EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2016165

AGINDUA, 2016ko uztailaren 28koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei eta toki-izaerako udalaz gaindiko erakundeei beren gazte-ekipamenduen sarea bultzatzeko 2016rako diru-laguntzak emateko modua arautzen duena eta deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2016-07-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201603754
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskadiko Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du gazte-politikaren alorrean. Azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen arteko harremanei buruzkoak, bestalde, gazteen alorreko ekintza zuzenak garatzeko eskumena, besteak beste, esleitu zien Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunei bere 7. artikuluan. Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 10.1.h) artikuluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari egotzi zion Gazteriaren arloa. Apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen zituen eta, horren arabera, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari dagokio gazteriari loturiko arloetako eginkizunetan jardutea.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko gazteria esparruan jarduerak suspertzeko lanetan dihardu beste zenbait erakunderekin batera. Helburu hori lortu nahian, Euskadiko Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei eta toki-izaerako udalaz gaindiko erakundeei beren gazte-ekipamenduen sarea bultzatzeko laguntzak eskaintzeko bideak ezartzen dira agindu honen bitartez.
Autonomia Erkidegoko gazteriaren alorrean eman nahi den bultzada hori gazteria sustatzeko beste neurri baten moduan planteatzen du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, hau da, Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei eta toki-izaerako udalaz gaindiko erakundeei Euskadiko gazte-ekipamenduen sarea handitzeko eta hobetzeko laguntza moduan.
Hori horrela izanik, honako deialdi honen bitartez, bi helburu lortu nahi dira batez ere: alde batetik, diru-laguntzen deialdi guztietan izan behar diren objektibotasun, partaidetza eta publizitate printzipioak bermatzeko oinarri legalak ezartzea eta, bestetik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak diru publikoak era egokian erabiltzen direla jakin ahal izateko bideak finkatzea.
Adierazitako guztia aintzat hartuta, beren gazte-ekipamenduak eraiki edo hobetu nahi dituzten Autonomia Erkidegoko toki-erakundeak eta toki-izaerako udalaz gaindiko erakundeak diru-laguntzez baliatu ahal izateko moduko esparru zabala diseinatu nahi dugu. Muga bakarra, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan arlo honetara zuzendutako diru-kopurua bera izango da.
Hori dena kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Gazte-ekipamenduak eraikitzeko, handitzeko edo hobetzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea eta horietarako deialdia egitea da agindu honen xedea, beti ere ondorengo baldintza eta betebeharrak aintzakotzat izanik.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
Deialdi honen xedea betetzera zuzenduko diren baliabide ekonomikoak xede horretarako aurrekontuetan ezarritako kredituetatik etorriko dira, guztira 290.000 euro alegia.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Euskadiko Autonomia Erkidegoan berezko nortasun juridikoa duten toki-erakundeek eta berezko nortasun juridikoa duten udalaz gaindiko mankomunitate edo erakundeek –indarreko legeriaren arabera udal batek baino gehiagok eratuta egon eta nortasun juridiko berezkoa dutenak– jaso ahal izango dituzte soil-soilik agindu honetan adierazten diren diru-laguntzak. Udalaz gaindiko erakunde horiek, bakoitzaren estatutuetan aurreikusitakoaren arabera, bidezko gaitasuna eta egokitasuna erakutsi behar dute, beren proiektuak behar bezala aurrera eramateko, dagokien jardun-eremuaren baitan.
2.– Agindu-proiektuaren 1. artikuluan jasotako eta, lehen aldiz, gazte-ekipamenduen arloan jarduerak gauzatu nahi dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek bertan esku hartu ahal izango dute, berezkoak eta eskuordetutakoak ez diren eskumenen ariketatik. Horretarako, bikoiztasunik ez dagoela dioten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aldez aurreko txostenak beharko dira, bai eta eskumen berriaren jasangarritasun finantzarioari buruzko foru-aldundiarena ere, Euskadiko Toki Erregimenaren Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 7.4 artikuluan eta Toki Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 16.7 artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Ez dira erakunde onuraduntzat joko udalaz gaindiko erakunde baten zatia izan arren erakunde horren izenean eskatutako proiektuaren antzeko beste bat bere kasa aurkezten duten toki-erakundeak, beren izenean aurkezten duten hori udalaz gaindiko erakundearenean atxikita egon bazitekeen.
