EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2016144

AGINDUA, 2016ko uztailaren 12koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez espezializazio adimenduneko RIS3 Euskadi estrategiako biozientziak-osasuna lehentasunari lotutako ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzen deialdia egiten baita.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2016-07-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201603397
Maila: Agindua
Osasun Sailaren eskumenetako bat da osasun-zientzien alorrean ikerketa-jarduerak sustatzea eta planifikatzea, Euskadiko osasun-sistema etengabe garatu eta hobetzeko funtsezko elementua baita hori. Horri dagokionez, Euskadiko osasun-sistematzat hartuko da Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 5. artikuluan zehazten dena.
Apirilaren 25eko 14/1986 Legeak, Osasunari buruzkoak, ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzkoak, uztailaren 3ko 14/2007 Legeak, Ikerketa Biomedikoari buruzkoak eta ekainaren 1eko 14/2011 Legeak, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzkoak, ikerketa sanitarioa sustatzeko erreferentzia-esparru bateratu bat eskaintzen dute, eta era eraginkorragoan funtzionatzeko baldintzak ezartzen dituzte.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana 2020 –«PCTI 2020. Una estrategia de especialización inteligente. Research & Innovation Smart Specialisation Strategy - RIS3»– Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia, teknologia eta berrikuntzako sistemarako egungo esparrua dugu, eta haren misioa da euskal gizartean ongizatea, hazkunde ekonomiko jasangarria eta enplegua hobetzea, espezializazio adimentsuan eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren eraginkortasunaren hobekuntzan oinarritutako ikerketa eta berrikuntza politika baten bidez.
RIS3 Euskadi estrategian lehentasunezko hiru arlo identifikatu dira, eta horien artean dago arlo biosanitarioa, biozientziak-osasuna bikote gisa identifikatua. Osasun Sailak, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzaren bidez, ikerketa eta berrikuntza sustatzea proposatzen du esparru estrategiko komun horren barruan, eta Osasun aroko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategiaren (2020) bidez laguntzen dio horri.
Osasun aroko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategiaren (2020) helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan biozientziak-osasuna arloaren garapena sendotzen laguntzea; horretarako, I+G+b jarduerak instituzionalizatuko dira osasun-sisteman eta enpresekiko eta beste eragile batzuekiko elkarreraginak bideratuko dira, osasunean eta balio-sorkuntzan emaitzak hobetzeko.
Deialdi hau Osasun aroko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia (2020) horren barruan sartzen da, baita PCTI 2020 eta RIS3 Euskadi estrategian ere, eta ardatz estrategikoetariko birekin dago lotuta. Eraginaren Ardatza dago batetik, zeinaren helburua baita I+G+b jardueren eragina handitzea, herritarren osasuna hobetzeko eta aberastasuna sortzen laguntzeko; eta, bestetik, Baliabideen Ardatza dago, zeinaren helburua baita osasunaren alorrean ikerkuntzaren eta berrikuntzaren finantziazioa hobetzea, bai barneko eta bai kanpoko baliabideen bitartez.
Agindu honetan araututako jarduerek, beraz, helburu bikoitza daukate; hau da, herritarren osasuna eta ongizatea hobetzen laguntzea, alde batetik, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen sozioekonomikoari laguntzea, bestetik, arlo biosanitarioan jakintza sortzen, zabaltzen eta/edo aplikatzen lagunduz, traslazio- eta lankidetza-ikuspegidun ikerketa-proiektuen bidez.
Laguntza-deialdi honetako lehentasunezko arloak deskubrimendu ekintzaileko prozesua delakoaren barruan sartzen dira; prozesu hori Euskadi RIS3 estrategiaren barruan biozientziak-osasuna esparrua garatzeko ezarri da, eta eragile sanitarioek, zientifiko-teknologikoek, enpresarialek eta sozialek hartzen dute parte bertan. Apurka-apurka lehentasunezko arloak eta beste ekimen estrategiko batzuk ezarriz, prozesu patologikoei eta prozesu horien prebentzioari, detekzioari eta tratamenduari buruzko jakintza eta jakintza horren aplikazioa sustatu nahi da; horretarako, besteak beste, medikuntza pertsonalizatua erabiliko da, bai eta teknologia berrien garapena eta aplikazioa ere, ikuspegi traslazional batetik, ikerketako emaitzak pazienteengan aplikatu ahal izateko.
