EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2016148

AGINDUA, 2016ko uztailaren 13koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez diru-laguntzak ematea arautzen baita, 2016ko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko toki-esparruan jarduera fisikoa sustatzeko.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2016-07-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201603473
Maila: Agindua
Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, euskal herri-aginteei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozio-ekonomikoan diharduten sektore guztietan, honako helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio kaltegarrien eragina saihestea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea. Zehatzago, bigarren atalak dioenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da osasunaren erakunde-esparrua zaintzea EAEn; xede horrekin, izan ere, gomendioak eman edo neurriak hartuko ditu Jaurlaritzak, sektore politiko guztietan osasuna aintzat har dezaten, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintzak bultzatuko ditu, osasun-ekintzen osagarri, biztanleen osasun maila etengabe hobetzeko.
Aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du osasunaren alorreko euskal administrazioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Halaber, lege horren 14. artikuluak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo guztiak, bakoitza dagokion sektoreko ikuspuntutik, elkar hartuta arituko direla osasun-hezkuntzaren eremuan sistematikoki gauza ditzaketen ekintzetan, funtsezkoak baitira pertsona bakoitzaren eta komunitatearen osasuna hobetzeko.
Azkenik, 15. artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-korporazioek antolamendu juridikoak esleitzen dizkien osasunaren eta osasungarritasunaren kontrolerako eskumenak gauzatuko dituzte, zehazki antolamendu juridikoak esleitzen dizkienak, jarduera osagarriak gauzatzeko duten ahalmen instituzionala eragotzi gabe, eta, hala badagokio, Autonomia Erkidegoak haiei eskuordetutako eskumenak ere gauzatuko dituzte; jarduera guztiak Euskadiko Osasun Planaren helburuetara egokituko dira, eta autonomia-erkidegoko Osasun Sailaren koordinazioaren eta goi-mailako ikuskaritzaren mende jarriko. Eginkizun horiek gauzatzeko, toki-korporazioek EAEko osasun-sistemako langileen laguntza teknikoa eta bitartekoak jaso beharko dituzte. Lankidetza-tresnak sustatuko dira, eta, hala badagokio, behar diren koordinazio-organo espezifikoak sortuko.
Apirilaren 18ko 195/2013 Dekretuaren, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituenaren, 8.1 artikuluari jarraituz, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren zeregina da, besteak beste, politika eta esku-hartze eraginkorrak bultzatzea Jaurlaritzaren gainerako sailetan eta erakunde publikoetan –udalerrietan bereziki–, hiritarrek osasun- eta ekitate-maila handiagoak izan ditzaten.
Toki-gobernuek eragin zuzena dute herritarren osasunean, hainbat arlotan garatzen duten politikaren bidez, hala nola osasunean, hezkuntzan, gizarte-ongizatean, garraioan, ingurumenean, kulturan, hirigintzan, etxebizitzan, kirolean, segurtasunean eta abar. Zenbait politika, ordea, ez dira erabat toki-gobernuen eskumenekoak, baina, hala ere, halako politiken zerbitzuak toki-esparruan ematen dira, eta, hortaz, politika horiek koordinatuz gero sinergia positiboak lortuko dira osasunaren alde.
Agindu honen xedea da, beraz, osasuna indartzea toki-eremuko jardueretan eta osasun-arlokoak ez diren gainerako lan-eremuetan. Ekimen hau zeharo loturik dago Europako Batasunak gomendaturiko «Osasuna politika guztietan» estrategiarekin, bai eta Osasunaren Mundu Erakundearen Osasunaren Determinatzaile Sozialen gainean Batzordeak egindako txostenarekin ere. «Osasuna politika guztietan» estrategiaren oinarrian dagoen egiaztapena da osasun-sektorearen eraginpeko eremutik kanpoko faktoreek eragiten dutela batez ere, osasunean.
Jarduera fisikoa sustatzeko Torontoko Gutunak dio, argi eta garbi, ohiko jarduera fisikoak osasuna areagotu, gaixotasunei aurrea hartu, gizarte-harremanak eta bizi-kalitatea hobetu, etekin ekonomikoak eman eta, halaber, ingurumenaren iraunkortasunari laguntzen diola.
Jarduera fisikoa egiten ematen dugun denbora gehituz, eta egoneko jardueretan ematen dugun denbora gutxituz, populazio aktiboagoa lortuko dugu. Horrela, zenbait erronkari aurre egiteko aukera izango dugu, esate baterako: biztanleen etengabeko zahartzea eta osasun-sistemari eta gizarte-prestazioei eustea.
