EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2016150

EBAZPENA, 2016ko uztailaren18koa, Euskal Herriko Unibertsitateko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearena eta Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordearena, berezko tituluetako 2016-2017 ikasturteko jardunbidea, Graduondoko Batzordeak eta Graduko Batzordeak onartua, argitaratzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-07-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201603507
Maila: Ebazpena
UPV/EHUko Estatutuek, otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez onartuek (2011-02-24ko EHAA, 38 zk.), 86. artikuluan diote Gobernu Kontseiluak arautuko dituela unibertsitateko berezko ikasketak, ikasketa hauen araubide akademikoa, beren eragina irakats betebeharretan, administrazio eta zerbitzuetako langileek izango duten parte hartzea eta, egoki izanez gero, ikasketen kudeaketa ekonomikoa eta ebaluazioa.
Berezko tituluen arautegi bateratuan (Gobernu Kontseiluak 2010eko abenduaren 22an onartua eta EHAAn 11-02-08an argitaratua (26 zk.), xedapen gehigarrietatik lehenengoan, ahalmena ematen zaio Graduondoko Batzordeari arau hori garatzeko eta arau osagarriak emateko.
Graduondoko Batzordeak, 2016ko ekainaren 24an eta Graduko Batzordeak, 2016ko ekainaren 23an egindako bileretan, 2016-2017 ikasturtean berezko tituluen arloan ezarriko diren prozedura arauak onartu zituzten.
2004ko martxoaren 12an, EHAAn, otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena, argitaratu zen eta lege horretako 9.2 artikuluan honakoa dago jasota:
«Antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta ez dira indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.»
Horrela, bada, Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 9.2 artikuluan zehaztutakoa betetzeko, honakoa
EBAZTEN DUT:
Bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Berezko Tituluei buruzko 2016-2017 ikasturteko jardunbidea, ebazpen honetako eranskinean jasotako eran.
Leioa, 2016ko uztailaren 18a.
Errektorea.
EE (2013ko urtarrilaren 30eko Ebazpena, errektorearena; 2013ko otsailaren 13ko EHAA).
Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea,
MIREN NEKANE BALLUERKA LASA.
Graduko Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordea,
AMAYA ZÁRRAGA CASTRO.
ERANSKINA
BEREZKO IKASKETEN ARLORAKO PROZEDURA ARAUAK – 2016-2017 IKASTURTEA
I. TITULUA
BEREZKO TITULUAK
I. KAPITULUA
IZENA EMATEA, HAUTAKETA ETA MATRIKULA
I. ATALA
IZENA EMATEA ETA HAUTAKETA
1. artikulua.– Ikasleak.
UPV/EHUk eskaintzen duen berezko tituluren bat egin nahi izanez gero, egin nahi den titulu edo tituluak egin ahal izateko izenemate orria bete beharko da. Kasuan kasu eskatuko den dokumentazioa, egin nahi den berezko titulua eskaintzen duen sail, institutu edo ikastegietako idazkaritzetan aurkeztuko da.
2. artikulua.– Ikasleak onartzeko baldintzak.
1.– Berezko titulu bakoitzerako baldintza zehatzak ezarri ahal izango badira ere, ikasleek Gobernu Kontseiluak onartutako Berezko Tituluei buruzko Arautegi Bateratuko I. kapituluan zehaztutako baldintza orokorrak bete beharko dituzte, bai eta arau hauek ere.
2.– Bi zikloko unibertsitate titulazio bateko lehenengo zikloa gainditurik izatea ez da diplomaturaren baliokidetzat hartuko, berezko tituluan onartua izate aldera.
3.– Atzerriko titulua daukaten ikasleak.
Atzerriko titulua daukaten ikasleek ez dute titulua homologatu behar berezko tituluetara sartzeko.
Ikasle horiek honako prozedura bete beharko dute:
Ikasleak, izena ematean, sarrera eskaria aurkeztuko dio kasuan kasuko titulazioko batzorde akademikoari, ondoren aipatu eta gaztelaniara itzulita aurkeztu beharko diren agiriekin batera (frantsesez, ingelesez, italieraz edo portugesez daudenean izan ezik):
a) Titulu ofiziala: Graduondoko ikasketetarako sarrera ematen duen tituluaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko; edo titulua eskatu izanaren agiria.
b) Egindako irakasgaien ziurtagiria, izena, iraupena eta lortutako kalifikazioa zehaztuta.
Itzulpenik behar izanez gero, honako eraren batean egin daiteke:
a) Estatu espainiarrak atzerrian daukan edozein ordezkaritza diplomatikok edo kontsuletxek egindako itzulpena.
b) Eskatzailearen herrialdeak edo dokumentua egin duen herrialdeak Espainian daukan ordezkaritza diplomatikoak edo kontsuletxeak egindako itzulpena.
c) Zinpeko itzulpena, Espainian behar bezala baimenduta edo erregistratuta dagoen pertsonak egina.
Izena emateko prozesuaren barruan, berezko tituluko zuzendari akademikoak ikaslearen espedientea eta aurkeztutako tituluaren egokitasunari buruzko txostena igorriko dio graduko edo graduondoko batzordeari. Horiek aztertu ondoren, azpibatzorde eskudunak erabakiaren berri emango dio titulazioko batzorde akademikoari. Aldeko erabakia hartuz gero, beren beregi adierazi beharko dute ontzat ematen dutela ikaslea onartzea.
Onartuta egonda matrikula egin dutenei UPV/EHUko errektoreak egindako baimena emango zaie.
4.– Unibertsitateko titulurik ez daukaten profesionalak.
