EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2016163

83/2016 DEKRETUA, maiatzaren 31koa, Aizkorri-Aratz Kontserbazio Bereziko Eremu (ES2120002) izendatzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201600083
Xedapenaren data: 2016-05-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201603719
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/06/12an argitaratutako 2015/06/04ko EBAZPENA [201502611]

Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako Erabakien bidez, Hegaztientzako Babes Bereziko 6 Eremu (Hegaztientzako BBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izateko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten BGLen zerrenda, 2004/813/EE eta 2006/613/EE Erabakien bidez. Erabakiok Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da gure autonomia-erkidegoa; Aizkorri-Aratz eremua (ES2120002) ere tartean zegoen.
Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzkoa den Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluak eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. eta 46. artikuluek ezarritakoari jarraikiz, autonomia-erkidegoek, jendaurrean jarri ondoren, beren lurralde-eremuko BGL guztiak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu eta eremuok behar bezala kontserbatzeko neurri egokiak ezarri beharko dituzte, kontuan hartuta lekuan lekuko habitat naturalaren eta espezieen berezitasunen araberako betekizun ekologikoak. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, batetik, kudeaketako planak eta baliabideak, eta, bestetik, erregelamenduzko neurriak, administratiboak edo kontratuzkoak.
Dekretu hau onartuta, gaur egun, eremu honetan, Naturagune Babestuaren tipologia bikoitza biltzen da, Parke Naturala eta Natura 2000 Sareko gunea baita. Horrenbestez, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren (NKLTB) 18. artikuluari jarraikiz, eremu hori antolatzeko mekanismoak koordinatu egin behar dira eremuaren plangintza integratuko duen dokumentu bakar batean biltzeko; horrela, kategoria bakoitzean aplika daitezkeen erregimen desberdinek osotasun koherente bat osatuko dute. Bi tipologietarako dokumentu bakarraren legegintza desideratuma ezin da lortu Parke Naturalen kasuan, tipologia horiek Natura Baliabideak Antolatzeko Plan baten (NBAP) bidez (NKLTBaren 20. artikulua) eta Parke Naturalen Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plan baten (EKZP) bidez (NKLTBaren 27. artikulua) arautu behar baitira. Hala ere, posiblea da bi baliabide horiek, beren helburu eta edukiei dagokienez, Naturagune Babestuaren bi tipologia horien beharrak betetzea.
Dena den, onartzean, kontuan hartu behar da Eusko Jaurlaritzak eta foru-organoek dituzten eskumen konkurrenteek koordinazio-ahalegin berezia dakartela. Izan ere, NBaren tipologia desberdinen deklarazioa Eusko Jaurlaritzari dagokio edonola ere (NKLTBaren 19.1 artikulua). Parke Naturalei dagokienez, NBAPa bideratzea eta onartzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da (NKLTBaren 7.a artikulua); EKZPa bideratzeko eta onartzeko, aldiz, prozedura bifasikoa jarraitzen da. Hau da, lehenik, foru-organoek bideratzen dute eta organo horiek onartzen dituzte Parke Naturalaren kudeaketari dagozkion jarraibideak; eta bigarrenik, Eusko Jaurlaritzak bideratzen du, araudiari dagokionez (NKLTBaren 29.e artikulua). Bestalde, KBEei dagokienez, helburuak eta araudiak onartzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da (NKLTBaren 22.5 artikuluaren lehen paragrafoa) eta neurriak foru-organoei dagozkie (NKLTBaren 22.5 artikuluaren bigarren paragrafoa). Nolanahi ere, baliabide desberdin horiek guztiak EHAAn argitaratu behar izaten dira beti.
Gaur egun ezin izan da guztizko koordinazio hori lortu, besteak beste, NBAPen izapidetze luzeak ekarritako zailtasunengatik; izan ere, beste eremu batzuetan, horien egokitzapena atzeratu behar izan da. Horregatik, eta Dekretu honen azken xedapenetatik bigarrenean jasotzen denez, arau hau onartu ondoren, Dekretu honen II. eranskinak jasotzen duen Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren NBAPa aldatzeari ekin beharko zaio, NKLTBaren 18. artikuluak aipatutako dokumentu bakarra –Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa dena– egiteko, betiere NKLTBaren 7. artikuluan aurreikusitako prozedura luze eta konplexua konfiguratzen duten izapide prozesalak betez. Ildo horretaik, KBE izendatzeko Europako betekizunak bete beharko dira, eta horixek dira Dekretu honetan jasotzen direnak. Bestalde, Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean txertatuko dira.
