EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2016157

EBAZPENA, 2016ko uztailaren 4koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Mungia Ugarte, S.L. enpresa Mungian (Bizkaia) sustatzen ari den eraikuntzako eta eraispeneko hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko eta balioztatzeko jarduerari dagokion ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten duena.

Xedapenaren data: 2016-07-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201603634
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2016ko apirilaren 4an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan Mungia Ugarte, S.L. enpresak aurkeztutako eskaera eta dokumentazioa jaso ziren. Enpresa horrek Mungian egin nahi duen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko eta balioztatzeko jarduerari dagokion proiektuari buruzko dokumentazioa zen, proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura has dadin, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz (aurrerantzean, 21/2013 Legea), arau horretako II. eranskineko 9 taldeko b eta e ataletan dagoelako. Eskaera horrekin batera proiektuaren ingurumen-dokumentazioa aurkeztu zen, aipatutako legearen 45. artikuluan ezarritako edukiarekin.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoarekin bat, Ingurumen Sailburuordetzak proiektu honek eragiten dien administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egin die kontsulta, interesekoa izan daitekeen informazioa bildu eta aipatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazteko.
Zehazki, hauei guztiei egin die kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Uraren Euskal Agentzia, IHOBE (guztiak Eusko Jaurlaritzako erakundeak), Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia eta Kultura Zuzendaritza Nagusia, Mungiako Udala eta Ekologistak Martxan Bizkaia.
Kontsulten izapidean zehar –zeina abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera egin baita– Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren, Osasun Departamentuko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren eta Ihoberen erantzunak jaso ditugu, guztiak ere Eusko Jaurlaritzako erakundeak, bai eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarena eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara eta Kultura Sailaren erantzuna ere. Hala, Ihoberen erantzunean adierazi da jarduera egin nahi den lurzati horretan potentzialki kutsatzailea den jarduera bat egin dela lehenago; halaber, Lurzoruaren kalitatea zehazteko deklarazioa egiteko prozesuari hasiera eman zaiola adierazi da, eta lurzoru hori egokia dela erabilera industrialerako, eta hori jasotzen duen 2015eko martxoaren 18ko Ebazpena erantsi dute.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Halaber, Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuen ebaluazioek, besteak beste, egoki bermatu beharko dute ingurumenaren gaineko eraginei buruzko azterketa planifikazio-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, aukera egokienak hautatu ahal izateko, betiere jardueren ondoriozko eragin metatzaile eta sinergikoak kontuan izanik.
21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, besteak beste, lege horretako II. eranskinean dauden proiektuei. Beraz, ingurumen-ebaluazioaren alorrean indarrean dagoen legedia aplikatuz, Mungia Ugarte, S.L. enpresak sustatutako metalezko hondakin ferrikoak eta ez-ferrikoak (ez-arriskutsuak) kudeatzeko plantari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaio. Ebaluazio horrek zehaztuko du proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion ala ez.
Proiektuko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio (erakunde eskuduna da otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen, Euskadiko Ingurumena Babesteko Lege Orokorraren arabera), Ingurumena eta Lurralde Politikarako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 dekretuaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematea. Bertan, aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak izan ditzakeen balioztatuko da eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion balioztatuko da.
Hauek ikusirik: Euskadiko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Mungia Ugarte, S.L.k sustatutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakin / hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko eta balioztatzeko jarduera dela-eta, ondoren adierazitakoaren arabera.
A.– Aztertzen ari garen proiektuaren helburua da Mungian (Bizkaia) hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balioztatzeko planta bat martxan jartzea. Hondakinak jasotakoan, sailkatu eta, tipologiaren arabera, baimendutako kudeatzaileari bidali edo balioztatuko dira, agregakin birziklatuak lortuz.
B.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txosten honek 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat datorren proiektuaren ingurumen-dokumentuko edukia aztertzen du.
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Instalazioetan egingo den jarduera eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzea eta balioztatzea da, aurrerantzean EEH, eta aurreko hondakin horiekin batera irits litezkeen produktu ez arriskutsuen kudeaketa (tamaina handikoak, papera eta kartoia, plastikoa, zurak, beira, txatarra...).
Instalazio horietan egingo den prozesuak etapa hauek ditu: arriskutsuak ez diren hondakinak jasotzea, sailkatzea, hautatzea, biltegiratzea eta bidaltzea, bai eta EHHak jasotzea, sailkatzea, hautatzea, biltegiratzea, balioztatzea/txikitzea, eta, azkenik, agregakin birziklatuak bidaltzea.