4.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigorrik duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigorrik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.
5.– Halaber, ezin izango dute laguntzarik eskuratu Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluaren 2 paragrafoan aurreikusten diren egoeraren baten eraginpean daudenek. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. paragrafotik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzarentzat ezarritako muga izango dute.
4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta jasotzerik ez dutenak.
1.– Diru-laguntza jasotzeko modukoak izango dira berariaz 12 eta 30 urte bitarteko gazteentzako ekipamenduak izango dituzten higiezinak eraiki, eraberritu, egokitu edo handitzeko lanak egiteko profesional gaituek landutako proiektuen erredakzio-laneko gastuak, bai eta lan horiek exekutatzeko gastu edota kostuak ere. Gastu horiek guztiak 2016ko ekitaldikoak izango dira. Bere kasuan, finantzatutako jardueraren gauzapena kontratatzeak diruz lagundutako zenbateko osoa behar izan dezake, betiere, azaroaren 17ko 38/2003 Diru-Laguntzen Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoa errespetatuz eta, bereziki, hirugarrengoekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditu eta aipatutako zenbatekoa 60.000 €tik gorakoa den kasuan, diru-laguntzaren erakunde onuradunak aldez aurreko baimena eskatu beharko idatziz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazte eta Kirol Zuzendaritzari.
2.– Kasu guztietan, erakunde eskatzaileak gutxienez kostu osoaren % 30 finantzatu beharko du. 20.000 biztanle baino gehiagoko entitate eskatzaileen proiektuek gutxienez kostuaren % 30en finantzaketa propioa izan beharko dute, deialdi honen arabera eskatzen den kantitatea kendu ondoren, hau da, ez dira horrelako finantziaziotzat hartuko erakunde eskatzailearekin lotuta ez dauden instituzio publikoek emandako diru-hornidurak, diru-laguntzaren helburua betetzeko asmoz jaso badira.
3.– Ez dira inola ere diruz lagunduko erakunde eskatzailearen pertsonal propioaren gastuak.
4.– Artikulu honen arabera ez laguntzeko moduko gastu edo kostutzat jotzen diren horiek agertzen badira erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, Balorazio Batzordeak ezabatu edo araztu egingo ditu gastu edo kostuok, diru-laguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.
5.– Agindu honen aplikazio-esparrutik kanpo gelditzen dira jarduketa hauek:
a) Izaera edo helburua kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren jarduera-esparruekin zuzeneko zerikusia ez dutenak.
b) Patrimonializatu daitezkeen elementuetan inbertsioak edo gastuak egiteko xedea ez duten jarduerak. Hartara, berariaz, kanpo geratuko da altzarien eta beste edozein hornikuntza-materialen erosketa edo konponketa.
c) Hartzaileak nortzuk diren argi eta garbi identifikaturik ez dutenak.
d) Eskabide batean jarduera bat baino gehiago sartu eta horiek izaera ezberdinetakoak diren kasuetan, ez bada banaka azaltzen jarduera bakoitzari zein helburu, hartzaile eta inbertsioen edo diru-sarreren eta gastuen edo kostuen aurrekontu dagokion.
e) Erakunde eskatzailearen edo Eusko Jaurlaritzaren edo horren menpeko beste edozein erakunderen jabetzakoak ez diren lokalei dagozkien egitasmoak.
f) Dagokion legeria aplikagarria betetzen ez duten lokalak.
g) Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordeak onartutako «Gazte ekipamenduak definitzeko eta sailkatzeko proposamena» dokumentuan jasotako tipologiekin bat ez datozen lokalak: www.gazteaukera.euskadi.eus/gaztebehatokia
5. artikulua.– Proiektuak gauzatzeko epea.
