EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2016156

EBAZPENA, 2016ko uztailaren 29koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, Arnhem eta Rijeka hirietan egonaldi artistiko bana egiteko bi sortzaile aukeratzeko deialdia irekitzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-07-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201603622
Maila: Ebazpena
Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kulturaeskaintza sustatuz eta hedatuz».
EEIren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean daudela artisten eta horien lanen ibiltaritzari laguntza ematea, arteak hedatzeko ekintza estrategikoak sustatzea eta kultura eragileei laguntzeko programak diseinatzea euskal sorkuntza nazioarte mailan ezagutzera emateko.
EEIk eta Donostia / San Sebastián 2016 Fundazioak, lankidetza hitzarmena berritu zuten 2015eko abenduaren 18an, eta aipatu hitzarmenean, bi alderdiek bidezkoa irizten diote, 2014tik martxan den Wroclaw (Polonia) hiriko erresidentzia proiektuaren emaitza positiboak ikusita, erresidentzia hauek 2016an Europako beste hiri batzuetara zabaltzeari, euskal sortzaileen mugikortasuna laguntzearren eta sortze-korronteen mesedetan, arte diziplina nahiz kultura ezberdinen elkarrizketa sustatu eta elkarren arteko aberastasuna elikatzeko xedearekin.
Aipatu hitzarmenaren 2. artikuluaren arabera, EEI izango da egonaldi artistiko horietan parte hartuko duten artistak hautatzeko deialdiaren organo kudeatzailea.
Hori dela eta,
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da:
a) Euskal sortzaile bat hautatzea Kroaziako Rijeka hirian, 2020an Europar Kultur Hiriburu izango dena, 6 asteko egonaldi artistikoa egiteko.
b) Euskal sortzaile bat hautatzea Herbehereetako Arnhem hirian 6 asteko egonaldi artistikoa egiteko.
Sortzaileak edozein arte diziplinetakoak izan daitezke: arte eszenikoak, musika, literatura, arte plastikoak eta ikusizkoak, ikus-entzunezkoak...
2. artikulua.– Rijeka hiriko egonaldia eta proiektua.
Hautaturiko sortzaileak 6 asteko egonaldia egingo du Rijeka-n 2016ko urri eta azaro artean. Egonaldiaren data zehatzak Rijeka 2020, Donostia / San Sebastián 2016 Fundazioa eta artista aukeratuaren artean adostuko dira, betiere egonaldiaren amaierak Donostian antolatuko den proiektuen aurkezpenean parte-hartzea ahalbidetzen duela bermatuz.
Erresidentzia edo egonaldi artistiko honen helburua, sortzaile honek Donostia / San Sebastián2016ko Europar Hiriburuko ildoak eta Rijeka 2020 Europar Hiriburuko ildoak oinarritzat hartuz, Kroaziako hiri honetan eragin artistiko eta kulturala izango duen proiektu bat garatzea izango da. Zehazki, migrazioekin loturiko proiektu artistikoak; hiriko portuaren ber-asmakuntza ala urbanismoari buruzko eztabaida eragiten duten interbentzio artistikoak; edota Rijekako 27 auzoen eta Europako beste herrialdeetako auzoen arteko kontraste eta antzekotasunei loturiko proposamen artistikoak. Link honetan Rijeka 2020ko ildoei buruzko informazio gehiago aurki dezakete hautagaiek:
www.rijeka2020.eu/rijekas-bid-book-for-the-title-of-european-capital-of-culture-2020
Sortzailari erraztasunak emango zaizkio bere proiekturako interesgarri izan daitezkeen Rijeka-ko gune, artista, eta eragileekin harremanetan jartzeko.
Proiektua aipaturiko edozein arte diziplinetakoa zein diziplinartekoa izan daiteke. Artistak bakarka zein beste tokiko artistekin batera landu ahal izango du proiektua egonaldi horretan, azken helburua Rijeka eta Donostiaren artean zubi artistiko eta kulturalak eraikitzea delarik.
3. artikulua.– Arnhem hiriko egonaldia eta proiektua.
