EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2016158

99/2016 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, «Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna: Berdintasun Eragileak» Graduondoko titulua ikasten diharduten ikasleek kanpoko praktika curricular akademikoak egiteko –Hezkuntzako Aipamenarekin– Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201600099
Xedapenaren data: 2016-07-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201603643
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– «Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna: Berdintasun Eragileak» Graduondoko titulua ikasten diharduten ikasleek kanpoko praktika curricular akademikoak egiteko –Hezkuntzako Aipamenarekin– Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 28a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 28KO 99/2016 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ETA EUSKO JAURLARITZAKO HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILAREN ARTEKOA, «EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNA: BERDINTASUN ERAGILEAK» GRADUONDOKO TITULUA IKASTEN DIHARDUTEN IKASLEEK KANPOKO PRAKTIKA CURRICULAR AKADEMIKOAK EGITEKO, HEZKUNTZAKO AIPAMENAREKIN
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 21a.
ELKARTU DIRA:
Batetik, Arantza Campos Rubio andrea, Euskal Herriko Unibertsitatearen (aurrerantzean, EHU) ordezkaritzan (IFZ: Q-4818001-B, eta egoitza soziala: Sarriena auzunea z.g., 48940 Leioa), «Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna: Berdintasun Eragileak» masterreko zuzendaria den heinean eta indarreko Ikasleen Kanpoko Praktika Curricular Akademikoen Araudian xedatuaren arabera (Ikasleen Kanpoko Praktika Curricular Akademikoak arautzeko EHUko Araudiaren 27.4, 38. eta 45.2 artikuluen arabera eta EHUko Graduondoko Batzordeak 2015-01-28an egindako saioan hartutako erabakiarekin bat)
Eta, bestetik, Cristina Uriarte Toledo, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkaritzan (IFZ: S-4833001-C, eta helbide soziala: Donostia 1, Vitoria-Gasteiz).
Elkarri onartzen diote beharrezko legezko ahalmena badutela hezkuntza-lankidetzako akordio hau sinatzeko, eta honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– EHUren helburu da, besteak beste, «Goi-mailako kalitatezko hezkuntzaren bidez ikasleak modu integralean heztea eta lan-munduan sartzeko prestakuntza profesionala bermatzea».
Bigarrena.– Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren bidez, bultzatu du EAEko hezkuntza-sisteman hezkidetzarako eta genero-biolentziaren prebentziorako 2013-2016 Gida Plana, zeinaren helburua baita sustatzen jarraitzea eskola-eredu mistotik hezkidetzako eredura igarotzeko eraldaketa-prozesuan, genero-indarkeria eta sexismoan oinarritutako indarkeria-adierazpen oro prebenitzen laguntzeko. Horretarako aurkezten da lan-plan bat, zeinak nagusiki definitzen baititu hezkuntza-sistemara proiektatzen diren hezkuntza-administrazioko zerbitzu estrategikoentzako (Berritzeguneak, Hezkuntzako Ikuskaritzailetza, ISEI-IVEI Hezkuntza Ebaluaziorako eta Ikerketarako Euskal Institutua eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza) helburuak eta jarduketak.
Hirugarrena.– Kanpoko praktika curricular akademikoek prestakuntzako jarduera osatzen dute, ikasleek egin eta unibertsitateak gainbegiratzen duena, eta horren helburua da ikasleek aukera izatea prestakuntza akademikoan jasotakoa aplikatu eta osatzeko; horrela, jarduera profesionalean lagunduko dieten gaitasunak lortzeko aukera izaten dute, bai eta lana lortzeko eta ekiteko gaitasuna lortzekoa ere.
Laugarrena.– EHUk «Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna: Berdintasun Eragileak» graduondoko masterreko titulazio propioa eskaintzen du, Hezkuntzako aipamenarekin, eta laguntza-zerbitzuek edo Berritzeguneek garatzen dute hezkuntzaren alorreko haien jarduera, aholkularitza edo berariazko prestakuntza eskainiz ikastetxeei euren hezkuntza- eta curriculum-proiektu propioak gara ditzaten, haien testuinguruari egokiturik.
