EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2016167

AGINDUA, 2016ko uztailaren 8koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena. Horren bidez, hiri-ingurunean zein eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duten hobekuntza-obrak egiteko eta irisgarritasun-planak egin eta eguneratzeko udalentzako, toki-erakunde txikientzako eta xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuentzako diru-laguntzak arautzen dira, eta horietarako, 2016ko ekitaldirako deialdia egiten da.

Xedapenaren data: 2016-07-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201603781
Maila: Agindua
Irisgarritasuna sustatzen duen abenduaren 4ko 20/1997 Legeak ezarri du, dagoeneko titularitate, erabilera edo zerbitzu publikoetakoak diren hiri-inguruneetako, espazio publikoetako, eraikinetako, garraioetako eta informazio-sistemetako irisgarritasuna bermatzeko eta sustatzeko tresna gisa udalek eta toki erakunde txikiek, beste hainbaten artean, lau urterako programak egin behar dituztela. Programen helburua elementu horiek legean eta bere garapen-arauetan aurreikusitako irisgarritasun-baldintzetara egokitzea da.
Aipatutako legean ere adierazi da Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek irisgarritasuna sustatzeko behar diren sustapen-neurriak hartzea bultzatuko dutela. Diruz laguntzeko moduko programetan, lehentasuneko jardun gisa ezarriko da hiri-inguruneak, espazio publikoak, eraikinak, garraiobideak eta komunikazio-sistemak irisgarritasun-baldintzetara egokitzeko obrak finantzatzea.
20/97 Legean ezarritako helburuetako bat ingurunea antolatzea da, herritar oro berdin eta ahal denik eta independenteen moldatu dadin, pertsonen beharrak instalazioetan integratuta, guzti-guztiek normaltasunez erabil ditzaten, hori baita Europako irisgarritasun-kontzeptuan bildutako diseinu unibertsalaren oinarria.
Hori dela eta, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak beharrezko jotzen du laguntza-lerro bat ezartzea udalentzat, toki erakunde txikientzat eta xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuentzat, lehenago adierazitako programak prestatzea eta eguneratzea sustatzeko.
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea 2016ko deialdia egitea eta erregimena arautzea da, honako helburu hauek dituzten diru-laguntzak emateko: 1) Irisgarritasun-planak egin eta eguneratzea, hiri-inguruneak, espazio publikoak, eraikinak, garraiobideak eta komunikazio-sistemak pixkanaka egokitzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legean eta haren garapen-arauetan aurreikusitako irisgarritasun-baldintzetara; 2) Udalen eta toki erakunde txikien irisgarritasun-planetan jasotako hobekuntza-lanak egitea Euskal Autonomia Erkidegoko hiri-ingurunean eta eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko, eta, xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuen kasuan, hobekuntza-lanak egitea; eta 3) Igogailu eta jasogailuak erosi eta instalatzea Euskal Autonomia Erkidegoko hiri-ingurunean eta eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko, betiere udalen eta toki erakunde txikien irisgarritasun-planetan jasotakoaren arabera.
Irisgarritasun-planez eta horien eguneratzeez gain, honako jarduketa hauek hartuko dira aintzat:
– Eraikinetako irisgarritasuna (horizontala eta bertikala, igogailuak eta plataforma jasotzaileak, ateak, eskudelak, bainugela eta aldagela egokituak):
– Ibiak, arrapala ez-mekanikoak eta eskudelak sortzea.
– Hiri-izaerako igogailuak eta plataforma jasotzaileak.
– Mugikortasun urriko pertsonentzat aparkaleku-plazak erreserbatzea.
– Eraikinetako seinaleak eta ekipamendua egokitzea.
– Kaleak urbanizatzea (plataforma bakarreko kaleak, espaloiak zabaltzea, oinezkoen ibilbideak murrizteko igarobideak, eta zuhaitz-txorkoak ixtea).