Hautaturiko sortzaileak 6 asteko egonaldia egingo du Arnhem-en 2016ko urri eta azaro artean. Egonaldiaren data zehatzak Arnhem-eko Motel Spatie kultur erakundea , Donostia / San Sebastián 2016 Fundazioa eta artista aukeratuaren artean adostuko dira, betiere egonaldiaren amaierak Donostian antolatuko den proiektuen aurkezpenean parte-hartzea ahalbidetzen duela bermatuz.
Egonaldi artistiko honen helburua, Motel Spatie-ren misioari jarraituz, espazio publikoaren kode eta muga sozial eta fisikoekin esperimentatzea da. Arte garaikidea kulturalki, ekonomikoki eta politikoki aberastu eta hausnarketa pizteaz gain, etorkizun komunari buruzko eztabaidan tresna eraginkorra izan daitekeela erakutsi nahi da.
«Norena da hiria?» galdera oinarri hartuta, auzo eta hiriaren identitatean (etan), eraldaketan edo hau eragin edo pairatzen duen testuinguru sozialean interesa duten artistak bilatzen dira. Galdera forma duen lelo honek Motel Spatie-ren Misioa inspiratzen du.
Motel Spatie Arnhem hiriko kanpoaldeko auzoa da, 112 jatorri ezberdineko biztanleak dituena, eta honek oso inguru dinamiko eta berezia izatea ekarri du. Berregituratze fasean dagoen auzo hau II Mundu Gerra osteko hiri-garapenaren ondorioz sortu zen. Ohiko hiri modernoetan ez bezala, auzune honetan gizabanakoei komunitatearekin adiskidetu eta biltzeko erraztasunak eman nahi izan zitzaizkien.
Hautatutako sortzaileak artelan bat sortu beharko du, tokiko genius loci-a aintzat hartuz eta islatuz eta, beraz, tokiko komunitatearekin lotuta. Deialdi honen bidez hautatuko den artista bere (ezinbesteko) sortzaile autonomia zalantzan jarri gabe, testuinguruarekin lotura egiteko gai dena izango da. «Konpromisodun autonomia» leloa aintzat hartuz (engaged autonomy) Motel Spatie taldeak indarrean duen ikerketan parte-hartuko du.
Proiektua aipaturiko edozein arte diziplinetakoa zein diziplinartekoa izan daiteke. Artistak bakarka zein beste tokiko artistekin batera landu ahal izango du proiektua egonaldi horretan, azken helburua Arnhem eta Donostiaren artean zubi artistiko eta kulturalak eraikitzea delarik.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Artista bakoitzak bi mila euroko (2.000) ordainsari garbia jasoko du.
Artistek proiektua aurrera ateratzeko produkzio, promozio eta komunikazio babesa jasoko dute antolakuntzatik.
● Arnhem-eko egonaldiaren kasuan, Motel Spatiek produkziorako 500 euroko aurrekontua eskainiko dio, baina gastu bakoitzak antolatzaileen oniritzia izan beharko du.
● Rijeka-ko egonaldiaren kasuan, Rijeka 2020k produkziorako 600 euroko aurrekontua eskainiko dio, baina gastu bakoitzak antolatzaileen oniritzia izan beharko du.
Hortik aurrerako gastu guztiak, artisten esku geratuko dira.
5. artikulua.– Bidaia eta ostatua.
Bilbotik dagokion hirira hegazkinez joan-etorri bat ordainduko zaio artista bakoitzari.
Donostia / San Sebastián 2016 Fundazioa arduratuko da hegazkin bidaiaren kudeaketa eta ordainketaz, eta horri dagozkionak jakinaraziko dizkie artistei. Hegaldiak maila arruntean egingo dira.
Artisten ostatua hiriburu hartzaileen kargura joango da, Donostia / San Sebastián 2016 Fundazioak egingo duen kudeaketaren testuinguruan.
6. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete beharko dira:
– Helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona fisikoak izatea, edo bere lan artistikoa euskaraz garatzen duten sortzaileen kasuan helbidea euskararen eremu geografikoan izatea. Ondokoa joko da euskararen eremu geografikotzat: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea, eta Frantziar Pirinio Atlantikoen Departamentuko euskal lurraldeak, hots, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa.
– Ibilbide artistiko esanguratsua duten sortzaileak izatea.