2013-2020rako Osasun Planaren helburuetako bat da herritarren artean jarduera fisikoa sustatzea, EAEn jarduera fisikoa sustatzeko Mugiment proiektuan zehaztutako jarraibideen eta estrategien arabera. Proposatutako ekintzetako bat da sareak sortzea, hain zuzen ere toki-eremuan jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa prebenitzeko ekintzak eta estrategiak koordinatzeko.
Hori dela eta, eta aurreko urteetako esperientzia oinarri hartuta, deialdi honen ardatza izango da herritarren egunerokotasunean jarduera fisikoa sustatzea eta toki-sareak ehuntzen laguntzea; sare horiek gune gisa eratuko dira, jarduera fisikoa sustatzeko gainerako estrategiak antolatzeko.
Ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Diru-laguntzaren esparrua eta xedea.
1.– Agindu honen xedea da EAEko toki-erakundeentzako, tokiko erakunde autonomoentzako eta tokiko merkataritza-sozietateentzako diru-laguntzak arautzea, helburu honekin: 2016an, jarduera fisikoa sustatzeko proiektuak garatzea, ingurune egokiak sortuz eta tokian-tokian ekintza komunitarioa sendotuz.
2.– Laguntza hauen xedea da honako hauek finantzatzea 2016ko ekitaldian:
a) Hirietan eta hiri-inguruetan ibilbideak edo pasealekuak egokitzeko eta dinamizatzeko programak eta esku-hartzeak, herritar guztiei zuzenduak; ibilbide horiek seguruak izango dira eta behar bezala seinaleztatuta egongo dira, ohiko joan-etorrietan mugikortasun aktiboa errazteko eta aisialdi aktiboa sustatzeko.
b) Tokiko sare bat sortzeko beharrezkoak diren jarduerak. Tokian-tokian jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa prebenitzeko ekintzak eta estrategiak lehenetsi, planifikatu eta garatuko ditu sare horrek, partaidetza-prozesuen bidez.
Tokiko sare bat egitura barnerakoi eta partaidetzazko bat da, komunitateko hainbat eragile biltzen dituena, hala nola administrazioak, hainbat esparru edo sektore (hezkuntza, gizartea, osasuna, kultura, ekonomia...) eta herritarrak, gizarte-erakundeak barne.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Honako hauek eska ditzakete jarduera fisikoa sustatzeko programak eta esku-hartzeak garatzeko diru-laguntzak: Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, mankomunitateek, bestelako toki-erakundeek, tokiko erakunde autonomoek eta tokiko merkataritza-sozietateek.
2.– Tokiko merkataritza-sozietateek baldintza hauek bete beharko dituzte: euren kapitala titulartasun publikokoa izatea; parte hartzen duten udaletako osoko bilkurek izendatuak izatea diru-laguntzaren xedea den jarduera egiteko; eta egunean egotea Gizarte Segurantzari eta Ogasunari egin beharreko ordainketetan.
3.– Erakundeek, onuradun izateko, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako betekizunak bete behar dituzte, besteak beste, egunean egotea diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko betebeharren ordainketan.
3. artikulua.– Aurrekontuko zuzkidura.
1. artikuluan adierazitako jardueretarako aurrekontu-zuzkidura, guztira, 292.000 (berrehun eta laurogeita hamabi mila) eurokoa izango da.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Honako hauek eragindako gastuak lagundu ahal izango dira diruz:
a) Ibilbideak seinaleztatzea.
b) Ibilbideak egokitzea, erabiltzaileentzako seguruagoak, erakargarriagoak eta iristen errazagoak izan daitezen. Honako hauek barne hartzen dira: eserlekuak, iturriak, zuhaiztiak edo komunak, beste batzuen artean.
c) Ibilbideak dinamizatzea, begiraleek gidatutako ibilaldiak antolatuz, ibiltari-taldeak gidatzeko pertsona boluntarioak prestatuz, jardunaldiak, tailerrak edo bestelako jarduerak antolatuz, herritarrek ibilbide horietan parte har dezaten.
d) Ibilbideari eta jarduera fisikoak eta ibiltzeak dakartzaten onurei buruzko informazioa ematen duten horma-irudiak eta bestelako publizitate-euskarriak sortzea eta jartzea.
e) Prozesu integratzaile eta partaidetzazkoak dinamizatzea, komunitateko eragileak erakartzeko eta gizarte-sareak sortzea ahalbidetuko duten loturak ezartzeko.
f) Prozesu integratzaile eta partaidetzazkoak dinamizatzea, hain zuzen ere tokiko sareei laguntza emateko jarduerak lehenesten eta jarduera horiek martxan jartzea erraztuko duten premiak eta baliabide komunitarioak antzematen.
g) Toki-hedabideetan zabaltzea burutzen ari diren jardueren berri, herritarren parte-hartzea sustatze aldera.
