertsifikatzea.
2.– Hona hemen zer baldintza bete behar dituen berregituratze-planak:
a) Planean jasotako neurriak aplikatzeko epeak ahal bezain laburra izan beharko du, eta horri esker arrazoizko denbora-tarte batean berrezarri beharko da enpresaren bideragarritasuna, etorkizuneko esplotazio-baldintzei buruzko hipotesi errealistetan oinarrituta.
b) Bideragarritasunaren hobekuntzak berregituratze-planean jasotako barne-neurrien emaitza izan beharko du; nolanahi ere, enpresaren eraginaz kanpoko faktore batzuetan ere oinarritu ahalko da, adibidez, prezioen edo eskariaren igoeran, baldin eta planean jaso beharreko merkatu-azterlanean egin diren merkatuari buruzko hipotesiek gehiengoaren onespena badute.
c) Alderdi hauek hartu beharko ditu aintzat: enpresaren zailtasunak eragin dituzten inguruabarrak, dena delako produktuek merkatuan duten eskaintza eta eskariaren egoera, eta aurreikus daitekeen bilakaera, beti ere, hipotesi baikorrak, ezkorrak eta bitartekoak adierazita eta enpresaren alderdi indartsuak zein ahuleziak kontuan hartuta.
d) Gauzatu ondoren enpresaren kostu guztiak estaltzeko gai izango den aldaketa bat proposatu beharko du, amortizazioari eta finantza-kargei dagozkien kostuak barne.
3.– Era berean, berregituratze-planean honako hauek adierazi beharko dira:
a) Plana gauzatzen den bitartean enpresa onuradunak bere ekoizpen-ahalmena areagotuko ez duela dioen konpromisoa.
b) Zer baliabide dituzten enpresa onuradunek –kapital-ekarpenak, maileguak, bermeak edo beste baliabide-mota batzuk– berregituratze-plana gauzatzen laguntzeko.
4.– Onartutako berregituratze-plana eta emaniko laguntzen zenbatekoa aldatzeko baimena eman ahal izango da, baldin eta berrikusitako berregituratze-planak helburutzat badu arrazoizko epe baten buruan bideragarri izatera itzultzea. Batzordeari berregituratze-planean baimenduriko aldaketa oro jakinarazi beharko zaio.
Berregituratze-planean eginiko aldaketen gaineko baimenak honako arauak bete beharko ditu:
a) Berregituratze-plana aldatzeak berekin badakar laguntza hori handitzea, eskatzen den edozein berregituratze-neurri edo kontrapartidak hasieran eskatutakoak baino garrantzi handiagoa izan beharko du.
b) Berregituratze-plana aldatzean proposatutako berregituratze-neurriak edo kontrapartidak hasieran ezarritakoak baino txikiagoak badira, proportzioan murriztuko da laguntzaren zenbatekoa.
c) Proposatzen den aldaketak berekin badakar kontrapartidak gauzatzeko egutegi berria ezartzea, enpresari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiek eraginda soilik atzeratu ahal izango da egutegia hasiera batean ezarritakotik.
5. oinarria.– Lehiaren gaineko faltsutze bidegabeei aurrea hartzea.
1.– Merkataritza-baldintzen gaineko ondorio negatiboak ahalik eta gehiena murrizteko helburuz, enpresa ertainek kontrapartidak sartu behar dituzte. Eskaera, bestela, «guztien interesen aurkakotzat» joko da, eta, ondorioz, ezin izango da merkatu erkidearekin bateratu. Kontrapartiden egokitasuna zehaztean, kontuan hartuko da epe luzera bideragarritasuna berrezartzeko helburua.
2.– Neurri hauetariko batzuk izan daitezke aktiboak saltzea, enpresaren neurria edo merkatuan duen tokia murriztea, eta dagozkion merkatuetan sartzeko oztopoak gutxitzea. Kontrapartidak egokiak diren ebaluatzean, kontuan hartu beharko dira merkatuaren egitura eta lehiaren baldintzak, neurri hauetariko batek ere merkatuaren egitura okertzen ez duela bermatzeko, adibidez, ziurtatuta ez duela zeharka monopolio edo oligopolio murritzeko egoerarik eragiten. Egoera hau sortuko dela egiazta badaiteke, ezarritako kontrapartidek helburutzat izan beharko dute halakorik ez izatea.
