EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2016161

IRAGARKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2014ko uztailaren 21eko bilkuran hartutako erabakiari buruzkoa Iurretako Udalaren 2012ko Kontu Orokorraren fiskalizazio txostena, behin-betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2016-06-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201603700
Maila: Iragarpena
Sekzioa: IRAGARKIAK (Beste iragarki ofizial batzuk)
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2014ko uztailaren 21ean egindako bilkuran
ERABAKITZEN DU:
Iurretako Udalaren 2012ko Kontu Orokorraren fiskalizazio txostena behin-betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 atalak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
HKEEren Osoko hau egin ostean HKEEren lehendakaria berriz izendatu delarik (17/2015 dekretua), idatzi honen bitartez bilkura horretan hartutako Erabakiaren eduki osoa ontzat ematen da.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 23a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
IURRETAKO UDALAREN 2012KO KONTU OROKORRAREN FISKALIZAZIO TXOSTENA
Laburdurak.
10/1989 FA: 10/1989 Foru Araua, ekainaren 30ekoa, Eraikuntza, Instalakuntza eta Obrei buruzkoa.
10/2003 FA: 10/2003 Foru Araua, abenduaren 2koa, Bizkaiko Lurralde Historikoaren Toki Erakundeen aurrekontuei buruzkoa.
1732/1994 ED: 1732/1994 Errege Dekretua, uztailaren 29koa, estatuan jarduteko gaitasuna duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzkoa.
2/2012 Legea: 2/2012 Legea, ekainaren 29koa, 2012rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzkoa.
8/2010 ELD: 8/2010 Legegintzako Errege Dekretua, maiatzaren 20koa, defizit publikoa murrizteko aparteko neurriak hartzen dituena.
APKLEO: Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorra.
APKLTB: 2/2000 Legegintzako Errege Dekretua, ekainaren 16koa, Herri Administrazioen Kontratu Legearen Testu Bategina.
BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.
DLO: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa.
EFPL: 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.
EIOZ: Eraikuntza eta Obren gaineko Zerga.
HILBIZ: Hiri izaerako Lursailen Balio Igoeraren gaineko Zerga.
INEM: Enplegu Institutu Nazionala, egungo Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa.
JEZ: Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga.
LZ: Lanpostuen Zerrenda.
OHZ: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga.
SPKL: 30/2007 Legea, urriaren 30ekoa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzkoa.
TAOAL: 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.
TKZE: 1955eko ekainaren 17ko Dekretua, Udalbatzen Zerbitzu-Erregelamenduari buruzkoa.
UDALHITZ: Tokiko euskal erakundeen lanerako baldintzak arautzen dituen akordioa.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak (aurrerantzean HKEE) otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osokoak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraiki, Iurretako Udalaren Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.
Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida.
– Kontabilitatea: kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako atal hauek besarkatzen ditu: Udalaren egoeraren balantzea, galera-irabazien kontua eta memoria; baita udalaren aurrekontuen likidazioa ere.
– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
– Bestelako alderdiak: lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta zuhurtasunari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, Udalaren kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.
Lezamako udalerriak 2012ko urtarrilaren 1eko biztanleen udal erroldaren arabera 3.884 biztanle ditu eta Durangoko Merinazgoko Mankomunitateko, Bilbao-Bizkaia Uren Partzuergoko eta Haurreskola Partzuergoko partaide da.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Langileria
1.– 2012ko maiatzeko alkatetzaren dekretu bitartez 1997 eta 2009 bitartean obra edo zerbitzu jakinerako lan kontratua zuten 16 langileri lan kontratu mugagabea egin zaie; horiek, 2012ko otsailean auzibide aurreko erreklamazioa aurkeztu zuten Udalean.
2.– 2012ko ekitaldian udalak lan kontratupeko langile mugagabe izaera aitortu die administrazioko kontratazio erregimenean diru-bilketa zerbitzua egiten zuen pertsonari eta udal arkitekto aholkulariari; lehenari, Bilboko gizarte epaitegiak 2012ko azaroan ebatzitako epaiaren ondorioz eta bigarrenari auzibide aurretik aurkeztutako erreklamazioaren ondorioz.
Kontratazioa
3.– Hiri garbiketa kontratua (3. espedientea), 2012ko uztailean 1,3 milioi euroren zenbatekoan esleitu zena, oker izapidetu da administrazioko kontratu berezi modura; ordea, jasotzen dituen zerbitzuen izaera aintzat hartuta, zerbitzu kontratu baten aurrean geundeke. Era honetara, pleguetan guztira aurreikusitako iraupenak kontratu mota honetarako ezarritako epea 4 urtetan gainditu du (SPKLTBren 303. artikulua).
4.– Argindar horniduraren zerbitzuak Udalari 2012ko ekitaldian 234.908 euroren gastua eragin dio eta honenbestez, dagokion kontratazio prozedura baliatuta izapidetu behar zatekeen, publikotasun eta lehia printzipioei loturik.
5.– Udalak 2012ko abenduaren 31n indarrean du 1990eko ekitaldian izenpetutako aholkularitza juridikoa emateko kontratu bat. 2012ko ekitaldian esleipendunak guztira fakturatutako zenbatekoa 88.610 eurorena da. Egindako gastuaren zenbatekoa eta kontratuaren iraupena aintzat hartuta, Udalak publikotasun eta lehiari meneratutako beste prozesu bat abiarazi behar zukeen.
6.– Udal aretoren eta bestelako eraikinen garbiketa zerbitzua 1997 eta 2000ko ekitaldietan esleitu zen urtebete luzagarriko eperako; alabaina, egikaritzan jarraitu du harik eta 2012ko ekainean prozedura ireki bitartez beste kontratu bat esleitu zen arte. Maiatza arte egindako gastua 85.869 eurorena izan da.
Epaitegi honen ustetan, Iurretako Udalak, 1etik 6ra bitarteko paragrafoetan aipatutako ez-betetzeak alde batera, zuzentasunez bete du 2012ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
2012ko abenduaren 31n Udalak BFAri itzultzeko 235.647 ditu, 2009 (136.090 euro), 2011 (49.570 euro) eta 2012ko (49.987 euro) ekitaldietako itunpeko zergetan (Udalkutxa) duen partaidetzaren geroraturiko likidazio kontzeptuan, 2013 eta 2014an gauzatuko direnak eta ekitaldi horietako aurrekontuetan erregistratuko direnak.
1.– Udalak 2001eko abenduan udalerriko Ondasun eta Eskubideen zerrenda 2000ko abenduaren 31n onartu zuen eta urte horrez geroztik, aurrekontuko kontabilitateak ematen duen informazioa baliatua, idazpuruetako saldo globalak aldatzen ditu. Alabaina, ez du bere ibilgetuan eragina duten egitate ekonomiko guztien kontularitzako erregistroa bermatuko duen jarraipenik egiten. Horregatik guztiagatik, ez dezakegu zehaztu ea ibilgetuko kopuruek 2012ko abenduaren 31n Udalaren ondasun eta eskubideen egiazko egoera islatzen duten.
Epaitegi honen iritzira, 1. paragrafoan xehatutako ez-betetzea salbu, Iurretako Udalaren Kontu Orokorrak alderdi esanguratsu guztietan erakutsi du 2012ko ekitaldiko ekonomia jarduera, 2012ko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren irudi fidela eta ekitaldian bere eragiketen emaitzak.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
– 2012ko ekitaldirako aurrekontu orokorra hasiera batean Udalbatzak 2012ko martxoaren 30ean onetsi zuen; ordea, arautegiak (10/2003 FAren 15.2 artikulua) behin-betiko urtea hasi aurretik onestea aurreikusten du.
– 2012ko Kontu Orokorra 2014ko otsailaren 5eko Udalbatzak onartu du 10/2003 FAren 63.4 artikuluan ezarritako epea gaindituz, uztailaren 31 baino lehenago onartzeko agintzen baitu.
– Ez zaio Osokoari eman alkateak onartutako kreditua gaitzeko espedientearen berri, Paduretako sektorea urbanizatzeko zamei dagokienez (10/2003 FAren 27.3 artikulua).
– 2012ko ekitaldiko gastuen aurrekontuaren kudeaketan Udalak ez ditu gastua baimendu eta baliatzeko faseak zuzen kontabilizatu, 6.ean salbu, 10/2003 FAren 40. artikuluak agintzen duen moduan.
– Udal talde politikoei egiten zaizkien izendapenak Aurrekontua Egikaritzeko Udal Arauan arautzen dira eta horien zenbatekoa baizik ez da zehazten; ordea, komenigarria litzateke horien norakoa arautzea eta hartzaileek kontuak aitortzeko bete behar dituzten irizpideak edo prozedurak zehaztea. Berebat, kasuren batean ordainketa ez da egin TAOALen 73.3 artikuluan ezarritako baldintzen arabera.
– «Beste zordun batzuk» eta «Hainbat jarduera unitateetako beste hartzekodun batzuk» aurrekontuz kanpoko kontuek saldo zaharrak hartzen dituzte, hurrenez hurren, 58.842 eta 186.011 euroren zenbatekodunak; horien eskagarritasuna berrikusi egin beharko litzateke.
– Kontularitzako erregistroari dagokionez, Udalak sarreren 3. kapituluan 77.723 euro kontabilizatu ditu, Arriandi auzoko lursail batean eraikigarritasuna areagotzeak sortutako gainbalioetan komunitateak duen partaidetzaren % 15 moneta bihurtzeari dagozkionak. Eragiketa zuzen erregistratzeko sarrera hori 6. kapituluan kontuetaratu behar litzateke.
III.2.– Zerga sarrerak.
