EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2016141

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 20koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzen duena.

Xedapenaren data: 2016-05-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201603311
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2010/07/12an argitaratutako 2010/03/29ko AGINDUA [201003375]

Ikusi eta aztertu da Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzeko eskaeraren espedientea, aurrekari hauek kontuan hartuta:
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Eskaera sartu zen Herri Administrazio eta Justizia Sailean Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzeko, eta, espedientea izapidetu ondoren, nahitaezko txostenak eskatu ziren.
Bigarrena.– Osasun Sailaren eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostenak jaso ondoren, 2015eko urriaren 16ko idazki baten bidez, Herri Administrazio eta Justizia Sailak elkargoari eskatu zion atzemandako akatsak zuzentzeko; elkargoak dokumentazioa igorri zuen eta, 2016ko maiatzaren 16an jaso zuten Herri Administrazio eta Justizia Sailean.
Hirugarrena.– Herri Administrazio eta Justizia Saileko Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluan ezartzen denez (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua), profesionalen elkargoen eta tituludun lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa aplikatzea.
Bigarrena.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala xedatuta dago Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 2.1.2 eta 8.1.d) artikuluetan.
Hirugarrena.– Betetzen da Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikulua, bai eta profesionalen elkargo eta kontseiluei eta tituludun lanbideen erregistroaren erregelamenduari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 35.5, 6 eta 7, 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoa ere.
Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Onartzea Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialaren Estatutuen aldaketa.
Bigarrena.– Agindua ematea aipatutako elkargo ofizialaren estatutuak agindu honen eranskin gisa argitaratzeko.
Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Agindu horrek administrazio-bidea amaitzen du. Beraren aurka, nahi bada, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, iragarki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epearen barruan, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 20a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
ERANSKINA
GIPUZKOAKO PSIKOLOGIA ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA
I. KAPITULUA
GIPUZKOAKO PSIKOLOGIA ELKARGO OFIZIALAREN IZAERA, HELBURUAK ETA EGINKIZUNAK
1. artikulua.– Izaera.
Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofiziala Legeak babesturiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak onarturiko Eskubide Publikoko Erakundea da, berezko izaera juridikoa eta bere helburuak betetzeko gaitasun osoa duena.
Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofiziala Estatutu hauen bidez arautuko da, lanbidearen jarduera arautzen duten legeei kalterik egin gabe, eta baita onartu daitezkeen Barne Araubideko Araudien bidez ere; araudi horiek ezingo dira estatutu hauetan xedaturikoaren aurkakoak izan.
2. artikulua.– Printzipio osagarriak, lurralde-eremua eta ikurra.
Elkargoko arauen aurrean kide guztien berdintasuna, elkargoko kargu guztien hautagarritasuna, erabakiak gehiengozko sistemaren bitartez hartzea eta legeak errespetatuz aske jardutea dira Elkargoaren egituraren eta funtzionamenduaren printzipio osagarriak.
Elkargoaren lurralde-eremua Gipuzkoako Lurralde Historikoa da, eta bere egoitza Donostiako José Arana kaleko 15. zenbakiko beheko solairuan dago.
Donostian bertan egoitza lekuz aldatzeko, Gobernu Batzordearen aldeko erabakia beharko da. Egoitza hiritik kanpo lekualdatzeko, berriz, Batzorde Orokorraren gehienen erabakia beharko da.
Elkargoaren ikurra «psi» letra grekoan oinarrituriko sinboloa izango da.
3. artikulua.– Helburuak.
Elkargoaren helburua psikologo lanbidea eta elkargokideen interes profesionalak ordezkatzea eta defendatzea da, gizartean dauden interes eta behar orokorrekin bat etorriz.
4. artikulua.– Eginkizunak.
Elkargoak, bere helburuak betetzeko, azaroaren 21eko EAEko 18/1997 Legearen 24. eta 25. artikuluetan zehazturiko hurrengo eginkizunak izango ditu:
a) Psikologoaren lana, bere modu eta espezialitate guztiak barne, dagokion legezko esparruan eta bere eskuduntzaren esparruan antolatzea, zerbitzatzen duen gizartearen onerako eta bere interes orokorren onerako.
b) Jarduera profesionala ikuskatzea, psikologoaren lanean eragina duten legezko xedapenen ezagutza eta betetzea ahalbidetuz, psikologoaren etika profesionala eta arau deontologikoak betearaziz eta elkargokideen zerbitzu profesionalen kalitate-maila egokia bermatuz. Horretarako, Elkargoak psikologoen trebakuntza eta hobekuntza sustatuko du.
c) Elkargokideei beren lana erraztea, enplegu maila handiagoa lortzen eta etengabeko trebakuntza profesionala ematen saiatuz, eta, beharrezkoa denean, Administrazio Publikoekin eta ekimen pribatuarekin lan eginez.
d) Lanbidea Administrazioaren, instituzioen, auzitegien, erakundeen eta partikularren aurrean ordezkatzea eta defendatzea, interes profesionaletan eragina duten auzi guztietan alderdia izateko legitimitatea duelarik; Legeari jarraiki eskaera-eskubidea erabil dezake, eta lanbidea defendatzeko bidezkotzat jotzen dituen lege-aldaketak proposa ditzake.
e) Bere eskuduntzaren eremuan, lanbidea antolatzea, irizpide deontologikoak jarraituz eta partikularren eskubideak errespetatuz burutu dadin; horretarako, maila profesionalean eta elkargo mailan bere diziplinazko ahalmena erabiliko du.
f) Elkargoaren antolamendu eraginkorra bermatzea, espezializaturiko atalen edo batzordeen funtzionamendua bultzatuz, eta hezkuntzaren, kulturaren, laguntzaren eta aurreikuspenen ikuspuntutik elkargoarentzat eta lanbidearentzat interesgarriak diren jarduerak eta zerbitzu komunak sustatuz. Horretarako, beste elkargo edo erakunde batzuekin lan egin ahal izango du.
g) Elkargokideek beren eginkizun profesionalak betetzeagatik edo haiek direla-eta dituzten eskubideen erabilera defendatzea.
h) Elkargokideen artean harmonia eta lankidetza sustatzea, ezagutu daitezkeen lehia desleialeko ekintzak aginpide eskudunari jakinaraziz, Lehia Desleialaren urtarrilaren 10eko 3/1991 Legean aurreikusitakoaren arabera, eta Lehia desleialaren Legeak zigortzen dituen jarrerak daudela adierazten duen ebazpen judizial bat existitzekotan disziplinazko neurriak hartuz. Baita arrazoi profesionalengatik haien artean sortzen diren gatazketan elkargokideak adiskidetzen saiatuz edo arbitrajea eginez ere, eta dagokionean, euren eginkizun profesionalak betetzean sortutako desadostasunak interesdunek eskaturiko laudoaren bitartez konpondu.
i) Intrusismo profesionala galarazteko neurriak hartzea, Gobernu-Batzordeak ezagutzen dituen kasuak Administrazioaren eta justizia-auzitegien aurrean salatuz eta jarraituz.
j) Elkargoko ekonomia administratzea, kargak kuota eta ekarpenen bidez zuzen banatuz, horretarako behar dituen bilketarako eta kudeaketarako ahalmenak erabiliz.
k) Aplikagarriak diren xedapenetan, Foru Arauaren proiektuetan eta jarduera profesionalaren baldintza orokorrei buruzko beste edozein xedapenetan emandako baldintzei buruzko informazioa ematea, beharrezko titulazioa eta beste lanbideekiko bateraezintasunak barne hartuz; halaber, Administrazioak ematen dizkion eginkizun guztiak betetzea, eta harekin eta beste edozein erakunderekin lan egitea, ikerketak, txostenak, estatistikak eta eskatzen dizkioten edo berak erabakitako beste jarduera batzuk eginez.
l) Legezko edo erregelamenduzko xedapenek hori agintzen dutenean, eskuduntza profesionaleko gaietan Administrazio Publikoen kontsulta-batzorde eta erakundeekin lan egitea, ikerketa-planen eraketan parte hartzea eta, eskatzen zaionean, lanbidean aritzea gaitzen duten tituluen lorpena ahalbidetzen duten ikasketak ematen dituzten ikastetxeen antolamendu-arauen txostenak egitea; era berean, psikologo berriei bizitza profesionalean sartzen laguntzeko beharrezko informazioa prestatzea.
m) Auzitegiei gai judizialetan peritu gisa lan egin dezaketen elkargokideen zerrenda ematea, edo Elkargoak berak haiek aukeratzea, dagokionean.
n) Ordainsari profesionalak eztabaidatzen direneko prozedura judizial edo administratiboetan informazioa ematea.
ñ) Gipuzkoako Lurralde Historikoan lanbidea ordezkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko, Estatuko eta nazioarteko organoetan lanbidearen ordezkari gisa parte hartuz.
o) Lanbideari buruzko lege orokor eta bereziak eta lanbide-estatutu hauek bete eta elkargokideei betearaztea, baita bere eskuduntzako gaietan elkargoko organoek hartutako arauak eta erabakiak ere.
p) Probak eta material psikologikoa egokiro banatzen eta erabiltzen direla ziurtatzea.
q) Bitartekaritza sustatu, haren administrazio eta sarbidea erraztuz, bitartekarien izendapena gehituz eta gain honen arau erregulatzaileek momentu bakoitzean aurreikusitako baldintzetan bitartekaritza erakunde bezala eratu ahal izanik.
r) Legezko xedapenek ematen dizkioten edo elkargokideen edo lanbidearen interes profesionalei onura ekartzen dieten beste eginkizun batzuk burutzea.
5. artikulua.– Barne-antolaketa.
Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialak barne-antolamendurako sistema, batzorde-sistema, atal-sistema edo unearen arabera funtzionamenduko premiak hobekien asetzen dituzten beste sistema batzuk ezarriko ditu.
6. artikulua.– Beste erakunde batzuetan parte hartzea.
Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialak Euskadiko Psikologoen Batzordearen eta estatuan eta nazioartean sortzen diren batzordeen osaketan, funtzionamenduan eta helburu eta atribuzioen garapenean parte hartuko du.
II. TITULUA
ELKARGOKIDE EGITEA
I. KAPITULUA
ELKARGOKIDETASUNA LORTZEA, UKATZEA, BATERAEZINA IZATEA ETA GALTZEA
7. artikulua.– Elkargoko kide egitea.
Psikologian lizentziatuek, Filosofia eta Letratan lizentziatuek –Psikologiako atala edo adarra– eta Filosofia eta Hezkuntza-Zientziatan lizentziatuek –Psikologiako atala edo adarra– Elkargora sartzeko eskubidea dute. Legez ezarritako goi-mailako ikasketen tituluen onarpenerako sistema orokorrari jarraiki beren titulu akademikoa aipatutako edozein titulaziorekin homologatu dutenak ere Elkargoan sartu ahal izango dira.
Elkargoan elkargokide aktibo edo ez aktibo eta jubilatu gisa sartu ahal izango da.
Ezinbestez, Psikologian doktorea, Filosofia eta Letretan doktorea –Psikologiako atala edo adarra– edo Filosofia eta Hezkuntza Zientziatan doktorea –Psikologiako atala edo adarra– titulua duten elkargokideak, aldi berean Psikologian lizentziatua, Filosofia eta Letratan lizentziatua –Psikologiako atala edo adarra– edo Filosofia eta Hezkuntza Zientziatan lizentziatua –Psikologiako atala edo adarra– titulua izan gabe, edo beren titulu akademikoa legez ezarritako goi-mailako ikasketen tituluen onarpenerako sistema orokorrari jarraiki aipatutako edozein titulaziorekin homologatu dutenak, elkargokide ez aktiboak izango dira.
Elkargokide izateko, behar den titulazioa izateaz gain, Gobernu Batzordeari eskaera egin beharko zaio, eta dagozkion kuotak ordaindu beharko dira.
8. artikulua.– Elkargoko kide egitea.
Indarrean dagoen araudiak hala xedatzen badu, derrigorrezkoa izango da Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialeko kide izatea. Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialeko kide egingo dira titulazio ofiziala izanik euren helbide profesional bakarra edo nagusia Gipuzkoako lurralde-eremuan dutenak.
9. artikulua.– Ukatzearen arrazoiak.
Elkargoko kide egitea ondoko kasuetan bakarrik ukatu ahal izango da:
a) Behar den titulazioa ez izateagatik.
b) Epai irmo batek edo elkargoko zigor-zehapen batek interesduna lanean aritzeko gaitasungabetu duelako.
Elkargoko kide egiteko, interesdunak dagozkion kuotak ordaindu behar ditu eta, ondoren, probintziako, erkidegoko edo estatuko beste Psikologia Elkargo Ofizial batzuekin zorrik ez duela egiaztatu.
Elkargoko kide egitea ukatzeko erabakiak ez du administrazio-bidea agortzen eta eskatzaileari arrazoiak emanez jakinarazi beharko zaio.
10. artikulua.– Elkargokide izaera galtzea.
Elkargokidetasuna ondoko arrazoiengatik galduko da:
a) Norberak eskatuta, betetzeke dauden eginkizun profesional edo korporatiboei kalterik egin gabe.
b) Elkargoak ezarritako bi kuota, gutxienez, edo beste ekarpen batzuk hiru hilabete baino gehiagoko denboraldian ez ordaintzeagatik, betiere entzunaldiaren ondoren eta Elkargoak ordaintzeko errekerimendu frogagarria egin eta gero, zeinetan hilabete bateko gehieneko luzapen-epea finkatuko baita.
c) Estatutu hauetan xedaturikoari jarraiki ezarritako diziplina-zehapena jasotzeagatik.
Elkargokide bati lanbide-gaitasungabetzea ekarri diezaiokeen delitu batengatiko ahozko epaiketa edo prozesamendua egin zaiola frogagarria denean, Gobernu Batzordeak elkargokidetzea kautelaz etetea erabaki dezake. Erabaki hori ebazpen arrazoitu bidez hartu beharko da, interesdunari entzun eta dagokion espedientea instruitu ondoren.
11. artikulua.– Elkargoan berriro sartzea.
