EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2016150

AGINDUA, 2016ko uztailaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, unibertsitate aurreko irakasmailetarako euskarazko ikasmaterial inprimatuen edizioari zuzendutako diru-laguntzetara biltzeko deia egiten duena (EIMA 1).

Xedapenaren data: 2016-07-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201603511
Maila: Agindua
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Heziberri 2020 plana onartu du. Heziberri 2020 planaren helburua hauxe da: Europako esparruan hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan 2020rako ezarritako berrikuntza-eta garapen-ildo estrategikoak bateratzea, hezkuntzak gure testuinguruan eta ingurunean dituen erronkekin.
Plan horretan sartuta dago Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa, hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak biltzen dituen proiektua. Marko horrek paradigma aldaketa nabarmena dakar, konpetentzietan oinarritzen den hezkuntza delako. Horrek aldaketak sortu ditu hezkuntza-etapa guztietako ikuspegi pedagogikoan, ondorioz curriculumak egokitu egin dira.
Dagoeneko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 236/2015 eta 237/2015 dekretuen bidez Haur Hezkuntzako eta Oinarrizko Hezkuntzaren curriculum berriak zehaztu ditu.
Heziberri 2020 planaren markoan jasotako 5.3 atalean berariaz hitz egiten da material didaktikoez; besteak beste, hezkuntza-eredu pedagogikoarekin bat etorri behar dutela esanez. Hortaz, material didaktikoek dekretuek ezartzen dituzten curriculum berrietara egokitu beharko dute.
Horren harira, Unibertsitate aurreko irakasmailetako curriculum-planteamendu berrien arabera euskarazko ikasmaterial inprimatuen edizio kostuak laguntzeko helburua du EIMA 1 diru-laguntza deialdiak.
Hori guztia gogoan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA
1. artikulua.– Agindu honen xedea honako hau da: unibertsitate aurreko irakasmailetan erabiltzekoak diren euskarazko ikasmaterial inprimatuen edizioari zuzendutako diru-laguntzetara biltzeko deia egitea.
2. artikulua.– Agindu honen II. eranskinean dago zehaztuta zein edizio-kostu hartuko den kontuan.
II. KAPITULUA
DIRU-BALIABIDEAK
3. artikulua.– Diru-laguntzen deialdirako laurehun eta hirurogei mila (460.000) euro erabiliko dira. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusietan xede horretarako dagoen aurrekontu sailetik hartuko da.
4. artikulua.– Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu berarekin emandako beste laguntza batzuekin, baldin eta hortik ez bada gainfinantzaketarik sortzen. Gainfinantzaketa hori emanez gero, laguntza murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
5. artikulua.– Deialdira bildu eta baldintza guztiak betetzen dituen ikasmaterial bakoitzari dagokion diru-laguntza ez da izango, inongo salbuespenik gabe, ikasmaterial horietako bakoitzarentzat 12. artikuluaren arabera finkaturiko defizita baino handiagoa.
III. KAPITULUA
IKASMATERIALEN BALDINTZAK
6. artikulua.– Honako laguntza-deialdi honetara biltzen diren ikasmaterialek Heziberri 2020 planeko hezkuntza-eredu pedagogikora eta horren baitan onartutako dekretuetara egokitu beharko dute: 236/2015 dekretua, abenduaren 22koa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena eta 237/2015 dekretua, abenduaren 22koa, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena.
Heziberri 2020 planeko hezkuntza-eredu pedagogikoa konpetentzietan oinarritutako hezkuntza-eredua izanik, hezkuntza-etapa guztietako curriculumak egokitu behar diren moduan, ezinbestekoa da ikasmaterialak ere egokitzea, curriculumak garatzeko material didaktikoak izateko.
Hortaz, material didaktikoek honako ezaugarriak izango dituzte hezkuntza-eredu pedagogikoarekin koherenteak izan daitezen:
a) Ikasleen irteera-profilean definitutako oinarrizko konpetentziak lortzearen alde egitea.
b) Ikasleei eta irakasleei irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuen plangintza, garapena eta ebaluazioa egiten laguntzeko mota guztietako materialak izango dira.
c) Zorroztasun zientifikoa eta hizkuntza egokitu egingo zaizkio ikasleen adinari eta 236/2015 eta 237/2015 dekretuetan araututako curriculumei. Lege-ordenamenduko printzipioak, balioak, askatasunak eta betebeharrak ere agertu eta sustatu behar dira, eta diseinu unibertsalaren eta irisgarritasunaren ezaugarriak bete.
d) Irisgarriak izan behar dute, bai desgaitasun fisiko, sentsorial edo intelektualen bat duten ikasleentzat, bai ikasteko beste zailtasun batzuk dituztenentzat.
e) Hizkuntza ez da modu sexistan erabiliko, eta irudietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotipatu gabekoa bermatuko da.
f) Aniztasun familiarra eta afektibo-sexuala agertuko da ikasmaterialetan, eta gainerako errealitate kulturalak, etnikoak...
