EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2016151

ERABAKIA, 2016ko uztailaren 7koa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena, administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudun langileentzako 2016. urteko Lan Eskaintza Publikoa onartzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-07-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201603531
Maila: Akordioa
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Euskal funtzio publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 legearen 23. artikuluak (azaroaren 7ko 16/1997 legeak eragindako aldaketaren arabera) aurreikusten du administrazio publiko bakoitzean diren giza baliabideekin bete ezin litezkeen giza premiak, aurrekontu esleipena dutenak, lan eskaintza publikoen bidez beteko direla. Era berean, ezartzen du administrazioak berak adieraziko duela bete beharreko plaza hutsak zeintzuk diren, bai pertsonal funtzionarioa nola lan kontratupeko pertsonal finkoa.
Beste alde batetik, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen indarreko estatutuen 59. eta hurrengo artikuluek aurreikuspena egiten dute unibertsitateak, bere autonomiaz baliaturik, administrazio eta zerbitzuetako pertsonala, funtzionario nahiz lan kontratupekoa, hauta dezan, berak eginiko lan eskaintza publikoarekin bat etorrita.
Egungo abagune ekonomiko eta aurrekontu egoeraren ondorioz, estatuaren aurrekontu orokorraren legeek 2013. urtetik murrizketak ezarri dituzte urterik urtera enplegu publikora sartu ahal izateko, etorkizuneko aurrekontu ekitaldietan murrizketa hauek berrezarriko ote diren ez dakigularik.
2016. urterako lan eskaintza publikoak, beraz, berebiziko garrantzia du erakundearen etorkizunarentzat berarentzat.
Ildo honetan, mundu guztiak oro dakike edozein administrazio publikok oso ondorio latzak jasan ditzakeela urte askotan lan eskaintza publikorik burutu ezinean iraganez gero. Egoera honek, UPV/EHUren kasuan, bertan lanean ari den lan kontratudun pertsonalaren % 74,50 inguruko behin behinekotasuneko indizea eragin du, plantillaren atal handi batean nolabaiteko prekarietate errotua nagusituta. Ondorioz, baja, plaza huts edo premia berri bakoitza behin behineko lan harremanen bidez ezarri behar dela eta honek larri kaltetzen dituela UPV/EHUren estatutuek sagaratzen duten erreferentziazko plantillaren ondorioz letozkeen plaza gehipenak, zeren eta, nahiz eta gehipen hauek AZPren defizita pausoz pauso arinduko dutela espero izan den, ez dirudi behin behinekotasun tasa handiagoek egiturazko bokazio argiko plantilla eraikitzeko balio dezaketenik.
Honengatik guztiarengatik, lan eskaintza publiko honen bidez, bultzada ematen zaie Euskal unibertsitate sistemari buruzko 3/2004 legearen laugarren xedapen iragankorrean aurreikusitako aurreikuspenei, orain arte indarreko legeriarekin bat datozen prozedurak eragotzi dituzten eragozpenak birrinduz eta hauen garapena bermerik handienaz ziurtatuz, eta honek aukera emango du aldi baterako lotura duen pertsonalaren egungo portzentajea, lehen aipatutakoa, murrizteko eta pertsonalaren berezko egiturak eta plantillak behar bezala planifikatzeko eta erregularizatzeko arrazoizko mugetara ekarriz, bai eta gestiorako ohiko prozeduren normalizazioa ere, oinarrizko legediak ahalbidetzen duen neurrian.
Urriaren 29ko 48/2015 Legearen 20.Bat.2.j) artikuluaren arabera (2016. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorren legea), birjarpen tasa % 100era iritsi ahal izango da unibertsitateen administrazio eta zerbitzuetako langileen lanpostuetan, baldin eta plaza horien ardura duten Administrazio Publikoek dagozkion deialdiak baimentzen badituzte, honako hau egiaztatu ondoren: plaza horien lan eskaintza publikoak eraginik izango ez duela dagokion unibertsitatearentzat ezarritako aurrekontuaren egonkortasun helburuetan, ezta apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan ezarritako gainerako mugetan ere (Aurrekontu Egonkortasuna eta Finantza Jasangarritasunari buruzko legea).
Artikulu horretan ezarritakoari jarraiki, administrazio eta zerbitzuetako langileen behin betiko baja kopurua kalkulatu zen: 34 pertsona 2015. urtean.
Bestetik, abenduaren 26ko 36/2014 Legearen 20.Sei artikuluaren arabera, 20.Bat.2 artikuluan zehaztutako lehentasunezko sektore bati edo zenbaiti dagokien birjarpen tasa metatu ahal izango da, agindu horretan aipatutako beste sektore batean edo batzuetan, edo aipatutako sektore horietako baten edo batzuen Kidego, Eskala edo kategoria profesionaletan, azken horiek betetzea lehentasunezkotzat hartzen denean edo oinarrizko zerbitzu publikoen funtzionamenduan eragina dutenean.