Elkargoan berriro sartzeko, bertan lehenengo aldiz sartzeko finkaturiko arau berberak jarraituko dira, eta eskatzaileak, dagokionean, zigorra bete duela egiaztatu beharko du, zigorra egoztearen arrazoia izan denean. Egoztearen arrazoia kuotak edo ekarpenak ez ordaintzea izan baldin bada, eskatzaileak bere zorra gehi eskaera-datatik metaturiko legezko interesak ordaindu beharko ditu.
12. artikulua.– Ohorezko kideak.
Gobernu Batzordeak beren merezimendu zientifiko, tekniko edo profesionalekin Psikologiaren edo psikologoaren lanbidearen garapenari lagundu dioten pertsonak Elkargoko ohorezko kide izendatu ahal izango ditu, beren titulazioa kontuan izan gabe. Izendapenak ohorezko izaera izango du, erregelamenduzko arauek ezarritako Elkargoko bizitzan eta zerbitzuetan parte hartzeko eskubideei kalterik egin gabe.
II. KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK
13. artikulua.– elkargokideen eskubideak.
a) Elkargokide aktiboen eskubideak ondokoak dira:
1) Bere lanarekin loturiko gai guztietan Elkargoak elkargokideari laguntzea, aholkua ematea eta defendatzea, elkargoaren baliabideen arabera eta arauek ezartzen dituzten baldintzetan.
2) Bere lanarekin loturiko erreklamazio guztietan Elkargoko Gobernu Batzordeak elkargokidea ordezkatzea, hala eskatzen duenean.
3) Elkargoaren zerbitzuak eta baliabideak erabiltzea, arauek ezartzen dituzten baldintzetan.
4) Hautesle eta hautagarri gisa elkargoan deitutako bozketa guztietan parte hartzea, Elkargoko bizitzan gogoz esku hartzea, informazioa jasotzea eta Batzorde Orokorretan hitzarekin eta botoarekin parte hartzea.
5) Sortu daitezkeen Batzorde edo Ataletan parte hartzea.
6) Gobernu Batzordeari iradokizunak, eskaerak eta kexak aurkeztea.
7) Informazio-buletinen, zirkularren eta beharrezko beste edozein baliabideren bitartez erregularki elkargoaren jarduerari buruzko informazioa eta interes profesionala duen informazioa jasotzea.
8) Sortzen diren aurreikuspen-instituzioetan sartzea, arauek ezartzen dituzten baldintzetan.
b) Elkargokide ez aktiboen eskubideak ondokoak dira:
1) Elkargoaren zerbitzuak eta baliabideak erabiltzea, arauek ezartzen dituzten baldintzetan.
2) Hautesle gisa elkargoan deitutako bozketa guztietan parte hartzea, Elkargoko bizitzan gogoz esku hartzea, informazioa jasotzea eta Batzorde Orokorretan hitzarekin eta botoarekin parte hartzea.
3) Sortzen diren Batzorde edo Ataletan parte hartzea, Batzorde Deontologikoan izan ezik.
4) Sortzen diren aurreikuspen-instituzioetan sartzea, arauek ezartzen dituzten baldintzetan.
5) Gobernu Batzordeari iradokizunak, eskaerak eta kexak aurkeztea.
6) Informazio-buletinen, zirkularren eta beharrezko beste edozein baliabideren bitartez erregularki elkargoaren jarduerari buruzko informazioa eta interes profesionala duen informazioa jasotzea.
14. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak.
a) Elkargokide aktiboen betebeharrak ondokoak dira:
1) Lanean etikaz jardutea, eta bereziki Psikologia Elkargo Ofizialak promulgaturiko Psikologoaren Kode Deontologikoan bildutako arau deontologikoak jarraitzea.
2) Arau korporatiboak eta Elkargoaren gobernu-organoek hartutako erabakiak betetzea.
3) Deklarazio profesionalak, kontratuak eta estatutuetako edo erregelamenduzko xedapenei jarraiki eskatzen zaizkien gainerako dokumentu guztiak Elkargoari aurkeztea.
4) Bizileku-aldaketak Elkargoari hogeita hamar egunen buruan jakinaraztea.
5) Ezarritako kuotak eta ekarpenak garaiz ordaintzea.
6) Elkargoko bizitzan gogoz esku hartzea, Batzorde Orokorretan eta beren espezialitateagatik beren bertaratzea eskatzen duten Batzorde edo Ataletan parte hartuz.
7) Bere karguetan arduraz jardutea, eta Elkargoko Gobernu Organoek eman diezazkieketen enkarguak egitea.
8) Beste elkargokideen eskubide profesional edo korporatiboei kalterik ez egitea.
9) Gobernu Batzordearekin lan egitea, eta bereziki, elkargoarentzat interesgarriak diren gaiei buruzko adierazpenak egitea eta informazioa ematea, sekretu profesionalari kalterik egin gabe.
10) Gobernu Batzordeari ezagutzen dituzten intrusismo-ekintza edo arauz kontrako ekintza profesional guztien berri ematea.
11) Lanean aritzeak ekar ditzakeen erantzukizun zibileko arriskuak dagokion aseguruarekin estaltzea. Betebehar hori ez zaie eskatuko hirugarrenen eskubideak dagokion jarduerari aplika daitekeen beste araudi batek bermatzen baldin baditu, edo eskubideok helburu bereko aplikazio orokorreko erabakiek babesten baldin badituzte.
b) Elkargokide ez aktiboen betebeharrak ondokoak dira:
1) Arau korporatiboak eta Elkargoaren Gobernu Organoek hartutako erabakiak betetzea.
2) Bizileku-aldaketak Elkargoari hogeita hamar egunen buruan jakinaraztea.
3) Ezarritako kuotak eta ekarpenak garaiz ordaintzea.
4) Elkargoko bizitzan gogoz esku hartzea, Batzorde Orokorretan eta beren espezialitateagatik beren bertaratzea eskatzen duten Batzorde edo Ataletan parte hartuz.
5) Elkargoko Gobernu Organoek eman diezazkieketen enkarguak egitea.
6) Beste elkargokideen eskubide profesional edo korporatiboei kalterik ez egitea.
7) Gobernu Batzordearekin lan egitea, eta bereziki, elkargoarentzat interesgarriak diren gaiei buruz adierazpenak egitea eta informazioa ematea, sekretu profesionalari kalterik egin gabe.
III. KAPITULUA
LANA ARAUTZEN DUTEN OINARRIZKO PRINTZIPIOAK
15. artikulua.– Erreferentzia-eremua.
Estatutu profesionalak eta berau garatzen duten arauek ezartzen duten konfigurazio arau-emaileari kalterik egin gabe, Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialak bere gain hartzen du Laneko Nazioarteko Erakundearen ebazpenetan xedaturikoa, eta, ondorioz, psikologoak ondoko eginkizunak izango ditu:
Psikologoek gizakiek gizabanako zein talde edo gizarteen kide gisa dituzten prozesu mentalak eta portaera ikertzen eta aztertzen dituzte; ondoren ezagutza horiei buruzko aholkua ematen dute, edo ezagutzok aplikatu egiten dituzte pertsonei gizabanako gisa zein gizartearen, hezkuntzaren eta lanaren ikuspuntutik moldatzen eta garatzen laguntzeko.
Psikologoen eginkizunak honakoak dira:
a) Entsegu psikologikoak sortzea, antolatzea eta egitea pertsonen ezaugarri mentalak, fisikoak eta bestelakoak zehazteko, adimenaren, ahalmenen, gaitasunen eta egokimenen ikuspuntutik, adibidez; emaitzak interpretatzea eta balidatzea eta haien arabera aholkuak ematea.
b) Herentziazko faktoreek, faktore sozial eta profesionalek eta beste faktore batzuek pertsona bakoitzaren pentsamoldean eta portaeran duten eragina aztertzea.
c) Izaera terapeutikoko elkarrizketak edo kontsultarako elkarrizketak egitea eta ondoren laguntza edo orientazioa ematea.
d) Senide, agintaritza, irakasle edo enplegatzaileekin harremanetan jartzea, eta arazoak konpontzeko edo tratatzeko aholkuak ematea.
e) Buruko gaitzak, desoreka emozionalak edo nortasunaren desorekak diagnostikatzeko, tratatzeko eta prebenitzeko faktore psikologikoak aztertzea, eta gaiarekin loturiko profesionalekin hitz egitea.
f) Txosten akademiko edo zientifikoak prestatzea.
g) Antzerako lanak egitea.
h) Beste langile batzuk ikuskatzea.
16. artikulua.– Lanbidean jardutea.
Psikologoaren lanak Elkargoak onartzen duen Psikologoaren Kode Deontologikoan bilduriko arau deontologikoak jarraitu beharko ditu. Kode Deontologikoa horretarako deitutako Batzorde Orokorrak berresten ez duen bitartean, Psikologia Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak onarturiko Kode Deontologikoa aplikatuko da.
17. artikulua.– Lanbidearen jardueraren oinarriak.
Psikologoaren lanaren oinarriak irizpide profesionalaren independentzia, bezeroa egokiro artatzea eta komunitatea zerbitzatzea dira.
Psikologoak sekretu profesionala gordetzeko eskubidea eta betebeharra dauka.
18. artikulua.– Etengabeko prestakuntza.
Psikologoak etengabeko trebakuntza zientifikoa eta teknikoa egin beharko du bere gaitasun profesionala handitzeko. Bere lan, txosten eta diagnostikoetan, hipotesi gisa aurkezten duena eta oinarria duten ondorioak kontu handiz bereizi beharko ditu.
19. artikulua.– Autonomia profesionala.
Psikologoak ezingo du bere autonomia profesionala erasotzen duen lanik edo egungo Psikologiak konpondu ezin dituen arazoekin loturiko lanik onartu.
20. artikulua.– Publizitatea eta lehia desleiala.
Psikologoak bere lana lehia askeko erregimenean egingo du, eta zerbitzuak eskaintzeari eta bere ordaina zehazteari dagokionez lehiaren defentsari, lehia desleialari eta publizitateari buruzko legedia jarraitu beharko du.
Psikologoak bere ezagutzak komunitate profesionalari jakinarazi beharko dizkio, erabilera zientifikoa izan dezaten.
21. artikulua.– Bezeroaren eta/edo erabiltzailearen eskubideak.
Bezeroak eta, dagokionean, haren legezko ordezkariek jarraituko den edozein prozesu edo tratamenduren helburuak eta litezkeen ondorioak ezagutu behar ditu.
Nolanahi ere, psikologoak bezeroaren eta/edo erabiltzailearen autonomia, erabakiak hartzeko duen askatasuna eta bere duintasuna errespetatu behar ditu. Aurkako interes pertsonalak edo instituzionalak daudenean, psikologoa bere lana ahalik eta inpartzialtasun handienaz egiten saiatuko da. Bere zerbitzuak instituzio batean ematen baldin baditu, instituzio horrekin gatazkak izan ditzaketen pertsonak begirunez hartu, errespetatu eta artatu beharko ditu, eta dagokion kasuetan, psikologoa pertsona horien babeslea izango da aginte instituzionalen aurrean.
22. artikulua.– Idatzizko lanak.
Dokumentuen bidez aurkeztu behar diren lan profesional guztiak, hala nola txostenak, irizpenak, diagnostikoak eta antzerakoak, sinatu egin beharko ditu psikologoak, bere elkargokide zenbakia emanez eta bere edukiaren eta egokitasunaren erantzule bihurtuz.
III. TITULUA
GOBERNU-ORGANOAK
23. artikulua.– Ordezkaritza- eta gobernu-organoak.
Elkargoko ordezkaritza-, gobernu- eta administrazio-organoak ondokoak izango dira:
– Batzorde Orokorra.
– Gobernu Batzordea.
Batzorde Orokorra Elkargoko kontrol-organo gorena da, eta Estatutu hauetan xedaturikoari jarraiki, elkargokide guztiek osatzen dute.
Gobernu Batzordea Elkargoaren organo exekutiboa eta ordezkaritza-organoa da.
I. KAPITULUA
BATZORDE OROKORRA
24. artikulua.– Bilera-erregimena.
Batzorde Orokorrak ohiko edo ezohiko bilerak egingo ditu, Dekanoak haietarako deialdia egin ondoren.
Ohiko bilera gutxienez urtean behin egingo da.
Ezohiko bilerak Gobernu Batzordeak eskatuta edo gutxienez elkargokideen % 20k edo jarduleen % 10 ek eskatuta egingo dira.
25. artikulua.– Deialdiak.
Batzorde Orokorraren ohiko bileretarako deialdiak gutxienez bileraren data baino hilabete bat lehenago egingo dira; elkargokideei idatzizko ohar bat emango zaie, lehen eta bigarren deialdien tokia eta ordua eta gai-zerrenda adieraziz.
Lehen deialdian, elkargokideen erdia gehi bat biltzen badira Batzorde Orokorraren osaketa baliozkotzat emango da, eta bigarren deialdian, elkargokideen kopurua kontuan izan gabe bere osaketa baliozkotzat emango da.
Lehen eta bigarren deialdiaren artean gutxienez hogeita hamar minutu pasatu beharko dira.
Ezingo da Gai-Zerrendan ez dagoen gairik eztabaidatu edo adostu, elkargokide guztiak bertaraturik egonik gaia gehiengo erlatiboz presazkotzat izendatzen ez baldin bada.
26. artikulua.– Koordinazioa, aktak eta erabakiak.
Dekanoa Batzorde Orokorraren bileren burua izango da, eta haren inguruan Gobernu Batzordeko beste kideak egongo dira. Dekanoa bileren moderatzailea edo koordinatzailea izango da, hitza emanez edo kenduz eta eztabaidak eta bozketak aginduz.
Batzorde Orokorreko idazkaria Gobernu Batzordeko idazkaria izango da, eta Dekanoaren oniritzia jaso ondoren bileraren akta egingo du.
Emandako botoen gehiengo erlatiboaz hartuko dira erabakiak. Hala ere, ezohiko prestazio ekonomikoak, indarrean dagoen aurrekontuan ez daudenak, alegia, onartzeko, Gobernu Batzordearen edo bere kideetako baten aurkako zentsurazko botoa egiteko, Estatutu hauek aldatzeko eta Batzorde Deontologikoko kideak hautatzeko edo egozteko, emandako botoen bi herenak beharko dira.
