EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2016145

EBAZPENA, 2016ko uztailaren 15ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, Donostiako portuan profesional ez diren aisia ontziak behe denboraldian amarratzeko aldi baterako baimena ematen duena (7. zerrenda).

Xedapenaren data: 2016-07-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201603423
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/03/15ean argitaratutako 2016/03/04ko EBAZPENA [201601137]

Lehenengoa.– Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2016ko martxoaren 4ko ebazpenaren bitartez, Donostiako portuan profesional ez diren aisia-ontzien titularrei behe denboraldian lotuneak erabiltzeko aldi baterako baimenak emateko dei publikoa iragarri zen.
Bigarrena.– Ebazpenaren aurrekarietan adierazten da, baimen horiek emateko prozedura jasota dagoela Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren 2004ko apirilaren 20ko Aginduan. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren portuetan eta portu-instalazioetan profesional ez diren aisia-ontzien titularrei lotuneak erabiltzeko aldi baterako baimenak emateko prozedura arautzen da.
Hirugarrena.– Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren 2004ko apirilaren 20ko Aginduko 9.1 artikuluak ezartzen duenaren arabera, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariak (egun, Garraio Azpiegituren zuzendaria) lotuneak esleitzeko ebazpen arrazoitu bat emango du, aurreko artikuluko irizpideetan oinarrituta. Ebazpen horrek, kasuaren arabera, erabaki hauek jasoko ditu:
a) Eskatutako baimena ematea.
b) Eskatutako baimena ukatzea, baldin eta eskatzaileak ezarri zaizkion baldintzak betetzen ez baditu.
c) Eskaera dagokion itxarote-zerrendan sartzea, hurrenkera zenbakia zehaztuta, baimena eskatu duenak hura eskuratzeko eskakizun guztiak bete arren, hari emateko moduko lotunerik libre ez dagoenean.
Laugarrena.– Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren 2004ko apirilaren 20ko Aginduaren 10.4 artikuluak honako hau dio: «itxarote-zerrenda beti irekita izango da, harik eta deialdi berria egin arte, eta eskaera berriak noiznahi onartu ahal izango dira. Eskaera horiekin batera Agindu honen 4.2 artikuluan eskaturiko agiriak aurkeztu beharko dira, eta horiei ere lotuneak esleitzeko garaian 8.b artikuluan aurreikusitakoak aplikatuko zaizkie. Eskaera berriak ere Portu eta Itsas Gaietako zuzendariaren ebazpenaren bidez sartuko dira itxarote-zerrendan» (egun, Garraio Azpiegituren zuzendaria).
Bosgarrena.– Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren 2004ko apirilaren 20ko Aginduaren 9.4 artikuluan adierazitakoaren arabera, «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren beste portu edo portu-instalazio batean ontzi berarentzat lehendik ere lotunea erabiltzeko baimena duenari ez zaio lotunerik esleituko, salbu eta, deialdi jakin horretan eskainitako lotuneen kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada».
Seigarrena.– Portu-jardueren erregelamenduak, urriaren 21eko 236/1986 Dekretuaren bidez onartuak, 3. artikuluan oraingo Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari ematen dio portu-zerbitzuen antolaketa, kudeaketa eta kontrola egiteko eskumena, azken finean, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren portuetan eta portu-instalazioetan garatzen diren jarduera guztiak.
Aurretik esandakoarekin bat etorriz, ikusita EKP, S.A.k egindako proposamena, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 6.e) eta 14.1.m) artikuluek Zuzendaritza honi ematen dizkioten ahalmenak baliatuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– I. eranskineko zerrendan jasota dauden eskatzaileei amarraleku esleipenak onartzea, III. eranskineko baldintzen arabera.
Bigarrena.– II. eranskinean jasota dauden eskaerak itxarote-zerrendan sartzea, hurrenkera zenbakia zehaztuta.
Hirugarrena.– IV. eranskineko eskaerak ukatzea.
Laugarrena.– Hamar eguneko epea ematea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko instalazio edo portuetan deialdi honetako amarratzeko puntuak itsasontzi berbererako erabiltzeko baimena lortu duten esleipendunei, hain zuzen ere agindutako epean Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari jakinaraz diezaioten amarratzeko baimena duten puntuetatik zeini egiten dioten uko.
Bosgarrena.– Ebazpen honek ez dio bukaera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Garraioetako sailburuordearen aurrean edo ebazpena eman duenaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 15a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.
I. ERANSKINA
DONOSTIAKO PORTUAN BEHE DENBORALDIKO ESLEIPENA (7. ZERRENDA)
II. ERANSKINA
BEHE DENBORALDIKO AMARRALEKUEN ITXAROTE-ZERRENDA DONOSTIAKO PORTUAN (7. ZERRENDA)
III. ERANSKINA
BALDINTZAK
IV. ERANSKINA
DONOSTIAKO PORTUAN BEHE DENBORALDIKO LOTUNEAK ESLEITZEKO DEIALDITIK BAZTERTUTAKO ONTZIAK (7. ZERRENDA)