Osasun Sailaren zuzendaritza kontseiluak onartutako 2016ko Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago deialdi hau (Osasuneko sailburuaren 2016ko apirilaren 11ko Agindua, 2016ko maiatzaren 10eko Aginduaren bidez aldatua), eta bertan jasotzen denez, prestakuntza eta berrikuntza dira diru-laguntzen jarduera-eremu handienetakoa.
Kontuan hartu da hori guztia, bai eta honako arau hauek ere: diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra (aurrerantzean, DLO) eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaz onartutako lege horren Erregelamendua (DEO), aplikatzeko oinarrizkotzat jotzen diren manuei dagokienez; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 1998ko urtarrilaren 19koa); Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen berme eta ordainketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, eta oro har aplikatu behar diren gainerako arauak. Beraz, hori dela eta, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da espezializazio adimenduneko RIS3 Euskadi estrategiako biozientziak-osasuna lehentasunari lotutako ikerketa- eta garapen-proiektuetarako diru-laguntzen deialdia egitea eta diru-laguntza horiek ematea, publikotasun-, gardentasun-, lehia-, objektibotasun- eta berdintasun-printzipioen eta diskriminaziorik ezeko printzipioaren arabera.
Deialdi honen ondorioetarako, ikerketa eta garapena jarduera ez-ekonomikotzat hartuko da, eta Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako laguntza estatalei buruz Europako Erkidegoaren esparruan Europar Batasunak ezarritako baldintza bete beharko ditu (2014-06-27ko EBAO, C 198), eta hori guztia Agindu honen 4. artikuluko 4. eta 5. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa 1.410.000 eurokoa da. Baliabide ekonomiko horiek Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horrexetarako ezarri diren aurrekontu-kredituetatik datoz.
3. artikulua.– Emateko prozedura.
Adierazitako laguntzak lehiaketa bidez emango dira. Laguntzak emateko, eskabideak alderatu egingo dira, euren artean lehentasuna ezartzeko. Lehentasuna 12. artikuluan ezarritako balioespen-irizpideei jarraituz ezarriko da, eta laguntzak emango dira harik eta deialdian esleitutako kredituak agortu arte.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak.
1.– Deialdi honen bidez, RIS3 estrategiaren garapenerako lehentasunezko arlo hauen barruan dauden proiektuak finantzatuko dira (biozientziak-osasuna atalean):
a) Medikuntza pertsonalizatua.
b) Gaixotasun arraroak.
c) Osasun digitala eta gailu medikoak.
d) Datuen analisi aurreratua.
I. eranskinean lehentasunezko arlo horien deskribapena jaso da.
2.– Deialdi honek, era berean, ikuspegi traslazionalarekiko ikerketa sustatu nahi du, Euskadiko osasun-sistema eta beste eragile batzuk inplikatuta, eta, beraz, proiektuak finantzatuko ditu honako modalitateetariko batean:
a) Osasun arloko funtsezko ikerketa proiektuak, hainbat erakunderen artean lankidetzan eginak. Horien helburu nagusia izango da ezaguera berriak hartzea fenomeno eta ekintza behagarrien azpian dauden oinarriei buruz eta aurreko atalean aipatutako arloak garatzeko ezaguera-oinarria zabaltzea.
b) Osasun arloko garapen teknologikorako proiektuak, dagoeneko egiaztatuta dauden aurreko esperientzietan oinarrituak, eta balio-katean aurrera egitera eta Euskadiko osasun-sistemaren ikerketa- eta berrikuntza-gaitasunaren eragina areagotzera bideratuak. Osasun-sisteman jatorria izanik, aurretiazko emaitza edo esperientzietan oinarritutako garapen-proiektuak izan daitezke, edo osasun arloko teknologia berritzaileak garatzeko proiektuak, edo teknologia sanitario garatu baten balidazio klinikoa eta/edo teknologikoa behar duten proiektuak izan daitezke.
3.– Urte bat eta hiru urte arteko denbora-tartean gauzatu ahal izango dira ikerketa-proiektuak. Hala ere, deialdi honetako laguntzak urtekoak izango dira eta 2016an egindako jarduerei baino ez zaizkie emango.
4.– Laguntza hauen bidez, jarduera ez-ekonomikoak finantzatuko dira, Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako laguntza estatalei buruz Europako Erkidegoaren esparruan Europar Batasunak ezarritako baldintzekin (2014-06-27ko EBAO, C 198) bat etorriz (19. puntua; ikerketa-organismoen eta ikerketa-azpiegituren jarduera primarioak, eta ezagueren transferentziarako jarduerak).
