EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2016151

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2016ko maiatzaren 26ko bilkuran hartua «Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, 2014» txostena behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2016-05-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201603533
Maila: Akordioa
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2016ko maiatzaren 26an egindako bilkuran
ERABAKI DU:
«Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, 2014» txostena behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 atalak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 26a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA ZUZENBIDE PRIBATUKO ERAKUNDE PUBLIKOA, 2014
Laburdurak
BABA: Baldintza Administratibo Berezien Agiria.
EA: Esparru Akordioa.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EAETB: Euskadiko Aurrekontu Araubideari buruzko Testu Bategina.
EAO: Estatuko Aldizkari Ofiziala.
EASL: 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzkoa.
EBAO: Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala.
EEP: Enpleguaren Eskaintza Publikoa.
EJ: Eusko Jaurlaritza.
EKB: Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.
EM: Erresonantzia Magnetikoa.
IKT: Informazio eta Teknologietako Teknologiak.
SPKL: 30/2007 Legea, urriaren 30ekoa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzkoa.
SPKLTB: Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina.
TVCP/HKEE: Herri-Kontuen Euskal Epaitegia.
ZEI: Zerbitzu erakunde Integratua.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE), bera arautzen duen 1/1988 Legean eta Lanerako Urteko Programan ezarritakoari jarraiki, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoaren (aurrerantzean, Osakidetza) urteko kontuen fiskalizazio txostena mamitu du, 2014ko ekitaldiari buruzkoa.
Fiskalizazioak honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkoak: aplikagarria den arautegia honako alor hauetan betetzen dela egiaztatzea: aurrekontua, zorpetzea, finantza-eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak, diru-laguntzak eta laguntza publikoak ematea eta zuzenbide publikoko diru-sarrerak.
– Kontularitzakoak: Kontuak aplikagarriak diren kontularitzako printzipioen arabera mamitu diren aztertuko dugu.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlanik besarkatzen. Nolanahi ere, azaleratutako hutsak «Kudeaketaren alderdiak eta Gomendioak» idazpuruan xehetasunez jasoko ditugu.
Berebat, Osatek, S.A.ere fiskalizatu dugu, Osakidetzak kapital sozialaren % 100eko jabetza duen sozietate publikoa.
Bestetara, kanpo enpresek egindako Osakidetza eta Osatek, SAren urteko kontuen eta aurrekontu eta legea betetzen dutelako auditoria txostenak euskarritzen dituzten lan paperak ere aztertu ditugu. Berebat, aplikagarria den legezko araudia bete izanari buruz Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Kontrolerako Bulegoak egindako txostenak aztertu ditugu.
Fiskalizazio lanak sektore publikoari ezargarriak zaizkion auditoriako printzipio eta arauen arabera gauzatu dira eta kasu bakoitzean beharrezko iritzitako hautazko probak, prozeduren azterketa eta auditorian ohiko diren gainerako teknikak baliatu dira txostenean jasotako iritzia euskarritzeko.
Osakidetza osasun gaietan eskumena duen EAEko Administrazio Orokorreko Sailari atxikia dago; berezko lege-nortasuna du eta jarduteko gaitasun osoa du osasun zerbitzuak emateko, bere baitako diren zerbitzu erakunde publikoen bitartez, zeinak nortasun juridikorik ez duten, baina bai, ordea, kudeatzeko autonomia.
2014ko abenduaren 31n Erakunde Nagusiaz gain, 22 zerbitzu erakunde existitzen dira. 6 ospitale, 7 zerbitzu erakunde integratu, oinarrizko osasun-laguntzako 4 eskualde, 3 osasun mentaleko zentro, Larrialdiak eta Transfusio eta Giza-ehunen Euskal Zentroa. Osatek, S.A.enpresak ere badu zerbitzu erakunde izaera.
II.– Iritzia.
II.1.– Osakidetza.
II.1.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Kontratazioa
1.– Osakidetzako zerbitzu erakundeek kontratu txiki modura izapidetu dituzte produktu edo ondasun higigarrien erosketak, zeinetan kontratazioaren xedea zatikatu den; horrek publikotasun eta lehia printzipioa urratzen du (SPKLTBaren 86. artikulua). Botiken hornidurari dagokionez, aztertu diren 30,1 milioi euroren erosketetatik 15 milioi euroren erosketetan egin da huts hau, hau da, % 49,7an; gainerako horniduretan produktu homogeneoen erosketa zatikatu egin da aztertutako 91,3 milioi euroren horniduretatik 82,8 milioi euroren horniduretan, hau da horien % 90,8an.
2.– Basurtoko Unibertsitate Ospitaleko Areilza doktorearen kirurgia saileko bizkortze gunea zaharberritzeko obraren espedientean, 4,9 milioi euroan esleitu zenean, aldaketak baimendu dira hasiera batean esleitutako zenbatekoarekiko, aurreikusitako instalakuntzak indarreko araudi berrira egokitzearren, 1,2 milioi euroren zenbatekoan; horrek % 40ko igoera izan duela esan nahi du eta honenbestez, nabarmen eraldatu direla hasierako kontratuaren oinarrizko baldintzak, SPKLTBaren 107.2 eta 3 artikuluan aurreikusitakoarekiko. (ikus A.4 3 espedientea).
Epaitegi honen iritzira, aurreko bi paragrafoetan zehaztu diren ez-betetzeak alde batera, Osakidetzak zuzentasunez bete du 2014ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.1.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– Egoeraren balantzeak ez ditu barne hartzen Insalud-etik datorren langileria estatutario sanitario ez fakultatiboaren erretiro osagarriak, ez Tuberkulosiaren kontrako Patronatuko langileria funtzionarioarenak, ez eta 1994ko abenduaren 31 baino lehenago erretiratu zen Basurtoko Ospitaleko hainbat langilerena ere Obligazio hauek erregistratzeko Osakidetzak nagusiki kutxa irizpidea darabil eta 2014an gastu modura ekitaldian ordaindutako 7,1 milioi euroak jaso ditu.
Ezargarria den finantza informazioko arau-esparruari jarraiki, pentsio osagarriek eta antzeko beste batzuek sortutako pasiboak azterketa aktuarialen bitartez zenbatetsi behar dira eta sortzapen printzipioaren arabera erregistratu. Osakidetzak aditu independenteek egindako azterketa aktuariala du; azterketa honek bere pasibo aktuarialak 110,3 milioi euroan kuantifikatu ditu 2014ko abenduaren 31n; Osakidetzak, ordea, ez du dagokion zuzkidura erregistratu.
2.– Osakidetzak ebazteko ditu garbiketa zerbitzuaren emakidadun diren enpresetako langileen demanda kolektiboak, 2008tik 2010era bitarteko ekitaldietako lanbide-karreren kontzeptuko ordainsariei dagokienez. 2015ean Osakidetzako garbiketa zerbitzuaren emakidadun diren enpresen hitzarmen kolektiboa izenpetu da 2011tik 2017ra bitarteko urteetarako eta bertan lanbide-karreragatik egiten diren erreklamazioak zein modutara ordainduko diren zehazten da. Kolektibo honi ordaindu beharreko konpromisoen balioespena 11,2 milioi eurorena da; horri aurre egiteko 6 milioi euroren hornidura zuzkitu da; horren arabera, bada, 5,2 milioi euroren konpromisoak estaldurarik gabe daude.
Epaitegi honen iritzira, 1. eta 2. paragrafoetan adierazitako salbuespenen ondorioak alde batera, Osakidetzaren Urteko Kontuek 2014ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta 2014ko abenduaren 31n ondarearen eta finantza egoeraren eta ekitaldian eragiketen emaitzen isla zuzena erakusten dute.
II.2.– Osatek, SA.
II.2.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Epaitegi honen ustetan, Osatek, SAk zuzentasunez bete du 2014ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
Epaitegi honen iritzira, Osatek, SAren Urteko Kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2014ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa erakusten dute, 2014ko abenduaren 31n ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena eta data horretan amaitutako urteko ekitaldian zehar bere eragiketen emaitzena.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honek besarkatzen ditu bai ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak betetzea nabarmen eragiten ez duten hutsak, bai prozedurazko alderdiak ere, kudeaketa hobetzeko azaleratu ditugunak.
III.1.– Osakidetza.
III.1.1.– Kontabilitatea: hornitzaileei ordainketak.
Uztailaren 5eko 15/2010 Legearen 3. Xedapen Gehigarriak eskatutako informazioari dagokionez, merkataritza eragiketetan berandutzaren aurka borroka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldarazten duena, 2014ko urtean legezko 30 eguneko epea gainditu duen hornitzaileei egindako ordainketen zenbatekoa 602,8 milioi eurorena izan da, guztira ordaindutakoaren % 79,1 eta haztatutako batez besteko ordainketa epea 12 egunean gainditu da. Bestetik, 2014ko abenduaren 31n ordaintzeke zegoen saldotik 30,5 milioi euroren zenbatekoak legeak horretarako finkatzen duen 60 eguneko legezko epea baino gerorapen luzeagoa zeukan.
III.1.2.– Langileria gastuak.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak Osakidetzaren egiturazko plantilla osatzen duten 25.807 lanpostuetatik 521 langile finko eta bitartekoen ordainsariak aztertu ondoren, honako huts hauek azaleratu ditu:
– 81 izendapenetan ez dago erabilitako prozeduraren dokumentuzko oinarririk.
