EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-08-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2016145

AGINDUA, 2016ko uztailaren 20koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez Euskadiko industrialdeetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko laguntzen programa arautu eta deitzen den.

Xedapenaren data: 2016-07-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201603414
Maila: Agindua
Euskadi Espainiako estatuaren buruan dago banda zabalaren ezarpenari eta hedapenari dagokionez, hori izanik ingurune globalizatu batean lehiatzeko orduan dagoen elementu oinarrizko eta bereizgarrietakoa. Kokapen hori izateko beharrezkoa izan da, besteak beste, konektibitate publikorako azpiegitura bultzatzeko politika irmo bat izatea, sarbidean berdintasuna lortzeko erantzukizunezko neurriekin batera. Horrenbestez, aurreko urtera arte, laguntza lerro bat egon da martxan, Banda Zabala, arazo bereziak dituzten guneetako erabiltzaileei Interneteko konexioa lortzen laguntzeko.
Populazioak honela kategorizatu dira erabilgarri dituzten belaunaldi berriko banda zabaleko edo NGA (Next Generation Access networks, ingelesez) zerbitzuen arabera:
– Gune zuria: belaunaldi berriko banda zabaleko sarerik egon ez eta etorkizun hurbilean (hiru urteko epea definitzen da) halakorik egoteko aukera gutxi dagoen gunea. Euskadiko Populazioaren % 7,5 eta Populazio Unitateen % 75,5 dago bertan.
– Gune grisa: gune honetan bakarrik horrelako sareak daude edo datozen hiru urteetan egongo dira, eta beste inolako operadorek ez dauka aurreikusita epe horren barruan belaunaldi berriko beste sare bat hedatzea. Euskadiko Populazioaren % 23,1 eta Populazio Unitateen % 17,9 dago bertan.
– Gune beltza: gune honetan operadore desberdinen gutxienez belaunaldi berriko sarbiderako bi sare daude edo datozen hiru urteetan ezarriko dira (azpiegituretan oinarritutako lehia) eta, beraz, merkatuan gabeziarik ez dagoela suposa daiteke. Kalkulatzen da Euskadiko Populazioaren % 69,3 eta Populazio Unitateen % 6,6 dagoela egoera honetan.
Ahalegina indartzen jarraitu behar da, belaunaldi berriko teknologiak gero eta gehiago erabiltzen direlako, eta banda zabala hedatu egin behar delako bai metaketa industriala dagoen guneetara, bai eskaera txikiagoko eremuetara, esaterako, landa eremuetara eta iristen zailak diren lekuetara.
Kokapen garrantzitsu hori kasuistika propio baten emaitza da:
– Banda Zabala programako laguntzen lerroa bizirik mantendu da, konektibitate zaila duten guneetako erabiltzaileei banda zabal «konbentzionalarekin» Interneten konektatu ahal izateko,
– eta eskaria gero eta handiagoa da, ekonomia garatu urbano eta industrializatu baten ondorioz. Ildo horretan, egiaztatu denez, Euskadiko industrialdeetan kokatutako enpresak banda zabal ultralasterreko zerbitzuez hornitzeko azpiegituretan gabeziak daude. Elementu horrek berebiziko garrantzia du datozen urteetan Basque Industry 4.0 Estrategia lantzeko.
Errealitatea konparatiboki hain negatiboa ez den arren, testuinguruak anbizio berrietarako irtenbide berriak bilarazten ditu.
Enpresek Interneteko abiadura handiko konexioak kontratatzeko ahalmena izatea gero eta garrantzitsuagoa da. Beraz, enpresek (industrialak, komertzialak, nekazaritzakoak, abeltzaintzakoak, etab.) ezingo dituzte balio erantsiko zerbitzuak eskuratu (cloud zerbitzuak, datuak urrunean ostatatzea, kudeaketa banatuko aplikazioetarako sarbidea, informazioaren segurtasun kopiak, etab.), ez badute banda zabaleko zerbitzu ultralasterrak kontratatzeko aukerarik. Horrenbestez, banda zabalera egokia eduki ezean (sarbide ultralasterreko abiadura), ezingo dira gaur egun eskaintzen diren komunikazio elektronikoko zerbitzuen ahalmenak erabat aprobetxatu.
Ildo horretan, Europar Batzordeak hainbat helburu planteatu zituen 2020 horizonterako «Europako Agenda Digitala» delakoaren barruan, eta bertan ezartzen zen:
1) 2020an Belaunaldi Berriko Banda Zabala (gutxienez 30 Mb/s) biztanleria osora unibertsalizatzea.
2) 2020an biztanleriaren % 50ek >100 Mb/s abiadurako Banda Zabal Ultralasterreko zerbitzuak «kontratatuta» edukitzea.
Argigarria da ikustea Europar Batzordean azkenaldiko politika erregionalen jarraibideetan politika publikoetatik belaunaldiko berriko azpiegiturak garatzea bultzatzeko ekintzak egiteko aukera sartu eta sustatu dutela, esaterako, EBren Direktibak banda zabaleko sareak azkar hedatzeko laguntza estatalei buruzko arauak aplikatzeko, 2013-01-26ko DOUE C 25, edota jarduera horiek Europar Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko UE 651/2014 Erregelamenduan sartu direla, zeinaren bitartez adierazten den laguntzen hainbat kategoria bateragarriak direla barne merkatuarekin, 2014-06-26ko DOUE L 187 Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz. Edonola ere, ez da ahaztu behar sektorea liberalizatuta dagoela eta, ondorioz, telekomunikazioen merkatuan dauden arauei erreparatu behar zaiela.
Aldi berean, administrazioetatik laguntza programak bultzatzen ari dira indartsu, enpresaren eremuan Elektronika, Informatika eta Komunikazioen Teknologiak (EIKT) aplikatzeko, bereziki manufaktura aurreratuaren esparruan. Programa horietan ari dira oinarritzen arlo hauen inguruko hainbat proiektu: Zibersegurtasuna eta Industria Komunikazioak, Cloud Computing, Datuen Analitika Aurreratua eta Business Intelligence, Robotika Konektatua, Ikusmen Artifiziala edo Sentsorika. Proiektu horiek guztiak fabrikazioari aplikatutako CPSen (Cyber Physical Systems) esparruan mugitzen dira, eta egunetik egunera gero eta konektibitate eta datuen biltegiratze eta prozesamendu handiagoa behar dute.
Eusko Jaurlaritzak enpresaren esparruan bultzatzen dituen plan estrategikoek manufaktura aurreratuari jartzen diote arreta:
– 2014ko apirilaren 10ean, Euskadik Espezializazio Adimenduneko Estrategia (RSI3) onartu zuen, baita 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planaren Ildo Estrategikoak ere. Enpresen ahalmenak, ahalmen zientifiko-teknologikoak eta eskariari erantzuteko ahalmenak kontuan hartuta, Euskadin lehentasunezko hiru esparru handi identifikatu dira: Fabrikazio aurreratua, Energia, eta Biozientzia-Osasuna binomioa. Fabrikazio Aurreratuak biltzen ditu gaitasun gehien, bai baliabide zientifiko-teknologikoak eta I+Gko emaitzak metatzeari dagokionez, bai ikerketaren hartzaileak eta ustiatzaileak diren sektore enpresarialen dimentsioari dagokionez.
