EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2016148

AGINDUA, 2016ko utztailaren 19koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez elkarte eta kooperatibei zuzendutako laguntzetarako deialdia egiten baita, 2016-2017 ikasturtean zehar EAEko ikasleen mugikortasun aktiboa sustatzeko ekintzak gara ditzaten.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2016-07-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201603474
Maila: Agindua
Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, euskal herri-aginteei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozio-ekonomikoan diharduten sektore guztietan, honako helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio kaltegarrien eragina saihestea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea. Zehatzago, bigarren atalak dioenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da osasunaren erakunde-esparrua zaintzea EAEn; xede horrekin, izan ere, gomendioak eman edo neurriak hartuko ditu Jaurlaritzak, sektore-politika guztietan osasuna aintzat har dezaten, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintzak bultzatuko ditu, osasun-ekintzen osagarri, biztanleen osasun maila etengabe hobetzeko.
Aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du osasunaren alorreko euskal administrazioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Halaber, lege horren 14. artikuluak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo guztiak, bakoitza dagokion sektoreko ikuspuntutik, elkar hartuta arituko direla osasun-hezkuntzaren eremuan sistematikoki gauza ditzaketen ekintzetan, funtsezkoak baitira pertsona bakoitzaren eta komunitatearen osasuna hobetzeko.
Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 18ko 195/2013 Dekretuaren 8.1. artikuluari jarraituz, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren zeregina da, besteak beste, politika eta esku-hartze eraginkorrak bultzatzea Jaurlaritzaren gainerako sailetan eta erakunde publikoetan –udalerrietan bereziki–, hiritarrek osasun- eta ekitate-maila handiagoak izan ditzaten.
Agindu honen xedea da, beraz, osasuna indartzea toki-eremuko jarduketetan eta osasun-arlokoak ez diren gainerako eremuetan. Ekimen hau zeharo loturik dago Europako Batasunak gomendaturiko Osasuna politika guztietan estrategiarekin, bai eta Osasunaren Mundu Erakundearen Osasunaren Determinatzaile Sozialen gainean Batzordeak egindako txostenarekin ere. Osasuna politika guztietan estrategiaren oinarrian dagoen egiaztapena da osasun-sektorearen eraginpeko eremutik kanpoko faktoreek eragiten dutela, batez ere, osasunean.
Jarduera fisikoaren sustapenerako Torontoko Gutunak dio, argi eta garbi, ohiko jarduera fisikoak mesede egiten diola osasunari, gaixotasunak prebenitzen dituela, gizarte-harremanak eta bizi-kalitatea hobetzen dituela, onura ekonomikoak ekartzen dituela eta ingurumenaren iraunkortasunari laguntzen diola.
Jarduera fisikoa egiten ematen dugun denbora gehituz eta jarduera sedentarioetan ematen dugun denbora gutxituz, populazio aktiboagoa lortuko dugu; horrenbestez, zenbait erronkari aurre egiteko aukera izango dugu, esate baterako: biztanleen etengabeko zahartzea eta osasun-sistemari eta gizarte-prestazioei eustea.
2013-2020rako Osasun Planaren helburuetako bat da herritarren artean jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa prebenitzea, EAEn jarduera fisikoaren sustapenerako Mugiment proiektuan zehaztutako jarraibideen eta estrategien arabera. Estrategia horien artean Mugikasi dago, non Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan eskola-bideak sortzera bideraturiko ekintzak proposatzen baitira.
EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako guraso-elkarteen eta irakaskuntza-kooperatiben helburuetako bat da ikasleentzako heziketa-jarduera osagarriak abiaraztea; ildo horretan, eskola-bideak garatzeko proiektuak egiten dituzte, eskola-umeek aukera izan dezaten ikastetxeetarako joan-etorriak modu aktiboan egiteko.
Ikasleak kaleetan segurtasunez eta autonomiaz mugitu ahal izatea eta espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzea da eskola-bideei buruzko proiektuen xedea. Gainera, eskola-giroan mugikortasun aktiboa sustatzea tresna eraginkor bat izan daiteke herritarrak txiki-txikitatik kontzientziatzeko jarduera fisikoak osasunari dakarkion onuraz.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta xedea.