– 26 espedientetan zerbitzu eginkizunetarako ezarritako 2 urteko epemuga gainditu da; eta 30 espedientetan, maila jasoagoko egitekoetarako finkatutako urtebeteko epea.
– 9 kasutan nominako lanpostu funtzionala eta izendapenezkoa ez datoz bat, edo ez dira baliokideak.
– Aldi baterako osagarriei dagozkien arautegi berariazkoak badiren arren, hala nola, mediku zaintzak, maila jasoagoko egitekoak, txandak, gaueko txandak, jaiegunak eta kokalekua, autokontzertazioa eta abar, oro har, arauak hausten jarraitzen da, egiaz gauzatutako zerbitzuen egiaztatzea egiten ez delako eta zerbitzu horiek ez dituelako organo eskudunak onartzen.
Halaber, behin-behineko langileen 64 espediente aztertu dira eta horietatik 29 izendapenetan edo horien luzapenetan egin beharreko zerbitzuen eta horien izaeraren identifikazioa falta da eta ez da justifikatzen LOSEren 26.5 artikuluan aurreikusitakoei dagozkienik; honenbestez, ez da horien objektibotasuna bermatzen.
III.1.3.– Kontratazioa.
2014an gauzatutako kontratazioko 48 espedienteren lagina aztertu dugu, 232 milioi eurorena, eta lehenagoko ekitaldietan gauzatutako 19 espedienterena, urte horretan aldatu, luzatu edo egikaritu direnak, 112 milioi euroren zenbatekoan. Aztertutako espedienteen zerrenda A.4 atalean xehatua dago.
2014an esleitutako espedienteak
– Pleguek akatsak dituzte esleipen irizpideak balioztatu eta haztatzeko metodoak zehazterakoan hornidurako 3 espedientetan eta zerbitzuetako 5etan, guztira 24,9 milioi euroan esleitutakoak (SPKLTBaren 150. artikulua) (24, 26, 28, 29, 32, 33, 34 eta 36 zk. espedienteak).
– Pleguek esleipen hartzailea bermea eratzetik salbuesten dute horretarako justifikaziorik gabe zerbitzuko 2 espedientetan, 9,3 milioi euroren zenbatekoan esleitutakoak (SPKLTBaren 95.1 artikulua) (52 eta 53 zk. espedienteak).
– Hornidurako 2 espedientetan eta zerbitzuetako 1ean, guztira 17 milioi euroan esleitutakoetan, pleguetan ez dira balizko aldaerak jasotzen (SPKLTBaren 147. artikulua) (25, 29 eta 49 zk. espedienteak).
– Guztira 4,3 milioi euroan esleitutako hornidurako 3 espedientetan, BABA ez da esparru-akordio baten ezaugarrietara egokitzen (SPKLTBaren 9.3 artikulua) (26, 27 eta 28 zk. espedienteak).
– Guztira 43 milioi euroan esleitutako 3 obra espedientetan, hornidurako 3tan eta zerbitzuetako 3tan (SPKLTBaren 160.1 artikulua) (25, 33, 47, 49, 53 eta 58 zk. espedienteak).
– Guztira 18,2 milioi euroan esleitutako hornidurako 2 espedientetan eta zerbitzuetako batean iragarkiak ez du kontratuaren balioetsitako balioa adierazten (SPKLTBaren 142. artikulua) (24, 25 eta 49 zk. espedienteak).
– Guztira 45,7 milioi euroan esleitutako obra espediente 1ean, hornidurako 5etan eta zerbitzuetako 5etan esleipenaren ebazpena epez kanpo egin da (SPKLTBaren 161. artikulua) (21, 32, 36, 40, 45, 56, 60, 65, eta 66 zk. espedienteak).
– Guztira 32,9 milioi euroan esleitutako hornidurako 4 espedientetan eta zerbitzuetako 5etan kontratua gauzatu izanaren publikotasuna epez kanpo egiten da BOEn eta/edo ez da batere egin DOUEn (SPKLTBaren 154 art) (24, 39, 44, 47, 53, 55, 56, 57 eta 58 zk. espedienteak).
Gainera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak aztertutako 17 zerbitzu erakundetan guztira 3,6 milioi euroren zenbatekoan kontratu txiki modura izapidetutako inbertsioen erosketan, Osakidetzak zatikatu egin du kontratazioaren xedea 6 zentrok gauzatutako erosketetan, 1,4 euroren zenbatekoan, eta horrek urratu egiten ditu legez kontratatzeko ezarritako prozedurak. Guztizkotik % 32 «Erabilera klinikoa duen makineria» kontukoa da.
2013an eta lehenagoko ekitaldietan gauzatutako espedienteak
– Guztira 30,9 milioi euroren zenbatekoan esleitutako 1 obra espedientetan, hasierako egikaritza epea luzatu egin da; honenbestez, sektore publikoaren kontratazioan buru egiten duen funtsen erabilera eraginkorra ez da bermatu (1 espedientea).
III.2.– Osatek, SA.
III.2.1.– Kontratazioa.
– Telelaguntza bidezko kontratua luzatzeko espedientean ez da 620.545 euroren aldaketa inplizitua gauzatu eta horrek, esleipen aurrekontu gehienekoa % 10,3 gainditzea eragin du. Gainera, luzapena gauzatu den unean zenbateko berriak 650.000 euroan gainditu du zerbitzu horretarako Enplegu eta gizarte ekintza Saila kudeatzeko gomendioan 2014rako esleitutako kopurua.
– Erresonantzia magnetikorako bobinen mantentze-lan eta hornidura espedienteak oso-osorik aldez aurretik ordaindu dira eta inongo bermerik eskatu gabe; mantentze-lanen kontratua 926.688 euroan eta 2 urteko eperako esleitu zen eta hornidura kontratua, berriz, 1,1 milioi euroan 4 urtetarako. Inguruabarrek hala gomendatzen dutenean pleguek horretarako aukera ematen duten arren, ez dira inguruabar horiek justifikatu eta nolanahi den ere, gomendagarria da bermea eskatzea SPKLTBaren 216.2 eta 3 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.
Bestetik, lehenengo kontratuan ez da jaso kontratazio-jarraibideen 4. klausulak aurreikusten duen administrazio-kontseiluaren baimena, kontratuaren balioak urteko 400.000 euroak gainditu dituzten ordainketa obligazioak gainditu dituelako.
III.2.2.– Kontabilitatea: hornitzaileei ordainketak.
– Uztailaren 5eko 15/2010 Legearen 3. Xedapen Gehigarriak eskatutako informazioari dagokionez, merkataritza eragiketetan berandutzaren aurka borroka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldarazten duena, 2014ko urtean legezko 30 eguneko epea gainditu duen hornitzaileei egindako ordainketen zenbatekoa 2,4 milioi eurorena izan da, guztira ordaindutakoaren % 16,8 eta haztatutako batez besteko ordainketa epea 38 egunean gainditu da. Bestetik, 2014ko abenduaren 31n ordaintzeke zegoen 297.974 euroren zenbatekoak, legeak horretarako finkatzen duen 60 eguneko legezko epea baino gerorapen luzeagoa zeukan.
IV.– Urteko kontuak.
IV.1.– Osakidetza.
IV.2.– Osatek, SA.
ALEGAZIOAK, OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA ZUZENBIDE PRIBATUKO ERAKUNDE PUBLIKOAREN 2014KO EKITALDIKO FISKALIZAZIOAREN EMAITZEI EGINDAKOAK
I.– Sarrera.
Osakidetza–Euskal Osasun Zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren 2014. urteko fiskalizazioaren emaitzei erantzuteko, erreferentziazko gaiaren inguruan erakunde horrek egin nahi izan dituen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoan zentralizatu diren alegazioak eta justifikazioak aurkezten dira txosten honetan.
II.– Iritzia.
II.1.– Osakidetza.
II.1.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Kontratazioa
1.– Osakidetzako zerbitzu-erakundeek kontratu txiki modura izapidetu dituzten produktuen erosketetan edo ondasun higigarrien horniduretan kontratuaren xedea zatikatu da; horrek publikotasun- edo/eta lehia-printzipioak urratzen ditu (SPKLTB delakoaren 86. artikulua). Sendagaien hornidurari dagokionez, aztertu ditugun 30,1 milioi euroren erosketetatik 15 milioi eurotan azaleratu da gorabehera hori, hau da, erosketen % 49,7an. Gainerako hornigaietan 91,3 milioi euroan gauzatutako erosketak aztertu dira eta egiaztatu da 82,8 milioi eurotan, hau da, % 90,8an zatikatu dela produktu homogeneoen erosketa.
Alegazioak
Sendagaiak
Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren txostenaren I. eranskinak adierazten duenez, 2014an sisteman betetako erosketa-dokumentuen artean (zuzeneko eskaerak) sendagaiak erosteko 24.000 euro baino gehiagoko erosketa-dokumentuen guztizko zenbatekoa 14.969 mila euro izan da.
Aldez aurretik kontuan hartu beharrekoak
1.– 2014ko txostenean adierazitako zenbatekoak 2013ko txostenean adierazitakoak baino txikiagoak dira nabarmen (15M euroko eta 38,2M euroko hutsak, hurrenez hurren).