– Zabor bilketa eta estolderia tasaren diru-bilketa Bilbao Bizkaia Uren Partzuergoak egiten du; alabaina, ez da dagokion eskuordetzea gauzatu.
– Udalak atzerapenez kitatzen ditu HILBIZari meneratutako zergapeko egitateak. Honela, bada, 2012ko ekitaldian zehar 2010. 2011 eta 2012ko urteetan zorpetutako kitapenak erregistratu ditu eta 2012ko abenduaren 31n kitatzeko eta erregistratzeko daude 2012ko ekitalditik eta lehenagoko ekitaldietatik eratorritako 15.281 euro.
III.3.– Langileria.
– Udalaren LZk ez du euskaltegiko irakasleari dagokion lanpostua barne hartzen, aurrekontuan zuzkitua dagoena; lanpostu hori obra edo zerbitzu jakinerako kontratu bitartez betetzen da, % 50eko dedikazioarekin, ikasturtea hartzen duen iraupenarekin; horrek EFPLren 14.1 artikulua urratzen du.
– Udalak 2012ko ekitaldian zehar pertsona bat kontratatu du 9 hilabetetan bitarteko lan kontratu bidez, Lanbideri eskaintzak eskatuta. Proposatutako izangaien arteko hautaketa Udalak egiten du aldez aurretik hautaketa hori egiteko zein irizpide baliatuko diren adierazi gabe eta egindako hautaketa justifikatu gabe.
– 2012rako aurrekontu-araudiak mugatu egiten ditu aldi baterako langileen kontratazioak eta aurreikusitako inguruabarretakoren bat gertatzen dela egiaztatzeko eskatzen du; egiaztapen hori, baina, ez da Udalak egindako aldi baterako 4 kontratazioetan jaso.
– Estatu mailan jarduteko gaitua dagoen funtzionarioarentzat gordetako artekari lanpostua hutsik dago. Lanpostuari atxikitako egitekoak Udal funtzionario batek betetzen ditu 2008ko ekitaldian Udalbatzak hartutako erabakiaz geroztik; ez zioten, baina, autonomia erkidegoko organo eskumendunari nahitaezko txostena eskatu lanpostua betetzeko interesa izan zezakeen estatu mailan jarduteko gaitua dagoen funtzionarioren bat ba ote zegoen galdetuz, 1732/1994 EDren 30. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako prozedurei jarraiki.
III.4.– Diru-laguntzak.
– Aztertu ditugun 5 diru-laguntza izendunen ez hitzarmenetan, ez emakida ebazpenetan ere ez da zehazten eskabidean jasotako garatu beharreko jardueren programa, ez eta onartutako aurrekontua ere. Diru-laguntza horiek 87.304 euro egin dituzte. Bestetara, diru-laguntza hauetatik 4tan, 78.304 euro egin dituztenetan, ez da jaso diru-laguntzen emakida aurreko artekaritza txosten aldekoa, diru-laguntzen emakida arautzen duen Ordenantzaren 11. artikuluak agintzen duen moduan.
– Aztertutako diru-laguntzetatik 2tan, elkarlehia sistema bidez 29.466 euroan esleitutakoetan, ez dago jasoa Udalak egiaztatu duenik diru-laguntzen onuradunek zerga obligazioak betetzen dituztela (DLOren 14. artikulua).
– Arautegiak agintzen du gutxienez iragarki oholean argitaratu behar direla diru-laguntzen emakida ebazpenak, banako laguntzak 3.000 eurotik gorakoak direnean (DLOren 18. artikulua); Udalak ez du betekizun hori betetzen.
III.5.– Kontratazioa.
Udalaren kontratazio administratiboa aztertu dugu eta iritziaren atalean aipatu ditugun ez betetzeak alde batera, honako alderdi hauek bereizi behar ditugu:
– Udalak ez ditu 2012ko abenduaren 31n dagozkion aginpideak ebatzi kontrataturiko kanpo zerbitzuak zuzen egikaritzeko, Udaleko kudeatzaileen eta kontrataturiko enpresako langileen arteko harremana argi utziko dutenak, uztailaren 13ko 20/2012 Errege Dekretu Legearen Xedapen Gehigarri 1.ak agintzen duen moduan.
Administrazio klausula partikularren pleguak
– 3 kontratutan (1, 3 eta 4 zk. espedienteak), guztira 1,9 milioi euroan esleitutakoetan, esleipen irizpide modura balioztatu ziren giza eta gauzazko baliabideak; horiek guztiak, ordea, esleipen irizpide soilik izan daitezke baldin eta horien beharra justifikatzen bada eta pleguetan jasotako kaudimen baldintza gutxienekoak gainditzen badira. Berebat, horietako batean, 233.935 euroan esleitu zenean (4. espedientea), modu orokorrean zehaztutako esleipen irizpideak jaso dira (obraren antolamendua eta lanerako programa, segurtasun kontrola), horiek balio-neurtzeko arau zehatzak finkatu gabe.
– Hiru kontratutan (1, 3 eta 4 espedienteak), 1,9 milioi euroan esleitutakoetan, pleguetan jasotako formulak hasiera batean irizpide horretarako aurreikusitako haztapena gutxitu egiten du. Gainera, ez da egiaztatu kontratugilearen profilean ez lizitazioa ez esleipena argitaratu direnik.
– 2012ko ekainean publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez bi kontratu esleitu ziren, bata 2012-2013 ikasturterako Kultur tailerrak antolatu eta kudeatzekoa (2. espedientea), eta beste bat «Iurretako udako tailerrak 2012» haurrentzako programa egikaritzea xede duena, hurrenez hurren, 58.102 eta 29.998 euroren zenbatekoan. Udalak bi zerbitzuak urtero kontratatzen ditu 1998az eta 2008az geroztik, hurrenez hurren; hori dela eta, egokiagoa iruditzen zaigu espediente horiek iraupen epe luzeagorako esleitzea; edo, are, biak batera lizitatzea.
Esleipena
– Orozketa I. faseko edateko ura hornitzeko sarea zabaltzea xede duen espedientean, 233.935 euroan esleitu zena (4. espedientea), balio judizioei meneratutako irizpideen balorazioak, balioztatuko diren alderdien gaineko deskribapen orokorra egiten du, baina ez ditu justifikatzen lehiatzaile bakoitzari esleitutako puntuazioak.
– Nahiz kontratazio mahaiaren osaera SPKLTBren 10. ataleko 2. XGn adierazitakoari egokitzen zaion, aztertutako hiru kontratutan (2, 3 eta 4. espedienteak), 1,6 milioi euroren zenbatekoan esleitutakoetan, kontratazio mahaia oker osatu da hainbat saiotan, ez baita bertako kide izan Udaleko idazkari edo artekaria.
– 1 eta 3 espedienteen esleipen hartzaileei eskatutako bermeak, 1,7 milioi euroan esleitutakoak, kontratuaren urteko bat oinarri hartuta kalkulatzen dira, esleipenaren guztizko zenbatekoa hartu beharrean.
Egikaritza eta harrera
– Orozketa I. faseko edateko ura hornitzeko sarea zabaltzea xede duen espedientean, 233.935 euroan esleitu zena (4. espedientea), egiaztagiri likidazioak obra unitate berriak jasotzen ditu, 23.159 euroren zenbatekoan; horiek aldaketa modura izapidetu behar ziratekeen eta kontratazio atalak onartu, SPKLTBren 234. artikuluak agintzen duen moduan.
Erosketa txikien eta beste kontratu batzuen analisia
– Erosketa txiki modura izapidetutako erosketak aztertu ditugu eta ikusi dugu 139.531 mila euroan egindako gastuak kopurua aintzat hartuta publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez izapidetu behar ziratekeela.
– Aurreko urteetan esleitutako zerbitzu emateko bi kontratu egikaritzen jarraitu dira beste berri batzuk 2012ko ekitaldian esleitu diren arte, kontratu mota honetarako ezarrita dagoen muga gaindituz. Bi zerbitzuen kontzeptuan egikaritutako gastua 2012an 127.370 eurorena izan da.
III.6.– Berankortasuna eta bestelako alderdiak.
– Udal artekaritzak ez ditu merkataritzako eragiketen ordainketarako aurreikusitako epeak bete izanari buruzko hiruhileko txostenak mamitu 2012ko ekitaldian, BFAri igorri behar zaizkionak; halaxe agintzen du merkataritzako eragiketetan berankortasunaren aurkako borrokan neurriak ezartzen dituen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen 4.3 artikuluak; lege honek abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldarazten du.
– Aztertutako kontratazio espedienteetan 224.309 euroren ordainketak egin direla ikusi da (aztertutako guztiaren gainean % 64); ordainketa horiek ezarritako epea batez beste 12 egunetan gainditzen dute.
– 2006ko abuztuan SAPU-R Paduretako jabeetako batekin hirigintzako hitzarmen bat gauzatu zen; bertan udalaren aprobetxamendu soberakinduna trukatu zen da Udalari tasaturiko 30 etxebizitza, ekipamendu-eraikin bat eta ibilgailuen lurrazpiko aparkaleku bat emanez, espedientean jaso gabe dagoela truke hori egiteko beharra.
– Ez da Jabetza Erregistroan jas alkateak 2012ko otsailaren 3an onartutako birsailkatze proiektua, San Migel UER-3 egikaritza unitatean garatu beharreko hirigintzako jarduerari buruzkoa, ekainaren 20ko 2/2008 LEDren 18.6 artikuluak agintzen duen moduan, Lurraren Legearen testu bategina onesten duena. Proiektu honen ondorioz sarreren aurrekontuko 6. kapituluan kontularitzan 854.421 euro erregistratu dira, batez besteko hirigintzako eraikigarritasunaren % 10aren lagapena moneta bihurtzeari dagozkionak, 2008ko azaroan izenpetutako hirigintzako hitzarmenean zehaztu zena.