Diruz lagundutako proiektuek 2016ko urtealdian hasi behar dute edota dagoeneko hasiak egon eta 2016ko abenduaren 31an amaituak, beranduenez.
6. artikulua.– Diru-laguntzen izapidetzea.
1.– Entitate interesdunek prozeduraren izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko honako bi bide hauetakoren bat aukeratu ahal izango dute:
– Bide elektronikoa.
– Bide presentziala.
2.– Eskaera-orria eta eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu behar diren azaltzen dituzten argibideak –bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz– euskadi.eus egoitza elektronikoan eskura daitezke. Era berean, paperean ere eskura daitezke Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan.
3.– Eskabidea egitean eta dokumentazioa entregatzean bide bat hautatuz gero –aurrez aurre nahiz elektronikoki–, prozeduraren hurrengo urratsetan ez da zertan bide hori berori erabili, eta edozein unetan alda daiteke batetik bestera.
4.– Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.
5.– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean. Eskaera-orria euskadi.eus guneko honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2016/gazte_ekipamenduak/eu/
Era berean, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez ere aurkeztu ahal izango dira, euskadi.eus-en egoitza elektronikoan, alegia,
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2016/gazte_ekipamenduak/eu/ atarian.
Eskabidearen osteko izapideak elektronikoki burutzeko, https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak helbidea erabili behar da.
6.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dagokion dokumentazioa euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute. Prozeduraren baitan erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1. artikuluek ezarritakoaren arabera.
7. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabidea, 8. artikuluan adierazitako erantzukizunpeko adierazpenak barne, euskadi.eus gune elektronikoan ere eskuragarri dagoen inprimaki normalizatuan behar bezala beteko da.
2.– Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Proiektuaren memoria zehatza, proiektua hasi eta bukatzeko aurreikusitako datak, eta proiektuaren diru-sarrera/inbertsioen eta gastu/kostuen aurrekontu banakatua eta xehatua, euskadi.eus-en egoitza elektronikoan eskura daitekeen inprimaki normalizatuaren arabera. Bertan, honako alderdiak zehaztu beharko dira:
– Proiektua gauzatzeko egutegiari dagokionez, berariaz adieraziko da proiektua hasteko eta bukatzeko aurreikusten diren datak; edozein kasutan ere, beranduenez 2016ko abenduaren 31an izango da bukatzeko epea.
– Proiektuaren memoria zehatzean hautaketa, balorazio eta zenbaketa irizpideak gertatzen diren frogatuko da, agindu honetan xedatutakoa betez, eta gutxienez hurrengoak utziko dira jasota: helburuak, proiektuaren hartzaile izango direnen adin-tarteak, beste herri-administrazio batzuekin koordinatuta jarduteko baliabideak, proiektuak zenbateraino bultzatzen duen gazteria arloa, erakunde eskatzaileak hurrengo ekitaldietan laguntza eskatzeko xede diren jarduerekin eta epe luzera izango dituen baliabideekin jarraitzeko hartu duen konpromisoa, lurralde eremua eta eragin-eremua mugakide diren alde edo eremuetako taldeetan, eta genero ikuspegiaren integrazioa.
– Proiektuaren diru-sarrera/inbertsioen eta gastu/kostuen aurrekontu banakatua eta xehatua orekatua izan behar da, hau da, diru-sarreren edo inbertsioaren zenbateko osoa (deialdi honetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari eskatu zaion zenbatekoa barne, baita, hala dagokionean, helburu eta urte berbererako edozein erakunde publikok zein pribatuk emandako edozein diru-laguntza ere) gastu edo kostu osoaren zenbateko bera izan behar da. Horrela ez bada, Agindu honetan laguntzak banatzeko sistema jasotzen duen 10 artikuluan ezarritakoa beteko da.