Bosgarrena.– Unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 1707/2011 Errege Dekretuan eta Euskal Herriko Unibertsitateko Antolamendu Akademikorako errektoreordearen 2012ko urriaren 16ko Ebazpenean –unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoen araudia argitaratzekoa; Gobernu Kontseiluak 2012ko irailaren 27an onartua– xedatuarekin bat, kanpoko praktika akademikoak egiteko, hezkuntzako lankidetza-hitzarmenak izenpetuko ditu Unibertsitateak erakunde laguntzaileekin.
Seigarrena.– EAEko hezkuntza-sisteman hezkidetzarako eta genero-biolentziaren prebentziorako 2013-2016 Gida Planak berariazko helburu hau ezarri zuen: 1.4. Koordinazioa bultzatzea, hezkuntzaren arloan dauden ekimenak eta programak koherenteak izan daitezen generoaren ikuspegitik; eta, hori gauzatzeko, 1.4.a.1 ekintza zehaztu zuen: hitzarmen/akordio bat prestatzea EHUko «Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna: Berdintasun Eragileak» masterreko praktikak ikastetxeetan eta Berritzeguneetan egitea ahalbidetzeko.
Horregatik, bi alderdiek hau
ERABAKI DUTE:
Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen hau sinatzea, klausula honako hauekin bat
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen honen xedea da arautzea zer baldintzatan garatuko diren EHUko «Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna: Berdintasun Eragileak» tituluko ikasleen praktika akademikoak, Hezkuntzako aipamenarekin, Prestakuntzari Laguntzeko eta Hezkuntza Berrikuntzako zentroetan (Berritzeguneak), bat etorriz hitzarmen honetan xedatuarekin, Ikasleen Kanpoko Praktika Curricular Akademikoak arautzeko UPV/EHUko Araudiarekin eta unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen 1707/2011 Errege Dekretuarekin xedatuarekin.
Bigarrena.– Praktikak: lekua, gauzatzea eta programa.
Hemen egingo dira praktikak: Berritzegune Nagusian, non genero-aniztasunaren eta -berdintasunaren aholkulariari eman baitzaio instrukzioaren ardura; eta tokiko Berritzeguneetan, non genero-aniztasunaren eta -berdintasunaren arloko erantzukizuna duen aholkulariari eman baitzaio instrukzioaren ardura.
Hilabetekoak izango dira praktikak, eta ikaslearen eta instrukzio-lana egingo duen Berritzeguneko aholkulariaren artean zehaztuko dituzte horiek egiteko data zehatzak.
Dagokion ikasketa-planean ezarritakotik abiatuz, tutorearen ardura izango da prestakuntza-proiektua praktikak hasi baino lehen prestatu dadila bermatzea. Programa horretan, hitzarmen honen I. eranskinean xedatuarekin bat etorriz, datu hauek zehaztuko dira:
● Praktika zer ikasketari dagokion.
● Praktikak zer erakunde eta tokitan egingo diren.
● Tutore akademikoa.
● Erakunde laguntzaileko tutorea.
● Praktiken Programaren arduraduna.
● Hezkuntza-helburuak eta jarduerak.
Hirugarrena.– Erakunde laguntzailearen eta ikaslearen arteko harremana.
1.– Kontuan hartuta prestakuntza egitea dela kanpoko praktika akademikoen helburua, horietatik inoiz ez da etorriko lan-harreman batek dakarren eginbeharrik, eta praktikek ezin izango dute lanpostuen berezko prestazioaren ordezko izan.
2.– Halaber, ikasketak amaitzean, ikaslea erakunde laguntzaileko plantillan sartuko balitz, praktiketan egondako denbora ez litzateke kontuan hartuko antzinatasuna aitortzeko eta ez luke frogaldia ordezkatuko, non eta dagokion hitzarmen kolektiboan bestelako baldintza bat berariaz adierazita ez dagoen.
Laugarrena.– Erakunde laguntzaileko praktiketako tutorea.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak Berritzeguneko aholkularien artetik izendatuko du praktikak egiten diharduen ikasle bakoitzari dagokion tutorea, eta tutore hori arduratuko da prestakuntza-jarduerak antolatzeaz, Praktiken Programaren arduradunarekin eta ikaslearen tutore akademikoarekin ados jarririk.
2.– Erakunde laguntzaileak izendatutako tutoreak erakunde horri lotutakoak izango dira, eta lanbide-esperientzia eta tutoretza eraginkorra egiteko ezagutza nahikoa izan beharko dute. Pertsona horiek ezin izango dute aldi berean izan erakunde laguntzaileko tutore eta Unibertsitateko tutore.
