EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2016165

EBAZPENA, 2016ko martxoaren 8koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez Arcelormittal Gipuzkoa SLU (Olaberriako fabrika) enpresari emandako ingurumen-baimen integratua aldatzen eta berrikusten den. Beroan ijeztutako altzairuzko profilak fabrikatzeko jarduera Olaberriako udalerrian (Gipuzkoa) egiteko zen baimen hori.

Xedapenaren data: 2016-03-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201603756
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2009/09/07an argitaratutako 2008/04/25eko EBAZPENA [200904862]
  • Ikus 2015/12/14an argitaratutako 2015/11/27ko EBAZPENA [201505251]

Orduko Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren bidez, ingurumen-baimen integratua eman zitzaion Arcelormittal Olaberria SLri beroan ijeztutako altzairuzko profilak fabrikatzeko jarduera Olaberriako udalerrian (Gipuzkoa) egiteko.
2008ko ekainaren 16an, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Arcelormittal Olaberria SLk 2008ko apirilaren 25eko ebazpen horren aurka.
2009ko martxoaren 9an, Arcelormittal Olaberria SLk 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duen agindua eman zuen ingurumen-organoak. Agindu horretan, partzialki onartzen da gora jotzeko errekurtsoa, eta aldatu egiten da Ebazpenaren bigarren atala (B.1.3.1., B.1.3.2., C.3. eta D.3. azpiatalak).
2009ko urriaren 14an, ingurumen-organoak Ingurumen Sailburuordetzaren ebazpena eman zuen, zeinaren bidez aldatu egin zuen Arcelormittal Olaberria SLri beroan ijeztutako altzairuzko profilak fabrikatzeko jarduera Olaberriako udalerrian (Gipuzkoa) egiteko emandako ingurumen-baimen integratua. Era horretan, aldatu egin zituen ebazpen horren bigarren atalaren B.1.2., C.2. eta D.3. azpiatalak zein laugarren eta bosgarren atalak.
Ingurumen Sailburuordetzaren 2015eko ekainaren 29ko Ebazpenaren bidez Arcelormittal Gipuzkoa SLU (Olaberriako fabrika) enpresari emandako ingurumen-baimen integratua aldatzen eta eraginkor egiten da. Beroan ijeztutako altzairuzko profilak fabrikatzeko jarduera Olaberriako udalerrian (Gipuzkoa) egiteko zen baimen hori, eta 16-I-01-0000000000024 baimen-zenbakia eman zaio.
2012ko martxoaren 8an, Batzordearen 2012ko otsailaren 28ko Erabakia argitaratu zen; hots, siderurgia-produkzioko teknologia erabilgarri onenak ezartzen dituena.
2013ko urriaren 19an, 815/2013 Errege Dekretua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean (815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartzen duena eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena).
Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan, ingurumen-baimen integratua berrikusteko prozedura ezartzen da teknologia erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen diren kasurako.
2015eko martxoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plana onartu zen.
2015eko ekainaren 25ean, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea onartu zen.
2015eko azaroaren 9an, ingurumen-organoak Arcelormittal Gipuzkoa SLU (Olaberriako fabrika) enpresari eskatu zion hauek bidaltzeko, baimenaren berrikuspena egin zezan: instalazioaren funtzionamenduaren eta ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko konparazioa, lurzoruei buruzko informazio eguneratua eta oinarrizko txostena egiteko aurreikuspena.
2015eko azaroaren 27an, Arcelormittal Gipuzkoa SLU (Olaberriako fabrika) enpresak ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatu zizkioten agiriak aurkeztu zituen.
Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen ebazpenaren bidez Arcelormittal Gipuzkoa SLU (Olaberriako fabrika) enpresaren ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena jendaurrean jartzea erabaki zen, 30 egun balioduneko epean, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zein Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2015eko abenduaren 14an.
Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Beasaingo, Idiazabalgo eta Olaberriako udalei eta Osasun Sailari 2016ko urtarrilaren 28an.
2016ko otsailaren 15ean, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak txostena egin zuen, eta espedientean jaso da txosten horren emaitza.
Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspenari dagokionez jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dagoela egiaztatu da.
Siderurgia-produkzioko teknologia erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezartzen dituen dokumentuak altzairugintzaren sektoreko arku elektrikoko labeetarako emisioen muga-balioak ezartzen dituenez, ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena egin behar da, baimena ondorio horietara egokitzeko.
Ingurumen-baimen integratuaren izapidetzeko aldian beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu dutenez, 2009ko ekainaren 29ko Ebazpenaren bigarren atalaren B.2. eta C.1. azpiatalak aldatu behar dira, aipatutako ondorioetara egokitzeko.