7. artikulua.– Ikasmaterialen ezaugarriekin zerikusia duten edukiak eta Heziberri 2020 planarekin loturako dokumentu eta tresna baliagarriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren honako helbidera aurki daitezke: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/r43-hezi2020/eu/
8. artikulua.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu honako argitalpen hauek: bibliofilo-liburuak; copyright-a, partez edo osoz, hauetako bat duten argitalpenak: herri-aginteenak, zuzenbide pribatuko herri-aginteenak edota herri-aginteen parte-hartze nagusia duten sozietate pribatuenak; doan banatzekoak diren argitalpenak; liburu-klubek edo antzekoek bazkideentzat bakarrik argitaraturikoak; fotokopia edo multikopia bidez prestaturiko ikasmaterialak.
9. artikulua.– Ikasmaterial motari dagokionez, oinarrizkoak ala osagarriak izango dira.
Hauek dira ohikoenak:
Zerrendan agertzen ez den bestelako ikasmaterial bat aurkezten badu, diru-laguntza eskatzaileak zein material mota den zehaztu beharko du.
10. artikulua.– Originaltasun-mailari dagokionez, ikasmaterialak honelakoak izan daitezke:
a) Testuari dagokionez: sorkuntza-lana (espresuki euskaraz sortua); egokitzapena / itzulpena.
b) Ilustrazioei eta argazkiei dagokienez: ikasmaterial honetarako berariaz sortutakoak; beste zenbait materialetatik hartutakoak.
11. artikulua.– 2015eko irailaren 1etik 2016ko abuztuaren 31ra bitartean argitaratuak izango dira. Argitalpen-data moduan honako hau hartuko da: Lege Gordailuari dagokion Gordailu-aitorpenaren M-5 agiriko administrazio-eginbidean jarritako data.
12. artikulua.– Ikasmaterial defizitarioak izan beharko dute. Hots, beren edizioan egindako kostuak, 2. artikuluan zehaztutakoak, 2016-2017 ikasturteko salmenta bidezko diru-sarrerekin, baita prestakuntza-fase partez edo osoz berdinagatik han-hemendik izandako diru-sarrerekin ere, berdindu edo gainditu ezin dituzten ikasmaterialak. Ebazpena eman aurretik, eskabide-orrian zehaztutako kostuen justifikazioa, jatorrizko faktura bidezkoa, eskatu ahal izango du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak.
13. artikulua.– 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoak, bere 30. artikuluan finkatutakoa bete beharko dute.
14. artikulua.– Euskaraz idatzita egon beharko dute. Hala ere, zenbait jakintzagai eta ikasmaterial-mota (A ereduan euskara irakasteko metodoak, hiztegi elebidun edo eleanitzak, .... ) partez euskaraz eta partez erdaraz egonik, horiek ere laguntza-deialdira bildu ahal izango dira.
15. artikulua.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren onespena izan behar dute ikasmaterialek.
Onespena eskatzeko agiria Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan egongo da eskuragai: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/eima-4/y22-izapide/eu/
16. artikulua.– Datu ekonomiko eta teknikoen formularioan adierazitako tiradak bat etorri beharko du diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariak sinatutako idazkian adierazitako tiradarekin. Horren egiatasuna baieztatze aldera, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak behar beste egiaztapen-lan egingo du fakturen eta gainontzeko agirien bidez.
17. artikulua.– Lehen argitaraldientzat prestaturik dago, nagusiki, deialdi hau. Hala ere, bigarren edo hurrengo argitalpen birmoldatu edo osatuek ere jaso ahal izango dute diru-laguntza, beti ere berritutako zatiaren arabera.