Dekretu honen helburua da Aizkorri-Aratz Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea, KBE izendapen honekin batera aurkeztu beharreko kontserbazio-neurriak onartzea eta eremuaren mugak zehaztea (Eusko Jaurlaritzako eskumenekoak dira). Geroago, eta Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundiek Parke Naturalaren EKZPa bidaltzen dutenean, Eusko Jaurlaritzak plan horren araudiaren zati arautzailea onartuko du eta baliabide osoa EHAAn argitaratzeko aginduko du. Dekretu honen 3.2 artikuluak ezarritakoarekin bat, EKZP horrek NKLTBaren 18. artikuluak eskatutako bikoiztasuna beteko du, hau da, Parke Naturalaren EKZP gisa eta KBEa kudeatzeko jarraibide gisa erabiliko da, 22.5 artikuluaren bigarren paragrafoari jarraikiz. Horrela, eremu honen erregulazioa osatuko da eta 92/43/EEE Zuzentarauaren 6. artikulua beteko da guztiz.
Horretarako, orain onartzen den dekretuak bi eranskin ditu. Lehenak KBEaren kartografia jasotzen du; bigarrenak, aldiz, NKLTBaren 22. artikuluak ezarritakoa betetzen du. Azken hori Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa da eta KBEari buruzkoa da soilik.
Aizkorri-Aratzen, Batasunaren intereseko 24 habitat-mota atzeman dira, gutxienez. Horietatik, bost dira lehentasunezkoak. Eremuan, gutxienez, 92/43/EEE Zuzentarauaren II. eranskinean jasotako bi flora-espezie daude eta zuzentarau horren II. eta IV. eranskinetan jasota dauden 11 fauna-espezie. Gainera, II. eranskinean bakarrik agertzen diren sei espezie eta IV. eranskinean agertzen diren 19 daude. Nabarmentzekoa da, gutxienez, , 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean jasota dauden 20 hegazti-espezie egotea. Horregatik guztiagatik, komeni da Aizkorri-Aratz mendialderako berariazko dekretu-proiektua egitea.
Hori horrela izanik, 92/43/EEE Zuzentarauak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko ezarritako betekizunak betetze aldera, Aizkorri-Aratz sakon aztertu da, eta eskala egokian adierazi da Europar Batasunaren intereseko habitaten banaketa; horrekin batera, haien kontserbazio-egoera ere ebaluatu da. Horretaz gain, gune horretako fauna- eta flora-espezie bereizgarrien banaketa eta kontserbazio-egoera ere aztertu da. Horren ondorioz, KBEa behin betiko mugatzeko, lan-eskala hobetu da eta zabaldu egin da. Horrela, KBEaren mugaketa eta izen bereko Parke Naturalaren mugaketa bat etorriko dira; horrek ez dakar funtsezko aldaketarik Batasunaren intereseko flora- eta fauna-espezieen habitat naturalen eta populazioen azaleraren irudikapenean. Guztiz eraginkorra izateko, KBEa zabaltzeak Europako Batzordearen Erabaki bidezko aldez aurretiko balidazioa eskatzen du; beraz, eremuaren mugaketaren kartografiak eremu hori mugatzeko bi lerroak jasotzen ditu. Horrela, mugaketa berriaren eraginkortasuna eta zabaldutako eremua kontserbatzeko neurrien ezarpena Dekretu honen 1.3 artikuluan eta azken xedapenetatik lehenengoan jasotako baldintzapean daude, hurrenez hurren. Era berean, I. eranskinean jasotako Babeserako Eremu Periferikoa mugatu behar izan da, eremuaren balioetara egokitzen den prenbentzio-araubide nahikoa eta egokia ezartzeko.
Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko prozeduran, parte-hartze sozialaren prozesua behar bezala bete da, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraikiz. Prozesu horretan, interes sozial eta ekonomikoen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Parte hartzeko bideak zabalik egon dira izapidetze-prozesu osoan, publiko interesdunari komunikazioak helarazita eta egoitza elektronikoaren bitartez. Zehazki, http://www.euskadi.eus/natura2000 webgunean, eremuari buruzko informazio eguneratua egongo da beti.
Horrenbestez, alde batetik, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 19.1 eta 22.5. artikuluetan eta, bestetik, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betetzeko, jendaurrean jarri ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak –2016ko maiatzaren 31n egindako bilkuran– eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Helburua eta lurralde-eremua.
1.– Aizkorri-Aratz (ES2120002) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen da (hemendik aurrera, KBE), Gipuzkoako eta Arabako lurralde historikoetan.