– 2020 Fabrikazio Aurreratuaren Estrategia (EFA2020). Industria garatzeko estrategia bat da, zeinak euskal enpresen lehiakortasuna indartu nahi duen, zientzian, teknologian eta berrikuntzan bermatuta (baita berrikuntza ez teknologikoan ere), Euskadin gaitasuna sortzeko eta dagoena aprobetxatzeko. Garapen industrialerako estrategia bat da, euskal enpresen posizionamendua hobetu nahi duena, Euskadin Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako gaitasunak garatzearen bitartez, Fabrikazio Aurreratuaren eta ber emaitzen ustiapen industrialaren esparruan. Planaren 17 jarduera ildoetako batek «Industry 4.0» delako kontzeptua lantzen du eta, zehazki, manufakturako industri enpresetan «EIKTak sartzeko laguntza eta babesa».
Horrenbestez, beharrezkotzat jotzen da industri enpresek Interneten sartzeko oso abiadura handiko zerbitzuak izatea (gutxienez 100 Mb/s bermatuta sarea-erabiltzailea norabidean), eta datuak bi norabideetan mugarik gabe transferitzeko ahalmena, jarduera ekonomikoa kontzentratzeagatik beharrezko duten arlo guztietan (Industrialdeak).
Elementu horiek guztiak ikusita, badirudi egokia dela gaia birplanteatzea eta ekintza publiko irmoa abiaraztea, beharrezko konektibitate mailak lortu ahal izateko, Europako Agenda Digitalaren helburuei jarraituz, operadoreek hedatzeko duten gaitasunean oinarrituta ea, azkenik, gizarte osoari erabilgarritasuna segurtatzeko, prezio eskuragarrietan.
Horrenbestez, Agindu honek merkatuaren gabeziak konpontzen laguntzeko diru-laguntzak emateko arauen oinarriak ezartzen ditu, gutxienez 100 Mb/s-ko banda zabaleko sareak hedatzea bultzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko industrialdeetan.
Diru-laguntza horiek Europar Batzordearen 651/2014 Erregelamenduan (UE) 2014ko ekainaren 17koan, jakinarazpenetarako aurreikusitako salbuespena dute, zeinean barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria jakin batzuk ezartzen diren, Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz.
Halaber, 462/2015 Errege Dekretua, ekainaren 5ekoan, ezartzen denez, laguntza programa honek oinarri hauen xede diren laguntzen bateragarritasunari buruzko aldeko txostena lortu du Telekomunikazioetako eta Informazioaren Gizarterako Estatu Idazkaritzaren aldetik, zeinak egiaztatu egiten duen Administrazio Publikoen arteko koordinazio egokia Informazioaren Gizartea sustatzeko laguntza publikoei dagokienez, Banda Zabaleko sareen eskaintza eta erabilgarritasuna sustatuz.
Jarraibide horien arabera, arau hauek xedatutakoa kontuan hartuta: 1/1997 Legegintzako Dekretuaren, azaroaren 11koaren, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina Onartzen duenaren IV. titulua, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, 887/2008 Errege Dekretuak garatzen duena, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoriak aldarrikatzen dituena, Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak ezarriz, zeina 2014-06-26ko DOUE, L 187 zenbakian argitaratu zen, diru-laguntzetarako honako programa hau ezartzen da Euskadiko Industrialdeetan Belaunaldi Berriko Banda Zabaleko sareak hedatzeko, 2016ko ekitaldirako.
Azkenik, Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2016ko uztailaren 19ko saioan, erabaki du Ekonomiaren Sustapenerako Euskal Kontseiluaren 2015eko abenduaren 11ko proposamena onartzea, «Euskadiko industrialdeetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko» Programari buruz, 10.700.000 euroko zenbatekoarekin, Proiektu Estrategikoen Fondoko soberakinen kargura, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari agintzea aipatu programa garatzeko espedientea tramita dezan eta arautzeko oinarriak onar ditzan.
Eta, horren arabera,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onartzea, eranskinetan jasotzen diren baldintzetan, Euskadiko Industrialdeetan Belaunaldi Berriko Banda Zabaleko sareak hedatzeko diru-laguntzen Programa deitzea, 2016ko ekitaldirako.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen aurka berraztertze errekurtsoa jar daiteke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 20a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da jarduera ekonomikoak, ahal dela industrialak, hartzen dituzten edo hartzea aurreikusita duten Euskadiko gune geografikoetan banda zabal ultralasterreko sareak hedatzeko laguntzak arautzea, gune horiek «NGA gune zuritzat» hartzen badira, hau da, NGA Banda Zabaleko baldintzetan Interneten sartzeko zerbitzuak ahalbidetzeko telekomunikazioen azpiegiturarik egon ez eta datozen 3 urteetan egotea espero ez duten guneak badira.
Agindu honetan jasotako laguntzek men egiten diote Europar Batzordearen UE 651/2014 Erregelamenduari, 2014ko ekainaren 17koari, zeinaren bitartez adierazten den hainbat laguntza kategoria bateragarriak direla barne merkatuarekin, 2014-06-26ko DOUE L 187 Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz 52 artikuluari, banda zabaleko azpiegituretarako laguntzei buruzkoari.
2. artikulua.– Denbora esparrua.
Laguntzen programa hau 2016ko ekitaldian egongo da indarrean.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 1. Artikuluaren xedera zuzendutako baliabide ekonomikoak 10.700.000,00 euro dira, honela xehatuta:
– 1.226.862,00 euro, Araban kokatutako industrialdeetako loteetarako.
– 3.792.936,00 euro, Bizkaian kokatutako industrialdeetako loteetarako.
– 2.470.202,00 euro, Gipuzkoan kokatutako industrialdeetako loteetarako.
– 3.210.000,00 euro, beharrezkoa balitz, Lurralde Historiko bakoitzera zuzendutako zenbatekoak handitzeko, industrialdeetako konkurrentzia lehiakorraren irizpidea mantenduz.
2.– Aipatu baliabideak Proiektu Estrategikoen Fondoetatik etorriko dira, eta Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, Socade SA elkarteak kudeatuko ditu, horrekiko lankidetza hitzarmenean ezarritako moduan.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan adierazitako diru-laguntzen onuradunak izan daitezke sektore pribatuko pertsona fisikoak edo juridikoak, behar bezala gaitutako operadorearen izaera badute, Telekomunikazioei buruzko 9/2014 Lege Orokorraren, maiatzaren 9koaren, 6 eta 7 artikuluetan xedatutakoaren arabera.
2.– Agindu honetan adierazitako diru-laguntzak eskuratu ahal izango dituzte Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituzten erakundeek.
3.– Onuradunak izateko, eskatzaileek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen, otsailaren 18koaren, 2.3 artikuluak Administrazioarekin kontratuak egiten, hitzartzen edo laguntzak jasotzen dituzten erakundeentzat ezartzen dituen betebeharrak bete beharko dituzte, horien artean egonik tratu berdintasunaren, aukera berdintasunaren, eta langileen dibertsitatearen eta diferentziaren errespetuaren printzipioak.