3.– Lehiaren gaineko faltsutze bidegabeei aurrea hartzeari dagokion beste edozein gaitarako, kontuan hartuko da Batasuneko Jarraibideek ezarritakoa, krisialdiak jotako enpresen salbamendu eta berregituratzeen Estatuko laguntzei buruz (2014/C 249/01).
6. oinarria.– Onuradunak.
1.– Programa honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eta lantokia edo esplotazio-zentroa Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
b) Erauzteko, eraldatzeko, ekoizteko eta ekoizteko prozesuarekin lotutako zerbitzu teknikoetako jardueretan (produktuari zein prozesuari lotutakoak) diharduen industria-enpresa izatea, baita informazio- eta komunikazio-gizartearen arloko jardueretan ere.
c) Enpresa txiki edo ertaina izatea (ETE), enpresa txiki eta ertainak zehazteari buruzko 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen 2003/361/EE Gomendioak ezarritako irizpideen arabera. Hala bada, enpresa txikitzat edo ertaintzat joko dira baldintza hauek betetzen dituztenak:
1) 250 langile baino gutxiago izatea.
2) Urteko negozio-bolumena ez izatea 50 milioi eurotik gorakoa, edo, bestela, urteko balantze orokorra ez izatea 43 milioi eurotik gorakoa.
Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, horrela sortutako enpresa-taldeak ere bete beharko ditu arestian adierazitako betebehar horiek.
Aurrez aipatutakoaren beste edozein interpretaziorako, enpresa txiki eta ertainak zehazteari buruzko 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen 2003/361/EE Gomendioan (2003ko maiatzaren 20ko EBEO, L 124), edo hori ordeztu edo aldatuko duten xedapenetan ezarritakoa hartuko da kontuan.
d) Laguntzak eskatu aurreko bi ekitaldietan, beheko bi baldintza hauetako bat betetzea, gutxienez:
1) Ekitaldi bakoitzean zehar enplegatutako langileen batez besteko kopurua 40tik gorakoa izatea.
2) Aktiboko partiden guztizkoak 1,5 milioi euro gainditzea.
3) Urteko negozio-zifraren zenbateko garbiak 3,0 milioi euro gainditzea.
e) Krisiak jota egotea, enpresak ezin dituelako galerak estali bere finantza-baliabideen bidez edo akzionista zein hartzekodunak emateko prest dauden baliabideen bidez eta, kanpoko esku-hartzerik izan ezean, galera horiek epe labur edo ertainean desagerpen-ekonomikora eramango dutelako.
Bereziki, agindu honen ondorioetarako, eta Krisialdiak Jotako Enpresen Salbamendu eta Berregituratzeen Estatuko Laguntzei buruzko Batasuneko Jarraibideek (2004/C 249/01) aurreikusitakoaren arabera, enpresa txiki edo ertain bat krisiak jota dagoela ulertuko da irizpide hauetariko bat betetzen badu:
1.– erantzukizun mugatuko sozietate bat bada, metatutako galerek sozietatearen kapitalaren erdia desagerrarazi badute; halaxe gertatu ohi da metatutako galerak erreserbetatik kentzen direnean (edo sozietatearen berezko funtsak diren elementuetatik), eta sozietatearen kapital izendunaren erdia baino handiagoa den metatu negatiboa sortzen denean.
2.– sozietatean bazkideek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea badute, kontabilitatean azaltzen diren berezko funtsen erdia baino gehiago desagertzen bada, metatutako galeren ondorioz.
2.– Ezin izango dira agindu honetan araututako laguntzez baliatu:
a) Enpresa eratu berriak, batez ere lehengo enpresa bat likidatzean edo haren aktiboak bereganatzean sortutako enpresa berriak, nahiz eta hasierako finantza-egoera larria izan.