1.– Agindu honen xedea da EAEko elkarte eta kooperatibentzako laguntza ekonomikoak erregulatzea, 2016-2017ko ikasturtean zehar eskola-umeen osasuna eta autonomia hobetzen lagun dezaketen esku-hartzeak, mugikortasun aktiboa bultzatzera bideratuak, gara ditzaten.
2.– Laguntza hauen helburua da: hiri-espazioek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz eskola-bideak sortu eta dinamizatzeko finantzazioa eskaintzea 2016-2017 ikasturtean zehar eta, modu horretan, eskola-umeen mugikortasun aktiboa eta segurua sustatzea. Eskola-bidetzat joko dira ibilbide zehatz eta finkoak, markatuak eta dinamizatuak, eskola-umeek erabil ditzaketenak ikastetxeetako joan-etorriak modu aktibo, seguru eta autonomoan egiteko, oinez zein gurpil-oholez edo bizikletaz, eta, horrekin batera, espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzea.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak:
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak izango dira ikasleen guraso-elkarteak, ikasle-elkarteak eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko Ikastetxeen Irakaskuntza Kooperatiben titularrak, zeinek honako betekizun hauek bete beharko baitituzte:
a) Legez eratuta egongo dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan inskribatuta.
b) Ez dute irabazi-asmorik izango.
c) Beteta edukiko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
d) Zehapen administratibo edo penala izateagatik diru-laguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten elkarte edo kooperatibek ezin izango dute deialdian parte hartu jasotako zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen debeku legalen bat badute, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuek eragindakoak barne.
e) Ordainduta edukiko dituzte, besteak beste, diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak, bat etorriz Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluarekin.
3. artikulua.– Aurrekontuko zuzkidura.
1. artikuluan adierazitako jardueretarako guztizko aurrekontu-zuzkidura laurogeita hamalau mila (94.000) eurokoa izango da.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira 1. artikuluan ezarritako jarduerak egitetik zuzenean sortzen direnak. Honako hauek, besteak beste:
a) Proiektuaren dinamizazioa eta koordinazio teknikoa.
b) Ikastetxe eskatzailearen inguruan zer mugikortasun dagoen aztertzea.
c) Hitzaldiak, tailerrak edo komunikazio-kanpainak antolatzea, ikastetxeko joan-etorrietan mugikortasun aktibo eta autonomoari sustatzeari lotuak.
d) Materiala: txaleko islatzaileak, kartelak, liburuxkak, zirkulazio-seinale eramangarriak, eskola-bidearen seinaleztapena.
e) Ekimen honetara atxikitzen direnen ikasleentzako pizgarriak.
f) Ikastetxeetan, mugikortasun aktiboa errazten duten espazioak egokitzea; esaterako, bizikletentzako edo gurpil-oholentzako aparkamendu seguruak sortzea edo handitzea.
2.– Ez dira diruz laguntzekoak izango: diru-laguntzaren xede diren jarduketen gaineko balio erantsiaren zergari buruzko gastuak; banku-kontuetako interes zordunak; interesak, errekarguak eta administrazio-zehapenak zein zehapen penalak edo prozedura judizialen ondoriozko gastuak.
5. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa gutxituko da dagokion gehienezko mugara arte.
6. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoaren mugak.
Diru-laguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitekeen zenbatekoaren ehuneko ehunera iritsi daiteke, aurkezturiko proiektu bakoitzeko 6.000 eurora arte, gehienez ere.
Proiektu bakoitzari dagozkion kopuruak esleitu, eta ez bada zehaztutako aurrekontu osoa erabiltzera iristen, proiektu bakoitzaren gehienezko diru-laguntza handituko da, deialdi honen 3.1 artikuluan zehaztutako aurrekontu osoa esleitu arte.