4.– Diru-laguntzen onuraduna izateko, enpresa eskatzailea ez da diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin penal edo administratiboki zigortuta egongo, eta ez da horretarako desgaitzen duen legezko debeku batean nahastuta egongo, horien artean egonik sexu diskriminazioagatik gertatu direnak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen, otsailaren 18koaren, Amaierako Seigarren Xedapenean xedatutakoaren arabera.
5.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunak izatetik kanpo geratuko dira Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren, azaroaren 17koaren, 13.2 artikuluan xedatutako ingurumariaren batean dauden pertsonak edo erakundeak, Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondoren berreskuratzeko agindu baten menpe daudenak, zeinak diru-laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi duen, eta krisian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko laguntza estatalei buruzko Direktiben definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).
6.– Onuraduna izateko baldintza mantendu egingo da diru-laguntza indarrean dagoen denbora guztian.
5. artikulua.– Laguntzaren xede diren proiektuak eta jarduerak.
1.– Laguntza lortu ahal izango dute oso abiadura handiko (100Mb/s edo gehiago) belaunaldi berriko (NGA) sarbide sareak hedatu nahi dituzten industrialdeetako loteetako proiektuek, bi norabideetan datuen transferentzia mugagabea ahalbidetzen badute, zerbitzuaren ezaugarriak aldatu gabe.
Proiektuak gauzatzeko aukeratu daitezkeen guneak izango dira abiadura handiko edo oso handiko sarbide sareen estaldurarik ez duten industrialdeetan identifikatutako gune osoa izango dira, eta datozen hiru urteetan inolako operadorerik estaldura bertan hedatzeko planik ez badu. Industrialdetzat hartuko dira Euskal Autonomia erkidegoan enpresak kontzentratzen dituzten esparru geografikoak.
Helburuko industrialdeak industrialde lotetan banatu dira, zehazki 177tan, eta horietatik 22 Arabako Lurralde Historikoan daude, 86 Bizkaiko Lurralde Historikoan eta 69 Gipuzkoako Lurralde Historikoan; hurrengo orri hauetan jasotzen dira:
www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/es/ (gaztelania)
www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/eu/ (euskara)
Aurkeztutako proposamenek banda zabal ultralasterreko zerbitzuen hedapena lote berean sartutako industrialde guztietarako dela kontuan hartu beharko dute.
Industrialde lote bererako, laguntzak soilik onartuko dira puntuaziorik handiena lortzen duen proposamenerako, arau honetan ebaluaziorako ezarritako irizpideen arabera. Industrialde edo industrialde lote bererako inola ere ez zaie laguntzarik emango bi operadoreri.
Proiektuen helburua izan beharko da oso abiadura handiko sarbide sareak hedatzea, eta lote bereko industrialde desberdinetan hedatu beharreko sarbide sareei konektibitatea emateko beharrezkoak diren sare tarteak sartu ahal izango dira.
2.– Proiektuek lurralde esparru bakoitzerako egokiena den soluzio teknologikoa adierazi beharko dute, eta diru-laguntzetarako ez da baldintza izango soluzio teknologiko jakin bat hedatzea; baldintza izango da multimedia komunikazio elektronikoak denbora errealean egin beharko direla, eta horretarako gutxieneko betebehar hauek ezartzen dira:
– Sareak batez ere erabiliko dira helburuko guneetako publikoak erabili ahal izateko komunikazio elektronikoen zerbitzuak emateko (ez dira diruz laguntzeko elementutzat joko erabiltzaileen multzo mugatu bati zerbitzua emateko sare pribatuak, ezta ere sare tronkal hutsak ez badaude zuzenean zuzenduta helburuko industrialdeko amaierako erabiltzaileei zerbitzuak ematera).
– Amaierako erabiltzaileak izango duen transferentzia nominalaren tasa, saretik erabiltzaileranzko norabidean, gutxienez 100 Mb/s izango da, amaierako erabiltzailearengandik hurbilen dagoen operadorearen sareko ekipamenduaren irteeran neurtuta, eta gutxienez 20 Mb/s, erabiltzailearengandik sareranzko norabidean, amaierako erabiltzailearengandik hurbilen dagoen operadorearen sareko ekipamenduaren irteeran neurtuta. Bi kasuetan, fluxuaren bermea % 80 izan beharko da denboraren % 95ean.
– Halaber, bi norabideetan datuen transferentzia mugagabea ahalbidetu beharko da, zerbitzuaren ezaugarri guztiak aldatu gabe mantenduz, oso populatuta dauden guneetako merkatuaren eskaintzen antzeko baldintza ekonomikoetan.
– Zerbitzuaren erabilgarritasuna segurtatu beharko da adierazitako terminoetan, gutxienez denboraren % 98rako hilabete bateko tartean, amaierako erabiltzaile bakoitzeko.
– Segurtatu beharko da datuak transmititzeko zerbitzuaren kalitate parametroek multimedia komunikazio elektronikoen zerbitzuei denbora errealean eusten dietela. Horretarako, erreferentziazko balio hauek ezartzen dira:
• Jitter maximoa: 30 ms.
• Atzerapena 50 ms baino gutxiago.
• Paketeen galera tasa gehienez % 0,8.
– Zerbitzuaren altarako eskariei gehienez ere 30 egun naturaleko epean erantzutea, betiere ez bada eskatu behar lizentziarik, edo okupazio edo pasatzeko eskubide berezirik, edo ez badago alta lortzeko operadoreari egotzi ezin zaion beste kausa bat, kasu horietan atzerapen horiek deskontatu ahal izango baitira alta emateko denbora neurtzeko, eskatzaileari aurretiaz jakinarazi eta gero.
– Zerbitzua etetea eragiten duten gertakarien gutxienez % 95 gehienez ere 24 orduko epean konpontzea.
3.– Proiektuak gauzatzeko gehienezko epea 16 hilabete izango da, laguntzak ematen direla jakinarazten den datatik kontatzen hasita.
4.– Industria, Energia eta Turismo Ministerioko Telekomunikazioetako eta Informazio Gizarterako Estatu Idazkaritzaren Belaunaldi berriko banda zabala hedatzeko Programaren kargurako proiektuetan laguntzak eskatu eta proposatu dituzten enpresaguneak edo industrialdeak ez dira programa honetako laguntzen hartzaileak izango.
6. artikulua.– Handizkako zerbitzuak.
1.– CNMCk beste baldintza batzuk ezarri ezean, diru-laguntzen onuradunek betebeharra izango dute, baldintza bidezkoetan eta ez diskriminatzaileetan, eskaera egiten duten beste operadoreei fluxu mota bitarraren (bistream) handizkako sarbide efektiboa eskaintzeko diruz lagundutako azpiegituretara, gutxienez zazpi (7) urteko epe batez. Proiektuan zuntz optikoaren hedapena sartzen bada, sarbide horrek aukera eskainiko du baita ere zuntz ilunera sartzeko, desagregazio oso eta egiazkoarekin, halaber konduktu, zutoin, armairu, kutxatila eta obra zibileko gainerako elementuetan sartzeko ere. Azken horietarako sarbideak ez du denbora mugarik izango. Backhaul sareei dagokienez, halaber sartu beharko da puntuz puntuko alokatutako lineen handizkako zerbitzua, sarea inplementatzeko erabilitako teknologiaren arabera.
