EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2016150

EBAZPENA, 2016ko uztailaren 18koa, Gazteriako eta Kiroletako zuzendariarena, Euskal Mendizale Federazioaren estatutuetan egindako aldaketa onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzen duena.

Xedapenaren data: 2016-07-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201603515
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/12/10rean argitaratutako 2015/11/20ko EBAZPENA [201505221]

Euskal Mendizale Federazioa EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatu zen 1985eko abenduaren 20an, 47. zenbakiarekin. Orain Federazioaren estatutuetan artikulu bat aldatu da.
Euskal Mendizale Federazioak 2015eko azaroaren 7an egindako Ezohizko Batzar Orokorrean bere estatutuen 25. artikuluan testu bat gehitzeko erabakia hartu zuen eta onarpen hori agiri bidez egiaztatu da.
Aldaketa horiek bat datoz Euskadiko Kirol Federazioen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan eta Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legean xedatutakoarekin.
Ondorioz, nire eskumenak erabiliz hau,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Mendizale Federazioaren estatutuen 25. artikuluaren aldaketa onartu eta EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzea. Artikulu hori honela idatzita gelditzen da:
«25. artikulua.– Zuzendaritza Batzordea EMFko (Euskal Mendizale Federazioa) administrazio organoa da, eta federazioko gaien kudeaketa administratiboa eta ekonomikoa garatzen du, Batzar Nagusiaren irizpideekin bat etorriz.
Pyrenaicako zuzendaritzari dagokion kargua ez da diruz ordainduko, aldizkariaren jatorrizko espirituarekin bat etorrita. EMFren Zuzendaritza Batzordeak edo Batzarrak proposatuko du izendapena, eta Batzarrak onartu beharko du. Euskal mendizaleen artean izandako ibilbidean aldizkariarekin lotuta egon den eta haren funtsezko printzipioak ezagutzen dituen pertsona bat izango da».
Bigarrena.– Legez ezarritako epean jakinarazteko agindua ematea.
Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Laugarrena.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotzen denaren arabera, administrazio bidea amaitzen ez duen ebazpen honen kontra Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen aurrean gorako errekurtsoa jar daiteke, jakinarazten den egunaren biharamunetik hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 18a.
Gazteriako eta Kiroletako zuzendaria,
JON REDONDO LERTXUNDI.