Arcelormittal Gipuzkoa SLU (Olaberriako fabrika) enpresaren jardueraren ondorioz garrantzizko substantzia arriskutsuen emisioa gertatzen da; beraz, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzea eragin daitekeela kontuan hartuta, sei hileko epean, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko txosten bat egiteko eskatzea dagokio, jarduera behin betiko amaitzen denean konparazio kuantitatiboa egin ahal izateko.
Kontuan hartuta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak ingurumen-baimen integratua aldatzeari buruz 25. artikuluan dioena eta 2015eko ekainaren 29ko Ebazpenak B.5. atalean ezarritakoa, baimen hori egokitu egin behar da, lurzoruaren babesari buruzko atalaren testua eguneratzeko.
Arcelormittal Gipuzkoa SLU (Olaberriako fabrika) enpresari emandako ingurumen-baimen integratua aldatu beharra dago, bertan adierazitako aldaketak gehitzeko.
Ingurumen-organo honek ebazpen hau emateko eskumena du, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz.
Arau hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteari buruzkoa; 16/2002 Legea, uztailaren 1ekoa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoa; 5/2013 Legea, ekainaren 11koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea aldatzen dituena; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartzen duena eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 196/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; eta aplikazio orokorreko gainerako arauak.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Arcelormittal Gipuzkoa SLU (Olaberriako fabrika) enpresari emandako ingurumen-baimen integratua aldatzea eta berrikustea, baimenaren baldintzak Batzordearen 2012ko otsailaren 28ko Erabakiari –siderurgiaren fabrikaziorako teknologia erabilgarri onenak ezartzen dituenari– egokituz, zehazki, 2015eko ekainaren 29ko Ebazpenaren bigarren ataleko B.2., B.5. eta C.1. azpiatalei dagokienez; honela idatzita geratuko dira:
«B.2.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.
B.2.1.– Baldintza orokorrak.
Arcelormittal Gipuzkoa SLU (Olaberriako fabrika) enpresaren instalazioa ustiatzean atmosferara egingo diren emisioek ez dituzte ebazpen honetan ezarritako balioak gaindituko.
Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsagarri oro bildu eta kanpora bideratuko da ihesbide egokienean zehar, behar denean, gai kutsagarrien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.
Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango isuri ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.
Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko emisioen probabilitatea murrizteko eta haien ondoriozko efluenteek giza osasunerako eta segurtasun publikorako arriskurik ez izateko.
Instalazioaren titularrek 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzekoa).
Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte elementu hauek: atala, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna, eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.
Organo horrek foku berri baterako baimena eman ondoren, fokua abian jarri eta sei hilabete igaro aurretik, ingurumen-kontroleko erakundeak egindako hasierako IKE txostena bidali beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.
B.2.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.
Beroan ijeztutako altzairuzko profilak fabrikatzeko Arcelormittal Gipuzkoa SLU (Olaberriako fabrika) enpresaren instalazioak 100/2011 Errege Dekretuaren katalogoan bildutako 03 03 02 01 eta 04 02 07 01 jarduerei lotutako foku konfinatu hauek ditu (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzekoa eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzekoa):
Baldin eta urte jakin batean foku sistematiko batentzat ez badira funtzionamendu-baldintza horiek betetzen, urte horretan ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere, kontroletik salbuesteko baldintzek beren horretan jarraitu ezean. Inguruabar hori ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da.
B.2.3.– Emisioen muga-balioak.
Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren isurietan, ez dira gaindituko emisioen muga-balio hauek:
Emisioen muga-balioak baldintza hauei dagozkie: 273 K-ko tenperatura eta 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.
● Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da.
● Jarraian neurtutako parametroen neurketei dagokienez (1. eta 2. fokuak) (guztizko partikulak), aurreko emisioen muga-balioak betetzen direla jotzen da baliozkotutako eguneko batez besteko balioek ez badute emisioko muga-balioa gainditzen. Baliozkotutako batez besteko eguneko balioak benetako ustiapen-epean zehaztuko dira (martxan jartzeko eta gelditzeko epeak salbuetsita), neurtutako erdiordutegiko batez besteko balio baliodunak oinarritzat hartuta eta, betiere, ondoren zehaztutako konfiantza-tartearen balioa kendu ostean:
Gehieneko emisio-balioetan zehaztutako % 95eko konfiantza-tartearen balioak ez ditu emisioen muga-balioaren ehuneko hauek gaindituko: guztizko partikulak, % 30.