Desagregazioaz eta linea fisikorako sarbideaz gain, NGA sarea hedatzeko aukeratutako teknologiaren arabera, benetako eskaria balego, desagregazio birtualeko handizkako zerbitzua eman beharko litzateke, hau da, sarbide aktibo bat sareen interkonexio batekin, sarbide sareko zentral nagusian bertan, daitekeena baita laguntzaren hartzailearen hirugarren operadore batzuek lehenetsitako aukera izatea.
Eskainitako sarbidearen abiadura, gutxienez, 100 Mb/s-koa izango da beheranzko norabidean, eta, edonola ere, operadore onuradunak eskainitako txikizkako zerbitzuen erreplikagarritasuna ahalbidetu beharko du.
Handizkako sarbide efektibo horren prezioen erreferentzia izango dira Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) Merkatuan Botere Esanguratsua duten Operadoreei antzeko zerbitzuetarako ezarritako handizkako prezioak, zeinak gehienezko preziotzat hartuko diren. Ez badago erreferentziazko eskaintza baliokiderik, erreferentzia izango dira Espainian dauden batez besteko prezioak, eta horrelako erreferentziarik ere ez badago, kostuetarako orientazioaren irizpidea aplikatuko da. Edonola ere, bertikalki integratutako operadorea bada, definitutako prezioek aukera eman beharko dute txikizkako eskaintzak erreplikatu ahal izateko eta operadore onuradunaren txikizkako adarrarekiko diskriminaziorik ez gertatzeko.
Diruz lagunduko proiektuen barruan kondukzioak egiten badira, horiek behar bezain handiak izango dira hainbat kable/zuntz sare eta hainbat sare tipologia hartzeko, Europar Batzordearen UE 651/2014 Erregelamenduaren 52 artikuluan xedatzen denaren arabera, zeinaren bitartez adierazten den laguntzen hainbat kategoria bateragarriak direla barne merkatuarekin, Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz.
2.– Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak laguntza ematen duen organoari aholkua eman ahal izango dio atal honetako handizkako sarbidearen prezioei eta baldintzei dagokienez. Gainera, sarbidea eskatzen duten operadoreen eta laguntzen onuradun diren operadoreen arteko gatazkak ebatziko ditu, eta jarraibideak emango ditu atal honek aipatzen duen handizkako sarbidearen obligazioa egiazki betetzeko.
3.– Handizkako produktuen eskaintzaren xehetasuna, eta azpiegiturak egin beharreko ekintzak egitea, zehaztu egingo dira baldin eta hirugarren operadore baten zentzuzko eskaria dagoela egiaztatzen bada. Eskaria zentzuzkotzat joko da sarbidearen eskatzaileak negozio plan koherente bat ezartzen badu, diruz lagundutako produktuaren garapena justifikatzen duena, eta gune geografiko berean ez badago beste operadorerik dentsitate handieneko populazio guneetakoen antzeko sarbide eta prezioak eskaintzen dituenik.
7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta inbertsioak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastu eta inbertsiotzat joko dira hautatzen diren proiektuei zuzenean lotuta eta horiek gauzatzeko beharrezkoak direnak, eta eskaria aurkezten denetik proiektua amaitu arteko aldian gauzatzen direnak, eta gainerako operadoreek erabili ditzaketen sareko azpiegiturak sortzeko edo egokitzeko beharrezkoak direnetara mugatuko dira.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastu eta inbertsiotzat joko dira azpiegitura hedatzeari lotutako inbertsioarekin lotura zuzena duten kontzeptu hauek:
a) Azpiegiturak eta obra zibila.
b) Ekipamendua eta beste material batzuk.
c) Pertsonal gastuak.
d) Proiektuari egotzi dakizkiokeen beste kostu orokor edo zeharkakoak.
e) Proiektuaren kostuen auditoriaren kostuak, diru-laguntza justifikatzeko zenbatekoaren gainean. Auditoriaren kostua gehienez ere emandako diru-laguntzaren % 1ekin lagunduko da.
3.– Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren, azaroaren 17koaren, 29 artikulua beteko da. Ulertzen da onuradun batek azpikontratatzen duela baldin eta diruz lagundutako jardueraren exekuzio osoa edo partziala hirugarrenekin hitzartzen badu. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kasa egiteko egin behar dituen gastuak.
Proiektuaren zati bat azpikontratatzen bada, onuradunak diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 gaindituko ez duen portzentaje bateraino azpikontratatu ahal izango du.
Inola ere ezingo dira jarduerak azpikontratatu, diruz lagundutako kostua igotzen dutelarik, ez badiote jardueraren edukiari baliorik eransten.
Azpikontratazioak diru-laguntzaren % 20 gainditzen badu, eta zenbateko hori 60.000 euro baino gehiago bada, azpikontratazioak baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Kontratua idatziz egin behar da.
b) Kontratuak diru-laguntza ematen duen erakundearen aurretiazko baimena izan behar du.
Kontratu bat ezingo da zatitu bere zenbatekoa gutxiagotzeko eta aurreko atalean adierazitako baldintzak betetzea saihesteko.
Kontratistek onuradunaren aurrean baino ez daude obligatuta egongo, eta azken horrek hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera egitearen erantzukizuna Administrazioaren aurrean.
Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako, onuradunek erantzungo dute diruz lagundutako jarduera hirugarrenekin hitzartuta egiten badute diru-laguntza arautzen duen araudian ezarritako mugak betetzen direla, diruz lagundutako gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek lankidetzarako betebeharra bete beharko dute muga horiek betetzen direla modu egokian egiaztatzeko.
Onuradunak, diruz lagundutako jarduerak osorik edo partzialki hitzartzeko, inola ere ezingo du hauekin hitzarmenik egin:
a) Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren, azaroaren 17koaren, 13 artikuluan zehaztutako debekuetan sartuta dauden pertsonak edo erakundeak.
b) Kontratazioaren xede den jarduera egiteko beste diru-laguntza batzuk eskuratu dituzten pertsonak edo erakundeak.
c) Bitartekariak edo aholkulariak, horientzako ordainketak operazioaren kostu osoaren portzentaje moduan definitzen badira, ordainketa hori egindako lanaren edo zerbitzuen merkatuko balioaren erreferentziarekiko justifikatuta dagoenean izan ezik.
d) Onuradunari lotutako pertsona edo erakundeak, ingurumaria hauek gertatzen direnean izan ezik:
1) Kontratazioa merkatuaren ohiko baldintzen arabera egitea.
2) Diru-laguntza eman duen organoaren aurretiazko baimena lortzea, oinarri arautzaileetan xedatutako terminoetan.
e) Deialdi eta programa berean laguntza edo diru-laguntza eskatu duten pertsonak edo erakundeak, baldintzak bete ez dituztelako edo behar besteko balorazioa lortu ez dutelako diru-laguntza eskuratu ez dutenak.