Horren arabera, 2015ean irakasle-ikertzaileen artean izan zen behin betiko baja kopurua ere kalkulatu zen, horietako batzuk metatu ahal izateko administrazio eta zerbitzuetako langileen eskaintzan, alderantziz egin zen bezala, irakasle-ikertzaileen 2015eko lan eskaintza publikoan.
Horregatik guztiagatik, 2016. urteko lan eskaintza publikoak 44 plaza dauzka guztira, legeak agindutako ehuneko honetatik gora ezin joan baitaiteke. Kontuan izanik administrazio eta zerbitzuetako langileen plantillaren ezaugarriak eta haren kolektiboen artean izan diren aldi baterakotasun indizeak, eskaintza lan kontratudun langileetara murriztea erabaki da.
Horri dagokionez, administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudun langileen III. Hitzarmen Kolektiboak behartu egiten du, lehenik, lanpostuen zuzkidura prozesu bat eta barne promozio bat egitera, eta prozesu horien ondoren, abian jarriko lirateke sarrera prozesuetarako deialdirako baliabideak. 2016ko lan eskaintza publikoko lanpostuei dagokienez, jada egin da dagokion eskaintza, administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudun langileen III. Hitzarmen Kolektiboaren 15. eta 16. artikuluek ezarritakoaren arabera.
Akordioan, aintzat ere hartzen da ezgaitasuna duten pertsonentzat gorde beharreko plazen erreserba, nahiz eta kategoria eta espezialitate bakoitzeko ezarri beharreko portzentajea zein bere deialdian zehaztuko den.
Dudagabekoa da aipatutako eskaintzak interes handia sortuko duela eta deialdietara agertuko den lehiakide kopurua piztutako interesaren parekoa izango dela, hauen itxaropenak eta interesak guztiz zilegiak izanik. Hala ere, jaramon eta aintzat hartu behar da pertsona kopuru handia egon badagoela unibertsitatean urte luzeetan lanean jardun dena aldi baterako pertsonal edo langile mugagabe ez finko moduan. Errealitate hau aurreikusi egin da Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko 3/2004 legearen laugarren xedapen iragankorrean, non aukera ezartzen baita lehiaketa faseari dagokion puntuazioan oposizio faseko puntuen % 45era arte lor daitekeela UPV/EHUn egindako zerbitzuak balioetsita, bai eta zerbitzuan jarraitu ahal izateko bermea ere, xedapen horretan zedarritutakoaren arabera. Neurriok ez dira, berez, salbuespenari legozkiokeen ekintzak, beste administrazio publiko askotan erabili eta baliatu izandako neurriak baitira, hain zuzen ere, erakunde hauen interesa ahalik eta gutxien kaltetzeko bide eta era delako tokian tokiko egoerari ebazpide emateko, salbuespena izaki, osterantzean, goi mailako behin behinekotasuna eta administraziootan lanean ari den pertsonalak denbora luzean izan duen egoera.
Hori dela eta, hautagai litezkeen gainontzeko pertsona guztien legezko eskubideak ezertan ere ukitu eta kaltetu barik, 2016rako eskaintza honen ondorioz sortuko liratekeen deialdiak aipatutako legearen xedapenei lotuko zaizkie.
2016ko ekainaren 9an, negoziazio kolektiborako eskubidea erabiliz, AZPko funtzionarioaren eta lan kontratudunaren Negoziazio Mahaietan, baterako akordio bat hartu zuten unibertsitate administrazioko eta sindikatuetako ordezkariek, administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudunentzako 2016ko lan eskaintza publikoari lotuta, Gobernu Kontseilu honek berretsi duen akordioa.
Azkenik, aipatzekoa da eskaintza honek Eusko Jaurlaritzaren oniritzia duela.
Funtzio Publikoaren erreformarako neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen 18. artikuluan, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 23. artikuluan eta UPV/EHUren indarreko estatutuen 59. artikuluan xedaturikoarekin bat etorrita, gerentziak hala proposaturik, Gobernu Kontseiluak hau
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– 2016ko Lan Eskaintza Publikoa onartzea.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Leioa, 2016ko uztailaren 7a.
Errektorea,
IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.
Idazkari nagusia,
JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.
ERANSKINA
Lehenengoa.– 2016ko Lan Eskaintza Publikoa onartzea.
Euskal funtzio publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 legearen 23. artikuluak xedaturikoarekin bat etorrita, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudunentzako 2016. urterako lan eskaintza publikoa onartzen da, honako erabaki honetan ezarri diren baldintza eta zehaztapenen barnean.
Bigarrena.– Lan Eskaintza Publikoa kuantifikatzea.
Lan eskaintza publikoaren barnean daude akordio honen eranskinean zerrendatzen diren eta aurrekontu zuzkidura duten plaza hutsak, kategorien eta espezialitateen arabera sailkatuak.
