EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2016146

90/2016 EBAZPENA, uztailaren 19koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena. Ebazpen horren bidez, maiztasun-modulazioko uhin metrikoetako irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentzia Araba Irratia SLri emateko Gobernu Kontseiluak hartutako Erabakia argitaratzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako 27/2015 Epaia betez.

Xedapenaren zenbakia: 201600090
Xedapenaren data: 2016-07-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201603436
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/03/12an argitaratutako 2012/02/29ko 201200014 EBAZPENA
  • Ikus 2013/01/24an argitaratutako 2013/01/10reko 201300001 EBAZPENA

2016ko uztailaren 19an eginiko batzarrean, Jaurlaritzaren Kontseiluak onetsi du maiztasun-modulazioko uhin metrikoetako irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentzia Araba Irratia SLri ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako 27/2015 Epaia betez. Horrenbestez, erabaki horri beharrezko publizitatea emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea maiztasun-modulazioko uhin metrikoetako irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentzia Araba Irratia SLri emateko Erabakiaren testua, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako 27/2015 Epaia betez.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 19a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 19KO 90/2016 EBAZPENARENA
ERABAKIA, GOBERNU KONTSEILUARENA, MAIZTASUN-MODULAZIOKO UHIN METRIKOETAKO IRRATI-KOMUNIKAZIOKO ZERBITZUAK ESKAINTZEKO LIZENTZIA ARABA IRRATIA SL-RI EMATEKO DENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AUZITEGI NAGUSIKO ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN SALAKO 27/2015 ZENBAKIKO EPAIA BETEZ
Maiztasun-modulazioko uhin metrikoetako irrati-difusio soinudunaren plan tekniko nazionala onartzen duen irailaren 1eko 964/2006 Errege Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoak eman beharreko 34 maiztasun planifikatu zituen guztira.
Euskadin ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko araubide juridikoa arautzen duen ikus-entzunezko komunikazioari buruzko azaroaren 8ko 231/2011 Dekretuaren 8.1 artikuluaren arabera, Gobernu Kontseiluak, 2012ko otsailaren 28ko batzarrean, Euskal Autonomia Erkidegoan maiztasun-modulazioko uhin metrikoetako irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentziak emateko lehiaketa publikoa arautzen duten oinarriak onetsi zituen (Erabakia honako xedapen honen bidez argitaratu zen: 14/2012 Ebazpena, otsailaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena). Azkenik, Kulturako sailburuaren 2012ko otsailaren 29ko Aginduaren bidez, lehiaketa publikoaren deialdia egin zen (Xedapen biak 2012ko martxoaren 12ko EHAAn argitaratu ziren, 51. zenbakian).
Organo eskudunak irekitako prozeduraren bitartez bideratutako espedientea hasi ostean, eta lehiaketako Balorazio Mahaiak lizentziak adjudikatzeko proposamena egin eta gero, Jaurlaritzaren Kontseiluak, lizentzia horiek eman baino lehen, 2012ko abenduaren 11n egin zuen batzarrean, erabaki hau hartu zuen: «maiztasun-modulazioko uhin metrikoen bidezko irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentziak emateko lehiaketari interes orokorreko arrazoiengatik uko egitea» (Erabakia honako xedapen honen bidez argitaratu zen: 1/2013 Ebazpena, urtarrilaren 10ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena –2013ko urtarrilaren 24ko EHAAn, 17. Zenbakian, argitaratua).
2015eko urtarrilaren 29an, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salako Lehen Sekzioak 27/2015 zenbakiko epaia eman zuen, Araba Irratia SLk eskatuta aurkeztu zen administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ebazteko. Jaurlaritzaren Kontseiluak hartu zuen 2012ko abenduaren 11ko Erabakia argitaratzea xedatu zuen Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren urtarrilaren 10eko 1/2013 Ebazpenaren aurka jarri zuen errekurtso hori Araba Irratia SLk. Epai horrek hau xedatzen du: errekurritutako erabakia baliogabetzea eta administrazio jarduerak egintza horren aurreko unera eramatea, errekurtsogilearen alde mahaiak egin zuen lizentziaren esleipen-proposamena behin betiko esleipen-proposamen bihurtuz. Epaitegi Gorenak erabaki hori berretsi egin du bere 665/2016 Epaiaren bidez, 2016ko martxoaren 17koa, Administrazio honek aurkeztutako kasazio-errekurtsoa ebazten duena.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak, aipatu epaia betez, 2016ko maiatzaren 20ko Ebazpena eman zuen ondorengo erabakiarekin: «Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritzak bere horretan bete dezala emandako epaia».
Lehiaketa publikoa arautzen duten oinarrietan ezarritako izapideak beteta, Balorazio Mahaiak, 2016ko ekainaren 20ko bileran, adostu du epaian aipatzen diren lizentziekin adjudikatzeko proposamena Jaurlaritzaren Kontseilura bidaltzea.
Oinarriek hogeita zazpigarren klausulan adierazten dutenez, Kultura sailburuak proposatuta, eta Balorazio Mahaiak egindako proposamena ikusita, Jaurlaritzaren Kontseiluak lizentziak eramatea erabakiko du. Epaian biltzen den lizentzia emateko egingo den egintza Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta banan-banan jakinarazi behar da, lehiaketaren oinarrietan ezarritakoari eta Ikus-entzunezko komunikazioari buruzko azaroaren 8ko 231/2011 Dekretuan xedatutakoari jarraituz. Hogeita zortzigarren klausulan adierazten dutenez, interesdunari lizentzia eman zaiola jakinarazi eta gero, hilabeteko epean sinatuko da administrazio-agiri egokia. Agiri horretara sartuko dira lizitatzaileak bere eskaintza teknikoan hartutako konpromisoak, eta zerbitzu-emaileak nahitaez bete beharko ditu konpromiso horiek.
Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak, aztertu ostean, hau
ERABAKI DUT
«Lehenengoa.– Maiztasun-modulazioko uhin metrikoetako irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentzia Araba Irratia SLri ematea. Lehiaketa publikoaren oinarriek ezartzen duenaren arabera lizentziari dagozkion deskribapen eta parametro teknikoak honako hauek dira:
10. Blokea – Lurralde Historikoa: Araba – Herria: Gasteiz
Bigarrena.– Lehiaketaren oinarriek hogeita zortzigarren klausulan adierazten duten administrazio-agiria formalizatzea. Horretarako, organo eskuduna Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saileko Kabinete zuzendaria da, ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzuak eskaintzeko beharrezko titulu juridikoak emateko prozedurei dagokienez horien gaineko administrazio kudeaketa bidezkoa egitea dagokiolako.
Hirugarrena.– Erabaki hau esleipendunari zein interesdunei banan-banan jakinaraziko zaie, Ikus-entzunezko komunikazioari buruzko azaroaren 8ko 231/2011 Dekretuko 14.6 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Laugarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariak erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea aginduko du».