Arau honetan ezarritakoaren ondorioetarako, enpresa bat berria dela esaten da dagokion jarduera-sektorean operazioak egiten hasi ondorengo hiru urteetan.
Ondorio berberetarako, ez da enpresa eratu berritzat joko enpresa batek beste enpresa bateko aktiboak eta, hala badagokio, pasiboak eskuratzeko asmo bakarrarekin sorturiko filiala.
b) Talderen bateko kide diren enpresak, non eta ez diren gai egiaztatzeko zailtasun horiek beraiei dagozkiela eta ez taldearen hautazko kostuei.
c) Aspaldidanik gehiegizko egitura-gaitasuna duen merkatuan diharduten enpresak, Batasuneko sektore anitzeko Jarraibideen testuinguruan definitzen denaren arabera, inbertsio-proiektu handietarako eskualde-laguntzei buruz.
3.– Arau hauek arautzen dituzten laguntzak enpresa onuradunei eman aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea, bai eta eskatzaileak administrazio horrekin exekuzio-aldian zorrik ez izatea ere.
4.– Enpresa eskatzaileek, laguntzen onuradun izateko, ez dute izan behar zigor- eta administrazio-arloko zehapenik, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barnean hartuta, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat.
5.– Ez da izan behar azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako inguruabarrik, hau da, ez da itzultze-agindurik izan behar, Europako Batzordeak aurretik erabakitzeagatik laguntzaren bat legez kanpokoa dela eta ezin dela merkatu erkidearekin bateratu.
6.– Horretaz gain, eskatzaileek 11. oinarrian ezarritakoa bete beharko dute.
7.– Diru-laguntza ordaindu arte eutsi behar zaie onuradun izateko bete beharreko baldintzei.
7. oinarria.– Kanpoan utzitako eskatzaileak, jarduerak eta sektoreak.
Hauek geratuko dira oinarri hauek araututako diru-laguntzetatik kanpo:
1.– Estatuko laguntza-erregimen hauetako batetik laguntza ez-legezko edo ez-bateragarriren bat jaso duten enpresak: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00); eta Bizkaia I, Bizkaia II, Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00), ez badituzte itzuli edo ez badituzte gordailutu kontu blokeatu batean interes eta guzti.
2.– 2001eko uztailaren 11ko eta 2001eko abenduaren 20ko erabakietan lurralde historikoetako zerga-erregimenen esparruan bidegabeki emandako laguntzak –kreditu edo «opor fiskal»en eran– itzultzearen ondoriozko galera ekonomikoak konpentsatzeko diru-laguntzak baliatuko dituzten enpresak.
3.– Europar Batasuneko Fundazio Itunaren I. eranskineko produktuekin eta Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoko Ituneko sektoreekin lotutako jarduerak.
4.– Oinarri hauetan araututako laguntzek sektore hauetan dauden arau erkide bereziei men egin beharko diete: zuntz sintetikoak, ontzigintza, motordun ibilgailuak eta garraioa.
8. oinarria.– Berregituratze-plana finantzatzeko laguntzak.
1.– Oinarri honetan araututako laguntzak itzultzekoak diren aurrerakinen bidez gauzatuko dira.
2.– Emandako laguntzaren zenbatekoa planean sartutako berregituratze-neurrien kostu osoaren % 50era iritsi ahalko da, 500.000 euroko gehienekora iritsi arte, baldin eta laguntzen onuradunak proportzio bereko ekarpena egiten badu bere baliabideetatik neurri haiek finantzatzeko; horretarako, enpresaren biziraupenerako nahitaezkoak ez diren aktiboak saldu ahalko ditu, edo kanpo-finantzazioa lortu ahalko du unean-uneko merkatu-baldintzetan.
3.– Laguntzaren zenbatekoa eta intentsitatea berregituratzea egin ahal izateko behar-beharrezkoak diren berregituratze-kostuetara mugatuko da, beti ere, enpresaren, horren akzionisten edo kide den enpresa-taldearen finantza-eskuragarritasunaren arabera.