27. artikulua.– Eskumenak.
Batzorde Orokorraren eskuduntzak honakoak dira:
a) Dagokionean, aurreko bilerako akta onartzea.
b) Azken ekitaldiko balantze ekonomikoa, hurrengo ekitaldiko aurrekontua eta aurreko urteko Gobernu Batzordearen memoria ezagutzea, eztabaidatzea eta, dagokionean, onartzea.
c) Elkargoaren eskuduntzen eremuan jarraitu beharreko arau orokorrak onartzea.
d) Estatutu hauek onartzea eta aldatzea, ondoren Administrazioaren aurrean bideratzeko.
e) Elkargoko ondasunen inbertsioari buruzko erabakiak hartzea.
f) Kode Deontologiko Profesionala onartzea.
g) Ezohiko prestazioen sortzapena onartzea.
h) Gobernu Batzordearen eta bere kideen aurkako zentsura-mozioak onartzea.
i) Gobernu Batzordeak bere eskutan uzten dituen edo Estatutu hauek ematen dizkioten beste gai guztiak eztabaidatzea eta erabakiak hartzea.
j) Estatutu hauek interpretatzea.
k) Atal Profesionalak sortzea eta haien Araudi orokorra onartzea, Gobernu Batzordeak txostena egin ondoren.
l) Estatutu hauetan aurreikusi gabeko guztia Hauteskunde Araudiarekin onartzea, eta, dagokionean, haren aldaketak ere bai.
m) Gobernu Batzordeak gutxienez agintaldi bakoitzaren hasieran Batzorde Deontologikoko kideak aukeratzeko edo egozteko aurkezten dizkion proposamenak onartzea. Aipatu Batzordearen Araudia ere onartu beharko du.
n) Gobernu Batzordearen erabakien aurka aurkeztutako gorako errekutsoak ebaztea, Estatutu hauetako 102. artikuluan xedaturikoari jarraiki.
ñ) Elkargoaren egoitza Donostiatik kanpora lekualdatzea onestea.
Batzorde Orokorraren eskuduntzek ez diete Euskadiko Psikologoen Batzordearen edo Psikologia Elkargo Ofizialen Batzorde Orokorraren eskuduntzei kalterik egingo.
II. KAPITULUA
GOBERNU-BATZORDEA
28. artikulua.– Gobernu Batzordearen osaketa.
Gobernu Batzordea ondokoek osatuko dute:
a) Dekanoak.
b) Dekanordeak.
c) Idazkariak.
d) Idazkariordeak.
e) Diruzainak.
f) Gutxienez hiru eta gehienez zortzi Batzordekidek.
Gobernu Batzordeko kideak estatutu hauetan ezarritako prozeduraren bidez aukeratuko dira, lau urteko agintaldirako, eta berriz ere aukeratuak ahal izango dira. Edozein arrazoi dela medio, Gobernu-batzordeko kideen herenak baino gehiagok uzten badute kargua, hutsik gelditu diren kargu horiek aukeratzera joko da; agintaldiaren amaiera arteko balioa izango du aukeraketa horrek, eta gutxienez urtebetekoa izan beharko du aldi horrek.
Gobernu Batzordeko kideei ondoko arrazoiengatik emango zaie baja:
1.– Beren agintaldia bukatzeagatik.
2.– Karguan aritzeko ezgaitzen dituen gaixotasun bat izateagatik.
3.– Karguari uko egiteagatik.
4.– Elkargoko lurralde-eremutik kanpo bizitzera joateagatik.
5.– Batzorde Orokorrak beren aurkako zentsura-mozioa onartzeagatik.
6.– Zigorrezko ebazpen irmoa eman delako eta diziplinazko espedientea ireki zaielako.
7.– Elkargoa uzteagatik.
8.– Gobernu Batzordeko bileretara ez joateagatik, ez joatea justifikatu ez denean eta hamabi hilabeteren buruan elkarren segidako bi bileratara edo txandakako hiru bileratara joan ez direnean. Gobernu-batzordeak hartuko du baja emateko erabakia.
29. artikulua.– Gobernu Batzordeko karguen eginkizunak.
Dekanoak Elkargoa beste instantzia batzuen aurrean ordezkatzen du, legeek, araudiak eta elkargoko arauek eman dioten eskubide eta atribuzio guztiekin. Bileretara deitzen du eta haiek moderatzen ditu, aktak sinatzen ditu eta sortzen diren batzordeak koordinatzen ditu; horrez gain, bere eginkizunak hauek dira:
1.– Gobernu Batzordearen buru izatea.
2.– Gai judizialetarako ahalordetza ematea, Gobernu Batzordeak ahalduntzen duenean.
3.– Elkargoko kontu-korronteak banketxe zein aurrezki kutxetan zabaltzea baimentzea, Gobernu Batzordeak horretarako ahalmena eman ondoren.
4.– Diruzainaren proposamenei jarraituz, fondo-mugimenduak baimentzea.
5.– Fidantzak eta gordailuak sortzea eta indargabetzea, Gobernu Batzordeak horretarako ahalmena eman ondoren.
6.– Gobernu Batzordeak ematen dion beste edozein lan egitea.
Dekanordeak Dekanoa ordezkatuko du bera ez dagoenean, gaixorik dagoenean edo bere kargua bete gabe dagoenean, eta Dekanoak ematen dizkion eginkizun guztiak beteko ditu.
Idazkariak ondoko eginkizunak izango ditu:
1.– Batzorde Orokorreko eta Gobernu Batzordeko ohiko eta ezohiko bileretako aktak idaztea eta haien fede ematea.
2.– Elkargoko dokumentazioa eta elkargokideen espedienteak zaintzea.
3.– Dekanoaren oniritzia jaso ondoren, ofiziozko ziurtagiriak edo interesdunak eskaturiko ziurtagiriak egitea.
4.– Jakinarazpenak eta dokumentuak egitea eta izapidetzea, Gobernu Batzordeari eta dagokion organo eskudunari haien berri emanez.
5.– Administrazioko langileak eta elkargoko eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren zerbitzuak zuzentzea, eta administrazio-zerbitzuak materialki antolatzea.
6.– Urteko Elkargo Profesionalen Legean aurreikusitako edukia jasoko duen kudeaketa-memoria idaztea, Batzorde Orokorrean onartua izan dadin.
7.– Dekanoari bere eginkizunetan laguntzea eta maila teknikoan eta sozio-profesionalean egin daitezkeen ekimenak orientatzea.
8.– Idazkarien beste ohiko eginkizun batzuk betetzea.
Idazkariordeak idazkaria ordezkatuko du bera ez dagoenean, gaixorik dagoenean edo bere kargua bete gabe dagoenean. Idazkaria eta idazkariordea ez daudenean, gaixorik daudenean edo beren karguak hutsik daudenean, Gobernu Batzordeak aukeratutako Gobernu Batzordeko kide batek idazkaria ordezkatuko du, eta Gobernu Batzordeak ematen dizkion bere karguarekin loturiko eginkizun guztiak beteko ditu.
Idazkariak bere kudeaketa ohiko legezko liburuetan islatu beharko du, eta fondoak zaintzeaz arduratuko da. Aurrekontuaren gauzatzeaz, ordainketez eta elkargoko kontabilitate orokorraz arduratuko da, eta aldian behin Gobernu Batzordeari haien egoera jakinaraziko dio.
Batzordekideek ondoko eginkizunak izango dituzte:
a) Batzorde Orokorrak, Gobernu Batzordeak edo Dekanoak ematen dizkieten lanak egitea.
b) Gobernu Batzordeko beste kideekin lan egitea, eta haiek ez daudenean, gaixorik daudenean edo beren kargua bete gabe dagoenean, haiek ordezkatzea, Estatutuetan xedaturikoari jarraiki.
c) Gobernu Batzordeak ematen dien beste edozein eginkizun betetzea.
30. artikulua.– Gobernu Batzordea, bilerak eta deialdiak.
Gobernu Batzordea Dekanoak egiten dituen deialdi guztietan bilduko da, Dekanoak berak eskatuta edo gutxienez Gobernu Batzordeko kideen ehuneko hogeik eskatuta. Edonola ere, urtean gutxienez lau aldiz bilduko da.
Deialdiak kide guztiei idatziz jakinaraziko zaizkie, gutxienez bilera egin baino hamar egun lehenago, eta gai-zerrenda adieraziz.
Lehen deialdian, elkargokideen bi herenak bildu direnean Gobernu Batzordearen osaketa baliozkotzat emango da, eta bigarren deialdian, elkargokideen kopurua kontuan izan gabe bere osaketa baliozkotzat emango da. Lehen eta bigarren deialdiaren artean gutxienez hogeita hamar minutu pasa beharko dira.
Ezin izango da gai-zerrendan ez dagoen gairik eztabaidatu edo adostu, Gobernu Batzordeko kide guztiak bertaraturik egonik, gaia gehiengo erlatiboz presazkotzat izendatzen ez baldin bada.
Idazkariak bileren akta egingo du, Dekanoaren oniritzia jaso ondoren.
Erabakiak bertaratutako kideen gehiengo sinplez hartuko dira. Eskuduntzak Batzorde Iraunkorrari eskuordetu ahal izateko gehiengo absolutua beharko da.
31. artikulua.– Gobernu Batzordearen eginkizunak.
Gobernu Batzordearen eskuduntzak ondokoak dira:
a) Elkargoa ordezkatzea.
b) Batzorde Orokorraren erabakiak gauzatzea.
c) Elkargoaren kudeaketa eta administrazioa zuzentzea haren helburuak bete daitezen.
d) Interes profesionala duten gaietan Elkargoaren iritzia ofizialki eta publikoki adieraztea.
e) Interes profesionalak ordezkatzea eta lanbidearen izen ona eta eskubideak botere publikoen aurrean defendatzea.
f) Eskatzen zaizkion azterlanak, txostenak eta irizpenak aurkeztea, Administrazioko organoei eta edozein erakunde publiko zein pribaturi aholkua emanez. Horretarako, Gobernu Batzordeak lan-batzordeak edo aipatu azterlanak eta txostenak egiteko egokiak iritzitako elkargokideak izendatu ahal izango ditu. Ikerlan, txosten eta irizpenen aurkezpena ez da inola ere Elkargoaren parteko psikologo profesioaren berezko zerbitzuen eskaintzan oinarrituko.
g) Erakunde, batzorde, bilera, batzar eta abarretan Elkargoaren ordezkariak izendatzea, hori dagokionean.
h) Ekintzak erabakitzea eta errekurtso administratiboak eta jurisdikzionalak aurkeztea.
i) Interes orokorreko gaiak Batzar Orokorrari aurkeztea, hark eztabaidatu eta erabakia har dezan.
j) Elkargoan sartzeko eta baja emateko prozedurak, kuoten eta beste ekarpen batzuen ordainketak eta elkargokideei ordainsarien kobrantza arauen bidez erregulatzea, baita lanbide-elkarteak erregistroan sartzea ere.
k) Kulturan, lanbidean, laguntzan eta aurreikuspenean oinarrituriko jarduerak eta zerbitzuak elkargokideen eta lanbide-elkarteen mesedetan antolatzea.
l) Elkargoaren kargak eta zerbitzuak sostengatzeko elkargokideek elkargoko kide egiteagatiko eta bestela ordaindu beharreko kuota arruntak Batzar Nagusiari proposatzea, baita lanbide-elkarteak egin beharreko ekarpen ekonomikoak ere, aurrekontua eta urteko balantzea egitea eta Elkargoaren zerbitzu orokorren funtzionamendua antolatu eta zuzentzea.
m) Jakineko eta aparteko premiei erantzuteko elkargokideei eta lanbide-elkarteei aparteko kuotak ezartzea onar dezala eskatzea Batzorde Nagusiari.
n) Profesionalen erroldaz eta beste lanbide-elkargo batzuetako elkargokide aktiboen erregistroaz arduratzea, baita Lanbide Elkarteen Erregistroaz ere, erregistro horiei buruzko informazioa eta horien funtzionamendua zuzena izan daitezen beharrezkoak diren datuak erabiliz.
o) Lanbidearen eta elkargoaren alorrean elkargokide diren psikologoengan diziplina-ahala erabiltzea, baita lanbide-elkarteengan ere, betiere estatutu hauetan ezarritako baldintzetan.
p) Lege, estatutu eta erregelamendu-xedapenak bete eta elkargokideei eta lanbide-elkarteei betearaztea, baita Gobernu Batzordeak berak eta Batzar Nagusiak hartutako erabakiak ere, izan ditzaketen hutsuneak edo akatsak behin-behinean zuzenduz edo interpretatuz.
q) Elkargokideei eta lanbide-elkarteei Elkargoaren jarduerak eta erabakien berri ematea, eta haren kudeaketaren urteko memoria prestatzea.
r) Batzorde Deontologikoko kideen izendapenak edo kargutik kentzeak Batzorde Orokorrari proposatzea, hark onar ditzan.
s) Elkargoaren egoitza lekuz aldatzea onartzea, aldaketa Donostian bertan denean.
t) Kanpoko kontu-ikuskaritzak egitea onartzea, Estatutu hauetako 50. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
32. artikulua.– Gobernu Batzordearen eskuduntza eskuordetuezinak hauek dira:
Gobernu Batzordearen eskuduntza eskuordetuezinak hauek dira:
a) Elkargorako sarrera ukatzearen aurkako berraztertzeko errekurtsoak ebaztea.
b) Psikologia Elkargo Ofizialeko organoen ekintzen edo erabakien aurkako errekurtsoak ebaztea, dagokionean.
c) Ataleko Zuzendaritza Batzordeak proposaturik, Atalen Araudi partikularrak eta haien aldaketak onartzea.
d) Batzar Orokorraren ezohiko bileren deialdia erabakitzea.
e) Gobernu Batzorderako karguen hauteskundeen deialdia egitea, dagokionean.
f) Estatutu hauetako diziplinazko araubidean aurreikusitako zigorrak erabakitzea.
g) Estatutuak onartzeko eta aldatzeko prozedura bultzatzea.