2.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eskaera zuzenekotzat jotzen dituen 30.148 mila euro aztertu ditu. Txostenak zenbateko horretan sartu dituen 5.989 mila eurok badute lege-babesa, indarrean zegoen kontratu baten arabera erosi zirenez eta, ondorioz, eskabide horiek Osakidetzaren eta laborategi esleipendunaren artean indarrean zegoen kontratu baten lege-babesean egindako eskabideak dira. Kontratuz kanpoko gisa oker egotzitakoak dira, kontratua bazegoelako. Horiek ez ziren kontuan hartu behar, eta ez lirateke kontratu txiki gisa izapidetutakotzat jo beharko. 30.148 euroko kopuru osoaren % 20ri dagozkio.
2015eko ekainaren 3tik Osakidetzak neurri zuzentzaileak jarri ditu martxan Aldabide-SAP ekonomia- eta finantza-sisteman, oker egindako egozpen administratibo horiek prebenitzeko eta konpontzeko.
Diferentzia hori kontuan izanda, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak 24.159 mila eurotik abiatuta egin beharko luke azterketa (30.148-5.989); hau da, 24.000 eurotik gorako (Kontrol Ekonomikoko Bulegoak zifra horretatik aurrerakoak jotzen baititu gorabeheratzat) erosketa-maila izan duten espezialitate farmazeutikoen azterketa zenbateko askoz txikiago batetik abiatuta egin beharko litzateke. Azken finean, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak ez-betetzea 14.969 mila eurokoa izan dela ondorioztatzeko oinarri hartu duen abiapuntuko zifra askoz handiagoa da benetakoa baino (nahiz eta ezin daitekeen erabat zehaztu, esan liteke, proportzioan, 24.159 eurotik abiatuz gero, 11.995 euroko zifra aterako litzatekeela). I. Eranskinean zerrendatzen dira aipatutako 5.989 mila euro horiei dagozkien eskabideak.
3.– 14.969 mila euroko kopuru osotik, % 74 komertzializazio esklusiboko sendagaiei edo/eta sendagai biologiko eta ez kimikoei dagokie.
Esklusibotasunak esan nahi du sendagai batek hornitzaile bakarra duela eta, beraz, sendagaiak patologia jakin bat tratatzen duen hornitzaile bakar horri eskatu zaizkiola. Halakoetan, ezinezkoa da lehia-printzipioa urratzea. Nabarmendu behar dugu halako kasuetan hornitzaile bakarra dagoela, eta sendagaiaren prezioa Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak ezartzen duela. Gogoan izan behar dugu Espainian sendagaien prezioak ez direla askeak eta aipatutako Ministerioak ezartzen dituela. Hain zuzen, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak (aurrerantzean, AEMPS) sendagaiei buruzko online informazio-zentro bat (CIMA) du bere webgunean. Bertan, sendagai bakoitza komertzializatzen dituzten titularrak nor diren zehazten da eta, beraz, azalpen hauetarako hain funtsezkoa den datu hori egiazta daiteke.
http://www.aemps.gob.es/cima/fichasTecnicas.do?metodo=detalleForm)
Bestalde, sendagaiak biologikoak eta ez kimikoak izateak konplexutasun handiagoa dakar bai sendagaiok erabiltzean bai haien jarraipena egitean, eta horrek espedientearen izapidetzea baldintzatzen du. AEMPSek berak ere sendagai horiek ordezkaezinak direla ezartzen du eta, 2009-04-24ko oharrean (II. Eranskinean dago erantsita) adierazten du ezen, pazienteen osasuna babeste aldera, sendagai biologikoak ezingo direla ordeztu sendagaia emateko momentuan, nola eta sendagaia agindu duen medikuak ez duen berariaz horretarako baimena ematen. Gainera, konplexutasun tekniko hori dela-eta, sendagai biologikoak komertzializatzeko baimena EMAk, Europako osasun-agentziak, bakarrik eman dezake, eta ez agentzia nazionalek.
III. eranskinean, sailkapen horren araberako sendagaien zerrenda azaltzen da eta, adibide gisa, hornitzaile bakarra duen sendagai baten egiaztagiri bat ere azaltzen da, CIMAtik aterata (sugammadex printzipio aktiboa duen sendagai bakarra Bridion da).
4.– Txostenean aipatzen diren farmako ia guztiak ospitalean erabiltzekoak dira; hau da, konplexutasun tekniko handiko sendagaiak dira eta patologia larrietarako, patologia ezgaitzaileetarako, diagnostikatzen oso zailak diren patologietarako, asistentzia-eskaria aurrez zehaztea ezinezkoa den patologietarako dira aproposak eta pazienteentzako eta gero kontsumitzeko aproposak. Orobat, oso garestiak dira.
Zerbitzu-erakundeek egiten duten erosketen kudeaketaren helburua asistentzia-premiak berehala asetzea da. Sendagaiak funtsezko hornigaiak dira asistentzia-zerbitzuek behar bezala funtziona dezaten; ezin zaio zerbitzua emateari utzi kontratazio-espedientea prestatu eta lizitazioa egin bitartean; izan ere, konplexutasun tekniko handiko prozedurak dira eta espezifikotasun zehatzak dituzten merkatu farmazeutikoko kanpo-elementuen eraginpean daude. Konplexutasun horri erantsi behar diogu sendagaiak, oro har, hainbat modu farmazeutiko edo galenikotan eman ohi direla (konprimituak, kapsulak, disoluzioan, injektagarriak, etab.); sendagaien dosifikazioa, eszipientea, iraungitze-data eta egonkortasuna ez dela guztietan berbera eta erabiltzeko baldintza eta modu desberdinak daudela. Bestalde, hornitzaileek hainbat baldintza logistiko eskaintzen dituzte eta hori ere aztertu behar izaten da.
Teknikariek egiten duten aldez aurretiko azterketa hori guztia konplexua da eta lan handia eskatzen du eta luze jotzen du izapidetzeko. Denbora hori kontratazio-espedientearen barruan kontatzen da, baina ez du eraginik kontratu txikiko erosketak murrizteko.
Ondorioz, kalitatezko osasun-laguntza bermatu ahal izateko, beharrezkoa da espedienteak hasi aurretik egingo diren ekintzak zehaztea, kontrataziorako baldintza tekniko, ekonomiko eta logistiko egokienak zehazteko helburuaz.
Alegazioak
1.– Sendagaiak erosteko eginiko 24.000 eurotik gorako erosketen guztizko 14.969 mila euroetatik, gutxienez 2.695 mila euro (% 18) eskabidea egiten den egunean indarrean dagoen kontratu baten babesean dagoen kodea duten sendagaiei dagozkie. Ondorengo agiriak frogagiri gisa erabil daitezke IV. eranskina (Aldabide-SAP esparru-kontratuaren zenbakia eta kontratuaren hasiera- eta amaiera-data dituzten sendagaien zerrenda) eta V. Eranskina (eskabidea egin zen egunean kontratuak indarrean zeudela bermatzen duten espedienteen eta kontratuen zerrenda).
2.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren arabera, sendagaiak erosteko eginiko 24.000 eurotik gorako erosketen guztizko 14.969 mila euroetatik, 79 mila euro Tractocile sendagaiari (atosiban printzipio aktiboa) dagozkio. Sendagai horren kontratazio-prozedura geldiarazi egin behar izan zen eskainitako sendagaiak segurtasun-arazo bat zuelako. Segurtasun-arazoa konpondu eta gero, abiarazitako espediente berria aldez aurretik bertan behera utzi behar izan zen, laborategi esleipendunak hornidurarik ez zuelako. Ondorengo agiriak frogagiri gisa erabil daitezke VI. Eranskina (AEMPSen oharra eta kontratuaren indargabetzea, atosibanen hornidurarik ezagatik).
Eranskinak
– I. eranskina (Aldabide-SAP ekonomia- eta finantza-sistema informatikoan eskaerak jasoagatik, indarrean dauden kontratuak dituzten sendagaien espedienteak)
– II. eranskina (Aempsen Informazio-Oharra; bertan adierazten denez, pazienteen osasuna babeste aldera, sendagai biologikoak ezingo dira ordeztu sendagaia emateko momentuan, nola eta sendagaia agindu duen medikuak ez duen berariaz horretarako baimena ematen).
– III. eranskina (Sendagai esklusiboak edo/eta sendagai biologiko eta ez kimikoak).
– IV. eranskina (Sendagaien zerrenda, Aldabide-SAPen esparru-kontratuaren zenbakia eta kontratuaren hasiera- eta amaiera-data).
– V. eranskina (Eskabidea egin zen egunean kontratuak indarrean zeudela bermatzen duten espedienteen eta kontratuen zerrenda).
– VI. eranskina (AEMPSen oharra eta kontratuaren indargabetzea, atosibanen hornidurarik ezagatik).
Gainerako hornigaiak
Bestalde, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren txostenek gure informazio-sistema ekonomikoan kontratu batekin lotu gabe dauden eskabideak jasotzen dituzte. Hala ere, hainbat arrazoi direla medio, zenbaitetan, gerta liteke eskabidea kontratu batekin lotu gabe azaltzea baina indarrean dagoen kontratu bat izatea eta materialak esleipendunari kontratupean erosi izana kontratuak ezarritako baldintzak betez. 2015eko ekitaldian, Osakidetzako informatika-zerbitzuek kasuistika hori hautemateko gai den garapena bat inplementatu zuten.