4.– Laguntza itzuliko dela bermatze aldera, eta enpresa onuradunaren erantzukizun pertsonala alde batera utzita, laguntza itzuliko duela bermatzeko dituen ondasun eta eskubideak aitortu beharko ditu sozietateak. Halakorik badago, laguntza ordaindu baino lehen eratu beharko du bermea enpresa onuradunak.
9. oinarria.– Laguntzen mugak eta bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan xedatutako laguntzek honako hauek beteko dituzte: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EE) ezarritako minimis arauak (Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis arauei aplikatuta), eta Europar Batasunean gai horri buruz ezarritako bestelako xedapenak edo jarraibideak.
2.– Krisialdiak jotako enpresa bati laguntza bidegabe bat aitortu bazaio aurrez, eta Batzordeak horri buruzko erabaki negatiboa hartu eta, laguntza hori berreskuratzeko agindua eman arren, eskuratu ez badu, EE Itunaren 93. artikuluko aplikazio-xedapenak ezartzen dituen 1999ko martxoaren 22ko Kontseiluaren 659/1999 (EE) Erregelamenduaren 14. artikuluaren arabera, orduan, enpresa horri berari programa honen arabera emango zaion laguntzaren ebaluazioan, kontuan hartu beharko da, lehenik, bi laguntzen ondorio metagarria –zaharraren eta berriaren artekoa–, eta bigarrenik, lehendabizikoa ez dela itzuli.
10. oinarria.– Laguntza bakarraren printzipioa.
1.– Programa honetan aurreikusitako berregituratze-laguntzak behin bakarrik emango dira, eta ezin izango da beste berregituratze-laguntzarik eman azken berregituratzetik hamar urte igaro arte.
2.– Arau horri ez dio eragingo laguntza eman ondoren enpresa onuradunaren jabetzan aldaketaren bat izateak, ez eta epaitegiko edo administrazioko prozeduraren baten ondorioz enpresaren balantzea saneatzeak, enpresaren kredituak murrizteak edo aurreko zorrak likidatzeak. Izan ere, gisa horretako egoeretan enpresa beraren jarraipena besterik ez litzateke.
3.– Aurreko hori gora behera, enpresa batek beste baten aktiboak hartzen baditu eta beste enpresa horretan aurreko atalean aipatutako prozeduraren bat aplikatu bada, edo porroteko edo kaudimen gabeziako prozeduraren bat, eta salbamendu- edo berregituratze-laguntza bat izan badu, enpresa erosleak ez du laguntza bakarraren baldintza bete beharko baldin eta:
a) Erosleak ez badu inolako loturarik beste enpresa horrekin.
b) Beste enpresak merkatu-prezioan saldutako aktiboak eskuratu baditu.
c) Likidazioa edo berreskurapena edo xurgapena laguntza bakarraren printzipioa aplikatzea eragozteko formulak baino ez badira.
11. oinarria.– Eskaerak eta haiek aurkezteko epea.
1.– Diru-laguntza hauek eskuratzeko bete beharreko baldintzak (oinarrion arabera) betetzen dituzten enpresek eskabidea egin beharko dute agindu honen II. eranskin gisa argitaratutako ereduan, eta, horrekin batera, dokumentazio osagarria aurkeztu beharko dute Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Industria Garatzeko Zuzendaritzan bertan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo sail horren lurralde-bulegoetan; bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan, agindu hau argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etatik 2016ko urriaren 28ko 12:00etara.
2.– Eskabidea Interneteko helbide honetatik eskura daiteke: www.euskadi.net; erakunde eskatzailearen ordezkari izateko lege-gaitasuna duen pertsonak sinatuko du, eta eskabide bakar bat baliatuko da enpresak egitea aurreikusten dituen jarduera guztietarako.