Unibertsitateko titulurik ez daukaten profesionalak «unibertsitateko espezialista» tituluetara sartzeko eskaria graduondoko batzordeak eman behar du ontzat titulazioko zuzendaritza akademikoak egindako proposamena kontuan hartuta. Prozedura honakoa da:
Ikasleak, izena ematerakoan, sarrera eskaria (II. eranskina) aurkeztuko dio titulazioko batzorde akademikoari honako dokumentazioarekin batera:
a) Unibertsitatera sartzeko titulua edo unibertsitaterako sarrera egiaztatuko duen dokumentazioa. Tituluaren edo dokumentazio egiaztagarriaren fotokopia konpultsatua edo fotokopia eta originala, berori parekatzeko, edo berau eskatu izanaren gordekina.
b) Curriculum vitae, beharrezko agiriekin batera. Gizarte Segurantzak ematen duen lan bizitzaren agiria ere nahitaez aurkeztu beharko da.
Hautaketa prozesua behin bukatuta, titulazioko batzorde akademikoak txostena egingo du titulazioa egokia den edo ez azalduz, eta txostena eta aipatutako agiriak graduondoko batzordeari bidaliko dizkio. Horiek aztertu ondoren, Graduondoko Batzordeak erabakiaren berri emango dio titulazioko batzorde akademikoari. Aldeko erabakia hartuz gero, beren beregi adierazi beharko dute ontzat ematen dutela ikaslea onartzea.
3. artikulua.– Ikasleak hautatzea eta onartzea.
1.– Berezko titulu baten matrikula egiteko prozesua baino lehen, izena emateko epea irekiko da. Hautaketa irizpideek kasu guztietan errespetatuko dituzte lehen adierazitako baldintzak; irizpide horiek irakaskuntza proposamenean ezarritakoak izango dira eta ikastegi, sail edo institutuetako iragarki taulan egongo dira ikusgai izena emateko epe osoan.
Ikasleen eskariak ez badira heltzen titulua irakasteko proposamenean jasotako gutxieneko ikasle kopurura, beharrezkoa izango da batzorde eskudunaren baimena titulua eman ahal izateko. Hori dela eta, matrikula egin baino lehenago, eskari arrazoitua aurkeztu beharko da, aurrekontu berria gaineratuz. Ezin izango da matrikula prozesua hasi, inolaz ere, batzorde eskudunaren baimena izan gabe.
2.– Ikasleak hautatu ondoren, zuzendari akademikoak gestio hauek egin beharko ditu:
a) Ikasleari bere egoeraren berri ematea (onartuta, itxaron zerrendan edo kanporatuta dagoen). Onartutako ikasleek, edozelan ere, berretsi egin beharko dute onarpena.
b) Ikasle ez onartuei jakinarazi egin beharko die zein errekurtso mota aurkez dezaketen erabaki horren kontra, horretarako aukerarik egonez gero.
c) Onartutako ikasleari matrikula egiteko dataren berri eman.
d) Berezko Ikasketen Atalari matrikula epearen berri ematea, epe hori hasi baino gutxien dela 5 egun lehenago eman ere. Jakinarazpenean jasota ageri beharko da zein egunetan hasiko den matrikula, baldin eta proposamenean zehaztutako data aldatu baldin bada. Bestalde, zuzendaritza akademikoak laguntzarik eman badu eskura dituen laguntzen kargura, laguntza horiek jasota ageri dituen akta igorri beharko da.
3.– Matrikula epea behin bukatuta, berezko tituluaren zuzendari akademikoak egiaztatu egin beharko du bete egin dela proposamenean zehaztutako gutxieneko matrikula kopurua. Ez bada gutxieneko hori bete, arautegi honetako 9. artikuluan zehaztutakoari jarraitu beharko dio. Aipatutako baldintzak betetzen ez badira, baimena eskatu beharko zaio batzorde eskudunari aurrekontu berriarekin. Ezin izango da eskolarik ematen hasi baimen hori izan gabe.
II. ATALA
MATRIKULA ETA PREZIO PUBLIKOAK
4. artikulua.– Matrikula.
Plaza bat lortu duen ikasleak titulua eskuratzeko ezarri diren ikastaro guztietan egingo du matrikula. Ezin izango da ikastaro edo modulu solteetan matrikularik egin, unibertsitateko berezko tituluak lortzeko ez diren ikasketen matrikula bat etorri beharko delako arautegi honetako V. kapituluan zehaztutakoarekin.
5. artikulua.– Matrikula zabaltzea eta aldatzea.
Matrikula aldatzeko eskari arrazoitua egin beharko da eta eskari hori batzorde eskudunak onartu beharko du, berezko tituluaren batzorde akademikoaren proposamenez. Aldaketak kredituak gehitzea edo kentzea badakar, 2016ko azaroaren 30a baino lehen egin beharko da eskaria, titulazioaren irakaskuntza 2016an hasten bada, eta 2017ko otsailaren 28a baino lehen, 2017an hasten bada.
6. artikulua.– Matrikula egiteko egunak.
2016an hasiko diren titulazioetarako, matrikula aldia 2016ko irailaren 5etik urriaren 31ra bitarterako zehaztuko da. Matrikula egiteko epea gehienez ere astebetekoa izango da eta berezko tituluko zuzendari akademikoak adieraziko du noiztik noiz arte izango den. 2017an hasiko direnetarako, ordea, matrikula aldia 2014ko urtarrilerako zehaztuko da eta hilabete horretan astebeteko epea irekiko da matrikula egiteko.
Matrikula epea bukatzen denetik eskolak hasi arte, gutxienez 10 eguneko tartea egon behar da.
Egun hauek aldatzeko, batzorde eskudunaren baimena beharko da.
7. artikulua.– Matrikula egiteko lekua eta dokumentazioa.
Onartuek, Internet bidez, GAUR aplikazioan, egin behar dute matrikula.
Ondokoak dira matrikularekin batera aurkeztu beharreko agiriak:
a) NANaren fotokopia (espainiar nazionalitatedunak), nortasun txartelaren fotokopia (Europar Batasuneko beste herrialde batzuetakoek) edo pasaportearen fotokopia edo egoiliar txartelaren fotokopia (Europar Batasunetik kanpokoek).
b) Graduondoko ikasketetarako sarrera ematen duen tituluaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko; edo titulua eskatu izanaren agiria. Titulua UPV/EHUn lortu dutenek 1988a baino oraintsuago, ez dute agiri hori aurkeztu behar.
c) Argazki bat, atzean izena eta deiturak idatzita.
d) Ordainagiria, ondorengo artikuluan adierazitako moduari jarraiki.
e) Tasen murrizketa edo salbuespenerako eskubidea izanez gero, hori egiaztatuko duten agiriak, 8.1 artikuluan aipatu bezala.