7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– 1. artikuluan jasotako jarduketetarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Eskabide-agiria, agindu honetan I. eranskin modura agertzen den eredua erabiliz. Eranskin hori eskuragarri dago euskadi.net webguneko egoitza elektronikoan (22. artikulua, izapideak elektronikoki egiteari buruzkoa).
b) Diru-laguntza zer jardueratarako eskatu den, hari buruzko memoria, agindu honetan II. eranskin modura agertzen den eredua erabiliz. Eranskin hori eskuragarri dago euskadi.net webguneko egoitza elektronikoan (22. artikulua, izapideak elektronikoki egiteari buruzkoa).
c) Administrazio-erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria:
1) Ikasleen guraso elkarteen eta ikasleen elkarteen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Bazkunen Errolda Nagusian inskribatuta daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.
2) Irakaskuntza-kooperatiben kasuan, EAEko Kooperatiben Erregistroan irakaskuntzako kooperatiba bezala inskribatuta daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.
d) Ordezkariak ordezkaritza legala duela egiaztatzen duen dokumentua, salbu eta pertsona hori agertzen bada aktan edo dagokion administrazio-erregistroan jasotako eratze-dokumentuan.
e) Bilera-aktaren fotokopia, deialdi honetan parte hartzeko erabakia jasotzen duena.
f) Proiektua beste toki-erakunderen edo erkidegoko beste agenteren batekin koordinatuta egiten bada, inplikaturiko agente guztiek izenpeturiko dokumentua, akordioa egiaztatzen duena.
2.– Paperezko euskarrian edo euskarri elektronikoan (PDF formatuan) aurkeztu ahal izango da dokumentazioa.
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 2016ko irailaren 14an amaituko da.
2.– Erakunde bakoitzak aurkezten duen proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztu behar da.
3.– Aurrez aurre edo bitarte elektronikoak erabiliz aurkez daitezke eskabideak.
a) Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean), Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko lurralde-zuzendaritzetan, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, atal guztiak behar bezala beteta.
b) Halaber, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez izapidetu ahal izango dira, agindu honen 22. artikuluan adierazitako euskadi.net egoitza elektronikoaren bidez.
4.– Elkarte edo kooperatiba eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta hari atxikitako dokumentazioa. Orobat, eskabidea aurkeztu eta ondorengo jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.
Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako eskabideak ez dituela betetzen aurreko artikuluetan xedatutako eskakizunak, hamar egun balioduneko epea emango dio elkarte edo kooperatiba eskatzaileari akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Jakinaraziko dio, halaber, hori egin ezean, eskabidea bertan behera uzten duela ulertuko dela; horretarako, Osasuneko sailburuordeak ebazpen bat eman beharko du Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan aurreikusi bezala.
10. artikulua.– Organo kudeatzaileak datuak egiaztatzea.
Eskabideetan adierazi ahalko da laguntza eskatu duen pertsonak, elkarteak edo kooperatibak baimen espresua ematen diola organo kudeatzaileari nortasun-datuak eskuratzeko edo egiaztatzeko, eskabidea aurrez aurre edo bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuta ere, hargatik eragotzi gabe Herri Administrazioak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko duen ahalmena. Zehazki:
a) Kanal elektronikoan, pertsona, elkarte edo kooperatiba eskatzailea aitortutako ziurtagiri elektroniko batekin identifikatu bada, ez du agiririk aurkeztu beharko haren nortasuna egiaztatzeko.
b) Eskabidea aurrez aurre aurkeztuz gero, eta pertsona, elkarte edo kooperatiba eskatzaileak baimena ematen badu administrazioak nortasun-datuak egiazta ditzan Barne Ministerioan, ez du inolako dokumenturik aurkeztu beharko, eta eskabidean adierazi beharko du deialdia egin duen organo kudeatzaileari baimena ematen diola administrazio eskumendunean datuak egiaztatzeko, jasotzeko edo baieztatzeko bitarteko elektronikoen bidez edo, hala badagokio, eskuragarri dauden bitartekoen bidez. Pertsona, elkarte edo kooperatiba eskatzaileak ez badio administrazioari datu horiek biltzeko baimenik ematen, datu horiek aurkeztu beharko ditu.
11. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea.