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Diru-laguntza hauek jasotzeko aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, toki-erakunde autonomoek, toki-erakunde txikiek eta xede sozial nabaria duten onura publikoko erakunde pribatuek, betiere aurreko artikuluan zehaztutako jarduketak garatzea eta burutzea baldin badute helburu.
Xede sozial nabaria duten onura publikoko erakunde pribatutzat hartuko dira Onura publikoko elkarteei eta beren babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren arabera onura publikoko aitortza duten elkarteak, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan inskribatuta daudenak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta dauden fundazioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
2.– Ezingo dira onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeren batean dauden erakundeak.
3.– Ezingo dira onuradun izan laguntza publikoak jasotzea eragozten dion legezko debekua dutenak, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.
4.– Orobat, agindu honetan araututako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, amaituta egon beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiek, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude, behintzat.
3. artikulua.– Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.
Erakunde onuradun bakoitzak eskabide bat aurkeztu behar du jardun bakoitzeko.
Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Etxebizitza Zuzendaritzara bidali beharko dira eskaerak (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Sail horren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarri diren bideetarik edozein erabili ahal izango da eskaerak aurkezteko. Eskabide-eredua agindu honen eranskinean ageri da, bai eta jardunaren datuak emateko eredua ere.
Eskaerak aurkezteko, halaber, bitarteko elektronikoak erabili ahal izango dira, euskadi.net-en egoitza elektroniko honetan: (https://www.euskadi.net/2016/irisgarritasuna/y22-izapide/eu).
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.
Eskaeraren ondorengo izapideak, bide elektroniko bidez egin nahi badira, euskadi.net/Nire kudeaketak atalaren bidez egingo dira.
4. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Agindu honen arabera emandako diru-laguntzen kudeaketa-lanak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Etxebizitza Zuzendaritzak egin behar ditu.
5. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Aurkeztutako eskaeran akatsen edo hutsegiteren bat dagoela atzematen badu Etxebizitza Zuzendaritzak, eskatzaileari jakinaraziko dio eta hamar eguneko epea emango dio arazoa konpontzeko; hala egin ezean, eta 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoaren araberako ebazpena eman ondoren, bere eskaeran atzera egin duela joko da. (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
6. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta egiaztatzeko, honako pertsona hauek osatuko duten balorazio-epaimahai bat eratuko da:
– Etxebizitzako zuzendaria (edo Etxebizitzako sailburuordeak izendatutako ordezkoa); batzordeburu jardungo du.
– Proiektu, Obra eta Gainbegiratze Zerbitzuko burua (edo Etxebizitzako sailburuordeak izendatutako ordezkoa).
– Horretarako izendatutako Etxebizitza Zuzendaritzako teknikaria (edo hura ordezten duen pertsona, Etxebizitzako sailburuordeak izendatua); idazkari jardungo du.
2.– Epaimahaiak dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Etxebizitzako sailburuordeari, agindu honen 19.2 artikuluaren arabera eskaera bakoitza aztertu eta egiaztatu ondoren.
7. artikulua.– Eskatutako irisgarritasun-aurrekontua.
1.– Eskatutako irisgarritasun-aurrekontutzat hartuko da egokitzapen ekipamendurako aurkeztutako plan-, obra- eta instalazio-aurrekontua, zergak eta tasak alde batera utzita, bider jardunaren arabera aplikagarri den irisgarritasun-koefizientea.
2.– Jardunaren arabera aplikagarri diren gehieneko koefizienteak:
– Irisgarritasun-plana: Koef. = 1.
– Eraikinetako irisgarritasuna (horizontala eta bertikala, igogailuak eta plataforma jasotzaileak, ateak, eskudelak, bainugela eta aldagela egokituak): Koef. = 1.
– Ibiak, arrapala ez-mekanikoak eta eskudelak sortzea: Koef. = 1.
– Hiri-izaerako igogailuak eta plataforma jasotzaileak: Koef. = 0,7.