– Udalaz gaindiko erakundeek, aurreko idatzi-zatietan azaldutakoaz gainera, sorrera arauak edo, hala dagokionean, erregistro publiko egokietan inskribatu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
b) Lanak gauzatzeko proiektuan, gutxienez honako hauek sartuko dira: memoria, kokapen eta espazioen banaketari buruzko planoak eta ekipamenduaren ezaugarrien eta egingo diren lanen deskribapen zehatza, edo, lanak txikiak izanez gero, burutuko diren lanen xehetasun teknikoen ale bat.
c) Erakundearen idazkariak egindako ziurtagiria; bertan diru-laguntza eskatzeko xede izan den jarduna egiteko baimena onartzeko akordioa bilduko da edota ordezkariak behar adinako ahalmena duela erabaki hori hartzeko erakundearen izenean.
d) Lokalaren jabetzaren ziurtagiria.
e) Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartelaren fotokopia.
f) Entitatearen ordezkariak, bide presentziala erabilita, ez badu bere oniritzia ematen Barne Ministerioak nortasun-datuak benetakoak direla egiazta dezan, datuok paperean (kopiak) edo euskarri elektronikoan (pdf formatuko kopia eskaneatua, sinadura elektronikoarekin) aurkeztu beharko ditu, eta honako honen bidez frogatuko du hori: Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo pertsona fisikoa identifikatzeko balio dezakeen antzeko agiriren bat.
g) Eskabidea baloratzeko aurkeztu nahi den dokumentazio osagarria.
3.– Erakunde berak proiektu bat baino gehiago aurkeztu nahi badu, eskabide-inprimaki bat, eskabidean erantsi beharreko dokumentazio eta guzti, aurkeztu beharko du proiektu bakoitzeko.
4.– Espedientea osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak eskatu ahal izango dizkio Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak entitate eskatzaileari, eta entitateak aurkeztutako datuak egiaztatzeko behar diren frogak egin ahalko ditu.
8. artikulua.– Entitate eskatzaileak betekizun eta betebehar jakinak egiaztatzea.
1.– Erakunde eskatzaileak baimena eman ahal izango du, diru-laguntzak kudeatzen dituen organoak ordezkariaren datuak eta hirugarrengoen alta eskuratu edo egiaztatu ditzan, bai bertatik bertarako bidea erabiltzen denean, bai bide elektronikoa erabiltzen denean ere, betiere Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.
2.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar diren aldi guztietan eskatzaileen baimenik zertan izan gabe, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, diru-laguntzei buruko Lege Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.
3.– Eskarietan, laguntza eskatzen duten erakundeek aukera izango dute beren-beregi adierazteko baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak dagozkion egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak betetzea.
4.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua aplikatuta, eskabideari erantzukizunpeko adierazpen bat atxikita, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:
a) Erakunde eskatzaileak ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor edo administrazio-arloko zigorrik, eta ez izatea laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duten lege-debekuen eraginpean, beren beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.
b) Eskabidean bertan eta eskabideari erantsitako dokumentazioan bildutako datuak egiazkoak direla eta laguntza horien onuradun izateko indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzak betetzen dituela.
c) Entitate eskatzaileak dagokion finantziazioari aurre egiteko beste kreditu duela.
d) Diru-laguntzaren xede izango den ekipamenduak aplika daitekeen arloko araudi osoa betetzen duela.
e) Administrazioetatik nahiz erakunde publiko zein pribatuetatik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskuratu direla komunikatzea, hala badagokio.
Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, gerta daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak aparte utzi gabe. Gainera, gorago azaldutakoa adierazteko ematen duen ebazpenean, Administrazio Publikoak ezarri ahal izango du interesdunak diru-laguntza itzuli behar duela, bidezkoa izanez gero.
4.– Administrazioak diru-laguntzen ordainketa egin ahal izateko, erakunde eskatzailea Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean jasota egon beharko da.
– Erakunde eskatzaileak bide elektronikoa erabiltzen badu, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko du alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, honako helbidean https://www.euskadi.eus/y22-tresnak/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html
– Erakunde eskatzaileak bide presentziala erabiltzen badu, alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko formularioa bete eta adierazitako tokietan aurkeztu beharko du.