5.– Beraz, deialdi honetatik kanpo geratzen da jarduera ekonomikoaren finantziazioa. Ondorio horietarako, jarduera ekonomikotzat hartzen da:
a) I+G zerbitzuak eskaintzea eta enpresen kontura egindako I+G.
b) Ikerketa-azpiegituren alokairua.
c) Jarduera ekonomiko guztiak, Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako laguntza estatalei buruz Europako Erkidegoaren esparruan ezartzen baldintzak betetzen ez dituztenak (2014-06-27ko EBAO, C 198).
6.– Aurkeztutako ikerketa-proiektuek Munduko Medikuen Elkartearen Helsinkiko Adierazpenean ezarritako oinarrizko printzipioak (gizakiengan egindako ikerketa medikoetarako printzipio etikoak) eta ikerketa medikoaren arloan indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzak errespetatu beharko dituzte.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea (ZTBES) osatzen duten eragile zientifiko-teknologikoak izan daitezke agindu honetako laguntzen onuradun, baldin eta, laguntzen eskabidea aurkezteko egunean, horretarako akreditatuta badaude ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan, haren xedapen iragankorretan edo hura ordezkatzen duen araudian ezarritakoarekin bat etorriz (109/2015 Dekretuaren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen da).
2.– Publikotasunari dagokionez, eragile horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Eragileen Erregistroan identifikatuta daude, honako helbide hauetan:
Gaztelaniaz:
https://apps.euskadi.eus/aa40paWebPublicaWar/webPublicaJSP/aa40painicio.do?idioma=es
Euskaraz:
https://apps.euskadi.eus/aa40paWebPublicaWar/webPublicaJSP/aa40painicio.do?idioma=eu
3.– Eragileak, onuradun izateko, ZTBESan akreditatuta egon beharko dira agindu honetako laguntzen eskabideak aurkezteko epea hasten den egunean.
4.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 11.1 artikuluan eskatzen denarekin bat etorriz, eragileek, onuradun izateko, agindu honetan ezarritako laguntzak ematea dakarren jarduera egin beharko dute, edo laguntza horiek ematea legitimatzen duen egoeran egon beharko dute.
6. artikulua.– Onuradunen baldintzak.
1.– Aurreko artikuluan aipatutako erakundeak onuradun izan ahalko dira, baldin eta deialdi honetan jasotako betekizunak betetzen badituzte.
2.– Ezin izango dira agindu honetako laguntzen onuradun izan honako egoeraren batean dauden eragileak:
a) Laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izan badira, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren baten kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak (salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu), epailearen esku-hartzearen menpe daudenak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoelarik.
c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragitea.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak honako lege hauetan jasotako kasuren batean badaude: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; abenduaren 26ko 53/1984 Legea (LBK, 1985, 14), administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan (LBK, 1985, 1463 eta LBK, 1986, 192) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.
e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak –indarrean dauden xedapenek ezartzen dituztenak– ez izatea arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik.
f) Paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea egoitza fiskala.
g) Ordaindu gabe izatea diru-laguntzak itzultzeko obligazioak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.
h) Ebazpen irmo baten bitartez galdurik izatea diru-laguntzak jasotzeko aukera, betiere bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin.
3.– Goragoko puntuetan zehaztu diren galarazpenak balioesteari, justifikatzeari, deklaratzeari eta euren helmenari dagokienez, eta, oro har, deialdi honetan onuradunen betekizunei buruz ezartzen ez denari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko 13. artikulua aplikatu da; izan ere, lege hori oinarrizkoa baita.
7. artikulua.– Ikerketa-taldearen betekizunak.
1.– Diruz lagun daitezkeen proiektuetan, Euskadiko osasun-sistemako gutxienez eragile batek parte hartu behar du nahitaez (horri dagokionez, Euskadiko osasun-sistematzat hartuko da Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 5. artikuluan zehazten dena). Gainera, Euskadiko osasun-sistemako eragileen arteko benetako lankidetza ontzat joko da agindu honetako 12. artikuluko 1. eta 2. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz.
2.– Ikertzaile nagusietako bat –proiektu bakoitzean parte hartzen duten eragileetarikoa– proiektuaren koordinatzailea eta Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzarekiko solaskidea izango da, eta, era berean, eskabidea egiteko arduraduna izango da, 9. artikuluan ezartzen den bezala.