33. artikulua.– Batzorde Iraunkorra.
Gobernu Batzordeak Batzorde Iraunkor gisa jardun ahal izango du; Batzorde Iraunkorra gutxienez dekanoak osatuko du, eta bestela dekanordeak edo idazkariak, edo bestela idazkariordeak eta diruzainak. Batzorde Iraunkorrak Gobernu Batzordeak osorik ematen dizkion eginkizunak beteko ditu, eskuordetuezinak direnak izan ezik.
34. artikulua.– Batzorde Aholkularien, Lan Batzordeen, Batzorde Deontologikoaren eta Atal Profesionalen osaketa.
Gobernu Batzordeak Batzorde Aholkulariak eta Lan Batzordeak osatu ahal izango ditu. Batzorde Deontologiko bat eratuko da, eta horrek arrazoi deontologikoak oinarri hartuta baloratu behar dituen ekintza profesionalen kalifikazioari buruzko txosten lotesleak egingo ditu, eta araudi deontologiko-profesionalarekin loturiko beste gai guztiei dagokienez, kontsultarako txostenak egingo ditu.
Batzorde Orokorrak horretarako ezartzen duen araudi orokorrari jarraiki sortzen diren Atal Profesionalak berezko araudi baten bidez arautuko dira; araudi horrek beren ordezkaritza-organoen aukeraketa demokratikoa bermatuko du, eta baliozkoa izateko, Gobernu Batzordeak onartu beharko du.
IV. TITULUA
HAUTESKUNDE-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN PARTAIDETZA KARGUEN HAUTAKETAN
35. artikulua.– Elkargokideek karguen hautaketan parte hartzeko duten eskubidea.
Hauteskundeak hasi baino hogeita bost egun lehenagora arte aktiboak diren elkargokide guztiek hautesle eta hautagai izateko eskubidea dute Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordeko kideen aukeraketan.
Hauteskundeak hasi baino hogeita bost egun lehenagora arte aktiboak ez diren elkargokide guztiek hautesle izateko eskubidea dute Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordeko kideen aukeraketan.
Hauteskundeen data baino hogeita bost egun lehenago beren eskubideen etetea dakarren zigorra betetzen ari diren elkargokideek eta beren kuotak egunean ez dituztenek ez dute hautesle izateko eskubidea izango.
Hauteskundeen egunean beren eskubideen etetea dakarren zigorra betetzen ari diren elkargokideek eta beren kuotak egunean ez dituztenek ez dute hautagai izateko eskubidea izango.
II. KAPITULUA
HAUTESKUNDE-ARAUBIDEA
36. artikulua.– Hauteskunde deialdi-epea.
Lau urtean behin Gobernu Batzordeak Gobernu Batzordeko kargu guztiak betetzeko ohiko hauteskundeetarako deialdia egingo du.
Hauteskundeetarako deialdia gutxienez hauteskundeen data baino hiru hilabete lehenago egingo da; deialdiak hauteskunde-egutegia eta bozkatzeko, zenbatzeko eta jakinarazpena egiteko prozedura adieraziko ditu, dagozkien helegiteez gain.
Estatutu hauetako 28. artikuluan aurreikusitako baldintza ematen delako ezohiko hauteskundeen deialdia egitea beharrezkoa denean, eta ezohiko hauteskundeak eskatzen dituen ezohiko gertaera bat ematen denean, deialdia aurreko paragrafoan adierazitako aurrerapenaz egingo da, eta II. kapitulu honetan xedaturiko arauak betez.
37. artikulua.– Kandidaturen aurkezpena eta balioz aurkezturikoen jakinarazpena.
Deialdiaren ondoko bi hilabeteetan kandidatura osoak eta itxiak aurkeztu beharko dira, kargu bakoitzerako proposaturiko pertsona adieraziz, Gobernu Batzordeari zuzenduriko eta gutxienez hogeita hamabost elkargokideren sinadurekin abalaturiko gutun baten bidez, kandidaturara aurkeztutako pertsonen sinadurak ere sartu daitezkeelarik.
Gobernu Batzordeak hauteskundeen data baino hogeita bost egun lehenagora arte balioz aurkezturiko kandidaturen jakinarazpena elkargokide guztiei adieraziko die. Gobernu Batzordeak, Elkargoak dituen baliabideen arabera, hautagaien propaganda berdintasunezko baldintzetan egitea ahalbidetuko du eta Hauteskunde-batzorde bat izendatuko du hurrengo artikuluan zehazten den moduan.
Edozein elkargokidek hautagaien jakinarazpenaren aurkako helegitea aurkeztu ahal izango du jakinarazpenaren ondoko hiru egunetan, eta Gobernu Batzordearen Batzorde Iraunkorrak helegitea beste hiru egunen buruan ebatziko du.
Kandidatura bakarra baldin badago, berau bozketarik egin beharrik gabe, bozketaren egunean jakinaraziko da.
37. artikulua bis.– Hauteskunde-batzordea.
Kandidaturak aurkezteko epea amaitzean, Gobernu Batzordeak Hauteskunde-batzorde bat izendatuko du, Elkargoan gutxienez bost urteko antzinatasuna duten, Legeak aurreikusitako bateraezintasunen batean ez diren eta kandidatura baten parte ez diren botu eskubidedun elkargokideen artean egindako zozketa publikoan aukeratutako hiru kidez osaturik egongo dena. Lehenik Lehendakari kargua izango duen Hauteskunde-batzordeko kidea zozketatuko da; bigarrenik Idazkaritza kargua izango duena, eta hirugarrenez batzordekidea. Aldi berean ordezko bat izendatuko da zozketa bidez Hauteskunde-batzordeko kargu bakoitzeko.
Hauteskunde-batzordeko kideen izenak eta haien ordezkoak Elkargoko iragarkien-oholean egingo den argitalpenaren bitartez eta Elkargoak dituen komunikabide nagusien bitartez jakinaraziko zaizkie elargokideei.
Hauteskunde-batzordeak bere betebeharrak Elkargoaren egoitzan burutuko ditu.
Hauteskunde-batzordearen erabakiak haren partaideen gehiengoarenak izango dira.
Hauteskunde-batzordeak ondoko betebehar hauek izango ditu:
a) Gobernu Batzordeak prestatutako kandidaturen jakinarazpenaren kontra ager daitezkeen kexen ebazpena, eta behin-betiko kandidatura zerrendaren jakinarazpena.
b) Elkargoaren egoitzan sartutako posta bidezko botoen zaintza Hauteskunde-mahaiko lehendakariari eman arte.
c) Hauteskunde-mahaiko kideen izendapena.
d) Emaitzen contra aurkez daitezkeen kexen ebazpena.
e) Behin-betiko jakinazrazpenen contra eman daitezkeen kexen ebazpena.
f) Izendatze unetik hauteskunde-prozesu osoa bultzatu, garatu eta zaindu, beharrezko diren erabaki guztiak hartuz.
38. artikulua.– Hauteskunde-mahaia.
Bozketa hasi baino bost egun lehenago Elkargoaren egoitzan hauteskunde-mahaia osatuko da.
Hauteskunde-mahaiak kandidatura baten parte edo Hauteskunde-batzordeko kide ez diren elkargokide guztien artean zozketa bat eginez izendaturiko Lehendakaria, Idazkaria eta bi Elkargokide izango ditu.
Kandidatura bakoitzak bozketa hasi baino hogeita lau ordu lehenago mahaiarentzako ikuskatzaile bat aukeratu ahal izango du.
39. artikulua.– Bozketa.
Gobernu Batzordeko kideen hautaketa sufragio unibertsal, libre, zuzen eta sekretuaren bitartez egingo da.
Elkargokideek Gobernu Batzordeak baimendutako txartel ofizialekin beren boto-eskubidea erabili ahal izango dute.
Elkargokideek, bozkatzerakoan, beren datuak eman beharko dituzte, elkargokide-txartelaren, NANaren, gidatzeko baimenaren edo indarrean dagoen legediak onartutako beste edozein antzeko identifikazio ofizial bidez, eta botoa zigilaturiko hautestontzi batean sartuko dute. Mahaiko idazkariak zerrendan idatziko du botoa eman duen elkargokidearen izena.
40. artikulua.– Postaren bidezko bozketa.
1.– Botoa emateko eskubidea duten elkargokideek postaren bidez bozkatu ahalko dute. Aukera hau hautatzen duenak boto txartel ofiziala eskatu beharko du Elkargoko Idazkaritzan, bertan aurkeztuz edota posta ziurtatu bidez bozketa baina gutxienez 15 egun lehenago.
2.– Idazkaritzak boto txartel ofizialak eta bi gutun-azal zuri bidaliko ditu posta ziurtatu bidez edo pertsonalki gutxienez hauteskunde-data baina hamar egutegi-egun lehenago.
3.– Bozkatzaileak boto txartela bidalitako gutun-azal txikian sartu beharko du eta, behin itxita, Elkargoak bidalitako gutun-azal handian sartuko du Elkargokide Karnetaren fotokopiarekin edo aurreko artikuluan aurreikusitako edozein dokumenturekin batera. Gutun-azal hau Elkargora bidali beharko da Hauteskunde-mahaiko lehendakariarentzat posta ziurtatu bitartez, edota pertsonalki Elkargoko egoitzan emanez, eta soilik Elkargoko Idazkaritzan Hauteskundeak hasi baino 24 ordu lehenago sartu bada onartuko da.
41. artikulua.– Bozketa- eta zenbaketa-aktak.
Zuzeneko bozketa amaitzerakoan eta zenbaketa hasi baino lehenago, mahaiak bozketaren egunera arte postaz bidalitako botoak beren eskubidea pertsonalki erabili ez duten elkargokideenak direla egiaztatuko du. Elkargokideren batek zuzenean bozkatzeaz gain bere botoa postaz ere bidali duela ikusten baldin bada, botoa baliogabetu egingo da. Ondoren, gutunazal handiak ireki eta boto-txartelak dituzten gutunazalak hautestontzian sartuko dira, eta gero zenbatu egingo dira. Zenbaketa publikoa izango da.
Hauteskunde-mahaiko idazkariak bozketaren eta gertakarien akta egingo du; akta mahaiko kide guztiek sinatu beharko dute, eta ikuskatzaileek ere bai, baldin badaude. Ikuskatzaileek kexak aurkezteko eskubidea izango dute, zeintzuei Hauteskunde-batzordeak aurkituko dien irtenbidea. Sinadura sinatzaileak egokitzat dituen eragozpenbideekin jarri ahalko da, hauek idatziz zehaztuz.
Behin bozketa amaituta zenbaketa burutuko da, publikoa izango dena, haren emaitza aktan sartuz.
42. artikulua.– Zenbaketa-sistema.
Zenbaketa-sistema ondokoa izango da:
a) Kandidatura osoek lortutako botoak zenbatuko dira.
b) Boto gehien jaso dituen zerrenda hautatuko da. Berdinketa baldin badago, errepikatu egingo da bozketa.
Zirriborroak, zuzenketak edo zenbaketan akats bat eragin dezaketen aldaketak dituzten txartelak baliogabeak izango dira. Txartel bat baino gehiago duten postaz bidalitako botoak ere baliogabeak izango dira, txartel guztiak kandidatura berekoak izan ezean. Kasu horretan, txarteletako bat bakarrik zenbatuko da.
43. artikulua.– Hautaturiko kandidaturaren jakinarazpena.
Ikuskatzaileen kexen eta gainontzeko intzidentzien aurrean, Hauteskunde-batzordeak bozketa ezeztatu dezakeen forma edo hondoko akatsik aztertzen ez badu, hautaketaren emaitza izendatuko du hamar eguneko epean, elkargokide guztiei jakinaraziz, izendapena eta ondorengo berrogeita zortzi orduko epearen barruan eta Elkargoko Idazkaritzan argitaratuz, izan litezkeen kexentzako bost eguneko epea irekiz.
Behin erreklamazio epea amaituta, Haustekunde-batzordeak erabakiak hartuko ditu haien inguruan hamar eguneko epean, eta hauteskundeak baliogabetzeko arrazoirik ez dagoela ikusten badu, behin-betiko hautatutako Elkargoko Gobernu Batzordetzat izendatuko du Estatutu honetan aurreikusitako zenbaketa-sistemarekin bat eginez ateratzen dena, Elkargoko Idazkaritzaren bitartez emaitza elkargokide guztiei, Gipuzkoako Foru Administrazioari, Eusko Jaurlaritzari, Euskadiko Psikologoen Batzordeari, baldin badago, eta Psikologoen Elkargo Ofizialen Batzorde Gorenari jakinaraziz.
Hautaturiko Gobernu Batzordea jakinarazpenaren ondoko hilabetearen buruan bere karguaz jabetuko da.
44. artikulua.– Izendapena baliogabetzea.
Emandako gertaerengatik edo aurkeztutako kexengatik Gobernu Batzordeak izendapena baliogabetzea erabakitzen baldin badu, hauteskundeetarako beste deialdi bat egingo du; hauteskundeak gehienez bi hilabeteren buruan egingo dira, eta ordura arte ez dira azken emaitzak jakinaraziko.
45. artikulua.– Hauteskunde-gaiei buruzko errekurtsoak.
Gobernu Batzordeak hauteskunde-gaietan hartutako erabakien aurka, edozein elkargokidek Batzorde Orokorraren aurrean gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango du, eta Batzorde Orokorrak eskumen hori Euskadiko Psikologia Batzordeari eman ahal izango dio berau sortzen denean.
Euskadiko Psikologia Batzordea sortzen denean, haren aurrean gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango da. Helegitearen ebazpenaren aurka administrazioarekiko auzi-bidea hasi ahal izango da.
V. TITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKO ETA ADMINISTRATIBOA
46. artikulua.– Elkargoaren baliabide ekonomikoak eta ondarea.
Elkargoak bere helburuak betetzeko behar dituen baliabideak izan beharko ditu, eta elkargokideek arauek xedaturiko eran hura mantendu beharko dute.
47. artikulua.– Elkargoaren baliabide ekonomikoen jatorria.