4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren, azaroaren 17koaren, 31 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriko dira. Diruz lagundu daitezkeen inbertsioen edo gastuen zenbatekoa inoiz ez da merkatuko balioa baino handiagoa izango. Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak, azaroaren 14koak, kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, onuradunak gutxienez hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, ez bada bere ezaugarri bereziengatik merkatuan ez dagoela hori egiteko, eman edo hornitzeko gai diren behar besteko erakunderik.
Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa, zeinak inbertsioak justifikatzeko fasean adierazi beharko diren, edo, bestela, diru-laguntza eskatzen denean, efizientzia eta ekonomiaren irizpideetan oinarritua egingo da, eta, proposamen ekonomikorik onenari esleitzen ez bazaio, justifikazio kontuaren memoria ekonomikoan berariaz justifikatu beharko da aukeraketa.
5.– Zeharkako zergak inola ere ez dira gastu finantzagarritzat joko, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere. Fakturan jasanarazitako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ere ez da diruz lagundu daitekeen gastutzat joko.
Esleipenaren ebazpenean agertzen diren kontzeptu finantzagarrietako bakoitzari lotutako laguntzaren zenbatekoak laguntzaren gehienezko mugak dira.
Laguntzen diren azpiegiturak eta ekipamenduak proiektuaren helburuei lotuta egon beharko dira gutxienez hamar urteko epe batez, kontratua amaitzen denetik kontatzen hasita, edo beraien bizitza baliagarria amaitzen den arte, hori hamar urte baino laburragoa bada.
6.– Inola ere ez dira diruz lagunduko eskaria aurkeztu aurretik konprometitu edo gauzatutako inbertsioak eta gastuak, ezta ere laguntzaren hartzaileak esklusiboki erabili behar duen handizkako sarbideari lotuta ez dauden azpiegituretan egindakoak.
8. artikulua.– Laguntzen izaera, prozedura eta mugak.
1.– Agindu honen esparruan eman beharreko diru-laguntzek, industrialdeen lote bakoitzerako lehiaketa bidez esleituta, diru-laguntza ez itzulgarriaren izaera izango dute, eta proiektu bakoitzean (industrialdeen lotea) diruz lagundu daitezkeen gastu eta inbertsioen % 40 izango dira. «Industrialdeen lote» bateko hedapen proiektu bakoitzari puntuazio bat emango zaio, Agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.
2.– Agindu honen babesean ematen diren laguntzak ez dira xede berberarekin ematen diren beste laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuekin bateragarriak, izan horiek edozein Administrazio edo ente publiko edo pribatutakoak, nazionalak, Europar Batasunekoak edo nazioarteko beste erakunde batzuetakoak.
9. artikulua.– Eskabideak eta gainerako dokumentazioa aurkeztea.
1.– Erakunde eskatzaile bakoitzari eskari bat baino ez zaio onartuko (II. eranskina). Erakundeak hainbat proiektutarako interesa badu, nahi duen industrialdeen lote bakoitzerako artikulu honetako 6. eta 7. paragrafoetan adierazitako dokumentazioa gehitu beharko du. Eskariak aurkezteko epea Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, 09:00etan, eta 2016ko urriaren 3an amaituko da, 12:00etan.
2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta Agindu honetan inplikaturiko gainerako gestioak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Elektronikoaren 21/2012 Dekretuaren, otsailaren 21ekoaren, arabera (EHAA 50, 2012ko martxoaren 9koa).
3.– Eskabidea jaso eta bete ondoren adierazten den helbide elektronikoan baino ezingo da egin:
http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/es/ (gaztelania)
http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/eu/ (euskara)
Kanal elektronikoaren bitartez tramitatzeko zehaztapenak, eta eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak aipatu helbide elektronikoa daude eskuragarri.
4.– Betetako eskabideak, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura egiaztatuaz gain, artikulu honetan aipatzen den euskarriko dokumentazioa ere izango du, Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuan, otsailaren 21ekoan, ezarritako terminoetan.
5.– Laguntzaren eskabidea, exijitutako dokumentazioarekin batera, hautatzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, laguntzen eskaritik ondorioztatutako ekintzetan, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 10/1982 Oinarrizko Legean, azaroaren 24koan, ezarritakoaren arabera.
6.– Eskabidean (II. eranskina) sartuko dira:
– enpresaren izena eta tamaina.
– proiektuaren deskribapena, hasierako eta amaierako datak barne.
– proiektuaren kokapena.
– proiektuaren kostuen zerrenda.
– eskari mota eta proiekturako beharrezko finantzaketa publikoaren zenbatekoa.
7.– Eskabidea enpresaren legezko ordezkariaren ahalorde notarialaren kopiekin eta enpresaren IFZrekin batera aurkeztu beharko da, eta dokumentazio hau gehituko da:
a) Erakundearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena bertan agertzen den informazioaren egiazkotasunari buruz, bertan zehaztuko delarik:
– Erakunde eskatzailea ez dago penalki edo administratiboki zigortuta diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin.
– Erakundeak ez dihardu armak ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko 14/2007 Legean, abenduaren 28koan, ezarritakoaren arabera.
– Erakundeak konpromisoa hartzen du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko 4/2005 Legeak Administrazioarekin kontratuak edo hitzarmenak egiten edo diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak bere gain hartzeko.
– Erakundea ez dago Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondoren berreskuratzeko agindu baten menpe, zeinak diru-laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazten duen, eta ez da krisian dagoen enpresa, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko laguntza estatalei buruzko Direktiben definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).
Eskatzaileak lehen aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean sartutako daturen bat faltsutzen badu, indarrean dagoen zigor erregimena ezarriko zaio, izan penala zein administratiboa.
b) Operadorearen izaera: eskatzailea behar bezala gaitutako operadorearen izaera duelako egiaztagiria gehitu beharko da, hau da, Operadoreen Erregistroan izena emanda egotearen egiaztagiria, Telekomunikazioen 9/2014 Lege Orokorraren, maiatzaren 9koaren, 7 artikuluan araututakoaren arabera.
c) Aurkeztutako proiektu bakoitzaren memoria berezitua, Industrialdeen Lote bakoitzeko, hauek sartuz:
– Jardueraren xedea den gunearen muga geografikoen mapa, industrialdea dagoeneko populazio entitate bereziaren edo berezien INE 2013 kodea adieraziz (11 digituko kodea, zeinean populazio nukleoak eta eskualde sakabanatuak bereizten diren).
– Hedapenaren xede den industrialdearen karakterizazioa: metro koadroak guztira, okupatutako metro koadroak, gaur egun bertan kokatuta dauden enpresen kopurua, bertan enplegatuta dauden pertsonen kopurua.
– Interneteko sarbide emateko hedatuko den soluzio teknologikoaren deskribapena. Eskaintza ekonomikoaren (hileko kostua) eta teknikoaren (kargatzeko/deskargatzeko bermatutako abiadurak) ezaugarrien deskribapena amaierako bezeroarentzat.
– Industrialdean dauden enpresentzako Interneteko sarbidearen baldintza teknikoen eta ekonomikoen benetako egoera, jarduera egin aurretik.