2.– Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:
Diruz laguntzen diren jarduketa horien BEZari dagozkionak.
5. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako beste edozein erakunde publiko zein pribatuk eman litzakeen beste diru-laguntza batzuekin, betiere horren ondorioz gainfinantzaketarik ez badago.
2.– Lortutako laguntza eta diru-laguntza guztien batura jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa baldin bada, diru-laguntza murriztuko da soberakina kenduta.
6. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoaren mugak.
1.– Diru-laguntzen gehieneko zenbatekoak hauek izango dira:
a) 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan edo udalerriz gaindiko erakundeetan, gehienez ere, diruz lagundu daitezken gastuen zenbatekoaren % 20 eman daiteke, eta gehienez ere 8.000 euro proiektuko.
b) 7.000 eta 50.000 biztanle arteko udalerrietan edo udalerriz gaindiko erakundeetan, gehienez ere, diruz lagundu daitezken gastuen zenbatekoaren % 50 eman daiteke, eta gehienez ere 8.000 euro proiektuko.
c) 7.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan edo udalerriz gaindiko erakundeetan, diruz lagundu daitezken gastuen zenbatekoaren % 80 eman daiteke, gehienez ere 8.000 euro proiektuko.
2.– Udalerri bakoitzeko biztanle-kopurua Eustaten datu berrienetatik aterako da.
7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.
1. artikuluan jasotako jardueretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskabide-agiria, agindu honen I. eranskinean adierazitakoari jarraikiz, behar bezala beteta. Eranskin hori eskuragarri dago euskadi.eus webguneko egoitza elektronikoan, agindu honen izapideak elektronikoki egiteari buruzko artikuluan adierazitako moduan.
b) Jardueraren azalpen-memoria, agindu honen II. eranskinean adierazitakoari jarraikiz, behar bezala beteta. Eranskin hori eskuragarri dago euskadi.eus webguneko egoitza elektronikoan, agindu honen izapideak elektronikoki egiteari buruzko artikuluan adierazitako moduan.
c) Onespen-akordioa, hau da, eskatu den diru-laguntzaren xede den jarduerari onespena ematen diona, batetik, eta jarduera finantzatzeko erakunde eskatzaileak egingo duen ekarpenarena, bestetik.
d) Tokiko sare batek koordinatzen badu proiektua, eta sare hori gizarteko, hezkuntzako, osasuneko eta/edo arlo soziosanitarioko eragile komunitarioek osatzen badute, azalpen-txosten bat aurkeztu beharko da, partaide diren alderdi guztiek izenpetuta, akordio hori justifikatzeko; han, honako alderdi hauek zehaztu beharko dira:
● Agiria/Akta, non jasotzen baita dagokion udalerrian tokiko sarea edo sektorearteko koordinazio-mahaia eratu dela, honako hauek zehaztuta: ordezkatutako eragileak, osaera eta eratze-eguna.
● Jarduera-kronograma.
e) Erakunde eskatzailea tokiko merkataritza-elkarte bat bada, aurreko ataletan eskatutako dokumentazioaz gainera, jarduera gauzatuko den udalerrietako osoko bilkuraren edo osoko bilkuren onarpen-akordioak aurkeztu beharko ditu, hau da, jarduera hori erakunde horrek gauzatuko duela adierazten dutenak.
f) Erakundearen izenean eskatzen duen pertsona fisikoak NANaren bidez identifikatu behar du bere burua, eta honako hauek aurkeztu behar ditu, salbu eta aldez aurretik Osasun Sailari entregatu badizkio: pertsona fisikoari eskatzailearen izenean jarduteko ahalmena ematen dion administrazio-ebazpena edo ahalordea. Ahalordearen erregistro-inskripzioa egiaztatu egingo da, Merkataritza Erregistroa arautzen duen araudiaren arabera inskripzio hori beharrezkoa denean.
Erakunde eskatzailea erakundeentzako ziurtagiri elektroniko onartu baten bidez identifikatu baldin bada, ez du egiaztatzeko dokumenturik aurkeztu behar.
g) Finantzaketaren xede izango litzatekeen jarduera hobeki ezagutzeko beharrezko den dokumentu osagarri oro.