3.– Praktiken Programaren arduradunaren adostasuna izan beharko dute tutoreek, eta «venia docendi» aitortu beharko zaie, zeina Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzeko EHUko Araudian adierazitako prozedurari jarraikiz gauzatuko baita.
Bosgarrena.– Erakunde laguntzaileko tutorearen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Honako eskubide hauek izango ditu erakunde laguntzaileko tutoreak:
a) Kolaboratzaile ibili dela aitortuko zaio, aurreko klausulako 3. zenbakian adierazitako baldintzen arabera.
b) Kanpoko praktikak erregulatzen dituen araudiaren inguruko informazioa jasoko du, baita prestakuntza-proiektuaren eta horren garapenaren baldintzen ingurukoa ere.
c) Unibertsitatera sarbidea izango du, bere egitekoa betetzeko behar dituen informazioa eta laguntza jaso ahal izateko.
d) Bere etengabeko prestakuntzan lagundu ahal dioten Unibertsitateko instalazioak eta zerbitzuak eskura izango ditu (liburutegiak, mintegiak, etab.).
2.– Halaber, betebehar hauek izango ditu:
a) Ikasleari babesa ematea, eta garatu beharreko jarduera prestakuntza-proiektuan ezarritakoaren arabera antolatzea.
b) Ikaslearen jarduerak gainbegiratzea, eta praktikaren garapena bideratu eta kontrolatzea, elkarrekiko errespetua eta ikasketarekiko konpromisoa oinarri izanda, betiere.
c) Ikasleari erakundearen antolaketa eta funtzionamenduaren eta dagokion araudiaren inguruko informazioa ematea.
d) Unibertsitateko tutorearekin koordinatzea, batetik, hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen honetan adierazitako jarduerak, baita praktika normaltasunez garatzeko egin behar diren prestakuntza-proiektuaren aldaketak egitea eta praktika hori garatzean sor litezkeen aparteko gorabeherak jakinarazi eta konpontzea ere, eta, bestetik, azterketak egiteko baimenak kontrolatzea.
e) Ikasleak egindako praktiken azken txostena ematea.
f) Ikasleari praktikak egiteko behar duen informazio osagarria ematea.
g) Ikasleari praktika aurrera eramateko nahitaez beharko dituen baliabide materialak ematea.
h) Ikasleak berritzeko, hobetzeko eta ekiteko proposamenak egin ditzala erraztu eta bultzatzea.
i) EHUko tutoreari erakunderako sarbidea erraztea, haren funtzioari dagozkion helburuak bete ahal ditzan.
j) Tutore gisa jardutearen ondorioz ikasleari buruz ezagutzen duen informazioa isilpean gordetzea.
k) Ikasleari laguntza eta babesa ematea erakundean dagoen bitartean, ikasleak hor egiten dituen jardueretan izango dituen beharrizan profesionalei erantzuna emateko.
Seigarrena.– Ikasleen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Kanpoko praktika akademikoak egiten ari denean, ikasleak eskubide hauek izango ditu:
a) Dagokion praktikak dirauen bitartean, Unibertsitateko irakasle baten eta praktika egingo duen erakunde laguntzailean lan egiten duen profesional baten babesa izango du.
b) Unibertsitatean ezarritako irizpideen araberako ebaluazio bat izango du.
c) Erakunde laguntzailean egingo ditu praktikak, eta horren txosten bat jasoko du; bertan aipatuko da zer jarduera egin duen, horren iraupena eta, ikasleari dagokionez, baita izan duen etekina ere; hori Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen EHUko Araudiaren IV. eranskinean adierazten den ereduaren arabera zehaztuko da.
d) Hala erabakitzen den kasuetan, erakunde laguntzailearen diru-laguntza jasoko du, ikasketei laguntzeko diru-laguntza gisa.
e) Jabetza intelektual eta industriala izango ditu, arlo hori arautzen duen legerian ezarritakoaren arabera.
f) Erakunde laguntzaileak segurtasunaren eta laneko arriskuen araudiari buruzko informazioa emango dio.
g) Bere jarduera akademikoa, prestakuntzakoa, ordezkaritzakoa eta parte hartzekoa bete ahal izango ditu, erakunde laguntzaileari garaiz jakinaraziz gero.
h) Desgaitasuna duten ikasleek baliabide nahikoak izango dituzte babesa, informazioa eta ebaluazioa jasotzeko eta praktikak aukera berdintasunean egiteko.
i) Desgaitasuna duten ikasleek beren egoeraren ondorioz edo horrekin erlazionatuta dituzten jarduera edo egoera pertsonalak praktikak egitearekin bateratu ahal izango dituzte.