– Laguntzaren xede den industrialdearen negozio plana eta bideragarritasun ekonomikoa/finantzarioa. 3-5 urtean bezeroengandik espero diren sarrerak, inbertsioa egiteko behar diren inbertsioen eta gastuen arabera.
– Exekuzio plana:
• Faseen edo mugarrien identifikazioa. Jardueren eta erabiliko diren baliabideen xehetasunak,
• Beharrezko gastuen eta inbertsioena aurrekontu xehatua: 1. Azpiegiturak eta obra zibila, 2. Ekipamendua eta beste material batzuk, 3. Pertsonal gastuak eta 4. Proiektuari egotzi dakizkiokeen beste kostu orokor edo zeharkakoak.
– Proiektuaren ustiapen eta komunikazio plana: elkarturiko arriskuen identifikazioa eta kudeaketa (kontingentziak). Ustiapen komertzialaren hasieraren aurreikuspena. Aurreikusten diren merkaturatze jarduerak.
– Handizkako sarbideko zerbitzuen ezaugarriak.
– Azpiegituren aprobetxamendua. Kostuen aurrezpena, azpiegitura publikoak, propioak edo hirugarren operadoreenak erabiltzeagatik.
– Azpiegitura berriak etorkizunari begira eskaintzen dituen aukeren deskribapena NGA sareetarako sarbidea hurbileko biztanleri entitate berezietara zabaltzeko, eta horien identifikazioa.
8.– Edonola ere, enpresa eskatzaileari behar besteko dokumentazio edo informazio osagarri eskatu ahal izango zaio aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatzeko, eta adierazten da, arau honetan berariaz araututa ez dauden alderdietarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko dela.
9.– Dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoaren esku eta indarrean dauden dokumentuak aurkeztea ez da derrigorrezkoa izango. Kasu horretan, eskabidean jakinaraziko da zein data eta organo edo erakundetan aurkeztu ziren, Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritako terminoetan eta baldintzekin.
10.– Diru-laguntzen eskabideak aurkezteak esan nahi du eskatzailearen baimena dagoela laguntzen kudeatzaileak, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak, zuzenean eskuratu dezan, behar beste aldiz, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen direlako egiaztapena. Halere, eskatzaileak baimena ukatu ahal izango du berariaz, eta orduan aipatu betebeharrak betetzen dituelako egiaztagiria aurkeztu beharko du.
10. artikulua.– Aurkeztutako eskaeren zuzenketa.
Eskaera osorik beteta ez balego edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentaziorik aurkeztuko balitz, erakunde eskatzaileari 10 eguneko epea emango litzaioke eskaera osatzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta aldi berean jakinaraziko litzaioke hori egin ezean eskaera ukatuko litzatekeela eta dagokion ebazpena emango litzatekeela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean ezarritakoaren arabera.
11. artikulua.– Eskaerak ebaluatuko dituen organoa.
1.– Ebaluazio Organoari dagokio, horretarako sortu baita, aurkeztutako eskaerak aztertu, ebaluatu eta baloratzea, baita onarpen proposamenak egitea ere.
2.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendari Aitor Urzelai Inza jauna izango da Ebaluazio Organoko burua. Ebaluazio Organoko kideak izango dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Industri Garapeneko zuzendari Alejandro Lopez Carcamo jauna, zeinak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako kasuetan lehendakariorde jardungo duen; Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapeneko zuzendari Javier Hernando Garcia jauna; Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresa Sustapen eta Ekonomiaren Garapeneko zuzendari Gorka Estebez Mendizabal jauna; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapeneko zuzendari Antton Tomasena Rodriguez jauna; Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren (SPRI) Teknologia eta Berrikuntzako Arloko zuzendari Aitor Cobanera Rodriguez jauna, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailaren Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendaritzako talde teknikoko kidea den Ana Isabel Vitorica Leoz andrea, zeinak idazkari lanak egingo dituen. Ebaluazio Organoaren erabakiak gehiengoz hartuko dira, eta beharrezkoa izango da gutxienez kide guztien kopurua gehi bat egotea bileran.
3.– Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk (SPRI) egingo ditu proposamenak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak, eta berak aurkeztuko ditu lan horiek Ebaluazio Organoan.
4.– Bilerak egiteko, eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, Ebaluazio Organoaren eraketa balioduna izango da lehendakaria eta idazkaria edo, kasua bada, haiek ordezkatzen dituztenak bertan baldin badaude eta beraiekin batera gutxienez gainerako kideetako bat ere baldin badago. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduaren gainean atal honetan aurreikusita ez dagoen guztiari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen II. kapituluko II. Idazpuruan jasotakoa aplikatuko da osagarri gisa.
5.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta ebaluatu ondoren, behin-behineko proposamen bat egingo da eta interesdunei aurkeztuko. Interesdunek, berriz, 10 eguneko epea izango dute proiektuak ezarritako helburuekin hobeto bat etor daitezen irizten dieten alegazioak aurkezteko, behin betiko onarpen proposamenak egiteko.
6.– Behin betiko onarpen proposamenean alderdi hauek jasoko dira, industrialdeen lote bakoitzeko: erakunde onuraduna, finantzatutako proiektua, gauzatzeko epea eta proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa. Ezetz esatea proposatzen bada, ukapenaren arrazoiak azalduko dira.
12. artikulua.– Ebaluazio irizpideak.
Agindu honek ezartzen duenaren arabera, efizientzi indizea formula matematiko honen emaitza da:
– Lote bakoitzaren azpiindizea (industrialdea edo Industrialdeen Elkartea):
A = (lotearen m
B = (Gaur egun kokatuta dauden enpresen kopurua / 100 enpresa) x 0,3 (balio maximoa: 0,3).
C = (Gaur egun dagoen enplegu kopurua / 750 enplegatu) x 0,2 (balio maximoa: 0,2).
D = (Industrialdearen okupazio portzentajea / 80) x 0,2 (balio maximoa: 0,2).
– Industrialde bakoitzaren indizea: (A + B + C + D) x 24.
– Sorta bakoitzaren efizientzia indizea:
(150.000 euro / Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua) x [(A + B + C + D) x 24] (gehienez 24 puntu)
Operadoreek Euskadin identifikatutako 177 industrialde loteetarako aurkezten dituzten proiektuak banan-banan aztertuko dira, proiektu bakoitzari esandako irizpideak aplikatuz industrialdeen lote bakoitzari puntuazio bat emateko (gehienezko puntuazioa, 100 puntu). Industrialde loteen proposamenak puntuazioen arabera antolatu eta gero (puntuazio handienetik txikienera), onarpen proposamenak egingo dira, industrialdeen lotea hartzen duen Lurralde Historiko bakoitzari esleitutako aurrekontua gradualki kontsumituta, Agindu honen 3. artikuluko zenbatekoen arabera. Lurralde Historiko bakoitzerako ezarritako diru baliabideak agortuko balira, 3.210.000 euroko partida komuna erabiltzen hasiko litzateke, industrialde loteen artean sortutako lehentasun hurrenkera errespetatuta beti.