3.– Ikertzaile nagusiak, eta baita koordinatzaileak ere, honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Funtzionario-, estatutu- edo kontratu-lotura formalizatuta izatea, gutxienez eskabidea aurkeztu den unetik emakida-ebazpena eman arteko aldian, onuradun den (agindu honetako 5. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz) ZTBESko eragilearekin, proiektua egiteko zentroarekin edo ikertzailearen lotura babesten duen hitzarmen bat indarrean daukaten erakundeekin.
b) Hainbat eragilek lankidetzan egindako osasun arloko funtsezko ikerketa proiektuetarako:
i) Koordinatzaileak proiektu bakar batean jardun ahal izango du koordinatzaile gisa.
ii) Ikertzaile nagusiek gehienez ere bi proiektutan parte hartu ahal izango dute ikertzaile nagusi gisa.
c) Osasun arloko garapen teknologikorako proiektuetarako ez da mugarik ezartzen parte-hartzeari dagokionez.
4.– Ikerketa-taldeko gainontzeko kideek ez dute mugarik izango proiektu desberdinetan parte hartzeko.
8. artikulua.– Finantzatu daitezkeen gastuak.
– Finantzatu daitezkeen gastuak zuzenean lotuta egon beharko dira proiektua gauzatzearekin, eta aldez aurretik sartuta egongo dira eskabidearen memorian.
2.– Honako hauek hartuko dira finantzatu daitezkeen gastutzat:
a) Langileen kostuak (ikertzaileenak, teknikarienak eta ikerketan laguntzen duten gainerako langileenak), betiere proiektuan aritzen diren neurrian.
Halaber, ikerketa-taldeko partaide den osasun-langilea jarduera asistentzialetik libratzeak dakartzan kostuak atal honetan sartzen dira, baldin eta proiektuan jarduteko libratzen bada, eta betiere lanaldiaren % 50 gehienez ere.
Ez dira finantzatzekoak izango funtzionarioen, estatutupeko langileen edo langile lan-kontratudunen kostuak, ZTBESko eragileei lotutakoak –hala EAEko sektore publikokoak nola partaidetza publikoa nagusi den eta sektore publikoan edo inongo administraziotan sartuta ez dauden erakundeetakoak–, baldin eta Eusko Jaurlaritzako beste sailen batek edo beste administrazio publiko batek finantzatzen baditu.
b) Ondasunak eskuratzeko eta zerbitzuak kontratatzeko gastuak. Proiektua egiteko erabili den material inbentariagarria, material suntsigarria eta gastu osagarriak ere sartzen dira, material bibliografikoa eta proiektuen emaitzak hedatu eta transferitzeak dakartzan gastuak. Proiektua gauzatzeko beharrezkoa den heinean eta behar bezala justifikatzen bada, ez da mugarik egongo partida honetan.
Eta berariaz kanpoan geratzen dira altzariak eta instalazioak, kudeaketarako ekipo informatikoak eskuratzea eta bulegoko material orokorra finantzatzea (fotokopiak, tonerra edo telefono-gastuak).
Proiektua garatzeko kanpoko zerbitzuak kontratatzea aurreikusita egonez gero, eskaeraren memorian aipatu beharko da, honako hauek zehaztuta: zerbitzuaren nolakotasuna eta kontratuaren kostua. Azpikontratatu egin ahal izango dira proiektuko jarduerak, diru-laguntza jasotzen duen jardueraren parte direnak, baldin eta diru-laguntzaren onuradun den eragileak berak egin ezin baditu (dena dela, egiaztatu egin beharko da hori proiektuaren memorian). Onuradun bakoitzeko azpikontratatzen den jardueraren kostu osoa ezin izango da onuradun horri dagokion aurrekontu finantzagarriaren % 50 baino handiagoa izan.
Hirugarren batzuekin hitzartutako jarduera diru-laguntzaren % 20 baino handiagoa bada eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratatu ahal izateko honako betekizunak beteko beharko dira:
i) Kontratua idatziz egitea.
ii) Diru-laguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik kontratua egiteko baimena ematea.
c) Bidaia eta joan-etorri gastuak. Kanpo-lanak, koordinazio-bilerek eta kongresuek, hitzaldiek eta halakoek eragindakoak, baldin eta proiektuarekin zuzenean lotuta badaude.
d) Zeharkako kostuak: deialdi honen kargura kontzeptu honetan finantzatzekoak izango dira proiektua gauzatzeko zuzeneko kostuen % 21 gehienez ere.
3.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako erdietsi litekeen beste edozein motatako laguntza edo diru-laguntzarekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako diru-laguntza dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da.
4.– Dena dela, ondorio horietarako, aplikatzekoak izango dira DLOko 29. eta 31. artikuluak eta DEOko 68. eta 83. artikuluak, oinarrizkoak baitira.
9. artikulua.– Eskabideak: dokumentazioa eta non eta zein epetan aurkeztu.