18. artikulua.– Ikasmaterial oro komertzializatu egin beharko da, herritarrei zuzenduriko banaketa-zirkuituen bidez, edozein herritarrek liburu-dendan eskuratzeko moduan egon dadin. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak baldintza horren betetzea dagokion diru-laguntza finkatu aurretik egiaztatu ahal izango du.
IV. KAPITULUA
ONURADUNAK
19. artikulua.– Legez eratuta egonik, euskarazko ikasmaterial inprimatuak prestatuko eta argitaratuko dituzten enpresa, elkarte eta fundazioak izan daitezke laguntza-jasotzaile.
20. artikulua.– Laguntza-eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
1.– Zergarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.
Betebeharren egiaztatzeaz deialdiaren kudeaketa-organoa arduratuko da, diru-laguntza eskatzen duten entitateei baimena eskatu gabe. Aurreko hori, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua ezarriz egingo da.
Zergak Nafarroako Foru Erkidegoko Ogasunean ordaintzen dituzten entitateek zergak egunean dituztela ziurtatzeko agiria aurkeztu beharko dute.
2.– Jabego intelektualari, egile-eskubideei, Lege-gordailuari eta ISBNari dagozkien lege- betebeharrak betetzea.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan zehaztutako betebeharrak gordetzea.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo Erakunde Autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntza eta laguntza eman eta ordaindu ahal izateko.
5.– Halaber, zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso duten pertsonek edo erakundeek, horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu badute edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean badaude, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.
6.– Europar Batasunak diru-laguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu baten zain ez egotea.
7.– Krisialdian dagoen enpresa ez izatea, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoarekin bat etorriz (2014-07-31ko AO, C249).
V. KAPITULUA
ESKABIDEAK AURKEZTEKO MODUA ETA EPEA
21. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasi eta 2016ko irailaren 15ean amaituko da.
22. artikulua.– 1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/eima-1/y22-izapide/eu/
Tramitazio elektronikoa honako lege-arau hauetan araututa dago: 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoa arautzen duena, eta e-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.
2.– Diru-laguntza eskatzen duen entitateak argitara eman nahi dituen ikasmaterial beste eskabide aurkeztuko ditu.
23. artikulua.– Eskabidearen ondoko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
24. artikulua.– Eskabidearekin eta deialdiarekin zerikusia duten gainerako izapideak egiteko jarraibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, eskabideak aurkezteko erabiliko den helbidean.
25. artikulua.– Diru-laguntza eskatzen duten entitateek Euskal Autonomia Erkideko hizkuntza ofizialetatik nahi dutena erabil dezakete eskabidea eta honi erantsitako agiriak aurkezteko. Ondorioz, aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak, bere 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritako moduan.
26. artikulua.– 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena aplikatuta, diru-laguntza eskatzen duen entitateak eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenen bidez honako baldintza hauek egiaztatuko ditu:
1.– Helburu berari zuzenduriko diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturi eskatu izana eta, dagokionean, haiengandik jaso izana adieraztea.
2.– Diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor edo administrazio-arloko zigorrik ez izatea, eta laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duen lege-debekuen eraginpean ez egotea, beren beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.
3.– Laguntza-deialdi honetan diru-laguntzon onuradun izateko jarritako baldintzak betetzen dituela adieraztea.
4.– Legalki eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dagokion erregistroan izena emanda dagoela adieraztea.
5.– Entitateari dagozkion agiriak, 27.1 artikuluko a) puntuan zehaztutakoak, lehendik bidaliak badira EAEko Administrazio orokorrera, eta bost (5) urte baino gehiago igaro ez bada, honen esku daudela, non eta noiz aurkeztu ziren adieraztea.
6.– Ikasmateriala argitaratu ahal izateko beharrezkoak diren eskubideen jabe izan eta ondorioz, Jabego Intelektualaren Legeak jarritako arauak betetzen dituela adieraztea.
7.– Europar Batasunak diru-laguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu baten zain ez egotea adieraztea.
8.– Krisialdian dagoen enpresa ez izatea adieraztea, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoarekin bat etorriz (2014-07-31ko AO, C249).
27. artikulua.– Eskabidearekin batera, diru-laguntza eskatzen duten entitateek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte modu elektronikoan:
1.– Entitateari dagozkion agiriak:
a) Eraketa-eskritura edo aktaren kopia, beti ere bere izaera juridikoaren arabera, ordezkari legalaren izendapena eta IFZren (Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren) kopia aurkeztu beharko da. Eskabidea egiteko entitatearen txartela erabiltzen badu, ez du agiririk aurkeztu beharko.
b) Zergak Nafarroan ordaintzen dituzten entitateen kasuan, zergen betebeharra betea dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.