2.– Halaber, kanpoko praktika akademikoak egiten ari denean, ikasleak honako betebehar hauek izango ditu:
a) Unibertsitatearen arautegian kanpoko praktiken inguruan xedatua betetzea.
b) Praktiken prestakuntza-proiektua ezagutzea eta betetzea, erakunde laguntzaileak hautatutako tutorearen argibideei jarraikiz, eta Unibertsitateko tutorearen gainbegiradapean.
c) Praktika egiten duen bitartean, Unibertsitateko tutorearekin harremana izatea, horrek dirauen bitartean gerta daitekeen edozein gertakari jakinaraztea, eta tutoreari bitarteko segimendua egiteko dokumentuak eta txostenak eta amaierako memoria entregatzea.
d) Adostutako datan hastea erakunde laguntzailean lanean, prestakuntza-proiektuan aurreikusitako ordutegia betetzea eta erakundearen funtzionamendurako, segurtasunerako eta laneko arriskuen prebentziorako arauak errespetatzea.
e) Prestakuntza-proiektua egitea eta erakunde laguntzailearekin adostutako jarduerak arretaz betetzea, proiektuaren inguruan adostutakoaren arabera.
f) Praktiken amaierako memoria egitea, eta, hala dagokionean, bitarteko segimendurako txostena ere bai, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen EHUko Araudiaren V. eranskinean adierazten den ereduaren arabera.
g) Erakunde laguntzailearen barneko informazioa isilpean gordetzea, eta bere jarduerei buruzko sekretu profesionala gordetzea, praktikek dirauten bitartean eta ondoren.
h) Erakunde laguntzailearen politikarekiko errespetua erakustea uneoro, eta EHUren izen ona zaintzea.
i) Indarrean dagoen arautegian aurreikusitako beste edozein betebehar.
3.– Aurreko atalean aurreikusitako betebeharrak bete ezean, praktika aldez aurretik deuseztatu ahal izango da. Horretarako, egoeraren berri eman beharko dio EHUk edo enpresak hitzarmen honetan ezarritako Jarraipen Batzordeari, zeinak 10 eguneko epean (gehienez) ebatzi beharko baitu ea bidezkoa den praktikak aldez aurretik hutsaltzea.
4.– Ikaslea praktiketatik joan ahal izango da azterketak egiteko; horretarako, hiru egun lehenago justifikatu beharko dio erakunde laguntzaileko tutoreari. Ikasleak arrazoi akademikoen edota bestelako arrazoien ondorioz praktiketara joan ezin izana erakundeko tutoreari eta tutore akademikoari azaldu beharko die ahal bezain laster, eta, kasu horretan, Unibertsitateko tutoreak horretarako baimena eman beharko du.
Zazpigarrena.– Unibertsitatearen eskubideak eta betebeharrak.
1.– EHUk konpromiso hauek hartzen ditu, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokionez:
a) Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen EHUko Araudiaren kopia bat ematea tutoreari.
b) Egiaztatzea praktikak egiten ari den ikasleak baduela praktikak egiteko behar den asegurua edo poliza.
c) Ikasturtea amaitzean, praktiken garapenari buruzko txosten orokorra ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.
2.– Halaber, EHUk konpromiso hauek hartzen ditu parte hartzen duten ikasleekiko:
a) Ikasle guztiei eskaintzea praktiketan parte hartzeko aukera. Aitzitik, irizpide objektiboak aplikatuko dira parte hartuko duten ikasleak hautatzeko, baldin eta erakunde laguntzaileak eskaintzen duen plaza-kopurua txikiagoa bada parte hartzeko eskaera-kopurua baino. Hauek izango dira irizpideak:
a) Hezkuntzako prestakuntza, 5 puntu, gehienez (Gradua: 5; bestelakoak: 3).
b) Ikasketa-espedientea, 2 puntu, gehienez.
c) Hezkuntzako lan-esperientzia, 3 puntu, gehienez (0,5 puntu urteko).
b) Hitzarmen honen baldintzak jakinaraztea haren eraginpekoei.
c) Ikasleek beren gain har ditzatela kanpoko praktikak egitearen ondoriozko betebeharrak eta araudi aplikagarrien ondoriozkoak.
d) Ikasleek beren datuak ematea berariaz onartzea, aurreko klausulan aurreikusitako xedeetarako.