9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
10. artikulua.– Laguntzak banatzeko sistema.
1.– Deialdi honi lehiaketa bidez emango zaio ebazpena. Eskabideak lehentasunen arabera sailkatu eta ordenan jartzeko orduan, segidan ezarritako hautaketa- eta balorazio-irizpideak hartuko dira aintzakotzat. Nolanahi ere, laguntza jasotzeko beharrezkoa izango da 40 puntutik gora jasotzea.
2.– Kasu bakoitzean eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, Balorazio Batzordeak eskatutako zenbatekoaren ehuneko jakin bat ematea proposatuko du; hain zuzen, ezarritako irizpideak aplikatu ostean lortzen diren puntuen araberakoa izango da ehuneko hori. Ehunekoa lortzeko formula hau aplikatuko da:
100 x (puntuazioa - 40) / 30
Lortutako puntu-kopurua 70 baino gehiago denean, eskatutako zenbateko osoa ematea proposatuko da. Edozein kasutan, 13. artikuluan diru-laguntzen zenbatekoari eta mugari buruz ezarritakoa errespetatuko da. Formula aplikatu ondoren eskuratzen den zenbatekoari dagokionez, gertueneko zenbaki osorantz biribilduko da, hala badagokio.
3.– Aurreko puntuan ezarritakoari jarraiki zehazten diren diru-laguntzen zenbatekoak batuta deialdi honetarako esleitutako baliabide ekonomikoak gainditzen badira, diru-laguntzen zenbatekoak proportzionalki murriztuko dira.
4.– Aurrekontua eta aurkeztutako gainerako dokumentazioa aztertu ondoren egiaztatzen bada sarrerek gastuak gainditzen dituztela, eskatutako zenbatekoa murriztu egingo da, jardueraren aurrekontua orekatuta geratu arte. Halaber, aurrekontuan diru-laguntza jaso ezin duten gastuak sartu direla egiaztatzen bada eta ezin bada zehaztu eskatu den zenbatekoaren eta berez dituzten sarreren zein kopuru sar daitekeen horien barruan, eskatutako zenbatekoa eta berezko sarrerak proportzionalki murriztuko dira.
5.– Emakida-proposamenean, onartu diren eta onartu ez diren eskaerak bereiziko ditu Balorazio Batzordeak, eta baztertzeko arrazoiak adieraziko ditu; horrez gain, proiektuen balorazioa egingo du, eta eskatutako diru-laguntzak baietsi edo ezetsiko ditu. Berdin egingo du Balorazio Batzordeak eskabide berean izaera ezberdinetako jarduerak badaude eta denak laguntzen ez badira edo denak baztertzen ez badira, hots, Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamenean zehaztu egingo du zein jarduerari emango zaion laguntza eta zeini ukatuko zaion.
11. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Aurkezten diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, balorazio batzordea bat osatuko da. Hona zeintzuk izango dituen kideak:
– Batzordeburua: Josu Gerediaga Egurrola, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako teknikaria.
– Bokala: Lourdes Ramirez de Ocariz Sorolla, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa: Silvia Torre Goikoetxea, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako teknikaria.
– Bokala: Fco. Javier Gutierrez Paramo, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako teknikaria; idazkari moduan jardungo du. Ordezkoa: Maite Artabe Urkidi, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako teknikaria.
2.– Eskaeren azterketa eta ebazpen-proposamena: Balorazio Batzordeak, deialdi honetan ezarritako balorazio- eta esleipen-irizpideen arabera, eskaera guztiak aztertu ondoren, dagokion ebazpen-proposamena egingo dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kiroletako zuzendariari; hori gauzatzeko, zuzendari horrek eskatzaileari eskatu ahal izango dio, betiere eskatzaileari jakinarazita eta hamar egun balioduneko epea emanda, beharrezkotzat jotzen duen informazio eta dokumentazio osagarri oro.