Elkargoaren baliabide ekonomikoak hurrengoak dira:
a) Elkargokideen sarrera-kuotak. Sarrera-kuota ez da inoiz sarreraren tramitazioari lotutako kosteak baino gehiago izango.
b) Elkargokideen ohiko kuotak.
c) Batzorde Orokorrak onartzen dituen ezohiko kuotak.
d) Ziurtagiri ofizialak, arbitrajeak, irizpenak, txostenak eta beste zerbitzu orokor batzuk egiteagatik jaso ditzakeen diru-kopuruak. Edonola ere, inoiz ez dira pertzepzio hauek Elkargoak psikologoaren profesioaren berezko zerbitzuak eskaintzagatik eratorriak izango.
e) Administraziotik, erakundeetatik, elkargokideetatik eta beste partikular batzuetatik jaso ditzakeen diru-laguntzak, legatuak eta emateak.
f) Bere ondasun eta eskubideen errendimenduak.
48. artikulua.– Baliabideen bilketa.
Baliabide ekonomikoen bilketaren eskuduntza Gobernu Batzordearena da.
49. artikulua.– Urteko aurrekontua.
1.– Aurrekontua eta likidazioa urtero egingo dira eta Elkargoaren gastu eta diru-sarrera guztiak jasoko dituzte.
2.– Gobernu Batzordeak, urtero, hauek aurkeztuko dizkio Batzorde Orokorrari, onar ditzan:
a) Aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa.
b) Hurrengo ekitaldirako aurrekontua.
50. artikulua.– Urteko aurrekontua gauzatzea eta kontu-ikuskaritza.
Aurrekontua gauzatzea eta Elkargoaren zerbitzuak zuzentzea Gobernu Batzordearen ardura izango da.
Urtero, Gobernu Batzordeak bi erroldatzaile izendatuko ditu, elkargokideen artetik eta zozketa bidez hartuta; horien lana izango da kontuak ikuskatu ondoren Batzorde Orokorra informatzea.
Gobernu Batzordearen akordioarekin bat, prozedura horren ordez kanpoko kontu-ikuskaritza egin ahal izango da. Halaber, kanpo-ikuskaritzaren emaitzak ere Batzorde Orokorrari jakinarazi beharko zaizkio.
51. artikulua.– Ondasunak likidatzea.
Deuseztapenak edo berregituratzeak Elkargoaren ondareari eragiten dioenean, erabakia hartu duen Gobernu Batzordeak egingo du ondarearen likidazioa modu ordenatuan.
Deuseztapen edo berregituratze hori erabaki duen Batzorde Orokorrak erabakiko du soberakinen norakoa, betiere gai horren inguruan dagokion unean indarrean dagoen araudiaren arabera.
VI. TITULUA
ERANTZUKIZUN-ERREGIMENA
I. KAPITULUA
DIZIPLINA-ERANTZUKIZUNA
52. artikulua.– Printzipio orokorrak.
1.– Euren betebehar profesionalak edo Estatutu hauetan araututako betebeharrak hausten dituzten psikologoak diziplina-erantzukizuna izango dute, ekintza horiengatik izan dezaketen erantzukizun zibila, penala edo administratiboa kontuan hartu gabe.
2.– Elkargokideek diziplina-erantzukizuna izango dute Estatutu hauetan zein tituludun profesioen jardunaren eta elkargo eta kontseilu profesionalen, azaroaren 21eko, 18/1997 Legean ezarritako egoera eta suposizioetan.
3.– Diziplina-zehapen korporatiboak elkargokidearen espediente pertsonalean jasoko dira.
53. artikulua.– Diziplina-ahala.
1.– Gobernu Batzordeak diziplina-ahala erabiltzeko eskumena izango du.
2.– Besteak beste elkargokide-betebeharrak, betebehar profesionalak eta Psikologoaren Kode Deontologikoko betebeharrak hausteagatiko zehapena jarrita gauzatuko da diziplina-ahalmena.
3.– Diziplina-prozeduran zehazten diren izapideak egin eta espedientea ireki ondoren sortuko da diziplina-erantzukizuna.
II. KAPITULUA
FALTAK
54. artikulua.– Mailak.
Elkargoko kide diren profesionalek egindako faltak, arinak, larriak edo oso larriak ahal izango dira.
55. artikulua.– Falta arinak.
Honako hauek hartuko dira falta arintzat:
a) Elkargoko agiriei edo elkargoaren bidez izapidetzekoak diren dokumentuei buruzko arauak ez betetzea.
b) Elkargokide izateagatiko betebeharrak ez betetzea, esaterako Elkargoak eskatutako txostenak, eskariak edo erantzun-eskariak ez prestatzea.
c) Estatutu-arauak edo Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialaren edo Batzar Nagusiaren erabakiak ez betetzea, maila handiagoko faltatzat hartzen ez direnean.
d) Estatutu hauetako 56. eta 57. artikuluetan ezarritako betebehar edo debekuak edo aplikagarri diren arauak urratzea, ez direnean falta larriak edo oso larriak.
56. artikulua.– Falta larriak.
Honako hauek hartuko dira falta larritzat:
a) Elkargoko gobernu-organoekiko nahita egindako diziplina-falta, eta oro har gobernu-organoei sor zaien errespetuaren aurkako falta larria.
b) Elkargoko kide izateagatiko betebeharretan behin eta berriz arduragabekeriaz jardutea.
c) Lanbidearen moralari, begiruneari, duintasunari, ospeari eta ohoreari erasotzen dioten ekintzak eta ez-egiteak, edo elkargokideei sor zaien errespetuaren aurkakoak.
d) Ez daukan titulu edo kualifikazio bat adieraztea.
e) Lanbide-sekretua arduragabekeriaz haustea.
f) Egia esaten ez duten txostenak edo egiaztagiriak egitea.
g) Publizitatea edo pazienteak lortzeko agintzak edo jakineko emaitza terapeutikoak bermatzea.
h) Pertsonen osasuna edo segurtasuna arriskuan jartzea edo lanbidearen eskakizun deontologikoak ez betetzea.
i) Jarduera, zerbitzu eta instalazioetan eskatzekoak diren betekizun, kontrol eta ardurak ez hartzea.
j) Falta arinak behin eta berriz egitea. Behin eta berriz falta arinak egin direla ulertuko da bi urteko epean falta arin bat baino gehiago egiten bada.
k) Elkargoko Gobernu Batzordeko kideen kasuan, Psikologia Elkargo Ofizialeko Batzar Nagusiko edo Kontseilu Nagusiko erabakiak ez betetzea.
57. artikulua.– Falta oso larriak.
Honako hauek hartuko dira falta oso larritzat:
a) Lanbide-gaietan delitu izan daitekeen edozein portaera.
b) Lanbidean aritzean egindako pertsonen duintasunaren aurkako erasoak.
c) Gaixoei nahita edo gaiztakeriaz kasurik ez egitea.
d) Lanbide-sekretua engainu bidez haustea.
e) Lanbide-intrusismoari emandako edozein motatako babesa edo estalketa.
f) Euren eskumenez aritzen diren bitartean lanbide-organoei egindako behartze, mehatxu, errepresalia edo beste edozein motatako presio larria.
g) Jakinaren gainean eta nahita egiten diren faltak, kalte larria badakarte, betiere.
h) Larritzat jotako faltetan berriro erortzea. Behin eta berriz falta larriak egin direla ulertuko da bi urteko epean falta larri bat baino gehiago egiten bada.
i) Zehapenaren ondorengo bi urteetan falta larri bat berriro egitea.
58. artikulua.– Erantzukizuna handitzen duten egoerak.
Erantzukizuna handiagoa izango da baldin eta falta egiten duena Elkargoko edozein organo hautetsietako kide bada.
III. KAPITULUA
ZEHAPENAK
59. artikuluak.– Zehapenak.
1.– III. kapituluan aipatzen diren faltengatik, zehapen hauek jar daitezke:
a) Ohartarazpen pribatua, ahozkoa edo idatzizkoa.
b) Ohartarazpen publikoa, zehatzeko ebazpen irmoa Elkargoaren adierazpideetan argitaratuz.
c) Lanbide-jarduna aldi baterako etendura, gehienez 20 urteko epe batez.
d) Ohartarazpenak zein aldi baterako etenaldiak egindako faltarekin zerikusia duten gaietan prestakuntza jaso beharra ekar dezakete.
e) 30.000 Eurorainoko isuna.
2.– Falta arinak egiten dituztenei ohartarazpen pribatu edo publikoa egingo zaie, eta/edo 300 Euroko isuna jarri.
3.– Falta larriak egiten dituztenei ohartarazpen publikoa egingo zaie edo gehienez ere urte batez lanbide-jarduna etenaraziko zaie eta/edo 300 euro eta 3.000 euro arteko isuna ezarri.
4.– Falta oso larriak egiten dituztenei lanbide-jarduna etengo zaie, gutxienez urtebetez eta gehienez hogei urtez eta/edo 3.000 euro eta 30.000 euro arteko isuna ezarri.
5.– Falta oso larriak behin eta berriz eginez gero, elkargokidea kanporatu egin daiteke elkargotik; horretarako, beharrezkoa izango da erabakia Gobernu Batzordeko kideetatik bi herenek hartzea.
6.– Lanbide-jarduna aldi baterako etenarazteko zehapena nahiz elkargotik kanporatua izatekoa jaso duenari beste elkargo bateko kide izateko desgaikuntza ere ezarriko zaio, zehapena indarrean den bitartean.
7.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako diziplina-zehapenek berekin batera dakarte: atzemandako akats edo irregulartasunak zuzendu beharra; egoera edo jarrera bidegabeak konpontzea; espedientearen izapideak egiterakoan ondorioztatu eta frogatu diren egintzetan oinarrituz, organo eskudunak aldi berean har dezan erabakia gauzatzea; eta, diziplina-espedienteak izapidetzerakoan edo behar diren jakinarazpenetarako errekerimenduak notarioaren bidez egiterakoan sortutako gastuak ordaintzea.
8.– Zehapenak ezartzeko, Elkargoak mailakatu egin beharko du erruztatuaren erantzukizuna eta, horretarako, egindako arau-haustearen izaerari, haustearen eraginari eta erantzukizuna alda dezaketen gainerako zer-nolakoei begiratuko die. Ahalmena izango du bidezkotzat jotako zehapena ezartzeko, nahiz eta zehapen bat baino gehiago ezarri falta-mota bakoitzerako. Dena den, aplikatu beharreko zuzenketa kalifikatu eta zehazteko, honako zer-nolako hauek hartuko dira kontuan:
a) Pazienteari, hirugarrengo pertsonei, profesionalei, Elkargoari edo Kontseiluari eragindako kalte-galeren larritasun-maila.
b) Nahitakotasun-, zuhurtziagabekeria- edo zabarkeria-maila.
c) Espedientea izapidetzerakoan organo eskudunaren aurrean erakutsitako temakeria edo menik ez egiteko borondatea.
d) Egite zehagarriaren iraunaldia.
e) Bererortzeak.
9.– Falta larri edo oso larriengatiko zehapenak ezartzen dituzten ebazpenak, administrazio-bidean irmo bihurtzen direnean, administrazio-agintaritzari, hirugarren interesatuei eta biztanlegoari oro har jakinaraziko zaizkie, egokitzat jotako komunikabideak erabilita.
60. artikulua.– Zehapen osagarriak.
Falta larriak edo oso larriak egiten dituztenei konfiantzazko edo zuzendaritza-karguak betetzea debekatuko zaie, eta pertsona horiek ezingo dira proposatu saritarako, edozein sari-mota dela ere, zehapenak dirauen bitartean.
61. artikulua.– Zehapen-ahala.
1.– Falta arinengatiko zehapenak Elkargoaren Gobernu Batzordeak jarriko ditu, kontraesaneko espedientea ireki eta ustezko errudunari entzun ondoren.
2.– Falta larri eta oso larriengatiko zehapenak Elkargoaren Gobernu Batzordeak jarriko ditu, estatutu hauetan ezarritako prozeduraren arabera izapidetutako diziplina-espedientea ireki ondoren.
3.– Diziplina-espedienteak instruitzeko ahalmena Batzorde Deontologikoak izango du, eta prozedura bakoitzean Gobernu Batzordeak izendatuko du instrukzio-egilea, betiere Batzordeko kideen artetik.
62. artikulua.– Zehapenen ondorioak.
Zuzenketaren araberakoak izango dira zehapenak. Idazkariak jakinaraziko die interesatuei eta haren aurka errekurtsoa jarri ahal izango dute. Errekurtsoa estatutu hauetan aurreikusitako moduan egingo da eta bertan aurreikusitako ondorioak izango ditu.
63. artikulua.– Diziplina-erantzukizuna azkentzea.
Diziplina-erantzukizuna azkendu egingo da:
a) Erruztatua hiltzen denean.
b) Zehapena betetzen denean.
c) Arau-hausteak edo zehapenak preskribatzen direnean.
d) Dagokion elkargoak hala erabaki duelako, Kontseilu Nagusiari jakinarazi ondoren.
64. artikulua.– Preskripzioa eta baliogabetzea.
1.– Arau-hausteak honela preskribatzen dira:
a) Arinak, urtera.
b) larriak, bi urtera.
c) Oso larriak, hiru urtera.
Preskribatzeko epea arau-haustea egin zen egunetik aurrera hasiko da kontatzen.
Diziplina-prozedura bat hasiz gero, eta interesatua horren jakitun egonda, preskripzioa eten egingo da. Diziplina-espedientea hilabete baino gehiago geldirik badago, eta horren errua ez bada ustezko arau-hauslearena, preskripzio-epea berriz hasiko da.
65. artikulua.– Zehapenen preskripzioa.
1.– Faltak egiteagatik ezarritako zehapenak preskribatzen dira:
a) Falta arinak egiteagatik ezarritakoak, urtebetera.
b) Falta larriak egiteagatik ezarritakoak, bi urtera.
c) Falta oso larriak egiteagatik ezarritakoak, hiru urtera.
2.– Preskripzio-epea zehapena ezarri duen ebazpena irmo bihurtu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da kontatzen.