3.– Eskatzaileek, eskabide-orria betetzeaz gain, berregituratze-plan bat aurkeztu beharko dute, gutxienez datu hauek adierazita:
a) Enpresaren azken urteetako bilakaera eta egungo egoera.
b) Enpresa krisialdira eraman duten faktoreen azterketa.
c) Merkatuaren bilakaeraren gaineko hipotesien azterketa, merkatu-azterketatik ateratzen diren hipotesiena.
d) Plan estrategikoaren proposamen bat, aurreikusitako berregituratze-neurriak eta horien kostuak barne hartuko dituena.
e) Enpresa desagertzeak eskualdean edo herrialdean izan ditzakeen ondorio ekonomiko eta sozialen azterketa konparatiboa.
f) Neurriak aplikatzeko egutegia eta berregituratze-plana osorik gauzatzeko epea.
g) Aplikatu beharreko finantza-neurrien deskribapen xehea, enpresako akzionisten finantza-konpromisoak barne (kapital-ekarpenak, zorrak barkatzea, maileguak, bermeak eta baliabideak emateko beste modu batzuk).
h) Emaitza-kontuen hurrengo bost urteetarako aurreikuspena, enpresaren funtsen errentagarritasunaren kalkuluarekin eta sentiberatasun-analisiarekin, hipotesi batean baino gehiagotan oinarrituta.
i) Berregituratze-planean ezarritako neurriak gauzatzeko lan-akordioa, bereziki neurri horiek langile-murrizketa barnean hartzen badute.
j) Laguntzak eman ondoren dibidendu-banaketa egingo ez delako konpromisoa, ez eta berregituratze-plana gauzatzeko epean ere.
K) Laguntza eman ostean eta data horretatik zenbatzen hasita bost urteko epean enpresak hirugarrenei akzioak besterentzen badizkie eta horrek kontrol-aldaketa badakar, enpresak Eusko Jaurlaritzari aurretiaz baimena eskatuko diola adierazten duen konpromisoa.
4.– Halaber, honako dokumentu hauek ere aurkeztu beharko dituzte:
a) Enpresa eskatzailea eratu zeneko eskrituraren fotokopia, eta eskritura horrek izandako aldaketena, halakorik izan bada.
b) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
c) Eskatzailearen ordezkatze-ahalordearen fotokopia.
d) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izatearen egiaztagiria.
e) Zerga-betebeharrak beteta izatearen egiaztagiria.
f) Azken bi ekitaldietako urteko kontu ikuskatuen fotokopia; horiek izan ezean, sozietate-zergaren azken bi aitorpenen fotokopia.
g) Erantzukizun-aitorpena, enpresaren aktiboak osatzen dituzten ondasunak edo eskubideak zehazten dituena, ekoizpen-prozesuari lotuta dauden ala ez gorabehera, eta balorazio-irizpide orokorren araberako balorazio eguneratua jasotzen duena, bai eta haien kargen zehaztapena ere.
5.– Enpresa eskatzaileak gezurrezko daturen bat ematen badu eskaeran, eta, bereziki, eskaeran bildutako erantzukizunpeko adierazpenetan, administrazio-zigorrak eta zigor penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zigor-araubideari jarraituz.
6.– Nolanahi ere, aurkezten diren eskaerak behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat joko dituen dokumentu edo argibide guztiak eskatu ahal izango dizkio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Industria Garatzeko Zuzendaritzak enpresa eskatzaileari.
7.– Ez dira aurkeztu beharko Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren esku dauden indarreko dokumentuak. Kasu horretan, eskatzaileak eskabidean adierazi beharko du zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu zituen aipatutako dokumentuak, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluaren f) letran ezarritako baldintzei jarraikiz.
8.– Eskatzaileek eurek aukeratu duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza jasotzeko eskabidea, dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
12. oinarria.– Zuzenketak.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Industria Garatzeko Zuzendaritzak oker, akats edo zehaztugabetasunen bat hautematen badu aurkeztutako eskabidean edo aurkeztutako gainerako agirietan, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzen dezan; era berean, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela adieraziko dio. Epe hori igarota, egin beharreko zuzenketak egin ez badira, Industria Garatzeko zuzendariak eskabidea bertan behera geratu dela adierazteko ebazpena emango du, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen 42. eta 71.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.
13. oinarria.– Laguntzak emateko ebazpena.