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 2016ko irailaren 16an bukatuko da.
2.– Aurrez aurre edo bitarte elektronikoak erabiliz aurkez daitezke eskabideak.
a) Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke Herritarren Arretarako Bulegoetan (Zuzenean), Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko lurralde-zuzendaritzetan, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
b) Halaber, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez izapidetu ahal izango dira, agindu honen izapide elektronikoei buruzko 22. artikuluan adierazitako euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez.
3.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu eta ondorengo jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.
Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako eskabideak ez dituela betetzen aurreko artikuluetan xedatutako eskakizunak, hamar egun balioduneko epea emango dio erakunde eskatzaileari akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Jakinaraziko dio, halaber, hori egin ezean, eskabidea bertan behera uzten duela ulertuko dela; horretarako, Osasuneko sailburuordeak ebazpen bat eman beharko du Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan aurreikusi bezala.
10. artikulua.– Organo kudeatzaileak aurkeztutako datuak egiaztatzea.
1.– Eskabideetan adierazi ahalko da laguntza eskatu duen pertsonak/erakundeak baimena ematen diola espresuki organo kudeatzaileari nortasun-datuak eskuratzeko edo egiaztatzeko, eskabidea aurrez aurre edo bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuta ere, hargatik eragotzi gabe Herri Administrazioak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko duen ahalmena. Zehazki:
a) Kanal elektronikoan, interesduna aitortutako ziurtagiri elektroniko batekin identifikatu bada, ez du agiririk aurkeztu beharko haren nortasuna egiaztatzeko.
b) Eskabidea aurrez aurre aurkeztuz gero, eta eskatzaileak baimena ematen badu administrazioak nortasun-datuak egiazta ditzan Barne Ministerioan, ez du inolako dokumenturik aurkeztu beharko, eta eskabidean adierazi beharko du deialdia egin duen organo kudeatzaileari baimena ematen diola administrazio eskumendunean datuak egiaztatzeko, jasotzeko edo baieztatzeko bitarteko elektronikoen bidez edo, hala badagokio, eskuragarri dauden bitartekoen bidez.
2.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez badio administrazioari datu horiek biltzeko baimenik ematen, datu horiek aurkeztu beharko ditu.
11. artikulua.– Eskakizunak egiaztatzea.
Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.3 artikuluaren 2. paragrafoak xedatzen duenari jarraikiz. Erakunde eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena. Kasu horretan, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 22. artikuluan aurrez ikusitako baldintzetan.
12. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.
1.– Jarraian, balioespen-irizpideak zehaztuko ditugu, eta irizpide bakoitzari zenbat puntu dagozkion esango. Irizpide hauek erabiliko dira, hain zuzen, eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko:
a) Proiektuaren egokitasuna eta garrantzia herritarren artean jarduera fisikoa sustatzeari dagokionez: 20 puntu, gehienez.
○ Justifikazioa, helburuak.
○ Garapen-faseak.
○ Ebaluazio-proposamena.
b) Ibilbideen egokitasuna eta dinamizazioa: 30 puntu, gehienez.
● Seinaleak: ibilbideak aurkitzeko seinaleak, osasunerako onurei buruzko seinaleak, ikusteko moduko planoak oinezkoek ibilbidea egiteko beharko duten denbora eta distantziak ageri dituztela.
● Zabalkundea: hitzaldiak, parte-hartzea sustatzeko jardunaldiak, informazio inprimatua, toki-hedabideetan publizitatea egitea.
● Beste eragile komunitario batzuekin koordinatzea, izan gizarte, hezkuntza, osasun eta/edo arlo soziosanitariokoak.
c) Tokiko sareak sortu eta dinamizatzea: 40 puntu, gehienez.
● Prozesu integratzaile eta partaidetzazkoak erabiltzea, tokiko sarea sortzerakoan.
● Prozesu integratzaile eta partaidetzazkoak erabiltzea, hain zuzen ere premiak eta baliabide komunitarioak antzematen eta jarduera fisikoa sustatzeko jarduketak lehenesten eta martxan jartzen tokiko sareak egiten duen koordinazio-lana errazteko.
d) Desberdintasun sozioekonomikoetan eta genero-desberdintasunetan arreta berezia jartzea: 10 puntu, gehienez.
