EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2016164

ERABAKIA, 2016ko uztailaren 18koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluarena, 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proben ezohiko deialdia onartzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-07-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201603735
Maila: Akordioa
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Prestatu eta trebatzeko ikastaroak)
Osakidetza–Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuaren bidez arautzen da. Dekretu horrek ezartzen duenez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan aplikatu behar diren hizkuntza-eskakizunak Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 13. artikuluan xedatutakoak dira. Halaber, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak helburu zehatz horrekin egiten dituen ohiko zein ezohiko deialdien bitartez hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egiteko duen eskumena zehazten du.
Bestalde, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 34. artikuluak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuaren 25.b) artikuluak hizkuntza-eskakizunetako deialdi ezohikoak egitea aurreikusten dute.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko II Plana Administrazio Kontseiluaren 2013ko abenduaren 3ko Erabakiaren bidez onartu zen. Euskararen erabilera sustatzeko neurrien artean, hizkuntza-eskakizuna lortzeko ezohiko proba aurreikusten du plan horrek, non 2. hizkuntza-eskakizuna lortzeko hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko arauetan eskatzen diren gutxieneko trebetasunak bete beharko baitira.
Mahai Sektorialean negoziatu da deialdia, eta testuaren jatorrizko proposamena bitariko bileretan eta aipatu mahaian aztertu da, 2016ko otsailaren 17an eta 2016ko ekainaren 28an egindako bileretan hain zuzen ere.
Arestian aipatutako arauen babesean, bidezkoa da 2. hizkuntza-eskakizunaren deialdi ezohikoa egitea, hizkuntza-eskakizun horri dagokionez 297/2010 Dekretuaren II. eranskinean ezarritako betekizunak betetzeko (297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena).
Adierazitakoarekin bat, aipatutako lege-estaldura aintzat hartuta, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren estatutuak onartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 4.2 artikuluan xedatutakoaren babesean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Administrazio Kontseiluak hauxe erabaki du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Onartzea 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proben ezohiko deialdia egitea, Euskara Planaren aurreikuspenak betetzeko. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileei zuzendua izango da deialdia.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan egun abian dauden prozesuei trabarik ez egiteko, lehen fasean, Osakidetzako langile finkoentzako izango da lehen deialdia; ez da baztertzen beste fase batean ezaugarri horiek dituen deialdi berri bat egitea, beste langileentzako ere zabalik egongo dena.
Bigarrena.– Proba horren xedea da 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko aukera ematea euskaraz erraz eta normaltasunez egiten duten pertsonei. Horretarako, prozesuak bi proba izango ditu: lehenengoa ahozkoa izango da, eta ahozko proban eskatzen diren trebetasunetan nahikotasuna egiaztatzen dutenak igaroko dira idatzizko probara, hori guztia hizkuntza-eskakizunak lortzeko arauetan eskatutako ezagutza-mailen eta deialdia egiteko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak ematen duen ebazpenean ezartzen diren prozedura eta arauen arabera.
Hirugarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari eskumenak ematea, deialdi-ebazpena eman, haren oinarriak onartu eta probak egiteko data ezartzeko, bai eta hori guztia gauzatzeko behar diren ebazpenak emateko ere.
Laugarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 18a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
JON DARPÓN SIERRA.