3.– Preskripzio-epearen zenbaketa geldirik geratuko da, betearazpen-prozedura hasten bada, interesduna jakitun dela. Arau-hausleari ezin egotz dakiokeen arrazoiren bat dela-eta prozedura hori hilabetetik gora geldirik bada, jarraitu egingo da epea zenbatzen.
66. artikulua.– Birgaitzea.
1.– Diziplina-erantzukizuna iraungitu eta hurrengo egunetik aurrera automatikoki birgaituta izango dira zehatuak, eta horren ondoriozko oharra jarriko zaie euren espedientean.
2.– Zehapenak baliogabetuta geratuko dira:
a) Arau-hauste arinagatikoak, sei hilabetera.
b) Arau-hauste larriengatikoak, bi urtera.
c) Arau-hauste oso larriengatikoak, lau urtera.
d) Kanporatzeagatikoak, sei urtera.
3.– Zehapena betearazi, betetzea amaitu edo preskribatu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira epe horiek.
Baliogabetzeak aurrekaria ondorio guztietarako ezabatzea dakar, eta kanporatze-zehapenen kasuan Elkargora itzultzeko eskaria egiteko aukera ematen dio interesatuari.
VII. TITULUA
DEONTOLOGIA BATZORDEA
67. artikulua.– Osaera eta funtzionamendua.
Batzorde deontologiko bat egongo da Elkargoan; Batzorde Orokorrak izendatuko ditu bertako kideak, Gobernu Batzordearen proposamena jaso ondoren.
Batzorde Orokorraren erabakiz arautuko dira haren osaera eta funtzionamendua.
VIII. TITULUA
DIZIPLINA-PROZEDURA
I. KAPITULUA
AURREZ EGIN BEHARREKOA ETA ESKUMENA
68. artikulua.– Isilpeko informazio-aldia.
1.– Diziplina-prozedura hasteko erabakia hartu aurretik isilpeko informazio-aldia ireki ahal izango da, kasuaren inguruabarrak ezagutu eta prozedura hasi behar den edo ez jakiteko.
2.– Gobernu Batzordeak Batzorde Deontologikoko kideen artean izendatutako pertsonak gauzatuko ditu isilpeko informazio-aldian egiten diren jarduerak; izendapena, Batzorde Deontologikoaren lehendakariari entzun ondoren egingo da.
3.– Aldi horretan egiten diren jarduerak isilpekoak izango dira eta helburua lortzeko guztiz beharrezkoa den denbora iraungo dute.
69. artikulua.– Organo eskudunak.
1.– Prozedura hasteko erabakia hartzeko organo eskuduna Elkargoko Gobernu Batzordea izango da.
2.– Instrukzio-egilea Batzorde Deontologikoko kide bat izango da, Gobernu Batzordeak izendatuta. Horretarako ez da inoiz izendatuko prozedura ebazteko eskumena duen pertsona.
3.– Prozedura ebazteko organo eskuduna Elkargoko Gobernu Batzordea izango da. Batzorde horrek, zehapenak ezartzeko eskumena ere izango du.
4.– Elkargoko Gobernu Batzordeak eskumena izango du, bere kabuz edo instrukzio-egileak proposatuta, prozedura artxibatzeko agindua emateko edo diziplina-erantzukizuna eskatu beharrik ez dagoela deklaratzeko.
II. KAPITULUA
PROZEDURAREN HASIERA
70. artikulua.– Prozedura hasteko moduak.
Diziplina-ahalaz baliatuta hasitako prozedurak administrazioaren kabuz hasiko dira beti, Gobernu Batzordearen erabakiz, bere ekimenez edo beste organo baten eskari arrazoituari erantzunez edo salaketa baten ondorioz.
Edonola ere, salaketak arrazoitua izan beharko du eta inoiz ez da onartuko salaketa anonimorik.
71. artikulua.– Prozedura hasteko erabakia formalizatzea.
1.– Gobernu Batzordearen erabakiaz formalizatuko da diziplina-prozeduraren hasiera. Erabaki horrek honako ezaugarri hauek izango ditu:
a) Ustez erantzule den elkargokidearen identitatea.
b) Instrukzio-egilearen identitatea eta, behar izanez gero idazkariarena, eta indarreko legerian ezarrita dagoen errefusatze-erregimena.
c) Egozten zaizkion egitateen azalpen zehatza.
d) Egitate horien ondorioz egindako arau-hausteen kalifikazioa.
e) Ezar dakizkiokeen zehapenak.
f) Zein aginpidek duen zehapenak ezartzeko eskumena, eta eskumen hori ematen dioten arauak.
g) Gobernu Batzordeak erabakitako kautelazko neurriak, prozedura izapidetzerakoan har daitezkeenak alde batera utzi gabe.
2.– Hasierako erabakia instrukzio-egileari jakinaraziko zaio eta egin diren jardueren barri eman, baita idazkariari ere idazkaririk balego, eta aldi berean interesatuei; kasu honetan, erruztatuak hartuko dira interesatutzat.
3.– Hasteko erabakia, salatzaileari ere jakinaraziko zaio, baldin eta halakorik balego.
72. artikulua.– Behin-behineko neurriak.
Diziplina-prozedura hasteko eskumena duen organoa den aldetik, Gobernu Batzordeak bere kabuz edo instrukzio-egileak proposatuta, erabaki arrazoitu bidez behin-behineko edo kautelazko neurriak har ditzake azken ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko.
III. KAPITULUA
PROZEDURAREN INSTRUKZIOA
73. artikulua.– Instrukzio-egintzak eta alegazioak.
1.– Hasteko erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hamabost eguneko epea izango dute erruztatuek euren defentsarako egoki iritzitako alegazio, agiri edo informazioak aurkezteko eta, behar izanez gero, froga proposatzeko, erabiliko dituzten bitartekoak zehaztuta. Prozedura hasteko erabakiaren jakinarazpenean, epe horren berri emango zaie interesatuei.
2.– Aurreko puntuan aipatzen den jakinarazpena egin eta gero, egitateak zehaztu eta egiaztatzeko egokiak diren eginbideak gauzatzeko agindua bere kabuz emateko hamabost eguneko epea izango du instrukzio-egileak, batik bat zehatzeko modukoak diren erantzukizunak argitzeko eta zehazteko frogei dagokienez.
3.– Lehenik eta behin ustezko erruztatuari deklarazioa hartuko dio instrukzio-egileak, eta espedientea hasteko balio izan zuen jakinarazpen edo salaketatik edo erruztatuak bere deklarazioan esandakotik ondorioztatutako eginbideak bideratuko ditu.
74. artikulua.– Karguen plegua.
1.– Egindako jarduketak ikusita, eta prozedura hasi eta hiru hilabete baino gutxiagoko epean, karguen plegua egingo du instrukzio-egileak eta haren edukia estatutu hauen 71. artikuluan ezarritakoaren araberakoa izango da. Aurreko idatz-zatian aipatutako epea luzatzeko eskatu ahal izango du instrukzio-egileak, horretarako bidezko arrazoirik badu.
2.– Karguen plegua argi eta zehatz idatzi beharko da, elkargokideari egotzitako egitate bakoitzari dagokionez banan-banako idatz-zati zenbatuetan.
Egindako jarduketen emaitzak ikusita, behin-behinean eteteko neurria mantentzea edo jasotzea proposatuko du instrukzio-egileak karguen plegua egiterako orduan, baldin eta horrelako neurririk hartu bada.
Interesatuei jakinaraziko zaie karguen plegua eta zazpi eguneko epea emango euren defentsarako egoki iritzitako alegazioak egin eta garrantzia izan dezaketen agiriak aurkezteko. Izapide honetan eskatu beharko dute euren defentsarako beharrezkotzat jotako frogak egitea, komenigarria dela iristen badiote.
75. artikulua.– Frogaldia.
1.– Pleguari erantzun ondoren edo erantzun gabe horretarako epea igarota, instrukzio-egileak eskatutako frogak egitea erabakiko du, eta baita egoki iritzitakoak ere.
2.– Ekintzekin duten lotura dela-eta azken ebazpena ustezko erantzulearen alde aldatzerik ez duten frogak, eta froga horiek soilik, ez-bidezkoak deklaratu ahal izango dira. Kasu horretan, arrazoitu egin beharko da ukapena eta ebazpen horren aurka erruztatuak ezin izango du errekurtsorik aurkeztu.
3.– Frogaldia, gehienez hogeita hamar egunekoa izango da eta gutxienez hamarrekoa.
4.– Frogaldia eta frogaren balorazioa indarreko legerian xedatutakoaren arabera egingo dira. Zuzenbidean onargarri den edozein frogabidez egiazta daitezke prozedura ebazteko garrantzizko diren egitateak.
5.– Proposatutako frogak egiteko, baita Elkargoak bere kabuz proposatutakoak ere, psikologoari tokia, eguna eta ordua jakinaraziko zaizkio, eta jakinarazpena jaso izanaren agiria espedientean gordeko da.
6.– Egiten diren froga guztietan ezinbestekoa izango da instrukzio-egilearen parte-hartzea eta haren ordez ezingo da idazkaria aritu, administrazioko edozein organori beste eginbibe batzuk egin ditzan eskatzeko aukera alde batera utzi gabe.
76. artikulua.– Entzunaldiaren izapidea.
Artikulu honetan aurreikusitako izapideak egin bezain pronto, espedientea erakutsiko zaio berehala ustezko errudunari, hamar eguneko epean bere defentsarako beharrezko jotzen dituen alegazioak egin ditzan eta garrantzitsuak jotzen dituen agiriak erants ditzan. Eskatzen badu, espedientearen kopia emango zaio erruztatuari.
77. artikulua.– Ebazpen-proposamena.
Prozeduraren instrukzioa amaitu ondoren, instruktoreak ebazpen-proposamena egingo du. Bertan, egitateak azalduko dira modu arrazoituan, eta honakoak zehaztuko dira: frogatuta dauden egitateak eta haien kalifikazioa, zein arau hausten duten eta horien erantzule nor den, proposatzen den zehapena, eta kasua balitz, arau-hausterik edo erantzukizunik ez egotearen deklarazioa.
Ebazpen-proposamena jakinarazi eta prozeduraren berri emango zaie interesatuei, aditzera emanez hamabost eguneko epea dutela instrukzio-egileari egoki iritzitako alegazioak eta justifikazioak egiteko.
Erruztatuari entzun ondoren edo epea alegaziorik egin gabe igarota, berehala espediente osoa igorriko zaio Gobernu Batzordeari, dagokion erabakia har dezan. Behar izanez gero, komenigarritzat jotzen dituen eginbideak egiteko aginduko dio instruktoreari.
IV. KAPITULUA
PROZEDURAREN AMAIERA
78. artikulua.– Ebazpena.
1.– Diziplina-prozedura ebazteko epea sei hilabetekoa izango da, prozedura hasteko erabakia jakinarazten den egunetik aurrera.
2.– Ebazpena Gobernu Batzordeak emango du eta arrazoitua izango da, eta interesatuek mahaigaineratutako gai guztiak eta prozeduratik eratorritakoak erabakiko ditu. Edonola ere, ebazpena ematerako orduan Gobernu Batzordeak kontuan hartuko ditu tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Lege Orokorraren 19. eta 20. artikuluak.
3.– Ebazpen-proposamenaren gaineko entzunaldia egiteko epea amaitu eta hamar eguneko epean emango da ebazpena, betiere prozedurako dokumentuak, alegazioak eta informazioak jaso ondoren.
4.– Ebazpenean ezin dira onartu prozeduraren instrukzio-aldian zehaztu ez diren egitateak, edozein dela ere egintza horien balioespen juridikoa. Dena den, Gobernu Batzordeak uste badu ebazpen-proposamenean zehazten dena baino larriagoa dela egin den arau-haustea, interesatuari jakinaraziko zaio eta hamabost eguneko epea emango egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan.
5.– Interesatuei jakinaraziko zaie ebazpena zein betearazi beharrekoa izango baita, bide korporatiboa amaitzen badu.
V. KAPITULUA
GOBERNU BATZORDEKO KIDEEN DIZIPLINA-ERREGIMENA
79. artikulua.– Eskumena.
1.– Elkargoko Gobernu Batzordeko kideen aurkako diziplina-prozedurak hasteko eskumena izango du Gobernu Batzordeak, bere kabuz zein salaketa bidez.
2.– Diziplina-prozedurako instrukzio-egilea Batzorde Deontologikoko kide bat izango da.
3.– Ebazteko eta behar izanez gero behin-behineko neurriak ezartzeko eskumena izango du Elkargoko Gobernu Batzordeak.
4.– VIII. titulu honetan ezarritako izapideei jarraituz bideratuko da prozedura.
IX. TITULUA
LANBIDE-SOZIETATEEN LANBIDE-ELKARTEAK
I. KAPITULUA
LANBIDE-SOZIETATEAK ZER DIREN ETA ELKARGOKO LANBIDE-SOZIETATEEN ERREGISTROAN INSKRIBATZEA
80. artikulua.– Lanbide-sozietateak zer diren.
Lanbide-sozietateak martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 1. artikuluan xedatuta daude, eta beraz, lege hori aplikatzen zaie. Lanbide-sozietateen helburua psikologo-lanbidearen jarduera propioan elkarrekin aritzea da, bakarrik edo beste lanbide batzuekin batera.
81. artikulua.– Lanbide-sozietateen inskripzioa.
1.– Lanbide-sozietateak Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialeko Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatu beharko dira, helbide soziala Gipuzkoan badute edota jarduera-helbidea, bakarra edo nagusia, lurralde horretan badago.
2.– Lanbide-sozietateek Gipuzkoako lurralde-eremuan psikologo-lanbidearen jarduera propioak garatu ahal izateko, beharrezkoa izango dute Gipuzkoako Elkargo Ofizialeko Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatuta egotea.
II. KAPITULUA
ELKARGOKO LANBIDE-SOZIETATEEN ERREGISTROA
82. artikulua.– Lanbide-sozietateen Erregistroa sortzea, antolatzea eta kontrolatzea.
