EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2016169

AGINDUA, 2016ko irailaren 5ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2016an eta 2017an euskal kultura-ondarearen babesaren arloari aplikatutako ikerketa-lanak egiteko diru-laguntzen deialdia egitekoa eta horiek emateko araubidea arautzekoa.

Xedapenaren data: 2016-09-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201603815
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak 10. artikuluaren 19. zenbakian Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio ondare historiko, artistiko, monumental, arkeologiko eta zientifikoaren gaineko eskumen esklusiboa, eta Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen du Estatuak ondare hori esportazioaren eta espoliazioaren aurrean babesteko ezarritako arauak eta betebeharrak betetzea.
Horren ildotik, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legeak antolamendu juridiko berri bat ezarri zuen, euskal kultura-ondarea defendatu, aberastu, hedatu eta sustatzeko. Lege horren 3. artikuluaren arabera, bada, botere publikoak, beren eskumenak erabiliz, euskal kultura-ondarea osorik gordetzeaz arduratuko dira, eta ondare hori babestu, aberastu eta zabaltzeko sustapen-lana egingo dute, modu eraginkorrean jardunda, oraingo eta geroko belaunaldiek ondare hori ezagutu, ulertu eta gozatu ahal izango dutela bermatzeko.
Eusko Jaurlaritza da eskumen horiek gartzeko erakunde eskuduna, 7/1990 Legearen arabera, eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroa sortu zuen, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuarekin bat, eta Eusko Jaurlaritzako sail horri atxikita dago gaur egun. Lege horren 5. artikuluaren 2.d) zenbakiaren arabera, Zentroaren funtzioetako bat «euskal kultura-ondareari buruzko ikerlanak suspertzea» da. Orain arte ez zaio interes berezirik jarri arlo horri, baina gero eta nabarmenagoa da gure ondarearen elementuetako bakoitzaren berezitasunei buruzko ezagutzan sakontzearen beharra eta garrantzia; hartara, horiek ezagutzeaz gain, tresna hobeak eta egokiagoak egin ahal izango ditugu, berme osoz babestu ahal izateko. Orain dela urte batzuetara arte, mugatua zen ondarea, baina, denbora igaro ahala, asko handitu da, eta adituek ia landu ez dituzten eremuetara hedatu da. Industria-ondaretik ondare immaterial edo ukiezin deitutakora, eta, nola ez, memoria historikoaren ondarea, baita ondare higigarria ere.
Agindu hau, halaber, sailaren 2016rako Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak onartu du plan hori, eta sailaren web-orrian dago argitaratuta, www.euskadi.eus helbidean.
Agindu honek, bada, kultura-ondarearen babesari aplikatutako ikerketa-proiektuak egiteko diru-laguntzak emateko prozedura eta baldintzak arautzeko esparrua zehazten du, eta diru-laguntzon deialdia egiten du 2016rako eta 2017rako.
Hori dena kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Deitutako laguntzen xedea ikerketa-proiektuak egitea da; hain zuzen ere, euskal kultura-ondarearen babesaren arloari aplikatutako ikerketa-proiektuak, ondare materiala –higiezina eta higigarria– nahiz immateriala barne.
2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
Kultura-ondarea –zentzu zabalean ulertuta– hobeto ezagutzen laguntzen duten eta berau babesteko irizpide oinarridunak zehazten eta tresna erabilgarriak egiten laguntzen duten proiektuak lagundu ahal izango dira diruz. Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-ondareari buruzkoak izango dira proiektuak, eta iturri dokumental, bibliografiko, arkeologiko, toponimiko, grafiko eta ikusizkoak, baita ahozko transmisioko iturriak ere, izango dituzte oinarri.
Diru-laguntzen ildo honetatik baztertuta egongo dira:
– Ikerketa bera xede duten proiektuak, kultura-ondasunen babesari aplikatutako dimentsio praktikorik ez duenak.
– Laborategian egin beharreko analitikak, ikerketaren xede nagusia badira: karbono-14, DNA, eta abar.