Balorazio fasean ezarritako irizpideetako bakoitzean eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten proiektuek ezingo dute dagokion industrialde lotearen diru-laguntza eskuratu.
13. artikulua.– Diru-laguntza emateko ebazpena.
1.– Aurkeztutako eskaerak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta ebazpena, erakunde interesdunek planteatutako gai guztien gaineko erabakia jasoz, Jaurlaritzaren Kontseiluak eman beharko du, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak aurretik proposatuta.
2.– Ebazpenean gutxienez hauek jasoko dira:
a) Diru-laguntzak emateko proposatzen diren proiektuen zerrenda (Industrialdeen sorta); zerrendarekin batera, bakoitzaren gauzatze epeak eta ematen zaion laguntzaren zenbateko orokorra adieraziko dira.
b) Deialdiaren eskakizunak ez betetzeagatik ukatzea proposatzen diren eskaeren zerrenda. Zerrendarekin batera, ukatzeko proposamenaren oinarrian dauden arrazoiak azalduko dira.
Ebazpenak eranskin bat izango du, erakunde onuradun bakoitzari onartu zaizkion proiektuekin. Eranskinean, halaber, proiektuak gauzatzeko epeak eta espedientearen amaierara arte jarraitu beharreko urratsak eta deskargu fasean entregatu beharko den dokumentazioa jakinaraziko zaizkie erakunde onuradunei.
3.– Prozedura ebazteko eta erakunde interesdunei ebazpena jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasita. Denbora tarte hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek beraien diru-laguntza eskaera ukatutzat jo dezakete, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
4.– Nahi izanez gero, Ebazpena aurkatu ahal izango da Jaurlaritzaren Kontseiluaren aurrean edo zuzenean Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren aurrean. Horretarako hilabete bat egongo da, berariazko ekintza bada, edo hiru hilabete, bestela bada, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 116. eta 117. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
5.– Ebazpena erakunde interesdunei jakinaraziko zaie banan-banan, baina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian erakunde onuradunen, diruz lagundutako proiektuen eta emandako diru-laguntzen zerrenda argitaratuko da.
6.– Agindu honetan jasotako diru-laguntzak ematea onartu eta, kasuan kasu, erakunde onuradunei diru-laguntzak ordaintzeko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan diru-laguntzak itzultzeko edo zigortzeko hasitako edozein prozedura bukatuta egotea, oraindik prozedura horiek izapidetzen ari badira.
14. artikulua.– Proiektuaren justifikazioa eta laguntzen ordainketa.
1.– Proiektua bukatu ondoren, onuradunak 90 egun natural izango ditu diruz lagundutako proiektua gauzatu egin dela justifikatzeko, onartu zaion diru-laguntza eskuratu aurretik.
2.– Likidazioaren eskaerarekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Proiektua gauzatzeari buruzko memoria zehatza.
b) Aukeratu daitezkeen gastuen eta inbertsioen fakturen kopia.
c) Erakunde finantzarioaren ordainagirien kopia.
d) Kontu korrontearen titularra eta zenbakia onuradunari dagozkiola egiaztatzeko erakunde finantzarioak egindako agiriaren kopia.
e) Proiektua justifikatzen duen kontuaren auditori txostena; txostenak dioena bat etorri beharko da uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartu duen Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduak, azaroaren 17koak, 72 artikuluan ezarritakoarekin.
3.– Laguntzen ordainketaren aurretik, Erakunde onuradunak Sailaren eta Sociedad para la Transformación Competitiva/Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren (SPRI) esku jarriko du Agindu honen 9 artikuluan aipatzen den erantzukizunezko adierazpenean agertzen diren datuak egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia.
4.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta Sociedad para la Transformación Competitiva/Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk (SPRI) erakunde onuradunak aurkeztutako datuak egiazkoak direla frogatzeko beharrezkoak diren dokumentu eta informazio guztiak eskatu ahal izango ditu, bai eta diruz lagundutako jarduera osorik egin dela egiaztatzeko dokumentazioa aurkezteko ere.
5.– Laguntza ordaindu aurretik, aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatu ondoren, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak ebazpena emango du, non erakunde onuradunari ordaindu beharko zaion diru kopuru osoa edo partziala adieraziko den, ordainketa horien zenbatekoa justifikatutako inbertsioekiko proportzionala izanik. Diru-laguntza ezingo da ordaindu, onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez baditu edo diru-laguntzaren bat itzultzea dagokiola ebatzi bada eta oraindik itzulketa egin ez badu.
Ordainketa Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, Socade SAk egingo du, Erakunde Laguntzailea den heinean.
15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak eta laguntzak aldatzea.
1.– Laguntza emateko aintzat hartutako baldintzetan aldaketarik gertatzeak, betiere laguntzaren helburua betetzat jotzen bada, edo beste erakunde publiko edo pribatu batek gauza bererako beste diru-laguntza eta laguntza batzuk emateak, edo diruz lagundutako gastuak aurrekontuan jasotakoak baino gutxiago izateak, onarpen ebazpena aldatzea ekar dezakete eta emandako diru-laguntza doitzea ere, hala badagokio.
2.– Salbuespenez, diruz lagundutako jarduera gauzatzeko eta amaitzeko epeari dagokionez, erakunde onuradunarekin zerikusirik ez duten behar bezala justifikatutako arrazoiak badaude, organo kudeatzaileak, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak, epea luzatzea onartu dezake, horretarako espresuki emandako Ebazpenaren bitartez, betiere ezarritako gauzatze epea bukatu aurretik idatziz eskaera egin bada. Luzapena, ordea, ezingo da 3 hilabete baino gehiagokoa izan eta dagokion laguntzaren ordainketan atzerapena ekarriko du.
3.– Jardueren barruan eskaera egin zen unean entregatu zen memorian jasotakoak sartuko dira derrigor, eta organo kudeatzaileak, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak aldaketak egitea baimendu dezake, betiere amaitu aurretik erakunde onuradunak aurretik eskatu eta justifikatu badu eta haien izaera eta lortu nahi diren helburuak galtzen ez badira.
4.– Proiektua garatzen ari denean edo proiektua amaitzen denean zuzendu ezin diren akats teknikoak antzematen badira eta akats horiengatik eskaerarekin batera aurkeztutako proiektuaren azalpen memorian aurreikusitako helburuak lortzerik ez badago, erakunde onuradunak administrazioaren laguntza ematea onartzeko ebazpena aldatu eta laguntza egindako proiektuaren zatira egokitzeko eskatu dezake.
16. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Agindu honetan jasotako araudiaren arabera ematen diren laguntzen ondorioetarako, Erakunde Laguntzaile izendatzen dira Sociedad para la Transformación Competitiva/Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA (SPRI) eta Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, Socade SA, 698/1991 Dekretuak, abenduaren 17koak, eta 1/1997 Legegintzako Dekretuak, azaroaren 11koak, ezartzen dituzten baldintzapean eta Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrak, abenduaren 17koak, 15.etik 46.era bitarteko artikuluetan ezartzen den lankidetza obligazio eta betebeharrarekin eta artikulu horretan eta dagokion Lankidetza Hitzarmenean aipatzen diren zehaztapenekin.