– 2. artikuluan (Rijeka, Kroazia) eta 3. artikuluan (Arnhem, Herbehereak) aipaturiko gai eta testuinguru eta kontzeptura egokituko den proiektu bat garatzeko interesa eta motibazioa izatea, eta proiektu edota ideia hori beste sortzaileekin partekatzeko borondatea eta asmoa izatea.
– Ingelesez eta nederlanderaz (Arnhemerako) /kroazieraz (Rijekarako) moldatzea kontuan hartuko da. Horretarako, dagokion hizkuntza ziurtagiri ofizialak aurkeztuko dira.
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 2016ko irailaren 2ra arte egongo da irekita, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.
2.– Eskabidea (I. eranskina) eta dokumentazioa ondorengo helbidean aurkeztu beharko dira: EEI. Andre zigarrogileen Plaza 1, Tabakalera, 20012 Donostia. Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean bulegoetan, ala 30/1992 Legean ezarritako beste edozein bide ere erabil daiteke eskabideak aurkezteko (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Eranskinak http://www.etxepare.eus helbidean egongo dira eskuragarri.
8. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak
Eskabideekin batera, hautagaiek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute.
– NANaren fotokopia.
– Errolda agiria.
– Curriculum Vitaea. Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiek ziurtagiri bidez frogagarriak izan beharko dute eta hala egin beharko dute epaimahaiak eskatuko balu. Luzera gehienez ere lau orrialdekoa izango da.
– Motibazio gutuna. Egonaldiaren oinarrietan aipatutako kontzeptu eta testuinguruarekin lan egiteko motibo edo arrazoiak.
9. artikulua.– Hautapen-batzordea.
Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Hautapen Batzordea eratuko da.
Honako hauek izango dira bertako kide:
Lehendakaria: M. Aitzpea Goenaga Mendiola, EEIko Zuzendaria. Bozketan berdinketa balego harena izango da boto erabakigarria.
Batzordekideak:
Mari Jose Olaziregi Alustiza, EEIko Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako Zuzendaria
Xabier Paya Ruiz, Donostia / San Sebastián 2016 Fundazioko zuzendari kulturala.
Iker Tolosa Lafuente, Donostia / San Sebastián 2016 Fundazioko Hazitegiak Kaiko arduraduna.
Idazkaria: Alex Aginagalde Lopez, EEIko Euskara eta Kultura teknikaria, hitz egiteko eskubidearekin, baina botorik gabe.
Batzordekideek parte hartu ezin badute batzordearen lanetan, ordezkatuko dituen beste pertsona bat izendatu ahalko dute bere funtzioak betetzeko.
10. artikulua.– Hautapen-irizpideak.
Hautagaien hautapena ondoko baremoaren arabera egingo da, eta guztira gehienez 100 puntu lortu ahal izango dira:
– Curriculum Vitaea: gehienez 40 puntu.
– Curriculumean ondorengoak kontuan hartuko dira: titulazioa (5 puntu), ibilbide artistikoa (20 puntu), nazioarteko proiektuetan eskarmentua, proiektu diziplinartekoetan parte hartu izana, elkarlaneko sorkuntzetan izandako beste esperientziak (15 puntu).
– Motibazio-gutuna: gehienez 40 puntu.
Ondorengoak hartuko dira kontuan: aurkezturiko ideiaren motibazioa eta bideragarritasuna (10 puntu), Dss2016 ildoekin eta Arnhem Motel Spatiek/Rijeka 2020k proposaturiko ildoekin lotura (25 puntu), euskararen presentzia (5 puntu), beste artisten eta herritarren parte-hartzea proiektuan (10 puntu).
– Hizkuntzen ezagutza: gehienez 10 puntu.
– 7 puntu Ingeles titulazioa (C1=7p; B2=5p; B1=3p).
– 3 puntu Nederlandera / Kroaziera titulazioa (B2=3p; B1=2p A2=1p)
– Beste meritu batzuk: gehienez 10 puntu. (jasotako sariak...)
11. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egitea galduko duela.
12. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.
Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Iragarki Taula Elektronikoan argitaratuko da diru-laguntza deialdian parte hartzeko onartuen eta baztertuen behin behineko zerrenda, baztertzeko arrazoia berariaz azalduz. Baztertuek 5 egun naturaleko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko.