– Kultura Ondarearen Zuzendaritzak deialdi honen aurretik egin dituen ondare-katalogoak egitea xede duten proiektuak.
– Landako ikerketa arkeologikoko lanak (hainbat urtetako programak), lurpean nahiz eraikinetan (altxaeren analisia), foru-aldundiek edo beste administrazio publiko batzuek abiarazitako beste diru-laguntzen ildo batzuetan diruz lagun badaitezke.
7/1990 Legearen 45.5 artikuluan zehaztutako betearazpen-beharraren ondorio diren lan arkeologikoak; hots, gune edo ondasun arkeologiko kalifikatuei eta inbentarioan jasotako ondasunei eragiten dieten edozer motatako lanen ondorioz beharrezkoak diren jarduerak.
– Foru-aldundiak edo beste administrazio publiko batzuk egiten ari diren jarduerak.
3. artikulua.– Onuradunak.
Geografia eta Historia, Historia, Filosofia eta Letren (Geografia eta Historia atala) edo baliokideen lizentziadun edo gradudunaren goi-mailako unibertsitate-titulua duten pertsona fisikoek eskuratu ahal izango dute diru-laguntza hau. Azken horren espezialitateei dagozkien titulazioek ere balio dute: Antzinaroaren Historia, Erdi Aroko Historia, Aro Berriaren Historia, Historia Garaikidea, Arkeologia eta Historiaurrea, bai eta kultura-ondarearen ikasketei esku lotutako beste batzuk ere, esaterako, Antropologia, Paleontologia eta Artearen Historia.
Lana banaka edo taldeka egin ahal izango da. Taldeka egiten bada, diru-laguntza bakarra emango da, eta pertsona fisiko batek ordezkatu beharko du taldea. Hori, bada, zuzendari zientifikoa izango da, eta proiektuaren arduraduna. Pertsona hori diru-laguntzaren onuradun bakarra izango da.
Proiektu baten zuzendaritza zientifikoa bere gain hartzen duen pertsona deialdi honetara aurkeztutako proiektu bakarrean baino ezingo du halakotzat agertu.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Aurreko artikuluan aurreikusitako xedera, ehun eta hirurogei mila (160.000) euro bideratuko dira. Horietatik laurogei mila (80.000) euro 2016ko aurrekontuari dagozkio, eta laurogei mila (80.000) euro 2017rako konpromiso-kredituetarako dira.
5. artikulua.– Muga edo gehieneko zenbatekoa, eta diru-laguntzaren bateragarritasuna.
Diru-laguntzek onartutako aurrekontuan jasotako diruz laguntzeko gastuen ehuneko ehun (% 100) hartu ahal izango dute, proiektuko hamasei mila (16.000) euro gainditu gabe; betiere, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aurrekontu-kontsignazioen barruan.
Diruz lagun daitezkeen gastuak izango dira Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 31. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 83. artikuluan halakotzat jotakoak.
Diru-laguntza hau ez da bateragarria izango edozer motatako beka edo laguntzekin edo ikerketa berera bideratutako bestelako sarrerekin.
6. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.
1.– Jarduteko gaitasun nahikoa izatea.
2.– Agindu honen 3. artikuluan exijitutako titulazioa izatea.
3.– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzarekikoak.
4.– Minimis-araubideko 200.000 euro baino gehiagoko laguntzarik jaso ez izana, ez azken bi ekitaldietan, ez uneko ekitaldian.
5.– Ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik jaso duten eskatzaileak, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoa barne.
6.– Diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko–, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako diru-laguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena ematen bada.
7. artikulua.– Proiektuak gauzatzeko epea.
Diru-laguntzaren xede diren proiektuek hasita egon behar dute, edo 2016ko ekitaldian hasi, eta 2017ko urriaren 2a baino lehen amaitu. Ezingo da gauzatzeko epea data horietatik aurrera atzeratu edo handitu.
8. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Interesdunek bide elektronikoak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko, edo, bestela bertatik bertara egin ahal izango dute.