2.– Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk (SPRI), Erakunde Laguntzailea den heinean, zeregin hauek izango ditu:
a) Aurkeztutako proiektuen dokumentazioa aztertzea, bai eta zuzenketak egiteko eskatzea, hala badagokio.
b) Proiektuak ebaluatzea eta ebaluazioa Ebaluazio Organoari igortzea.
c) Laguntzak proposatzea eta proposamena Ebaluazio Organoari igortzea.
d) Proiektuak gauzatu direla egiaztatzeko ikuskapenak egitea.
e) Proiektua gauzatzearekin zerikusia duten intzidentziengatik arau hausteen espedienteari hasiera ematea proposatzea, hala badagokio.
3.– Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, Socade SAk, Erakunde Laguntzailea den heinean, zeregin hauek izango ditu:
a) Enpresa onuradunei ordaintzeko agindua ematea.
b) Itzuli beharreko zenbatekoak eta, kasuan kasu, zenbateko horiei dagozkien interesak jasotzea, eta horiek denak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari bueltatzea.
c) Programaren funtsen kontrol finantzarioa.
d) Kontuaren mugimenduen kontabilitate berezia garatzea (sarrerak eta gastuak).
e) Aldian-aldian Sociedad para la Transformación Competitiva/Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAri (SPRI) eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailari jakinarazpenak egitea.
17. artikulua.– Arau hausteak.
1.– Enpresa onuradunak Agindu honetan eta ezargarri diren gainerako arauetan ezarritako baldintzetakoren bat eta diru-laguntzen eskariak onartzeko ebazpenean, kasuan kasu, emandako baldintzetakoren bat hautsiko balu, Jaurlaritzaren Kontseiluak, arau haustearen espedientea ireki ondoren eta interesdunari espedientean entzuna izateko aukera eman ondoren, laguntzarako eskubidea galdu duela adieraziko du eta, kasuan kasu, jasotako diru-laguntzen zenbateko nagusia Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, Socade SAri itzultzera behartuta daudela, horretarako bi hilabeteko epea emanez. Diru-laguntza itzultzea egokituko balitzaio, diru-laguntzen alorrean aplikagarriak diren berandutze interesak ere itzuli beharko lizkioke, hala ezartzen baitute 1/1997 Legegintzako Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina Onartzen duenak; 698/1991 Dekretuak, abenduaren 17koak; eta Diru-laguntzei buruzko 38/2003 lege orokorrak, azaroaren 17koak, eta bere garapen arauek. Esandako kopuruak diru sarrera publikotzat hartuko dira dagozkion lege ondorioetarako.
2.– Jasotako dirua eta diru-laguntzen alorrean aplikagarria den berandutze interesa itzultzea ere egokituko da Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrak, azaroaren 17koak, 37. Artikuluan eta Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuak, uztailaren 21ekoak, 91.etik 93.era arteko artikuluetan aurreikusitako kasuetan.
3.– Arau haustearen espedienteari hasiera ematea Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari egokituko zaio, eta Sociedad para la Transformación Competitiva/Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk (SPRI) proposatuta egin ahal izango da, proiektua gauzatzeari lotutako intzidentziengatik.
18. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte beti:
1.– Eman zaien laguntza onartzea. Zentzu horretan, laguntza onartu zaion jakinarazpena jaso eta hamabost egun igaro ondoren enpresa onuradunek laguntzari berariaz uko egiten diotela idatziz adierazten ez badute, laguntza onartutzat joko da.
2.– Laguntza eman zaion helbururako erabiltzea.
3.– Ekindako lanak osorik onartzen den unetik gutxienez hamar urteko epean laguntzaren helburu izan den sarea jardunean egotea, haien ardura izanik instalatutako azpiegitura eta ekipamendu osoa egoki ustiatzea eta zaintzea.
4.– Komunikazio elektronikoen gainerako operadoreei sarbide osoa eta ez diskriminatzailea ematea, diruz lagundutako sarearen gaineko informazioa eta sarean eskainitako handizkako zerbitzuak eskuratzeko.
5.– Agindutako proiektua betetzea eta bete dela justifikatzea.
6.– Kontabilitate sistema bereizia edukitzea edo kontabilitateko kode bereizi bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzioak egoki jasotzeko, 1305/2013 Erregelamenduan (CE), 66.1.c.i) artikuluan, ezartzen duena betetzeko. Era berean, kontabilitateko liburuak, bideratutako erregistroak eta gainerako dokumentuak eduki beharko dituzte, onuradunari aplikagarri zaizkion legeek eskatzen duten baldintzetan, baita fakturak eta egiaztagiri moduan balio duten gainerako ordain agiriak eta gastuen ordainagiriak ere. Dokumentu sorta hori emandako diru-laguntza justifikatzeko euskarria da, eta bermatzen du onuradunen kontabilitatean egoki jasoko direla.
7.– Administrazioak eta Erakunde Laguntzaileek proiektuaren garapenaren eta gauzatzearen gainean egoki iritzitako egiaztapenak egin ahal izateko eskatzen zaion edozein informazio osagarria bidaltzea, eta Batzordeak 2014ko uztailaren 17an emandako 809/2014 Erregelamenduak (EB), Europako Parlamentuak eta Kontseiluak kudeaketa eta kontrol sistema integratuaren gainean emandako 1306/2013 Erregelamendua (UE) aplikatzeko xedapenak ezartzen dituenak, xedatzen duena aplikatzeko erkidegoko araudian aurreikusten diren administrazioaren kontrolak, tokian tokiko kontrolak eta ondorengo kontrolak egitea.
8.– Administrazioak eta Erakunde Laguntzaileek proiektuaren garapenari eta gauzatzeari lotuta egoki irizten dieten egiaztapenak egin ahal izateko eskatzen zaion informazio osagarri guztia bidaltzea.
9.– Inbertsio proiektuarekin zerikusia duten behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eskura edukitzea 5 urtean.
10.– Kontrol Ekonomikorako Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren esku jartzea bere eginkizunak gauzatzean Agindu honen kontura jasotako laguntzaren gainean eskatzen zaion informazioa.
11.– Beste edozein Administraziori edo Erakunde publiko nahiz pribaturi helburu bererako edo antzeko helbururako beste diru-laguntza edo laguntzarik eskatu bazaio edo haiengandik dirurik edo bitartekorik eskuratu bada edo diru-laguntza onartzeko justifikazio gisa balio izan duen baldintzaren bat aldatu bada, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari horren berri ematea.
12.– Otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren gainekoak, administrazioarekin kontratuak edo hitzarmenak egin edo administrazioarengandik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak bere gain hartzea. Betebehar horietako bat da tratu berdintasuna, aukera berdintasuna eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunekiko errespetua irizpidetzat hartzea.
13.– Jasotako finantzaketaren izaera publikoaren gainean publizitate egokia egitea.
14.– 1/1997 Legegintzako Dekretuaren, azaroaren 11koaren, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina Onartzen duenaren 50.2 artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta bere garapen arauetan aurreikusitakoaren arabera eskatu ahal zaion beste edozein betebeharra.