1.– Proiektu bakoitzeko eskabide bakarra aurkeztuko du koordinatzaile gisa jarduten duen eragileak.
2.– Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio eskabideak, eta bide hauetakoren bat erabiliz aurkeztuko dira: zuzenean Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako bideetako bat erabiliz, edo, Herritarrentzako Arreta Bulegoetan (Zuzenean). Eta, gainera, elektronikoki aurkeztu ahal izango dira euskadi.eus egoitza elektronikoan deskribatutako jarraibideak betez, honako helbide hauetan:
Gaztelaniaz:
http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-pkproc01/es/contenidos/ayuda_subvencion/ris3_euskadi_2016/es_def/index.shtml
Euskaraz:
http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-pkproc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/ris3_euskadi_2016/eu_def/index.shtml
3.– Honako dokumentazio hau aurkeztu behar da (laguntza-eskabidea osatzen du):
a) Eskabide-orri normalizatua (II-A eranskina, II-B eranskinarekin batera, memoria ekonomiko orokorra).
b) Ikerketa-proiektuaren memoria, eredu normalizatuan (III-A eranskina), parte hartzen duen eragile bakoitzaren informazioarekin batera (III-B eta III-C eranskinak).
c) Ikertzaile nagusiaren curriculum vitae-a eredu normalizatuan (III-D eranskina), Carlos III. Osasun Institutuko curriculum vitae eredua, edo Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren curriculum vitae eredu normalizatuak.
d) Eragile eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (IV. eranskina).
e) Jarduera betekizun gisa, eta ezaugarriak kontuan hartuta, proiektuek legez ezarritako baimenak eta/edo txosten hauek izan beharko dituzte:
i) Etika-batzorde eskudunak emandako baimena, hala badagokio, eta ikerketa-arloko arauak eta hitzarmenak betetzen direla zaintzen duten kide anitzeko beste organo batzuek emandakoa. Edonola ere, dagokion kide anitzeko organoko lehendakaritzak edo idazkaritzak emango du baimen hori, eta, bertan, akordioa adostu zen bileraren aktaren erreferentzia jasoko da.
ii) Proiektuak giza jatorriko lagin biologikoak behar baditu, Euskal Biobankuaren ziurtagiria eskatu beharko da, eta horrela jasoko da.
Puntu honetan aipatutako dokumentuak eragile onuradunen esku geratuko dira, hartara eragotzi gabe diru-laguntza ematen duen organoak egin ditzakeen egiaztapenak, ezta eskumena duten kontrol-organoek egin ditzaketen egiaztapenak eta kontrolak ere, eta kontrol- eta egiaztapen-jarduera horietan eskatzen zaien informazio guztia emango dute eragile onuradunek.
a), b), c) eta d) agirien txantiloi normalizatuak honako helbide elektroniko honetan eskura daitezke:
Gaztelaniaz:
http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-pkproc01/es/contenidos/ayuda_subvencion/ris3_euskadi_2016/es_def/index.shtml
Euskaraz:
http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-pkproc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/ris3_euskadi_2016/eu_def/index.shtml
4.– Laguntzak eskatzeko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, goizeko 09:00etan, eta 2016ko irailaren 14an bukatuko da eguerdiko 13:00etan.
5.– Eragileek eurek hautatzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduera guztietan, eta prozedura osoan zehar, eragile eskatzaileak hautatu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoa betez.
10. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
Diru-laguntzen eskabideetan daturen bat bete gabe utzi bada, edo ez badira aurkeztu eskatutako agiri guztiak, eragileari hamar eguneko epea emango zaio falta dena osatzeko edo eskatzen diren agiriak eransteko, eta, halaber, jakinaraziko zaio horrela egiten ez badu eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; dena dela, Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatzen denaren arabera.
11. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Balorazio Batzordeak ebaluatu eta hautatuko ditu behar bezala aurkeztutako edo, aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat, dagokion epean zuzendutako eskabideak. Honako hauek osatuko dute Balorazio Batzordea: Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak, zeina presidente izango baita, eta, bokal gisa, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak edo horrek eskuordetutakoak, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak edo horrek eskuordetutakoak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erakunde publikoko Laguntza Sanitarioko zuzendariak edo horrek eskuordetutakoak eta Osasun Saileko I+G laguntzen teknikari arduradunak, zeina idazkari izango baita.