3.– Eskaerak bertatik bertara aurkeztu ahal izango dira Zuzenean-en, EAEko erregistro osagarrietan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan (aipatutako erregistroak zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan). Eskaerak Kultura Ondarearen Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
4.– Eskaera-eredua Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskura daiteke, bai eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzan eta Zuzenean-en bulegoetan ere.
5.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu ahalko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan:
– Gaztelania: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2016/investigacion-patrimonio-cultural/es/
– Euskara: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2016/kultura-ondarea-ikerketa/eu/
6.– Eskaeraren ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.net/misgestiones
7.– Eskaera egiteko eta dokumentuak aurkezteko, aurrez aurreko bidea edo elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.
8.– Eskaerak aurrez aurre nahiz bide elektronikoz izapidetzeko zehaztapenak eta ereduak eskuragarri daude egoitza elektronikoan, artikulu honen 5. zenbakian zehaztutako helbidean.
Artikulu honen 3. zenbakian adierazitako tokietan ere eskuratu ahal izango dira.
9.– Pertsona eskatzaileek eskaera eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Era berean, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen duen moduan.
9. artikulua.– Eskatzailearen betekizunak egiaztatzea.
1.– Agindu honen 3. artikuluan exijitutako titulazioa egiaztatzeko, tituluaren edo hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiriaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko da, eta, horrekin batera, eskatzailearen espediente akademikoaren ziurtagiria, eskatzaileak titulua lortzeko egin eta gainditutako ikasgaiak edo gaiak adierazten dituena.
2.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.6 artikuluari jarraituz, eskaerarekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:
– Eskaera izapidetzeko unean ebazteke dauden xede berarako beste diru-laguntzen, laguntzen edo sarreren eskaera batzuen jakinarazpena, eta xede berarako beste diru-laguntzarik, laguntzarik edo sarrerarik jaso ez izanaren erantzukizunpeko adierazpena.
– Minimis-araubideko laguntzei buruzko adierazpena, dagokion formularioaren eskaeran jasotakoa.
– Eskatzaileak ez du izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena).
– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako agirietan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko ezarritako betekizunak, indarrean diren araudian ezarritakoak.
10. artikulua.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskaeraz gainera, eskatzaileak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
1.– Egingo duen ikerketa-proiektuaren memoria. Memoriak 15 orri izango ditu gehienez, eta epigrafe hauetan egituratuta egongo da:
– Titulua.
– Proiektuaren aurkezpena.
– Proiektuaren helburu zehatzak (diru-laguntzaren iraupena aintzat hartuta).
– Gaiaren interesa eta ikerketen uneko egoera.
– Lan-hipotesia, -metodologia eta -plana, eta dagokion kronograma.
– Berariazko iturriak eta bibliografia.
2.– Eskatzailearen curriculum vitaea eta, hala badagokio, proiektua egingo duen taldea osatzen duten pertsonena.
3.– Proiektuko diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehatua, 8. artikuluan adierazitako tokietan eskura dagoen «Gastuen aurrekontua» izeneko ereduaren araberakoa.
4.– Zientzia-erakunde bati lotutako unibertsitate-irakasle edo ikerlari doktore baten txostena, aurkeztutako proiektua bermatzen duena. Aurkeztutako proiektua bigarren edo hirugarren zikloko unibertsitate-irakaskuntza arautu baten esparruan egiten bada (master-tesia edo doktorego-tesia), egiaztatu egin beharko da txostenean, amaierako balorazioak aintzat hartu dadin.
11. artikulua.– Laguntzak kudeatzea.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak.
12. artikulua.– Dokumentazioa aztertzea eta akatsak zuzentzea.
1.– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eskaera epe barruan eta eskatutako moduan egin dela egiaztatuko du, baita eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu dela ere.
2.– Eskaera izapideak egiteko onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskaera balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, huts-egitea konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.
13. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Diru-laguntzaren helburu diren jarduerak baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean xedatua errespetatuz), aurkezteko epea amaituta eta eskaerak onartu diren ala ez erabaki ondoren. Batzorde horrek, ezarritako esleipen-irizpideak aplikatuta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari, eta honako hauek osatuko dute:
2.– Honako hauek osatuko dute batzordea:
– Kultura Ondarearen zuzendaria. Batzordeburua izango da, eta boto-berdinketak gertatuz gero, bere kalitate-botoaz ebatziko ditu.
– Euskal Kultura Ondarearen Zentroko arduraduna.
– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako bi teknikari, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatuak. Horietako bat batzordeko idazkari izango da.
– Unibertsitate-irakasle bat edo, bestela, izen handiko ikerlari bat, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatuta.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da balorazio-batzorderen osaera, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.2 artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz.
3.– Balorazio-batzordeak egoki deritzonean, proiektuari dagokion gaian aditu diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.
4.– Organoa balio osoz eratzeko, hau da, bilkurak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, buruak eta idazkariak bilkuran egon behar dute, edo, bestela, beren ordezkoek, eta, gutxienez, kideen erdiek.
5.– Balorazio-batzordeko kideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan ezarritako kasuetan.
14. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Agindu honetan jasotako diru-laguntzak emateko, ondoko norgehiagoka-prozedura erabiliko da:
– Behin eskaerak aurkezteko epea bukatu ostean, eta, kasua bada, 12.2 artikuluan aurreikusi izapidea gauzatzean, agindu honetan ezarritako betekizunak konplitzen dituzten jarduerak ebaluatu egingo ditu balorazio-batzordeak, 15. artikuluan finkatzen diren irizpideekin bat etorriaz.
– Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuek 50 puntu edo gehiago jaso behar dituzte nahitaez ebaluazio-fasean.
2.– Hainbat proiektuk puntuazio bera lortzen badute, agindu honen 15. artikuluaren d) letran puntuaziorik handiena lortu dutenak izango du abantaila. Berdinketak jarraituz gero, eskatzaile gazteenak izango du abantaila, agindu honen espirituarekin koherentzian.
3.– Eskatutako diru-laguntzaren % 100 emango zaie; betiere, agindu honen 19. artikuluan zehaztutako gehieneko muga errespetatuta. Proiektuek lortutako puntuazioak markatzen duen ordenari jarraikiz emango da laguntza, harik eta baliabide ekonomikoak agortu arte. Azkeneko lekuan dagoen proiektua diruz laguntzeko zenbatekoari dagokionez, zenbatekoa ez bada % 100era iristen, zenbateko txikiagoa emango da; betiere, balorazio-batzordeak uste badu hala eta guztiz ere bermez gauzatu ahal izango dela. Dena dela, kasu horretan, gutxitzeak ezingo du gainditu eskatutako diru-laguntzaren % 25.
15. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Diru-laguntza emateko eta zenbatekoa zehazteko, alderdi hauek baloratuko dira (guztira, 100 puntu izango dira):
a) Azterketa-xede orokorra duten proiektuak, kultura-ondare ugari biltzen dituztenak. Hori ez da ulertuko kopuruari dagokionez, baizik eta koherentzia duen ondasun-multzo gisa, tipologia, kronologia, eskualde bat, eta bar. Gehienez ere, 15 puntu. Tipologia baten ondasun orokorrak direnean edo Euskal Autonomia Erkidegoa denean xede-eremua, 15 puntu emango dira; ondasun-multzo partzial esanguratsu bat aztertzen denean edo lurralde historiko bat denean xede-eremua, berriz, 10 puntu; eta elementu puntualak direnean (ez nahitaez banakakoak), aldiz, 5 puntu.
b) Egoera berezian dauden kultura-ondasunei buruzko proiektuak; alegia, kokatzen diren esparruagatik, kontserbazio-egoeragatik edo horiei buruzko ezagutza gutxiago dagoelako, aztertzeko lehentasuna dutenak. Gehienez ere, 15 puntu.