Instalazioaren urteko ahalmena 48.450 t/urtekoa izango da (242 t/eguneko). Instalaziotik sartu eta irteten diren hondakinen balantzea 0 izango da, eta batez besteko biltegiratze-epea 72 ordu baino gutxiagokoa izango da.
Instalazioak L moduan eraikitako bi pabiloi ditu, bulegoetarako eta aldageletarako modulu bat (behin-behinekoa), eta biltegiratze-hondartza bat, zati batean teilape batek estalia. Jarduera egiteko prestatu den zatia hormigoiztatua dago ia erabat. Lurzatiaren perimetroa hesitua dago.
Jarraituko den prozesua hau izango da:
Hondakinak iritsitakoan, pisatu eta tipologia desberdinen arabera (tamaina handikoak, zurak, plastikoa, papera eta kartoia, txatarra, beira, hondakin arriskutsuak, hormigoi garbia, adreiluak eta material zeramikoa) bereizi eta biltegiratuko dira. Hormigoi garbiaren, adreiluen eta material zeramikoaren kasuan izan ezik, gainerako hondakinak edukiontzietan biltegiratuko dira pabiloietako sailkapenerako zonan; sailkapen-zona bakoitza hormatxoek bereiziko dituzte nahasteak saihesteko, eta bertan biltegiratuko dira dagokion baimendutako kudeatzaileari bidali arte.
Hormigoiztatutako kanpoko hondartzan, berriz, euri-uren eta jariatze-uren eragina izango ez duten zenbait zona gaituko dira: berrerabiltzeko modukoak diren hondeaketa-lurrak, hormigoi garbia, adreiluak, material zeramikoa eta edukiontzi hutsak.
Kanpoko kokaleku honetan EEH garbiak balioztatuko dira (LER 17.01.01, 17.01.02 eta 17.01.03) zali birrintzailea eta bahetzailea erabiliz. Materiala aurrez bustiko da, hautsik ez harrotzeko. Balioztatu eta gero, agregakin birziklatua biltegiratu egingo da, tipologiaren arabera, kanpoko biltegiratzeko zonan. Berrerabiltzeko edo birziklatzeko balio ez duen tratatutako materiala baimendutako kudeatzaileari bidaliko zaio.
Irits litezkeen hondakin arriskutsuak eta jardueran bertan sortutakoak eraikin itxian biltegiratuko dira, eta, ondoren, dagozkion kudeatzaile baimenduei bidaliko zaizkie.
Balioztatze-prozesuan erabiliko den makineria hau izango da: gurpildun hondeamakina bat eta beste bat kateduna, bai eta hondeamakinan mihiztatu daitezkeen zali birrintzailea eta zali bahetzaileak ere. Tarteka, atzerakako hondeamakinak ere erabil litezke.
Jarduera hori egiteko behar diren kontsumoei dagokionez, instalazioak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergotik datorren edateko ura erabiliko du langileen garbiketarako eta ureztatzeko; energiaren kontsumoari dagokionez, berriz, jarduera honek hornidura elektrikoaren sarea du eta etxebizitza bati dagokionaren parekoa izango da (bulegoak eta aldagelak). Makineriak hornitzeko erregaiari dagokionez, kanpoko enpresa batek hornituko du gasolioa behar denean; beraz, instalazioan ez da erregai-depositurik egongo.
Jarduerak eragiten dituen ingurumen-efektuei dagokienez, azpimarragarrienak dira hondakinak manipulatzean atmosferara egindako emisioak (emisio lausoak), ibilgailuen zirkulazioa, makineria, eta EEH garbiak bahetzea eta birrintzea zali birrintzailearen bidez.
Bestetik, jardueraren ondoriozko zaratak materialaren zamalanetatik, EEHak balioztatzeko erabilitako makineriatik eta ibilgailuen zirkulaziotik etorriko dira, enpresaren barruan zein jarduerak eragindako kamioien zirkulazioa handitzea.
Uretara doazen emisioei dagokionez, ez da efluente industrialik eragingo. Batetik, jariatze-urak sortuko dira kanpoko zonan, eta, Gondra errekara isuri aurretik euri-ur «garbia»rekin batera, aurretratamendu bat egingo zaie hondarra kentzeko eta hidrokarburoak bereizteko; eta, bestetik, ur-sanitarioen eta instalazioetara iritsitako edukiontzietatik erator daitezkeen ur «zikinak» Bilbao Bizkaia ur Partzuergoaren hodi biltzailera isuriko dira. Azkenik, euri-ur garbiak zuzenean isuriko dira Gondra errekara.