– Mugikortasun urriko pertsonentzat aparkaleku-plazak erreserbatzea. Koef. = 0,5.
– Eraikinetako seinaleak eta ekipamendua egokitzea. Koef. = 0,5.
– Kaleak urbanizatzea (plataforma bakarreko kaleak, espaloiak zabaltzea, oinezkoen ibilbideak murrizteko igarobideak, eta zuhaitz-txorkoak ixtea): Koef. = 0.4.
3.– Agindu honen babesean emango diren laguntzak kalkulatzeko, eskatu den gehienezko irisgarritasun-aurrekontuaren gehienezko zenbatekoa –erakunde batek eskatutako irisgarritasun-aurrekontuen batuketaren emaitzatik ateratzen dena– 300.000 eurokoa izango da.
8. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen gehieneko irisgarritasun-aurrekontua.
Diruz lagundu daitekeen irisgarritasun-aurrekontua, gehienez, eskatutako irisgarritasun-aurrekontuaren % 50 izango da. Irisgarritasun-planen edo haien eguneratzeen kasuan, berriz, % 75 izango da. Halaber, degradatutako eremu deklaratuetan edo birgaitze integratukoetan kokatzen diren lanek, eskatutako irisgarritasun-aurrekontuaren % 60ko diru-laguntza jaso ahal izango dute gehienez.
9. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Laguntza hauen emakida bateragarria izango da helburu berbera duten fondo publikoen edo pribatuen kargura jaso daitekeen beste edozein laguntzarekin. Hala ere, helburu berbererako jasotako laguntzen zenbateko osoa eta deialdi honetan emandako diru-laguntzaren kopurua batuta, azken kostu osoa baino handiagoa bada, gehiegizko kopuru hori kenduko zaio deialdi honen bidez emandako laguntzari.
Diru-laguntza hauek ez dira bateragarriak izango Etxebizitza Sailburuordetzak jardun bererako emandako beste laguntza batzuekin.
10. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Deialdi honetara aurkezten diren eskabideak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Etxebizitzako sailburuordeari dagokio, betiere balorazio-epaimahaiaren proposamenez. Ebazpena hartzeko epea gehienez sei hilabetekoa izango da, agindua indarrean jartzen denetik hasita.
2.– Ebazpenean laguntza eman den edo ez zehaztuko da, hala gertatzen den kasuan, eta eman denean, zein erakundek jaso duen, zein den laguntza jaso duen proiektua eta zenbateko laguntza jaso duen zehaztuko dira. Eskabide ukatuen kasuan, ukatze horren zergatiak ere adierazi beharko dira.
3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gorako errekurtsoa jarri diezaiokete interesdunek Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpenaren egunaren biharamunetik hasita, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde onuradunei. Dena den, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, eman zaien diru-laguntza eta diruz lagundutako inbertsio-proiektua adierazita.
5.– Ebazpena erakunde interesdunei jakinarazteko epea inolako jakinarazpenik egin gabe bukatu bada, laguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak eta diru-laguntzak emateko bestelako baldintzak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako baldintzak bete beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluaren arabera:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, diru-laguntza onartu dutela ulertuko da.
b) Diru-laguntza bere xede zehatzerako erabiltzea, hau da, irisgarritasun-programa idazteko eta irisgarritasunaren hobekuntza-obrak egiteko.
c) Organo emaileak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin beharreko egiaztatze-jarduketen eraginpean jartzea, baita eskumeneko kontrol-organoek –nazionalak edo erkidegokoak– egin dezaketen bestelako egiaztapen- eta kontrol-jardun finantzarioaren azpian ere, aurreko jardun horietarako eskatzen den informazio guztia emanez.
d) Organo emaileari jakinaraztea diruz lagundutako jarduera finantzatzeko bestelako diru-laguntzak, laguntzak, sarrerak edo baliabideak eskuratu izana. Jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, betiere, jasotako funtsen erabilpena justifikatu baino lehen.
