EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2016168

EBAZPENA, 2016ko irailaren 1ekoa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena. Honen bidez, Barakaldoko Munoa jauregia monumentu multzo kategoriarekin Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari ekiten zaio, eta erakusgai jartzen da espediente hura jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean.

Xedapenaren data: 2016-09-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201603795
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16. artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19. artikulua kontuan hartuta. Bere gain hartutako eskumena baliatuta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Barakaldoko (Bizkaia) Munoa jauregiak historiaren eta kulturaren aldetik duen interesa ikusita, eta Kultur Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aintzat hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Barakaldoko (Bizkaia) Munoa jauregia monumentu multzo kategoriarekin Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera ematea, betiere ebazpen honen I. eranskinean ezartzen den mugaketa kontuan hartuta, bai eta II. eranskinean jasotako deskribapena eta III. eranskinean gaineratzen den babes-araubidea ere.
Espediente honi hasiera ematearen ondorioz, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak sailkatutako ondasunentzat ezartzen duen babes-araubidea aplikatuko zaio, behin-behinean, Munoa jauregiari.
Bigarrena.– Barakaldon (Bizkaia) dagoen Munoa jauregia monumentu multzo kategoriarekin Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko epeari hasiera ematea, I. eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituz, II. eranskineko deskribapena kontuan hartuz eta babes-araubide gisa III. eranskinean agertzen dena ezarriz. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkezteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultur Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
Hirugarrena.– Barakaldoko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailei jakinaraztea jada abiarazitako prozedura honen izapidea egiteak eten egiten dituela eraginpeko aldeetan lur-zatiketak, eraikuntzak edo eraisketak egiteko udal-baimenak, baita dagoeneko eman direnen ondorioak ere. Halako finkaren batean ezinbestean obraren bat egin beharko balitz, Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena eskuratu beharko da derrigorrez.
Laugarrena.– Espedientearen izapidetzearekin jarraitzea indarreko xedapenen arabera.
Bosgarrena.– Ebazpen honen berri ematea Barakaldoko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari ere.
Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialen argitaratzea, jendeak jakin dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 1a.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,
JOSÉ ANGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
Mugaketaren deskribapena.
Alde batetik, mugaketak eraikitzeko unitate osoa barne hartzen du. Unitate hori jauregiaren eraikinak eta haren lorategi-lursailak osatzen dute. Bertan garajearen eraikina, ataurrea eta sarrerako atea daude. Halaber, jauregiko lorategi osoa barne hartzen da, Ismael Gorostizak egindako planoaren araberako trazadura historikoarekin eta lorategiarekin lotutako hirigintza-elementuekin: putzua, Valentín Dueñas eskultorearen eskulturak, jauregiko aurrealdeko kanpo-eremuko barkalunak eta pitxer handiak, lorategiaren goiko aldean glorieta forman kokatutako lau bankuak eta, mugaketaren barruan kokatuta egonik, 100 cm-ko perimetroko edo gehiagoko enborra duten zuhaitz guztiak.
Horiez gain, mugaketaren barruan daude jatorrizko lursailaren hegoaldeko eta ekialdeko zatiak, jauregira sartzeko hasierako sarreraren hondarrak eta finkaren jatorrizko itxieraren hondarrak ere, Bilbotik Portugaletera doan errepide zaharreko trazaduraren ondoan.
Hala, mugaketa-eremuak honako muga hauek ditu: hegoaldeko eta ekialdeko ertzetan, hasierako sarrera-atearen eta finkako jatorrizko hormaren hondarrak; mendebaldean, finkako jatorrizko hormaren zatia, jatorrizko materialekin, ataurrea eta sarrerako ate handia, baita horma berriko trazadura ere, Llano kalearen ondoan, dagokion material- eta kolore-zuzenketarekin; iparraldean, goiko aldean, Munoa eskola-taldeak definitutako muga, jatorrizko hormaren hondarrekin topo egin arte, finkako beheko aldean.
Mugaketaren justifikazioa.