2.– Balorazio Batzordea osatzen duten kideen izenak, titularrenak eta ordezkoenak, euskadi.eus egoitza elektronikoan argitaratuko dira, batzordearen kideak errefusatzeko eskubidea baliatu ahalko dutela bermatzeko interesdunei, bat etorriz betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 29. artikuluan xedatutakoarekin. Honako helbide hauetan ikusi ahal izango da zerrenda hori:
Gaztelaniaz:
http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-pkproc01/es/contenidos/ayuda_subvencion/ris3_euskadi_2016/es_def/index.shtml
Euskaraz:
http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-pkproc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/ris3_euskadi_2016/eu_def/index.shtml
12. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea.
1.– Eskabideak jaso ondoren, dokumentazioa osorik dagoela, Balorazio Batzordeak eskabideen hasierako balorazio bat egingo du, honako irizpide hauek erabiliz (0 eta 5 puntu arteko eskalan baloratuko dira):
a) Espezializazio adimenduneko RIS3 Euskadi estrategiako biozientziak-osasuna lehentasunezko arloetara egokitzea (I. eranskinean identifikatuak) (0-5 puntu).
b) Proposamenak Euskadiko osasun-sistemarentzat duen interesa (0-5 puntu).
c) Parte hartzen duten eragileen osagarritasun-maila (0-5 puntu).
Proiektu batek, ebaluazio-fasera igaro dadin, honako bi baldintzak bete beharko ditu:
a) 0 eta 5 puntu arteko eskala batean, gutxienez hiru puntu lortzea honako irizpide hauetako bakoitzean:
b) Eta puntuzioa, guztira, 11 puntukoa izango da gutxienez.
Lehenengo fase hori gainditzen ez duten eskabideak ez dira ebaluatuko, eta erabaki hori Osasuneko sailburuordearen ebazpenean jasoko da, Balorazio Batzordeak proposatuta, agindu honetako 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
2.– Aukeratu ahal izateko irizpidea gainditzen duten proiektuak, aurreko puntuan deskribatutakoaren arabera, pareka ebaluatuko dira (kanpo ebaluatzaileak), eta, horretarako, honako balorazio irizpideak eta azpi-irizpideak erabiliko dira:
a) Proposamenaren kalitatea eta bideragarritasuna. 25 puntu gehienez:
– Ezarritako helburuen argitasuna eta egokitasuna (0-5 puntu)
– Ideiaren balioa, ikuspegia eta metodologia (0-5 puntu)
– Proiektuak egiten duen ekarpen zientifiko-teknikoa, egungo artearen egoerari dagokionez (0-5 puntu).
– Lan-planaren koherentzia eta eraginkortasuna eta atazen egokitzea eta kalkulatzen den aurrekontua (0-5 puntu).
– Proiektuan inplikatutako taldearen gaitasuna, eta partzuergoaren osagarritasuna eta kalitatea (0-5 puntu)
b) Proiektuen eragina. 25 puntu gehienez:
– Berrikuntzarako eta ezagutza berria integratzeko gaitasuna hobetzea (0-5 puntu).
– Proiektuaren emaitzetatik espero den eragina, osasuna hobetzeari eta/edo Euskadiko osasun-sistemaren funtzionamenduari dagokienez (0-5 puntu).
– Proiektuaren emaitzetatik espero den eragina, biozientziak-osasuna sektorearen garapenari, balioa sortzeari eta Euskadiko aberastasunari egiten dion ekarpenari dagokienez (0-5 puntu).
– Emaitzak ustiatzeko eta zabaltzeko aurreikusten diren neurrien eraginkortasuna (0-5 puntu).
– Ingurumenari buruzko alderdiak eta proiektuan genero-ikuspegia sartzea (0-5 puntu).
Pareka egindako ebaluazioan gutxienez 25 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ez dira finantzatzeko moduko proiektutzat hartuko, eta erabaki hori Osasuneko sailburuordearen ebazpenean jasoko da, Balorazio Batzordeak proposatuta, agindu honetako 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
13. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.
Balorazio Batzordeak laguntzen zenbatekoa ezarriko du, honako hauek kontuan hartuta: pareka egindako ebaluazioan lortutako puntuazioa 12.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, dauden baliabide ekonomikoak, eta proiektu bakoitzean aurkeztutako aurrekontua eta aurrekontu hori lortu nahi diren helburuetara egokitzen den.
Lehentasunezko arlo guztiek gutxienez diruz laguntzeko moduko proiektu bat izatea nahi da, baldin eta ebaluazioan lortutako puntuazioa gainontzeko proiektuetan lortako gehieneko puntuazioaren % 75 bada gutxienez.