Eskatzaileak eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten duenean, a) eta b) puntuetako agiriak bakarrak izan daitezke fitxa guztientzat. Halaber, 1.a) puntuan aipatutako agiriak, lehendik bidaliak badira EAEko Administrazio orokorrera, eta bost (5) urte baino gehiago igaro ez bada honen esku daudela, eskatzaileak ez ditu agiri horiek berriro aurkeztu behar izango, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 35. artikuluan agintzen duenari jarraituz. Aurkeztu ezean, eskatzaileak baimena eman beharko du eskabide-orrian, «Aurretik entregatutako dokumentazioa» atalean, eta dokumentu horiek noiz eta zein deialditarako (Saila, Zuzendaritza, programa) aurkeztu zituen argi adierazi, Administrazioak konprobazio-lanak egin ditzan.
2.– Ikasmaterialari dagozkion agiriak:
a) Diru-laguntza eske aurkezten diren ikasmaterial bakoitzeko formulario bat, behar den bezala beteta. Formulario horretan diruz laguntzea nahi den ikasmaterialari buruzko datu tekniko eta ekonomikoak jasoko dira. Formulario hori Euskadi.eus atariko Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/eima-1/y22-izapide/eu/
b) Lege Gordailuari dagokion M-5 inprimakia, gordailuaren aitorpenari dagokiona.
c) Diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariak sinatutako idazki bat, diruz laguntzea nahi den ikasmaterialaren tirada eta lagapen-prezioa ziurtatzen duena.
Entitate batek ikasmaterial bat baino gehiago aurkezten badu, idazki bakarrean ziurtatuko ahal izango ditu horien tiradak eta lagapen-prezioak.
d) Ikasmateriala Euskarazko Ikasmaterialen Katalogoan (EIMA katalogoa) katalogatzeko eskaera fitxa, behar bezala beteta.
Inprimaki hori Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan izango da eskuragai: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/eima-4/y22-izapide/eu/
e) Argitara emandako ikasmaterialaren bina ale. Ale horien aurkezpena, ezinbestean aurrez aurre egingo da, ahal delarik Herritarrentzako zerbitzuan -Zuzenean- edo Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egoitzaren batean aurkeztuko da, nahiz tokian tokiko Ordezkaritzetan, nahiz Gasteizko egoitza nagusian, bertako Euskara Zerbitzuaren EIMA 1 programan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan zehazten duen edozein bulegotan ere aurkeztu ahal izango da eskabidea.
28. artikulua.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak eskabidean zerbait gaizki dagoela edo zerbait falta dela ikusten badu, hamar (10) eguneko epea emango dio diru-laguntza eskatzen duen entitate interesatuari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz xede horretarako emandako ebazpena eman ondoren.
29. artikulua.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, «EIMA» deritzon fitxategian jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea izango da. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
VI. KAPITULUA
KUDEAKETA ORGANOA
30. artikulua.– 1.– Laguntza-deialdi honen kudeaketa Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio.
2.– Berariaz eratutako batzorde bat arduratuko da diru-laguntzaren ebazpen-proposamena egiteaz, eta gerta litezkeen gorabeherak bideratzeaz. Honako pertsona hauek osatuko dute batzordea:
a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria (batzordearen buru).
b) Euskara Zerbitzuaren burua.
c) EIMA 1eko teknikaria (batzordearen idazkari).
VII. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN KALKULUA, EBAZPENA ETA ORDAINKETA
31. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko prozedura hau izango da:
1.– Beharrezkoak diren datuak eskuratu eta gero, honako honi ekingo zaio:
a) Ikasmaterial horiek dagozkien formularioetan azaldutako datu tekniko eta ekonomikoekin agertzen duten adostasun-maila neurtu, besteak beste, honako puntu hauek bereziki aztertuz: hizkuntzaren egokitasun-aitorpena, xedea, argitalpen-kostuak, ezaugarri teknikoak, lagapen-prezioa, tirada eta salmenta kopurua.
b) Agindu honetan jarritako baldintzak betetzen diren ala ez ikuskatu.
c) Ikasmaterial bakoitzaren edizio-kostuen kalkulua eskatu Euskal Autonomia Erkidegoko argitalpen-alorreko bi adituri. Aditu horiek aldez aurretik izendatuko ditu Hezkuntza sailburuordeak.