2.– KBEaren mugaketa Dekretu honi atxikitako I. eranskinean jasotakoa da eta bat dator Atlantikoko eskualde biogeografikoko Batasunaren Garrantzizko Lekuen Zerrenda onartzen duen Europako Batzordearen 2004/813/EE Erabakian bildutako Batasunaren Garrantzizko Lekuen mugaketarekin. Era berean, eranskin horrek eremuaren babeserako eremu periferikoa jasotzen du, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 19.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.
3.– Aurreko idatzi-zatian aurreikusitako mugaketa zabaldu egingo da I. eranskinean jasotako mugetara arte, Europako Batzordeak onetsi ondoren.
4.– Onartu egiten dira KBEa kontserbatzeko II. eranskineko neurriak. Horiek bat datoz Dekretu honen 3. artikuluak ezarritako edukiarekin.
2. artikulua.– Xedea.
1.– Arau honen xedea honako hau da: KBEan bermatzea Europar Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzen direla edo egoera horretara berriro ekarriko direla. Habitat horiek ezarrita daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako habitat naturalak eta basoko fauna eta flora babesteari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan. Horretaz gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion kokaleku-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbazioari buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, baita eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzeko.
2.– KBEan, honako hauek ezarritako araubide orokorra aplikatuko da: 92/43/EEE Zuzentaraua eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.
3. artikulua.– Kontserbazio-neurriak.
1.– Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 22.4. artikuluarekin bat, II. eranskinak izendapena argudiatzen duten Batasunaren garrantzizko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak biltzen dituen informazio ekologia ez ezik, horien kontserbazio-egoeraren ebaluazioa, eremu horren kontserbazio-helburuak, kontserbaziorako araudiak eta jarraipen-programa ere jasotzen ditu.
2.– KBEa kudeatzeko jarraibideak eta neurriak Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean txertatuko dira.
4. artikulua.– Funtsezkoa ez den berrikuspena edo aldaketa
II. eranskinean funtsezkoa ez den berrikuspen edo aldaketarik behar izanez gero, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango duen agindu baten bidez egingo da, eta, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan ezarritakoa betez. Izan ere, helburua da kontserbazio eta kudeaketa moldaerraz, etengabe eta malgu baterantz jotzea. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte-hartzea benetakoa eta eraginkorra izango dela, 27/2006 Legeak ezarri bezala; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie eta Naturzaintza organoaren txostena jasoko da.
5. artikulua.– Arau-hausteen eta zehapenen araubidea.
Dekretu honen aplikazio-eremuaren eraginpeko gune babestuetan, honako hauek ezarritako zehapen-araubide hau aplikatu behar da: apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bategina eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean betetzeko legeak ezarritako tramite eta komunikazio guztiak egiteko, bai Estatuko Administrazio Orokorrean, bai Europar Batasunean. Eta, hala badagokio, neurriak ezartzeak eragingo duen kostu ekonomikoa zenbatekoa den kalkulatuko du, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Dekretu honen 3.1 artikuluak aipatzen dituen kontserbazio-neurriak KBEa zabaltzeko 1.3 artikuluak ezarritako eremuan jarriko dira indarrean, Europako Batzordeak Batasunaren Garrantzizko Lekuaren muga geografiko berrian onartzeko erabakia hartu izanaren berri ematen duen eta ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuaren agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hala ere, Dekretu hau indarrean jartzearekin batera, zabaldutako eremu horretan, 92/43/EEE Zuzentarauaren 6.3 eta 6.4 artikuluek ezarritako prebentzio-araubidea aplikatuko da, baita Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluaren 4., 5. eta 6. idatzi-zatiek ezarritakoa ere.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau onartzen denean, Parke Naturalaren eta KBEaren mugak bat etortzeko prozedurari ekingo zaio, eta Parke Naturalaren NBAPa eremuan dauden naturagune babestuen tipologia horiek arautuko dituen dokumentu bakarra bihurtzeko prozedura ere abiaraziko da, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 18. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean Dekretu hau.
Busturian, 2016ko maiatzaren 31n.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.
MAIATZAREN 31KO 83/2016 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
KARTOGRAFIA
MAIATZAREN 31KO 83/2016 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
AIZKORRI-ARATZ KBE-ARI DAGOZKION INFORMAZIO EKOLOGIKOA, KONTSERBAZIOHELBURUAK, KONTSERBAZIO-ARAUAK ETA JARRAIPEN-PROGRAMA