Proposatutako mugaketa honako honek justifikatzen du: Munoa jauregiaren monumentu multzoaren eta haren inguruko kultura- eta ingurumen-balioak gordetzeko beharrizanak.
Mugaketak gaur egungo lursail osoa eta hegoaldeko mugako espazioa babesteko eskatzen du, Bilboko metropoliko lursaileko muino batean kokatutako multzo horren izaera propioa eta ezohikoa gorde eta balioztatze aldera.
Beraz, ezarritako mugaketak eraikuntza bera ez ezik, erantsitako planoan definitutako eremu mugakidea ere hartzen du, eraikuntza multzoa eta horri lotutako lursaila barne hartzen dituena.
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Munoa jauregia.
Barakaldo udalerrian dagoen eraikin errektangeluarra da, Ibaizabal-Nerbioi itsasadarraren gaineko ikuspegia duen muino batean kokatuta dagoena, hain zuzen ere, Gurutzeta, Burtzeña, Llano eta Lutxana auzoak elkartzen dituen lorategi-eremu batean. Eraikina estalki amansardatu batez estalita dago (estalkiaren gorputz nagusia teilazkoa da eta albokoa arbelezkoa), eta zerbitzu-solairu bat, bi solairu altu eta estalkipean dagoen solairu bat ditu.
Gaur egungo itxura 1916an hartu zuen, Ricardo de Bastida arkitektoak egindako obraren ondorioz. Hark, Rafael Echevarría Azkarateren eta Amalia Echevarrietaren (haren emaztea) ekimenez, hasiera bateko jauregitxoa aldatu zuen. Jauregitxo hori 1860. urte inguruan eraiki zen, Juan Echevarría La LLanaren udako egoitza izateko.
Lehen eraikin hori (geroago Echevarría-Echevarrieta senar-emazteek) kokatu zen Bilboko itsasadarreko ibai-sistemaren ikuspegi onena zuen lursailean, eta fatxada nagusia hego-ekialdera begira zegoen eta sarrera nagusia zuen finkaren beheko aldean. Hasierako bolumenetik kontserbatzen dira, bolumena bera eta hasierako eraikuntza-elementu asko, hala nola fatxadako hutsuneak eta horiek berriz hesitzeko harriak eta moldura apaingarriak eta errementaritzako eta zurgintzako zenbait lan.
Bastidak egindako berritzeak jatorrizko eraikinaren estilo frantsestua errespetatu zuen, eta bolumenari monumentaltasuna ematen zioten bi gorputz simetriko gehitu zituen, bakoitza hasierako eraikineko mutur batean. Horrez gain, kareharrizko terraza bat gehitu zuen, solairu nagusiaren maila berean kokatua. Solairu nagusira solairu horretako ateetatik sartzeaz gain, kanpoaldetik ere sartzea dago, bi eskailera simetrikoren bidez. Horiek ere harrizkoak dira, eta, kurba pixka bat duen bide bati jarraituz, terrazara iristen dira.
Ondorengo fase batean, Bastida arkitektoaren zuzendaritzapean ere, atezaintzako pabilioia, autoak sartzeko ate handia, garajearen eraikina eta baratzeko ustiapenarekin lotutako korta-baserri bat eraiki ziren. Gaur egun, ez dira kontserbatzen ez atezaintzako eraikina, ez eta korta-baserrikoa ere.
Halaber, Bastidaren esku-hartzearen ondorioz, etxera sartzeko sarrera nagusi berri bat eraiki zen, Bilbo eta Santurtzi arteko errepideari begira, eta horrek inguru horretako kokalekua aldatu zuen.
Esku-hartze osoa Beaux-arts estiloko elementu bereizgarriz beteta dago. Osaera simetrikoa eta ardatz bertikalen arabera antolatutako hutsuneak ditu, eta bolumen nagusia pixka bat atzeraeramanda dago, alboko hegalekin batera kokatuta geratzeko. Hegal horiek kuxin moduko pilastrak dituzte ertzetan.
Horizontalki, solairuen banaketa agerikoa da fatxadetan, inpostak erabiliz. Elementu apaingarriak nabarmentzearren, osaerak txandakatze kromatikoa sartzen du elementu horien eta harresien artean. Eraikin osoa altxatutako ataletan zehar doan hegal jarraitu batekin amaitzen da, eta bolumen nagusian balaustrada bat gehitzen da.