IV.– Finantza analisia.
Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua.
Sarrera arruntak: % 9 egin dute behera aztertutako aldian eta azpimarratzekoa da 2012ko ekitaldian izan duen % 33ko beheraldia. Hona hemen bariazio nagusiak:
– Zerga zuzenak, zeharkakoak eta tasak: aztertutako aldian % 26 egin dute behera eta % 43 2012an, aurreko ekitaldiarekiko. Bariazio honen arrazoi nagusia da Tasak eta bestelako sarrerak kapituluan «Isunak» kontuak izan dituen bariazioak. 2010 eta batez ere 2011ko ekitaldian, udalak Udalaz gaindiko Ekipamendu Sistema Orokorra izeneko lursail batean hirigintzako arauak hausteagatik isunak ezarri zituen, EITBko instalakuntza zaharrak dagokion udal baimenik gabe erabiltzeagatik eta lanak eta erabilera berehala eteteko agindua ez betetzeagatik. Bada, 2010ean guztira 1,1 milioi euroren bost isun ezarri ziren; 2011n, 2 milioi euroren bederatzi isun eta 2012an, 224.999 euroren isun bat. Gainerako zergek behera egin dute 2012an 2011rekiko, nahiz OHZaren tipo zergagarriek % 3,2 egin duten gora eta JEZaren tarifek, % 2,3; izan ere, dagokienaz hurrengo urtean erregistratutako bi zerga horien likidazioak zeinu ezberdinekoak izan dira.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: diru-sarrera hauek % 29 egin dute gora aztertutako aldian, batik bat itunpeko zergetan parte hartzeagatiko aitortutako sarreren bilakaeraren ondorioz (Udalkutxa), aztertutako aldian hainbat oszilazio izan dituztenak. Honela, bada, 2011n % 51 egin du gora 2010eko likidazio positiboa erregistratu delako (116.174 euro); aldiz, 2010eko ekitaldian, likidazioa negatiboa izan da, Udalkutxa 2009koaren eraginez (531.277 euro). 2012an % 11 egin du behera, 2011ko likidazio negatiboa erregistratzean (107.158 euro).
Funtzionamendu gastuak: aztertutako aldian beherantz egin du, osotara % 10 murriztu delarik. Aldakuntza nagusiak honako hauek izan dira:
– Langile gastuak: aztertutako urte bakoitzeko murriztu egin dira, 2010 eta 2011n ezarritako soldata murrizketaren ondorioz, 2012ko abenduko aparteko soldata kendu izanaren ondorioz eta aldi baterako kontratazioak behera egin izanaren ondorioz.
– Ondasun arrunten erosketa eta zerbitzuak: magnitude honek % 8 egin du behera aztergai izan dugun aldian. Zehatzago esanda, 2011n egindako gastuak behera egin du aurreko ekitaldiarekiko, nagusiki, gastu juridikoek behera egi dutelako 43.078 euroan eta 2010eko ekitaldian erregistraturiko eraikuntza eskubideetatik eratorritako gastuagatik, 139.827 eurorenak. 2012ko ekitaldian 2011ko ekitaldiko maila berean eusten zaio gastuari.
Aurrezki gordina: magnitude honek % 3 egin du behera aztertutako aldian, 2010ean zuen maila berean kokatuz. 2011ko ekitaldian zehar aurreko ekitaldiarekiko igoera esanguratsua izan zuen, nagusiki, aurrez aipatu ditugun hirigintzako ez-betetzeengatiko isunen eta Udalkutxako kopuruak gora egin izanaren ondorioz. Alabaina, gogoan izan behar da isun horiek eragindako diru-sarrerak osorik hornitzen direla Geldikina kalkulatzeko. 2012an eskuratutako aurrezki gordinak ekitaldi horretan kitatutako sarrera arrunten % 18 egiten du.
Aurrezki garbia eta zorpetzea: aurrezki garbiak finantza zamaren ordainketari aurre egin ondoren erabilgarri geratzen den aurrezki gordinaren atala islatzen du (interesak eta zorraren amortizazioa) eta Udalak baliabide arrunten bidez inbertsioak finantzatzeko duen gaitasuna erakusten du. Finantza zama % 46 gehitu da aztertutako aldian, 2011 eta 2012ko ekitaldietan Udalkutxa 2009ko likidazio negatiboaren zati bat itzuli izanaren ondorioz; banku maileguen amortizazioek, berriz, ia aldagabe eutsi diote bere horretan. Zorpetze mailari dagokionez, horren kopuruak 2012ko ekitaldian kitatutako sarrera arrunten % 36 egiten du. Udalkutxako likidazio negatiboek zorretan duten kopurua jasotzen badugu (Udalak erregistraturiko 185.660 euro eta 2012ko likidazioko 49.987 euro, erregistratu gabeak), ehunekoa % 40 inguruan kokatzen da.
Kapital eragiketen emaitza: magnitude honek saldo negatiboa erakutsi du 2010 eta 2011ko ekitaldietan; aldiz, 2012an saldoa positiboa izan da, batik bat, inbertsioak besterenganatzeagatiko sarreretan izan den igoeraren ondorioz, urbanizazio kuotek eragindako sarrerengatik eta inbertsio gastuari eutsi izateagatik.
Eragiketa ez finantzarioen emaitza: 2011 eta 2012ko ekitaldiek, aurreko ekitaldiak ez bezala, saldo positiboa dute, sarrera arruntek izan duten igoeraren ondorioz eta gastuari eutsi izanaren ondorioz, batik bat, egiazko inbertsioen kapituluan.
Diruzaintza geldikina: magnitude honek aztertutako aldian saldo positiboa erakutsi du eta % 20 gehitu da. Esan beharra dago kobratzeko dauden diru-sarrerak jaso direla, 854.421 eurorenak, hirigintzako aprobetxamenduaren % 10ari dagozkionak. 2014ko apirilean, beste hitzarmen bat izenpetu da, ehuneko hori % 15era igotzen duena eta 152.608 euro eskudiruz ordaintzeko agintzen duena; gainerakoa, egikaritza unitatean lursail baten entrega eginez, zamarik gabea.
Ondorioa: Udal Administrazioek egiten dituzten inbertsioen balizko finantzaketa iturriak honako hauek dira: ekitaldi bakoitzean sortzeko gai diren aurrezki garbia, diruzaintza geldikinak eta diru-laguntza bidez edo zorpetze berri baten bidez eskura dezaten kanpoko finantzaketa.
2012ko ekitaldian zehar Udalak aurrezki garbi positiboa izan du, nahiz aurreko urteetakoa baino kopuru txikiagokoa. Edonola ere, aurrezki garbi hau Padureta sektoreko urbanizazio kuotengatiko diru-sarrerekin batera eta Diruzaintza Geldikinaren erabilera (220.190 euro) nahikoa izan da ekitaldiko inbertsioak finantzatzeko berriz zorpetu beharrik izan gabe. Gainera, Diruzaintza Geldikinak nabarmen egin du gora 2012ko ekitaldian zehar.
V.– Urteko kontuak.
Alegazioak
Iñaki Totorikaguena Sarrionaindia jauna, alkatea – Iurretako Udal txit goreneko udalburua, bere izenean eta ordezkaritzan jardunez, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 artikuluan ezarritako eskumenak erabiliz, agertzen naiz eta adierazten dut:
Udalari, urte honetako ekainaren bian 2012ko ekitaldiari dagokion behin-behineko fiskalizazioaren emaitzak jakinarazi zaizkio.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak emandako alegazio epea eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutakoa) 49. artikuluan xedatutakoaren arabera, alegazioak aurkezteko epeari gehitutako zazpi egun baliodunen arabera.
Otsailaren 5eko Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren 1/1988 Euskal Legeko 13.1 artikuluaren 2. puntuan xedatutakoaren eta bat datorren gainerako araudiaren eta oro har, aplika daitekeen legediaren arabera, eta horretarako ezarritako mugen barnean idazki honen bidez aurretiko txostenari egindako alegazio hauek aurkezten ditut:
Txostenaren ondorioei buruzkoak.
II.– Iritzia.
II.1.– Legezkotasunari buruzko iritzia.
Langileak.
II.1.1.– Lan-kontratudun langile mugagabeak, hainbat langileren bide judizialaren aurreko erreklamazioen aurrean.
Honako hauek zehaztu behar dira alde horretatik:
1.– Betetzen zuten lanpostuaren ohiko jarduera iraunkorrari dagozkio langileek egiten zituzten funtzioak, halako moldez non lanpostu estrukturala betetzen baitzuten Iurretako Udalean.
2.– Langileek betetzen zuten lan-jarduerak ez zuen ez autonomia ez arau-izaera propiorik, eta Iurretako Udalaren ohiko eginkizunak ziren.
3.– Langileek betetzen zuten jardueraren iraupena iraunkorra zen, udalari datxezkion funtzioak baitziren.
4.– Lan-kontratuetan ez zen zehazki aipatzen kontrataturiko obra edo zerbitzua den, ezta horien autonomia eta eduki-izaerarik ere.
Aurrekari horiek izanik, legearen eta jurisprudentziaren ikuspegitik, lan-kontratudun langile mugagabeak izatea aintzatetsi behar zitzaien langile erreklamaziogileei ordura arte betetzen zuten lanpostuan.
Horraino iritsita, eta aintzatespen horren ondorioak argi izateko, komenigarria da azaltzea langile finkoaren eta langile mugagabearen (ez plantillako langilearena) kontzeptuen inguruko jurisprudentziari buruzko azterketa.