1.– Aurkeztutako eskabideak izapidetzeko, ondoz ondoko konkurrentziaren prozedura baliatuko da; beraz, laguntzak esleitzeko, eskabideak aurkezteko unearen hurrenkerari erreparatuko zaio, eta, ezarritako funts guztiak amaitzen diren arte esleituko zaizkie laguntzak oinarriotan xedatutakoa betetzen duten eskatzaile guztiei.
2.– Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Industria Garatzeko Zuzendaritzak sei hileko epean egin eta jakinaraziko du administrazio-ebazpena, eta ebazpen horretan zehaztuko ditu, laguntzaren zenbatekoaz gainera, laguntzaren xede diren berregituratze-neurriak, horiek gauzatzeko epea eta laguntzen onuradunek beren aldetik jarri behar dituzten baliabideak.
3.– Berregituratze-neurriek urte bat baino gehiago irauten badute eta, laguntzen onuradunak egin beharreko ekarpenak ere urte batean baino gehiagotan gauzatzekoak badira, laguntzak emateko ebazpenak egutegi hori ere zehaztuko du.
4.– Atal honetako 1. zenbakian adierazitako epea bukatu ostean ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, enpresak bere eskabidea onartu dela ulertu ahal izango du. Nolanahi ere, eskatutako diru-laguntzari buruzko berariazko ebazpena eman behar luke administrazio-organo aginpidedunak, hala baitago xedatuta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan, lege beraren 42. artikuluan epea zenbatzeaz eta eteteaz xedatutakoa eragotzi gabe.
5.– Eskabideak laguntzak jaso ahal izateko baldintzak betetzen ez baditu, eskatutako laguntza ukatzeko ebazpena emango du Industria Garatzeko Zuzendaritzak.
6.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria sailburuordeari, azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako epea eta era errespetatuz.
7.– Laguntza emateko ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinarazteaz gain, onuradunen eta laguntzen zenbatekoen zerrenda ere argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
14. oinarria.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Programa honetan araututako laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako laguntza onartzea. Hala, bada, laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunek esanbidez eta idazki bidez laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.
b) Berregituratze-planean sartutako neurriak bete eta justifikatzea. Hilabete baten buruan justifikatu beharko da neurriak gauzatu izana, gehienez ere, neurri horiek burutu ondoren; horrez gainera, onartutako planean jasotako gauzatze-epea bukatzen denean, gauzatze-maila justifikatzeko txosten bat aurkeztu beharko du enpresak.
c) Laguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea.
d) Plana gauzatzen ari den bitartean eta laguntza itzultzeko epea bukatu arte, enpresaren urteko kontuen txostena ere ikuskatuta bidali behar da, txostena onartu eta hilabeteko epean.
e) Era berean, enpresa onuradunak dokumentazio osagarria ere bidali beharko du Industria Sustatzeko Zuzendaritzara, halakorik eskatzen bazaio, Administrazioak egoki iritzitako egiaztapen guztiak egin ditzan berregituratze-planaren garapenaz eta burutzapenaz.
f) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskatzen duten informazio guztia eman behar zaie, programa honi lotuta emandako laguntzak direla-eta, eta beren betekizunak betetzen ari direla.
g) Helburu bererako edo antzeko helburu baterako diru-laguntzarik edo laguntzarik edo diru-sarrerarik edo baliabideak eskatuz gero beste administrazio bati edo erakunde publiko edo pribatu bati, edo, erakunde horietatik halakorik lortuz gero, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari.
h) Bereganatu beharko dituzte, halaber, Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta hortik laguntzak jasotzen dituztenei otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko 4/2005 Legea), hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua.
i) Hauetan ezarritako beste edozein betebehar: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikulua; Diru-laguntzari buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikulua, eta horiek garatzeko arauak.
15. oinarria.– Laguntza ordaintzea.
Laguntza ordaindu ahal izateko, enpresak berak berregituratze-neurriak finantzatzen laguntzeko egindako ekarpenen justifikazioa aurkeztu beharko du lehenik Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Industria Garatzeko Zuzendaritzan, bai eta Gizarte Segurantzarekiko zein Ogasunarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak ere.