e) Diru-laguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik egiaztatzea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak bete dituela.
f) Diru-laguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik egiaztatzea egunean dituela diru-laguntzak itzultzeko betekizunen ordainketak.
g) Jasotako diru-laguntzen publizitatea egitea, aipatu 38/2003 Legearen 18. artikuluari jarraituz. Publizitatea egiteko, onuradunak jasotako diru-laguntzaren berri eman beharko du bere web orrian; horrez gain, diru-laguntza ematean beste publizitate motaren bat zehaztu ahalko da, jarduketaren izaera eta ezaugarrien arabera.
h) Erakunde onuraduna udal, toki-erakunde autonomo edo toki-erakunde txiki bat bada, dagokion udalak kasuan kasuko udalerriko irisgarritasun-arloko salbuespenen zerrenda egina izan beharko du, betiere apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren 5. eranskineko 3. artikuluaren 3.3 paragrafoan ezarritakoari jarraituz.
i) Erakunde onuraduna udal, toki-erakunde autonomo edo toki-erakunde txiki bat bada, dagokion udala Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikinen Ikuskapen Teknikoen erregistroan alta emanda egon beharko da.
12.– Artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.
Baldin eta aldatzen badira diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste diru-laguntza batzuk edo bestelako laguntza batzuk jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, emate-ebazpena aldatu ahal izango da; betiere, diru-laguntzen onuradun izateko arauetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira, ez badio oinarrizko alderdiei edo laguntza emateko erabakigarriak diren alderdiei edo onuradun nor izango den erabakiari eragiten edo hirugarrenen eskubideei kalterik egiten.
13. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.
Inbertsioaren behin betiko benetako kostua diru-laguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino gutxiago bada, diru-laguntzaren zenbatekoa bidezko proportzioan murriztuko da, eta gero diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.
14. artikulua.– Proiektuak aldatzea.
1.– Hasiera batean aurreikusi eta ebazpen bidez onetsi ziren gastu edo jardueratan aldaketarik egin nahi izanez gero, dena delako jarduera gauzatu aurretik eskatu beharko da aldaketa, eta Etxebizitzako sailburuordeari egokituko zaio eskaria berariaz onartu edo atzera botatzea.
2.– Aldaketak ezingo du inola ere jardueraren izaera aldatu.
3.– Salbuespenez, Etxebizitzako sailburuordeak onar dezake diruz lagundutako jarduna egiteko eta amaitzeko epea zabaltzea, baldin eta tartean erakunde onuradunaren borondatezkoak ez diren eta behar bezala justifikatuta dauden arrazoiak badira, eta ezarritako exekuzio-epea amaitu baino lehen idatziz eskatu bada. Nolanahi ere, zabaltze hori ezin izango da izan hasiera batean erabakitako epea baino handiagoa.
4.– Diru-laguntzaren erakunde onuradunak justifikazioan adierazten badu diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu direla eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.12 artikuluak xedatzen duenaren indarrez, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den baimen-tramitea ez denez egin, diru-laguntza eman duen organoaren esku geratuko da aurkeztutako justifikazioa ontzat ematea, betiere hori eginda beste inoren eskubideei kalte egiten ez bazaie.
5.– Diru-laguntza eman duen organoak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez dakar berekin onuraduna bidezko zehapenetatik salbuetsita geratzea.
15. artikulua.– Betebeharrak ez betetzea eta itzultzeko prozedura.
1.– Erakunde onuradunak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren diru-laguntza eskatu eta eman zen xederako erabiltzen ez badu, diru-laguntzaren oinarria den ekintza egiten ez badu, diru-laguntza eskatuta lortu nahi ziren helburu zehatzetara aplikatu izana justifikatzen ez badu, edo justifikazioa ez bada nahikoa, edo, oro har, betetzen ez baditu Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, agindu honetan edo emate-ebazpenean ezarritako betebeharrak, emandako eta jasotako diru-kopurua itzuli beharko du legezko interes aplikagarriekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.