Matrikula egiteko epea bukatu ondoren, Berezko Ikasketen Atalak honako jakinarazpen hauek bidaliko dizkio berezko tituluaren ardura duen organoari: matrikulako diru sarreren jakinarazpena, bildutako diru sarrerena eta unibertsitateari gastu orokorrengatik dagokion zenbatekoarena.
Ikasle txartela.
Berezko tituluren bat egiten ari diren ikasle guztiek nahitaez eduki behar dute ikasle txartela. Unibertsitatean beste ikasketa batzuk egiten egonez gero, egiten duten lehenengo matrikulan ordainduko dute.
8. artikulua.– Matrikula ordaintzea.
1.– Zenbatekoa.
Ikasleak matrikulagatik ordaindu beharrekoa modu automatikoan kalkulatuko da matrikulako eskaria egitean.
Titulua ikasturte batean baino gehiagotan emateko programatu bada, urtean-urtean egin beharko da matrikula, eta aurtengo matrikulan ikasturte honetan irakatsiko diren kredituei dagokien zenbatekoa baino ez da ordaindu beharko.
Onartutako kredituengatik ordaindu beharrekoa: arautegi honetako III. kapituluan zehaztutakoa ordaindu beharko da.
2.– Ordaintzeko era.
Matrikula era honetara ordaindu ahal izango da:
a) Matrikula formalizatzerakoan ematen den ordainagiri pertsonalizatua. Agiri horrekin hurrengo puntuan adierazitako kontuan egin beharko da ordainketa. Kutxak zigilua ipiniko du ordainagirian eta baliozkotu egingo du hala egindako ordainketa. Ordainagiriaren jatorrizkoa Berezko Ikasketen Atalera bidali behar da. Ikasleak bikoiztua gordeko du, ordaindu izanaren agiri bezala.
b) Ordainketa pasabidea erabiltzea.
c) Banku transferentzia. Ikasleak diru sarreraren egiaztagiria bidali behar du Berezko Ikasketen Atalera.
3.– Ordainketa egiteko kontua.
KUTXABANK
Kontu zenbakia: 2095 0292 92 3239008657
IBAN kodea: ES88 2095 0292 92 3239008657
SWIFT edo BIC kodea: BASKES2BXXX
4.– Ordainketa datak.
Matrikula bi epetan ordaindu daiteke, % 50 bakoitzean; lehenengo epea matrikula egiterakoan ordaindu behar da. Bigarrena, berriz, ondoko epean:
a) Matrikula 2016an egin bada: 2017ko urtarrilaren 9tik 13ra
b) Matrikula 2017an egin bada: 2017ko apirilaren 17tik 21era
9. artikulua.– Tasen murrizketa eta salbuespena.
1.– Tasen murrizketa eta salbuespena egiteko kasuak:
a) Berezko tituluaren antolaketak hala erabakitzen badu, titulu horretarako emandako diru laguntzetan tasak sartu direlako.
b) Familia ugari berezietako kideek ez dute ezer ordaindu beharko; familia ugari orokorretako kideek, berriz, matrikularen % 50 ordaindu beharko dute. Familia ugari bateko kide izatea egiaztatu behar da aldundiak edo erakunde eskudunak emandako agiri ofizialaren fotokopia erkatuaren bidez edo fotokopia eta jatorrizkoa aurkeztuta, biak parekatzeko; agiri hori iraungi gabe egon behar da. Iraungita badago, agiri hori berritzeko tramiteetan dagoela egiaztatu beharko du interesatuak.
c) Ekintza terroristen biktimek eta beren ezkontide eta seme-alabek ez dute ezer ordaindu behar. Ekintza terroristen biktimek, izaera hori egiaztatzeko, Barne Ministerioko Herritarrentzako eta Terrorismoaren Biktimei Laguntza Emateko Azpizuzendaritza Orokorrak emandako agiria aurkeztuko dute; edo, bestela, Terrorismoko Biktimei Laguntzak Emateko Programaren babesa dutela adierazten duen erabakia.
d) Organo eskudunak aitortuta ezintasunaren maila % 33 edo handiagoa aitortuta duten ikasle gutxitu edo ezinduek ez dute ezer ordaindu beharko. Egoera hori aldundiak edo erakunde eskudunak emandako agiriaren bidez egiaztatu behar da.
e) Gizarte Kontseiluak ezarritako beste salbuespen batzuk.
2.– Asegurua:
Ikasketa hauetan matrikulatzen diren ikasleek ez dute eskola aseguruaren babesik. Hori dela eta, zuzendari akademikoak polizak egin beharko ditu berezko tituluaren aurrekontuaren kargura.
Behin sinatu ostean, beronen kopia igorri beharko zaio Berezko Ikasketen Atalari.
10. artikulua.– Matrikula baliogabetzea.
1.– Aurkeztutako matrikulak behin-behinean onartuko dira, Gobernu Kontseiluak onartutako Berezko Ikasketei buruzko Arautegi Bateratuko baldintzak betetzen diren ala ez egiaztatzeko; hau da, titulua irakasteko proposamenaren arabera bete beharreko baldintzen ingurukoak. Matrikula aurkeztu denetik hiru hilabete igaroz gero Berezko Ikasketen Atalak horren kontra erabaki eta jakinarazpenik eman barik, matrikula onartu egin dela ulertuko da, eta erabaki irmoa izango da ondorio guztietarako.
2.– Erabaki irmo bidez UPV/EHUrekin zorretan dauden ikasleek ezin izango dute matrikularik egin berezko tituluetan.
3.– Matrikula ez onartzeko erabakia arrazoitua izan behar da eta ordaindutako prezio publikoak itzultzea ekarriko du. Erabaki horren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko errektoreari edo hark eskuordetutakoari.
