EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2016159

85/2016 DEKRETUA, maiatzaren 31koa, Caicedo Yuso eta Arreoko aintzira (ES2110007) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu eta Añanako Diapiroko Biotopo Babestua deklaratzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201600085
Xedapenaren data: 2016-05-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201603660
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/09/24an argitaratutako 2015/09/14ko EBAZPENA [201504007]

Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako Erabakien bidez, Hegaztientzako Babes Bereziko sei Eremu (Hegaztientzako BBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izateko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten Batasunaren Garrantzizko Lekuen Zerrenda (BGL), 2004/813/EE eta 2006/613/EE Erabakien bidez. Erabakiok Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da gure autonomia-erkidegoa. Horien artean, Caicedo Yuso eta Arreoko aintzira (ES2110007) dago, Mediterraneoko eskualde biogeografikoan.
Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzkoa den Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluak eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. eta 46. artikuluek ezarritakoari jarraikiz, autonomia-erkidegoek, jendaurrean jarri ondoren, beren lurralde-eremuko BGL guztiak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu eta eremuok behar bezala kontserbatzeko neurri egokiak ezarri beharko dituzte, kontuan hartuta lekuan lekuko habitat naturalaren eta espezieen berezitasunen araberako eskakizun ekologikoak. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, batetik, kudeaketako planak eta baliabideak, eta, bestetik, erregelamenduzko neurriak, administratiboak edo kontratuzkoak.
Beste aldetik, Lurralde Antolamendu eta Ingurumeneko sailburuaren 2004ko otsailaren 24ko Aginduaren bidez, Añanako Diapiroaren eremuko Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana (BNAP) landu eta onartzeko prozedurari hasiera eman zitzaion, babestu beharreko balioek tresna hori eskatzen zutelakoan. Caicedo Yuso eta Arreoko aintzira eremu horren barruan dago.
Aipaturiko BNAP horren onartze-prozeduran ez zenez aurrera egin, Añanako Diapiroaren eremua naturagune babestu deklaratzeko –Biotopo Babestuaren figurarekin– baldintzak betetzen dituelakoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren (NKLTB) 15. artikuluarekin bat etorrita, Sailak prozedura biak Dekretu bakar batean batzea erabaki du.
Hori horrela, Dekretu honen bidez, alde batetik, Caicedo Yuso eta Arreoko aintzira Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatzen da, dagozkion kontserbazio-helburu eta –neurriekin, eta, beste aldetik, Añanako Diapiroaren Biotopo Babestu deklaratzen da, bertan egin daitezkeen erabileren eta jardueren araudiarekin. Biotopoaren eremuak KBEarena hartzen du bere baitan.
Dekretuak dakarren deklarazio bikoitza dela eta, eremu horrek Naturagune Babestuen tipologia bikoitza biltzen du zati batean, Biotopo Babestua eta Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua baita. Beraz, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 18. artikuluari jarraikiz, «eremu hori antolatzeko mekanismoak koordinatu egin behar dira eremuaren plangintza integratuko duen dokumentu bakar batean biltzeko eta horrela, kategoria bakoitzean aplika daitezkeen araubide desberdinek osotasun koherente bat osatuko dute». Helburu hori Dekretu honen II. Eranskinean burutzen da, Naturagune Babestu mota biei aplikatu dakizkieken helburuak eta arauak biltzen baitira.
Caicedo Yuso eta Arreoko aintzira KBEa izendatzeko prozeduran, 92/43/EEE Zuzentarauak Kontserbazio Bereziko Eremua izendatzeari buruz ezartzen dituen eskakizunak betetze aldera, Caicedo Yuso eta Arreoko aintziraren ikerketa areagotu da eta Batasunaren intereseko habitaten kokapena eskala egokian adierazi da eta, aldi berean, horien kontserbazio egoera ebaluatu da. Halaber, espazio horretako fauna- eta flora-espezie bereizgarrien banaketa eta kontserbazio-egoera aztertu da.