2.– Onuradunak ia guztiz betetzen baditu bere betebeharrak, eta, ekintzaz, argi eta garbi erakusten badu hartutako konpromisoak betetzeko borondatea, itzuli beharreko kopurua Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 17.3.n) artikuluan zehazten diren irizpideen arabera ezarriko da, edo, hala badagokio, diru-laguntzak arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritakoaren arabera.
3.– Era berean, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 19.3 artikuluan jasotako kasuan bidezkoa izango da diruz lagundutako jarduera-kostuaren gainetik lortutako gaindikina itzularaztea eta dagokion berandutze-interesa exijitzea.
16. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.
Adierazitako diru-laguntzetarako, 3.000.000 euro esleituta daude guztira. Horietatik, 150.000 euro 2016. urtekoak dira; 1.850.000 euro, 2017. urtekoak; eta 1.000.000 euro 2018koak.
17. artikulua.– Diru-laguntzak jaso ditzaketen jardunak eta inbertsioak.
1.– Diruz lagunduko dira entitate onuradunek, behar diren kontratuen bidez, irisgarritasun-plan berriak prestatzeko eta idazteko egindako lanak edo haiek eguneratzeko egindakoak (lehenengo artikuluan daude aipatuta). Era berean, idatzitako irisgarritasun-planetan jasotako obrak betearazteari eta egokitzapen-ekipamendua erosi eta instalatzeari buruzko jardunak diruz laguntzeko modukotzat joko dira, lehenengo artikuluan adierazitako helburua badute.
Kasu guztietan, diru-laguntza jaso dezaketen jardunak 2016ko urtarriletik aurrera hasi beharko dira, eta 2017ko azaroaren 15era arteko gehieneko epea dago jarduketak gauzatzeko, planen kasuan, eta 2018ko urriaren 31 artekoa obren kasuan.
Jardunak bukatzeko epean atzerapenik izanez gero, epea zabaltzeko eskatu beharko da inbertsioak gauzatzeko gehieneko epea amaitu baino lehen. Eskaeran, gainera, atzerapena eragin duten arrazoiak justifikatu beharko dira, eta litekeena da aldaketa horrek diru-laguntza ematea onartu zuen ebazpenaren aldaketa eragitea.
2.– Diru-laguntzaren xede diren irisgarritasun-planekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, gutxienez:
a) Egokitu beharreko komunikazioaren, garraioaren, eraikinaren eta kanpoko espazioen inbentarioa.
b) Jardunen lehentasun-ordena.
c) Programa ekonomikoa eta finantzarioa, egokitzapenak egitera zuzendutako aurreikuspen ekonomikoak zehaztuta.
d) Egokitzapenak egiteko egutegia.
18. artikulua.– Dokumentazioa.
1.– Eskaera kasuan kasuko udaleko alkateak izenpetu beharko du, edo, bestela, erakundearen legezko ordezkariak, betiere agindu honen eranskinean ageri den eskabide-ereduari jarraituz.
Jardun bakoitza eskaera baten bidez aurkeztu beharko da, modu indibidualean.
2.– Diru-laguntzaren eskaera aurkezteaz batera, eskatzaileek baimena ematen diote organo emaileari zuzenean egiaztatu dezan, ziurtagiri telematikoen bidez, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ordainduta dituztela. Hartara, eskatzaileek ez dute ziurtagiririk aurkeztu beharrik izango.
Nolanahi ere, eskatzaileek berariaz ukatu dezakete baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte aurreko paragrafoetan ezarritako eran.
3.– Eskaerarekin batera, eta horrela dagokionean, honako dokumentazio hau aurkeztuko da:
– Udal bakoitzak udal-zerbitzuen txosten bat aurkeztuko du, irisgarritasun-arloan deialdi honen aurreko urtean onartutako salbuespenei buruzkoa, justifikazioarekin batera, betiere 68/2000 Dekretuaren V. eranskineko 3. artikuluaren 3.3 paragrafoan xedatutakoa betetzen dela egiaztatzeko.