3.– Aurretik esandakoaren ondorioz, ikasle bakoitzak sinatutako dokumentuaren kopia bat emango dio EHUk erakunde laguntzaileari.
Zortzigarrena.– Instalazioak eta baliabideak.
Praktikak egiteko beharrezkoak diren instalazioak eta baliabideak erabiltzeko aukera ematen du erakunde laguntzaileak, eta jaso dezakeen ikasle-kopurua zehaztuko du.
Bederatzigarrena.– Erantzukizunak eta aseguruak.
1.– EHUk erantzukizun zibileko poliza bat du hitzartuta, ikasleek praktikak egitean eragin ditzaketen kalteak ordaintzeko.
2.– Praktikak egiteko, nahitaezkoa izango da 28 urtetik gorako ikasleek aseguru bat sinatzea. Aseguru osagarri hori EHUk hitzartuta duen CUM LAUDE istripuen poliza kolektiboa izan daiteke, edo edozein erakundek eskaintzen duen aseguru bat, gutxienez EHUk (CUM LAUDE) eskaintzen dituen kontzeptuak barne hartzen dituena. Ikasleak, egoki ikusten badu, aseguru hori sina dezake, osagarri modura, aipatutako adinera iritsi aurretik.
3.– Ez Unibertsitatea ez ikaslea ez dira erantzule izango baldin eta erakundeko tutoreak emandako agindu edo jarraibide baten ondorio badira kalteak, eta argibide edo agindu hori ez baldin bada praktiken jardueren programan agertzen.
4.– Berezko Ikasketetan eskola-aseguruak ez dituenez ikasleak barne hartzen, sor daitezkeen kontingentziak Berezko Ikasketetako Zuzendari Akademikoak sinatutako polizarekin ordainduko dira.
5.– EHUrekin hitzarmena duten atzerriko unibertsitateetatik etortzen diren eta praktikak erakundean egiten dituzten ikasleek ere istripuen poliza bat izan beharko dute sinatuta, CUM LAUDE polizaren parekoa, gutxienez.
Hamargarrena.– Diru-laguntza.
Ikasleek ez dute inolako dirurik jasoko praktikak egitearen truke.
Hamaikagarrena.– Ikasleen datuak babestea
1.– Berritzegune laguntza-zerbitzuetan praktikak egiten diharduten ikasleen datuak hitzarmen honen berariazko helburuetarako soilik erabili ahal izango ditu Berritzeguneak berak.
2.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Hamabigarrena.– Jarraipen-batzordea.
1.– Praktikak garatzean edo hitzarmen hau betetzean gerta daitezkeen aparteko gorabeherei aurre egiteko, jarraipen-batzorde bat osatuko da, zeina batzorde hori Ikastetxeko edo Berezko Ikasketetako tituluko bi arduradunek eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak izendatutako bi kidek osatuko baitute.
2.– Batzorde hori osatzean, bi alderdi sinatzaileek osatuko dute zuzendaritza, txandaka, eta EHUk izango du lehen txanda.
Hamahirugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
1.– Sinatzen denetik 2016ko abenduaren 30a arte izango du indarraldia hitzarmen honek, izan ere, 2016an amaitzen da EAEko hezkuntza-sisteman hezkidetzarako eta genero-biolentziaren prebentziorako 2013-2016 Gida Plana.
2.– Bi alderdi sinatzaileetako edonork salatu dezake hitzarmen hau, idatziz. Praktikak aldez aurretik hutsaltzen badira, hutsaltze horrek ez du eraginik izango salaketa egiten den unean egiten ari diren praktiketan, hargatik eragotzi gabe praktikak aldez aurretik hutsaltzearen inguruan seigarren klausulan adierazitakoa.
Aurretik azaldutako guztiarekin ados daudelako, alderdiek hezkuntza-lankidetzako hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan eta goian adierazitako egunean eta lekuan.
Arantza Campos Rubio, EHU.
Cristina Uriarte Toledo, Eusko Jaularitza.