4.– Matrikula baliogabetu egingo da, baldin eta prezio publikoak ordaintzen ez badira 8.4. artikuluan zehaztutako epeetan. Matrikula prezioak ez ordaintzeagatik baliogabetu bada, ikasleak galdu egingo du ordaindutako dirua.
5.– Edozein unetan egin daiteke matrikula baliogabetzeko eskaria, baina eskari hori eskolak hasi aurretik egin duenean baino ez zaio itzuliko ordaindutakoa.
6.– Ikasleak ez badu betetzen matrikula egiteko baldintzaren bat, aurkeztutako matrikula artxibatu egingo da, interesdunari horren berri eman eta gero. Interesdunak erantzunik ematen ez badu, matrikula eskaria bertan behera utziko da, horretarako emango den erabakiaren bidez.
7.– Matrikula egin eta gero berezko tituluaren antolatzaileek ikasketak ez direla emango erabakitzen badute, berezko tituluaren zuzendari akademikoak horren berri eman beharko die ikasle guztiei, matrikula egiteko epea amaitu eta 5 eguneko epean. Jakinarazpen horretan adierazita agertu beharko da zeintzuk diren egin beharreko tramiteak ordaindutako prezioak jasotzeko; izan ere, idatzia aurkeztu beharko da Berezko Ikasketen Atalean ikaslearen datuak, bankuko kontua (20 digitu), kontuaren titularra eta titularraren NANa (ikaslea bera ez bada) adieraziz.
8.– Batzorde eskudunak matrikula egiteko epea bukatu eta gero erabakitzen badu berezko titulua ez dela irakatsiko, tituluaren zuzendari akademikoak horren berri eman beharko die ikasle guztiei, bost eguneko epearen barruan erabakia jaso eta biharamunetik kontatzen hasita. Ordaindutako prezio publikoak jasotzeko egin beharreko tramiteen berri ere emango zaie ikasleei, aurreko atalean adierazitako moduan.
II. KAPITULUA
GESTIO EKONOMIKOA
I. ATALA
GASTUEN GESTIORAKO UNITATE ORGANIKOAK
11. artikulua.– Unitate organikoak.
Berezko Ikasketen Atalak, jakinda titulua irakatsi egingo dela, behin-behineko unitate organikoa irekitzeko eskatuko dio Kontabilitate Zerbitzuari, kasuan kasuko berezko tituluaren gastuak gestionatzeko; unitate hori titulua proposatu duen organoari dagokion unitate organikoaren menpe egongo da. Proposamena organo batek baino gehiagok egin badu, berezko tituluaren antolatzaileak erabakiko du unitate organikoren menpe egongo den.
Tramite hori egiteko, IV. eranskineko dokumentua bidaliko dio Berezko Ikasketan Atalak berezko tituluaren zuzendari akademikoari. Zuzendariak inprimakiak bete eta itzuli egingo ditu; atalak, egiaztapenak egin ondoren, Kontabilitate Zerbitzura bideratuko du unitate organikoa zabal dezaten.
BGGren lehenengo arduraduna berezko tituluaren zuzendari akademikoa izango da. Zuzendari akademiko bat baino gehiago badira, titulazioa proposatu zuen organoak erabakiko du zein izango den unitate organiko horretako arduraduna.
Bigarren arduraduna berezko tituluaren ardura akademikoa dagokion saileko zuzendaria. Sail bat baino gehiago badira, batzorde akademikoaren burua dagoen saileko zuzendaria izango da. Pertsona bera baldin bada kargu biak betetzen dituena, saileko idazkaria izango da.
Unitate organikoa itxi egingo da titulazioa desagertzen denean edo bi aldi jarraitutan luzapenik eskatzen ez denean. Hala ere, berezko titulua gehiago emango ez bada, unitate organikoan dagoen dirua atxiki egingo da.
II. ATALA
UPV/EHUko IRAKASLEEI ESKOLA ORDUAK ORDAINTZEA
12. artikulua.– Eskola orduak ordaintzea.
Gobernu Kontseiluak onartutako arauetan zehaztutakoa betetze aldera, 2016-2017 ikasturterako onartutako proposamenei dagokienez, honakoa da jardunbidea:
Irakasleari unitate organikoan egiten zaizkion ordainketen atxikipena zehazteko, honakoa izan behar da kontuan: kontratuan zehaztuta dituen eskola orduak osatzeko geratzen zaizkion kredituei dagozkien ordainsarien erdia jaso behar du irakasleak. Horretarako, irakasleak berezko tituluetan dituen irakats betebeharrak eta ikasturteko Irakats Plangintzari buruzko Eskuliburuaren arabera dituen soberakinak aztertu beharko dira. Irakasleei egin beharreko ordainsari guztiak irailaren 30a baino lehen egin beharko dira.
Irakats betebeharrak osatuta ez dituzten irakasleei unean-unean egindako atxikipenak zatikako behin-behineko kitapenak izango dira; ordainketak bukatu ondoren eta unibertsitateari dagokion kopurua kendu ondoren, behin-behineko kitapen osoa egingo da.
Ikasturtea bukatu ondoren, behin-behineko kitapen osoa egingo da kontuan hartuta irakasle horrek unibertsitateko berezko ikasketa guztietan eman dituen eskolak eta ikasturte horretako Irakats Plangintzari buruzko Eskuliburuaren arabera dituen soberakinak. Kitapenaren emaitzen arabera, irakasleari dirua kendu edo itzuli egingo zaio nominaren bidez.
Eragindako irakasleei behin-behineko kitapen osoaren berri eman beharko zaie, eta 10 eguneko epea izango dute alegazioak egiteko. Epe hori igaro eta alegaziorik aurkeztu ez bada edo aurkeztutakoak ebatzi badira, kitapena behin betikoa izango da.
III. KAPITULUA
PROPOSAMENAK ALDATZEA. EBALUAZIOA ETA KREDITUEN AITORPENA
13. artikulua.– Proposamenak aldatzea.