Caicedo Yuso eta Arreoko aintzira KBEan, gutxienez, Habitaten Zuzentarauaren I. eranskinean jasota dauden Batasunaren intereseko 11 habitat mota daude; horietatik, 4 lehentasunezkoak dira. Eremuan, gutxienez, Habitaten Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinetan jasotako 2 fauna-espezie daude. Gainera, azpimarratzekoa da, gutxienez, basa-hegaztiak kontserbatzeari buruzko 2009/147/EE Zuzentarauaren (Hegaztien Zuzentaraua) I. eranskinean jasotako 12 hegazti-espezie ez ezik, ohiko hegazti migratzaile asko ere badaudela. Horretaz gain, Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoari dagokionez, gutxienez, galzoriko 2 flora-espezie daude; horietatik, 2 kalteberak eta 3 bakanak dira.
Lehenago aipatu dugunez, eremu hori Biotopo Babestu deklaratzeko betekizunak betetzen ditu, izan ere, paisaiak, ekosistemak, interes geologikoa duten inguruak eta formazio geomorfologikoak daude, baita interes biologikoa duten elementuak ere, oso bereziak, bitxiak, izugarri ederrak eta interes zientifiko nabarmena baitute. Gainera, EAEn oso mehatxatuta dauden landare-komunitate bitxiak daude; horiek barrualdeko habitat halofiloei eta zohikaztegiei daude lotuta. Horietako batzuk oso ondo kontserbatuta daude eta EAEn mehatxatuta dauden flora-espezieak barne hartzen dituzte. Era berean, kultura-ondarea ere badu, adibidez, Añanako Gatz Harana. Horrek ezaugarri paregabeak ditu EAEn zein Europan.
Añanako Diapiroa eremu horretan azaleratzen den Keuper-aren Diapiroaren egitura geologiko bitxiaren azalerako translazioari dagokio. Ikuspuntu hidrogeologikotik, akuifero konplexua da, eta portaera hidrogeologiko ezberdina eta elkarren arteko harremana duten materialen nahasketa du. Bertan, fluxu hipersalinoak gatz gutxiago dutenekin batera agertzen dira; baita abiadura, sakonera eta igaroaldi handiago edo txikiagodunekin ere. Ingurune hori oso sentikorra da eta edozein aldaketak eragin atzeraezinak sortaraziko lituzke iturburuen eta Caicedo Yuso eta Arreoko aintziraren fluxu-eskeman.
Biotopo Babestuaren beste balio nabarmen batzuk Añanako Gatz Haranean daude; hezegune horrek garrantzi handia du ekologia, kultura, paisaia eta historiaren aldetik. Bertako gatz-larrainetan, gatz-ustiapen tradizionala egiten da; eta oso bitxiak diren ornogabeak eta flora halofiloak daude, bertan. Biotopo Babestuan, Batasunaren intereseko 14 habitat daude. Hezeguneei lotutako habitatez gain, mediterraneoko albitz-belardiak eta sastrakak, eta kerzinea-basoak ere badira azpimarratzekoak, baita lotutako flora eta fauna ere. Gainera, nabarmenak dira katalogatutako flora eta fauna, batez ere, espezie halofiloak eta mikrobio-geruzak.
Caicedo Yuso eta Arreoko aintzirak eta Añanako Gatz Haranak duten berezitasun honi esker, Nazioarteko Garrantziko Hezegunetzat jo dira (3ES042 kodea), Ramsar-eko Hitzarmenari jarraikiz (Natura Babesteko Zuzendaritza Nagusiaren 2002ko urriaren 17ko Ebazpena), eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Planak jasotako Hezegune Babestuen Inbentarioan sartu dira. Era berean, otsailaren 28ko 129/2014 Errege Dekretuak onartutako Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroan jasota daude. Gainera, Añanako Diapiroaren mugen barruan, EAEko Geologia Interesdun Lekuen Inbentarioan jasotako interes geologikoa duten lau leku daude, hala nola Caicedo Yusoko aintzira, Añanako Diapiroa, Añanako gatzagetako larrainak eta Pauleko igeltsu-meatzeak.