2.– Honako proiektu hauek bakarrik lagunduko dira diruz: guztira, 30 puntu edo gehiago eta a) atalean gutxienez 15 puntu lortzen dutenak. Lehentasunezko ordenaren azken postuan berdinketarik egonez gero, artikulu honen a) puntuan puntuazio handiena lortu duen eskabideari esleituko zaio laguntza.
13. artikulua.– Eskaerak balioestea.
1.– Eskaerak balioespen-batzorde batek balioetsiko ditu, eta batzorde hori honako hauek osatuko dute: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak (Miren Dorronsoro Iraeta andrea), zeina batzordeburua izango baita, eta Osasun Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde kargua dutenek (Concha Castells Carrillo andrea, Elena Albisua Cortazar andrea, Juan Carlos Fernández Crespo jauna).
2.– Balioespen-batzordeak dagokion artikuluan ezarritako balioeste-irizpideen arabera balioetsiko ditu eskabideak.
3.– Balioespen-batzordeak zehaztu egingo du elkarte, proiektu edo jarduera bakoitzerako zein den diruz lagundu daitekeen gehienezko zenbatekoa eta zenbat puntu ematen zaion, betiere agindu honetan finkaturiko irizpideei jarraikiz.
4.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, eta/edo balioespen-batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko helburuarekin, betiere.
5.– Deialdi honetan ezarritako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluari jarraituz.
6.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da. Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat aplikatuko da: 12. artikuluan zehaztutako irizpideak aplikatuz, balioespen-fasean lortzen den puntuazioaren arabera banatuko da 3. artikuluan zehaztutako dotazio ekonomiko osoa.
Hasierako banaketan esleitzen den zenbatekoak 6. artikuluan ezarritako mugaren bat gainditzen badu, muga hori aplikatuko da, eta soberakina balioespen-fasean lortutako puntuazioarekiko modu proportzionalean banatuko da, muga horiek gainditzen ez dituzten proiektuen artean. Birbanaketa hori egingo da banaketa baten ondoren mugaren bat gainditzen bada edo harik eta diruz lagundutako eskabide guztiak gehienezko zenbatekoen arabera ordaintzen diren arte.
14. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.
1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Eskabideen ebazpenean, interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Osasuneko sailburuordeari dagokio ebazpen hori ematea, balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta.
2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako diru-laguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: zein diren erakunde onuradunak, guztira zenbateko diru-laguntza emango zaion horietako bakoitzari eta zenbat emango zaion finantzatutako proiektu bakoitzari. Laguntzak ukatzen badira, berriz, zergatik ukatu diren adierazi beharko da.
3.– Prozedura ebatzi eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko epea gehienez ere lau hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, erakunde interesdunek diru-laguntza eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
4.– Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere aipatutako 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak erakunde onuradunei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako antzeko diru-laguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedurek.
15. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
1.– Diruz lagundutako jarduera benetan burutu dela justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Diru-laguntzaren xede den proiektua gauzatu izanaren deskribapen-memoria, izapide elektronikoei buruzko 8. artikuluan adierazitako euskadi.net egoitza elektronikoko III. eranskinean jasotakoa.
b) Diru-laguntzaren xede den proiektuaren helburua eta asmoa bete direla dioen ziurtagiria, toki-erakundeko idazkariarena edo erakunde eskatzailea ordezkatzen duen pertsonarena.
c) Fakturak edo baliozko beste ordainketa-egiaztagiri batzuk, toki-erakundeko idazkariak edo erakunde eskatzailearen ordezkariak sinatuak. Agiri horiek egiaztatu behar dute diru-laguntzaren xede den proiektua benetan egin dela.
d) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, eta beste diru-laguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik eskuratu bada, hala adieraztea.
e) Agiri osagarriak, proiektua egin dela egiaztatzen dutenak, honako hauek barne direla: material grafikoa, bileren aktak eta bertaratutakoen zerrenda edo prozesuan sortutako beste agiri batzuk.
2.– Aldez aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako diru-laguntzarekin, baldin eta gastu horiek diru-laguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2016. urtean sortutakoak badira.
3.– Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2016ko abenduaren 15ean amaituko da, eta egun horixe izango da agiri horiek onartzeko azkena.
4.– Diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurrez aurre zein bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango da, eskabideak aurkezteari buruzko 8.2 artikuluan azaltzen den moduan.
16. artikulua.– Justifikatzeko aurkeztutako agirien akatsak zuzentzea.
Ikusten bada justifikatzeko aurkeztutako agirietan akatsak daudela edo datuak falta direla, erakunde edo zentro onuradunari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, akatsa zuzendu edo falta diren agiriak aurkez ditzan.