12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Agindu honetan araututako deialdira aurkezten diren toki-erakundeek jaso dezaketen diru-laguntza honako irizpide hauek aplikatzearen ondorioz sortutakoa izango da:
a) Entitate eskatzaileak jarduera horretarako dituen sarreren eta jarduerarako aurrekontu osoaren arteko proportzioa, % 30 gainditzen duen diru-sarreren ehunekorik handiena baloratuz: % 20 gehienez.
b) Jarduketaren hartzaileen adina. Horri dagokionez, proiektuaren adin-tartea zenbat eta zabalagoa izan, hainbat eta handiagoa izango da balorazioa. Gehienez ere, % 20 jaso daiteke, 12 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako proiektuei dagokiena.
c) Beste herri-administrazio batzuekin koordinatzeko mekanismoak: beste sail edo udal batzuekin, eskualdearekin edo mankomunitatearekin, Foru Aldundiarekin edo Eusko Jaurlaritzarekin, % 15, gehienez.
d) Proiektuak zenbateraino bultzatzen duen garatzen den gazteriaren arloa: ekipamenduaren garrantzia beste gazteria-zerbitzu batzuei dagokienez eta Gazteria politikak duen garrantzia entitate eskatzailean bere osotasunean: % 20, gehienez.
e) Diru-laguntzaren xede den ekipamendua bost urtetik gorakoa den epean gazteei bideratzen jarraitzeko konpromisoa, balorazioa erakunde eskatzaileak konpromisoa hartzen duen urteen kopuru handienaren arabera kuantifikatuko da, % 10, gehienez.
f) Proiektuaren lurralde-eremua eta mugakide diren ingurune edo eskualdeetako kolektiboetan izan dezakeen eragina: % 10, gehienez.
g) Proiektuan genero-ikuspegia integratzea: % 5, gehienez.
13. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak aurkezten den proiektu bakoitzaren aurrekontu onartuaren % 70eraino irits daitezke.
2.– Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, aurkezten den proiektu bakoitzari ematen zaion laguntza ez da inoiz izango 75.000 euro baino handiagoa.
14. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Gain-finantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
2.– Erakunde eskatzaileek laguntzagai diren programetarako jaso dituzten beste eskabide guztien zerrenda aurkeztu beharko diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari, erakunde emailea eta emandako diru-kopurua aipatuta. Horrelakorik jaso ez badu, hori adierazten duen dokumentua aurkeztu beharko du.
15. artikulua.– Kudeaketa.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
16. artikulua.– Ebazteko prozedura.
1.– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kirol zuzendariak, deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du, Balorazio Batzordearen proposamena ikusi eta gero.
2.– Ematen den ebazpena sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie interesdunei, agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera. Ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena gauzatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
3.– Ebazteko epea igarota interesdunei ebazpena jakinarazten ez bazaie, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Horrek ez du Administrazioa salbuesten, ordea, ebazpen adierazia emateko duen obligaziotik.
4.– Publizitatearen printzipioa zuzen betetzeko, eta interesdunei espresuki eta banaka jakinarazteko beharra alde batera utzi gabe, iragarki bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, agindu honen babesean emandako laguntzak jaso dituzten erakundeen zerrenda jasoko duena, laguntzen diru-kopuruak eta destinoak barne.
5.– Edozein kasutan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.4 artikuluaren arabera, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra edo erakunde autonomiadunak ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko–, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako diru-laguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena ematen bada.
17. artikulua.– Diru-laguntza jasotzen duten entitateen betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.
2.– Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.
3.– Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.
4.– Agindu honetan adierazitako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek berariaz aipatuko dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren laguntza izan dutela, diru-laguntza emateko ebazpenaren berri dutenetik hasita, diruz lagundutako jarduera edo egitaraua dela-eta argitaratzen dituzten egitarau, iragarki-kartel, argazki eta idatzizko zein gainerako multimedia material guztietan. Material horiek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan argitaratu beharko dira. Gainera, diruz lagundutako jardueraren ondorioz sortzen diren liburu, liburuxka edo kartelen ale bat aurkeztu behar dute beren kontura edo, bestela, horien kopia euskarri fisiko edo magnetikoan, materialaren izaera edo euskarriaren egokitasunaren arabera. Konpromiso honetatik salbuetsita egongo dira behin jarduera bukatuta eskabidea aurkeztu eta diru-laguntza jasotzen duten erakundeak, baita diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien komunikazioa behin jarduera bukatuta jasotzen duten erakundeak ere.