Kontratua izan baina kontratuari lotuta geratu ez ziren materialei dagozkien zuzeneko eskaeren zenbatekoa 7.577.091 euro izan zen Kontrol Ekonomikoko Bulegoak aztertutako artikulu-multzorako. Txosten horretatik Donostialdeko ESIk alegatu eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak onartutako 1.541.847 euro kendu beharko lirateke. Kopuru hori koadroan azaltzen den zenbatekotik at dago dagoeneko. Beraz, guztira 6.035.244 euro kendu beharko lirateke.
Hori horrela, ez-betetzearen zenbatekoa 67,17 (% 73,60) izango litzateke, hau da, gastuaren % 25,47.
Azkenik, esan behar dugu ohikoa dela kontratuek indarrean dirauten bitartean produktuekin zerikusia duten gorabeherak gertatzea. Izan ere, esleitutako kontraturik egonagatik ere, batzuetan osasunaren kudeaketaren berehalakotasunak ezinbestean zuzenean erostea eskatzen du. Gorabeherak bi motatakoak izan daitezke:
– Logistikoak, hala nola hornitzaile esleipendunari stocka hondatzea, entregak egitean atzerapenak gertatzea, garraio-grebak, etab.
– Teknikoak, produktuen kalitatearekin lotutakoak, hala nola pazienteek erreakzio alergikoak izatea, erredurak, dermatitisa, erorketak, etab.
Gorabehera horien ondorioz, gertatzen diren unetik konponbidea aurkitu arte, erakundeek beste enpresa batzuetara jo behar izaten dute eskaerak egitera, Zuzeneko erosketaren bidez. Desoreka ekonomikoa gertatzen bada, enpresa esleipendunak hartu behar du bere gain. Baina edonola ere, eskaerak 24.000 eurotik gorakoak badira, kontu-hartzailetzaren txostenean jasota geratuko dira.
Kontratuen indarraldian, bestalde, honako hauek ere gertatzen dira: enpresek bat egiten dute, kontratuak lagatzen dituzte, izaera juridikoa aldatzen dute, etab. Horrek berekin dakar SAP – EGINBIDE sistemetan aldaketak egin behar izatea, eta, horregatik egiten dira eskaera batzuk kontratutik kanpo.
Bestalde, gordailuko produktuen kasuan (inplanteak nagusiki), kontratu berri bat esleitzen denean, denbora tarte batez zuzeneko eskaerak egiten zaizkio aurreko hornitzaileari (espedientea indarrean ez egonagatik); izan ere, gordailuak ez dira oraindik produktu/esleipendun berriekin eguneratuta egoten, kontsignako materialak ez baitira bizkor berritzen.
Nabarmendu nahi dugu, orobat, osasunaren antolaketa-egiturak integratzeak zer nolako eragina izan duen aldi batez erosketa txikien gorakadan. Osakidetzan 2011ko urrian hasitako antolaketa-egitura aldaketek (lehen mailako arretaren eta arreta espezializatuaren integrazioa) aurrera jarraitu zuten 2014an oraindik ere. Hala, 2014ko urtarrilaren 1ean, Bizkaiko osasun-barrutian hiru erakunde berri sortu ziren (Bilbo-Basurtu ESI, Barrualde ESI eta Barakaldo-Sestao ESI) eta bost desagertu ziren.
Halako prozesuek inpaktu handia izaten dute erosketa- eta bilketa-esparruetan. Tartean dauden erakundeen produktuen katalogoak bateratu egin behar dira eta, hortaz, bateratze-prozesu horretan, katalogoak bateratu artean, ez dira espediente berriak abiarazten, aurrekoen epea amaituta egonagatik ere. Izan ere, gerta liteke zentro batean esleitutako produktuak hornitzaile bati baino gehiagori esleitzea eta halakorik gertatuko balitz, katalogoa ezingo litzateke bateratu.
Bestalde, integratuko diren bi erakundeen erosketa-kopuruak batzearen eragina dago, talde homogeneo bakoitzerako ezarritako 24.000 euroko muga ez baita bikoizten. Ondorioz, lehenago espedientearen izapidetzerik behar ez zuten produktu-multzokatzeek orain behar dute.
2014ko erosketa integratuaren laburpena
Atal honetan Osakidetzak 2014ko ekitaldian erosketa integratuaren alde egindako ahalegin handia nabarmendu nahi dugu. Erosketa-kopuru handiagoei esker, prezio hobea lor daiteke baina, batez ere, erosketa integratuaren bidez, produktuen katalogoak homogeneizatzea eta hartara, kontratazioa hobetzea lortzen da.
Jarraian, Erosketa Integratuan lehendabizikoz abiarazi diren espedienteak eta aurretik espedientea izan baina esleitutako produktuetan aldaketa handiak izan dituztenak zerrendatzen dira:
Ekitaldia hasi zenetik horietako batzuk ez dira oraindik martxan jarri eta, beraz, ez dira 2015era arte espedientepeko erosketa-ratioetan islatuko, zenbaiten kasuan ez baitzegoen erakundeen beraien espedienterik. Zenbaitetan, martxan jartzearen ondorioz, ratioak okerrera egin du 2014an; hala, erakunde batek espedientea izateak espedientea ez berritzea ekarri du, espediente zentralizatua berehala abiaraziko zela-eta, eta, bitartean, esleipenean izandako edozein atzerapenek erosketa txikiak egin beharra ekarri du.
Hainbat adibide erakusgarri aipatuko ditugu:
– Aposituen eta giro hezeetan sendaketa egiteko produktuen espedientea. Produktuaren 223 kode berri esleitu ziren gutxi gorabehera. Horrek esan nahi zuen zentro guztietako eskaerak eguneratu behar zirela eta ezinezkoa da hori egun batetik bestera egitea. Bitartean, eskaerak esparru-kontratutik kanpo egiten ziren, lehentasuna produktua eskuragarri egotea baitzen.
– Aldakako protesia. Espedientea 2014ko abenduan hasi zen, urte osoa lanean eman ostean. Gutxi gorabehera 4.000 kode esleitu ziren. Indarrean zegoen kontraturik ez zuten zentroek zuzeneko eskaerak egin behar izan zituzten kontratua esleitu zieten arte. Esleipena 2015eko uztailaren 1erako zegoen aurreikusita, baina 2015eko urriaren 1era arte atzeratu zen lizitatzaile batek errekurtsoa jarri zuelako.
– Ahotiko antikoagulatzaileen bidezko tratamendua ezarri ala ez erabakitzeko materiala. Espedientea 2006an jo zuten erosketa integratutzat. 2008ko kontratua 2014ko otsailean amaitu zen. Lizitazio berria 2014ko abuztuan hasi zen. Espediente konplexua da eta bertako batzordean lehen mailako arretako hematologoak eta erizaintzako langileak daude. Plegua prestatzea konplexua izan zen eta baita izapidetzea ere eta, hain zuzen, errekurtsoa jarri zioten. Hala, kontratua ez zen 2015eko ekainera arte esleitu. 2014ko otsailetik aurrera, AATa ezarri ala ez erabakitzeko zerrenden eskaerak espedienterik gabe egin ziren.
– Zitologia likidoa. Teknika berria da zentroetan. Espedientea 2014ko apirilean hasi zen eta kontratua 2015eko irailaren 1ean formalizatu zen, lizitatzaile batek errekurtsoa jarri zuelako.
– Gasometriak. Prozedura berria. Espedientea 2014ko martxoan hasi zen baina FENINek errekurtsoa jarri zuen eta, ondorioz, kontratua ez zen 2015eko otsailaren 8ra arte formalizatu. Bitartean, zentroek zuzeneko eskaerak egin behar izan zituzten.
– Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Areilza doktorea izeneko kirurgia-blokeko suspertze-atala eraberritzeko obra-espedientea 4,9 milioi euroan esleitu zen. Hala ere, hasiera batean esleitutako zenbateko horretan aldaketak egiteko baimena eman da, aurreikusitako instalazioak indarrean dagoen araudi berrira egokitu daitezen. Espedienteak 1,2 milioi euro gehiago jaso ditu, hau da, % 40ko gehikuntza. Beraz, hasierako kontratuaren funtsezko baldintzak nabarmen aldatu dira, SPKLTB delakoaren 107.2 eta 3. artikuluek ezartzen dutenaren arabera.
Alegazioa
Hona hemen zenbatekoak:
Espediente honetan 3 aldaketa izapidetu behar izan ziren, batez ere proiektua araudi eta ospitalearen premia berrietara egokitzeko.
Ospitalearen premiei dagokienez, kontzeptu garrantzitsuena izan zen proiektuan aztertutako eta baloratutako oheburukoek ez zietela erantzuten suspertze-boxen eta bertan gauzatuko ziren osasun-zerbitzuen premia berriei. Horrenbestez, oheburukoak aldatzeaz gain, horietarako beharrezkoak ziren eta horietan eragina zuten instalazio guztiak ere aldatu behar izan zituzten, hala nola instalazio elektrikoak, informatikakoak, ahots eta datuak eta gasak. Izan ere, horiek guztiak ezinbestekoak dira boxetako oheburukoek behar bezala funtziona dezaten.