Errekerimendu hori ez badu betetzen garaiz eta forman, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 23. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.
17. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
Ordainketa bakar bat egingo da, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzara diru-laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela justifikatzeko agiri guztiak igorri ondoren, agindu honen 15. artikuluaren arabera.
18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk alde batera utzi gabe, eta, batez ere, ezertan galarazi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak ezarritakoa, agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun diren erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza eman izanaren ebazpena EHAAn argitaratu eta hamabost egunera, enpresa onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten, laguntza onartutzat joko da.
b) Diru-laguntzak emateko eskatutako eta kontuan hartutako betekizunen bati eragiten dion edozein inguruabar aldatzen bada, ahalik eta lasterren jakinaraztea.
c) Helburu bererako beste laguntza, sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, ahalik eta lasterren.
d) Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea diru-laguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela, bai eta jarduera egin dutela ere.
e) Osasun Sailari laguntzea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende jartzea: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargura emandako laguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.
f) Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak 5 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatuak eta kontrolatuak izan daitezkeen bitartean.
g) Osasun Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute, egiten dituzten agirietan eta publizitatean. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera txertatuko da; euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan dago eskuragarri: http://goo.gl/z10BRe
h) Aurkeztutako dokumentazioaren informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea emango zaio Osasun Sailari, dohainik eta era ez-esklusiboan, eta argitaratzeko moduko formatuan, Osasun Sailaren informazio-sisteman sartu eta erabiltzeko, eta bai zabaldu eta/edo argitaratzeko ere formatu bibliografiko, ikus-entzunezko, informatiko edota teknika erabiltzen uzten duen edozein bide baliatuz.
19. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntzak emateko ebazpena alda liteke baldin eta diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, diru-laguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako diru-laguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, han, esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, emateko ezarritako irizpide eta mugak aplikatuz. Beraz, erakunde onuradunek itzuli egin beharko dute jasotako gehiegizko zenbatekoa.
20. artikulua.– Diruz lagundutako jardueraren jarraipena.
Osasun Sailak komenigarri iritzitako alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu lege honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.
21. artikulua.– Datuak babestea.
Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzean ematen diren datuak «Laguntzak jasoko dituzten erakundeak» fitxategian sartuko dira, Osasun eta Kontsumoko sailburuaren 2011ko abenduaren 22ko Agindua aldatzen duen Osasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 2ko Aginduan ezartzen den moduan; agindu horren bitartez arautzen dira Osasun eta Kontsumo Sailaren eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren (gaur egungo Osasun Saila) izaera pertsonaleko datuen fitxategiak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesten dituen 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz. Fitxategi horretako datuak ezin zaizkie hirugarrenei edo beste erakunde batzuei utzi, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erakunde eskatzaileen laguntzak kudeatzeko baino ez ditu erabiliko. Nahi izanez gero, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak erabil ditzake nahi duenak, legean xedatutakoarekin bat etorriz; horretarako, idazki bat igorri beharko dio Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.
22. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapideak.
2.– Erakunde edo zentro eskatzaileak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira, hau da, entitatea edo pertsona juridikoa egiaztatzen duen txartelaren bidez, eta erakundea ordezkatzen duten pertsona fisikoei dagokienean, berriz, e-NANaren bidez (Nortasun Agiri Nazional elektronikoa).
3.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea eta Agindu honetan agertzen diren eranskinak euskadi.eus-eko honako egoitza elektroniko honetan daude: http://goo.gl/iNQq9j
4.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egin ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
23. artikulua.– Ez-betetzeak.
Ez badira baldintzak betetzen edo ez badira diruz lagundutako jarduerak gauzatzen, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.2. artikuluan jasotako betebeharrak betetzen ez badira, jasotako laguntzak eta haien legezko interesak itzuli beharko dira (osorik edo zati bat), abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, bermeari, itzultzeari eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoen, sozietate publikoen eta erakunde autonomoen bidez kudeatzeri buruzkoan, xedatuakoarekin bat; horrez gain, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikulua bete beharko da, zeinak itzulketa partziala jasotzen baitu, mailakatze-irizpideak gehituta. Laguntza horiek diru-sarrera publikotzat joko dira ondorio guztietarako.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honetan berariaz ezarri gabeko guztiari dagokionez, honako hauetan xedatutakoak aplikatuko dira: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean; eta azaroaren 17ko Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 13a.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.