Solairu nobleetan, behekoa eta lehenengoa, arku beheratua duten baoak ageri dira, harlanduarekin berriz hesitua eta giltzarri molduradunarekin. Beheko solairuan, hutsune guztiek terraza zabalera daramate, eta, lehen solairuan, erlaitzen gainean karelak dituzten hutsuneak daude; nagusian izan ezik, forjazko balkoi dat baitu. Gainerako solairuetan, baoek tamaina eta estilo ezberdinak dituzte, espazioen hierarkia adierazteko.
Solairuen antolamendua burgesen egoitza-eraikinetan ohikoa da: espazioa antolatzen duen korridore baten bi aldeetan banatzen dira gelak. Gelen antolamenduari dagokionez, beheko solairuan eraikinerako sarbidea dago eta bertan areto adierazgarriak daude: Areto Nagusia izenekoa, eraikinaren hegoaldeko muturrean organo bat duena, sarrerako atari nagusiaren alboetan dauden bi areto gehiago, jantokia ofizioarekin, bulegoa, kapera, komun bat eta josteko gela bat. Lehenengo solairuan gela pribatuak daude: Zazpi logela eta lau bainu- eta apain-gela. Esltalkipeko solairuan zerbitzarien gelak daude: Zerbitzarientzako 6 logela, komuna, arroparentzako gelak eta biltegiak. Eta erdisotoan sukaldea eta zerbitzarien jangela daude, lisatzeko gela, esekilekua, upeltegia, biltegia, jaki-tokia, ikaztegia, galdara eta komun bat. Erdisotora sartzeko beheraka doan eskailera nagusi baten zati bat erabili behar da. Eskailera horren hasiera da eraikinaren atzeko fatxadako erdian kokatutako ate nagusia.
Eraikitako bolumenaren barnealdeko espazioez gain, kanpoko terrazaren egiturak galeria bat kokatzen du lorategiarekin lotutako gune gisa. Hala ere, eguraldi txarretik babestua dago. Espazio hori lauza ikusgarriz estalita dago, apaindura geometrikoak eta lorekoak dituztenak.
Garajearen eraikina.
Garajearen eraikina finkaren goiko aldeko sarrera nagusiaren ondoan kokatzen da. Beheko solairu bat eta estalki amansardatudunpeko solairu bat ditu, eta, haren funtzio-programan, ibilgailuak aparkalekua eta txoferraren etxebizitza jasotzen ziren.
Garajeko pabilioia eraikitzeko erabili ziren eraikuntza- eta osaera-elementuek jauregiko erakinean erabilitakoen antza dute, hortaz, eraikinaren irudi koherentea lortzeko laguntzen dute. Gaur egun, hormak estaltzeko elementuak berreskuratu behar dira, baita jatorrizko pabilioiko estalkiarenak zein sarbidearen jatorrizko aroztegiko elementuak (kontserbatzen direnak) ere.
Lorategia.
Lorategiaren gaur eguneko antolakuntza finak izan duen bilakaera historikoaren ondorioa da. Hasiera batean, etxearen eta jabetzaren beheko aldearen arteko eremua hartzen zuen finkak, eta, bigarren fase batean etxearen eta gaur egungo Llano kalearen arteko eremua gehitu zituen.
Eremu zabala da, sei hektarea ingurukoa. Seguruenik Bastidak berak diseinatu zuen eta eraikin nagusia duin bihurtzeko pentsatua dago, bai eta bertan bizi direnen intimitatea bermatzeko ere.
Orokorrean, ingeles motako lorategi bat da, itxura naturala duena, landaredi dentso eta ugaria duena, are nabarmenagoa dena eraikin nagusitik urrun dauden guneetan. Trazadura bihurriko bidexkaz lotua dago eta zenbait eskulturak osatzen dute. Horiek, balio artistikoaz emateaz gain, erromantizismoz betetzen dute eremua eta agerian uzten dute jauregian bizi direnentzako kalitatezko espazio bat sortzeko nahia.