5.– Erakunde onuradunak diru-laguntza emateko xede izan den helburu zehatzera bideratuko ditu ondasunak bost urtetik beherakoa ez den aldi batean.
6.– Diruz lagundutako jarduerak, programak edo ekipamenduak ordaindu behar den zerbitzu edo produkturen bat eskaintzen badu, erakunde onuradunak abantailak eskainiko dizkie, batez ere ekonomikoak, Gazte-txartela dutenei.
7.– Oro har gazte-politikaren alorrean eta, baita ere, diruz lagundutako jarduketa, programa, zerbitzu edo ekipamenduekin loturiko alorretan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak jartzen dituen aplikazio informatikoak erabiltzea.
8.– Oro har Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak deitutako gazteen alorreko bileretan parte hartzea, bai eta diruz lagundutako jarduketarekin lotura dutenetan ere.
9.– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak oro har gazteen alorrean, bai eta diruz lagundutako jarduketarekin lotura duten alorretan ere, eskatzen dizkion datu estatistikoak ematea.
10.– Diruz lagundutako jarduketarekin zerikusia duten guztietan sexismorik gabeko hizkera erabiliko dela bermatzea.
11.– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak kontsultatzeko hala eskatzen duenean, honako dokumentazioa jartzea haien esku:
a) Ekipamenduaren kudeaketa-proiektua (antolamendu-egitura, jarduera-programazioa, gazteek parte hartzeko bideak eta abar).
b) Obra-kontratuaren esleipen-erabakiaren hitzez hitzezko ziurtagiria.
c) Lanen zuzendaritza fakultatiboaren izendapena jasotzen duen ziurtagiria.
d) Lan-hasieraren aktaren kopia.
e) Sektorearen araudi aplikagarriak hala eskatzen duenean, lortutako lizentzia edo baimenen kopiak.
f) Kontratazio-kasuan aurkeztutako eskaintzen arteko hautaketa, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu.
12.– Diruz lagundutako jarduketan gorabeheraren bat gertatuz gero, organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio. Organoak, hala dagokionean, behar diren egokitzapenak egingo ditu, indarrean dagoen araubidearen arabera.
18. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
1.– Diru-laguntzaren ordainketa bi zatitan egingo da: lehenengoa, diru-laguntzaren % 50ekoa, diruz lagundutako inbertsioaren % 50 burutzeko gastua benetan egin dela egiaztatu ondoren, eta bigarrena, gainontzekoa, diruz lagundutako inbertsioa guztiz burutzeko gastua benetan egin dela egiaztatu ondoren, hurrengo artikuluetan ezarritakoaren arabera.
2.– Gauzatutako inbertsioak edo gastuak gainditzen badu hasieran planteatutako gastuen aurrekontua, diru-laguntza kuantifikatzeko ez da gehituko emandako laguntzaren zenbatekoa.
19. artikulua.– Justifikazioak aurkezteko tokia eta modua.
1.– Justifikazioak bertatik bertara aurkez daitezke Gazteria eta Kirol Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Herritarrentzako Arretarako Guneko bulegoetan (Zuzenean), edota 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
2.– Era berean, justifikazioak http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak/ atarian aurkeztu ahal izango dira bitarteko elektronikoen bidez.
20. artikulua.– Emandako laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu behar diren dokumentuak.