Araudiari dagokionez, honako hau adierazi behar dugu nagusiki:
– Suteen aurkako araudia. Araudiak eragina izan zuen suaren kontrako babesgarri berrietan, instalazioko kableen ezaugarrietan eta ateen zabalera handiagoan.
– Elektrizitateari buruzko araudia. Koadro elektrikoak eta panel teknikoak egokitu behar izan ziren.
– Ahots eta datuen sareari buruzko araudira egokitzeko eguneraketa.
– Klimatizazioari buruzko araudira egokitzea. Proiektuaren arabera, 10 (hamar) urtetik gorako klimatizagailu batzuk erabiltzen jarraitu nahi zuten, baina aparatu horiek ez zuten EITE erregelamendua betetzen fluxuari, emariari eta berriztatzeari dagokionez. Aparatuek ez zuten lortzen tenperatura 24.º ± 2 gradura jaistea, udaldian bereziki, eta ondorioz, klimatizazio guztia aldatu behar da.
– Eta azkenik, argiztapena energia aurrezteko kontzeptu berrietara egokitu behar da eta beraz, beharrezkoa izan da «led» motako argiak jartzea.
Aldaketa hauen guztien ondorioz, lanak areagotu eta epeak luzatu egin dira. Azkenean, lanak araudiaren kontzeptuak betez eta ospitaleko premiei erantzunez bukatu dira.
Esan behar dugu, azkenik, etorritako araudi eta premietara egokitzeko, aldaketak egin zirela kontratuan, betiere herritarren interesaren alde eta zerbitzua eman ahal izateko breharezkoa den azpiegitura ahalik eta bizkorren prest izateko.
III.– Barne-kontroleko sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko gogoetak.
III.1.– Osakidetza.
III.1.2.– Langileria-Gastuak.
– Dokumentuetan ez da jasota geratu 81 izendapenetan erabilitako prozedura.
Alegazioa
Gai horri dagokionez, aurreko urteetako fiskalizazio-txostenei egindako alegazioak berresten ditugu. Laburpen modura, honako alderdi hauek dituzte ardatz:
– Osakidetzan, lan-eskaintza publikoen eta dagozkien deialdi publikoen bidez hornitzen dira behin betiko lanpostuak, eta zehatz-mehatz betetzen dira publizitate-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak.
– Behin-behineko lanpostuak betetzeko, aldiz, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak mugikortasunari, zerbitzu-eginkizunei, barne-igoerei eta behin-behineko kontratazioari buruz onartutako erabakien arabera jokatzen da.
– Edonola ere, hautaketa-prozesuetan lanpostu bakoitzarentzako beharrezkoak ziren titulazio-eskakizunak bete dira.
– Osakidetzan martxan ipini diren langileria arloko prozedurek baliabide elektronikoak gero eta gehiago erabiltzea ekarri dute. Izatez, erreferentzia moduan esan dezakegu apirilean kontratazio-eskaintza masibo bat egitea aurreikusten dela, esleipen telematikoaren bidez egun titularrik ez duten lanpostuak behin-behinean eta bitarteko izaerarekin betetzeko.
– Zerbitzu-eginkizunetako 26 espedientetan bi urteko gehienezko epea gainditu da, bai eta urtebeteko epe-muga ere maila altuagoko egitekoetarako 30 espedientetan.
Alegazioa
Puntu honetan gogora ekarri behar dugu zein den aldi baterako eta bitarteko izendapenen iraupenaren arrazoia, bai eta zerbitzu-eginkizunena, aldi-baterako barne-igoerena eta abarrena ere: zerbitzu-erakundeetan sortzen diren beharrei erantzutea, eskariari egokitzen zaion kalitateko osasun-arreta bat emateko. Horrenbestez, zerbitzu horiek ematen jarraitzeko beharrezko iraunaldia izaten dute, horretarako ezartzen diren lanpostuak araudiaren arabera betetzen diren arte, guztia indarreko legedia betez.
Edonola ere, eta ZERBITZU-EGINKIZUNEN IRAUPENARI buruzko oharrari erantzunez, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari aurreko txosten batean esandakoa berretsi nahi dugu: osasun-zerbitzuetako pertsonal estatutarioaren Estatutu Markoaren abenduaren 16ko 55/2003 Legeak (Osakidetzako estatutupeko langileei zuzenean aplikatu behar zaien araudiak, alegia) zerbitzu-eginkizunak arautzen ditu 39. artikuluan, inolako epe-mugarik ezarri gabe.
Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legea araudi osagarria izango litzateke berariazko araudiak xedatzen ez dituen puntuetan, eta kasu honetan ez da horrelakorik gertatzen. Bestalde, azpimarratu nahi dugu Euskal Funtzio Publikoaren Legeko arau batzuk zuzenean aplikatu beharrekoak direla pentsatzekotan, II., IV., V. eta VI. tituluetan jasotakoak liratekeela. Horietan ez dago zerbitzu-eginkizunari buruzko araurik, eta hori 54. artikuluan xedatzen da (III. titulua, IV. atalburua, hirugarren atala).
Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionarioek Osakidetzan zerbitzuak emateko zerbitzu-eginkizunak egiten direnean, administrazio publikoen arteko lankidetzaren esparruan egin dira. Horretarako, euskal herri-administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzeko urriaren 13ko 190/2004 dekretuak 51.1 eta 51.3 artikuluetan espresuki xedatzen duena bete da, eta kasu horiek bi urteko epe-muga luzagarriarekin baimendu dira.
Laburbilduz, araudiak epe-mugak ezartzen dituenean, muga horiek zorrotz bete dira.
– Nominan adierazten den lanpostu funtzionala eta izendapena ez datoz bat edo ez dira baliokideak 9 kasutan.
Alegazioa
Puntu horretan, zegokion erakundeek bere garaian kontu-hartzailetzaren txostenari egin zizkioten alegazioekin bat egiten dugu.
– Badira aldi baterako osagarriei buruzko berariazko araudiak (guardia medikoak, maila altuagoko egitekoak, txandakotasuna, gauekotasuna, jai-egunak, kokalekua, autokontzertazioa, etab). Hala eta guztiz ere, ez dira beti betetzen, gehienbat benetan eman diren zerbitzuak egiaztatzeko dokumentazioa falta delako eta organo eskudunek onartzen ez dituztelako.
Alegazioa
Zerbitzuak egiaztatzeko dokumentazio faltagatik eta organo eskudunek onartu ez dituztelako betetzen ez diren ordainketa-kontzeptuei dagokienez esan behar dugu jarduera hori jasotzen duen tresna Giza Baliabideen Kudeaketarako Sisteman integratuta dagoen karteldegia edo txanda-planifikatzailea dela, eta horrekin kudeatzen direla denborak.
Karteldegi horretan, alde batetik, jardueraren datu teorikoa jasotzen da, hau da, programatuta dagoena, eta, bestetik, karteldegi erreal deitzen den zatian, benetan gauzatutako jarduera eta gainerako gertakariak (absentziak eta bertaratzeak) jasotzen dira, nominan eragiten dutenak. Pentsatzekoa denez, zentro bakoitzak kudeatzen ditu karteldegietako aldaketak, jarduteko prozeduren eta barne-protokoloen barruan. Horrela, benetan egindako jarduera beti ordaintzen da nominan.
Baimenak emateko, eta ondoren jarduera nominan sartzeko (ordaindua izan dadin) bide formal jakin batzuk zehazteko beharra badagoela pentsa bagenezake ere, ezin dugu ahaztu gaia eta horren kudeaketa zailak direla. Edonola ere, karteldegiak jarduera erreala jasotzen du, eta, beraz, irtenbide formal posibleek ez dute laguntza-zerbitzuaren kalitatea urritu behar, ez eta aipatutako kudeaketa-tresna horrek denborak kudeatzeko duen sistema ere.
Esandako guztiaz gain, uste dugu garrantzitsua dela esatea Giza Baliabideen Zuzendaritza kontrol-elementuak dituzten hainbat prozesu egiten ari dela. Hala, 2008tik ordainsariak kudeatzeko prozesu korporatiboak –nominak eta gizarte-segurantza– ziurtapena du ISO 9001:2008 arauaren arabera. Ziurtapen horrek 3 urteko ziklo bat hartzen du. Hiru urte horietan, beharrezkoa da urtero barneko eta kanpoko auditoretzak egitea, arauaren arabera.
Prozesu horretan definitutako adierazleak Osakidetza mailakoak eta zerbitzu-erakundeen mailakoak dira. Adierazle horiek Zuzendaritza Nagusiak, batzordeak eta erakunde bakoitzak aztertzen ditu. Adierazleak zerbitzu erakundeei bidaltzen zaizkie, batzuei hiru hilean behin eta beste batzuei sei hilean behin, azter eta justifika ditzaten eta egoki jotzen dituzten neurriak har ditzaten.
Zerbitzu-erakunde bakoitzean aurkitzen diren gorabeherak Zuzendaritza Nagusian, batzordean eta zerbitzu-erakundeetan ere aztertzen dira, zuzentzeko eta aurrerantzean halakoak saihesteko hobekuntzak ezartzeko.
