EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2016145

118/2016 DEKRETUA, uztailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari San Mamés Barria S.L. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena emateko.

Xedapenaren zenbakia: 201600118
Xedapenaren data: 2016-07-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201603416
Maila: Dekretua
San Mames Barria, S.L. sozietatearen gizarte-helburuak dira Bilbon dituen lursailetan kirol-estadio berri bat sustatzea, eraikitzea eta ustiatzea.
Sozietateak kapital sozialean sei milioi hirurehun eta laurogeta hamasei mila (6.396.000,00) euroko gehikuntza egitea erabaki du. Horretarako, sei milioi hirurehun eta laurogeita hamasei mila sozietate-partizipazio (6.396.000) jaulki eta zirkulazioan jarriko dira. Bakoitzaren balio nominala euro batekoa (1) izango da. Gaur egungo partizipazioek dituzten eskubide politiko eta ekonomiko berak izango dituzte. Kapital sozialaren gehikuntza da, eta fase bakarrean egingo diren diru-ekarpenetan zordunduko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak 2.799.000 sozietate-partizipazio harpidetuko ditu, bi milioi zazpiehun eta laurogeita hemeretzi (2.799.000,00) euroko balioa izango duena. Sozietateak, era berean, bazkideen ekarpenak berriro orekatzea erabaki du.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioren partaidetza, adostutako akordioak gauzatu ondoren, % 24,99koa izango da.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak honako hau ezartzen du 110.1 artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean. Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak nahitaez adieraziko ditu, non eta doako eskuratzea ez den, sozietatearen xedea eta EAEk, zuzenean nahiz zeharka, zenbateko partaidetza-ehunekoa izango duen sozietatean.
Lege-testu beraren 111.2 artikuluan ezarrita dago, zuzenean nahiz zeharka, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo instituzionalaren titulartasunpekoak diren akzioen ordezkariek sozietate-estatutuak onartzeko edo aldatzeko onarpena emateko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dutela, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea loturik duen sailburuak biek batera proposaturik.
Ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2016ko uztailaren 27an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari San Mamés Barria, S.L. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Horretarako, Administrazioak 2.799.000 partizipazio erosiko ditu sozietate horretan; zehazki, bi milioi zazpiehun eta laurogeita hemeretzi mila (2.799.000,00) euroko balioa izango dute. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, adostutako akordioak gauzatu ondoren, % 24,99ko partaidetza izango du.
2. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren jabetzapekoan diren partaidetza berriak ordezkatzen dituen pertsona fisikoari baimena ematea Bazkideen Batzar Orokorrean San Mamés Barria, S.L. sozietatearen estatutuetako 5. artikuluaren aldaketa onartzeko.
3. artikulua.– Ahalmena ematea Ondare eta Kontratazioko zuzendariari, aurreko artikuluetan xedatutakoa betetzeko behar diren jarduketak egin ditzan.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek ondorioak izango ditu onartzen den egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko uztailaren 27an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.