Laguntza ordainketa bakarrean edo hainbat zatitan ordaindu ahalko da, laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren onuradunaren ekarpenen arabera.
16. oinarria.– Laguntza itzultzea.
1.– Egindako aurrerakinen itzulketek izaera finkoa izango dute, eta aldian-aldian itzuliko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren kontu batean, bost urtetan zehar.
2.– Honela itzuliko da urte bakoitzean itzuli beharreko zenbatekoa: emate-ebazpenean berregituratze-planaren neurriak gauzatzeko ezarritako epea amaitu eta gero, enpresek urtebete izango dute itzulketak egiten hasi aurretik. Hau da, berregituratze-plana amaitu eta 2. urtean gauzatuko da lehenengo itzulketa, eta gainerakoak, berriz, elkarren segidan egingo dira, bosgarren urtera arte.
3.– Ordaindutako aurrerakina modu finkoan itzuliko da: urtean bosten bat. Urtean, bi itzulketa egingo dira. Otsailean, % 50 itzuliko da, eta gainerako % 50a, berriz, uztailean.
4.– Urtekoak itzuli ondoren, enpresak agiri hauek bidaliko ditu Industria Garatzeko Zuzendaritzara: autolikidazio-txostena, banku-transferentzien kopia eta ustiapen- balantza eta -kontua. Urteko itzulketak egin ondoren, urteko likidazio-txostena idatziko du Administrazioak, eta, txosten horretan azalduko du zer diferentzia egon den Administrazioaren alde edo aurka –halakorik egonez gero– eta zer interes aplikatu den (interesik aplikatu behar bada). Diferentzia horiek hurrengo autolikidazioan konpentsatuko dira, behin betiko likidazio-txostenean ezarritako eran. Diferentziak Administrazioaren aurkakoak izanez gero, tokatzen diren interesak aplikatu beharko dira, enpresa onuradunak oker egindako autolikidazioa egin zuenetik aurrera. Diferentzia horiek azken autolikidazioan aurkitzen badira, enpresa onuradunak autolikidazio hori zuzendu eta erregularizatu beharko du hiru hileko epean, eta tokatzen den kopurua itzuli beharko du, eta, orobat, autolikidazioa egin zenetik harako legezko interesak; guztia ere, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera (698/1991 Dekretua: Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).
17. oinarria.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Industria Garatzeko Zuzendaritzari dagokio programa honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.
18. oinarria.– Ez-betetzeak.
Onuradunak ez badu betetzen laguntza emateko ebazpenean, oinarri hauetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betebeharren bat, kobratzeko dituen zenbatekoak jasotzeko eskubidea galduko du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuru guztiak itzuli eta dagozkien legezko interesak ordaindu beharko dizkio. Hala deklaratuko du Industria Garatzeko zuzendariak eskubide horren galera, ebazpen bidez, ez-betetze espedientea izapidetu eta interesdunarentzako entzunaldia egin ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua- eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorioei dagokienez.
Ez-betetzeetarako arrazoien artean, berariaz jasota dago enpresa onuradunak egin beharreko ekarpena laguntza emateko ebazpenerako aintzat hartutakoa baino % 25 txikiagoa izatekoa.
Jasotako zenbatekoak ere itzuli beharko dira, eta berandutze-interesak exijituko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean zehaztutako kasuetan.
19. oinarria.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.
Laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, eta beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko edo pribatutatik laguntza gehiago lortzen bada, eta bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere laguntzaren onuraduna izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
Enpresa onuradunak laguntza emateko ebazpena gauzatzeko aintzat hartutakoa baino ekarpen txikiagoa egiten badu, baina ekarpen hori % 75 baino handiagoa bada, emandako laguntza murriztuko da.
Salbuespen gisa, enpresak hala eskatzen eta justifikatzen badu, planean sartutako neurriak edo enpresak egin beharreko ekarpenak aldatu ahal izango dira, edo plana gauzatzeko epeak; era berean, aurrerakinak itzultzeko epeak atzeratu ahal izango dira, betiere emandako arrazoiek hala justifikatuta.