EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2016159

AGINDUA, 2016ko uztailaren 8koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, esnetarako behien abeltzaintza-ustiategietako abereen ongizatea hobetzeko laguntzetarako deialdia egiten duena, 2016rako, maiatzaren 29ko 100/2012 Dekretuan xedatu bezala.

Xedapenaren data: 2016-07-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201603665
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/06/25ean argitaratutako 2012/05/29ko 201200100 DEKRETUA

2012ko ekainaren 25ean, Euskal Autonomia Erkidegoko esnetarako behien abeltzaintza-ustiategietan abereen ongizatea hobetzeko laguntzei buruzko maiatzaren 29ko 100/2012 Dekretua argitaratu zen. Agindu honen bidez, esnetarako behien abeltzaintza-ustiategiei lagundu nahi zaie. Laguntza horiek jaso ahal izateko, abereen ongizatea hobetzeko neurriak hartu beharko dituzte, eta neurriok arlo honetan nahitaezkoak direnak baino eskakizun handiagoak izan beharko dituzte.
Batzordearen C (2012) 617 Erabakian dago baimenduta laguntzen araubide hau. Bada, erabaki horretako zehaztapenekin bat, agindu honen helburua hau da: aldez aurretik hartutako konpromisoen urteko ordainketa egiteko laguntzetarako deialdia egitea, 2016rako, maiatzaren 29ko 100/2012 Dekretuko 6. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Bestalde, aurtengo laguntzetarako deialdia arau hauen babespean egin da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legea.
Ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Deialdia.
Agindu honen bitartez, 2016. urterako laguntzen deialdia egiten da, maiatzaren 29ko 100/2012 Dekretuan ezarritako moduan, esnetarako behien abeltzaintza-ustiategietan abereen ongizatea hobetzeko aldez aurretik hartutako konpromisoen urteko ordainketa egiteko.
Bigarrena.– Eskabideak aurkeztea.
Aldez aurretik hartutako konpromisoen urteko ordainketa egiteko eskabideak Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari bidali behar zaizkio. Nekazaritzako Eskualdeetako Bulegoetan edo Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko bulegoetan aurkez daitezke (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako beste edozein tokitan, agindu honetako eranskinetan dauden eskabide-ereduekin bat. Eredu edo inprimaki horiek Nekazaritzako eskualde-bulegoetan eta www.nasdap.ejgv.euskadi.eus webgunean daude eskura.
Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Laugarrena.– Agiriak.
Aurreko ekitaldietan honelako laguntzak jaso eta konpromiso egokia sinatu zutenek urteko ordainketarako eskabidea ez ezik –agindu honetako II. eranskinean jasotakoa ereduan–, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:
● Hartutako konpromisoak betetzeari eta haiek egiaztatzeko kontrolei baiezkoa emateari buruzko zinpeko deklarazioa.
● Nekazaritza-politika bateratuaren (NPB) zuzeneko laguntzak eskatzeko epea amaitzean ustiategian dauden abereen errolda. Ustiategia errendimendua kontrolatzeko programa bati atxikita egonez gero, atxikipenaren egiaztagiria, programa hori kudeatzen duen erakundeak emandakoa. Laguntza horiek kudeatzen dituzten administratzaileek eman ditzakete datu horiek baldin eta haien esku badaude.
● Laguntza lehenengo aldiz eskatzean egindako deklarazioetan eta aurkeztutako agirietan egon diren aldaketen zerrenda, halakorik egon bada.
Bosgarrena.– Diru-laguntzen zenbateko osoa.
Agindu honen arabera Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura eman beharreko laguntzen zenbatekoak, guztira, 2016rako, 500.000 euro egiten du.
Seigarrena.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, agindua argitaratu eta hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta bi hileko epean.
Zazpigarrena.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 8a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.