Azkenaldian, honako adierazle hauek hobetzeko lanean ibili gara:
1.– Txanda-osagarria kobratzen dutenen zerrenda.
Txosten bat definitu da nominako datuak (txanda-osagarria kobratzen dutenenak nahiz ez dutenenak) kontrastatzeko karteldegiko lanaldien eta laneko txanden informazio mekanizatuarekin.
Ateratzen den langile-zerrenda erakundeetara bidaltzen da egiazta dezaten. Txanda-osagarria kobratzen dutenen baina txanda bakarrean lan egiten dutenen zerrenda da, eta, alderantziz, txanda batean baino gehiagotan lan egin arren osagarria kobratzen ez dutenena ere bai.
2.– Ospitalizazioko osagarria kobratzen dutenen zerrenda.
Txosten bat definitu da nominako datuak (ospitalizazioko osagarria kobratzen dutenenak nahiz ez dutenenak) kontrastatzeko adskripzioko dibisioaren edo antolamendu-unitatearen (ospitalea) informazioarekin.
Ateratzen den langile-zerrenda erakundeetara bidaltzen da egiazta dezaten. Ospitalizazioko osagarria kobratzen dutenen baina pertsonaleko dibisio gisa ospitalea ez dutenen, eta, alderantziz, pertsonaleko dibisio gisa ospitalea izan arren ospitalizazioko osagarria kobratzen ez dutenen zerrenda da.
3.– Lanaldi zatituko osagarria kobratzen dutenen zerrenda.
Txosten bat definitu da nominako datuak (lanaldi zatituko osagarria kobratzen dutenenak nahiz ez dutenenak) kontrastatzeko karteldegiko lanaldien eta laneko txanden informazio mekanizatuarekin (lanaldi zatituan lan egiten dutenak «JP» kodearekin markatzen dira karteldegian).
Ateratzen den langile-zerrenda erakundeetara bidaltzen da egiazta dezaten. Lanaldi zatituko osagarria kobratzen dutenen baina karteldegian zirkunstantzia hori jaso gabe dutenen zerrenda da, eta, alderantziz, goiz eta arratsaldez lan egin arren osagarri hori kobratzen ez dutenena ere bai.
Beraz, adierazle horien helburua da zerbitzu-erakunde bakoitzak egiaztatzea ordainketak ondo egiten ari direla, eta benetan egindako jardueragatik ordaintzen dela.
Esandakoaz gain, Osakidetzak enplegatuaren atariaren norainokoa handitzeko asmoa dauka, eduki eta funtzionaltasun gehiago txertatzeko. Adibidez, lan-txandak eta/edo guardiak aldatzeko eskaerak tramitatzeko aukera eman nahi da. Horrek langile bakoitzari hasiera batean esleitzen zaion karteldegi teorikoa aldatuko luke, plangintzako aldaketen jarraipen eta trazabilitatea egin ahal izateko, betiere dagokion erdi mailako arduradunaren eta Zuzendaritzaren onespenarekin.
– Gainera, behin-behineko langileen 64 espediente aztertuta, 29 izendapenetan edo luzapenetan ez dira identifikatzen egin beharreko zerbitzuak eta haien izaera eta ez da justifikatzen Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legearen 26.5 artikuluan aurreikusitakoen artean daudela; ondorioz, ez da haien objektibotasuna bermatzen.
Alegazioa
Osasun-zerbitzuetako pertsonal estatutarioaren Estatutu Markoaren abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 9.3 artikuluak dio behin-behineko izendapena honako kasu hauetan egingo dela:
a) Aldi baterako, egoeraren araberako edo ohiz kanpoko zerbitzu jakinak egin behar direnean.
b) Osasun-zentroen etengabeko funtzionamendu jarraitua bermatzeko beharrezkoa denean.
c) Ohiko lanaldi bat murriztean zerbitzu osagarriak egin behar direnean.
Estatutupeko behin-behineko langileak lanpostua utzi beharko du horretarako zergatia sortzen denean edo bere izendapenean berariaz zehazten den epea betetzen denean, baita izendapen hori eragin zuten funtzioak bertan behera uzten direnean ere.
Hori betez, atxikita bidaltzen ditugu Osakidetzako behin-behineko izendapenen taulak. Horiek GIZABIDE giza baliabideen kudeaketa integraturako sisteman daude, eta egiten diren izendapenak erabakitzeko erabiltzen dira. Taula horiek 9.3 artikuluko baldintzak betetzen dituzte eta honako hauek dira:
– Estatutupeko izendapena, aldi baterako, egoeraren araberako edo ohiz kanpoko zerbitzu jakinak egiteko, aurreko a) atalari dagokiona.
– Egoeraren arabera osasun-zentroen etengabeko funtzionamendu jarraitua bermatzeko beharrezkoa denean egiten den izendapena, aurreko b) atalari dagokiona.
– Behin-behineko estatutupeko izendapena, lanaldi bat murriztean zerbitzu osagarriak egiteko, aurreko c) atalari dagokiona.
– Behin-behineko estatutupeko izendapena, behin-behineko langileak ordezkatzeko.
Hortaz, uste dugu Osakidetzak egiten dituen behin-behineko izendapenen arrazoia behar bezala adierazten dela, zerbitzuen prestazio zehatza definitu ez arren, zerbitzu horiek kasu bakoitzaren maila eta lanpostu funtzionalari dagozkionak izango direlako.
Sailkapen hori, halaber, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legearen 26.5 artikuluan xedatutakoaren araberakoa da. Izan ere arau hori orokorragoa da eta ez du kausarik zehazten. Honako hau dio:
« .../...
Halaber, enpleguko erlazio estatutarioak sor daitezke, behin-behinekoak izanik eta denbora partzialerako nahiz osorako araubidean daudela, efektiboak behar direnean, eta egituraren aldetik haiek behin-betiko egotea aurreikusita ez dagoenean, edo denboraldi zehaztuan lanak egiteko direnean, beti ere, behar besteko dotazio ekonomikoa izanez gero. Aipatutako enpleguko erlazio horiek 6 hilabetera artekoak izango dira, eta gehienez 3 urtera arte luzagarriak.
Arau honetan aurreikusten diren lanpostuak betetzeko araubideen araberako hautaketa-antolaketetan berdintasun-, publizitate-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak gordeko dira.»
Azken finean, iraupen zehatzeko izendapenak dira eta egituraren aldetik ez da aurreikusten haiek behin-betiko egotea, artikuluan adierazten den bezala.
Kudeaketa-sisteman behin-behineko estatutupeko langileak izendatzeko taulak atxiki dira VII. eranskin bezala.
III.1.3.– Kontratazioa.
2014an formalizatutako espedienteak.
– Guztira 20,7 milioi euroan esleitutako hornidurako 3 espedientetan eta zerbitzuetako 3tan, pleguek hutsak ageri dituzte esleipen-irizpideak baloratu eta haztatzeko metodoak zein diren ezartzeari dagokionez (SPKLTB delakoaren 150. artikulua) (25, 27, 28, 51, 54, eta 58. espedienteak).
Alegazioa
Europako zuzentarauen helburuekin bat eginez, sektore publikoaren kontratuei buruzko legediaren bitartez zera lortu nahi da: eskaintzen balorazio-irizpideak argi eta garbi jasota geratzea eta kontratuaren xedearekin lotuta egotea; lizitatzaile guztiek irizpideak ezagutzea eta irizpideok berdin aplikatzea lizitatzaile guztiei, kontratazio-organoaren hautatzeko eskumena neurriz kanpokoa edo mugagabea ez izateko moduan. Hala kontratazio-organoaren nola kontratazio-mahaiaren arabera, ezaugarri teknikoak baloratzeko erabiliko diren esleipen-irizpideak baloratzeko eta haztatzeko metodoak xehatuta eta zerrendatuta ematen dira, kontratuaren xedearekin zuzenean lotuta, eta lagungarriak dira eskaintza onuragarrienaren deklarazioa zuhurtasunez emateko.
– Guztira 9,3 milioi euroan esleitutako zerbitzuetako 2 espedientetan, pleguek bermea eratzeko betebeharretik salbuesten dute esleipenduna, justifikaziorik eman gabe (SPKLTB delakoaren 95.1 artikulua) (52. eta 53. espedienteak).
Alegazioa
Administrazio-klausula partikularren pleguko karatulako 7.2 puntuan zerrendatutako espedienteetan berariaz dago jasota zein den salbuespenerako justifikazioa.
– Guztira 43 milioi euroan esleitutako hornidurako 3 espedientetan eta zerbitzuetako 3tan, proposamenen irekiera epez kanpo egin da (SPKLTB delakoaren 160.1 artikulua) (25, 33, 47, 49, 53 eta 58 espedienteak).