Laguntzak eskatzen dituzten pertsona, elkarte edo kooperatibek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.3 artikuluaren 2. paragrafoak xedatzen duenari jarraikiz. Elkarte edo kooperatiba eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimena; kasu horretan, egiaztapena aurkeztu beharko du, Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrean aurreikusitako baldintzen arabera.
Zinpeko adierazpen baten barruan edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen eta dokumentuetan funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.
12. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.
1.– Diru-laguntzak ondorengo irizpideetan oinarrituta esleituko dira, kasu bakoitzean zehaztuko den haztapenaren arabera:
a) Diseinuaren kalitate teknikoa: harreman koherente bat egon behar du proiektuaren berariazko helburuen, helburuok lortzeko jardueren eta ebaluazioaren artean (35 puntu, gehienez).
b) Erakundeen arteko koordinazioa, zentrokoen artekoa (irakasleen klaustroa, ikasleen elkarteak eta abar) eta udalerrikoen artekoa (udala, auzo-elkarteak, merkataritza-elkarteak, lagun-merkataritza, eta abar), horiek guztiak proiektuan inplikatzen direla baieztatuz (20 puntu, gehienez).
c) Jardueraren helburu diren pertsonen kopurua, ikastetxeko ikasle guztien kopurua erreferentziatzat hartuta (15 puntu, gehienez).
d) Mugikortasun aktiboari loturiko zeharkako edukiak txertatzea ikastetxearen prestakuntza-programetan: jokabide osasungarriak, jasangarriak eta seguruak (10 puntu, gehienez).
e) Desberdintasun sozioekonomikoetan eta genero-desberdintasunetan arreta berezia jartzea (10 puntu, gehienez).
f) Parte-hartzeari buruzko metodologiak garatzea, mugikortasunaren azterketari ekiteko (10 puntu, gehienez).
2.– Diru-laguntza emateko ezinbestekoa da a) irizpideari dagokion atalean 15 puntu izatea gutxienez, eta guztira 50 puntu izatea gutxienez.
13. artikulua.– Eskaerak balioestea.
1.– Balioespen-batzorde batek balioetsiko ditu eskaerak, zeina honako hauek osatuko baitute: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Miren Dorronsoro Iraeta), idazkari jardungo duena, eta Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan zuzendariorde-karguak dituztenak (Concha Castells Carrillo, Elena Albisua Cortazar eta Carlos Fernández Crespo).
2.– Balioespen-batzordeak dagokion artikuluan ezarritako balioeste-irizpideen arabera balioetsiko ditu eskabideak.
3.– Balioespen-batzordeak zehaztuko du zein den proiektu bakoitzaren puntuazioa eta proiektu horri eman dakiokeen gehieneko diru-laguntza, betiere agindu honetan finkaturiko irizpideei jarraikiz.
4.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, eta/edo balioespen-batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko helburuarekin, betiere.
5.– Agindu honetan ezarritako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluari jarraituz.
6.– Aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira laguntzak. Horretarako, 12. artikuluan agertzen diren balioespen-irizpideak erabiliko dira laguntzak ematerakoan lehentasunak ezartzeko. Ondoren, puntu gehien lortzen dituzten eskabideei esleituko zaizkie laguntzak, harik eta laguntza-lerro horretarako izendatutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.
14. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.
1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Eskabideen ebazpenean, interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Osasuneko sailburuordeari dagokio ebazpen hori ematea, balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta.
2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako diru-laguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: zein diren elkarte edo kooperatiba onuradunak, guztira zenbateko diru-laguntza emango zaion horietako bakoitzari eta zenbat emango zaion finantzatutako proiektu bakoitzari. Laguntzak ukatzen badira, berriz, zergatik ukatu diren adierazi beharko da.
3.– Prozedura amaitu eta ebatzitakoa elkarte edo kooperatiba interesdunei jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, gehienez ere, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera. Epe hori igaro eta ez bada ebazpenik argitaratu, elkarte edo kooperatiba interesdunek diru-laguntzaren eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
4.– Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere aipatutako 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak elkarte edo kooperatiba onuradunei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako antzeko diru-laguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedurek.
15. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.
Diruz lagundutako jarduera benetan burutu dela justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Diru-laguntzaren xede den proiektua gauzatu izanaren deskribapen-memoria, euskadi.net egoitza elektronikoko III. eranskinean jasotakoa.
b) Diru-laguntzaren xede den proiektuaren helburua eta asmoa bete direla dioen ziurtagiria, ikastetxeko ordezkariarena.
c) Diru-laguntzaren xede den proiektua benetan gauzatu dela egiaztatzen duten fakturak edo bestelako egiaztagiriak, erakunde eskatzailearen ordezkariak izenpetuta.
d) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, eta beste diru-laguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik eskuratu bada, hala adieraztea.
e) Proiektua egin dela argi eta garbi uzten duten agiri grafiko osagarriak.
2.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek diru-laguntza jaso duen jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Behar bezala justifikatutako gastuak hauek dira:
a) Erakunde onuradunaren izenean igorritako fakturaren bidez justifikatutakoak.
b) Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak (finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).
c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).
d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, erakunde onuradunak idatzi bat egingo du, eta haren ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «hartu dut» eta pertsona hartzailearen sinadura; pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.
e) Langile boluntarioak izanez gero, boluntarioen asegurua diruz laguntzeko moduko gastutzat har daiteke, agindu honetan aurreikusitako diru-laguntza jaso duten eta boluntarioen laguntza izan duten jardueretan. Finantzatu beharreko boluntarioaren aseguruak bi poliza izan behar ditu nahitaez: bata, istripuena, eta bestea, erantzukizun zibilarena. Azken poliza horretan, ezbehar bakoitzeko kapital aseguratua 300.506,05 euro izango da gutxienez, eta aseguruaren urte osoko kuota ordainduko zaie polizako boluntario guztiei. Boluntarioen aseguruari diru-laguntza eman ahal izateko, aseguratzaileak edo aseguruaren hartzaileak eginiko egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertu behar dute, gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona-kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.
3.– Aldez aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako diru-laguntzarekin, baldin eta gastu horiek diru-laguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira, 2016 eta 2017. urteetan sortutakoak betiere.
4.– Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2017ko ekainaren 15ean amaituko da, eta egun horixe izango da agiri horiek onartzeko azkena.
5.– Diru-laguntza justifikatzeko eskaturiko dokumentazioa aurrez aurre aurkeztu ahal izango da, edo baliabide elektronikoen bidez, eskaerak aurkezteari buruzko artikuluan (8.3) adierazten den moduan.
16. artikulua.– Justifikatzeko aurkeztutako agirien akatsak zuzentzea.
Ikusten bada justifikatzeko aurkeztutako agirietan akatsak daudela edo datuak falta direla, elkarte edo kooperatiba onuradunari hamar egun naturaleko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, akatsa zuzendu edo falta diren agiriak aurkez ditzan.
Ez badu eskakizun hori epe eta modu egokian betetzen, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 23. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.
17. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
Diru-laguntzak honela ordainduko dira:
a) % 70: laguntza ematea onartzen den unean, ebazpena onartu eta argitaratu, eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 18.a artikuluan ezarritako epean.
b) Gainerako % 20a: diruz lagundutako proiektua egin ondoren, diruz lagundutako proiektua egin dela eta proiektu horren guztizko gastua zein izan den justifikatu eta gero.
18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun diren elkarte eta kooperatibek honako betebehar hauek dituzte (hargatik eragotzi gabe indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk eta, batez ere, ezertan galarazi gabe hala Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuak ezarritakoa nola Diru-laguntzei buruzko 30/2003 Lege Orokorrean ezarritako betekizunak):
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Laguntza onartutzat joko da baldin eta elkarte eta kooperatiba onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten diru-laguntza eman izanaren ebazpena EHAAn argitaratu eta hamabost eguneko epean.
b) Diru-laguntzak emateko eskatutako eta kontuan hartutako betekizunen bati eragiten dion edozein inguruabar aldatzen bada, ahalik eta lasterren jakinaraztea.