– Diru-laguntzak itzultzeko betekizunen ordainketak egunean izateari buruzko erantzukizunpeko aitorpena.
3.1.– Irisgarritasun-planetarako:
a) Plana, edo horren eguneratzea, egiteko eta idazteko gastu-aurrekontua.
3.2.– Hiri-ingurunean eta erakinetan irisgarritasuna bermatzeko hobekuntza-obretarako eta egokitzapen-ekipamendua eskuratu eta instalatzeko obretarako –betiere jadanik idatzitako irisgarritasun-planetan bilduta badaude–:
a) Diru-laguntzaren bidez finantzatu nahi diren jardunek eta/edo inbertsioek eragindako gastuen aurrekontu banakatua. Justifikatu beharko da, halaber, nola aplikatu diren irisgarritasun-aurrekontua kalkulatzeko koefizienteak.
b) Egin beharreko jardunen deskribapen xehatua, 1/1000 gutxieneko eskalan egin beharreko jardunaren hiri-ingurunearen egoera-planoa, 1/1000 gutxieneko eskalan egin beharreko planta, aurretiko bista eta sekzioen plano deskribatzaileak eta jardun-arloaren egungo egoeraren argazki deskribatzaileak. Energia aurrezteko eta ingurumena babesteko konponbide berritzaileen zehaztapena, halakorik izanez gero.
c) Teknikari eskudunak emandako ziurtagiria, non zehazten baita aurreikusiriko jardunak egokitzen direla irisgarritasunaren sustapenaren arloan indarrean dagoen araudiak eskaturiko eskakizun eta irizpideetara.
d) Erakunde pribatuen kasuan izan ezik, onartu den irisgarritasun-planeko zatiaren fotokopia, non jasoko baita diru-laguntza eskatzeko oinarri den obra eta irisgarritasun-planaren kopia bat, formatu digitalean, baldin eta aurreko deialdietan ez bada aurkeztu.
e) Argazki-dokumentazioa, paperean eta formatu digitalean (jpg formatuan), egin beharreko obrari buruzkoa eta diruz lagunduko den jardunaren xede den inguruneari buruzkoa.
f) Horrela dagokionean, eremu degradatuaren deklarazioa, edo birgaikuntza integraleko eremuarena.
g) Xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuen kasuan, lehenago aipatutako dokumentazioaz gain, honako hauek aurkeztu beharko dira:
– Elkarteen kasuan, onura publikoko aitortzari buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko dute, Onura publikoko elkarteei eta beren babeslaritzari buruzko erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan inskribatuta daudela dioen ziurtagiria; fundazioen kasuan, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta daudela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Elkarteek nahiz fundazioek justifikatu beharko dute zein den euren xede soziala.
– Erakundeari bere xedeak garatze aldera eraikina erabiltzeko ahalmena ematen dion tituluaren fotokopia.
h) eraikinen kasuan, diru-laguntza publikoak jaso ahal izateko honako arau hauek bete behar dira: Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen ikuskapen teknikoa arautzen duen dekretua aldatu zuen maiatzaren 20ko 80/2014 Dekretua eta haren laugarren xedapen gehigarria, EIT Eraikinaren Ikuskapen Teknikoa egiteko derrigortasunari buruzkoa. Egituraren eta eraikuntzaren aldetik egokituta ez dauden eraikinek ezin izango dute diru-laguntza jaso, EITn eskatzen edo gomendatzen diren baldintza horiek lortzeko obrak jarduketaren barruan sartzen ez badituzte.
19. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura eta irizpideak.
1.– Oro har, agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten proiektu guztiak diruz laguntzeko modukotzat joko dira.