1.– Lanbide Sozietateen Erregistroa Gobernu Batzordeak sortu zuen lanbide-sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen Bigarren Xedapen Iragankorrean aurreikusitako epean, eta estatutu hauen xedapenen arabera arautuko da.
2.– Lanbide Sozietateen Erregistroaren jarduera Gobernu Batzordeak antolatuko du, eta Erregistroak ondo funtzionatzeko behar dituen bitartekoak izan ditzan bidezko den guztia egingo du.
3.– Lanbide Sozietateen Erregistroan bi atal egongo dira: bata, psikologo-lanbidearen jarduera propioan elkarrekin aritzea helburu duten lanbide-sozietateei zuzendua, eta bestea diziplina anitzeko sozietateena non psikologiaren jardueraz gain beste lanbide-jarduera bat edo gehiago dituzten helburu.
83. artikulua.– Inskripzioaren edukia.
1.– Lanbide-sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen aplikazio-eremuko lanbide-sozietateek izango dute sarrera Gobernu Batzordeak sortutako Lanbide Sozietateen Erregistroan.
2.– Lanbide Sozietateei buruzko 2/2007 Legearen 7. eta 8. artikuluetan aipatzen diren puntuak -ondoren zehazten direnak- jasoko ditu inskripzioak, baita Legeak etorkizunean xeda dezakeen edo Legea garatzeko emandako erregelamenduzko xedapenak araututako beste edozein puntu ere.
a) Lanbide-sozietatearen izena eta helbidea.
b) Eraketa-eskritura publikoaren eta notarioaren identifikazio-oharra eta data; sozietatearen iraupena, epealdi zehatz baterako eratua izanez gero.
c) Sozietatearen helburu diren jarduera profesionalak.
d) Inskripzio-egileen nortasuna, bazkide profesionalak diren ala ez, egileek zein elkargo profesionaletakoak diren eta euren elkargokide-zenbakia. Elkargoko ziurtagiri bidez egiaztatuko da hori, eta bertan nortasun-datuak eta lanbidean jarduteko eguneko gaikuntza jasoko dira.
e) Bazkide profesionalen eta ez profesionalen datuak; elkargokide-zenbakia eta zein elkargo profesionaletakoa den.
f) Sozietatearen administrazio eta ordezkaritzaren ardura eman zaien pertsonen datuak, bazkide profesionalak diren ala ez adierazita.
Bazkide edota administratzaileak aldatzen badira edo kontratu sozialean aldaketaren bat egoten bada, Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatuko dira.
84. artikulua.– Inskribatzeko prozedura.
1.– Legeak aurreikusitako alderdiak betetzeko eta sozietate hori badela jasota gera dadin Elkargoan, Merkataritzako Erregistroak bere kabuz horren berri eman ondoren, Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatuko dira lanbide-sozietateak.
2.– Dena den, 2007ko ekainaren 16a baino lehen eratutako lanbide-sozietateek eta lanbide-sozietateen martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 1.1 artikuluan xedatutakoa aplikagarri zaienek soilik egin dezakete inskripzioa Erregistroan, Merkataritzako Erregistroan inskribatu aurretik edo inskripzio horrekin batera. Sozietate hauek 2008ko ekainaren 18a baino lehen egin beharko dute Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatzeko eskaria, aipatu Legearen Bigarren Xedapen Iragankorrak ezarritakoaren arabera.
3.– Lanbide-sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legaren 8. artikuluaren 4. paragrafoaren azken idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera, Merkataritzako erregistratzaileak bere kabuz bidalitako jakinarazpena jaso ondoren, aurreko artikuluan aipatzen diren eta egiaztatzeke dituen alderdiak Erregistrora bidal ditzan eskatuko dio Elkargoak sozietateari, eta hori egiteko hilabeteko epe luzaezina izango du sozietateak.
4.– Aurreko paragrafoan xedatutakoa betetzeko eskatu zaion lanbide-sozietateak agindutakoa ez badu betetzen, ezingo da Erregistroan inskribatu, eta horrek Estatutu hauetan aurreikusitako ondorioak izango ditu berarentzat.
5.– Lanbide-sozietateak egindako egiaztapenean akats materialak edo egitezko errakuntzak ikusten baditu Elkargoak, akats horiek zuzentzeko eskatuko dio lanbide-sozitateari eta hamar laneguneko epe luzaezina emango dio horretarako. Zuzenketarik ez badu egiten, Lanbide Sozietateen Erregistroan inskripzioa egitea ukatuko dio.
6.– Lanbide-sozietatearen inskripzioa ukatzearen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Elkargoko Gobernu Batzordearen aurrean eta gorako errekurtsoa Psikologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren aurrean.
7.– Dituzten aldaketak Merkataritzako Erregistroan inskribatu eta hilabeteko epean horien berri eman beharko diote lanbide-sozietateek Lanbide Sozietateen Erregistroari dituzten datuak eguneratu ditzaten, artikulu honen aurreko paragrafoetan aurreikusitakoaren ildotik.
8.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera tratatuko dira Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatutako izaera pertsonaleko datuak.
9.– Lanbide Sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, Lanbide Sozietateen Erregistroan egindako inskripzioak Justizia Ministerioari eta Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunari bidaliko dizkio Elkargoak legez edo erregelamenduz ezarritako epean.
10.– Lanbide Sozietateen Erregistroan egindako idazpenen edukiaren gainean interesatuek eskatutako egiaztagiriak Gobernu Batzordeko idazkariak egingo ditu dekano lehendakariaren oniritziarekin, bidezkoak badira eta aplikagarri diren arauei jarraiki.
11.– Elkargoko Lanbide Sozietateen Erregistroan inskripzioak eta aldaketak egitea Estatutu hauen arabera une bakoitzean ezartzen diren diru-zenbatekoak ordaintzearen menpe egongo da.
85. artikulua.– Lanbide Sozietateen Erregistroan inskripzioa egitearen ondorioak.
Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatu ondoren bertako partaide egingo da lanbide-sozietatea, eta ondorioz inskripzioa egiten denetik aurrera araubide juridikoak ematen dizkion eskumenak izango ditu Elkargoak profesional elkargokideen gain.
86. artikulua.– Inskripzioa baliogabetzea.
Elkargoko Lanbide Sozietateen Erregistroan egindako inskripzioa baliogabetzeko arrazoiak ondokoak izango dira:
a) Legean aurreikusitako edozein arrazoirengatik sozietatea desegin izana.
b) Merkataritzako Erregistroan sozietatearen inskripzioa baliogabetzea, Erregistroak Elkargoari horren berri eman ondoren.
c) Sozietatearen helburua aldatzea, lanbide-sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen aplikazio-eremuan egoteari uztea.
d) Inskripzioa baliogabetzeko legez edo erregelamenduz xedatutako beste edozein arrazoi.
III. KAPITULUA
LANBIDE SOZIETATEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
87. artikulua.– Lanbide Sozietateen eskubideak.
Ondoko eskubideak izango dituzte lanbide-sozietateek:
a) Elkargoaren babesa izatea, lanbide-jarduera dela-eta iraindu edo gogaitu egiten badute.
b) Jarduera korporatiboari buruzko eta interes profesionaleko aldizkako informazioa jasotzea, informazio-aldizkari, zirkular, internet edo egoki iritzitako beste edozein bitarteko erabiliz.
c) Gobernu Batzordeari lanbiderako garrantzitsuak diren ekimenak proposatzea, eta lanbideari, Elkargoari edo eurei kalte egin diezaiekeen ekintzetan oinarritutako erreklamazioak egitea, idatzi arrazoitu baten bidez.
d) Euren xede diren psikologo-lanbideko ekintza propioak burutzea, Estatutu hauetan eta lanbide-jarduera arautzen duten gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera.
e) Elkargoaren aholkua jasotzea, Elkargoko Aholkularitza Juridikoaren bidez eta Elkargoak horretarako dituen baliabideen arabera, sozietatearen helburua kontuan hartuta psikologo-lanbidearen jarduera propioarekin zerikusia duten gaietan.
f) Elkargoaren aholkua jasotzea, erreklamazio judizial zein judizioz kanpokoak aurkeztu behar dituenean eta betiere Elkargoak horretarako dituen baliabideen arabera, sozietatearen helburua kontuan hartuta psikologo-lanbidearen jarduera propioarekin zerikusia duten gaietan.
g) Eragiten dioten Elkargoko administrazio-prozeduren gaineko informazioa jasotzea.
88. artikulua.– Lanbide Sozietateen betebeharrak.
Lanbide-sozietateen betebeharrak ondokoak dira:
a) Estatutu hauetan xedatutakoa, elkargoko aginteen erabakiak eta aginduak eta lanbidearen jarduerari aplikagarri zaizkion gainerako arauak betetzea.
b) Elkargoko organo eskudunek unean-unean ezarritako Elkargoari egin beharreko diru-ekarpenetan egunean egotea, ekarpen horiek aldizkakoak izan ala ez.
c) Karga komunak legez agindutako moduan eta denboran kentzea, edozein dela ere karga horien izaera. Edozein karga-mota dela ere, Elkargoak ezarritako karga guztiak karga korporatibotzat hartuko dira ondorio guztietarako.
d) Euren helburu sozialaren parte den aldetik, psikologo-lanbidearen jarduera propioa etika profesionalez burutzea, betiere lege-, estatutu- eta deontologia-eskakizunei jarraiki.
e) Sozietatearen legezko ordezkariek edo kideren batek intrusismo-ekintzaren baten berri izaten badu, Elkargoaren aurrean salaketa egitea.
f) Elkargoarekiko harremanetan zuzenak eta leialak izatea.
g) Psikologo profesionalekiko eta baita gainerako lanbide-sozietateekiko ere, psikologo profesionalen artean egon behar duen senidetasun-espiritutik eratorritako betebeharrak betetzea, legez kanpoko lehiak saihestuz eta betebehar korporatiboak betez.
h) Elkargoko Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatuta dagoen edozein elkargokide edo lanbide-sozietateri eragiten dieten irainak Elkargoaren aurrean salatzea, psikologo-lanbidean aritzean edo psikologo-lanbidearen jarduera propioa burutzean sortutakoak, psikologo-kideek horrelakorik ikusiz gero.
i) Sozietatearen jarduera-helbidea Elkargoari jakinaraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan dituen lantokiak eta horietan gertatzen diren aldaketak ere, Estatutu hauetan xedatutakoaren arabera. Jakinarazpena idatziz, fax bidez, posta ziurtatuz edo legezko ordezkari edo horrek eskuordetutako pertsonaren jakinarazpen pertsonal bidez egin ahal izango da.
j) Sozietatearen bidez egindako psikologo-jarduerako lan propioak Elkargoaren oniritziaren menpe jartzea haren zerbitzuen erabiltzaileak borondatez eta espresuki hala eskatzen duenean.
k) Elkargo-fitxategiak osatzeko, zein helburu zientifiko, estatistiko, ekonomiko eta abarretarako, sozietateari eskatutako datuak Elkargoari ematea, datu pertsonalak babesteari buruzko legeriak ezarritako betebeharrak betetzeari utzi gabe.
l) Zerbitzu profesionalak ematen dituzten psikologo profesionalek lanbide-trebakuntza hobea lortzeko, bazkide direnek zein ez direnek, prestakuntza zientifiko eta tekniko jarraia izan dezaten ahaleginak egitea.
m) Sozietatearen bitartez zerbitzu profesionalak ematen dituzten psikologoen autonomia profesionalaren aurkako lanik ez hartzea, ezta egungo teknikaren arabera bere gain hartu ezin dituzten arazoak sor ditzakeen lanik ere, psikologo horiek bazkide izan ala ez.
n) Psikologo-lanbidearen jarduna lehia askeko erregimenean burutzea, eta Psikologiako zerbitzuen eskaintzari eta zerbitzu horiengatik kobratuko diren zenbatekoak ezartzeari dagokienez, lehiaren babeserako, bidegabeko lehiaren, publizitate orokorraren eta bereziki osasun-publizitatearen legeriari jarraiki.
ñ) Sozietatearen bitartez burutzen diren psikologo-jarduerako zerbitzu propioak ematen direnean, bezeroaren edo erabiltzailearen eskubideak errespetatuz aritzea. Eskubide horiek Estatutu hauetan eta arau deontologikoetan ezarrita daude.
o) Lanbide Sozietateen Erregistroari dagokionez, Estatutu hauetan lanbide-sozietateentzako ezarrita dauden betebeharrak betetzea.
p) Elkargokide diren pertsona fisikoentzat Estatutu hauetan ezarrita dauden gainerako betebeharrak, lanbide-sozietateei aplikatzekoak diren heinean.
89. artikulua.– Lanbide Sozietateen ekarpen ekonomikoak.
1.– Lanbide Sozietateen Erregistroan sozietatearen inskripzioa egin ahal izateko, Elkargoko organo eskudunak unean-unean ezarritako zenbatekoak ordaindu beharko dituzte lanbide-sozietateek, baita aldizka eska daitezkeen ekarpenak ere.
2.– Halaber, Gobernu Batzordeak urtero onartzen dituen aldizkako ekarpen ekonomikoak ordaindu beharko dituzte.
90. artikulua.– Lanbide-sozietateek botoa emateko duten eskubidea.
Elkargoko gobernu-organoen hautaketan lanbide-sozietateek ez dute botoa emateko ez eta hautagai izateko eskubiderik izango.
IV. KAPITULUA
LANBIDE SOZIETATEEN DIZIPLINA-ARAUBIDEA
91. artikulua.– Psikologo-lanbidearen printzipio deontologikoak betetzea.
Lanbide-sozietateek eta bertan lan egiten duten profesionalek, helburu sozial bakar edo bestelako diziplinekin partekatutako helburu den psikologo-lanbidearen jarduera propioa burutuko dute, Psikologoen Kode Deontologikoan aurreikusitako erregimen deontologikoaren arabera eta Estatutu hauetan ezarritako diziplina-araubidearen eraginpean.
92. artikulua.– Lanbide-sozietateen diziplina-araubidea.
1.– Estatutu hauen VI., VII. eta VIII. tituluetan aurreikusitako erantzukizun- eta diziplina-araubidea aplikatuko zaie lanbide-sozietateei, betiere sozietate horientzat ezarrita dauden berezitasunak kontuan hartuta.