Hirugarrena.– Hautapen prozesuetan aplikatu beharreko irizpide nagusiak.
Lan eskaintza publikoaren ondorioz egingo diren hautapen prozesuek, UPV/EHUren premietara egokien moldatuko diren profil profesionalak dituzten hautagaiak balioetsi eta hautatzeko xedea izango dute. Era horretan, deialdi guztiak, Euskal Unibertsitate Sistemaren legearen laugarren xedapen iragankorrean ezarritako baldintzen arabera definitutako oposizio-lehiaketen bidez artikulatuak, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak guztiz errespetatuz, honako irizpide orokor hauen arabera burutuko dira:
a) Hautapenerako programa eta probak bete beharreko lanpostuei lotutako trebetasunak eta gaitasunak ebaluatu eta izangaiak hautatu ahal izateko modukoak izango dira.
b) Lehiaketa fasearen baremoan jaso beharko da antzerako funtzioetan jardun diren hautagaiek denbora tarte batean egiaztatuko luketen esperientzia lehenespenaz balioztatzeko ere.
c) Hautapen probetarako hautapen batzorde edo epaimahaien osaera gizon eta emakumeen arteko parekotasunaren irizpideari eta inpartzialtasun eta profesionaltasun irizpideei lotuko zaie.
d) Hautapen batzorde edo epaimahaien osaerari dagokionean, ezgaitasunak dituzten pertsonen parte hartzea sustatuko da, ezgaituentzako txanda duten probetan.
e) Pertsonaleko gerenteordetzaren web orrian, esteka bat jarriko da, hautapen prozesuei eskainia, eta bertan jasoko dira deialdi guztiak eta hauen ondoriozko ekintza eta gertakari guztiak, ahal denean eta hautagaien erosotasuna areagotzearren, onartu eta kanporatutako hautagaien zerrendak jasoz, bai eta ariketa bakoitza gainditu dutenen zerrenda ere, zein bere NAN, deiturak eta izena adierazita.
Laugarrena.– Pertsona ezgaituak.
1.– Deialdietan ez da baztertzerik eginen ezintasun psikiko edo/eta fisikoengatik, egin beharreko ataza edo eginkizunak egiteko bateraezintasunak beti ere ezertan ukitu barik, unean uneko deialdia argitaratzen denean indarrean dagoen arau aplikagarrietara beti ere moldatuta.
Ondorio honi begira, bai administrazioak nola hautapen epaimahaiek txostenik edo laguntzarik eskatuko ahal diete organo tekniko eskudunei. Era berean, administrazio organo eskudunaren diktamena ere eskatu ahal izango dute, hautagaiak deialdiaren helburuko plazetan garatu ohi diren jarduerak gauzatzeko lukeen gaitasunaren inguruan.
2.– Eskaintza osatzen duten plaza guztietatik, ehuneko zazpiko gutxieneko kupoa gordeko da, eskaintza honen ondorioz egin beharreko hautapen probetarako deialdietan, minusbaliotasun maila ehuneko 33koa edo hortik gorakoa duten pertsonen artean bete daitezen.
Minusbaliatuei gordetako plazen artean, hutsik geratuko liratekeenak txanda libreari gehituko ahal zaizkio.
3.– Hautapen prozesuetan, denbora eta bitartekoei dagokienez, egin beharreko egokitzapenak egingo dira, halakorik eskatuko luketen pertsona minusbaliatuentzat; hauen eta gainontzeko hautagaien arteko baldintza berdintasuna bermatzeko asmoz.
Bosgarrena.– EHAAn argitaratzea.
Akordio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Erabaki honetan aurreikusi ez eta, kasuan kasu, lanean berehalakoan hasteko plantea litezkeen langile premiak enplegu publikoaren eskaintza gehigarri batean zehaztu ahal izango dira.
Testuinguru honetan, hautapen prozesuen gestioaren ekonomia, eraginkortasun eta efizientziarengatik, 2016ko lan eskaintza publiko hau prozesu orokorrago baten barruan koka liteke, 2016ko eta hurrengo urteetako lan eskaintza publikoekin batera, kasuan kasu ezarriko litzatekeen birjarpen tasa errespetatuz.
Eskaintza metatuan gehituko diren plazak, oro har, bat etorriko dira lanean lehentasunez hasteko premiekin, zein bere kategoria profesional ezberdinean.
Plazak kategoria profesionaletan banatzea eta deialdien oinarriak negoziatu egingo dira AZPko funtzionarioaren eta/edo lan kontratudunaren negoziazio mahaian eta, Gobernu Kontseiluak onartu ostean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango dira argitara.
2016ko eta hurrengo urteetako lan eskaintza publikoak batera burutu ahal izango dira, hautapen prozesu baten deialdi bakarrean, eskaintza ezberdinetako plaza huts guztiak barne izango direlarik.
AZKEN XEDAPENA
Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
2016. URTEA ERANSKINA
Lan kontratudun langileak (44 plaza)