● Erregistro-denbora ez-baliozkotzat jotzen dira neurketa-ekipoen mantentze-lanak, matxurak edo funtzionamendu okerra.
Emisioen muga-balioren bat betetzen ez dela ikusten bada, beharrezko neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta berehala ingurumen-arloko eskumena duen sailari ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio.
B.2.4.– Gasak hartu eta kanporatzeko sistema.
Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo B.2.2 atalean ezarritako goreneko kotatik behera. Sekzioek eta laginketa-puntuek argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute.
Zehazki, laginak hartzeko aurreikusita dauden zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, Ingurumen Sailburuordetzako jarraibide teknikoak bete beharko dira.
Gas-efluenteak tratatzeko sistemak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien laburtuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.»
«B.5.– Lurzoruari buruzko baldintzak.
Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betez lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostenean jasota dauden gomendioen arabera, Arcelormittal Gipuzkoa SLU (Olaberriako fabrika) enpresak lurzorua babesteko beharrezko neurriak hartu beharko ditu, erabilitako materialen eta identifikatutako arrisku-eremuen arabera.
Bost urtez behin, eguneratu egin beharko da lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiko txostena, instalazio guztiei dagokion kutsadura-arriskuaren ebaluazio bat erantsiz. Txosten hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko da.
Nolanahi ere, ekainaren 25eko 4/2015 Legean adierazitako inguruabarren bat gertatzen denean, sustatzaileak dagokion lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena lortzeko prozedura hasteko eskatu beharko dio ingurumen-organoari.
Produkzio-jarduera duten eta ez duten eremuetan egin beharreko obren ondorioz lur-mugimenduak sustatzen baditu, jardueraren sustatzaileak hondeatu behar dituen materialen (lurrak, obra-hondakinak, etab.) karakterizazioa egin beharko du, jardun kutsatzaileen ondorioz kalterik jaso ote duten egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, haiek kudeatzeko modu egokiena zehaztearren.
Alabaina, obrak aldez aurretik inolako jarduerarik izan ez duten eremuetan egin behar badira, karakterizazioa egin gabe uzteko aukera izango da, betiere, jarduerarik eza behar bezala justifikatzen bada.
Ingurumen-organo honen aurrean justifikatu beharko da induskatutako zati bakoitzerako proposatutako kudeaketa modua egokia dela, organoak onartu aurretik; proposatutako azken xedea (kanpo-kudeaketa edo kokapen berean berrerabiltzea) adierazi beharko da, eta egindako azterketen kopia bat erantsi:
1.– Soberakinak hondakindegian biltegiratuta hustu nahi izanez gero, hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m
2.– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpiko balioa eduki beharko dute material horiek, eta lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, laginketa eta azterketa erakunde egiaztatu batek egin beharko du, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.
3.– Ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelan batean.
4.– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da. Lurzoru naturalaren pareko den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.
Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. zenbakiak ezarritakoaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, betiere, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e letrari jarraikiz.
Sei hilabeteko epean, substantzia kutsatzaile garrantzitsuei dagokienez, lurzoruak eta lurpeko urek duten hasierako egoera zehazten duen oinarrizko txosten bat aurkeztu beharko da, jarduera behin betiko amaitzen denean konparazio kuantitatiboa egin ahal izateko.
Halaber, epe berean, lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatea kontrolatzeko proposamen bat aurkeztu beharko da; proposamen horrek gutxienez hauek bilduko ditu: karakterizazioa egiteko bi zundaketa, erauzitako zutabearen karakterizazioa eta lurpeko uren segimendua egiteko erabiliko diren piezometroak prestatzea. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa, eta instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da. Jakinarazi beharko da instalazioa kokatzen den lurzatiak eraginik baduen Interes Hidrogeologikoko lekuetan, Jabari Publiko Hidraulikoan edo Eremu Babestuen Erregistroko lekuetan.
«C.1.– Isuri atmosferikoak kontrolatzea.
C.1.1.– Kanpo-kontrolak.
a) Arcelormittal Gipuzkoa SLU (Olaberriako fabrika) enpresak isurien kontrola egin beharko du, informazio honi jarraituz:
b) Kontrol horiek II. mailako Administrazioarekiko lankidetza-erakunde batek egin beharko ditu, Ingurumen Sailburuordetzak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa betez, bereziki gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa-kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.
c) Halaber, a) letran azaldutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek funtzionatzen badu urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin, eta emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozein maiztasunarekin, baldin eta emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gora bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, baldin eta kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan justifikatu beharko da.
d) Etengabeko neurketa.