Emaitza lorategi-gune bat da, laua zein aldapatsua, eraikin nagusiarekin lotura zuzena izan arren, txertatuta dagoen metropoli-inguruarekin ere espazio-harremana badu; izan ere, paisaia-balio bereziak sartzen ditu inguru horretan.
Lorategira sartzeko gaur eguneko sarrera nagusia finkako goiko aldeko antzinako sarreraren bidezkoa da, Llano kaleari begira dagoena, eta jatorrizko itxiduraren harrizko harresiaren parte dena. Erabilitako eraikuntza-konponbideak kareharrizko harlanduzko pilare handiak sartzen ditu. Egoera onean kontserbatzen dira horiek. Hala ere, sarrera horrek kendu den jatorrizko aroztegia berreskuratu beharko luke.
Lorategia antolatzeko trazari dagokionez, historian zehar izan dituen aldaketak gorabehera, hein handi batean ezagut eta berreskura daiteke. Izan ere, hortik igarotzen diren ibilbideak Ismael Gorostizak 1925ean egindako planoetan zehazten dira.
Lorategiaren urbanizazioaren barruan, horren parte diren elementu batzuk gehitzen dira, lorategiari egitura emateko laguntzen dutenak, bai eta monumentu multzoari itxura dotoreagoa emateko ere; esaterako: finkaren goiko aldean kokatutako putzu zabala, Valentín Dueñas eskultoreak egindako eskulturak eta balaustradek eta jauregiko aurreko aldeko pitxer handiek zein lorategiko goiko aldean glorieta forman kokatutako lau bankuek osatutako altzariak.
Edonola ere, apaintzeko zuhaitzak eta zuhaixkak (500etik gora) dira nagusi, besteak beste, zedroak, izeiak, ezkiak, palmondoak, makalak, pinuak eta magnoliak. Horiek, oro har, biriki berde bat osatzen dute biztanle-dentsitate handia duen metropoli batean.
Putzua.
Brontzezko eskultura, Eva.
Harrizko eskultura.
Loreontziak.
Kanpoaldeko bankuak.
III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA: BABES-ARAUBIDEKO XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Babes Araubidearen xedea.
Babes-araubide hau Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 12. artikuluan xedatutakoari jarraikiz idatzi da, Munoa jauregiak eta hari lotutako lorategiak osatzen duten monumentu multzo kategoriarekin Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedientearen hasieran oinarrituta. Araubide hau adierazpen horren parte da.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua
Jarraian zehaztuko den babes-araubidea I. eta II. eranskinetan hurrenez hurren ezarritako mugaketa eta ezaugarriak kontuan izanda kalifikatutako ondasunari aplikatzeko da.
3. artikulua.– Bereziki babestu beharreko elementuak.
Bereziki babestu beharreko elementuak dira deklaratutako multzoa, eta, ondorioz, honako hauek garrantzi berezikotzat jotzen dira:
– Eraikinaren bolumetria, gaur eguneko konfigurazioarekin, haren fatxaden osaera, hormen eraikuntza, egitura eta estalkia, eta jauregiaren eraikinaren espazio- eta tipologia-antolamendua. Hori guztiari dagokionez, Ricardo Bastidaren proiektuaren jatorrizko planoetan behar bezala dokumentatutako konponketak eta berreraikitzea baino ez dira onartuko.
– Kanpoko eta barruko fatxadak, beren dimentsioekin, proportzioekin, formekin, testurekin eta koloreekin, oinaldeak, balkoiak, erlaitzak eta balaustradak barne, baita hutsuneak ixteko elementuak ere.
– Gainazaleko akabera eta barrualdeko espazioen jatorrizko dekorazioa, zoruetan, paretetan eta sabaietan. Halaber, bereziki babestu behar dira multzoan kontserbatzen diren tximinia eta lauzazko estaldura guztiak.
– Perimetroko harrizko itxiera eta jatorrizko harresia (berreskuratu beharko dena) barne hartzen dituen lorategia, eta II. eranskinean deskribatutako eraikuntza eta elementu erantsiak.