2.– Psikologo bazkideei eragiten dieten psikologo-lanbidean aritzeko bateraezintasun- edo gaitasungabetze-arrazoiak sozietateei ere eragingo diete, lanbide-sozietateen martxoaren 15eko 2/2007 Legean aurreikusten den bazkide bateraezin edo gaitasungabekoak kanporatzeari dagokionez izan ezik.
3.– Estatutu hauetan aurreikusitako diziplina-araubidean ezarritako moduan zehatu ahal izango dira lanbide-sozietateak.
93. artikulua.– Lanbide-sozietateen falten graduazioa.
Lanbide-sozietateek egindako faltak, arinak, larriak edo oso larriak ahal izango dira.
94. artikulua.– Lanbide-sozietateen falta arinak.
Honako hauek hartuko dira falta arintzat:
a) Psikologo bazkideei eskatzekoa den lanbide- eta elkargo-dokumentazioaren gainean unean-unean ezarriko den indarreko araudia ez betetzea.
b) Elkargoak bere helburuak betetze aldera eskatutako txosten edo beste dokumentu batzuk ez ematea.
c) Lanbide-sozietateen psikologo profesionalekiko errespetu falta, irain larria ez denean.
d) Estatutuetan ezarritako arauak betetzean arduragabekeriaz jokatzea.
95. artikulua.– Lanbide-sozietateen falta larriak.
Honako hauek hartuko dira falta larritzat:
a) Falta arinengatiko hiru zehapen edo gehiago pilatzea bi urteren buruan.
b) Psikologoen Kode Deontologikoan ezarrita dauden arau deontologikoak haustea.
c) Psikologo profesionalekiko irain larriak, Sozietateko bazkide edo kolaboratzaile izan ala ez.
d) Moralari, lanbidearen duintasun edo ospeari erasotzen dioten ekintzak eta ez-egiteak.
e) Sekretu profesionala larriki urratzea, eta hirugarrengo bat kaltetzea.
f) Egia esaten ez duten txostenak edo egiaztagiriak egitea.
g) Jakineko psikologo baten edo batzuen aurka bidegabeko lehiaz aritzea lehia desleialaren Legeak zigortzen dituen jarrerak daudela adierazten duen ebazpen judizial bat ematen denean.
h) Lanbide-publizitateari eta bereziki osasun-publizitateari buruzko arauak ez betetzea, 34/1998 Legean ezarritakoaren eta hura garatzen duten xedapenen arabera.
i) Elkargoak lanbide-sozietateentzako ezarrita dituen diru-ekarpenen ordainketa ez egitea.
j) Estatutu hauek eta Elkargoko Lanbide Sozietateen Erregistroan lanbide-sozietatea inskribatzeari dagokionez aplikatzekoa den legeriak ezarritako betebeharrak ez betetzea, baita sozietatean sortzen diren aldaketen inskripzioei dagozkienak ere, egin beharrekoak badira.
96. artikulua.– Lanbide-sozietateen falta oso larriak.
Honako hauek falta oso larritzat hartuko dira:
a) Zehapenaren ondorengo bi urteetan falta larri bat berriro egitea.
b) Lanbide-sozietatearen bitartez edo harekin lankidetzan lanbide-zerbitzuak eskaintzen dituzten psikologo profesionalek arlo profesionalean doluzko delitu izan litekeen jokaera izatea.
c) Lanbide-sozietatearen bitartez psikologo-lanbideko jarduera propioa burutzean pertsonen duintasunaren aurkako erasoa.
97. artikulua.– Lanbide Sozietateei ezar dakizkiekeen zehapenak.
Aurreko artikuluetan aipatutako faltengatik ondoko zehapenak jarri ahal izango zaizkie lanbide-sozietateei:
1.– Falta arinengatik Sozietatearen legezko ordezkariaren ohartarazpen idatziaren bidez zehatuko dira.
2.– Falta larriengatik psikologo-lanbideko jardun propioa etenaraziko zaie, gehienez ere urtebetez.
3.– Falta oso larriengatik psikologo-lanbideko jardun propioa etenaraziko zaie, gutxienez urtebetez.
X. TITULUA
SARIEN ETA GORAIPAMENEN ARAUBIDEA
98. artikulua.– Eskumena.
Elkargoko Gobernu Batzordeari dagokio elkargokideentzako eta elkargokide izan gabe lanbidearen alde lan handia egin dutenentzat ezarritako sariak eta goraipamenak ematea.
99. artikulua.– Sari- eta goraipamen-motak.
Sari-, goraipamen- eta kondekorazio-motak erregelamendu bidez finkatuko dira.
100. artikulua.– Sariak eta goraipamenak emateko prozedura.
Gobernu Batzordearen ekimenez emango dira sariak eta goraipamenak, bai eta elkargokideen % 20k eskatuta ere. Kasu horretan, Gobernu Batzordeari zuzendu beharko diote horretarako idazkia, eskaria justifikatzen duten agiriak erantsita.
XI. TITULUA
ARAUBIDE JURIDIKOA
101. artikulua.– Erabakiak jakinaraztea.
Elkargoko Batzorde Orokorraren eta Gobernu Batzordearen erabakiak, eta dekanoaren eta Gobernu Batzordeko gainerako kideen erabakiak, edozein gairi buruzkoak –diziplinari buruzkoak ere bai–, kideei jakinarazi beharrekoak, elkargoari jakinarazitako lanbide-helbidean jakinaraz daitezke.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluko 1., 2. eta 3. idatz-zatietan jarritako moduan ezin bada jakinarazi, jakinarazpena egintzat joko da Elkargoak horretarako duen iragarki-oholean hamabost egunez agerian egon ondoren, betiere legezko arau horren 61. artikuluan ezarritakoari eragin gabe.
102. artikulua.– Errekurtsoak.
Gobernu Batzordeak edo Dekanoak hartutako erabakien aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Gobernu Batzordeari jakinarazpena egin eta hilabeteko epean, eta ezetsi egin dela ulertuko da ebazpenik ez bada ematen hilabeteko epean.
Egoera pertsonalei eragiten dieten erabakiak interesatuei jakinarazi beharko zaizkie.
Gobernu Batzordeak, arrazoiak emanda, errekurritutako egintzaren betearazpena etetea erabaki dezake, errekurtso-egileak hala eskatzen badio.
Gobernu Batzordearen, hauteskundeei dagokionean, ebazpenak eta, hala badagokio, Batzorde Orokorrarenak administrazio-bidea amaituko du, eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da.
Diziplina-arloan ematen diren ebazpenetan, nahi izanez gero, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Elkargoen Kontseilu Nagusiari.
103. artikulua.– Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.
1.– Elkargoko organoen egintza eta erabakiak erabat deusezak izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 62. artikuluan aurreikusitako kasuren bat gertatzen denean.
2.– Aipatu legeko 63. artikuluan jasotako kasuetan, deusezgarriak izango dira elkargoko organoen egintzak eta erabakiak.
3.– Administrazio-zuzenbidearen menpeko egintzak ofizioz berrikusiko ditu Gobernu Batzordeak.
4.– Elkargoko organoek, Administrazioak eskuordetutako eskumenak edo ahalmenak erabiliz, agintzen dituen administrazio-egintzen aurka aurkezten diren errekurtsoak ezagutzeko eskumena du Autonomia Administrazioak, aurreko paragrafoetan agindutakoa gorabehera.
XII. TITULUA
I. KAPITULUA
ESTATUTUEN ALDAKETA
104. artikulua.– Estatutuak aldatzea.
Gobernu Batzordeak edo gutxienez elkargokideen % 15ak proposatuko du Elkargoko estatutuen egokitzapena eta Batzorde Orokorrak onartuko ezohiko bilkuran batzartutakoen bi herenen aldeko botuekin.
II. KAPITULUA
BATEGITEA, FUSIOA, XURGATZEA ETA BEREIZTEA
105. artikulua.– Bategitea, fusioa eta xurgatzea.
Lanbide bereko edo beste lanbide bateko elkargoren batekin Elkargoa bategitea, fusionatzea edo xurgatzea elkargokideen gehiengo absolutuaren bidez erabakiko da eta horretarako deitutako Aparteko Batzar Nagusian hartuko da erabaki hori. Fusionatzeko eta xurgatzeko erabakiak berekin dakar bereizteko erabakia.
Gobernu Batzordeak jakinaraziko dio agintaritza eskudunari Elkargoak hartutako erabakia, eta erabakitako prozesua hasteko eskaria egingo dio, betiere dagokien lege eta erregelamenduen arabera.
Fusio- edo xurgatze-erabakiak honako alderdi hauek jaso beharko ditu gutxienez:
a) Zein lanbide-elkargorekin egin nahi den bategitea, fusioa edo xurgatzea eta izaera horretako prozesuetan zer den Elkargoa, xurgatzailea ala xurgatua.
b) Bategite-, fusio- edo xurgatze-prozesuaren baldintza zehatzak finkatzeko, bi elkargoetako ordezkariz osatuko den Batzorde Mistoan parte hartzekoak diren elkargokideen izendapena.
106. artikulua.– Bereiztea.
Legez aurreikusitako arrazoiak alde batera utzi gabe, honako kasu hauetan bereiziko da Elkargoa:
a) Arautzen duen lege edo arauaren arabera lanbideak elkargokide-izaera galtzen badu.
b) Bategitea edo fusioa dela-eta.
c) Beste elkargo batek xurgatzen badu.
d) Gobernu Batzordeko postuak betetzeko orduan karguak bikoiztu edo aldi berean bi kargu izan gabe jarduteko adina elkargokide ez baditu.
Batzar Nagusiak bere elkargokideen gehiengo absolutuz hartutako erabakia beharko da Elkargoa bereizteko.
Ondasunak likidatzeko orduan, baldin eta elkargoa bereizi bada, estatutu hauetako 51. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Administrazio-zuzenbidearen menpe dauden jardueren eta erabakien araubide juridikoari eta diziplina-prozedurari dagokienez, Estatutu hauetan aurreikusten ez denerako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean, tituludun profesioen jardunaren eta elkargo eta kontseilu profesionalen, azaroaren 21eko, 18/1997 Legean eta zehatzeko ahalaz baliatzeko prozedura-erregelamendua onartzen duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritakoa aplikatuko da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lehiatila bakarreko zerbitzua.
Elkargoak webgune bat izango du, zerbitzu-ekintzetarako eta haien erabilerarako sarbide askearen inguruko azaroaren 23ko 17/2009 Legean aurreikusitako Lehiatila Bakarraren bitartez profesionalek haien elkargokidetzerako, jarduterako eta bajarako izapide guztiak bertatik egin ahal ditzaten, gune bakar batetatik, bide elektronikotik eta bertaratzeko beharrik gabe. Elkargoak beharrezkoa dena egindo du, lehiatila bakarraren bitartez, profesionalek hurrengo izapideak doan burutu ahal ditzaten:
1.– Jardute profesionalaren sarbiderako informazio eta formulario guztiak lortu.
2.– Dokumentazio eta eskaera guztiak aurkeztu, elkargokidetzekoa barne.
3.– Bakoitzaren irekitako prozedimenduen tramitazio-egoera ezagutu eta Elkargoaren partetik halabeharrezko tramite ekintzen eta hauen ebazpenaren notifikazioa jaso, diziplina expedienteen notifikazioa eta guzti, beste modu baten bitartez egin ezin denean.
4.– Elkargokideei Ohiko eta Ezohiko Batzar Orokorrerako deialdia egin eta haiei Elkargoaren jarduera pribatu zein publikoa jakinarazi.
Aipatutako lehiatilaren bitartez, erabiltzaile eta kontsumitzaileen eskubideen defentsa hobe batetarako, hurrengo informazioa eskainiko du, argia, zalantzarik gabekoa eta doakoa izan beharko duena:
1.– Elkargokideen Erregistrorako sarbidea, etengabe eguneratua izango dena eta, gutxienez, honako datu hauek jasoko dituena: profesional elkargokideen izen eta abizenak, elkargokide zenbakia, dituzten titulu ofizialak, helbide profesionala eta gaikuntza profesionalaren egoera.
2.– Elkarte profesionalen Erregistrora sarbidea, elkarte profesionalen martxoak 15eko 2/2017 Legearen 8. artikuluak jasotzen duen edukia izango duena.
3.– Erabiltzaile eta elkargokide edo Elkargoaren arteko gatazka ematekotan jar daitezkeen errekurtsoak eta erreklamazio bideak.
4.– Arreta lortzeko zerbitzu profesionalen kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen datuak.
5.– Kode Deontologikoaren edukia.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Elkargokide eta erabiltzaileei arreta.
Elkargoak elkargokideek aurkeztutako kexa eta errekalamazioak jaso eta landu beharko ditu. Gainera, erabiltzaile edo kontsumitzaileentzako arreta zerbitzua izango du, zerbitzu profesinalak kontratatzen dituen edozein erabiltzailek, zein edozein enpresa edo elkartek euren interesen onerako edo eurenordezkapenean, aurkezten duen bezainbeste kexa edo erreklamazio tramitatu eta konpondu beharko ditu.
Kontsumitzaile edo erabiltzaileen arretarako zerbitzu honen bitartez, dagokion bezala konponduko du kexa edo erreklamazioa: bai gatazken ebazteko auzibide kanpoko sistemaren inguruan informatuz, bai Elkargoko dagokion organoari expedientea helaraziz dagozkion informazio edo diziplina expedienteak instruitzeko, bai artxibatuz bai legeak onartzen duen beste edozein erabaki hartuz.
Zerbitzu honen erregulazioa kexa eta erreklamazioen bide elektroniko edo bertaratu gabeko aurkezpenak aurreikusi beharko ditu.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Elkargoak Zuzenbide Publikoko Korporazioei dagokien Gardentasun, informazio publikorako sarbide eta gobernu oneko abenduaren 9ko 19/2013ko Legeko I tituluan zein ondorengo arau erregulazioek garatutakoan edo aldatuakoetan agindutakoa beteko du.
AZKEN XEDAPENA
Estatutu hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko dira indarrean.