Gobernu Kontseiluaren arautegiari jarraituz, proposamena onartu ondoren aldaketarik egin nahi izanez gero, batzorde eskudunak berariazko baimena eman beharko du. Bestalde, ikasketa planetako aldaketak direla eta, matrikula egiteko epea baino lehen jakinarazi eta baimendu beharko dira. Beraz, aparteko kasuren batean ikasketa planean aldaketaren bat egin beharra badago, batzorde eskudunari proposamen arrazoitua bidali beharko zaio matrikula epea hasi baino lehen.
Berezko tituluko irakasle taldeetako aldaketei dagokienez, aldaketok ondo arrazoituta egon beharko dira, eta kontuan hartuko dira baldin eta ezustekoen ondorioz eragindakoak badira (adibidez, laneko baja...). Ez dira onartuko, baina, edukietan egindako aldaketen edo egokitzapenen ondorioz eragindakoak. Horiek, helburu horretarako zehaztutako ereduari jarraituz egin beharko dira.
I. ATALA
EBALUAZIOA
14. artikulua.– Ebaluazioa eta kalifikazioak.
Titulazioko batzorde akademikoak egingo du ikaslearen azken ebaluazioa eta ebaluazio orokorra.
1.– Berezko tituluko kredituak lortzeko, gaindituta izan beharko dira, horretarako zehaztutako ebaluazioaren bidez, bai tituluko ikasketak bai jarduera akademikoak. Eskoletara joate hutsa ez da nahikoa titulua lortzeko. Ebaluazio sistema matrikularako epea zabaldu aurretik jarri beharko da jendaurrean.
Kalifikazioa Gai, Ez Gai ala Aurkezteke izango da, eta esleituriko kreditu guztiei dagokie. Ez da egongo zati bat gainditzeko aukerarik. Deialdi bakarra egingo da titulu bakoitzerako ezarritako gutxieneko kredituak gainditzeko, eta ez da egongo horretarako salbuespenik, ez bada batzorde eskudunak horretarako berariazko baimena eman duela.
Ikasleen gehienez % 20ak «bikaintasun aipamena» lortu ahal izango du eta tituluan jasota ageriko da.
Ikasturte bat baino gehiago irauten duten tituluetan ikasturte bakoitzean ebaluazioa egin ahal izango da. Ebaluazioa gaindituz gero, kalifikazioa gorde egingo da eta hurrengo ikasturteren baten antolatuz gero titulazioa, kredituok onartu ahal izango zaizkio titulazioa lortze aldera.
2.– Kalifikazioen aktak.
Hamar eguneko epea egongo da ikasleen kalifikazioak jartzeko. Epe hori ikasturtea amaitzen den egunean hasiko da, edota, halakorik badago, azken proba edo lanaren defentsa egiten denean. Berezko Tituluen Bulegoak sortuko ditu kalifikazioak jasotzeko erabili beharreko aktak.
Kalifikazioak titulazioko batzorde akademikoko buruak grabatuko ditu, edo UPV/EHUkoa den batzordeko kideak.
Kalifikazioak behin grabatua, argitara emango dira iragarki oholean. Argitaratzean ikaslearen NAN zenbakia baino ez da zehaztuko. Argi agertu beharko da argitaratze data, kalifikazioen aurkako erreklamazioak aurkezteko epea zenbatzeari begira.
15. artikulua.– Kalifikazioei buruzko erreklamazioak egiteko prozedura.
Azken kalifikazioko aktak argitaratuta, ikasleak erreklamazio idatzia bidali ahal izango dio UPV/EHUko batzorde eskudunari, kalifikazioa argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barruan.
Erreklamazioak ebatzi eta ikasleari horren berri emango zaio gehienez ere hilabeteko epean, erreklamazioa aurkeztutako egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita.
Batzorde eskudunak hartutako erabakiaren kontra ikasleak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio UPV/EHUko errektoreari, erabaki horren berri izan eta hilabeteko epean. Errektoreak, erreklamazioa ebazteko, txostena eskatuko die batzorde akademikoari eta batzorde eskudunari.
Errektorearen erabakia behin betikoa izango da eta administrazio bidea agortuko du.
Erreklamazioak jartzeko epea bukatuta, ikasle bakoitzaren notak espedientera pasatuko dira. Jakinaren gainean jarriko da Berezko Tituluen Bulegoa.
Berezko Tituluen Bulegoak kalifikazioen akta bidaliko du, batzorde akademikoko kideek sina dezaten (behintzat batzordeko buruak eta UPV/EHUkoa den kideak), bai eta tituluaren zuzendaritza akademikoaz arduratu den organoko zuzendariak ere.
Aktek ez dute emendakin, zirriborro edo zuzenketarik izan behar. Horrelakorik izanez gero, diligentzia egin beharko da eta aipatutako kideek sinatu.
Aktak Berezko Tituluen Bulegora bidaliko dira, ikastaroa amaitu eta gehienez hilabeteko epean.
II. ATALA
KREDITUAK AITORTZEA
16. artikulua.– Definizioa.
Kredituak aitortzea da ontzat hartzea ikasleak beste ikasketa batzuetan lortutako kredituak (amaituta edo amaitzeke dituen ikasketetan), eta UPV/EHUn bertan zein beste unibertsitate batean lortutakoak (estatuan zein atzerrian), hartara, UPV/EHUn matrikula eginda izanik, berezko titulu bat lortzera bideratutako ikasketetan burututako kreditutzat hartzeko. Kredituak aitortuz gero, ikasleak titulazioan eskatutako kredituak osatzeko falta duen kreditu kopurua baino ez du egin beharko.
17. artikulua.– Irizpide orokorrak.
Kredituak aitortzeko unitatea ikasketa planean jasotako irakasgaia izango da, eta kredituak aitortzean ez da oinarri hartuko irakasgaien arteko edukien antzekotasuna edo iraupena, ezpada gainditutako kredituei lotutako gaitasuna eta aitorpena. Ezin izango da, inolaz ere, krediturik aitortu azken lanagatik, tesinagatik edo antzekoengatik lortutako kredituengatik.
