EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2016158

AGINDUA, 2016ko abuztuaren 17koa, Segurtasuneko sailburuarena, Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetako gastuak mugatzeko ezarritako zenbatekoak zehazten dituena.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren data: 2016-08-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201603646
Maila: Agindua
Abuztuaren 1eko 23/2016 Dekretuaren bidez (abuztuaren 2ko EHAA, 146. zk.), Eusko Legebiltzarra desegin eta 2016ko irailaren 25ean Euskal Autonomia Erkidegoan hauteskundeak egiteko deia egin zen.
Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen (5/1990 Legea, ekainaren 15ekoa) 147. artikuluak arau batzuk ezartzen dizkie alderdi, federazio, koalizio edo hautesleelkarteei haien hauteskunde-gastuak mugatzeko. Hauteskundegastu horien muga finkatzeko, hauteskundezerrendak aurkezten diren barrutietako zuzenbidezko biztanleriari dagokion biztanlekopurua hartuko da kontuan.
Hauteskundegastuen muga kalkulatzean, 2015eko urtarrilaren 1ean Lurralde Historiko bakoitzeko zuzenbidezko biztanleriari zegokion biztanlekopurua aintzat hartuko da, hala ezartzen baita azaroaren 27ko 1079/2015 Errege Dekretuan, zeinaren bidez udal-erroldaren berrikuspenetik eratorritako biztanleriazifrak ofizial egiten baitira.
Era berean, kontuan hartu behar da ere hauteskundeetarako deia egitean Legean jasotako zenbatekoak eguneratu beharra zegoela. Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2016ko abuztuaren 8ko Aginduaren bidez eguneratu ziren zenbateko horiek, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ekainaren 15eko 5/1990 Legean jasotako zenbatekoak eguneratzeari buruzkoa. Agindu horretako bigarren atalak bere horretan uzten ditu Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legean jasotako gainerako zenbatekoak, zeinak ez baitaude jasota agindu bereko lehenengo atalean.
Azkenik, Eusko Legebiltzarrerako legea bosgarren aldiz aldatzen duen abenduaren 23ko 11/2015 Legearen lehen xedapen iragankorrak (2016ko urtarrilaren 7ko EHAA, 3. zk.) xedatutakoa ere kontuan hartu behar dugu, zeinak ezartzen baitu 2012. urtearen ostean Eusko Legebiltzarrerako egiten diren lehen hauteskundeetan lege honen 147.2 artikuluan aurreikusitako hautagai-zerrenden hauteskunde-gastuaren muga % 15 murriztuko dela eguneratutako zenbatekoaren gainean, ogasunaren ardura duen sailaren aginduz, hauteskunde autonomikoetarako deialdia izan eta hurrengo zazpi egunetan.
Hori guztia horrela izanik, hauteskundezerrenden hauteskundegastuak mugatzeko zenbatekoak zehazten dira.
Horrenbestez, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Arabako hauteskunde-barrutirako, hauteskunde-gastuen muga berrehun eta laurogeita zazpi mila bostehun eta laurogeita bi euro eta hogeita hamahiru zentimo (287.582,33) izango da.
Bigarrena.– Gipuzkoako hauteskunde-barrutirako, hauteskunde-gastuen muga laurehun eta hogeita zazpi mila bederatziehun eta berrogeita bederatzi euro eta hirurogeita hamahiru zentimo (427.949,73) izango da.
Hirugarrena.– Bizkaiko hauteskunde-barrutirako, hauteskunde-gastuen muga bostehun eta laurogeita bi mila ehun eta berrogeita hamabi euro eta hirurogeita zazpi zentimo (582.152,67) izango da.
Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hauteskunde-barrutietan aurkezten diren alderdi, federazio, koalizio edo hautesle-elkarteei dagokienez, hauteskunde-gastuen muga milioi bat berrehun eta laurogeita hamazazpi mila seiehun eta laurogeita lau euro eta hirurogeita hamahiru zentimo (1.297.684,73) izango da.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abuztuaren 17a.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.