c) Beste iturri batzuen artean, landako arkeologiara jotzen duten proiektuak. Gehienez ere, 20 puntu, egin beharreko landako lan arkeologikoen bolumenaren arabera. Hainbat elementutan indusketa edo zundaketa arkeologikoak egitea eskatzen duten lanetarako, 20 puntu emango dira; elementu batean zundaketa puntualak egin behar badira edo hainbat elementutan administrazio-baimenik gabeko landako esku-hartzeak egin behar badira, berriz, 10 puntu; eta administrazio-baimenik gabeko landako prospekzio edo esku-hartze puntualak egin behar badira, aldiz, 5 puntu.
d) Proiektuaren kalitatea eta interesa (ikerketa argitaragabea izatea). Gehienez ere, 20 puntu.
e) Ikerketa gauzatzeko jatorrizko dokumentu-iturrietara sistematikoki jotzen duten proiektuak. Gehienez ere, 15 puntu, kontsultatu beharreko dokumentazioaren bolumenaren arabera. Zenbait dokumentu-artxibo kontsultatzea eskatzen duten proiektuetarako, 15 puntu emango dira; dokumentu-artxibo bat iturri dutenetarako, berriz, 10 puntu; eta bestelako iturri berrietara jotzen duten proiektuetarako, aldiz, 5 puntu.
f) Ikerketa-proiektu zabalago baten parte izatea (esaterako, doktorego-tesi bat), baina nortasun propioarekin. Gehienez ere, 10 puntu.
g) Ikerketaren emaitzek kultura-ondarea babesteko duten aplikazio praktikoa. Gehienez ere, 5 puntu.
16. artikulua.– Ebazpena.
1.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, eta proposamen hori, espediente osoarekin batera, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igorriko zaio, berak ebazpena eman dezan.
2.– Ebazpenak honako hauek jasoko ditu, gutxienez:
a) Diruz lagundutako proiektuak eta esleitutako diru-zenbatekoak, bai eta ordainketa-faseak ere.
b) Eskatutako laguntza ukatu zaien proiektuen zerrenda, horretarako arrazoiak azalduta.
c) Agindu arautzaileko 7. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriaz, diruz lagundutako jarduerak burutzeko epea.
d) Behin proiektua gauzatzen amaituz gero, emandako diru-laguntzak justifikatzeko era eta epea, agindu honetako 20.2 artikuluak dioenari jarraituz.
e) Diruz lagundutako jarduera gauzatzea bermatzeko, egoki iritzitako beste edozein obligazio.
3.– Ebazpena bost hilabeteko epean jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatzen hasita.
Nolanahi ere, akatsak zuzentzeko epea irekiko balitz, aipatu den epea etenda geratuko da, pertsona edo entitate interesdunari bidalitako jakinarazpena jasotzen denetik eta hark jakinarazpen horri erantzuten dion arte.
4.– Esandako epeetan ez bada ebazpenik jakinarazten, eskaerei uko egin zaiela ulertu ahal izango da, hain justu ere administrazio-prozedurari buruzko araubidean finkatutako isiltasun administratiboaren ondorioetarako.
5.– Laguntzak eskatzen dituztenei ebazpena jakinaraziko bazaie ere; jende oro jakitun izan dadin, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara.
6.– Jakinarazitako ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek gorako errekurtsoa jar dezakete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan xedatuari jarraikiz.
17. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan zehaztu eta arautzen diren diru-laguntzen onuradunek ondoren azaltzen diren betebeharrak bete beharko dituzte:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote diru-laguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.
3.– Edozer administraziok edo erakunde publiko nahiz pribatuk xede berarako emandako diru-laguntzen, sarreren edo baliabideen berri ematea, lortutako laguntza horien ukoari edo onarpenari buruzko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera.
4.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza objektibo zein subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea. Eta diruz lagundutako jardueren exekuzioan atzerapenak eragin ditzaketen jazoerak edo zirkunstantziak –baldin eta proiektua exekutatzeko ezintasuna badakarte– albait arinen komunikatu beharko dira.