18. artikulua.– Berezko beste ikasketa batzuetan egindako kredituak aitortzea.
Ondokoak dira berezko beste ikasketa batzuetan lortutako kredituak aitortzeko mugak.
Atal honetan zehaztu ez diren ikasketen bidez kredituak aitortzeko proposamenak edo adierazitako mugak gainditzen dituztenak batzorde eskudunak ebatziko ditu aldez aurretik txostena eskatuta berezko tituluko batzorde akademikoari.
19. artikulua.– Ikasketa ofizialetan egindako kredituak aitortzea.
Graduondoko berezko tituluetan unibertsitateko master tituluetan (ofizialetan) edo doktoregoan egindako kredituak aitortu ahal izango dira.
Graduko berezko tituluetan graduko nahiz lehenengo edo bigarren zikloko titulazio ofizialetan egindako kredituak aitortu ahal izango dira (diplomatura, lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa).
Bai batean, bai bestean, gehienez ere ikasketa planaren % 50 aitortu ahal izango da. Salbuespenezko egoeretan, zuzendari akademikoak eskaria egin ahalko dio batzorde eskudunari ehuneko hori gehitzeko. Eskaria behar bezala justifikatuta egon beharko da eta batzordeak erabakiko du onartu edo ez.
20. artikulua.– Tramitazioa.
Ikasleak berezko tituluaren idazkaritzan aurkeztu behar du kredituak aitortzeko eskaria: 2016an hasten diren ikasketetarako, azaroaren 11ra artekoa izango da epea; 2017an hasten direnetarako, berriz, otsailaren 10era artekoa.
Hauek dira aurkeztu beharreko agiriak:
a) Baliozkotu nahi diren ikasketen maila eta ezaugarriak egiaztatzeko ziurtagiri akademikoa; bertan jasoko dira gainditutako irakasgaiak eta lortutako puntuazioak.
b) Ikasketa plana edo egindako irakasgaien taula, hala dagokion ikastegiak, sailak edo institutuak egina.
21. artikulua.– Erabakia.
Titulazioko batzorde akademikoak ebatzi eta jakinaraziko ditu kredituak aitortzeko eskariak: abenduaren lehenengo hamabostaldian, 2016an hasiko diren titulazioetakoak, eta martxoaren lehenengo hamabostaldian, 2017an hasiko direnetakoak. Ikasleari erabakiaren berri emango zaio.
Erabakian ondokoak jaso beharko dira:
a) Onartuko diren kredituen kopurua, kreditu horiek zein irakasgaietakoak diren adieraziz.
b) Onartu zaizkion ikasketa planeko irakasgaiak.
c) Eskariari uko egiten bazaio, onartuko ez diren kredituen kopurua, kreditu horiek zein irakasgaietakoak diren adieraziz; halaber, uko egiteko arrazoi esplizituak azalduko dira.
d) Erabakiaren kontra Unibertsitateko batzorde eskudunari gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola jakinarazpena hartu eta hilabeteko epean.
Baliozkotzeei buruzko erabakiak ebatzi ondoren, baliozkotzeen akta bidaliko zaio Berezko Tituluen Atalari eredua (V. eranskina) erabilita. Aktak abenduren 18a baino lehen (2016an hasten diren titulazioen kasuan) edo martxoaren 18a baino lehen (2017an hasten diren titulazioen kasuan) bidali behar dira.
16. eta 17. artikuluetan jasotako salbuespenak ebazteko batzorde eskudunak aurkezten dituen proposamenak azaroaren 30a baino lehen baino lehen (2016an hasten diren titulazioen kasuan) edo otsailaren 28a baino lehen (2017an hasten diren titulazioen kasuan) bidali behar dira Berezko Ikasketen Atalera.
22. artikulua.– Aitortutako kredituak ordaintzea.
Aitortutako kredituak espedientean jaso aurretik, ikasleak ordaindu egin beharko ditu tasak:
a) Unibertsitate publikoetan egindako ikasketa ofizialengatik aitortutako kreditua: dohainik.
b) Titularitate pribatuko unibertsitateetan edo atzerriko unibertsitate edo goi ikastegietan egindako ikasketa ofizialengatik aitortutako kreditua: kredituko ezarritako zenbatekoaren % 25.
c) Ikasturte bat baino gehiago irauten duten tituluetan aitortutako kredituak, Berezko Ikasketei buruzko Arautegi Bateratuko 33.5 artikuluari jarraituz: dohainik.
d) Unibertsitate honetako beste berezko titulu batean egindako ikasketengatik aitortutako kreditua: kredituko ezarritako zenbatekoaren % 25.
e) Beste unibertsitate batean edo goi ikasketen zentroetan, espainiar zein atzerrikoetan, egindako berezko tituluengatik edo beste ikasketa batzuengatik aitortutako kredituen % 100.
f) Etengabeko prestakuntzan UPV/EHUn egindako ikasketengatik aitortutako kreditua:
1.– Berezko titulu berean egindako moduluak: dohainik.
2.– Beste berezko titulu batean edo master ofizialetan egindako moduluak: kredituko ezarritako zenbatekoaren % 25.
IV. KAPITULUA
BEREZKO TITULUAK ETA ZIURTAGIRIAK EMATEA
I. ATALA
TITULUAK EMATEA
23. artikulua.– Arau orokorra.
UPV/EHUren berezko tituluak errektoreak emango ditu, eredu normalizatuari jarraiki. Unibertsitateko Berezko Tituluen Erregistroan jasota geratu beharko dira emandako tituluak, unibertsitateko Titulu Ofizialen Erregistroan egin ohi den moduan eta baldintza berberetan (identifikazioa, zaintzea, ziurtapena eta izaera publikoa).
Tituluak ezarritako ereduari jarraituz emango dira.
24 artikulua.– Prozedura.
1.– Tituluak eskuratzeko eskariak.