Aurkeztutako erreklamazioei dagozkienak ebatzita, hautapen prozesuan parte hartzeko onartu eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da Iragarki Taulan, baztertzeko arrazoia berariaz azalduz.
Behin betiko zerrenda aztertuta eta balorazio irizpideak kontuan hartuta, hautapen Batzordeak bi hautagai proposatuko ditu.
Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahalko dira ondoko kasuetan:
– Eskabide bat ere aurkeztu ez bada.
– Hautagaiek puntuazio orokorrean 50 puntu baino gutxiago lortzen badituzte.
– Deialdi hau argitaratu ondoren, dena delako arrazoiengatik EEIren eta Donostia / San Sebastián 2016 Fundazioaren arteko lankidetza hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.
13. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.
EEIren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, hautatutako pertsonak eta plazarik gabeko hautatuak zein diren adieraziz. Azken hauek erreserban egongo dira, hautatuek ukoa aurkeztu edo ordezkatu beharra gertatzen bada ere.
Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren Iragarki Taula Elektronikoan argitaratuko da.
EEIko zuzendaria izango da organo eskuduna deialdi honen betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gora beherak kudeatu eta argitzeko.
14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
– Egonaldietan parte hartzea onartzea. Hautatutako pertsonak jasotzen dituen ebazpena argitaratu eta hamar egunera, hautatuek berariaz eta idatziz onartu beharko dute egonaldian parte hartu eta egonaldiaren baldintzak betetzea. Hala egiten ez badute uko egiten dutela ondorioztatuko da.
– 2016ko urria eta azaroa bitartean, aurrez erakunde hartzaileekin eta Donostia / Sebastián 2016 kultur hiriburuaren antolatzaileekin adostutako datetan, Arnhemen/Rijekan 6 asteetako egonaldia egitea.
– Egonaldi artistiko horren emaitza den sorkuntza lana, EEI eta Donostia / San Sebastián 2016 Fundazioarekin adosturiko moduan aurkeztuko da Donostian ere. Aurkezteko azken epea 2016ko abenduaren 31 izango da. EEI eta Donostia / San Sebastián 2016 Fundazioaren esku egongo da sorkuntza lan hori jendaurrean ezagutarazteko ekitaldi bat antolatzea ala ez.
Sorkuntza lana ezagutarazteko ekitaldi hori antolatuko balitz, artistek konpromisoa hartuko dute horietan parte hartzeko. Data eta lekua EEI eta Donostia / San Sebastián 2016 Fundazioarekin adostuko dira.
– EEI eta Donostia / San Sebastián 2016 Fundazioari sormen lan hauek erakutsi eta erabiltzeko eskubidea ematea, baldin eta erabilpen komertzialik ez bada.
– Egonaldi honen ondorioz sortutako lanen eskubideak sortzaileen esku geratuko dira, baina haiek hedatzean beren-beregi adierazi beharko da jatorria EEIk eta Donostia / San Sebastián 2016 Fundazioak bultzatutako egonaldia dela.
15. artikulua.– Ukoak eta ordezkapenak.
Hautatuetako batek bertara joan aurretik egonaldiari uko egin ezkero, EEIk ordezkoen zerrendatik hautagai berria proposatuko du, ordezkoen zerrendaren hurrenkeran.
16. artikulua.– Ordainketa.
Egonaldian parte hartuko duten artistei honela egingo zaizkie ordainketak:
– % 50 hautapena onartu eta gehienez 15 eguneko epean
– % 50 jarduera amaitu eta 14. artikuluan aipatzen diren baldintzak beteta, beranduenik ere 2016ko abenduaren 31n.
17. artikulua.– Ez betetzeak.
Ebazpen honetako 14. artikuluan ezarritako betebeharrak beteko ez balira, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Hautagaiek eskabidean emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da. Fitxategi horren erabilera hautapen prozesua eta egonaldiak kudeatzera mugatuko da. Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoaren, abenduaren 13koa, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko 2/2004 Legearen, otsailaren 25ekoa, aurreikuspenekin bat etorriko da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesatuek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek EHHAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango ditu ondorioak.
Donostia, 2016ko uztailaren 29a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
MARIA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.