Mugaketari dagokionez, Caicedo Yuso eta Arreoko aintzira KBEaren azalera bat dator Arreo eta Caicedo Yusoko aintzira BGL izendatu zenekoarekin, baina are gehiago zabaldu da, batez ere titulartasun publikoko lursail multzo bat gehituta. Lursail horiek interes handiko landaredi naturalaren aldeak dituzte (lezkadiak, zohikaztegiak eta albitz-belardiak), aintziraren Errekaren uretan gora. Horietako batzuk Batasunaren intereseko eta lehentasunezko habitatak dira. Horretaz gain, KBEan eskalaren eta katastroaren egokitzapena egin da. Guztiz eraginkorra izateko, KBEa zabaltzeak Europako Batzordearen Erabaki bidezko aldez aurretiko balidazioa eskatzen du; beraz, eremuaren mugaketaren kartografiak eremu hori mugatzeko bi lerroak jasotzen ditu. Horrela, mugaketa berriaren eraginkortasuna eta zabaldutako eremua kontserbatzeko neurrien ezarpena dekretu honen 1.4 artikuluan eta azken xedapenetatik hirugarrenean jasotako baldintzapean daude, hurrenez hurren.
Bestalde, Añanako Diapiroa Biotopo Babestuak 2004ko otsailaren 24ko Aginduak mugatutako azalerarekiko aldaketak ditu, eskalaren egokitzapen batzuk egin baitira diapiroaren mugak egungo katastroa eta lurraldearen elementuak eta erabilerak kontuan hartuta. Era berean, Biotopo Babestuaren mugak KBEaren hego-mendebaldeko kanpoko mugetaraino zabaldu dira, eta mugaketaren barruan zeuden lau hiriguneak utzi dira kanpoan (Arreo, Viloria, Paul eta Gesaltza Añana).
Gainera, Añanako Diapiroa Biotopo Babestuari dagokionez, Naturagune Babestuaren Babeserako Eremu Periferikoa ezarri da. Gutxi gorabehera, zonaldeko herriguneek eta euren ondoko inguruak osatzen dute. Eremu periferiko hori ez da beharrezkoa KBEaren kasuan, izan ere, Biotopoak du funtzio hori.
Oso kontuan hartu behar da Eusko Jaurlaritzak eta foru-organoek dituzten eskumen konkurrenteek koordinazio-ahalegin berezia dakartela. Dena den, Naturagune Babestuen tipologia biak izendatzea Eusko Jaurlaritzari dagokio (NKLTBaren 19.1 artikulua). Bestalde, figura bien helburuak eta araudiak onartzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da (NKLTBaren 21. artikulua eta 22.5 artikuluaren lehen paragrafoa) eta KBEaren neurriak foru-organoei dagozkie (NKLTBaren 22.5 artikuluaren bigarren paragrafoa). Nolanahi ere, baliabide desberdin horiek guztiak EHAAn argitaratu behar izaten dira beti.
Foru-aldundiak dokumentuan duen eskumenari dagokionez aipatu behar da Eusko Jaurlaritzak, NKLTBaren 22.5 artikuluaren lehen paragrafoari jarraikiz, «eremu horiek kudeatzeko jarraibideak eranskin gisa argitaratzeko agindua emango du». Horiek onartzea lurralde historikoetako foru organoei dagokie –kasu honetan Arabako Foru Aldundiari– betiere Dekretu honetan Eusko Jaurlaritzak onartutako kontserbazio-helburuetan oinarrituta. Hartara, Dekretu honetako 3.3 artikuluak, Azken Xedapenetatik Lehenengoarekin batera, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariari baimena ematen dio, arau hartan adierazitako moduan, jarraibideak argitaratzeko behin Arabako Foru Aldundiak igorriz gero.