5.– Euren funtzioak egiten ari direlarik, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematea, jasotako diru-laguntzei dagokienez, eta, orobat, haiek dituzten ikuskatze-, segimendu-, egiaztapen- eta kontrol-ahalmen zein -funtzioei men egitea.
6.– Ikerketaren ondoriozko testuetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak diruz lagundu izanari buruzko aipamena egitea, eta, bestalde, Sailaren logotipo ofiziala ere jasotzea. Proposatutako ikerketarako eman den diru-laguntzak etorkizunean doktorego-tesi bat egiteko bide ematen badu, tesia amaitzean, eskatzaileak Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza adierazi beharko du horretan, bai eta ale bat Kultura Ondarearen Zuzendaritzara igorri ere.
7.– Diru-laguntza baliatzen duen bitartean, oinarri hauen ondoriozko arauak betetzea etenik gabe.
8.– Ikerlana amaitzea eta diru-laguntza justifikatzeko eskatutako dokumentazioa igortzea 20.3 artikuluan adierazitako gehieneko epean.
18. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren gaineko kontrola eta segimendua.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, agindu hau kudeatzeko arduraduna den aldetik, diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena zainduko du.
Horretarako, eta legez beste entitate eta erakunde publiko batzuei dagozkien eskumenak urratu gabe, Euskal Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio diruz lagundutako jarduerak zuzen gauzatzen direla bermatzeko egoki iritzitako ikuskatze eta egiaztapenak egitea.
19. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.
1.– Agindu honen babesean eman beharreko diru-laguntzak atalka ordainduko dira, era honetan:
a) Lehenbizi, diru-laguntzaren % 50, diru-laguntza esleitzen den unean.
b) Ondoren, gainerako % 50, emateko ebazpenean zehaztutakoari jarraikiz, gastua justifikatu ondoren, diru-laguntzaren indarraldia amaitzean eta aurretik eskatutako dokumentazioa aurkeztuta.
2.– Diru-laguntzek eskatutako eta proiektuaren aurrekontuan jasotako diruz laguntzeko gastuen % 100 (ehuneko ehun) hartu ahal izango dute, proiektuko hamasei mila (16.000) euro gainditu gabe; betiere, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aurrekontu-kontsignazioen barruan.
3.– Diru-laguntza hau ez da bateragarria izango edozer motatako beka edo laguntzarekin edo diru-laguntzaren xede-jarduerara bideratutako bestelako sarrerekin.
4.– Eskatzailea ez badago erregistratuta Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan edo aldatu egin nahi baditu erregistro horretan dituen banku-datuak, aurrez aurre edo elektronikoki egin ahal izango du:
– aurrez aurre, 8. artikuluan adierazitako administrazio-bulegoetan eskura daitekeen formularioen bidez, baita helbide elektroniko honetan ere: https://www.euskadi.eus/y22-izapide/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html
– elektronikoki, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/y22-hirualta/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html
20. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
1.– Eskaerak bertatik bertara aurkeztu ahal izango dira Zuzenean-en, EAEko erregistro osagarrietan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan (aipatutako erregistroak zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan). Eskaerak Kultura Ondarearen Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Halaber, bide elektronikotik aurkeztu ahal izango da justifikazio-dokumentazioa helbide honetan: http://www.euskadi.eus/misgestiones
2.– Emandako diru-laguntza justifikatzeko, laguntza eragin duen jarduera jada burutu duela eta egindako gastuak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitate edo pertsona onuradunak. Alegia, gutxienez, honako hauek:
a) Egindako jarduera bete izanaren justifikazio-memoria, ahalik eta xehakatuena; eta, horrekin batera, eskaerarako azterlana bermatu duen pertsonak idatzitako txostena, egindako lanari oniritzia emateko eta egoki iritzitako beste ohar batzuk egiteko.