1.1.– Tituluak eskuratzeko eskariak Berezko Ikasketen Atalean aurkeztuko dira, edota Arabako Campuseko, Bizkaiko Campuseko edo Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzetan. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Interesatuak berak egindako eskaria.
b) NANaren fotokopia (espainiar nazionalitatedunak), nortasun txartelaren fotokopia (Europar Batasuneko beste herrialde batzuetakoek) edo pasaportearen fotokopia edo egoiliar txartelaren fotokopia (Europar Batasunetik kanpokoek).
c) Kasuan kasuko tasak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria. Familia ugariko kideen kasuan, ekintza terroristen biktimen kasuan edo ezintasunen bat daukaten pertsonen kasuan, arautegi honetako 9. artikuluan jasotakoa beteko da.
Berezko titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izanaren ziurtagiria bidaliko die Berezko Ikasketen Atalak ikasleei. Ziurtagiri honek tituluaren ondorio berberak izango ditu, titulua bera eman arte. Ziurtagiri hori ezarritako ereduari jarraituz osatuko da.
1.2.– Berezko tituluren bat 93/94 ikasturtea baino lehen egin dutenek, aurreko puntuan adierazitako agiriez gain, honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte:
1.– Berezko titulurako sarrera ematen duen titulu ofizialaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko; edo titulua eskatu izanaren agiria. Berezko titulurako sarrera ematen duen titulua 1988. urteaz geroztik UPV/EHUn eskuratu dutenek ez dute agiri hau aurkeztu behar.
2.– Tituluak ematea.
Interesdunak berak jaso beharko du titulua, inprimatu eta gero, Berezko Ikasketen Atalean. Ikasleak ezinezkoa badu bera joatea, baimena eman ahal izango dio beste bati (ahalorde notarialaren bidez) bere izenean titulua hartzeko.
Aurreko paragrafoan adierazitakoa aldatzeke, eta Berezko Ikasketen Atala dagoen herrian bizi ez bada interesduna, eskaria egin diezaioke idatziz atal horri, bere etxetik gertuen dagoen bulego hauetakoren batera bidaltzeko titulua: Arabako Campuseko errektoreordetzara, Bizkaiko Campuseko errektoreordetzara, Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzara, probintziako Hezkuntza eta Zientzia Zuzendaritzara, Hezkuntza bulegoa edo kontsuletxera.
Salbuespenez, ministerio bulegoen bidez ematerik ez duten probintzietan, titulua posta ziurtatuaz igorriko zaio ikasleari eta honek bere gain hartuko ditu dokumentuak paira litzakeen kalteak eta, arrazoi honengatik eragin litekeen balizko bikoiztuaren kostua.
Tituluak jasotzeko onartuta dagoen jardunbide bera aplikatuko da bikoiztuen kasuan (artikulu honetako 4. atala).
Titulua eman eta bost urte pasatzen badira interesduna bere bila joateke, Berezko Ikasketen Atalak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako erabakiaren bidez, hilabeteko epea emango dio interesdunari titulua jasotzeko. Gainera, jakinaraziko dio titulua baliogabetu eta hautsi egingo dela, baldin eta epe horren barruan jasotzen ez bada. Titulua hautsi egin bada, akta egin beharko da eta Berezko Tituluen Unibertsitateko Erregistroan gorde.
Ikasketak amaituta izanda titulua eskuratu baino lehenago hildako ikasleen kasuan, eta senideek eskaria egiten badute, titulua ematea egokia dela erabaki dezake unibertsitateko errektoreak. Titulu hauek diligentzia eramango dute aurreko aldearen beheko aldean.
3.– Tituluaren izena titulua lortu duenaren generora, maskulino edo femeninora, egokitzea
Tituluen edo ziurtagirien izenak eta bestelako aipamenak titulu hori lortu dutenen generoa, maskulinoa edo femeninoa, kontuan hartuta egingo dira.
4.– Bikoiztuak ematea.
a) Bikoiztuak ematea, hondatu egin direlako edo zuzenketak egin behar direlako:
Tituluko datuak zuzendu behar badira edo titulua hondatu egin bada, akats horiek unibertsitatearenak izan gabe, interesdunak bikoiztu bat eskatu beharko du. Interesdunak, bikoiztua zergatik eskatzen duen justifikatzen duten dokumentuekin batera, jatorrizko titulua aurkeztu beharko du, edota titulua identifikatzeko aukera eskain dezaketen jatorrizkoaren zatiak.
Horrelakoetan, interesatuak berak ordaindu beharko ditu tasak.
Unibertsitatearen akats baten ondorioz egin behar bada zuzenketa, bikoiztua emateko prozedurari ofizioz ekingo dio Berezko Ikasketen Atalak. Interesdunak ez ditu tasak ordaindu beharko kasu horretan.
Bikoiztuak egiteko prozedurari Berezko Ikasketen Atalak emango dio hasiera.
b) Bikoiztuak ematea, titulua galdu edo lapurtu egin dutelako:
UPV/EHUren berezko tituluen bikoiztuak eman behar direnean jatorrizko titulua galdu egin delako, iragarkia jarri beharko da aurretiaz Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Galtzearen berri eman beharko da iragarkian erreklamazioak egin ahal izateko. Iragarkia argitaratu eta 30 egunera ez badago erreklamaziorik, bikoiztua emateko tramitea hasi ahal izango da. Lehen aipatutako iragarkiak argitaratzeko ekimena Berezko Ikasketen Atalari dagokio.
Bikoiztua egiteko tasa ordaindu beharko du interesdunak, bai eta aurreko paragrafoan aipatutako iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeari dagokiona ere.
Titulua galdu edo lapurtu izana unibertsitateari leporatu ahal zaionean, administrazioaren kabuz ekingo zaio titulu hori bikoizteko prozedurari. Interesatuak ez du ezer ordaindu beharko titulua berriz emateagatik.
Titulu bikoiztuan jasota ageri beharko da zergatik bikoiztu den; horretarako, diligentzia jarriko da aurreko aldeko beheko aldean.
II. ATALA
ZIURTAGIRIAK EMATEA
25. artikulua.– Ziurtagiriak eskatzea.