Laguntzaren zenbatekoa ebaluazioan lortutako puntuazioaren arabera esleituko da, proportzionalki, ebaluazioan emaitzarik onenak lortu dituzten proiektuetatik hasita, eta, horrela, aurreikusitako baliabide ekonomikoak agortu arte.
Emandako laguntzek eskatutako zenbatekoa osorik edo partez estali ahal izango dute, baina, edozein modutan, baterako finantzaketa kontuan hartuz, ezin izango da inolaz ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu erreala.
14. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua, publizitate-prozedura eta laguntza onartzea.
1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta Osasuneko sailburuari dagokio, Balorazio Batzordearen proposamena kontuan hartuta, prozedura hori ebaztea, eragile eskatzaileek proposatutako gai guztiekin batera.
2.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da; horretarako epea, gehienez ere, bost hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpenik argitaratu ez bada, eragile eskatzaileek euren eskabidea ezetsitzat jo dezakete, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
3.– Ebazpenean erabakiko da eskatutako diru-laguntzak ematen diren edo ukatzen diren. Ematen badira, honako hauek zehaztuko dira: eragile onuraduna, diruz lagundutako proiektua eta emandako diru-zenbatekoa. Laguntzak ukatzen badira, berriz, zergatik ukatu diren adierazi beharko da.
4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 15 eguneko epean, eragileek berariaz uko egin ahal izango diote laguntzari. Uko egiten dela adierazi ezean, deialdiaren ondorioetarako, laguntza onartu dela ulertuko da.
5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, horren aurka, eragile interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Osasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita.
15. artikulua.– Eragile onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzak jasotzen dituzten eragile onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
1.– Diru-laguntza eman den xede eta kontzeptuetarako erabiltzea.
2.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren egitekoak betetzeko, deialdi honetako diru-laguntzen inguruan eskatzen dituzten argibideak ematea.
3.– Eskabidea egiteko orduan kontuan hartutako datu edo inguruabarretan edozein aldaketa gertatuz gero, ahal bezain laster jakinaraztea Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari.
4.– Eragile koordinatzaileak eskabidean adierazitakoaren gainean aldaketaren bat egin nahi badu, aurrez baimena eskatu beharko dio Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari, eta horretarako arrazoiak eman. Deialdi honen ondorioetarako, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzeak ez dira aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badute.
5.– Halaber, onuradunek neurriak hartu beharko dituzte diruz lagundutako jardueren finantzaketaren izaera publikoaren zabalkundea egiteko, eta, orobat, kontabilitate-liburuak, eginbidetutako erregistratzeak eta gainontzeko dokumentuak –behar bezala auditutakoak– eramateari dagokionez, bat etorriz merkataritzako eta, egoki bada, sektoreko legeriak exijitutako zehaztapenekin eta bai Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako gainontzeko betekizunekin ere; izan ere, lege hori oinarrizkoa baita.
16. artikulua.– Laguntzak ordaintzea eta kudeatzea.
1.– Laguntzak ordainduko dira 2016an (justifikaziorako adierazitako egunera arte) gauzatutako jardueren justifikazioa ematean, 17. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
2.– Eragile onuradunak ikusiko balu, justifikatutako arrazoiengatik, ezin duela finantzaturiko ikerketa-proiektua burutu, ahalik azkarren jakinarazi beharko dio Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari, eta proiektuaren garapen zientifikoaren egoerari buruzko txostena eta balantze ekonomikoa ere aurkeztu beharko dizkio.
3.– Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak, espedientea aztertu ondoren, Osasun sailburuordeari proposatuko dio dagokion laguntzaren kitapena egiteko erabakia har dezala, eta zehatz dezala zer kopuru itzuli behar den, hala egin behar bada.
4.– Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak, komenigarria dela uste badu, proiektuari jarraipen hobea egiten lagunduko duen informazio osagarria aurkezteko eska dezake.
17. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.
1.– Laguntzak jaso dituen eragile onuradunak jasotako diru-laguntza zertan gastatu duen justifikatu beharko du, eta, horretarako, honako agiri hauek helarazi beharko dizkio Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari, 2016ko abenduaren 16ko 13:00 baino lehen:
a) Justifikazio memoria zientifiko bat, V-A eranskinean azaltzen den eskemari jarraituz egindakoa. Memoria zientifiko horretan, proiektua nola dagoen deskribatuko da, egindako jardueren deskribapena egingo da eta baita betearazpen ekonomikoari buruzko laburpena ere. Memoria proiektuaren koordinatzaileak sinatuko du.
b) Parte hartzen duen eragile bakoitzaren justifikazio memoria ekonomikoa (Excel), eragile onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak sinatua (V-B eranskina). Memoria ekonomikoarekin batera, fakturen kopiak aurkeztuko dira, eta, hala badagokio, ikertzaileek proiektuan sartutako orduen kostuaren ziurtagiria, 2016an egindako gastuak –azaroaren 30era arte– agiri bidez egiaztatzeko. Jatorrizko fakturak eragile onuradunean artxibatu beharko dira, gehienez ere bost urtean, goian adierazitako justifikazio-epetik kontatzen hasita, eta eskuragarri egongo dira Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak egiten duen edozein egiaztapenerako.