1.– Diruz lagundutako inbertsioak bi epetan justifikatu behar izango dira: lehenengoa, inbertsioaren % 50ari dagokiona, 2016ko abenduaren 30a baino lehen, erakunde eskatzailearen idazkariaren edo ekonomia eta finantza arloko arduradunaren ziurtagiria aurkeztuz; bigarrena, inbertsioaren gainontzeko % 50ari dagokiona, 2017ko martxoaren 31 baino lehen, hurrengo dokumentazio hau aurkeztuz:
a) Lagundutako jarduerari buruzko txosten xehatua, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena,
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2016/gazte_ekipamenduak/eu/ egoitza elektronikoan eskura daitekeen ereduaren arabera.
b) Erakunde eskatzailearen idazkariaren edo ekonomia eta finantza arloko arduradunaren ziurtagiria, aurreko paragrafoan adierazitako helbidean eskura daitekeen ereduaren arabera, non laguntzaren xedea bete dela egiaztatzen den eta jarduketaren balantze osoa ere aurkeztuko da, zehatz-mehatz banakatuta zein izan diren diruz lagundutako proiektua garatzearen ondoriozko kostua edota gastua eta diru-sarrerak edota inbertsioak. Berariaz adierazi beharko da datu horiek errealitateari egokituta daudela. Inbertsio edota diru-sarreren zerrendan bereizi egingo dira erakunde eskatzailearen ekarpenari dagozkion zenbatekoak; baita, hala dagokionean, edozein pertsona fisiko, juridiko, publiko nahiz pribaturen diru-sarrerak edota inbertsioak ere. Deialdi honen itzalpean emandako kopurua adieraziko da; xede berarentzat eman diren bestelako laguntzak zehaztuko dira, nahiz eta eskabidea aurkeztean ez jakin eskuratu diren ala ez. Ziurtagirian bertan adierazitakoez gain xede berarentzat beste diru-laguntza edo laguntzarik eskatu edo jaso ez bada, berariaz azalduko da.
c) Halakorik badago, lagundutako ekintzen inguruan sortu eta zabaltzen diren liburu, txosten, liburuxka, kartel eta gainerako euskarri idatzizko, soinuzko edo ikus-entzunezkoen ale bana, edo horren kopia bana euskarri fisiko edo magnetikoan, ikusirik bata ala bestea, zein den egokiena.
2.– Jasotako diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkeztuta ere, erakunde onuraduna behartuta egongo da unean uneko faktura jatorrizkoak, fotokopia konpultsatuak edo egindako gastuen gaineko edo jarduera gauzatzeari buruzko dokumentazioa aurkeztera, hala eskatzen diotenean bai diru-laguntza ematen duen organoak bai indarreko legeriaren arabera ahalmen hori aitortua duten gainerako organoek ere, beti ere diru-laguntzaren destinoa zuzena eta egokia izan dela egiaztatze aldera.
21. artikulua.– Likidazio-ebazpena.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kirol zuzendariak dagokion kitapen-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.
22. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.
c) Hala badagokio, diru-laguntza likidatzeko edo itzultzeko ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.
2.– Diru-laguntzen erakunde onuradunek suposizio horietako baten pean eroriz gero, aurretik erakunde interesdunari audientzia emango dien dagokion prozedura bideratuta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kirol zuzendariak emateke dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta diru-laguntzen arloan laguntza ordaindu zenez geroztiko aplikagarriak diren interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola adieraziko du, bidezkoak diren gainerako jarduketen kaltetan izan gabe. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzak bermatzeko eta itzultzeko araubide orokorra arautzen duen eta diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde lankideek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da.
3.– Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan zerrendatutako itzultze-arrazoiren baten pean eroriz gero, jasotako zenbateko osoa edo zati bat eta berandutze-interesak itzuli beharko dira, itzultze partziala aitortzen duen Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluaren arabera, graduazio-irizpideak sartuz.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak fitxategi batean jasoko dira. Gazteriaren arloko laguntzak eta diru-laguntzak izeneko fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen entitate arduraduna Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kirol Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze eskubideak erabiltzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena ematen dute, deialdi honen xede berdinetarako bakarrik, eta Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari baimena ematen diote beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENetatik Lehenengoa
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio. Beraz, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 28a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.