c) Helburu bererako beste laguntza, sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, ahalik eta lasterren.
d) Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea diru-laguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela, bai eta jarduera egin dutela ere.
e) Osasun Sailari laguntzea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende jartzea: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargura emandako laguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.
f) Jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, bai eta dokumentu elektronikoak ere, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan baitaitezke.
g) Egiten diren agiri eta publizitate guztietan, Osasun Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera txertatuko da: http://goo.gl/z10BRe
h) Aurkeztutako dokumentazioaren informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea emango zaio Osasun Sailari, dohainik eta era ez-esklusiboan, eta argitaratzeko moduko formatuan, Osasun Sailaren informazio-sisteman sartu eta erabiltzeko, eta bai zabaldu eta/edo argitaratzeko ere formatu bibliografiko, ikus-entzunezko, informatiko edota teknika erabiltzen uzten duen edozein bide baliatuz.
19. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntzak emateko ebazpena alda liteke baldin eta diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, diru-laguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako diru-laguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, han, esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, emateko ezarritako irizpide eta mugak aplikatuz. Beraz, elkarte eta kooperatiba onuradunek itzuli egin beharko dute jasotako gehiegizko zenbatekoa.
20. artikulua.– Diru-laguntza jaso duen jardueraren segimendua.
Osasun Sailak komenigarri iritzitako alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu lege honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.
21. artikulua.– Datuak babestea.
Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzean ematen diren datuak «Laguntzak jasoko dituzten erakundeak» fitxategian sartuko dira, 2011ko abenduaren 22ko Agindua aldatzen duen Osasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 2ko Aginduan ezartzen den moduan; agindu horren bitartez arautzen dira Osasun eta Kontsumo Sailaren eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesten dituen 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz. Fitxategi horretako datuak ezin zaizkie hirugarrenei edo beste erakunde batzuei utzi, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erakunde eskatzaileen laguntzak kudeatzeko baino ez ditu erabiliko. Nahi izanez gero, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak erabil ditzake nahi duenak, legean xedatutakoarekin bat etorriz; horretarako, idazki bat igorri beharko dio Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.
22. artikulua.– Tramitazio elektronikoa.
1.– Elkarte edo kooperatiba interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izango dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Elkarte edo kooperatiba eskatzaileak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira, hau da, entitatea edo pertsona juridikoa egiaztatzen duen txartelaren bidez, eta elkartea edo kooperatiba ordezkatzen duten pertsona fisikoei dagokienean, berriz, e-NANaren bidez (Nortasun Agiri Nazional elektronikoa).
3.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea eta Agindu honetan agertzen diren eranskinak euskadi.eus-eko honako egoitza elektroniko honetan daude: http://goo.gl/iNQq9j
4.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egin ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzaren http://www.euskadi.net/misgestiones web-orriaren bidez, hain zuzen ere.
23. artikulua.– Ez-betetzeak.
Ez badira baldintzak betetzen edo ez badira diruz lagundutako jarduerak gauzatzen, edo ez badira betetzen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.2 artikuluan jasotako betebeharrak, jasotako laguntzak eta haien legezko interesak itzuli beharko dira, osorik edo partzialki, bat etorriz hala abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin, zeina bermeari, itzultzeari eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoen, sozietate publikoen eta erakunde autonomoen bidez kudeatzeari buruzkoa baita, nola Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluarekin, zeinean itzulketa partziala onartu, eta horretarako graduazio-irizpideak ezartzen baitira. Laguntza horiek diru-sarrera publikotzat joko dira ondorio guztietarako.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen bidez iragarritako deialdia eta berau garatzeko jarduketak honako xedapen hauen mende egongo dira: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoaren mende eta Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren mende. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluak ezarritakoa aplikatuko zaie.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura; salbu eta 2016ko urriaren 2tik aurrerako administrazio-egintzak eta administrazio-errekurtsoen ebazpenak, horiei Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako araubidea ezarriko baitzaie.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honetan berariaz ezarri gabeko guztiari dagokionez, azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenean, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoak aplikatuko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 19a.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.