2.– Aurreko puntuetan aurreikusi gabekoari dagokionez, diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa bete beharko da; izan ere, lege hori oinarrizkoa baita.
18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako edozein baldintza aldatzen bada –betiere, laguntzaren xedea beteta–, eta beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik beste diru-laguntzaren bat aldi berean jasotzen bada, laguntzaren zenbatekoa aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak izango du zenbatekoa murrizteko espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasun sailburuordeak horren gaineko ebazpena ematekoa.
2.– Proiektuaren garapen-prozesuan, gastu jakin batzuetara bideraturiko zenbateko partzial batzuetan aldaketak egitea beharrezko iritziz gero –betiere, laguntzaren guztizkoa gainditu gabe–, aldez aurretik, proiektuko ikertzaile nagusiak idatziz egin beharko du eskabidea, horretarako arrazoiak emanez, eta eragile onuradunaren legezko arduradunaren oniritziarekin.
Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari zuzenduko zaio eskabidea.
3.– Proiektuaren amaiera atzeratzen bada –eragile onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez duten eta behar bezala justifikatzen diren arrazoiengatik–, eta hasiera batean proiektua garatzeko ezarritako epea bukatu baino lehen idatziz eskatzen bada –zenbateko luzapena eskatzen den zehaztuta–, Osasuneko sailburuordeak proiektua amaitzeko epea luzatu ahal izango du. Deialdi honen ondorioetarako, 15. artikuluaren 4. zenbakian xedatutakoaren arabera, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzea ez da aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badu.
19. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.
1.– Ez-betetzea eragingo duten kasuak izango dira honako hauek, eta jasotako diru-laguntzak itzuli beharra ekarriko dute:
a) Emateko ebazpenaren baliorik eza, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.
b) Laguntza lortzea hartarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz.
c) Osorik edo partez ez betetzea ez helburua, ez jarduera ezta proiektua ere, edo ez hartzea diru-laguntza eman izanaren oinarrian dagoen jarrera.
d) DLOren 37. artikuluan ezarritako gainontzekoak.
2.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren sistema arautzen duena), ez-betetzea dagoen kasuetan, laguntza eskuratzeko eskubidea galdu eta, hala badagokio, jasotako diru-zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola ezarriko da, prozedurazko izapideak egin ondoren, egoki izan daitezkeen gainerako ekintzak eragotzi gabe.
Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat joko dira ondorio guztietarako. Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak izango du ez-betetzeagatiko espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasuneko sailburuordeak hori ebaztekoa.
3.– Ez-betetzea dela-eta laguntza itzuli behar izanez gero, laguntza jaso duen eragile onuraduna izango da erantzule Osasun Sailaren aurrean.
4.– Aurreko puntuetan aurreikusi gabekoari dagokionez, diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa bete beharko da; izan ere, lege hori oinarrizkoa baita.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honetan aurreikusi ez den guztirako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean idatzita dagoen bezala) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren Erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoan), oinarrizkotzat jotako manuen aplikazioari dagokionez.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 12a.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.
I. ERANSKINA
LEHENTASUNEZKO ARLOAK
II-A ERANSKINA
ESKABIDE-INPRIMAKIA
II-B ERANSKINA
MEMORIA EKONOMIKO OROKORRA
III-A ERANSKINA
PROIEKTUAREN MEMORIA
III-B ERANSKINA
ERAGILE ESKATZAILEAREN IKERKETA-TALDEA
III-C ERANSKINA
ERAGILE ESKATZAILEAREN MEMORIA EKONOMIKOA
III-D ERANSKINA
IKERTZAILE NAGUSIAREN CURRICULUM VITAE NORMALIZATUA
IV. ERANSKINA
ERAGILE ESKATZAILEAREN ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
V. ERANSKINA
JUSTIFIKAZIO MEMORIA ZIENTIFIKOA
V-B ERANSKINA
ERAGILE PARTE-HARTZAILEAREN JUSTIFIKAZIO MEMORIA EKONOMIKOA