Alde horretatik, langile finkoaren eta langile mugagabearen arteko ezberdintasuna (hau da, «plantillakoa ez den langile finkoa», edo «hutsik dagoen bitarteko langilea») betetzen duen plazaren titulartasuna bera da, halako moldez non langile finkoak duena ezin har baitaiteke inoiz hutsik dagoen plaza, berau behin betiko betetzeko. Langile mugagabeak betetzen duena, berriz, legez ezarritako prozeduraren bidez bete beharra dago. Zuzenbidearekin bat dator administrazioak gauzaturiko jarduketa, hots, lan-harreman mugagabe batekin lotuta dagoen langileak betetzen duen lanpostu hustzat hartzeko eginikoa, administrazioak plaza modu erregularrean betetzeko hartu beharreko neurriei dagokiena (AGE: 20-1-98, RJ 1000; 10-11-99, RJ 7843; 6-5-03, RJ 5765).
Langile finkoaren eta plantillakoa ez den lan-kontratu mugagabedun langilearen arteko bereizketari buruz jurisprudentziak duen posizioa argitzen hasi zen 1996ko urriaren 7ko AGE eman zenetik (RJ 7492), eta berretsi egin zen Auzitegi Gorenaren ondoko epaietan (AGE: 1996ko abenduaren 10ekoa, RJ 9139; 1996ko abenduaren 30ekoa, RJ 9864; 1997ko martxoaren 11koa, RJ 2312; 1997ko martxoaren 14koa, RJ 2471 eta 1997ko uztailaren 7koa RJ 6250, besteak beste, gaur egunera arte). Aipaturiko epai horietan, ondorio hau eman du Auzitegi Gorenak: administrazioko lan-kontratazioak, legez ezarritako prozedura alde batera utzita, honela hartzen dituela zerbitzu publikoan sartu diren langileak: «lan-kontratu mugagabearekin lotutako langileak». Arauzko hautaketa-prozedura gainditu duten langileak, aldiz, plantillako langile finkotzat hartu behar dira, aldi baterako langilearen eta langile finkoaren bitarteko zerbait (cfr, EAEko JAGEren 1997ko azaroaren 4ko epaia, AS 4482).
Jurisprudentzia horren atzean dago kontratu mugagabearekin kontrataturiko langileen nozioa, zeinekin egonkortasuna lortu baitu herri boterearekiko zerbitzuen erlazioan bide okerra erabiliz, hots, ez hautaketa-prozesuan egiaztaturiko merezimenduen bidez, beste izangai batzuekin berdintasunezko lehia askean, baizik eta erakunde kontratugilearekin aldi baterako lotura izenpetzean arau-izaeraren kontra jardunda – norberaren lagunei lanpostuak emateko agentzia gisa jardunda-, baina arau-haustearen larritasunak (Malagako JAGren 2000ko ekainaren 30eko epaia, 4152) edo emandako zerbitzuen iraupen luzeagoak edo laburragoak (Errioxako JAGren 2000ko ekainaren 20ko epaia, AS 2644) ez dute inolaz ere desitxuratzen jurisprudentziaren doktrina hori.
Anbibalentzia horren aurrean (sotila, baina bereizketa argia ez duena), Auzitegi Gorenaren Gizarte Gaietarako Salak, sala orokorrean bilduta, jurisprudentzia azken tesia garatu zuen 1998ko urtarrilaren 20ko eta 1998ko urtarrilaren 21eko AGEetan (RJ 1000 eta 1138), sakontasun handiagoarekin, halako moldez non, laneko arauak eta administrazio arauak batera daudela oinarri hartuta, honako premisa hauek ezarri baitzituen:
a) Lehenik eta behin, beharrezko zuzenbidearen arauen menpe nahitaez jarri beharra, administrazio lanpostuek oro har funtzionarioei ezarritako arauen menpe (erreserba orokorraren printzipioa) eta salbuespena lan-itunpeko langileei (araubide orokorreko lanpostuak mugatzeko printzipioa), 99/1987 AKEren doktrinarekin bat etorriz (12344-JF/0000 Legea) (AKA 1987, 99) eta egungo EBEPen bilduta (7/2007 Legea).
b) Bigarrenik, administrazioko lan-kontratudun langileen hautaketa berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioen menpe jarri beharra dago. Eta gainera, bermea da administrazioak interes publikoen zerbitzuan eraginkorra izan dadin.
c) Xedapen horiek posizio berezian uzten dute administrazioa, zeren eta ez baita baliozkoa lanaren gaineko araudia baldintzarik gabe aplikatzea aldi baterako kontratazioari buruzko irregulartasunak direnean, interpretazio integratzailea behar duten bi ordenamendu ezberdin (laneko eta administrazioarena) izan behar direlako aintzat.
Hala, laneko arauak interes pribatuak babesten dituen bitartean (gizarte interesak ere defendatzen dituen arren), administrazio legeriak interes publikoen alde egiten du, maila konstituzionalekoen alde (berdintasuna enplegu publikoa eskuratzean eta administrazioaren jarduketaren eraginkortasuna interes orokorren zerbitzuan).
Gatazka konpontzeko, arau berezia nagusitu behar da, administrazioko lan-kontratazioaren espezialitate berari eta arauak babesten dituen interesei erreparatuta betiere.
Horregatik guztiagatik, legeak kontratatzea debekatzen duenean edo kontratua arau berezia urratuta gauzatzen denean, arauaren bidez nahi duen ondorioa ezin izan daiteke kontratua finkotzat hartzea, «mugagabe»tzat baino (1998ko urtarrilaren 20ko AGE).
1998ko urtarrilaren 20ko AGEn nolabaiteko saiakera egiten da bi nozioak bereizten, honelaxe: lan-kontratu «mugagabeak» berekin dakar denboraren menpe zuzenean edo zeharka egotea, horrek ez du esan nahi finkoa denik ezinbestean; aipaturiko inguruabar hori gerta daiteke soilik hautaketa-prozesua gainditu duen langilea denean. Horrek ondorio bat dakarrela gehitu du: plaza ondoren lege prozeduraren bidez betetzen bada eta aukeraturiko hautagaia ez bada kontratu mugagabe ez finkoa zuen aurreko bera ez bada, administrazioak ahalmena izango du lan-lotura desegiteko.
Auzitegi Gorenaren tesi hori mantendu eta berretsi egin du orain artean behin betiko tesia berresten duen epai multzo batean.
Hori guztia digresioa besterik ez da finkoak ez diren langile mugagabeei aplikatu beharreko marko juridikoaren inguruko gogoetak egiteko.
Azaldutakoa ikusita, badirudi argi dagoela Herri Administrazioan hiru langile motak eman ditzaketela zerbitzuak: lan-kontratudun langile finkoak, aldi baterako lan-kontradun langileak eta plantillan finkoa ez den lan-kontratudun langile mugagabeak. Lehenbiziko bi kasuetan kontratugilearen eta kontratatuaren eskubide betebehar sorta argia bada ere, ez da gauza bera gertatzen plantillako finkoa ez den kontratu mugagabearen bidez erakunde publikoarekin lotutako langileekin. Horrexegatik da hain garrantzitsua zein diren erabaki eta zelan osatzen den jarraikortasuna eta, hala denean, lan kontratua desegitea.
Gaia aztertzeko aurretik honako gogoeta hauek egin behar dira:
a) «Finkoa» eta «mugagabea» bereizketak ez dio eragiten lan kontratuaren modalitatea iraupenaren araberako kalifikazioari, zeren eta kontratu mugagabeak –finkoak bezalaxe- berekin baitakar denboraren menpe ez egotea (1998ko urtarrilaren 20ko AGE, RJ 1000). Langileak administrazioarekin duen posizio subjektiboaren kalifikazioari eragiten dio bereizketak, halako moldez non «plantillako langile finkoak» baititugu –hots, arauzko prozeduraren bidezko kontratuak- eta «plantillakoa ez den lan-kontratu mugagabearekin lotutako langileak», horrelako prozesurik gainditu ez dutenak.
Horrenbestez, hona hemen bereizketaren oinarria: lehenengoek «plantillako finkotasuna» dute eta bigarrenek, berriz, ez: finkotasunak lanpostuan duen egonkortasuna bermatzen dio langileari, zeren eta lan-harremanaren izaera mugagabea loturaren inguruan aldarrikatzen baita, ez langilea berez den horretan.
b) Dagoneko esana dugunez, kontratuetako irregulartasunetan nahiz aldi baterako kontratazioan gertaturiko lege iruzurretan aplikatu behar da doktrina, baina ETren 15.5. artikuluko kasuetan eta langileen legez kontrako utzaraztea (ETren 43. artikulua) eta enpresa subrogazioa araupetzen duten arauen inposaketaren zioz plantillan sartzeko kasuetan ere bai (ETren 44. artikulua).
Bestalde, laneko lotura desegitearen gaineko araubide juridikoan, plantillakoa den kontratu mugagabe ez finkoa duen langileak mugatuta du lanpostuan irautea, harik eta berak duen plaza bete artean, betiere legezko eta arauzko prozeduraren bidez. Horren oinarria hauxe da: praktikan hutsik dagoen plazaren bitarteko kontratuaren modalitatea izatea. Edozelan ere, kontratu mugagabea, plazen deialdia Enpleguko Eskaintza Publikoaren bidez egindakoan, titularraren utzaraztea gertatzen da, salbu eta langile mugagabeak berak prozesua gainditzen badu. Izan ere, formula hori da langilearen egoera finkatzea ahalbidetzen duen bakarra, langile mugagabea izateak ez baitu salbuesten eraginpeko langilea lehiaketetan eta probetan parte hartzetik, bere lanpostuan finko izatea sendotu nahi badu. Hartara, bada, ez dago langile horren mugagabetasuna aintzatesterik probaren edo lehiaketaren emaitza beste hautagai baten aldekoa bada (1998ko azaroaren 10eko AGE, RJ 9542). Alabaina, baliteke kontratua amaitzea plazaren amortizazioagatik; hala gertatuko da lanpostua ez dagoenean erakundearen plantillan eta lanpostuen zerrendan sartuta, edo zerbitzu publikorako beharrezkotzat jotzen ez denean.