Beste aldetik, egokitzat jotzen da 2004ko otsailaren 24ko Aginduaren bidez hasitako Añanako Diapiroaren eremurako BNAPa egin eta onartzeko prozedura bertan behera uztea, izan ere, tresna hori ez da beharrezkoa eremu horretako balioak babesteko eta kontuan hartuta kontserbazio-helburu zehatzak lortzeko eta eremu honetako izan behar den kudeaketa erraza Dekretu honetan aurreikusitako araudiarekin lortzen dela.
Caicedo Yuso eta Arreoko aintzira KBE izendatzeko eta Añanako Diapiroa Biotopo Babestu deklaratzeko prozeduran parte-hartze sozialaren prozesua behar bezala bete da, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraikiz. Prozesu horretan, interes sozial eta ekonomikoen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Parte hartzeko bideak zabalik egon dira izapidetze-prozesu osoan, publiko interesdunari komunikazioak helarazita horretarako prestatu den web-orrialdearen bitartez (http://www.euskadi.eus/natura2000); eremuari buruzko informazioa eguneratuta egongo da beti webgune horretan. Caicedo Yuso eta Arreoko aintzira KBEa kontserbatzeko baliabideak Europako Batzordeak ezarritako printzipioei jarraikiz landu dira, 92/43/EEE Zuzentarauan jaso eta eremuan topatutako habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei erantzuna emateko asmoz. Horretarako, NKLTBaren xedapenak ere hartuko dira kontuan.
Horrenbestez, alde batetik, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 19.1, 21 eta 22.5. artikuluan eta, bestetik, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. eta 46.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko maiatzaren 31n egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Helburua eta lurralde-eremua.
1.– Caicedo Yuso eta Arreoko aintzira (ES2110007) Kontserbazio Bereziko Eremu (hemendik aurrera, KBE) izendatzen da, Arabako Lurralde Historikoan.
2.– Añanako Diapiroaren Biotopo Babestu deklaratzen da, Arabako Lurralde Historikoan.
3.– KBEaren mugaketa Dekretu honi atxikitako I. eranskinean jasotakoa da eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoko Batasunaren Garrantzizko Lekuen Zerrenda onartzen duen Europako Batzordearen 2006/613/EE Erabakian jasotako mugaketarekin bat dator.
4.– Aurreko atalean adierazitako KBEaren mugaketa I. eranskinean deskribaturiko muga geografikoetaraino zabalduko da, behin Europako Batzordeak onartuz gero.
5.– Biotopo Babestuaren mugaketa ere I. eranskinean jasotzen da.
6.– KBEa arautzen duten kontserbaziorako neurriak eta Añanako Diapiroaren Biotopo Babestuko erabileren eta jardueren arauak onartzen dira. II. eranskinean daude jasota eta Dekretu honetako 3. eta 4. artikuluek ezarritako edukiekin bat datoz, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 18. artikulua betetze aldera.
2. artikulua.– Helburua.
1.– Arau honen xedea honako hau da: KBEan bermatzea Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzen direla edo egoera horretara berriro ekarriko direla. Habitat horiek ezarrita daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan. Horretaz gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion kokaleku-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbazioari buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, baita eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzeko.
2.– Biotopo Babestuari dagokionez, Dekretuaren helburua da diapiro motako formazio geologikoaren paisaia ez ezik, barne hartzen dituen sistema hidrogeologikoa eta basoko flora eta faunaren habitat eta espezieak ere babestea. Horiek baso eta albitz-belardien eta sasien mosaikoei lotuta daude, eta eragin berezia dute hezegune eta ingurune gaziekin harremana duten elementuetan.
3.– KBEan, honako hauek jasotako araubide orokorra ezarriko da: 92/43/EEE Zuzentaraua eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.
4.– Era berean, KBE hau xedatzen duten arau orokorrak ingurune hidrikoari lotuta dauden Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuetarako (Hegaztientzako BBE) martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuak ezarritakoak dira.
