EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2016155

AGINDUA, 2016ko uztailaren 5ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, «Fundación Antonio Menchaca de la Bodega» fundazioaren estatutuetako 6. (xedeak eta jarduera), 11., 12., 15. eta 16. artikuluetan egindako aldaketak eta estatutuen bateratzea onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-07-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201603609
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2001/05/07an argitaratutako 2001/03/12ko AGINDUA [200102334]
  • Ikus 2002/07/01ean argitaratutako 2002/06/03ko AGINDUA [200203788]
  • Ikus 2004/08/09an argitaratutako 2004/06/14ko AGINDUA [200404392]

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2016ko ekainaren 1ean sartu zen Herri Administrazio eta Justizia Saileko Erregistroan Juan Carlos Sánchez Vicente jaunak «Fundación Antonio Menchaca de la Bodega» fundazioaren izenean eta haren ordez aurkeztutako eskabidea fundazio horren estatutuen aldaketak inskribatzeko.
Eskabidearekin batera, estatutuen aldaketaren eskritura publikoaren kopia baimendua eta kopia sinplea aurkeztu dira, zeina 2016ko maiatzaren 19an egiletsi baitzen, Bilboko notario Juan Ignacio Bustamante Esparza jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 974).
Eskritura publiko horretan sartu zen Juan de Dios Sanmartín de Castro jaunak –fundazioaren idazkari gisa, eta lehendakariaren oniritziarekin– 2016ko martxoaren 17an Bilbon emandako ziurtagiria, 2016ko otsailaren 25ean Patronatuak egindako bilerarena, zeinean, besteak beste, aho batez onartu baitzen fundazioaren estatutuetako 6. (xedeak eta jarduera), 11., 12., 15. eta 16. artikuluak aldatzea.
Eskrituran, aldatutako artikuluen idazketa berria osorik jasotzen da, bai eta fundazioaren estatutuetako artikulu guztiena ere.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretua, eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoa.
Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta honako arau hauetan aurreikusitako eskakizunak bete dira, batez ere: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduko 44. artikuluan, ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaz onartutakoan. Eta aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.
Hirugarrena.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak 2016ko uztailaren 4ko Ebazpena eman du, babeslaritza-funtziotan jardunez eman ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 4.2 artikuluan aurreikusitakoaren ildotik. Ebazpen horren bitartez, fundazioaren estatutuen aldaketa onartu da, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legeak 31.1 artikuluan xedatutakoarekin eta aipatu dekretuaren 33.1 artikuluarekin.
Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Fundación Antonio Menchaca de la Bodega» fundazioaren estatutuetako 6. (xedeak eta jarduera), 11., 12., 15. eta 16. artikuluetan egindako aldaketak eta estatutuen bateratzea inskribatzea.
Bigarrena.– Fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa eta estatutuen bateratze hori inskribatzeko agintzea, agindu honen datarekin, eta eskritura publikoan ezarritakoarekin bat etorriz. Eskritura hori –hor, estatutuetako artikuluen eta estatutuen bateratzea jasotzen dira– Bilboko notario Juan Ignacio Bustamante Esparza jaunaren aurrean egiletsi zen, 2016ko maiatzaren 19an (protokolo-zenbakia: 974).
Estatutuen 3. artikulua (xedeak eta jarduera) aldatzearen ondorioz, hauek dira xedeak, eguneratuta:
«6. artikulua. Xedeak eta jarduera.
Fundazioaren xedea izango da, bere aukeren barruan, gaixotasunek, desgaitasunek edo aurkako baldintza sozial eta ekonomikoek eragindako beharrizanak, edozein motatakoak, asetzea.
Era berean, fundazioaren xedea izango da ikerketan eta arte eta zientzien aurrerakuntzan laguntzea, bai eta pertsonen arteko elkartasuna sustatzea ere.
Esparru horren barruan, xede hori garatzeko, ongintza, prestakuntza, lankidetza, heziketa eta ikerketa xedetzat dituzten elkarte guztiei lagunduko die, lehentasunez eta inolako mugarik gabe.
Elkartasuna sustatzeko edo ikerketa-lanaren alde egiteko, fundazioak sari bat eman ahal izango du urtero, Antonio Menchaca Saria. Sari horren zenbatekoa eta gainontzeko ezaugarriak fundazioaren patronatuak zehaztuko ditu dagokionean, eta gizarte-esparruan nabarmentzen diren tesi, azterlan eta lanei emango zaie.
Urteak igaro ahala ikusiko balitz fundazioaren xedea osatzen duten helburuetako edozeini baliabide ofizialen bidez behar bezala erantzuten zaiola, patronatuak helburu horren ordez beste xede bat ezarri ahal izango du, fundazioaren helburuak aldatzeko espedientea bideratu ondoren (indarrean dagoen legerian ezarrita dagoen bezala)».
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 5a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.