2.– Aurreko puntuan zehazturikoa egin ostean, adituek edizio-kostuen txostena helaraziko diote ebazpen-proposamena egingo duen batzordeari.
3.– Behar-beharrezkoa ikusten bada, ikasmaterial bakoitzaren edizio-kostuen kalkulua egiten ibilitako bi adituak aritu ahal izango dira batzordearekin, beti ere aholkulari gisa.
4.– Batzordeak ikasmaterial bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa finkatuko du eta, behar bezala arrazoitu ondoren, ebazpen-proposamena egingo du. Horretarako, Agindu honen I. eranskinean azaldurako faktoreetan eta horien ponderazio-indizeetan oinarrituko du bere lana.
5.– Agindu honen 3. artikuluan aurreikusitako diru-kopuru osoa I. eranskinean ezarritako formularen arabera banatuz zehaztuko da diru-laguntza zehatza.
6.– Diru-laguntza ez da izango diruz lagundu daitezkeen gastuen % 80 baino gehiagokoa.
32. artikulua.– Diru-laguntza deialdiren ebazpena eman eta argitaratzeko prozedura hau izango da.
1.– Ebazpen proposamena kontuan izanda, Hezkuntzako sailburuordeak laguntza-deialdi honi dagokion ebazpena emango du.
2.– Ebazpen horrek, gutxienez, honako kontu hauek jasoko ditu:
a) Diruz lagundutako ikasmaterialen zerrenda eta ikasmaterial horietako bakoitzari esleitutako diru-laguntza.
b) Diruz lagundu ez diren ikasmaterialen zerrenda, ukatzearen zioa azalduz.
3.– Agindua EHAAn argitaratu eta, beranduenik, sei hilabeteko epean emango da Ebazpena. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da (https://euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/erabakiak/), eta argitaratu eta biharamunetik hasita izango du eragina.
Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.
33. artikulua.– 1.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote diru-laguntza eskatu duten entitateek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari, ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epean.
2.– Hartu beharreko ebazpenaren jakinarazpenik egiten ez bada 32. artikuluan esandako epean, ezezko erantzuna bailitzan hartu ahal izango da isiltasuna.
34. artikulua.– Diru-laguntzaren ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik hasita hamar (10) egun naturaleko epean esleitutako diru-laguntzari idatziz berariazko ukoa egiten ez badiote entitate onuradunek kudeaketa organoari, esleitutako diru-laguntza onartutzat joko da.
35. artikulua.– Diru-laguntzak aldi bakar batean ordainduko dira, ebazpena jakinarazi eta, aldi berean, entitate onuradunek esleitutako diru-laguntza onartu egiten dutela egiaztatu ostean.
VIII. KAPITULUA
ONURADUNEN BETEBEHARRAK
36. artikulua.– Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko hirugarrenen erregistroan alta emanda egon behar du laguntza-jasotzaileak, laguntza jaso ahal izateko. Alta emateko edota banku-datuak aldatzeko, lotura honetan (https://www.euskadi.eus/r51-341/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html) dagoen formularioa bete beharko du eta bide elektronikoz aurkeztu.
37. artikulua.– Entitate onuradunek Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.
38. artikulua.– Agindu honetan finkatutako edozein eginkizun ez betetzeak edota laguntzak lortzeko ezarritako baldintzetan gezurretan ibiltzeak, jokabide horien ondorioz gerta daitezkeen erantzukizun penalak baztertu gabe, agindutako diru-laguntza galtzea ekarriko du; baita, hala legokiokeen kasuan, aurretik jasotako diru-kopurua atzera itzuli beharra ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak onartzen duen bezala, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (EHAA, 1992ko otsailaren 7koa) zehaztutako prozeduraren arabera dagozkion legezko interesak gehituz.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko idazkien artean interpretazio-auzirik sortuz gero, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Laguntza programa hau Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 26ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren barruan dago, zenbait diru laguntza mota barne-merkatuarekin bateragarriak jotzen dituena, Itunaren (EBAO 2014, L 187, 2014-06-26) 107. eta 108. artikuluen aplikazioaren ondorioz (Kategorien Araberako Salbuespen Araudi Orokorra edo 651/2014 Araudia).
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta bere aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 8a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.