Arcelormittal Gipuzkoa SLU (Olaberriako fabrika) enpresak etengabe neurtu beharko ditu FE 01 - Beasain aldeko altzairugintza eta FE 02 - Idiazabal aldeko altzairugintza fokuetako partikulak.
Ingurumen Sailburuordetzak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak bete beharko ditu neurtzeko sistema jarraituak.
Emisioak etengabe neurtzeko sistema Euskal Autonomia Erkidegoko Airearen Kalitatea Zaindu eta Kontrolatzeko Sarera konektatu beharko da.
Neurtzeko sistema jarraituaren instalazioak, kalibrazioak, kontrolak, mantentze-lanek eta jakinarazpenek, eta ekipamenduen, neurketa-sekzio eta -tokien ezaugarriek ingurumen-arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritako baldintzen araberakoak izan beharko dute.
Instalazioen titularrek izango dute neurtzeko sistema jarraituaren datuak eskuratzeko, tratatzeko eta jakinarazteko ardura, eta neurtzeko kontrol jarraituaren bidez erregistratutako datuak gutxienez 10 urtez gorde beharko dira.
Neurgailu jarraituak dituzten emisio-fokuetan, neurketarako ekipamenduen erabilgarritasuna, hau da, baliozko datuak lortzeko aldien ehunekoa, gutxienez urteko benetako jardunaren % 90ekoa izango da, Ingurumen Sailburuordetzak bestelako baimenik ematen ez badu behintzat.
Elkarren segidako 15 egunetik gora neurtzeko sistema jarraitua konektatu gabe badago edo gaizki badabil, ingurumen-lankidetzako erakundearen bidez etengabe neurtu behar liratekeen parametroen aldizkako autokontrolak egin beharko dira, 15 egunez behin, gorabehera hasten den egunetik hasita, eta neurtzeko sistema jarraituak zuzen jardun arte.
Neurtzeko sistema jarraituaren funtzionamenduari buruzko txosten bat egin eta Ingurumen Sailburuordetzara bidali beharko da urtero, ingurumenaren arloko eskumenak esleitu dituen sailak emandako jarraibide teknikoetan ezarritakoaren arabera.
e) Txostenak.
Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera, Ingurumen Sailaren jarraibide teknikoetan ezarritako txosten guztiak bidali beharko dira.
C.1.2.– Txostenak eta kontrolen erregistroak.
C.1.1. puntuan eskatutako parametro guztien neurketen txostenak bidali beharko dira. Kanpoko kontrolen txostenetan jarraibide teknikoetan ezarritako gutxieneko edukia jaso beharko da. Neurketa berriak egin beharko dira, baldin eta parametroen neurketarik ez badago edo egindako neurketak ebazpen honetan ezarritako kontrol-maiztasunaren aurretik egindakoak badira. Emisio atmosferikoen ondorengo kontrolak egindako azken neurketarekiko adierazitako maiztasunarekin egingo dira.
Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, eta betiere, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuak, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duenak eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituenak, 8. artikuluan ezarritakoari eta abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituenak, III. eranskinean ezarritako edukiari jarraikiz.
Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.»
Bigarrena.– Arcelormittal Gipuzkoa SLU (Olaberriako fabrika) enpresak hiru hilabeteko epea izango du, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita, Ingurumen Sailburuordetzan hauek aurkezteko:
● Baimendutako kudeatzaileari ematen zaizkion sortutako hondakinen behar bezalako identifikazioa eta sailkapena justifikatzea, bereziki hondakin arriskutsua izateari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakinen Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez Europako Parlamentuak eta Kontseiluak hondakinei buruz eman zuten eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituzten 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina ordezten baita. Hori egiaztatu ondoren, baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena eguneratu egingo dira.
Hirugarrena.– Arcelormittal Gipuzkoa SLU (Olaberriako fabrika) enpresak sei hilabeteko epea izango du, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita, Ingurumen Sailburuordetzan hauek aurkezteko:
● Substantzia kutsatzaile garrantzitsuei dagokienez, lurzoruak eta lurpeko urek duten hasierako egoera zehazten duen oinarrizko txosten bat, jarduera behin betiko amaitzen denean konparazio kuantitatiboa egin ahal izateko.
● Lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatea kontrolatzeko proposamen bat, ebazpen honen B.5 letran adierazten den moduan.
Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 30. artikuluan, eta aipatutako uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 31. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.
Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Arcelormittal Gipuzkoa SLU (Olaberriako fabrika) enpresari, Olaberriako, Beasaingo eta Idiazabalgo udalei, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.
Seigarrena.– Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 8a.
Ingurumeneko sailburuordea,
IOSU MADARIAGA GARAMENDI.