b) Diruz lagundutako ikerlanaren azken dokumentuaren kopia bat; eta, horrekin batera, laburpen elebidun bat (euskaraz eta gaztelaniaz), gehienez ere, 1.800 karakterekoa. Lan-testua Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzuaren estilo-arauei jarraikiz idatziko da. Justifikazioa aurrez aurre egiten bada, formatu digitalean aurkeztuko da, eta euskarri fisiko batean grabatuta (CD/DVD, USB memoria, eta abar). Bide elektronikoa erabiltzen bada eta 30 MB baino handiagoa bada, helbide elektroniko bat adieraziko da memorian, hain zuzen ere, organo kudeatzaileak lana jasotzen duten fitxategiak deskargatu ahal izan ditzan. Aurrez aurreko bidea hautatzen dutenek ere erabil dezakete prozedura hori.
Nolanahi ere, aurkeztutako emaitzek hasiera batean eskaerarekin batera aurkeztutako memoriaren planteamenduekin bat etorri beharko dute.
c) Jarduera gauzatzeak eragindako gastuen egiaztagiriak: Jatorrizko fakturak eta diruz lagundutako jarduera gauzatzeak eragindako gastuak egiaztatzeko beste edozer agiri, merkataritza-trafikoan balio duena; horien zenbatekoak aurkeztutako gastuen aurrekontuaren zenbateko osoaren baliokide izan behar du. Aipatu egiaztagirien kopia konpultsatuak ere balio dute.
d) Zinpeko adierazpen bidez, diruz lagundutako jardueraren gastu eta sarreren behin betiko balantze orekatua, ahalik eta xehakatuena. Xede berarako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarenaz bestelako laguntzarik jaso ez izana ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena jasoko du.
3.– Egiaztagiriak 2017ko urriaren 2a baino lehen aurkeztu beharko dira, egun hori barne.
21. artikulua.– Diru-laguntzaren likidazioa.
1.– Helburua eta irizpideak.
Justifikazioko zenbatekoa eskaerarekin batera aurkeztutako gastu-aurrekontua baino gehiago izateak ez du emango eskubiderik hasieran onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa gehitzeko.
2.– Prozedura.
a) Diru-laguntza justifikatzeko bidalitako dokumentuak behin aztertuta egokitzat jotzen badira, ordaintzeke dagoen diru-kopurua ordainduko da.
b) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira –diru-laguntzaren helburua bete bada, benetako kostuak aurrekontuan jasotakoak baino txikiagoak direnean– diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egingo da. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, jarduera justifikatzen duen dokumentazioa aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean.
Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar bazaio, itzulketa egiteko bi hilabeteko epea emango da likidazio-ebazpenean, jakinarazpena egiten denetik kontatzen hasita; betiere, abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuan ezarritako prozedura errespetatuta (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak zehazten dira).
22. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ez-betetzeak izango dira honako hauek:
a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.
c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).
d) Kultura Ondarearen 7/1990 Legeari eta hura garatzekoei jarraikiz nahitaez bete behar den beste edozer.
2.– Artikulu honetako aurreko puntuan zehaztu kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusi bezala eta bertan ezarritakoa bete ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko zaizkio jasotako diru-kopuruak eta dagozkien berandutze-interesak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Araudian ezarritakoarekin bat etorriz, agindu honetan ezarritako laguntzek «minimis» arauen mendean daude (araudi hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Ondorioz, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa, hiru ekitaldi fiskalen edozer alditan.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten dizu emandako zure datuak eta diru-laguntzen deialdi honetako eskaeran eta fitxategietan agertzen direnak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututako Kultura Ondarearen Laguntzak eta Diru-laguntzak izeneko fitxategi batean sartuko ditugula. Agindu horren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko (2015eko abenduaren 22ko EHAA, 243. zk.) datu pertsonalen fitxategiak arautzen dira. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duten bestelako administrazio-prozedura edo -espedienteak kudeatzea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari aurretik eman zaio fitxategi horren berri, eta baditu datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio. Beraz, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari (azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurrez aipatutako data beretik aurrera (uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 5a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.