Alegazioa
Espediente batzuetan, SPKLTB delakoaren 160.1 artikuluak ezartzen duen hilabeteko epea amaitutakoan ireki dira proposamen ekonomikoak. 150.2. artikuluak xedatutakoari jarraiki, uste dugu beharrezkoa dela, proposamen ekonomikoak ireki aurretik, irizpide neurgarrietan balio-judizio baten bidez lortutako puntuazioak argitaratzea. Espediente batzuetan oso konplexua edo zaila (ezinezkoa) da eskaintza teknikoak 160.1 artikuluan ezarritako epearen barruan ebaluatzea, dela iraupen luzeko probak behar dituzten materialak direlako, dela produktu sorta oso handia delako, dela beste arrazoi batzuengatik. Horrelakoetan, Osakidetzak nahiago du proposamen ekonomikoen irekiera epez kanpo egin eta ez, ordea, balio-judizioen irizpideen puntuazioak argitaratu gabe; espediente batzuen kasuan zentzugabea den epe orokor bat betetzearekin alderatuta, garrantzitsuagoa da prezioaren konfidentzialtasuna Legeak markatutako mugaraino gordetzea. Edonola ere, atzerapena dagoenean, lizitatzaile guztiei behar bezala jakinarazten zaie bai atzerapena, bai deialdi berria.
– Guztira 45,7 milioi euroan esleitutako hornidurako 5 espedientetan eta zerbitzuetako 5etan, esleipenaren ebazpena epez kanpo egin da (SPKLTB delakoaren 161. artikulua) (21, 32, 36, 37, 40, 45, 56, 59, 60, 65 eta 66 espedienteak).
Alegazioa
Halaxe da: proposamenak ireki eta 2 hilabete baino gehiago igaro ostean esleitu dira zenbait espediente. Dena den, bi hilabeteko epe arrunta gainditu bada ere (ez iraungitze- edo preskripzio-epea), prozeduraren luzapena salbuespena dela nabarmendu nahi dugu, eta esan behar dugu txosten teknikoak emateko garaian izandako zailtasunen ondorioz gertatu dela nagusiki (probak egin beharra, teknikarien agenda-arazoak, beren jarduera asistentzialaz gain txostenak egin behar izatea, teknikari informatzaileen kopuru handia...).
Doktrinak berak zehazten duenez, bi hilabeteko epea ez da erabakigarria ezeztagarritasunari dagokionez (LRJAP delakoaren 63.3 artikulua), lizitatzaileek beren eskaintzari gehienez ere zenbat denboraz egon behar duten loturik baino ez duelako arautzen.
– Guztira 32,9 milioi euroan esleitutako hornidurako 4 espedientetan eta zerbitzuetako 5 espedientetan, kontratuaren formalizazioaren iragarpena epez kanpo egin da BOEn edota ez da egin EBAOn (SPKLTB delakoaren 154. artikulua) ( 24, 39, 44, 47, 53, 55, 56, 57 eta 58 espedienteak).
Alegazioa
Ez dago alegaziorik, dagoeneko zuzenduta dago. Akatsa konpontzeko behar ziren neurri zuzentzaileak hartu ditu Osakidetzak eta hala, kontratuen formalizazio guztiak garaiz eta behar bezala argitaratzen dira.
– Gainera, kontratu txiki gisa izapidetutako inbertsioen erosketan, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak aztertutako 17 zerbitzu-erakunderen eta 3,6 milioi euroren kostu osoa kontuan hartuta, honako hau hauteman da: erakunde horien 6 zentrotan eta 1,4 milioi euroan, kontratuaren xedea zatitu egin da eta beraz, ez dira bete kontratazioetarako legeak ezartzen dituen prozedurak. «Erabilera klinikorako makineria» delako kontuan gertatu da kasu horien guztien % 32.
Alegazioa
Berriro diogu, kontratuaren xedea zatikatu den ala ez erabakitzeko, kasu bakoitzean «unitate operatibo edo funtzional» delakoaren kontzeptua aplika ote daitekeen ikusi behar dela nagusiki. UNITATE OPERATIBO EDO FUNTZIONALA dagoela diogu elementuak xede jakin bat lortzeko bereizezinak direnean edo elementu horiek guztiak ezinbestekoak direnean kontratuaren bidez lortu nahi den horrek behar bezala funtziona dezan. Beraz, ondorengo kasu hauetan kontratua ez da oker zatikatuta egongo: xedeak, aipatutako unitate operatibo edo funtzionalaren bidez, elkarri lotuta ez daudenean, hau da, horietako bat edo batzuk egikaritzea eta ustiatzea ez bada beharrezkoa gainerako beste edozein egikaritzeko eta ustiatzeko (Estatuko Administrazio Kontrataziorako Kontsulta Batzordearen 57/09 txostena); edo bi kontratutako edo gehiagotako xedeak, elkarren artean antzekoak izanik ere, independenteak direnean, hautemandako gorabeheran gertatzen den bezalaxe.
Nabarmendu behar da, zatikapena arautzean, legearen helburua ez dela izaera desberdineko edo berbereko zenbait prestazio kontratu bakar batean artifizialki biltzea; aitzitik, helburua da prozedura irekiak edo negoziatuak arautzen dituzten aginduak publizitate-eskakizunetan aplikatzea saihestera daraman lege-iruzurrik ez gertatzea. Hortaz, SPKLTB delakoaren 86.2 artikuluak ez du esan nahi bi prestazio edo gehiago, antzekoak badira eta batera egin badaitezke, kontratu berean sartu behar direnik ezinbestean; aitzitik, baldin eta haien artean ez badago lotura operatiborik, bakoitza bere aldetik kontratatu daiteke eta, areago, modu independentean ustiatu ere egin daitezke. Ondorioz, esan daiteke zerbitzu-erakundeek ez dituztela kontratazioak edota erosketak zatikatuta egin eta, uneoro, indarrean dagoen legeak ezarritako xedapenak bete dituztela.
2013an eta aurreko ekitaldietan formalizatutako espedienteak
Guztira 30,9 milioi euroan esleitutako obra-espediente batean, obrak burutzeko hasierako epea luzatu egin da eta, beraz, ezin da bermatu sektore publikoan nagusi den funtsen erabilera eraginkorra (1 espedientea).
Alegazioa
Hasierako akta 2012ko martxoaren 1ean sinatu zen eta 2014ko martxoaren 1erako amaituko zela aurreikusten zen (obrak burutzeko 24 hileko epea).
2013ko ekitaldian, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sail berriak eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak ospitale berriak eskainiko zituen zerbitzuak aztertu zituzten. Plan funtzionalean zenbait aldaketa egitea proposatu zuten eta horrek eragina izan zuen ospitaleko zenbait eremuren diseinuan, aldaketa handia jasan beharko baitzuten, hala nola farmazia, errehabilitazioa, endoskopiak eta larrialdiak. Halaber, bi ospitalizazio-unitatetan infekziosoentzako eta inmunodeprimituentzako gelak egitea ere proposatu zuten. Aldaketek espazioaren antolamenduan eta instalazioetan izan zuten eragina eta kontratu-aldaketa bat izapidetzera behartu zuten, 2014ko urtarrilaren 29an. Kontratuaren zenbatekoa aldatu ez bazuen ere, obrak burutzeko epea hiru hilabetez luzatu zuen. Luzapenak 2014ko ekainaren 1ean jarri zuen obrak bukatzeko aurreikusitako eguna.
2014ko apirilaren 15ean obrak gelditu egin ziren. Izan ere, Urdulizko Udalak etorkizunean ospitalerako sarbidea emango duen eta ospitaleko azpiegiturak hartuko dituen bidea egin behar zuen eta horrek gure obretarako sarbidea galarazten zuen. Obrak 2014ko maiatzaren 19an hasi ziren berriro eta 2014ko uztailaren 5ean ziren bukatzekoak.
2014ko abuztuaren 5ean obren gunean bildu ginen Ospitalean harrera egiteko. Egindako obren egoera egiaztatu ostean, egin beharreko azken ukituen zerrenda bat osatu zen. Izan ere aktarekin batera doan eranskinean jasota dauden zenbait akats ikusi ziren bertan eta hutsak konpontzeko epe bat ezarri zen.
Zenbait ekipo martxan jartzeko probak egiteke daude oraindik, hozkailuenak eta transformazio-zentroenak nagusiki, eta eraikinaren martxan jartzearekin lotutako beste zenbait jarduketa ere egin behar da. Arazoa ez da enpresa eraikitzailearena izan: kontua da Ospitalea dagoen lursailak oraindik ez duela energia elektrikoaren hornidurarik. Osakidetzak eskakizuna egin zion Iberdrolari baina, trazaduraren konplexutasuna zela-eta, beste alternatiba batzuk bilatu behar izan ziren URA ur-agentziarekin eta beste azpiegitura batzuen trazadurarekin arazorik ez izateko eta obrek Urduliz eta Sopelatik igarotzean berekin ekarriko lituzketen desjabetze- eta zortasun-arazoak murrizteko.
Obraren egoera kontuan hartuta eta epe laburrera hartune elektrikorik izateko aukerarik ez zegoela ikusita, 2014ko azaroaren 25ean obrak HARRERA PARTZIALA egiteko prest zeuden, akatsak konpondutakoan. Egun horretan, egiteke zeuden lanak geldiarazi zituzten, lanak berriro hasi ahal izateko hartune elektrikoa izan artean.
2016ko urtarrilaren 18an berriro lanei ekin eta 3 hilabete eta erdiko luzapena eskatu zen egiteke zeuden lanak bukatu ahal izateko.
III.2.– Osatek.
III.2.– Kontratazioa.