Horrenbestez, langileek beren aurretiazko erreklamazioetan azaltzen zituzten inguruabarrak, lan-kontratuak eta funtzioak bat zetozen Iurretako Udalean benetan eman izan dituzten zerbitzuekin, eta azaldutakoari jarraiki, lan-kontratudun langile mugagabeak izatea aintzatetsi behar zitzaien langile erreklamaziogileei, harik eta haren plaza behin betiko betetzen den arte, betiere legezko edo arauzko prozesua izapidetu baino lehen, edo hala denean lan-kontratuak bukatu arte plazen amortizaziogatik.
II.1.2.– Lan-kontratudun langile mugagabetzat aintzatestea zerga-bilketa eta arkitekto zerbitzua bete izan duten pertsonak.
II.1.2.1.– Zerga-bilketa zerbitzuari dagokionez.
Zerga-bilketa lanak egiten dituen pertsonari lan-kontratudun langile mugagabe aintzatesteari dagokionez, Bilboko Gizarte Gaietarako 3 zenbakiko Epaitegiaren 2012ko azaroaren 29ko Epaiak oso-osorik dakarrenari lotuko gatzaizkio (1. agiria), hain zuzen ere nahitaez betebeharrekoa den horri. Laburtze aldera, emandakotzat joko dugu epai horren edukia (1.
II.1.2.2.– Udal arkitekto aholkulariari dagokionez.
Langile erreklamaziogileak zerbitzuak eman izan ditu Iurretako Udaletxean udalaren arkitekto aholkulari.
Hasiera-hasieratik egin izan du lan arkitektoak udalaren bulegoetan, Udaletxeko bigarren solairuan hain zuzen ere. Bertan zeuzkan lan-mahaia, aulki ergonomikoa eta balizko bi siamdar aulki bisitetarako, batzarretarako mahai biribila bi aulkirekin, liburutegia, armairu baxua, ordenagailua eta osagarriak, telefonoa, interneteko konexioa eta Udalaren intraneta espedienteen egoera begiratzeko programa espezifikoekin eta ofimatika eta marrazketa programekin. Lanerako material guztia udalarena da, eta bere ardura zen materiala erostea, mantentzea eta garbitzea.
Bulego teknikoko solairuan, udal aparejadorea eta honako hauek egiten zituen bi administrazio laguntzaile zeuden: txostenak, aurrekontuak, bidalketak, aurrekontuak, dokumentuak, espedienteen kontsulta eta antolaketa, katastroa, erregistroa eta bere eginkizunetan bete ohi zituen gainerako lan guztiak. Gainera, udalaren gainerako instalazio komunak ere erabili izan ditu bere lana egiteko beharrezkoa izan denean, udalaren gainerako langileen legez.
Ondorio horietarako, 1990. urteko urtarrilaren 1etik hasita eta etengabe, urteko zerbitzuen errentamendu-kontratuak egin izan ditu arkitektoak udalarekin, udal arkitekto aholkulariaren eginkizun hauek betetzeko hain zuzen:
a) Bere funtzio teknikoekin loturiko gaien gaineko informazioa eta irizpenak ematea, bereziki indarreko Lurzoruaren eta Hirigintzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legeak zehazturiko era guztietako hirigintza-espedienteen lizentziei buruzkoak.
b) Udal mugapean eginiko obrak ikuskatzea, emandako lizentzien terminoei eta baldintzei lotzen zaizkiela egiaztatzeko.
c) Agindutako udal zuzendaritza teknikoko eginkizunak bere gain hartzea, hirigintza teknikoaren eta arkitektonikoaren aldetik, udal zerbitzuen eta bulegoen antolaketan bertan aplikatuak.
d) Alkateari eta udal agintariei eta funtzionarioei laguntzea eta aholkuak ematea herri erakundeetara eginiko ikustaldietan. Halakoetan, Iurretako Udalaren pentzura izango dira bidaien gastu guztiak.
e) Balio estetikoak, historikoak, artistikoak edo kalifikaturiko tokiko balioak zaintzea eta hobetzea, balio horiek sailkatuz eta aztertuz, baita monumentu arkitektonikoak eta auzuneak eta hiriko elementu naturalak zaintzea eta zaharberritzea ere.
f) Udal obren eta urbanizazioen proiektuak egitea, zuzentzea eta artatzea, bereziki honako zerbitzu hauek ezartzeko, handitzeko edo hobetzeko: saneamendua, ur-hornidura, argindarra, argiteria, gasa, komunikazioa, hornidura, zabor bilketa, suteen kontrako zerbitzua; aberastasun naturalak, meategiak, nekazaritza, mendiak, zuhaitzak, parkeak eta lorategiak eta antzeko beste batzuk artatzea, zaintzea, antolatzea edo ustiatzea; aipaturiko zerbitzu horiek ikuskatzea enpresa edo erakunde partikularrek betetzen dituztenean edo legeetan ezarritako moduan aritzea lankidetzan.
g) Industria pribatuak ikuskatzea, beren garapen ordenatua errazteko eta gogaikarriak, arriskutsuak edo osasungaitzak eta herri segurtasunerako edo osasunerako kaltegarriak izan daitezkeenak ekiditeko edo zuzentzeko.
h) Higiezin, orube, arielen balio-gehikuntza edo zenbatekoen gaineko tasazioak, baita administrazioak agindutako antzeko bestelako eginkizunak ere.
i) Tokiko udalbatzaren ordezkaritza teknikoa izatea indarreko legerian ezarritako erakundeetan, batzetan, batzordeetan edo lehiaketetan eta udalbatzen egokitasunean.
j) Oro har tokiko udalbatzak arkitekturaren eta hirigintzaren arloan behar dituen lan, kontsulta edo txosten guztiak.
Bestalde, zerbitzuak eman izan ditu arkitekto aholkulariak Iurretako Udalarentzat: laguntasuna emanez Udalaren Bulego Teknikoari astean bost egunetan eta gutxienez laurogei lan-ordu eskainita hilean kontrataturiko zerbitzuan. Hona hemen haren lan-ordutegia: hasiera 10:30ak eta 11:20ak bitartean eta amaiera 14:30ak eta 15:00ak bitartean, edozein udal langileri onartutako irteera eta sarrera malgutasunarekin eta hasieran eta amaieran fitxatuz. Bestalde, lan-egutegia gainerako udal langileen antzekoa da, eta are gehiago: egun libreak, baimenak edo oporrak gozatzeko, udalaren arduradunen baimena eskatu behar zuen, eta arduradunek onartu egiten zioten eskaera, udalak zituen beharrek horretarako modua ematen zutenean.
Ikuspegi juridikotik, Justizia Auzitegiak behin eta berriz ezarri duenez, lan- harremana den ala ez erabakitzeko (arkitekto aholkulariak defendatzen zuen moduan), edo bestela kontratu zibila edo administratiboa den, erabakigarria ez da aldeek kontratuari emandako izena, baizik eta harreman horren izaera erabakitzeko garrantzizkoena dena: Auzitegi Gorenak epai askotan adierazi izan duen moduan, besteak beste 1989ko urriaren 23koan (Ar 7310): «gauzaturiko egintzek beren burutzapenean adierazitako edukiaren errealitatea nagusitu behar zaio aldeek kontratua idatziz ematen dioten izenari».
Doktrina hori oinarri hartuta eta arkitekto aholkulariak aurretiazko erreklamazioaren oinarrietan aipaturiko inguruabarrak kontuan izanik, Langileen Estatuko 8.1. artikuluan ezarritako lan presuntzioa nagusitu behar da, baina artikulu horretan baldintza bat bete beharra dago: zerbitzuak borondatez, inoren kontura, mendekotasunean, modu pertsonalean eta ordainsariak jasota ematea, zeren eta ezaugarri horiek guztiak betetzen baitira kasu honetan.
Kontratazioa.
II.1.3.– Hiriko garbiketarako kontratua (3. Espedientea). Administrazio kontratu berezitzat hartzea.
Ez da zaila ebazten administrazio kontratu bereziak eta zerbitzuen kontratuak bereizteko eginkizuna.
Administrazio kontratu bereziaren ezaugarrietako bat kontratuaren xedeko prestazioen heterogenotasuna da, zeren eta, prestazio horiek heterogeneoak edo bateratuak badira, galarazi egiten baita zerbitzu kontratutzat, eta administrazio kontratu berezira jo beharko da.
Izan ere, Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bateginaren 19. artikuluak, herri administrazioarekin eginiko obra-kontratuek, obra publikoa emateko kontratuek, zerbitzu publikoen kudeaketa, hornidura eta zerbitzu kontratuek eta lankidetza publiko eta pribatuko kontratuek administrazio izaera dutela adierazi ondoren, honelaxe definitzen ditu administrazio kontratu bereziak b) atalean:
«Arestian azaldutakoa ez bestelako xederako kontratak, baina administrazio izaerakoak izan behar dute, kontratugilearen trafikoarekin lotuta daudelako edo haren eskumen espezifikoko xede publikoa zuzenean eta behinean betetzen duelako...»