Halaber, finkako jatorrizko itxierako erorita dauden zatiak berreskuratu beharko dira. Lorategiaren parte dira, kontserbatu beharreko elementu gisa, gaur egun bertan dauden zuhaitz guztiak, betiere 100 zentimetroko edo gehiagoko perimetroko enborra dutenak, baldin eta paisaiaren eta ingeles motako lorategien bilakaera historikoaren parte izateko nahikoa zaharrak badira.
4. artikulua.– Izaera loteslea.
Babes-erregimen honetako preskripzioak lotesleak dira, eta multzoa arau horiek errespetatuz kontserbatu beharko da. Era berean, erregimen honetako preskripzioek lotu egiten dituzte hirigintza-plangintzako tresnak, eta, beraz, horiek ere bete egin beharko dute babes-araubide hau, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeak 28.1 artikuluan ezartzen duen bezala. Aipatu arau hori betetzeko, babes-erregimenaren helburu den eraikinari aplika dakiokeen hirigintza-plangintzak onartu aurretik nahitaezkoa izango du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aldeko txostena lortzea.
5. artikulua.– Agindu orokorrak.
1.– Babes-araubide honek babesten dituen ondasunak Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean xedatutakoaren menpe egongo dira baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoetarako.
2.– Babes-araubide honen eraginpean dauden ondasunen jabeek Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeko 20. eta 35. artikuluek eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeko 199. artikuluak ezartzen dituzten kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak bete beharko dituzte.
3.– Ondasun horiek eraisteko, dela osoa, dela zati bat, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak bere 36. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
II. KAPITULUA: ERABILERAK
6. artikulua.– Baimendutako erabilerak.
1.–Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeko 23. artikuluan xedatutakoa betetzeko, ondorengo erabilerak baino ez dira baimenduko: higiezinen kontserbazio egokia bermatzen dutenak, eta horrekin batera, babes-araubide honen 3. artikuluan aipatzen diren osagaientzako babes zuzen eta berezia eskainiko duten erabilerak.
2.– Aurreko paragrafoan sartuta ez dauden gainerako erabilera guztiak debekatutako erabileratzat joko dira.
7. artikulua.– Eraikuntza-araudira egokitzea.
Edozein motako erabilera berri bat emateko egokitzapenak edo babestutako ondasunei egiten zaizkien esku-hartzeek aintzat hartuko dute gai horretan indarrean dagoen sektoreko araudiaren irizpideak betetzen direla, babes-araubide honetako II. kapituluan eraikinentzako ezarritako mugetan oinarrituta. Horrek guztiak ez du esan nahi Eraikuntzaren Kode Teknikoa onesten duen martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuan kultura-ondareari buruz ezarritako salbuespen orokorrari kalterik eragingo zaionik.
III. KAPITULUA: ESKU-HARTZEKO ARAUBIDEA
1. ATALA
ESKU HARTZEKO IRIZPIDE OROKORRAK
8. artikulua.– Esku hartzeko proiektuak.
Babes-araubide honen eraginpean dauden ondasunen gain egin nahi den edozein esku-hartze egin aurretik dagokion proiektua egin beharko da, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 2.2.c artikuluan ezarrita dagoenez, zehazki, kultura-ondareari dagokionez.
Proiektuaren dokumentu-edukia Eraikuntzaren Kode Teknikoa onesten duen 314/2006 Dekretuan ezarritako orokorra izango da, edonola ere, eraikinaren babes-mailara eta esku-hartzearen izaerara egokitu beharko da.
Horretarako, beharrezkoa den proiektua Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 29. edo 33. artikuluan ezarritakoaren arabera izapidetu beharko da.
9. artikulua.– Debekatutako esku-hartzeak.
Higiezinean egin daitezkeen esku-hartzeei ezarritako mugaketak higiezinaren balio historikoak eta arkitektonikoak babestea du helburu. Hori dela eta, babes berezia behar duten oinarrizko osagaien ezaugarriak aldatuko lituzketen obra edo esku-hartzeak debekatu egin dira, ezaugarri horiek ematen baitiote balioa higiezinari, eta hain zuzen ere babeste-araubide honetako 3. artikuluan aipatzen diren osagaiak dira.