5.– Biotopo Babestuan, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuak onartutako Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginak ezarritako araubide orokorra aplikatu beharra dago.
3. artikulua.– KBErako Kontserbazio-neurriak.
1.– Apirilaren 15eko 1/2014 Lege-Dekretuaren bidez onartutako Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 22.4 artikuluarekin bat, II. Eranskinean jasota daude deklarazioa justifikatzen duten Batasunaren intereseko habitatak eta animalia- eta landare-espezieak, horien kontserbazio-egoeraren ebaluazioa, eremu horren kontserbazio-helburuak, kontserbazio-arauak eta jarraipen-programa.
2.– Zehatzago, KBEa kontserbatzeko arauak II. eranskineko 7.1, 7.2, 7.3, 7.4, 7.6 eta 7.7 ataletakoak dira.
3.– KBEari dagokionez, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 22.5 artikuluarekin bat, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren Ebazpenaren bidez, KBEa kudeatzeko Arabako Foru Aldundiak onartutako jarraibideak eta neurriak Dekretu honen eranskin gisa argitaratuko dira.
4. artikulua.– Biotopo Babestuaren erabilerako eta jarduerako arauak.
Añanako Diapiroaren Biotopo Babestuko erabilera- eta jarduera-arauak Dekretu honen II. eranskineko 7.2, 7.5, 7.6 eta 7.7 ataletakoak dira.
5. artikulua.– Funtsezkoa ez den berrikuspena edo aldaketa.
II. eranskin horien berrikuspena edo aldaketa, zeina ez baita funtsezkoa, ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango duen agindu baten bidez egingo da, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, eta, betiere, KBEari dagokionez 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan eta 2009/147/EEE Zuzentarauan ezarritakoarekin bat. Izan ere, helburua da kontserbazio eta kudeaketa moldaerraz, etengabe eta malgu baterantz joatea. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte-hartzea benetakoa eta eraginkorra izango dela, uztailaren 18ko 27/2006 Legeak ezarritakoari jarraikiz; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie eta Naturzaintza organoaren txostena jasoko da.
6. artikulua.– Arau-hausteen eta zehapenen araubidea.
Dekretu honen eraginpean dauden eremu babestuetan aplikatu beharreko zehapen-araubidea, honako hauek araututakoa izango da: apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bategina eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean betetzeko legeak ezarritako izapide eta komunikazio guztiak egiteko, bai Estatuaren Administrazio Orokorraren aurrean, bai Europar Batasunaren aurrean. Eta, hala badagokio, Caicedo Yuso eta Arreoko aintzira KBEari buruzko neurriak ezartzeak eragingo duen kostu ekonomikoa zenbatekoa den kalkulatuko du, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariari baimena ematen zaio Dekretu honen eranskin gisa argitaratzeko Arabako Foru Aldundiak KBEa kudeatzeko onartutako jarraibide eta neurriak, Dekretuaren 3.3 artikuluak ezarritakoa betetze aldera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Lurralde Antolamendu eta Ingurumeneko sailburuaren 2004ko otsailaren 24ko Aginduak hasitako prozeduran atzera egiten da. Agindu horren bidez, Biotopo Babestuko Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana landu eta onartzeko prozedurari hasiera eman zitzaion (apirilaren 6ko EHAA, 66. zk.). Horrela, indarrik gabe uzten da EAEko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 9.1 artikuluak ezartzen duen prebentzio-araubidea.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Dekretu honen 3.2 artikuluan aipatzen diren kontserbazio-neurriak indarrean jarriko dira 1.4 artikuluan aurreikusitako KBEaren zabaltze-eremuan, ingurumenean eskumena duen sailburuaren Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean. Agindu horretan, Batasunaren Garrantzizko Lekuaren muga geografiko berriak onartuko dituen Europako Batzordearen Erabakia argitara emango da.
AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Busturian, 2016ko maiatzaren 31n.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.