Aztergai dugun kontratuan, kontratu berezia dugu, zeren eta udal eskumenak zuzenean eta behinean betetzearekin lotuta baitago, eta bideak garbitzeaz gain, honako hau ere badu xede: «saneamendu publikoko bestelako jarduerak eta antzekoak burutzea Iurretako udal-mugartean», kontratazioa arautzen duen baldintza teknikoen pleguko 12. artikuluan zehazten den moduan. Horrela, garbitasun lanetaz gain, bide publikoan eta udalerriko gainerako lekuetan azaltzen diren animalia hilak handik kentzea (12.S. artikulua), edo eta produktuak zabaltzea (gatza edo beste produktu egoki batzuk) elurra urtzeko edo oinezkoentzako pasabideak, udalaren eraikinetarako sarbideak, kiroldegi eta eskoletarako sarbideak eta, bereziki, oinezkoentzako pasabideak eta edukiontzien estalkiak eta inguruak izoztu ez daitezen (12.W. artikulua). Garbitasun lanak baino gehiago diren zerbitzuak, beraz. (ikus HKEEren 1. oharra dokumentuaren bukaeran).
II.1.4.– Argindarra hornitzeko zerbitzua.
Esan beharra dago ezen, apirilaren 3ko 485/2009 Errege Dekretua dela bide, prozesu publiko bat ezinbestean martxan jarri beharra ezarri zela, non argindarra merkaturatzen duten enpresa guztiak lehian aritzeko modua baitute. Hori aldarrikatzeak agertoki berria ekarri zuen berekin, hain zuzen marko juridiko berritzailearen ondoriozko eskakizun berrietara egokitzeko trantsizio-aldia behar zuena eta behar duena.
Praktikak erakusten duenez, udalerrien % 40ek baino gehiagok ez dute oraindik kontratazio berria egin, hainbat faktore dela bide:
– Elektrizitate konpainia hornitzaileek parte hartzen ez dutela egiaztatzea.
– Baldintza teknikoen agiriak udalaren eskumeneko zerbitzuen, eraikinen, instalazioen eta urbanizazioen etengabeko aldaketetara eta eskakizunetara egokitzeko zailtasuna. Hori dela-eta, auditoria egin behar izaten da udalaren argindarraren kontsumoari, hornidura-tokiei, kontsumo orduei, eta abarri buruzko informazio zehatza lortzeko.
– Tarifa sistemaren etengabeko aldaketak; ziurgabetasuna dakarte aukeratu beharreko ereduaren gainean, halako moldez non merkatuak eta tarifak ezartzeko sistemak egonkortasuna lortzearen zain egon behar baita.
Alabaina, Iurretako Udalaren asmoa da kontratazio prozesu egokia abiaraztea, publizitate eta lehia printzipioei lotuta.
II.1.5.– Aholkularitza juridikorako kontratua. kontratuaren iraupena. eginiko gastua. lizitazioa.
Sektore publikoaren kontratuen iraupenak kontuan izan behar du prestazioen izaera.
Sektore Publikoaren Kontratuen Legean beti ezarri izan da «bere beharrei egoki erantzuteko iraupen zehatza izango dute Administrazioaren defentsa juridiko eta judizialerako kontratuek» (SPKLren 303.3 artikulua).
1990eko urtarrilaren 2ko laguntza juridikorako kontratuak indarrean jarraituko du kontratua gauzatu eta biharamunetik hasita, eta amaitutakoan, berrikusi egin liteke eta berdinean luzatutzat joko da aldeek ekimen hori baliatu ezean.
Hortaz, administrazioak kontratua luzatzeko egoerari eusten dion azter dezake eta aztertu behar du «bere beharrei egoki erantzuteko».
Horrenbestez, HKEEk egiten duen interpretazioa juridikoki okerra da, eta gertaerei dagokienez, ez dator bat errealitatearekin, hori guztia atzera eraginezko fiskalizazioa egoteari kalterik egin gabe, urte asko atzera eginez, 1990. urtera arte hain zuzen.
Eta HKEEren interpretazioa errealitatearekin bat ez datorrela diogu, 1990eko aholkularitza juridikoaren kontratua ez baitzen iraunkorra, baizik eta 1996. urtean desegin egin zen. Gainera, KHEEk ez daki 1990az gero hainbat talde juridikok hartu dutela beren gain Udalaren defentsa juridikoa eta judiziala.
Eginiko gastu juridikoari eta lizitazioa egin beharrari dagokionez, azaldutakoaz gain, esan beharra dago ez dela bidezkoa sartzea laguntza juridikoaren kontratuan udalaren epaiketan hainbat defentsa lan espezifikoki betetzea.
Izan ere, laguntza juridikoaren kontratuaren barruan sartzen dira aholkularitzako ohiko zerbitzuak: Txostenak ematea, idazkien ereduak idaztea, presentziazko aholkularitza, etab., baina horren zenbatekoak ez du gaindituko inolaz ere Sektore Publikoaren Kontratuen Legeak kontratu txikirako ezarritako muga eta, beraz, legezko kontratazioa da.
Beste kontu bat da, esana dugunez, udalaren epaiketan defentsa agintzea, gai judizial bakoitzerako enkargu espezifikoen bidez eginikoa.
Gai judizialetarako kontratu horietako bakoitzak ez du gainditu kontratu txikiaren muga ekonomikoa eta, beraz, legearekin bat dator erabat.
2012az gero, urteko iraupenarekin egiten da ohiko laguntza juridikorako enkargua, betiere kontratu txikirako muga ekonomikoa gainditu barik.
II.1.6.– Udalaren bulegoak garbitzeko kontratua.
Aurretiaz komeni da argitzea 1997az gero hainbat zentrotan egiten baitira udal bulegoak garbitzeko kontratuak.
1997ko urtarrilaren 1eko kontratuak bederatzi (9) udal bulego hartzen ditu.
1997ko uztailaren 30eko kontratuak Maiztegi Artzapezpikua Herri Ikastetxea hartzen zuen bere gain.
2000ko abenduaren 29ko kontratuak Udalaren Kultur Etxea garbitzeko zerbitzuan barne hartzen zuen.
Kontratuen sakabanaketa horregatik gertatu zen udal bulegoen zerbitzuen lizitazioa eta esleipena, 2012an, modu bateratuan eta prozedura irekiaren bidez.
Kontratazioaren arloko ondorio gisa esan daiteke ezen Iurretako Udalak bete egin duela lege araudia 2012. urteko ekitaldian; izan ere, aurreko hamarkadetan izandako irregulartasunak konpondu ditu.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
II.2.1.– Udalbatzaren ondasun eta eskubideen inbentarioari buruz.
Udal honek Udal ondasun eta Eskubideen Udal Inbentarioa 2001ean onetsi zuela esaten da, eta ordutik saldo orokorrak aurrekontu-kontabilitateko datuekin aldatzen direla, «bere aktibo ibilgetuetan eragina duten egitate ekonomiko esanguratsu guztien» kontabilitateko erregistroa bermatuko duen jarraipena burutu gabe. Horregatik, dioenez, ezin daitezke zehaztu aktibo ibilgetuko saldoek 2012-12-31n Udalak duen ondasun eta eskubideen benetako egoera zehazten duten ala ez.
Udala, errespetuz, ez dator bat ondorio horrekin, honako arrazoi hauengatik:
a) Iurretako Udalak inbentarioan gertatzen diren zuzenketak aldizka onesten ditu (altak, bajak eta aldaketak) Osoko Batzarrean.
b) HKEEk akatsak daudela suposatzen du eta akatsak daudela eta aktibo ibilgetuan eragina duten «egitate ekonomiko esanguratsuak»ez direla zenbatu uste du. Lehenago, ordea, Udalaren aktibo ibilgetuan eragina duen «edozein egitate esanguratsuk», duen berezko izaeragatik, alderdi juridikoa du; erosketa, salmenta, lagapena, trukatzea, etab. izango da. Ezin dira ulertu negozio juridikoren batean parte hartzen duten edo izaera juridiko zehatza duten egitate ekonomiko esanguratsuak.
c) Eta hori horrela bada, nahitaez, ondare-edukia duten egitate juridiko garrantzitsuak aurrekontu-kontabilitatean islatzen dira, eta ondorioz inbentarioko saldoan.
d) Horregatik, gure ustez HKEEk ezinbestez egon behar ez diren akatsak daudela ziurtzat jotzen du –gutxieneko akats estatistikoa alde batera utzita.
e) Azkenik, izatekotan gomendioa izan beharko litzatekeela uste dugu, fiskalizazio-txostenaren aurkako erabakia baino, kontua ez baita ondare-materialaren arloan legezkotasuna ez dela bete, ondare informazioko segurtasun-kontrolerako sistemak optimizatzea baizik, gauza ezberdinak dira.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurari buruzko gogoetak.
III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
III.1.1.– Osoko batzarraren onespen datari buruz.
Egia da ez dela behin betiko onetsi urtea hasi baino lehen, baina EAEko udalik gehienetan gertatzen da. Bi alderdirengatik gertatu da:
1.– Sailean dagoen gehiegizko lana, eta.
2.– Osoko Batzarrean Aurrekontuaren onespena ziurtzat jotzea ahalbidetzen duten gehiengo politikorik ez egotea Alkatetzak eratutako proiektuaren arabera. Aurrez, aldiz udal-taldeekin negoziatu behar da adostasun egokiak lortzeko. Muga horiek ezagutu egin behar dira.
Dena den Aurrekontuaren hasierako onespena zentzuzkotzat jo behar da, bestalde, urtarrilaren 1ean behin betiko onetsita ez egotea arazoa izan ez dadin, jakina denez, aurreko ekitaldiko luzatutako Aurrekontua erabiltzen baita automatikoki.
III.1.2.– Ekitaldiko kontu orokorraren onespen datari buruz.
Berriz ere, atzerapena Sailean dagoen gehiegizko lanagatik da, eta aurrekontu-egonkortasunari buruzko araudia indarrean sartzeak ekarri duen lan izugarria azpimarratu behar da.
III.1.4.– 6. atalean izan ezik, a eta d faseak ez zenbatzeari buruz.