Orokorrean, ondorengo esku-hartzeak galarazi egingo dira, babestutako higiezinaren balio historiko eta arkitektonikoei kalteak edo galerak ekar diezazkienak eta baita babes-araubide honen edozein zehazpenen aurka doazenak ere. Horretarako, esanbidez baimenik gabeko jarduntzat hartuko dira honako hauek:
1.– Bolumena aldatzea, Bastidaren proiektuko jatorrizko planoetan bikain dokumentatutako egokitzapenak edo birsorkuntzak ez badira.
2.– Eraikin nagusiaren ondoan eraikin berri bat egitea dakarren azalera aldatzea.
3.– Barrualdeko eta kanpoaldeko fatxadak, fatxada horietako osagaiak, horien tratamenduak eta hutsarteen jatorrizko kokagunea eta kopurua aldatzea; baoen jatorrizko tamaina eta proportzioa mantendu beharko da.
4.– Estalduraren jatorrizko xedapena aldatzea, hala nola jasodurak, aldapa-aldaketak, xedapena eta hegal kopurua aldatzea; jatorrizko proiektuko planoetan dokumentatuta ez badaude.
5.– Jauregiaren tipologia-, bolumen-antolamenduari edo solairu-banaketari eragiten dizkioten jauregi-barnealdeko aldaketak; apaintzeko jatorrizko elementu arkitektonikoak mantendu behar dira.
6.– Eraikinaren egituraren eta bertako eraikuntza-konponbideak aldatzea.
7.– Jauregiaren begi-itxura eraldatzen duten jauregi nagusiko eraikinaren ondo-ondoko espazioan egindako esku-hartzeak. Hala ere, mendebaldeko fatxada nagusian, mendebaldeko fatxadarako sarbidea babesten zuen jatorrizko bisera berreskuratzea onartuko da
8.– Oro har, babes-erregimen honetako 2. atalean (esku hartzeko irizpide espezifikoak) aurreikusten ez den esku-hartze oro egitea, babes bereziko elementuen gain egiten badira.
2. ATALA
ESKU HARTZEKO IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK.
10. artikulua.– Esku hartzeko erregimen espezifikoa.
1.– Babes-araubide honetako 3. artikuluan babes bereziko modura azaldutako eta higiezinei dagozkien elementuen gain, 317/2002 Dekretuan Berriztapen Zientifikorako ezarritako lanak bakarrik egin ahal izango dira. Dekretu horrek ondare urbanizatua eta eraikina birgaitzeko jarduketa babestuak arautzen ditu.
2.– 3. artikuluan adierazitako bereziki babestu behar diren elementuak egokitzeko obrak, gehienez ere, mantenuko-obrak izango dira, horrela definituta: eraikina narriatzea saihesteko aldizka egin beharreko lan eta obren multzoa, edo eraikina egoera onean mantentzeko konponketa zehatzak, fidagarritasun egokiarekin kontserba dadin eta eraikuntzaren oinarrizko baldintzak bete ditzan.
3.– Baimendutako lanak egiteko, ondorengo baldintza hauek bete beharko dira nahitaez:
a) Garbiketa-tratamendurik erabiltzekotan, eraikineko elementuen kanpoko testura eta akabatuen osaera atzera-bueltarik gabe aldatzen ez duenen bat erabili behar dira. Garbitu aurretik eta materialen analisia egin ondoren, elementu hauskorrenak babestu egingo dira, eta dauden junta eta pitzadurak itxi.
b) Hormak orokorrean Gaizki badaude, sendotzeko erabil daitezkeen teknikak aztertuko dira. Zati ezberdinak desmuntatzea eta berriro eraikitzea azken aukera izango da.
c) Instalazioak: instalazioak erregistratzeko moduan bideratuko dira, eta parametroen osaera orokorrean zuhurtziaz txertatu beharko dira. Inola ere, ez dira onartuko karga-hormetako sisteman sartutako exekuzioak.
d) Ondare babestuan egindako esku-hartze orotan, etorkizuneko birgaitzeko esku-hartzeak oztopatuko ez dituzten teknika eta materialak erabiliko dira.