Paisaiaren kalitatean eragindako aldaketak direla-eta, kontuan hartu behar da instalazio hori lehendik dagoela eta kanpoko biltegiratze- eta balioztatze-zona, kokalekua dela-eta, ez dela oso ondo ikusten.
Istripu-arriskuari dagokionez, istripuzko isuriak gertatzea da litekeena, eta, horretarako, enpresak prebentzioko neurri zuzentzaile batzuk aurreikusi ditu.
2.– Proiektuaren kokapena.
Instalazioak Mungiako udalerrian daude, zehazki Mungia eta Plentzia lotzen dituen BI-2120 errepidean (Plentzia Bidea errepidea, 30), «Industrias del Torneado Mungitor» zena zegoen merkataritza-kokalekuan.
Hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatutako lurzati bat da, 7007,47 m
Lurzatiaren zorua kutsatua egon daitekeen zoru gisa sailkatua dago, eta industria-erabilerarako egokia dela ebatzi zen 2015eko martxoaren 18ko Ebazpenaren bidez.
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak direla-eta, inpaktu adierazgarrienak instalazioaren jarduerari berari dagozkionak dira. Garrantzitsuenak airearen kutsadurari dagozkionak dira (emisio difusoak), balioztatu beharreko materialak manipulatzean sortutako hautsarengatik zein ibilgailuen zirkulazioak eta makineriaren erabilerak eragindako errekuntza-gasen bestelako emisio eta zarata batzuengatik sortutakoak.
Horrez gain, inoiz isuriak, jariatzeak... gerta daitezke, ura kutsatuz.
Jarduerak eragindako paisaia-inpaktua ez da garrantzitsua instalazioak lehendik daudelako eta hondartzaren zona –eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak birrindu eta bahetuko diren kanpoko zona– pabiloien eta lur-erauzketaren artean kokatua dagoelako, eta ez da asko ikusten.
Isuriei dagokienez, adierazi bezala, enpresak, Gondra errekara bota aurretik, kanpoko urak aurretratatzeko sistema bat izango du; gainerakoak (saneamendukoak eta «industrialak» izan daitezkeenak) hodi biltzailera joango dira. Bestetik, produkzio-prozesuan ez da urik erabiliko.
Bigarrena.– Proiektua egikaritzeko eta sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako nahiz dagokion baimen sektorialetan adierazitako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsagarriak alde batera utzi gabe, baldintza hauek kontuan hartu beharko dira:
– Obrak, bai eta lurra erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Aipatutako gunetik kanpo, obretako makinen zirkulazioa ahalik eta gehien murriztuko da.
Sarbide berriak ireki behar badira, eta proiektuak eragina badu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak gauzatu diren lursailetan, halako eremuetan edozein jarduketa egiteko, aurretiaz ingurumen-organoaren baimena beharko du, lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean aurreikusia.
– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia eta, zehazki, lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua eta lurzoru kutsatua prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015eko Legea.
– Balioztatu beharreko materialaren zamalanak eta biltegiratzea, kanpokoa zein barrukoa, behar bezala iragazgaiztutako azalera batean egingo dira, eta urak jasotzeko sistema bat jarriko zaio.
– Hondakinak biltegiratzeko eremu egokiak gaitu beharko dira tipologiaren, sailkapenaren eta bateragarritasunaren arabera. Hondakin arriskutsuak estalita biltegiratuko dira, zolata iragazgaitz baten gainean eta ihesak edo lixibiatu likidoak biltzeko sistemarekin. Gainera, gutxienez hondakin hauek bereiz biltegiratzeko edukiontziak egongo dira: papera eta kartoia, plastikoak, metalak eta hondarren frakzioa.
– Airearen kutsadurari dagokionez, jarduera horrek –atmosfera kutsa dezakeen jarduera izateagatik– izan behar duen baimenean ezarritakoa betetzeaz gain, arreta berezia jarriko zaio ahal den hauts gutxien sortzeari. Horretarako, honako neurri hauek hartuko dira kontuan:
• Baliozkotzekoa den materiala aurrez busti egingo da eremu kritikoenetan, egokitzat jotzen den maiztasunarekin.