1.– Berezko titulu bateko ikasketak gai kalifikazio globalarekin gainditzen duten ikasleek horren ziurtagiria eska dezakete Berezko Ikasketan Atalean eta Arabako Campuseko, Bizkaiko Campuseko eta Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzetan. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute (1993-1994 ikasturtetik aurrera matrikulatutako ikasleak):
a) Behar bezala beteriko eskaria.
b) Kasuan kasuko tasak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria. Familia ugariko kideen kasuan, ekintza terroristen biktimen kasuan edo ezintasunen bat daukaten pertsonen kasuan, arautegi honetako 9.1 artikuluan jasotakoa beteko da.
2.– 1993-1994 ikasturtea baino lehenagoko ikasturte akademikoetan matrikulaturiko ikasleek, matrikulaturik egon diren ikastegi, sail edo institutuetako idazkaritzetan eskatu beharko dituzte ziurtagiri akademikoak, eta bertan adieraziko zaien dokumentazioa eman beharko dute.
3.– Gai kalifikazioa lortu ezean, bertaratze ziurtagiria eskatu ahal izango du ikasleak. Ziurtagiriok batzorde akademikoak sinatuko ditu, eta batzordeak berak zehaztuko ditu ziurtagiriok emateko baldintzak.
Agiri horiek 25. artikuluan jasotakoaren arabera ordainduko dira.
26. artikulua.– Ziurtagiri eta tituluengatik ordaindu beharreko tasak.
Berezko titulu eta ziurtagiriengatik ordaindu beharreko tasak, baldin eta Gizarte Kontseiluaren erabakia aldatzen ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarritakoak izango dira.
Tasa horiek arautegi honetako 8.3 artikuluan adierazitako kontuan ordaindu behar dira.
II. TITULUA
IKASKETA OSAGARRIAK ETA ETENGABEKO PRESTAKUNTZA
27. artikulua.– Berezko tituluetako moduluak edo irakasgaiak etengabeko prestakuntzaren barruan eskaintzea.
Berezko ikasketaren ikasketa plana osatzen duten modulu edo gaiak etengabeko prestakuntzaren barruan eskain daitezke, betiere, 20 kreditu baino gutxiago badituzte. Baimena emateko, Gobernu Kontseiluak ikasketa osagarrietarako onartutako arautegiari jarraituko zaio.
28. artikulua.– Kredituak aitortzea.
UPV/EHUko berezko tituluetan UPV/EHUn egindako etengabeko ikasketetan lortutako kredituak aitortzeko aukera egongo da arautegi honetako 18. eta 22. artikuluetan ezarritakoarekin bat.
29. artikulua.– Matrikula.
Matrikula ikasketen ardura duen organoko idazkaritzan egin beharko da.
Matrikula epe bakarrean ordainduko da, dagokion unitate organikoaren kontuan. Batzorde eskudunak matrikula zatika ordaintzea baimendu ahal izango du.
Ikasleak matrikula ezeztatzeko eskaria eginez gero, horrek ez du eragingo ordaindutakoa itzultzerik, ez bada ikasturtea hasi gabe dagoela.
30. artikulua.– Gastuen gestioa.
Matrikula egiteko epea bukatu ondoren, ikasketen ardura duen pertsonak honako tramite hauek egingo ditu:
– Kontabilitate Zerbitzuari diru sarrera horiek esleitzeko eskaria egingo dio: sarrera horiei % 12ko atxikipena egingo zaie, horietako % 10 unibertsitatearen gastu orokorretarako eta gainerako % 2 ikasketen gestioak eragindako gastuetarako. Esperientzia Gelek proposatutako ikastaro osagarriei % 10eko atxikipena egin ahal izango zaie, batzorde eskudunak baimenduz gero.
– Aseguru polizen gestioa.
31. artikulua.– Ziurtagiriak.
Ikastaroetara joanez gero, «Bertaratze ziurtagiria» lortu ahal izango du ikasleak, edo ebaluaziorik gainditu behar izanez gero, «Onuraz parte hartu izanaren ziurtagiria». Nahiz eta aukera hau erabilita ikasleak berezko ikasketen titulu bateko irakasgai guztiak gaindituta izan, ez du eskubiderik izango dena delako titulua eskuratzeko.
Bertaratze ziurtagiriak edo onuraz parte hartu izanaren ziurtagiriak errektoreorde eskudunak egingo ditu, ikasleak, aldez aurretik, 8.3 artikuluan jasotako kontuan ordainketa eginda (ordaindu beharrekoa Gizarte Kontseiluak zehaztuko du).
32. artikulua.– Eskola orduak ordaintzea.
Gobernu Kontseiluak onartutako arauetan zehaztutakoa betetze aldera, honakoa da jardunbidea:
Irakasleari unitate organikoan egiten zaizkion ordainketen atxikipena zehazteko, honakoa izan behar da kontuan: kontratuan zehaztuta dituen eskola orduak osatzeko geratzen zaizkion kredituei dagozkien ordainsarien erdia jaso behar du irakasleak. Horretarako, irakasleak etengabeko prestakuntzan dituen irakats betebeharrak eta ikasturteko Irakats Plangintzari buruzko Eskuliburuaren arabera dituen soberakinak aztertu beharko dira. Irakasleei egin beharreko ordainsari guztiak irailaren 30a baino lehen egin beharko dira.
Irakats betebeharrak osatuta ez dituzten irakasleei unean-unean egindako atxikipenak zatikako behin-behineko kitapenak izango dira; ordainketak bukatu ondoren eta unibertsitateari dagokion kopurua kendu ondoren, behin-behineko kitapen osoa egingo da.
UPV/EHUko irakasleei ez zaie atxikipenik ezarriko ikasturtearen barruan emandako unibertsitateko ikastaro osagarriengatik egiten zaizkien ordainketetan. Ordainketa horiek ikasturtea behin bukatuta eta azken memoria onartu ondoren egingo dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratuko dira batzorde eskudunak lehendik onartutako prozedura arau guztiak.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau 2016-2017 ikasturtean egongo da indarrean.