Giza baliabideen urritasunagatik ADO faseak pilatu egiten dira, gastua onetsi eta obligazioa aitortu ostean, 6. atalean duten garrantzia kuantitatiboagatik izan ezik; funtsean, ez da kaltetzen udal-kontabilitateak eskaintzen duen irudi zehatza.
III.1.5.– Talde politikoei egindako esleipenei buruz.
a) Txostenean bertan adierazten den bezala, kontua ez da legea ez betetzea, baizik eta, Udalak erabilera arautzeko eta hartzaileek kontuak emateko irizpide edo prozedurak arautzeko gomendioak dira.
b) Udal honek, inguruko udal gehienek bezala, esleipenen zenbatekoa onetsi baino ez du egin. Erabilerari dagokionez, legez ezarrita dago Tokiko Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 73.3 artikuluaren 3. paragrafoan:
Korporazioko osoko bilkurak diru-zuzkidura bat izendatu dezake talde politikoentzat korporazioko urteko aurrekontuen kontura; osagai bat finkoa izango da, talde guztientzat berdina, eta beste osagaia aldakorra, talde bakoitzeko kide-kopuruaren arabera, Estatuko aurrekontu orokorren legeetan orokorrean ezar daitezen mugen barruan; eta ezin izango dira erabili korporazioaren zerbitzura diharduten ezelango langileen lansariak ordaintzeko, ez eta ondare moduan aktibo finkoak eratzeko balio dezaketen ondasunak eskuratzeko ere.
c) Kontuak emateko prozedurak ere Legean ezarrita daude; hauxe ezartzen da 7/1985 Legearen 73.3 artikuluko 5. paragrafoan:
Talde politikoek aparteko kontabilitatea eraman behar dute 3. paragrafoko bigarren idatz-zatian aipatutako zuzkidurari buruz, eta korporazioko osoko bilkuraren eskura jarri beharko dute hark eskatzen dienean.
Gainerakoan, gastu horien fiskalizazioa, Udalbatzaren gainerako gastuak bezala, HKEEren beraren eta Esku-hartzailetzaren eskumena dira.
III.1.6.– Antzinako saldoak dituzten «beste zordun batzuk» eta «jarduketa unitateetako beste hartzekodun batzuk» aurrekontutik kanpoko kontuei buruz.
Egiaztatu gabeko saldo historikoak dira.
III.1.7.– Arriandi auzoko lurzatian eraikigarritasuna gehitzeagatiko aprobetxamenduaren % 15eko monetarizazioa 6. Atalean zenbatu ordez, 3. Atalean txarto zenbatzeari buruz.
Dirudienez, oker isolatua izan zen eta ez du eraginik izan kontuen oinarrian, izan ere, gastu korrontea gehitu egin baita okerraren eraginez. Ondorioz, okerra zuzendu ondoren, udalaren egoera ekonomikoa egonkorragoa dirudi.
III.2.– Diru-sarrera fiskalak.
III.2.2.– Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari dagoikonez.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari dagokionez, HKEEren oinarrizko oker juridikoa dagoela uste dugu, udalaz gaineko erakunde horrek zerbitzuak eskaintzeko ez baita behar eskuordetze-akordiorik -HKEEren txostenean adierazten den bezala- erakundearekiko atxikimendu-akordioa baizik, gauza ezberdinak dira. Beraz:
Bilbao - Bizkaia Ur Partzuergoko Estatutuak aztertu ondoren, 1. artikuluan Iurretako Udala Partzuergoko kide dela agertzen da, eratu zenean, beste udal batzuekin batera, segidan sartu baitzen. Egoera hau erakundearen web-orrialdean ikus daiteke, helbide honetan:
http://www.consorciodeaguas.com/web/Normativa/pdf/estatutosconsorcioc.pdf
Izan ere, Bilbao – Bizkaia Partzuergoan sartzeko akordioa 1999-02-19an hartu zen. Une horretatik aurrera, uren zerbitzua partzuergo gisa eskaintzea onartu zuen, eskuordetze-akordio gehigarrien beharrik gabe; gutxienez lehen mailako sarean. Bigarren sarerako eskuordetze-akordioa badago eta 2008-05-30ekoa da.
Beraz, eta esan bezala, Iurretako Udala Partzuergoko kide da dagoeneko. Partzuergoaren funtsezko helburua Ur Hornidura eta Saneamenduaren zerbitzuak eskaintzea da, osatzen duten udalerrien lurralde-eremuan (Erakundearen estatutu sozialetako 6.1 artikulua) ez da eskuordetze-ekintza gehigarririk behar, esan bezala, dagoeneko erakundeko kide baita. HKEEren oker kontzeptuala dela uste dugu: eskuordetzeak eskumen ezberdinak dituzten administrazioen artean bakarrik du zentzua, baina ez era mankomunatuan edo partzuergo gisa udalaz gaineko erakundea osatzen duten udalei zerbitzua eskaintzeko.
Gehigarri gisa, eta Partzuergoko Estatutuetako 7.1 artikuluaren arabera, Partzuergoak berak berehala beteko ditu kide diren udalerri guztietan oinarrizko sarean hornikuntza eta saneamendu zerbitzuak eta bigarren mailako sarerako abonatuen kudeaketa. Beraz, nahikoa da erakundeko kide izatearekin eskuordetze-akordiorik behar gabe. Bigarren mailako sareen ustiapen, mantentze-lan eta berrikuntzarako nahikoa da eskaera egitearekin (Partzuergoaren 7.2 artikulua).
Azkenik, Partzuergora udal berriak sartzea 41. artikuluan xedatutakoaren arabera arautzen da.
Horregatik guztiagatik, ohar okerra dela uste dugu, Ur Partzuergoko kide izateak erakundeak estatutuetan ezarritako zereginak burutzea baitakar, kide den udalaz gaineko erakundearekin eskuordetze-akordioaren beharrik gabe.
III.2.3.– Hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergaren likidazioetan (gainbalioa) atzerapenei buruz.
Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko zergaren likidazioetan (Gainbalioa) atzerapenak daudela esaten da, 15.281 euroko likidazioak hain zuzen ere. Helburu horretarako honako hau hartu beharko litzatekeela kontuan uste dut:
Berriz ere, Zerga horrengatiko aitortutako eskubide garbien guztizko kopurua 108.117,81 eurokoa dela nabarmendu beharko litzateke (akats edo omisiorik ezean), eta HKEEk adierazten duen kopurua, 15.281 euro, guztizkoaren % 14,13 da, hots, nire iritziz ez da oso kopuru esanguratsua.
Kontzeptu honengatiko edo beste edozein kontzepturengatiko likidazioak ez badaude behar bezala eguneratuta, Saileko langileek duten gehiegizko lanagatik da, eta hala ere zorroztasun eta profesionaltasunarekin modu oso onargarrian betetzen dituzte, batez beste, agindutako betebeharrak.
Azkenik, ez dira udaleko diru-kutxak kaltetu zerga-zorren behin-behineko preskripzioagatik, beraz gorabehera txikitzat hartzen da.
III.3.– Langileak.
Lanbideri eskaintzak eskatu ostean udalak 2012ko ekitaldian egin zuen bitarteko-izaeradun lan-kontratuari dagokionez, egia da ez zela balorazio-irizpideak zehazteko akta formalizatu proposatutako hautagaiak aukeratu aurretik. Dena den, bazeuden eta Lanbideri jakinarazi zizkioten, 2012ko irailaren 25eko 1.135 zenbakidun alkatetza dekretuak, honi atxikirik doanak, argi erakusten duen legez. (2. agiria).
Hirugarren paragrafoan ageri den aldi baterako langileen kontratazioari dagokionez, lau kontratazio horietatik bi, zehazki Liburutegiko Arduradunarena eta Kultur Etxeko Laguntzailearena, 2012ko urtarrilaren 25ean eta otsailaren 20an egin ziren, hurrenez hurren. Horrenbestez, eta kontuan izanda 2012. urterako Estatuko Aurrekontu Nagusiei buruzko ekainaren 29ko 2/2012 Legea ez zela indarrean sartu zegokion ekitaldiko uztailaren 1era arte, ezinezkoa litzateke azken honen artikuluek eskatutakoa betetzea. (Ikus HKEEren 2. oharra dokumentuaren bukaeran).
Auzitegiak gaikuntza nazionaleko funtzionarioarentzat gordetako kontu-hartzaile postuaren inguruan duen iritziari dagokionez, beharrezkoa da ondorengoak kontuan izatea:
a) Kontu-hartzaile postua bete gabe dago 1990. urtean Iurretako Udala sortu zenetik, Durangotik desanexionatu ostean.
b) Euskal Autonomi Erkidegoaren Erakunde Arteko egitura kontuan hartuta, beharbada Herri Kontuen Euskal Epaitegiak aipatutako derrigorrezko txostena Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu beharko litzaioke, egun gaikuntza nazionaleko funtzionarioentzat gordetako postuen hornikuntza kontuetan eskumendun administrazioa dela jakinda, Herri Administrazioaren arrazionalizazioari eta iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen Lehen Xedapen Gehigarriak dioen legez.
c) Edonola ere, erreferentzia-postuak urtero parte hartzen du hornidura-lehiaketa bietan: ohikoa eta unitarioa. Bai Bizkaiko Foru Aldundiak eta bai Eusko Jaurlaritzak deialdi, argitalpen edo ebazpenean parte hartzen dutela kontuan hartuta, esan gabe doa 24 urte hauetan lanpostua bete ez bada, ez dela izan udalak dagokien administrazioei lanpostua bete zezakeen gaikuntza nazionaleko funtzionarioren bati buruzko txostena eskatu ez dielako, kontrakoa baizik: baliteke postua okupatzeko irizpideak betetzen dituen asko ez egotea edota daudenentzat postuaren baldintzak erakargarriak ez izatea.