• Uda-garaietan edo prezipitaziorik ez dagoenean kamioien joan-etorrietarako eremuak ureztatuko dira.
• Aspertsore-sistema bat erabiltzen bada materiala eta iraganbideak bustitzeko, alde kritikoenak ureztatzeko punturik egokienean kokatuta daudela egiaztatuko da eta jarduerak eskatutako behar besteko maiztasunarekin lan egingo dutela. Instalazioko aspertsore-sistema aldizka berrikusi beharko da, hala dagokionean, egoera onean manten dadin. Ildo horri jarraikiz, legionellosia prebenitzeari zein kontrolatzeari buruzko uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua izan behar da kontuan.
• Gehigarri tentso-aktiboak eta ur egonkortzaileak injektatzeko beharra dagoen aztertuko da, ureztatzearen eraginkortasuna areagotu dadin.
• Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxiena sortzeko moduan egingo dira.
• Biltegiratzeetarako baldintzei dagokienez, saihestu beharko da haizeak hondakinak arrastatzea, bai eta hondakinaren edo haren osagaien beste edozein galera ere. Metaketen altuera kontrolatuko da.
Materialak kanpoaldean metatuta dauden kasuetan, metaketa horiek haize-babeslekuetan kokatuko dira.
• EEH garbiak birrintzeko eta bahetzeko lanak ahalik eta hauts gutxiena sortzeko moduan egingo dira.
• Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.
• Makineriak ez du orduko 20 km-ko abiadura gaindituko, atmosferan partikulen suspentsioa ahal den txikiena izan dadin.
• Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.
– Kutsadura akustikoari dagokionez: Kutsadura akustikoa prebenitzeko beharrezko neurriak hartuko dira; esaterako, eragin akustiko txikiagoko teknologiak baliatu behar dira, direnik eta teknika onenak, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnen artean kutsadura gutxien sortzen dutenak, kasuko kutsatzaile akustikoaren bereizgarriak kontuan hartuta, eta betiere kutsadura-iturri berriei aplikagarri zaizkien muga-balioak betez, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta gainerako araudietan ezarrita daudenak.
Era berean, jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-emisioek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute eta, batez ere, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan (bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez) funtzionatzen duela bermatzeko.
– Gondra errekara isuriko diren uren inguruan, Uraren Euskal Agentziaren Isurketa-baimenean ezarritako mugei eta kontrolei kalterik egin gabe, aurretratamendurako sistemaren ohiko kontrolak egingo dira (hondarra kentzeko eta hidrokarburoak bereizteko), eta funtzionamendu egokia duela bermatzeko beharrezkoak diren mantentze-lanak egingo dira. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia eta hidrokarburoak kentzea eta gero kudeatzaile baimenduari bidaltzea.
– Hondakinei dagokienez, jarduerak lortu beharreko baimenak edozein direla ere, enpresak sortutako hondakin guztiak behar bezala kudeatzen direla kontrolatuko da, indarrean dagoen legeria betez.
Hondakinen sorkuntza gutxitu egingo da, ahal dela.
Sortutako hondakinak lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balioztatze mota batzuk, balioztatze energetikoa barne dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa balitz, hondakinak deuseztatzean ingurumenean eragina izatea saihestuko da, edo ahal den gehien murriztuko da eragin hori.
Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan ala ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak izango dira, nahaste horiek saihesteko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzeko ez badira behintzat.
Hondakin arriskutsuak biltegiratzeko instalazio horietarako diren baldintza teknikoak bete beharko dira.
Baztertzen diren olioen, baterien, makinerien mantentze-hondakin arriskutsuak eta, oro har, arriskutsutzat jotako substantzia/prestakin guztiak, horiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapuak eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar behar bezalako baldintzetan baztertuko dira, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen arabera eta aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinei eta hondakin arriskutsuei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta gainerako araudiaren arabera.
– Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak plantan hori egiteko egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.
– Behin instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendua egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.
Hirugarrena.– Kontuan izanik lehenengo puntuan ezarritako baldintzak eta sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoak eta dagozkion baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik izango denik. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Mungia Ugarte, S.L. enpresak Mungian egin nahi duen eraikuntzako eta eraispeneko hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko / balioztatzeko kudeaketa-jarduerari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinarazi behar zaie bai Mungiako Udalari eta bai proiektuaren sustatzaileari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau bidali egin behar da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 4a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.