2.– Epaimahaiak aztertu egingo ditu aurkeztu diren eskaerak, jardunak agindu honetako 1. artikuluan finkaturiko xedera egokitzen diren ala ez zehazteko, eta aginduaren 7.2 artikuluan bildutako koefizienteak zuzen aplikatu diren egiaztatzeko.
20. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
Kasu bakoitzean eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa honela zehaztuko da: eskatutako irisgarritasun-aurrekontua, 7. artikuluan ezarritakoa aplikatuz kalkulatua, bider 0,75 planen kasuan, eta bider 0,5 obren kasuan.
Salbuespen gisa, degradatutako eremu deklaratuetan edo birgaitze integratukoetan kokatzen diren lanen kasuan eman beharreko diru-laguntzaren kopuru indibiduala zehazteko, eskatutako irisgarritasun-aurrekontua, 7. artikuluan ezarritakoa aplikatuz kalkulatua, bider 0,6 egingo da.
Horrela kalkulatutako zenbatekoen batuketa agindu honetan emandako aurrekontu-zuzkidura baino handiagoa bada, laguntzak honako lehentasun-hurrenkeraren arabera emango dira:
1.– Irisgarritasun-planei buruzko eskabideei emango zaie laguntza lehenengo. Dagoen zuzkiduraren zenbatekoa nahikoa ez bada aurkeztu diren irisgarritasun-planei buruzko eskabide guztiei erantzuteko, zuzkidura proportzionalki hainbanatuko da eskabideen artean.
2.– Irisgarritasun-planetarako diru-laguntzak deskontatu ondoren, aurrekontuko zuzkiduraren gainerako zenbatekoa obretarako banatuko da, modu honetan eta multzo hauen arabera:
a) % 35, igogailuak eta hiri-izaerako plataforma jasotzaileak jartzeko.
b) % 30 eraikinen irisgarritasunerako aurreikusitako jarduketetarako.
c) % 20, arrapala ez-mekanikoetarako eta pasabideak eta eskudelak sortzeko, lehentasun-hurrenkera horrekin.
d) % 15, mugigarritasuna murriztuta duten pertsonentzako aparkaleku-erreserbarako, kaleak urbanizatzeko (espaloiak zabaltzea, oinezkoen ibilbideak laburtzen dituzten oinezkoen pasaguneak, kaleetako plataforma bakarra, zuhaitz-txorkoak ixtea) eta eraikinetako seinaleak eta ekipamendua egokitzeko. Egindako zerrendako lehentasun-hurrenkerari jarraituz.
Dagoen zuzkiduraren zenbatekoa nahikoa ez bada adierazitako ataletako batean aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko, lehentasun-hurrenkera honi jarraituko zaio: birgaikuntza integratuko eremuetan edo eremu degradatuetan dauden jarduketei esleituko zaie lehenengo, eta energia eta ingurumenaren iraunkortasunaren alorrean irtenbide berritzaileak dituztenei bigarren, betiere udalerrian dagoen langabezia-ehunekoaren arabera ordenatuta, handienetik txikienera.
Udalerriko langabezia-ehunekoa LANBIDEk (Euskal Enplegu Zerbitzuak) udalerrika sexuaren eta adin-taldearen araberako langabeziari buruz eskabideak aurkezteko epea amaitzen den datarako argitara emandakoa izango da.
Eskabideen zenbatekoak nahikoak ez badira hobekuntzako obra-multzo bakoitzerako adierazitako ehunekoa osatzeko, soberako zenbatekoa beste multzo bati gehituko zaio, emandako sailkapen-hurrenkeraren arabera, 2a multzotik hasi eta 2d multzoan amaituta.
21. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
Kasuan-kasuan emandako diru-laguntza bi zatitan ordainduko da honako prozedura honi jarraikiz:
1.– Irisgarritasun-planen, irisgarritasuna hobetzeko obren eta ekipamenduaren erosketaren eta instalazioaren kasuan, emandako laguntzaren zenbatekoaren % 5 aurreratutako ordainketa gisa pagatuko da, betiere diru-laguntzari berariaz uko egiten ez bazaio 11. artikuluko a) idatzi-zatian aipatzen den moduan, idatzi-zati horretan bertan zehazten den 15 eguneko epea igaro ondoren, eta aurretik erakunde onuradunak aurkeztu baditu gastua egiteko baimena justifikatzen duten agiriak. Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren arabera ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezartzen duen bermeen erregimenarekin bat etorriz bermatuko da kopuru hori.
2.– Irisgarritasun-planen kasuan, diru-laguntzaren gainerako zatia 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, betiere lanak amaitu, eta honako dokumentazio hau Etxebizitza Zuzendaritzan aurkeztu ondoren:
a) Fakturen kopiak, administrazioak edo notario batek konpultsatuak, eta formalizatutako kontratuari dagozkion egiaztagiriak.
b) Idatzitako planaren ale bat, formatu digitalean.
c) Erakunde onuradunaren ziurtagiria, non egiaztatuko baita, batetik, emandako diru-laguntzaren helburua eta xedea bete direla, eta, bestetik, zein kopuru erabili diren horretarako.
d) Helburu berbererako emandako bestelako diru-laguntzei buruz erakunde onuradunak egindako justifikazio-ziurtagiria.
Diru-laguntza osoa ordaintzeko eskatutako dokumentuak aurkezteko azken eguna 2017ko abenduaren 5a izango da.
3.– Gainerakoa, hobekuntza-obren eta egokitzapen-ekipamenduaren erosketaren eta instalazioaren kasuan, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, dagozkion egiaztagiriak aurkeztutakoan. Aurrekontu osoaren % 10 ordaindu gabe gordeko da, obra amaitu arte. Lanak amaitu ondoren, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da Etxebizitza Zuzendaritzan:
a) Egindako jardunen egiaztagirien eta fakturen kopiak, administrazioak edo notario batek konpultsatuak.
b) Argazki-dokumentazioa, paperean eta formatu digitalean (jpg formatuan), egindako obrari buruzkoa eta diruz lagundutako jardunaren xede den inguruneari buruzkoa.
c) Irisgarritasun-obren eta egokitzeko ekipamenduaren erosketaren eta instalazioaren jarraipen-fitxa (eranskin gisa ageri da eredua), behar bezala beteta obren amaierako datuekin.
d) Teknikari eskudun batek egindako ziurtagiria, non egiaztatzen den obra nahiz egokitzeko ekipamenduaren eskuratze eta instalazioa bat datozela Irisgarritasunari buruzko 20/1997 Legearekin, apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuarekin, eta Eraikingintzaren Kode Teknikoarekin: DB-SUA.
e) Helburu berbererako emandako beste diru-laguntza batzuei buruzko justifikazio-ziurtagiria.
Diruz laguntzeko moduko obra beste obra handiago baten zati izanez gero, nahikoa izango da diruz laguntzeko moduko obrari dagokion amaierako ziurtagiri partzialarekin.
Udalaren berezko langileek egindako obrak baldin badira, egindako obraren ziurtagiria ere aurkeztu beharko da, udal teknikari eskudunak izenpetuta.
Erakunde onuradunaren obra sozietate baten edo foru- nahiz udal-erakunde baten bitartez gauzatzen bada, sozietate edo erakunde hori onartu egingo da titularraren ordezkari gisa, gastua justifikatzeko ziurtagirian edo fakturazioan.
Azken likidazioa egiteko eskatutako dokumentu guztiak aurkezteko azken eguna 2018ko azaroaren 30a izango da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 8a.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.
ESKABIDEA IRISGARRITASUNA BERMATZEKO DIRU-LAGUNTZAK
DIRUZ LAGUNDU DEN IRISGARRITASUN JARDUERAREN FITXA
DIRUZ LAGUNTZEA ESKATU DEN JARDUERAREN DATUAK