11. artikulua.– Eraikuntzako esku-hartze baimenduak.
Hona hemen baimendutako esku-hartzeak: edonola ere, eraikuntzen tipologia-elementuak eta elementu formalak errespetatu beharko dira.
1.– Eraikinen itxura arkitektonikoa lehengoratzea eta aldatutako zatiak bereoneratzea, ondorengo egintza hauen bitartez egingo da:
– Barrualdeko eta kanpoaldeko fatxadak zaharberrituz, ahal den neurrian, jatorrizko hutsuneak eta babes-elementuak berreskuratuz. Horri dagokionez, uste da beharrezkoa dela atzeko fatxadako (mendebaldea) ate nagusiko aterpea berreskuratzea.
– Jatorrizko arotzeriako, fatxadako baoetako, beirateetako, dekorazioetako eta abarretako edozein elementu edo bestelako elementu interesgarriak zaharberritzea edo, hala dagokionean, material eta diseinu berdineko elementu berriak jartzea horien ordez, betiere jatorrizko itxura berreskuratzea ahalbidetuz gero.
– Bereziki babestu beharreko elementuen (3. artikuluan aipatu dira) barrualdeko espazioak.
– Espazio-banaketaren eta -antolakuntzaren eta 3. artikuluan aipatutako elementuen jatorrizko eraikuntzaren kontserbazioa edo berrezarpena.
2.– Finkapena, kanpoaldeko eta barrualdeko sostengu-hormen, pilareen, mentsulen, solairuen, gangen eta eskaileren berreskuratu ezin diren aldeen posizioa edo kota aldatu gabe. Estalduraren gaineko esku-hartzeak jatorrizko estaldura-materiala berrezarriz egingo dira: zeramikazko teila laua bolumen nagusian eta arbela alboko gorputzetan.
3.– Eranskin itsugarriak kentzea. Horri dagokionez, nahiz eta finkaren itxiera mantendu behar den, Llano kaleko gaur egungo itxiera (ageriko hormigoizko blokeez egina) ez da multzoaren balioekin bateragarritzat jotzen.
4.– Hertsiki beharrezkoak diren instalazioak sartzea, betiere babes-araubide honetako gainerako aginduak errespetatzen badira.
5.– Hondatuta dagoen akabera-elementuren bat konpontzeko xedea duten obrak, betiere balio estilistikoa duten elementuak errespetatzen badira.
6.– Babes-araubide honen beste alderdiren bati aurka egiten ez dioten barneko obrak; esate baterako, entokadura eta pintura, zoladuren egikaritzea eta konponketa, barneko arotzeria-lanak eta instalazioa-konponketak.
12 artikulua.– Ondasun babestua berreraikitzeko edo berreskuratzeko esku-hartzeak.
Ondasun babestua narriatzen edo hondatzen bada, honako operazio edo berrezarpen-eragiketa hauek egin; betiere, aurreko artikuluan araututakoa beteta:
1.– Egiturak edo fatxadaren osaerak bukatu gabe dituen zatien leheneratze jakinak, eraikuntza osatzera bideratuta daudenak, betiere dokumentu bidez egiaztatutako zatiak badira, eta analogia formal baten bidez egiten bada, hala balegokio, jatorrizkoaren ezaugarri, kalitate eta kolore berdinak dituen harrizko materiala erabiliz.
2.– Zatitu edo galdu diren estaltzeko elementuen apainketa-birmoldatzea, galdutako zatiak berriz jarriz, lehen begiratuan bereiz daitezkeen teknikak erabiliz edo jatorrizko zatiekin maila ezberdinean loturiko inguru neutroekin, edo jatorrizko euskarria bistan utziz. Benetakotasun-printzipioa mantentzeko xedeaz, desagertutako eremu figuratiboak ez dira ex novo leheneratu beharko, ez eta babestutako eraikinaren dekorazioan erabakigarriak diren elementu berriak txertatu ere.