III.5.– Kontratazioa.
Administrazio-baldintza berezien Agiriak
– HKEEk kontratugilearen profilean lizitazioa eta esleipena argitaratu izanaren frogarik ez dagoela dio. Espedientean argitalpen hori idatziz jasoa ez gelditu arren, Udalak 3/2011 Errege Dekretu Legegileak, azaroaren 14koak, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duenak, xedatutakoa bete du.
Ildo horri eutsiz, 142. artikuluak 4. atalean ondorengoa xedatzen du: «Era berean, lizitazioaren iragarkiak kontratazio-organoaren kontratugilearen profilean argitaratuko dira».
154. artikuluak 1. atalean hurrengoa xedatzen du: «kontratuen zenbatekoa 138.3. artikuluan adierazitakoaren berdina edo garestiagoa bada, horien legeztapena kontratazio-organoaren kontratugilearen profilean argitaratuko da eta gutxienez esleipen-iragarkian adierazitako datu berak aipatuko dira».
Eta, azkenik, 191. artikuluak c) atalean hala dio: «Publizitatearen printzipioaren ondoriozko eskakizunak betetzat joko dira kontratuen lizitazioari buruzko informazioa erakundearen kontratugilearen profilean argitaratuz, zenbatekoak 50.000 euro gainditzen baditu, alde batera utzi gabe kontratazioaren barneko argibideek beste hedapen-modalitate batzuk, hautazkoak edo osagarriak, erabakitzea».
Azaldutakoarengatik, Udalak hiru kasuetan kontratuen lizitazio- eta esleipen-iragarkiak argitaratzearen eginbeharra behar bezala bete duela argi dago.
Hala eta guztiz ere, HKEEk azaldutakoa gomendiotzat hartuta, gaur egun kontratugileren profilean argitaratzeaz gain, espedienteetan lizitazio- eta esleipen-iragarkien nahiz kontratuak legeztatzearen konstantzia fisikoa uzten da.
– «2012-2013 ikasturterako kultur tailerrak antolatu eta kudeatzea» eta «Iurretako udako tailerrak» izeneko kontratuak esleitzeari dagokionez, Epaitegiak ez-betetzea baino gehiago gomendioa aipatzen du, baina Udala ez dago ados.
Aurrekoari eutsiz, bi kontratuen edukia homogeneoa ez dela kontuan hartu behar da: ez iraupena, ezta herritar hartzaileak ere ez dira berdinak. Urteko kultur tailerrak biztanleen sektore guztientzat diren bitartean, «udako tailerrak» bakarrik umeentzat dira eta esklusiboki udan egiten dira.
Interes publikoa asetzeko Udalaren lehentasuna prestazio batzuk eta besteak kontratatzeko orduan ez da berdina.
Gaur egungo testuinguruan Arrazionaltasun eta Iraunkortasunari buruzko Legeak udal-zerbitzuak erantzukizunez eskaintzea eskatzen du eta, ondorioz, Udalak udal-aurrekontuak ezin ditu epe luzeagoz eta bi prestazioen zenbateko orokorrarekin konprometitu. Zerbitzuak ekitaldi horretako Udalaren aurrekontu-erabilgarritasunaren arabera eskaintzen dira. Eta ez dugu ahaztu behar ez dela derrigorrezko zerbitzua, Iurreta 5.000 biztanletik beherako udalerria baita.
Esleipena
– Kontratazio-mahaia osatzeari dagokionez, nolanahi ere, akatsa salbuespen batekin bat dator. Normalean konposizioak 2011ko ekainaren 21ean Osoko Bilkurak hartutako erabakiari erantzuten dio eta kontratazio-mahaiaren kide iraunkorrak elkartzen dira. Horiek indarreko legeria zorrotz betetzen dute.
Erosketa txikiak eta beste kontratu batzuk aztertzea.
– Iurreta oso desorekatuta dago, batetik, biztanleen kopuru txikiari eta, bestetik, batez ere udalerrian kokatuta dauden merkataritza-erakundeen ekonomia- eta enpresa-jardueraren ondorioz dagoen administrazio-jarduera biziari erreparatuz. Konplexutasun hori kontuan hartuta, oso zaila da eguneroko administrazio-jarduera garatzeko beharrezkoak izango diren «erosketa txikiak» zehaztea.
Dena den, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren gomendiak kontutan hartuz, 2014 ekitaldian zehar parke eta lorategien mantentze-lanak eta herriko argiteria lizitatuko dira.
Lurzoru kutsatuen azterketari dagokionean, esan beharra dago ezinezkoa dela kontratu bakarrean lizitatzea udal mugarteko lurzoru kutsatu guztiak: lurzoru bakoitza sektore edo eremu desberdinetakoa delako eta ondorioz prozedura desberdina dagokiolako.
III.6.– Berankortasuna eta beste alderdi batzuk.
III.6.1.– Merkataritza-eragiketen ordainketak betetzeari buruzko txostenak bfari ez bidaltzeari buruz.
Saileko langileen gehiegizko lanagatik gertatu da. Dena den, gero ikusiko den bezala eta gaiaren mamiari dagokionez, Udalaren ordainketa-epeak, oro har, oso onargarritzat har daitezke, eta azpimarratu beharra dago.
III.6.2.– Ezarritako batez besteko ordainketa-epearen 12 egunak gainditzen dituzten 224.309 euroko ordainketei buruz.
Iurretako Udalak 5.377.000 euroko ordainketak egin zituen 2012ko ekitaldian (akats edo omisiorik ezean). II eta VI. kapituluak bakarrik gehituko bagenitu ere (pertsonaleko gastuak, finantza-gastuak eta transferentziak kenduz), zerbitzu eta ondasunen erosketetako ordainketak eta inbertsioak 2.722.000 eurokoak izan ziren.
Beraz, atzerapena 224.309 eurori dagokie, eta 2.722.000 euro berriz, ordaindu egin dira; hau da, ordainketen % 8,24ri baino ez dagokie atzerapena. Horrek esan nahi du, ez zela ordainketen % 91,76an atzerapenik antzeman, ezarritako ordainketak bete baitziren.
Eta azkenik, batez besteko 12 egun atzerapen-epe laburra dela uste da, beste batzuekin alderatuz gero, eta arrazoizko epetzat jo daiteke, eta garrantzia handirik gabeko espedienteen ohiko izapidetze-arazoagatik izan liteke.
Dena den, ez dago beren obligazioen ordainketan Udalaren atzerapena salatu duen hartzekodunen berririk.
III.6.3.– 30 etxebizitza tasatu, hornidura-eraikin bat eta aparkalekua eraikitzeagatik sapu-r-paduretan soberako aprobetxamendua trukatzeari buruzko espedientean ustezko justifikazio-gabeziari dagokionez.
Egia da erreferentziazko espedientean trukaketa egitea beharrezkoa ez zela 2006ko abuztuan legeztatutako Hirigintza Hitzarmenean jasotako moduan. Hala eta guztiz ere, txostenaren xede den fiskalizazioari ez dagokiola uste dugu, akatsa 2006. urtetik baitator.
III.6.4.– UER-3 San Miguelen onartutako birpartzelazioa jabetzaren erregistroan ez inskribatzeari buruz.
HKEEk bere txostenean xedatzen duen bezala, alkateak onartu ostean, Birpartzelazio Proiektua ez da Jabetzaren Erregistroan inskribatu, baina egoera hori ezin dakioke Udalari egotzi.
Iurretako Udalak hiru aldiz igorri zuen dokumentazioa Jabetza Erregistrora inskribatzeko: 2012ko uztailaren 19an, 2012ko azaroaren 20an eta 2013ko otsailaren 5ean, erregistratzaileak adierazitako akatsak konpondu eta gero. Hala ere, bitartean, azken urteetan bizitzen ari garen eszenatoki ekonomikoak eragindako egoeragatik, UER-3 San Miguel egikaritze unitatearen Hitzarmen Batzarreko kide diren jabeek legeak ematen dizkien zereginak ezin ditzaketela bete eta, ondorioz, hitzarmen berria gauzatu behar izan da, eremuan Birpartzelazio Proiektua aldatuz. Ildo horri eutsiz, 2014ko apirilaren 14an Hirigintza Hitzarmena sinatu zen eta 2006ko abuztuaren 29ko Hirigintza Hitzarmenaren eranskinak baliogabetu eta indarrik gabe uzten zituen. Honekin batera eransten da (3. agiria). Hori dela eta, ez dauka zentzurik gaur egun inskribatzera bidaltzea.
Hitzarmena sinatu ondoren Iurretako Udalaren borondatea da Birpartzelazio Proiektuaren aldaketa-espedientea abian jartzea, ondoren, Jabetzaren Erregistroan inskribatzeko.
HKEE-ren oharrak
1.– AKPPtik eratortzen da kontratu hori SPKLren II. eranskineko 16. kategoriakoa dela eta honenbestez, ez da zerbitzu kontratu ohikoa, Lege horren 10. artikuluan erabakitakoari jarraiki. Iritzi bereko azaldu zen Kontratuen Errekurtsoetarako Administrazioko Atala, maiatzaren 18ko 47/2012, ebazpenean, kontratu honen izaera juridikoa aztertu zuenean.
2.– Urtarril eta otsailean kontrataturiko 2 pertsonei ezargarria zaien erregulazioa abenduaren 20ko 20/2011 Errege Dekretu-Legearen 3. artikulua da, defizit publikoa zuzentzeko aurrekontu, zerga eta finantza gaietan premiazko neurriei buruzkoa, 2/2012 Legearen 23.2 artikuluan adierazitako erregulazioarekin bat datorrena.