– Teleasistentzia-kontratuaren luzapen-espedientean ez da formalizatu 620.545 euroko aldaketa, zeinak esleipenaren gehieneko aurrekontua % 10,3 gainditzea ekarri du. Horrez gain, luzapenaren unean, zenbateko berriak 650.000 euroan gainditzen zuen Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 2014an zerbitzu horretarako kudeaketa-mandatuan esleitutakoa.
Alegazioa
Aldaketa ez formalizatzeari buruz:
Premien arabera egiten den zerbitzu-kontratu bat da eta esleipenduna zerbitzua behin eta berriz eta aleko prezioan ematera behartuta dago. Kontratua egiten denean ezin da guztiz zehaztu zenbat prestazio barne hartuko dituen guztira kontratuaren xedeak, erakunde kontratatzailearen premien araberakoak direlako prestaziook.
Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren hogeita hamalaugarren xedapen gehigarriak (Premien araberako horniduren eta zerbitzuen kontratuak) honako hau ezartzen du:
«Administrazio Publikoek eta sektore publikoko gainerako erakundeek izapidetzen dituzten horniduren eta zerbitzuen kontratuetan, aurrekontu mugaduna dutenen kasuan, enpresaburua ondasun asko ematera edo zerbitzua behin eta berriz eta aleko prezioaren truke gauzatzera behartuta baldin badago, baina kontratuaren xedean bildutako entregen edo prestazioen guztizko zenbatekoa ez badago zehatz-mehatz zehaztuta kontratua sinatzean Administrazioaren premien araberakoak direlako, gehieneko aurrekontu bat onartu beharko da».
Hala, maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak, Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duenak eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duenak, honako hau ezartzen du 54. artikuluan:
54. artikulua.– Zuzkiduren izaera.
1.– Ustiapen-aurrekontuko nahiz kapital-aurrekontuko zuzkidurak, hurrengo paragrafoan ezarritako salbuespenekin, gutxi gorabeherakoak izango dira, eta kasuan kasuko entitateak aurrekontuaren ekitaldian bere jarduerari buruz egindako aurreikuspenak jasoko ditu.
2.– Jarraian aipatzen diren kontzeptuak mugadunak izango dira beti: finantza-inbertsioak, langile-gastuak, besteren baliabideak, transferentzien eta eman beharreko diru-laguntza arrunten eta kapitaleko diru-laguntzen batura eta ibilgetu material eta ukiezinean egindako inbertsioen batura.
3.– Aldaketak Lege honetako V. tituluko zortzigarren kapituluan ezarritakoaren arabera egin beharko dira. Ondorio horietarako, lehen aipatutako kontzeptu bakoitzerako entitate bakoitzean aurrekontuan jarritako guztizko zenbatekoa joko da mugaduntzat.
Eta 97. artikuluan honako hau dio:
97. artikulua.– Orotarikoa.
1.– Kapitulu honen eraginpeko erakundeen ustiapen- edo kapital-aurrekontuetako aurrekontu-aldaketatzat joko dira Lege honetako 54. artikuluaren arabera mugadun diren kontzeptuen zenbatekoetan egindako aldaketa guztiak.
Aipatutako espedientea aurrekontu mugaduna duten kontzeptuetan sartzen ez denez, hogeita hamalaugarren xedapen gehigarriak ezartzen duen gehieneko aurrekontua onartzeko obligazioa ez da aplikagarria espediente honetan.
Hori guztia dela-eta, aleko prezioaren truke egindako esleipena denez (prezioa/erabiltzailea/eguna), azken zenbatekoa erabiltzaile-kopuruaren araberakoa denez, eta beraz, esleitutako zenbatekoa gutxi beherakoa denez (erabiltzaile-kopurua x esleitutako prezioa), gorabehera bazter uzteko eskatzen dugu; izan ere, esleipenaren gehieneko aurrekonturik ez dagoenez, ezin da aldaketa inpliziturik egin.
Luzapen-zenbatekoak kudeaketa-mandatuan esleitutakoa gainditzeari buruz:
Hasierako kontratuan bezala, Osatekek luzatutako zenbatekoa, 6.650.000,00 euro, gutxi gorabeherakoa zen. Denboraldi horretarako aurreikusten zen erabiltzaile kopuruan oinarritzen zen (Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak ezagutzen zuen datua) eta ezin da gehieneko aurrekontutzat jo (ikus aurreko alegazioa).
Mandatuan Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak zegokion aurrekontu-partidan azaltzen ziren 6.000.000,00 euroak esleitu behar izan bazituen ere, mandatuak berak aurreikusita zuen, bosgarren ebazpen-zatian, gastu gehigarria onartu beharko zela.– Jarraipen Batzordea, c) puntua:
«Jarraipen Batzordeak mandatua gauzatzeko erabilgarri dagoen kreditua nahikoa ez dela baderitzo, indarraldia amaitu arte mandatua gauzatzeko zenbat diru gehiago beharko den zenbatetsiko du. Hala gertatzekotan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari jakinaraziko zaio zenbatetsitakoa, dagokion gastu gehigarria aurrekontuaren erabilgarritasunaren arabera izapidetzeko».
Hain zuzen, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Zerbitzu zuzendariaren 2014ko abenduaren 30eko Ebazpenaren bitartez, mandatua aldatu egin zen, urteko zenbatekoa 6.540.932,50 eurora igoz (ebazpena VIII. Eranskinean).
Azkenean, Osatekek 2014an fakturatu eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak ordaindutakoa 6.535.979,83 euroko izan ziren.
Edonola ere, teleasistentzia-zerbitzua kontratatzetik sortutako urteko diru-kopuruaren finantzaketari dagokionez, Osatekek Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren konpromisoa du:
«Horregatik, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak oraingo eta aurrerantzeko urteko aurrekontuetan zerbitzua emateko beharrezkoak diren kredituak emateko konpromisoa hartzen du. Halaber, finantzaketa-konpromisoak kontuan hartuta, aproposena den moduan helaraziko dizkio kredituak Osatek S.A.ri».
(Konpromisoa IX. eranskinean).
Horregatik guztiagatik, gorabehera bazter uztea eskatzen dugu. Izan ere, luzapenaren zenbatekoa ez dago kudeaketa-mandatuan hasieran esleitutakoaren baldintzapean.
– Erresonantzia magnetikorako bobinen mantentze- eta hornidura-espedienteak aldez aurretik eta osorik ordaindu dira eta inolako bermerik eskatu gabe. Lehenengoa 926.688 euroan eta bi urterako esleitu da eta bigarrena 1,1 milioi euroan eta 4 urterako. Pleguek horretarako baimena ematen badute ere egoerak hala gomendatzen duen kasuetan, ez da horrelako egoera bat justifikatu eta, edonola ere, bermea eskatzea komeni da, SPKLTB delakoaren 216.2. eta 3. artikuluek ezartzen dutena betetzeko.
Bestalde, lehenengoan ez da jasotzen kontratazio-jarraibideen 4. klausulak ezartzen duen Kontseilu Administrazioaren baimena; klausula horren arabera, kontratuaren balioak urteko 400.000 eurotik gorako ordainketa-obligazioak dituenean, beharrezkoa da baimena.
Alegazioa
– Aldez aurretik ordaintzea aholkatzen zuen egoera justifikatuta ez egoteari buruz:
Aldez aurretik ordaintzea aholkatzen zuen egoera Osateken aurrezpen ekonomikoari lotuta zegoen.
– Alde batetik, laster ordaintzeagatiko beherapenen ordainketa:
Lehenengoan, 44.623,73 euro (BEZa barne).
Bigarrenean, 79.459,81 euro (BEZa barne).
Guztira egindako ordainketak: 124.083,54 euro.
– Bestalde, bobinen hornidurari zegokion zatiari eragiten zion BEZaren aurrezpena; izan ere, aldez aurretik ordaindu zenez, % 10 zegokion (une hartan hori baitzen aplikagarria) eta ez % 21 (ordutik aurrera aplikagarria):
Lehenengoan, 41.477,26 euro.
Bigarrenean, 49.629,65 euro.
BEZa aurrezteagatik guztira: 91.106,91 euro.
(Dokumentu euskarria X. eranskinean).
Horregatik guztiagatik, gorabehera bazter uztea eskatzen dugu.
Bermea eskatu ez izanari buruz:
Erabilitako idazkera: «aldez aurretik eta osorik ordaindu dira eta inolako bermerik eskatu gabe» idazkerak ulertarazten du gorabehera bat dela eta, beraz, oker jokatu dela. Gomendio bat denez, eta ez arau-hauste bat, idazkera aldatzea proposatzen dugu, gomendio bat baino ez dela argi gera dadin.
Adibidez:
«... aldez aurretik eta osorik ordaindu dira eta, bermea eskatzea derrigorrezkoa ez bada ere, gomendagarria da bermea izatea SPKLTB delakoaren 216.2. eta 3. artikuluek ezartzen dutena betez».
Kontseiluaren baimena ez azaltzeari buruz.
Kontratazioaren mugak ezartzen zituen Kontseiluaren hitzarmena idaztean gertatutako akats bat da, testuan ez baita azaltzen baimendutako mugan BEZa kanpo geratzen dela. Akatsa zuzendu da dagoeneko. (Administrazio Kontseiluak onartutako proposamena XI. eranskinean).
Gorabehera bazter uztea eskatzen dugu.